BEDERATZIGARREN LIBURUA
Telemake eta Adoam solas horietan zaudelarik, eta gaua erditsutara heldua zela ohartu gabe, jainko etsai enganatzaille batek urruntzen zituen Itakatik. Akamaz heien pilotoa alferretan zabillan irla haren ondotik. Neptunek feniziendarrak maite zituen arren, eziñ gehiago paira zezakeien Telemaken zoriona, zeren salbu atara zen Kalipzoren irlako harkadietara aurdiki zuen pesiatik. Samurrago zen oraiño Benuz, grek gazte hura Itakara osperekiñ bihurtzen ikusteaz. Nahigabearen miñenean, uzten ditu Zithera, Pafoz, Idalia eta Ziprako irlan bihurtzen deraizkoten ohore guziak. Igaiten da Olinpa distiragarrira zeiñetan jainko guziak Jupiterren tronuaren inguruan bilduak baitzaudeziñ. Hantik ikusten dituzte izarrak heien oiñen azpian dabiltzala eta lurra lohi poxi bat iduri. Itsaso zabalak etzaizkote iduritzen ur iñhar batzu bezala baizen, zeiñek lohi poxi hura doi-doia bustatzen baitute. Erresumarik handienak ez dira heien begietan legar pikor batzu bezala baizen, zeiñek lohi haren gaiña estaltzen baitute. Eziñ kondatuzko jendaiak, armadarik botheretsuenak ez dira zenbait xiñhaurri bezala baizen belhar izpi baten gatik lohi haren gaiñean aharratzen direnak. Gizon herbalen egitekorik handienez jainkoek irri egiten dute eta haur dostetak iduritzen zaizkote. Zer ere gizonek deitzen baitute handiratasuna, ospea, botherea, antze handia, jainko botheretsu heiei etzaitzote iduritzen erromeseria eta herbaltasun baizen.
Lurretik haiñ gora den egoitza hartan Jupiterrek jarri du bere tronu geldia. Haren begiak sartzen dira lezetako zolaraiño eta argitzen dute bihotzetako azken gordegietaraiño. Haren begiratze ezti eta arrasoek bakea eta bozkalentzia hedatzen dituzte bazter orotan. Aitzitik bere ilaia iñharruzten duenean, zerua eta lurra ikharatzen ditu. Bertze jainkoak ere haren inguruko dirdirek ahalketuz harenganat ikhara batean baizik ez dira hurbiltzen.
Ordu hartan berean zeruetako jainko guziak haren ingurura bilduak zauden. Benuz agertu zen bere edergaillu guziekiñ. Haren zaia harroak distira gehiago bazuen ezenetz Irizek jaunzten dituen karantza guziek hodoi goibelen erdian, heldu denean gizon izituei kalernak akhabatzera doazela eta denbora ederra bihurtzera. Arropa hura bildua zen gerriko aipatu hartaz zeiñetan Graziak seiñale baitira. Jainkosaren illeak urhezko ezpartzu batez laxoki gibelean lothuak ziren (...), baiñan haren begiak nigarrez ithoak ziren eta nahigabe samiñ batez haren begitartea goibeldua ageri zen.
Bizkitartean Jupiterren tronura hurbiltzen zen patxada ezti eta arin batean, airetan hegaldaka dohan hegaztiñ baten pare. Aire atsegiñ batekiñ begiratu zioen Jupiterrek. Irri ezti bat egiñ zioen eta xutitzen zelarik besarkatu zuen. Erran zioen:
— Nere alaba maitea, zer da zure bihozmiña? Ukitua izan gabe, eziñ ikus detzaket zure nigarrak. Zure bihotzaren zabaltzeko etzaitezilla izan beldurti. Badakizu zer den nere samurtasuna eta zeiñ naizen zure alderat eroria.
Benuzek ihardetsi zioen boz ezti baiñan hatsbeherapen miñez trenkatu batez:
— Oi jainko eta gizon guzien aita, gauza guziak ikusten dituzuna, ote daite zuk jakiñ gabe zerk deraukadan bihotzean miña! Minerbarentzat ez da izan aski asentuetaraiño urratzeaz Troiesko hiri ederra nere gerizean zagoena, eta bere burua Parisez aspertzeaz, zeren hautatu izan zuen nere edertasuna harenaren aldean. Lur eta itsaso guzien gaiñean laguntzen du Ulize troiestarren galtzaille gaixtagiñ haren semea. (...)
Jupiterrek ihardetsi zioen:
— Egia da, oi nere alaba, Minerbak grek gazte hura bere gerizean idukitzen duela, eta egundaiño gizon gazte batek merezitu ez duen ospe bat berezten dioela. Ez dirot ezar gizon gazte hura zure eskudantziaren azpian. Zure amoreagatik bizkitartean onhesten dut izan dedien oraiño itsasoaren eta lurraren gaiñean ibildaun. Bere sor-lekhutik apart bizi dedien, gaitz eta lanjer guziei paratua. Baiñan ez dute nahi dohamenek ez bera gal dedien ez eta ere garhaitua izan dedien haren berthutea.
Horiek erraitearekiñ, egiñ zioen Benuzi irri aire bat arraiziaz eta handiratasunez bethea. Sismistarik argienaren pare, