|
HAMABIGARREN LIBURUA
Ordukotz, partzueren armada guziak kanpak hedatzen hari zituen, eta elgi guzia karantza guzietako pabillon aberatsez estalia zen, zeiñetan hezperiendarrak, unhatuak, loaren begira baitzauden. Erregeak, beren segida guziarekiñ hirira sartu zirenean, beren buruak harrituak erakutsi zituzten heia nola haiñ denbora gutiz egiñ ahal ziren hanbat etxe eder eta nola haiñ gerla handiko faxeriak, hiri hasi berri hura handitzetik eta bat-batean edertzetik etzuen trabatu.
Ederretsiak izan ziren Idomeneren zuhurtziaz eta ernetasunaz, zeiñak asentatu baitzuen haiñ erresuma ederra, eta bat bederak egiten zuen, bakea egiña zenaz geroztik harekiñ, partzuerrek haiñitz botheretsuago izanen zirela doniendarren kontra heien patuetan sartzen baliñ bazen. Idomene harat sartzea galdegiñ zuten. Haiñ galde zuzenari eziñ gibelerat egin zuen eta tropak agiñdu zituen. Baiñan nola Mentor jakintsun baitzen erresuma bat indarretan sarrarazteko premia diren gauza guziez, ezagutu zuen Idomeneren ahalak etzirela iduri zuten bezaiñ handiak. Bazterrera deitu zuen eta huneletan mintzatu zitzaioen:
— Ikusten duzu gure arthak ez direla zure alderat alferrak izan. Dixidatzen zuten ondikoetarik Zalanta salbu da. Zure eskuetan da orai hunen ospea zeruetaraiño heltzea eta Minoz zure aitasoren zuhurtasuna higualtzea zuen populuen manamenduan. Aiñtziña libroki miñtzo natzaizu, ustez hala nahi duzun eta lauzenguak gaitzets dituzun. Noiz-eta-ere errege horiek zure handiratasuna laudatzen baitzuten, ni zure egiñtzen atrebentziaz gogoeta niñdagoen.
Atrebentziazko solas horren gaiñean, Idomeneren begitartea mudatu zen. Haren begiak nahasi ziren, gorritu zen, eta gutik egiñ zuen Mentorri ez baitzioen solasa trenkatu bere erretsapioaren erakusteko. Mentorrek erran zioen boz eme eta begiratu batekiñ, baiñan libroa eta herabe gabea:
— Ikusten dut atrebentziazko solas horrek damu egiten derautzula. Nitaz nornahi denek falta izanen zuen hori aipatzea, zeren erregeei errespetu behar zaioten ekarri eta heien miñberatasunari barkatu, nahiz heiei hutsak agertzean. Baiñan uste izan dut jasan ziñezakela eztimendurik gabe miñtza natzaitzun, egiñ duzun hutsa zerorri agerritzeko. Nere xedea izan da gauzak bere izenez deitzen entzuteari zu jarraraztea eta gogoan hartzeari, noiz eta ere bertzeek kontseilu emanen baiteratzute zure egiñbideen gaiñean, ez direla behin ere gogoan dituzten guzien erraitera ausartatuko. Beharko da, ez baliñ baduzu enganamendutan egon, bethi gehiago endelga dezazun erraiten derautzuten baiño zure kontrako gauzetan. Nik nahi ditut zure beharraren arabera nere solasak eztitu, baiñan on duzu deus guti den eta egitekorik ez duen gizon bat, bakartasunean, solas gogorrekiñ miñtza dakizun. Nihor bertzerik ez da hetaz zuri miñtzatzera ausartaturen. Ez duzu egia erdizka baizik ikusiren eta itzul-iñguru ederrekiñ.
Hitz horien gainean, Idomene, ordukotz itzulia bere lehenbiziko pizturatik, bere [...]tasunaz ahalketua agertu zen. Mentorri erran zioen:
— Ikusten duzu zer egiten duen lausengatua izaiteko azturak. Nere erresuma berriko salbamendua zor derautzut. Ez da egiarik zure ahotik entzuteaz nere burua dohatsua idukitzen ez dudanik. Baiñan urrikal zaitezi errege lausenguak pozoatu duen bati, eta zeiñak bere zorigaitzetan ere gizon aski bizarrik eziñ ediren baitu hari egia erranen zioenik. Ez, ez dut egundaiño nihor ediren aski maitatu nauenik, niri damu egiteko egia osoa erranez.
Hitz horiek erraitearekiñ, nigarra begira jauzi zitzaioen eta Mentor maiteki besarkatu zuen. Orduan, agude umo harek erran zioen:
— Nahigaberekiñ ikusten dut nere burua bortxatua zuri gauza dorpeen erraitera, baiñan tradi ote zaizket zuri egia gordez? Jar zaitezi nere lekuan. Baldiñ orai arte enganatua izan bazare, hori da nahi izan duzulakotz; hori da zeren erraille sobera egiatien beldur izan zarelakotz. Bilhatu izan dituzuia jendaia gutien intresatuak eta gehienik kontra egiñen zautzutenak? Arta izan duzuia miñtzarazteko gizonik zuri atsegiñ egitera gutienik ekarriak eta beren egitatetan gutienik intresatuak eta zure lehia eta gogo zuzenkontrakoei laudamenik ez emaiteko gehienik gai zirenak? Lausengaririk ediren duzunean, urrundu dituzuia zureganik? Hetaz beldurtu zireia? Ez, ez, ez duzu egiñ egia maite dutenek eta hura ezagutzea merezi dutenek egiten dutena. Heia, ikus dezagun orai, bihotzik aski, zure egiñen kontra miñtzo den egia hartaz zure burua frogatzera uzteko.
Nik erraiten nuen beraz, hanbat laudorio erakartzen deraitzuten gauza heiek ez dutela gaizkirik baizen merezi. Noiz-eta-ere baitziñtuen kanpoan hanbat etsai, zure erresuma oraiño gaizki asentatu hau dixidatzen zutenik, zure hiri berriaren barnean etziñduen asmurik obra eder egiteaz baizen. Hori da, zerorrek aithortu derautazun bezala, hanbat gau gaixto iraganarazi derautzuna. Akhitu dituzu zure aberastasunak. Ez duzu asmurik izan, ez zure populuaren emendatzeko, ez eta ere itsas hegi huntako lurren lantzeko. Etzirena bi gauza horiek behatu behar zure botherearen asentu eziñbertzekoak bezala: izaitea gizon on haiñitz eta heien hazteko lur ongi lantuak? Hastapen hauetan bake luze bat behar zen populuaren emendazionea laguntzeko. Etziñduen asmurik izan behar laborantzaz eta lege zuhurren fiñkatzeaz baizen. Balenorio tzar batek lezearen hegiraiño erakarri zaitu. Handi baiño handiago agertu nahiz, zure egiazko handitasuna galtzeko heinean ezarri duzu. Lehen bai lehen ezezta zatzu huts horiek. Trikaraz zatzu obra handi horiek oro. Zure hiri berria gal lezaken edergaillamendu hori debalde utzazu. Bakean uzkitzu zure populuak hats hartzera. Ahalaz nasaizian ezarkitzu ezkontzak erraxtatzeagatik. Jakiñ zazu etzarela errege, azpikoak manatzeko dituzunaz bezenbatean baizik eta zure botherea negurtua izan behar dela ez lur arauka, baiñan lur hetan egonen diren gizonen arauka, eta zure manuei estekatuko direnen arauka. Nahiz ttipia, izan zazu lur ona. Estal zazu hura eziñ konda daiten bezenbat jendez, lana eta manamendu ona maite dutenez. Egizu maita zitzezaten. Botheretsuago, dohatsuago eta ospe handiagoarekiñ zare ezenetz hanbat erresuma desmasiatzen dituzten gerlari hek.
Idomenek ihardetsi zioen:
— Zer egiñen dut beraz errege horien alderat? Aithortuko dioteta nere mendretasuna? Egia da konturik gabe utzi ditudala laborantza eta tratua bera, zeiña haiñ baita itsas hegi hunetan errexa. Hiri eder baten egiteaz baizen ez dut asmurik izan. Nere Mentor maitea, beharko ote dut bada nere burua mendratu hanbat erregeen bilkuan eta nere kontu eskasa agertu? Hala behar baliñ bada, nahi dut. Duda-mudarik gabe egiñen dut, nahiz gostako zaudan, ezen jakiñtsun egiñ nauzu egiazko errege batek, zeiña bere azpikoentzat egiña baita eta zeiñak bere burua heiei osoki zor baitiote, bere erresumaren salbamendua behar duela bere fama baiño lehen hautatu.
Erran zioen Mentorrek:
— Xede horrek ez du populuen aita ahalkatzen. Ontasun hortarik ezagutzen dut zure baitan egiazko errege baten bihotza etez edergaillu alfer batzuetarik. Baiñan zure ohorea gupidetsi behar duzu zure erresumaren ona beragatik. Utz nezazu egitera. Errege horiei adiaraziko diotet hitz eman duzula bere erregetasuna bihurrarazteko Ulizei, oraiño bizi baliñ bada, edo haren semeari bederen, eta hantik indarrez nahi dituzula Peneloparen gizongeiak kasatu. Erraxki endelgaturen dute gerla horrek haiñitz indar galdegiten duela. Horreletan onhetsiren dute ez diezozuten behiñ laguntza ttipi bat baizen eman doniendarren kontra.
Horren gaiñean Idomene agertu zen hala nola gizon bat, zeiña karga gaitz baten azpitik atharatzen duten. Mentorri erran zioen:
— Nere adiskide maitea, begiratzen dituzu nere ohorea eta hiri berri hunen fama, hauzo guziei hunen akhidura gordez, baiñan zer planta du erraiteko tropak nahi ditudala Itakara bidali bere botherea bihurrarazteko Ulizei edo bederen Telemake haren semeari, noiz-eta-ere Telemake bera doniendarren kontra gerla egiteko hitzemana baita?
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Etzaitezela hortaz kexa. Ez dut deus egiarik baizen erranen. Zure erresumako tratua altxatzeko igorriren dituzun untziak, goanen dira Epirako leihor hegietara. Bi gauza batean egiñen dituzte. Bata izanen da zerga sobraniazkoek urrundu dituzten tratulari arrotzak berriz zuregana biltzea, eta bertzea Ulizen berriak bilhatzea. Bizi balin bada oraiño, ez du urrun behar Italia eta Greziaren arteko itsaso huntarik, eta segurtatzen dute ikusia izan dela feaziendarretan. Baldiñ ez balitz ere hura berriz ikusteko peskizarik, zure untziek endresu miñ bat bihurturen diote haren semeari. Hedaturen dute Itakan eta ingurun guzietan Telemake gaztearen izenaren larderia, zeiña bere aita bezala hilla uste baitzuten. Peneloparen gizongeiak harrituak izanen dira jakiteaz bihurtzera dohala partzuner botheretsu baten laguntzarekiñ. Itakarrak ez dira nausi zutenaren ukatzera ausartaturen. Sosegatua izanen da Penelopa eta bethi gogortuko da bigarren senhar bat ez hartzeko. Horreletan Telemakei endresu egiñen diozu, noiz eta ere bera izanen baita zure ordaiñ doniendarren kontra zure partzunerekiñ.
Solas horien gainean Idomene abiatu zen hunela mintzatzen:
— Oi dohatsua dela erregea kontseilu zuhurrez lagundua dena! Adiskide zuhur eta zin bat hobe du ezenetz garhaizia eraman duten asko armada. Bainan dohatsu eta bietan dohatsu erregea, zeinak ezagutzen baitu halako zoriona eta dakiena hartaz baliatzen, progotxutan ezarriz kontseilu zuhurrak. Ezen ardura gertatzen da gaixtaginek erregeei galarazten diotela gizon zuhur eta bertutetsuen baitako sinestea, heien zuzentasunaren beldurrez, eta aintzinera ematen dituztela lausengariak, zeinen aldetik ez baitute desgogararik igurikitzen. Neorri erori izatu naiz huts hortan, eta erranen deraizkitzut erori zaizkitan ondiko guziak adiskide faltsu baten medioz, zeinak lausengu egiten baitzioten nere lehia tzar guziei, nik ordainez harenei orobat eginen niotelakoan.
Mentorrek errexki adiarazi zioten patu eginak ziren erregeei premia zela Idomenek eskutan hartzetzan Telemakoren egitekoak, Telemako bera heiekin goaten zen orduan. Onhetsi zuten Ulizen semea bakarrik ethor zedin heien armadara ehun kretoar gizon gazterekin, Idomenek laguntzat eman ziotzanak. Hek ziren Kretatik erregek berekin erakarri izan zituen aitoren semeen liliak. Mentorrek Idomeneri adiarazi zioen bidali behar zituela gerla hartara, ziolarik:
— Bake denboran behar da artha izan usu dadien jendea, bainan beldurrez populu guzia beraztasunari jar dadien eta gal dezan gerletako jakitatea, gerla arrotzetara igorri behar dira aitorenseme gazteak. Hek berak aski dira populuan hazteko ospeko besagita, harmetako gogoa, nekhetako eta herioaren beraren guti-axola, eta azkenik gerletako jakitatea.
Errege patu eginak Zalantatik ilki ziren Idomenez satifos eta Mentorren zuhurtasunaz agradaturik. Atseginez zetzanzkeen zeren berekin zaramaten Ulizen semea. Telemako ezin nausitu zen bere bihozminari bere adiskidearenganik urrundu behartu zenean. Erregeek Idomeneri beren adioak egiten ziotzatelarik eta zin ihardukiren zutela harekin sekulako patu bat, Mentorrek besarka zeraukan Telemako eta hautematen bustatzen zuela hunek bere nigarrez. Telemakok erraiten zioen:
— Ospe altxatzera goateko atseginari eskerrik ez diot. Elkarganik urruntzeak egiten derautan bihozminak ukitzen nau bakarrik. Iduri zait berritan ikusten dudala zorigaitzezko ordu hura zeintan egitoarrek bortxaz athara baininduten zure besoetarik, utzi gabe berriz zure ikusteko peskizarik.
Nahiz gozotasuna ezarri Telemakoren bihotz miñari, Mentorrek solas horiei ihardetsi zioten eztitasunekin, zioelarik:
— Huna berezkuntza bat lehengoa ez bezalakoa. Hau gure aldetik hobea da, laburra izanen da. Garhaiziaren bilha zoaz. Premia da, nere haurra, nere alderako amodioa ez dezazun izan hanbat sarkorra, bainan bai bihotzoiagoa. Nere gabeari jar zaite, ezen ez nauzu bethi zurekin izanen. Ez nik, bainan zuhurtziak eta berthuteak bururatu behar derautzute zer dakizun egiteko.
Hitz horiek erraitearekin batean, Minerba, Mentorren itxuraren pean, zeinak bere erredolaz estali zuen Telemako, ezarri zuen haren baitan zuhurtziako eta aintzin-oharreko dohaina, balentzia lotsagabea eta egintzetako neurrimendu eztia, zeinak bakantxe elkarrekin gertatzen baitire.
— Zoaz —zioen Mentorrek—, hestura gaitzen erdira, ongiak hala manaturen derautzun aldi guziz. Printze batek gehiago gutiesten du oraiño bere burua guduetako hesturei ihes egitez, ezenetz behin ere gerletara ez goanez. Manamendua duenaren bihotzoitasuna ez da behin ere izan behar dudakoa. Premia den arren populu batek gal ez dezan bere buruzagia edo erregea, premiago zaio oraino ez dezan ikus gutietsia haren bihotzoitasuneko sinestea. Orhoit zaitezi madamenduan ihardukitzen duena izan behar dela ororen erakusgarri. Haren alaitasunak sustatu behar du armada guzia. Oi Telemako! Etzaitezila bada deusen beldur izan! Gal zaitezila lehenago guduetan ezenetz sineste guti utziko duzun zure bihotzoitasunaren gainean. Gizon balakariak, lehiatukienik ethorriren zaizkitzunak zure urruntzera sartzetik behar-orduetako atheka gaitzetan, hek berak izanen dira lehenbizikoak gibeletik erraile bihotz-eskas zarela, baldinetaria errex edireiten badute behar-ordu hetan zure baratzea. Bainan hain guti bilhaizkitzu behargabeko hesturak. Balentzia ez da berthute zuhurtziak neurtzen duenean baizen. Gainerakoa biziaren ezaxola zoro bat da, berotasun bat egiazki abrekarako bat. Balentzia harramaskari bat fluxtasunari hurbilik dago. Hesturetan bere buruaren nausi ez den gizona, sukoi da hobeki ezenetz bihotzoi. Erhotu behar du lotsaren axola galdu nahi badu, zeren bertzenaz halakotu gabean, haren bihotza ez baita beldurraren garai. Hein hartan, ez badu ihesari ematen, asaldutan jartzen da bedere. Ez da gehiago bere buruaren jabe premia laiteken bezala, edo manu onen emateko, edo paradez baliatzeko etsaien gainazpikatzeko, eta bere herriari endresu egiteko. Soldado baten berotasuna duelarik ere, ez du buruzagiaren antzostasuna, eta halarik ere, ez dauka oraino soldadoaren egiazko bihotza, ezen soldadoak berak guduetan behar du bere buruaren nausitasuna iduki manatzen diotenaren egitekotzat. Ozartasunaz hesturetan sartzen denak, makurtzen du armadako segiantza, erakuskuntza txar bat ematen du, eta ardura armada guzia ondiko handien bidean ezartzen du. Guzien onari baino lehenago anbizione zoro bati esku hartzera uzten dioten gizonek, gaztiguak merezi dituzte eta ez golardoak.
Begira duzula beraz ongi, nere seme maitea, abiatzetik ospearen ondoan kexamendurekin. Ospearen edireiteko biderik hoberena da haren atzamateko heldari deskantsuz begira egotea. Zenbatenaz ere bertutea baititake lañoago, negurrituago, espantu gutiagokitakoa, hanbatenaz onhetsiago izanen da. Noiz eta ere hesturak galdeginen baitu bipiltasun gehiago, hura ditake ordua agertzeko gehiago ohartura eta bihotzoitasun. Gainerakoan, buruan idukazu ez dela behar nihoren bekaizgorik bere alderat jauzarazi. Zure aldetik, bertzeen ongi eginaz etzaitezila izan bekaizti. Laudorio emozute laudagarri diren egintza guziei, bainan laudatzea egizu dakizularik zer laudatzen duzun, ongia aipatzen duzula bozgunerekin. Itzalzazu gaizkia, eta ez hartaz orhoit lastimarekin baizik. Ez dezazula trenka jeneral zahar hoien aintzinean, zoinek ikasi izan baitute zuk ikusi dukezun baino gehiago. Heien solasa entzun zazu ethorgoarekiñ, galdegin zute beren abisua, othoizkitzu antzetsuenak argi zaitzaten, eta ez dezazula izan ahalkeriarik iratxikitzeko heiek eman argiei zere egintzarik hoberenak. Ororen buru, bertze aintzindarien alderat zure aiheruak eta idurikortasuna jauzarazi nahiko duten gizonen solasak ez diezatzula entzun. Aintzindari heiei mintza zaite sineste on batekin eta garbitasun laño batekin. Uste izaten baduzu hutsegin dutela zure alderat, idekozute zure bihotza, xeha zoizkitzute zure erraitekoak. Baldin gai badira ezagutzeko zure gizatasunaren ederra, atseginik baizen ez dukete, eta atheraturen duzu heienganik zor zaikezun guzia. Aitzitik, hain ezagutza [...] balira non zure egitatean eziñ sar baititezke, zeorri zere burutik [...] zare zer den heien baithan zuzenkontrakorik igurikitzeko. Zure neurriak harturen ditutzu heiekilako makur bideak hausteko gerlaren akabantza arteo, eta ez dukezu iroirik zure buruari egiteko. Bainan guzien gainetik, ez erran makur-sortarazle balakari tzar batzuei, armadako aintzindarientzat izaiten ahal ditutzun arrangurak.
Ni hemen geldituren naiz nere laguntza ekartzeagatik Idomeneri, orai den behar orduan, bere populuaren onari hats emateko eta ezeztatzeko hutsak, lausengari tzar batzuek eragin diotzatenak bere erreinu berriaren jarpenean.
Orduan Telemakok ezin hartu zuen bere gainean erakustetik Idomeneren egintzentzat harridura eta erdeinu zerbait ere. Bainan Mentorrek azurriatu zuen zorrozki ziolarik:
— Harritzen zareia gizonik prezagarrienak gizon geldi daitezen oraino eta erakuts dezaten gizatasunari darraizkon fluxtasunetarik ondar zerbait, erregetasunari ezin aldara dakiozken arte eta faxerietan? Egia da Idomene altxatua izan dela handiosgo eta espantuzko gogoetetan. Bainan zein da gizon zuhurra bere burua begiratu ahal izaturen zuena balakuetarik, Idomeneren ordean gertatu izan balitz? Oraino ere egia da sobera atzamatera utzi izan duela bere burua bere sinestea eman duen gizonetaz, bainan erregerik zuhurrenak ardura dire saretan sartuak, nahi bezenbat artha har dezaten ez izateko enganatuak. Errege batek guziak berberak ezin egin detzazkenaz geroztik, premia ditu ministroak bere laguntzeko, eta behar du heien baitan sineste. Bertzalde, urrun da errege batek ezagut ditzan bertze nihork bezain ongi bere inguruko gizonak. Itxurazko begitarte batekin jartzen dira haren aintzinean. Ez da amarrurik ibiltzen ez dutenik haren enganatzeko. Oi sobera ongi zerorrek frogatu behar duzu hori, nere Telemako maitea! Ez da ez edireiten gizonen baitan nahi litazkeen ala bertute ala antzostasunak. Hek miratu eta ikharturik ere nahi bezenbat, bethi heiekin gertatzen da asko ustegabekeria. Ezin burura ere daite, gizonik hoberenak bihurraztea guzien ona galdegiten duen heinera. Badituzte beren themak, beren eskasak, beren bekaizgoak. Hanbat ezin dakiokete sinetsaraz, hanbat ezin daizte mudaraz.
Populuak handiago, eta ministro gehiago behar da heien medioz egiteko batbederak egin ez dezakeena, eta zenbatenaz ere gizon gehiago baita, zeinei nausitasunean esku eman behar baitzaie, eta hanbatenaz errexago da enganatua izatea horrelako hautuetan. Zeinak gaizki gehiago egun erranen duena erregeren manamenduen gainean, hura da gaizkiago bihar manatuko duena, huts berak eginen dituena eta bertze asko handiagorik, baldin erregetasuneko botherea eskuetaratzen balitzaio. Etxeko jauntasunak, ongi mintzatzeko antze poxi batekin, gordatzen ditu ethorkizko estakuruak, goratzen antze liluragarriak, eta gizona iduriarazten gai dela urrundua den kargu guziez. Bainan manamenduak ezartzen ditu antze guziak frogapen txarretan eta agerritzen baia handiak.
Handitasunak iduri du berina bat gauza guziak larritzen dituena. Estakuru guziek iduri dute handituz doazila kargu goretan, zeinetan gauzarik xumeenek jarraikiza dorpeak baitituzte, eta hutsik arinenek ihardesten baitute bortizkienik. Mundu guzia ordu orotan gizon bakar bati begira jarria dago eta jujatzen du guzizko garraztasun batekin. Haren jujatzaileek ez dute hura edireiten den heinaren frogapenik deusere. Ez dituzte ezagutzen haren estrexak eta ez dute nahi gizon izan dadien gehiago, ezen hanbateko perfetasuna galdegiten dute haren ganik. Errege bat, izan dadien nahi bezain ona eta zuhurra, gizon gelditzen da oraino. Haren izpirituak baditu bethi bere zedarriak eta halaber haren bertuteak. Baditu bere oldeak, bere ohikundeak, zeinetaz ez baita bethi nausi gelditzen. Itzul-ingurukatua da gizon berekoi eta amarrukeriatsu batzuez. Ez du bethi edireiten bilhatzen duen laguntza. Egun oroz zerbait ustegabekerietan erortzen da, orai bere behargabeko lehien medioz, sarri bere ministroenen kariaz. Huts bati medeatu duen orduko, bertze batetara erortzen da. Horra errege argituenen eta prestuenen bizimenta.
Erreinu luzeenak eta hoberenak laburregiak dira oraino eta erdizkatuegiak ongiaren gainean, xuxentzeko azkenerat hastapenetan nahigabez eginak izan diren makhurrak. Erregetasunak berekin dakartza lazeria guziak. Gizonaren ezinbertzeak amor ematen du hanbat dorpea den haxearen pean. Urrikari atxiki behar dira erregeak eta heien egintzak aitzakiatu behar dira. Ez othe dira bada urrikalgarri izateaz manatzeko hanbat gizon, zeinen beharrek negurririk ez baitute, zeinek hanbateko lanak ematen baitiotzate hek ongi manatu nahi dituen erregeari? Garbiki mintzatzeko, gizonak ongi urrikaltzeko dira, zeren berak idurikako gizon baten erregetasunaren behar baitira, ezen jainko behar laite izan errege bati khentzeko gizon ethorkitik dohazkon estakuruak. Bainan erregeak ez dira gutiago urrikalgarri, zeren gizon direlarik, erran nahi da, flux eta baiadun, manatzeko duten gizon galdu eta enganatzailezko oste ezin kondatu bat.
Telemakok ihardetsi zuen bizitasunekin:
— Idomenek bere hogenez galdu izan du Kretan bere arbasoen erreinua, eta zure kontseiluen eskasean, bigarren bat galduko zuen Zalantan.
Mentorrek berriz:
— Aithor dut huts handiak egin dituela, bainan bilha zaite heia Grezian eta bertze lekhu argituenenetan badenetz errege bat egin ez duenik zonbait huts ezin aitzakiatuzkorik. Gizon handienek, badituzte beren ethortzan eta bere izpirituko bihurduran, maingu batzu nausitzen zeraitzotenak. Laudagarrien direnak dira hainak zeinek indarrik aski baitute ezagutzeko beren zoramenduak eta medeatzeko hartarikako makhurrei. Bazindukeia ustekeria, Ulize zure aitak, Ulize handiak, Greziako erregeen modelak berak ere etzituela bere narraioak eta itzalak? Baldin Minerbak urhatsez urhats bidatu izan ez balu, zenbatetan ez othe zen eroriko hestura eta trabetan, zeinetan zoria hartaz dostatu izan baita? Zenbatetan Minerbak ez duia baratu eta makurretik xuxendu, bethi ospera bidatzeko bertutearen bideaz? Eta oraino etzaitezela igurik itzalik gabe edirenen duzula, noiz eta ere ikusiren baituzu Itakan, hanbat osperen erdian erreginatzen. Zenbait ikusiren bide diotzatzu. Greziak, Asiak eta itsasoetako irla guziek ederretsi izan dute estakuru heiengatik. Hek mila dohain miragarrik ahantzarazten dituzte. Dohatsuxe, emana izanen baitzaizu zuri ere hari mirestea eta hari bethi sogitea model bati bezala.
Oi Telemako, emazu zure buruari ez duzula gizon handienetarik iguritzeko gizatasuna egiteko gai den baino gehiagorik. Gazteria ikaspengabea bere sendokerian hari da erraiteko bilhatzen. Holatan narda hartzen du modelentzat, zeineri bizkitartean jarraiki behar bailaiteke, eta gelditzen da ez hauts ez ikatz, deus gutitako on den bezala. Ez da aski maita dezazun zure aita, ohore ekar diozozun, haren urhatsari jarraiki zaiten, nahiz izan ditzan bere itzalak, bainan oraino peretxu handitan iduki behar duzu Idomene, haren baitan aipatu ditudan erraitekoengatik. Bere ethorkiz zina da, zuzena, bide onekoa, bizarra, ongiegilea. Haren balentasuna gaingainekoa da. Higuintzetan derauka maula ohartzen zaionean, eta trabarik gabe dohanean bere bihotzeko egiazko ixuritik. Haren kanpozko antze guziak handiak dira eta haren karguari dohazkonak. Haren lañotasuna bere hutsen aithorrean, haren eztitasuna, haren jasankortasuna eneganik entzuteko gauzarik gogorrenak, haren khabua bere buruaren kontra guzien aintzinean medeatzeko bere hutsei eta holatan jartzeko erran-merran guzien garai. Horiek orok erakusten dute haren baitan bihotz bat zin-zinez handia. Zoriak edo bertze norbaiten seiñak huts batzuetarik begira dezakete deus gutizko gizon bat, bainan ez da ezinbertzezko bertute bat baizik, bere hutsaren xuxentzera erakar dezakeiena errege bat hain luzaz lausengupean egona. Hainitzez ospegarriago da holatan bere burua goititzea ezenetz behin ere behaztoparik ez egitea.
Idomenek egin dituen hutsak, errege gehientsuek egiten dituztenak dira, bainan gutiak dira mudatzeko egiten dutenak hunek orai egin duena. Nik bedere ezin aski mirets nioen kontrestatzera uzten ninduen ordu beretan. Ederrets ezazu zuk ere, ene Telemako maitea, eta seiña hori gutiago ematen derautzut zure omenagatik ezenetz zure onagatik.
Solas horietaz Mentorrek Telemakoren baitan sarrarazi zuen zein gaixto den zuzenbideari dainu egitea bere burua utziz zorrozkiegi ikartzera bertze gizonen egintzak eta bereziki hainenak zoinen gain baitaude manamenduko traba eta faxeria guziak. Ondotik erran zioen:
— Abia zaiten ordu da. Hemen igurikiren zaitut, oi nere Telemako maitea! Idukazu buruan, jainkoen beldurra duenak, ez duela gizonen aldetik deuseren beldurrik izaiteko. Suertaturen zare athekarik gaitzenetan, bainan jakizu Minerbaren laguntzak ez derautzula eskas eginen.
Hitz horien gainean Telemakori iduritu zitzaioen hautematen zuela jainkosaren begitartea, eta ezaguturen ere zuen Minerba zitzaiola mintzo haren indarztatzeko, baldin jainkosak ez balu bihurrarazi haren gogoeta Mentorren gainera, bertze solas hauetaz:
— Ez dakitzula ahantz, nere semea, zure haurtasunean zutaz hartu izan ditudan artha guziak, zutaz egin nahiz gizon bat zure aita bezain zuhurra eta bihotzoia. Ez dezazula deus egin haren egintza ikusgarriei eta zure baitan ahalaz sarrarazi ditudan bertutezko erakuskuntzei ez dohakotenik.
Jadanik iguzkia goratzen zen eta urheztatzen zituen mendi-gainak, noiz eta ere erregeak ilki baitziren Zalantatik bere tropei batzeko. Tropa hek, kanpatuak zirenak hiriaren inguruan, bideari eman ziren bere buruzagien manuen azpian. Alde guzietan ageri ziren piketako burdina zorrotzak. Erredolen argidurak begiak liluratzen zituen. Herrauts zirimola bat altxatzen zen zeruetaraino. Idomenek, Mentorrekin batean, laguntzen zituen elgian hiritik urruntzen ziren erregeak. Azkenekotz berezi ziren elkarganik, bi aldetarik emanik zinezko adiskidantza baten seinaleak, eta errege arrotzei etzitzaioten dudarik gelditu bake iraunkor baten gainean, ezagutu zuten ondoan Idomeneren bihotzeko ontasuna, nahiz Idomene ongi etzen bezalakoa erakutsia izan zitzaioten. Hori heldu zen, haren gainean hartzen zelakotz ez haren barneko sentimenduetarik, bainan bai bere burua eman zuen lausengari tzarretarik.
Armada goan izan zenean, Idomenek eraman zuen Mentor hiriko kartier guzietara.
— Ikus dezagun —zioen Mentorrek— zenbat gizon duzun hirian eta hiriz kanpoan. Athara dezagun kontua zenbat laborari den gizon horien tartean. Dugun ikus zure lurrek urthe artekoetan zenbat bihi, arno, olio eta bertze gauza progotxagarri ematen duketen. Horrelako bidez jakinen dugu heia lurrak haz ditzakeienetz bere egoiliarrak eta ematen duenetz soberakinik, leku arrotzekin egiteko tratu on zerbait. Ikar ere dezagun heia zenbat untzi eta zenbat mariñel dituzun. Hortarik behar da ezagutu heia zer den zure indarra.
Mentor goan zen portuaren ikuskatzera eta sartu izan zen untzi bakotxean. Galdegin zuen tokiaz zoinetan untzi bakotxak baitzerailkan bere tratua. Galdegin zuen zer hatu harat zeramaten, zer erakartzen zuen gibelakoan, zer gastu zuen untziak bidaiako, zer mailegu tratulariek egiten zuten elkarri, zer partzunergo egiten zuten elkarren artean, ezen jakin nahi zuen heia zuzenak othe ziren eta zuzenki atxikiak zirenetz. Azkenekotz galdatu zuen kost-egitez eta bertze tratuko goiti beheitiez, ezen nahi zuen negurriak har zaitezen begiratzeko beren galtzapenetik tratulariak, zeinek, irabaziko berotasunean hasten baitute ardura, hetaz ahalak manatzen duen baino gehiago.
Nahi izan zuen bankarrut guziak garrazki izan zitezen gaztigatuak, zeren maularik gabe direnak ez baitira behin ere kasik ausartkeria soberaturik gabe. Hanbatenarekin egin zituen manamendu batzu errex izan zedin amoreagatik behin ere bankarrutik ez egitea. Ezarri izan zituen juje batzu, zeinen aintzinera tratulariek kontu eman behar baitziozkaten beren paperez, irabaziez, gastuez, entrepresez. Etzitzaioten behin ere haizu menturan ezartzea bertzeen ontasuna eta berenetik ere etziroten erdia baino gehiago ausarta. Oraino ere, partzunergoan egiten zituzten berek bakarrik egin ahal etzezazketen entrepresak eta partzunergo hetako patua ezin hautsia zen, hura idukiko etzutenei esleituak ziren gaztiguen garrastasunaren medioz. Gainerakoan, tratuko libertatea osoa zen. Zergen medioz ongi urrun trabarik ekartzetik, golardoak agintzen ziotzaten tratulariei, zeinek Zalantara bilaraziren baitzuten zenbait jendaia berritako tratua.
Holetan, alde orotarik, populuek metaka laster egin zuten hiri hartara. Zalantako tratuak iduri zuen itsasoaren gorapena eta beherapena. Dirua han sartzen zen hala nola uhinak metaka elkarren gainzka. Zernahi harat ekartzen zen libroki eta higual atharatzen zen. Harat ekarri guziak progotxos ziren eta atharatzen zirenek, bere ordre kanporakoan uzten zituzten bertze aberastasun batzu. Justizia garratza portuan jarria zagoen, hanbat jende suerteren erdian. Idekitasunak, fede onak, lainotasunak, iduri zuten dorre eder heien gainetik oihuz zaudezela leku urrunenetako tratulariei. Tratulari hetarik bakotxa, ala ethorria izan zedin iguzkia urpetarik altxatzen den tokietarik, ala itsaso handi hartarik, zeinetan iguzkia bere bidaiaz nekatua goaten baita bere suen iraungitzera, bakean eta segurean bizi zen Zalantan, bere sortlekuan bezain ongi.
Hiriaren barnean Mentorrek ikustatu zituen denda guziak, ofizialeen errementak eta plaza publikoak. Debekatu zituen toki arrotzetako hatu guziak, urguillukeria eta gurikeria Zalantan sarraraz zetzaketenak. Manamenduak ezarri zituen arropa, bizigarri, etxetako tresna, etxetako handitasun eta edergailuen gainean, jendeen kondizione guzien arabera. Kasatu zituen urhezko eta zilharrezko edergailu guziak eta erran zioen Idomeneri:
— Ez dut bide bat baizik ezagutzen zure populua gastuan zuhur eragiteko. Hura da zerorri jartzea bertzeen ikusgarri. Premia da ager zaitezin maiestate apur batekin, bainan zure nausitasuna aski ageriko da zure inguruko guardia eta zure azpiko aintzindari lehenetarik. Askikida dakizula aldagarri bat landar ederrenetik purpuraz tindatua. Zure erreinuko aintzindariak zure ondotik, izan daitezila arropatuak landar beretik, bertze diferentziarik gabe ezenetz karantzan eta zure aldagarriak izanen duen urhezko aihendadura arin batean. Karantza bereziek markaturen dituzte jendeen kondizione berezak, urhe, zilhar eta harri baliosik behar gabe. Kondizioneak marka zaitzu bat bederaren sortzearen araura.
Aintzin urhatsean ezarzkitzu aitoren semetasun zaharrena eta deithore handienekoa duketenak. Merezimenduak eta karguak izanen dituztenak, arrangurarik gabe ethorriko dira etxe zahar eta ospetsu heien ondotik, zeinetan hain aspaldidanik baitaude ohore lehenbizikoak. Aitoren semetasun higual bat ez duten gizonek aintzin aldean damukeria gabe utziren diote, baldin hauei ez badiozute zoramenduko bidea ematen altxatuz lasterregi eta goregi, eta laudorio egiten baduzu heien begirakortasunari, zeinak beren zoriaz hanpurusturen ezpaitira. Bekaizgoak gutienik ukitzen duen berezkuntza, hura da, menderen mende arbasoen iraulgitik jausten dena.
Bertuteaz denaz bezenbatean, esportsamendurik aski baduke eta erreinuaren zerbitzatzean bat bedera aski sutatua izanen da, egintza ederren saritzat ematen balin badituzu khoroak eta giza-moldeak, eta hetan balin bada aitoren semetasuneko hastapen bat heien egileen haurrentzat.
Zure ondotik, aintzin-urhatseko gizonak, izanen dira xuriz aldatuak, urhe franja batekin beren aldagarrien azpiko aldetik, eta ekarriren dute lepoan medela bat, zeinetan izanen baita zure begitartea. Bigarren urhatsekoak izanen dira urdinez aldatuak, zilhar franja eta erreztunarekin, medelarik gabe. Hirurgarren urhatsekoak izanen dute arropa berdea, ez franja ez erreztunekin, bainan zilhar medelarekin. Laugarren urhatsekoen arropa izanen da hori gorraxt. Bortzgarrenekoena gorri hits edo arrosa. Seigarrenekoena lihokara. Zazpigarrenekoena eta populuan azkenena, hori ta xuri nahasteka.
Horra zazpi kondizionetako gizon libroen arropa. Gathibu guziak aldatuak izanen dira nabar-beltzkaraz. Holetan, deus gasturik gabe, bat bedera berezia izanen da bere heinaren eredura, eta Zalantatik kasatuak izanen dira urgulukeriaren hazteko baizik ez diren antze guziak. Antze galgarri hetako ofiziale guziak sarturen dira premia diren antze gutietan, edo tratuan, edo laborantzan. Ez da behin ere jasan beharko mudantzarik ez arropa motan ez etare arroparen pikoan, ezen itsusi da gizonak, bizitze serios eta noble bat erakarri beharrak, dosta daitezen apaindura ergel batzuen bilhaketa, ez eta ere zorokeria bera haizu utz dezaten beren emaztei, zeinentzat ez bailaiteke bizkitartean hanbat ahalkagarri.
Hala nola baratzezain artex batek mozten baititu zuhain fruitu ekarleen adar alfer guziak, Mentorrek higual ahalaz kasatzen zituen urguluzko gauzak, aztura galgarriak. Gauza guziak erakartzen zituen lañotasun eder eta zuhur batera. Higual manamenduak ezarri izan zituen hiritarren eta gathibuen janaren gainean.
— Zer ahalke —zioen—, gizonik hautetsienek beren ohorea ezar dezaten errekitu izpirituaren beratzgarri eta osasunaren galgarri diren batzuetan! Beren zoriona ezarri behar lukete begirakortasunean, bertze gizonei ongi egiteko duten eskudantzian eta beren egintza onek erakarri behar dioten aipamenean. Sobretasunak janhari lañoenari ematen dio gozogunerik handiena. Eta hori, ematen dituelakotz, osagarririk hazkarrenarekin batean, atseginik garbienak eta iraunkorrenak. Behar zaizte beraz baratu zuen onthuntzetan haragi hobeeneri, bainan saltsakeriarik gabe xuxendueri. Gizonen pozoatzeko antzea da heien janbidea tirritatzea egiazko beharrek manatzen dioenetik gehiago.
Idomenek ezagutu zuen zer hutsa egin izan zuen ustea bere hiri berriko jendea bere azturen beraztera eta korronpitzera, hautsiz Minozen lege guziak sobretasunaren gainekoak. Bainan Mentor zuhurrak oharteman zioen lege hek berak berrituak izan zitezen arren, alferrak izanen zirela baldin erregeren etsenpluak ez bazioten ematen indar bat bertze nihondik ezin hel zakioketena. Berehala Idomenek egin zuen bere mahaineko arranjua. Han etzuen onhesten bertzerik ezenetz ogi on bat, herriko arnoa, zeina hainitz gozoa baita, eta negurri hertsian, eta haragi arront batzu, Troieseko sethioan bertze greziarrekin jaten zituen bezalakoak. Nehor etzen arranguratzera ausartatu manamendu batez, zeina erregek berak lehenbizikorik jasaiten baitzuen, eta holetan bazterrerat utzi izan zituen nasaizia gaindituak eta delikatasuna, zeinetan pulunpatzen hasiak baitziren beren jan-edanetan.
Gero Mentorrek kasatu zuen musika beratz eta emakoia, gazteria guziaren galgarri zena. Garraztasun bera erakutsi zuen musika arnokariarentzat, zeren ez baitu arnoak berak baino gutiago mozkortzen eta azturak eragiten baititu denak, oldarkeriaz eta erhokeriaz betheak. Musika zedarriztatu zuen tenploetako bestetakotz, han kantatzeko jainkoen otsak eta gizon handi bakharrenak, zeinek eman izan baitute bertute arraroenen etsenplua. Debekatu ere zituen tenploez landa hargintzako edergailu handiak, hala nola harroinak, athalada ederztatuak eta aperikuak. Eman zituen hargintzako plan laño eta plaxent batzu, egitekotzat hedadura gutitan, etxe arin eta komodos bat mainada handi batentzat, halako moldez non izan zedin alde sanora itzulia, egon lekuak zirelarik elkarganik ongi bereziak, garbitasunaren eta arranjuaren errextasunarekin eta gastu gutitako mantenantzarekin.
Nahi zuen zerbaitetako etxe guziek izan zezaten salha bat, ezkaratza gela xume batzuekin jende libro guzientzat, bainan debeku garratzak egin zituen egon lekuetako nonbrearen eta edergailu soberatuen gainean. Etxe egiteko plan mainada arauzko hek, baliatu ziren hiriaren alde baten edertzeko gastu gutirekin, eta izari beretan haren xuxentzeko, noiz eta ere lehenbiziko zatia, bitartean altxatua izan zena, bat bederaren tarantaren eta urguiluaren arabera, ez baitzen ez begiko ez zerbitzuko hain atseginkarakoa. Hiri berri hori hainitz epe laburrean altxatua izan zen, zeren eta Greziako bazter hurranekotik athara baitziren hargin-nausi onak, eta erakarraziak izan baitziren Epiratik eta bertze asko lekutarik hargin hainitz, paturekin, lanen akabantzan, Zalantako ingurutan emanak izanen zitzaizkotela lurrak atharatzeko eta populatuko zutela elgia.
Mentorri iduritu zitzaioen pintura eta eskultura bazterrerat ezin utz zitazkeen antze batzu zirela, bainan nahi izan zuen Zalantan antze hek gizon gutiri zilhegi izan zakitzoten. Asentatu zuen irakaspeneko eskola bat, zeintan buruzagitzat emanak izan baitziren nausi ezagutza handienekoak aprendiz gazteen etsaminatzekotzat. Mentorrek erraiten zuen etzela deusere nahi ez apalik, ez etare ilhaunik, baitezpadako premiatasun gabe diren ofiziotan. Hartarakotz, etzela hetan onhetsi behar agintza ederretako antzea zuten gizon gazteak baizen. Zioen oraino:
— Ofizio gutiago altxatzekotzat sortuak diren gaitikoak, progotxugarrikiago egunorozko beharretan enplegatuak izanen dira. Eskultatzaileak eta pintatzaileak ez dira enplegatu behar baizen-eta begiratzeko gizon handien eta egintza handien orhoitzapena. Hiriaren etxetan, tenploetan edo hobietan mustratzen dira, zerbitzu publikoaren onetan bertute gaingaineko baten medioz obratuak izan diren egintzak.
Gaitikoan, Mentorren begirakortasuna eta zuhurtasuna etziren harentzat gibelatzaile izan, esku emateko eginak izan zitezen plaza handi batzu zaldi eta karro lasterrentzat, borrokarien eta palangarien guduentzat, eta berze joko suerte gorputzak xotiltzen eta hazkartzen dituztenentzat.
Debekatu zuen tratulari oste bat, zeinak ordu arte saltzen baitzituen toki urrunetan eginikako oihal jestutsu batzu, soberaniozko prezioa zuten broderiak, urhe eta zilharrezko untziak, beren jainko, gizon eta azienda mustrekin, edari finak eta baltsamuak. Nahi izan zuen ere etxetako tresnak izan zitezen eginak lañoki bainan iraunkorki. Eta holetan zalantarrak, beren beharreriaz goraki arrangura zirenak, hautematen hasi ziren zenbat aberastasun gaitikoen jabe ziren. Bainan halako aberastasunak enganagarri eta behargarri baizik etziren, eta egiaz aberasten ziren, hetaz beren buruak buluzteko bihotzeko indar hartzen zutenaren arabera. Berek ziotena:
— Aberastea da erdeiñatzea horrelako izantzak erreinuaren iresgarriak, eta gutitzea bere beharrak egiazko premiatasunetaraino.
Mentorrek lehiatuki ikartu zituen artzenalak eta bertze magasin guziak, jakiteko heia harmak eta gerletako bertze tresnak ongi zaudenetz, erraiten zuelarik bethi gerlara prest behar dela, nahi ez bada hartarat izan bortxatua. Alde guzietan asko gauza eskas ediren zuen. Berehala bilduak izan ziren langileak burdina, altzeru eta erearen lantzeko. Orotan altxatzen ziren errementak sutan. Agertzen ziren khe zirimolak eta garrak, Etnako mendiak bulkatzen dituen su hek iduriak. Marteluak kaskaka hari ziren ingudietan, zeinek orroaz ihardesten baitzuten hanbat zanparen azpian. Oihartzunak iharrosten zituen hurbileko mendiak eta itsas bazterrak. Harat heldu zenak usteko zuen zela irla hartan, zoinetan Bulkanok, Tartaroak esportsatuz, ozpinak lantzen baititu jainkoen aitarentzat. Aintzin ohar baten kariaz, bakerik handienaren erdian ikusten ziren gerlako arrimu guziak.
Gero Mentor ilki zen hiritik Idomenerekin, eta ediren zuen lur gizenezko eremu handi bat alfer zagoela. Bertze bat, erdizka baizik etzen lantua, laborarien ezaxolakeria eta erromesia zirela kasu. Besoz eta aziendaz eskas ziren. Bihotzak eta ahalak ere eskas egiten zioten laborantzaren altxatzeko hein hobeagora. Mentorrek, ikustearekin elgi etsitu hura erran zioen erregeri:
— Lurrak hemen ez du bertzerik galdegiten bere lurtiarrak aberastea baizik, bainan lurtiarrak lurrari eskasten zaizko. Har detzagun beraz zelhaien eta malden lantzeko, hirian dauden ofiziale soberakiñak eta zoinen ofizioak ez baitira azturen galgarri baizik. Egia da damugarri dela hanbat gizon, tokiaren gainean egoteko ofizioak dituztenak ez ditezen kanpo-lanetan ikasiak. Bainan huna horren xuxentzeko bide bat. Partitu behar dira hoien artean jabe berezirik ez duten lurrak eta hoien laguntzara deitu hurbiletako populuak, zeinek heien pean eginen baitute lan bortitzena. Populu hek hortara ethorriko dira baldin behar den saria agintzen bazaie lanturen dituzten lurretako uzten gainean. Geroxago emanen ahal zaiote parte baten jabetasun osoa eta haletan bat eginen dute zure populuarekin, zeinaren saldoa ttipiegia baita oraino. Baldin langileak eta legeari jarraikiak badira, zure azpiko gizonik hoberenak izanen dira eta handituko dute zure botherea. Hirian ditutzun ofizialeak elgietan ezarriko dituzun ondoan, beren haurrak altxaturen dituzte trebaraziz elgiko lan eta premiatasunetara. Gehiago dena, zure hiriaren egiten hari diren toki atzetako hargin guziak hitzemanak dira atharatzeko zure lurren parte bat eta laborantzari jartzeko. Hiriko lanak akabatu dituztenean baltsazkitzu zure populuari. Hargin horiek atseginekin emanen dira biziaren iragaitera hanbat eztitasun egungo egunean hartu duen nausitasunaren azpian. Nola langileak eta hazkarrak baitira, horien etsenplua esportsagarri izanen da hiritik elgira atheratuko ditutzun ofizialentzat, zeinak horiekin baltsatuak izanen baitira. Geroago elgi guzia bethea izanen da familia hazkar eta laborantzari emanez.
Gaitikoan etzaitezila arranguretan jar heia nola emendatuko den populua. Ezin kondatuzkoa izanen da sarri, ezkontzak errexten balin badituzu. Errextasun horren emateko bidea lañoa da. Gizon gehienek ezkontzako jaidura badute. Ez da erromeseria baizen heien gibelgarririk. Zergapean ez badituzu ezartzen, ongi biziko dira beren emazte eta haurrekin. Ezen lurra ez da eskergabea, hazten ditu haren lantzeko artha hartzen duten guziak. Beren nekea gupida dutenentzat baizen ez da bekhaizti. Zenbatenaz laborariak baituke haur gehiago, eta hanbatenaz aberatsago da, baldin erregek ez badu erromesten. Ezen haren haurrak hasten dira adin samurrenean berean, haren laguntzen. Gazteenek badaramatzate ardiak alhara. Handiago direnek eramaten dute azienda larria. Zaharrenek lurra iraultzen dute beren aitarekin. Bitartean amak ontuntza arront bat xuxentzen diote bere senharrari eta ume maiteei, egun guziko lanetik nekatuak bihurtu behar direnei. Behien eta ardien daizteko artha hartzen du, eta esnea ikusten da zurrutaka jausten kaikuetara. Su handi bat egiten du, zeinaren inguruan mainada inozent eta baketiarra kantalotsez atseginekin hartzen baita arrats oroz, lo gozo bat ethorri arteo. Emazteak egiten ditu oraino gasnak eta xuxentzen fruituak, zeinak begiratzen baitira ondoaren gainean bezain fresko.
Artzaina gibelat heldu da ere xirolarekin, eta mainada guziari kantatzen diotza inguruko bazter herritan ikasi izan dituen kantore berriak. Laboraria sartzen da golde nabarrekin. Haren idiak, nekhearen ondotik heldu dira buruak beheiti beren urhats dorpe eta tontoan, akuloak sistatzen dituen arren. Laneko nekhe guziak akabo dira egunarekin batean. Jainkoen manuz loak lurraren gainera berduratzen dituen pabotek beren gozogunez jabaltzen dituzte grina samurrak eta mundu guzia idukitzen dute xarmatua iduri. Bat bedera loharkatzen da biharamuneko arrangurez orhoitzarik gabe.
Dohatsu gizon anbizione, gibel-beldur eta jokotria gabe hek, jainkoek ematen badiote errege on bat beren boztario inozentean asaldatuko ez dituena! Bainan zer barbarokeria izigarria heiei atharatzea, anbizionezko eta urguilu mustrazko xede batzuetan, lurreko fruitu gozoak, jainkoen bizartasunari eta heien belharreko izerdiei baizen zorrik ez diotenak. Lurrak berak athara liro bere sabel emankorretik gizon begiratu eta langilesko ezin konda daiten oste batek behar lituzken guziak, bainan gizon bakar batzuen urgulua edo gurikeria aski dira hainbertzeen ezarrarazteko erromeseria izigarri batean.
Bainan zer eginen dut —zioen Idomenek—, baldin elgi gizen hauetan hedatuko ditudan jendeek ardurarik gabe uzten badituzte lurreko lanak?
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Gehienek holako orduetan egiten dutenaren kontrakoa egizu. Printze diru-gose eta geroari behatzen ez direnei etzaie bertzerik bururatzen ezenetz zergaz maldatzea beren azpiko erneen eta artexen direnak, ontasunen baliarazteko. Eta hori, zeren pagamendu errax baten igurikitza baitute heien aldetik. Ordu berean arinkiago uzten dituzte alferkeriak erromesten dituenak. Ifrenziatik har zazu egiteko molde bertutearen galgarri eta galdukeriaren laguntgarri den hori, eta ezaxolkeria sarraraziz, erregeri erreinuari baino desmasia gutiago ekartzen ez dion hori. Ezarzkitzu xedeak, amanda, eta premia badira, gaztigu garratzagoak ere, beren alhorrak ez-axolatuki utziren dituztenei, hala nola gaztiga baitzinetzazke gerletan beren tokia husten duten soldaduak. Aitzitik abantailazkitzu berhatzen hari diren mainadak, emazkiotzute zergetako librantzak eta librantza hek handizatzu lur gehiago lantzen duten arabera. Laster ikusiren dituzu mainadak berhatzen eta guziak lanari berotzen. Nekhea bera ohoragarri bilhakaturen da. Laborantza, hanbat gaizkurakerien azpitik ilki dena, ez da hantik aintzinat erdeinutan geldituren. Berriz ere ohoretan agerturen dira golde pikoiak, herriko etsaien bentzutzaileen eskuetan ikusten direnean. Ez da gutiago eder izanen bere arbasoen ontasuna iraultzea zorionezko bake baten tenoretan, ezenetz ontasun hura harmez bihotzoiki zaintzea gerletako asalduetan. Distira berri bat harturen du elgiak. Ogi-buru urheztatuz koroaturen da Zerez. Bakuzek, matsak ostikatuz, nektarra baino gozoagoko arno bat hibaika jautsaraziren du mendi-maldak behera. Haren barrenek ihardetsiren dituzte artzainen kantalotsak. Artzainek, ur-erreka garbien bazterretan baturen dituzte beren bozak beren xirolekin, arthalde burbutzikariak alhan doazilarik belharrean eta lilipean, otsoen beldurrikan gabe.
Oi Idomene! Etzireia dohatsuegi edirenen zure burua ikusteaz hanbat ongiren ithurburu eta biziarazteaz halako jendetzea hanbat laketgarriko deskantsuan? Ospe hori ez othe da ukigarriagoa ezenetz gerlariek bilhatzen dutena lurrak desmasiatzean, hedatzean orotan eta bere tokitan, garhaizien erdian berean, kasik hanbertze nola arrotz bentzutuen baithan, sarraskiak, asalduak, izigarrikeriak, hagoadura, laztura, gosete garratza eta galetsia?
Oi, dohatsu erregea jainkoez aski maitatua eta bera aski bihotz handikoa, bere ahalaz destatzeko izateari hanbat jendetzen bozkari eta erakustari mende guziei bere erreinuko orduan hanbat ikusgarriko helantza! Lurreko populu guziak, urrun beren buruak guduka zaintzetik haren nausitasunetik, ethor lakiozke bere oinetara, othoizten dutelarik erregina dedien heien gainean.
Idomenek ihardetsi zioen:
— Bainan noiz eta ere populuak holetan jarriko direnean bakearen eta nasaiziaren erdian, gurikeriek galduren dituzte eta nere kontra bihurturen dituzte nerorrek eman indarrak.
— Ez izan horrelako beldurkunderik —erran zuen Mentorrek—. Hori da estakuru bat bethi aintzinerat ematen dena lausengatzeko xahutzaile diren printzeak eta beren populuak zergapean lehertzaile direnak. Erremedioa errexa da. Laborantzaren gainean egin ditugun legeek populua ezarriren dute lanbidean, eta bere ongi-izatean ez duke gauza premiak baino gehiago, zeren kasatzen baititugu soberakina ematen dituzten antzeak. Nasaizia hura bera gutitua izanen da ezkontzetako errextasuna dela medio eta mainaden berhatze handiaz. Mainada bakotxa handia izatearekin eta lur eremua ttipia, bethi-dirauen lan baten medioz beharko da bizigarria athara. Alfer ibiltzeak eta nagikeriak ozarrazten eta errebesten dute jendea. Hunela jendeak izanen du ogia, egia erraiteko, eta izanen du nasaizia batean ere, bainan ez duke ogia baino gehiago eta kopetako izerdiaren medioz lurretik atharako dituen fruituak baizik.
Zure populua idukitzekotz begirakortasunean, oraidanik esleitu behar da mainada bakotxak beretuko dukeien lur eremua. Badakizu jende guzia xedatu dugula zazpi herronketan, kondizione berezen arabera. Ez da zilhegi utzi behar herronka bakotxean mainada bati bere hazkurriarentzat baitezpada premia duen baino lur eremu handiagoa beretzeko ahala. Xede hori ezin hautsia den ber, aitorensemeek erospenik ezin eginen dukete beharrenganik. Orok izanen dituzte lurrak, bainan bakotxak hainitz guti, eta holetan esportsatua izanen da bere zathiaren ongi lantzera. Baldin asko urteren buruan lurrak eskasten balira hemen, bidal laizte bertzetara koloniak, erreinuko botherearen berhagarri laiztenak.
Uste nuke ere ohar-eman behar duzula arnoa sobera behin ere nasaitzetik zure erreinuan. Mahasti sobera landatua izan bada, errotik athara behar da soberakina. Arnoa jende artean ondiko handienen ithurburua da. Jauzarazten ditu eritasunak, aharrak, biahoreak, ibildaunkeriak, lanaren higuintza, mainadetako nahastura. Arnoa izan dadiela beraz atxikia erremedio bat bezala, edo hala nola edari hainitz arraroa, sakrifizioetan eta besta handienetan baizik arduratzen ez dena. Bainan ez dezazun uste izan hanbat mengoa den manamendua izanen dela begiratua baldin zerorrek ez baduzu ematen zere buruaz irakaspena.
Bertzalde, ukitu gabe begiratu behar dira Minozen legeak haurren altxatzeko moldearen gainean. Behar dira ezarri eskola publikoak, zeinetan irakatsiko baitira jainkoen beldurkundea, herriko amodioa, legeen larderia, ohorearen hautespena atseginen eta biziaren beraren gainetik
Legeko gizonak behar dira, begia idukiren dutenak mainaden eta azturen gainean. Oharrean zaudezi zeror, zeren etzarelakotz errege, erran nahi da, populuaren artzaina, zure arthaldearen gainean gau eta egun atzarria egoteko baizen. Holetan bidea khenduren diozute asko nahastura eta krimei. Ororengatik egiten diren gaizkiak, berehala eta garrazki gaztiga zatzu. Bihotz-ontasun bat da hastetik ematea gaztigu irakasgarriak, gaiztakeriako bide-ebakitzaileak. Behar orduan ixurtzen den odol guti batek, hainitz bat espraniatzen du, eta erregei larderia bat ematen du garraztasuna arduratu gabe.
Baina zer sineste hastiagarria errege baten baithan, uste izatea populua lehertuz baizik ez dirola segurantzarik ediren! Populuari ez argimendurik, ez berthuteko biderik erakastea, hartaz ez behin ere maitharaztea bere burua, hura izialduraren medioz galetsiraino bulkatzea, hura behardura izigarrian ematea edo, behin ere libroki hats hartzeko edo ostikatzeko zure nausitasun barbaroa. Hori deia bada nahasturarik gabe erreginatzeko bidea? Hori deia bada ospera daraman bidea? Orhoit zaitezi, erregeak nihon ez dira hain herbal nola heien nausitasuna negurri gabekoena baita. Lotzen dira zernahiri, bazter guziak desmasiatzen dituzte, erreinuko jabe bakharrak dira, bainan halaber, erreinua hagoan jartzen da. Elgiak larre daude eta kasik mortuak iduri. Hiriak urtuz doazi egun oroz, tratua agortuz. Errege ez daite errege izan bakartasunean, ez da handi bere azpikoen medioz baizik. Emeki-emeki bere burua ezeztatzen du, ezeztatzen dituenaren arabera bere populuak, zeinetaren atheratzen baitira haren botherea eta abarastasunak. Haren erreinua diruz eta gizonez ahituz doha, eta gizonez ahitzea da galtzapen guzietarik gogorrena eta gutienik medeagarria. Haren bothere neurrigabeak bere azpiko bakotxetik gathibu bat egiten du. Balakuen erdian deraukate, egiten dute haren adoratzeko alegia bat. Ikaran daude haren begi ukaldi ttipienari. Bainan zaudezi begira erreboluzione ttipienari. Ezin irauna da bothere neurrikaitz, sobraniokeria muthirienetara barraiatzen den hura. Giderrik ez du populuen bihotzetan. Ttipiak ala handiak, guziak ase ditu eta samurrean ezarri. Guziak nola nahiko mudantza bati lehiarazi ditu. Lehenbiziko zankak idola lurrerat artikitzen du, porroskatzen da, oinpean ostikatua da. Arbuioa, herra, beldurra, asperra, gibelbeldurra, hitz batez, pasione guziak, biltzen dira halako higuintzetan den nausitasunaren gainera. Bere itxurazko handitasunean, erregek etzuen edireiten gizon bat aski bipila, egia bat erranen zioena. Ez du bere dohakaitzean bakar bat edirenen, ez aitzakiatuko duena, ez indar bat egin nahiko duena haren alde.
Solas horien guzien ondoan, Idomenek, Mentorren erranak sinhetsirik, berehala partitu zituen jabegabeko lurrak, hetan ezarri zituen alferretako ofizialeak, eta obratu burutan hartuak izan ziren neurri guziak. Bakarrik zituen bazterrerat utzi harginentzat xedatzen zituen lurrak, zeren hiriko lanen akabantzan baizik ez baitzitazkeen lot lur heien apaintzeari.
|
|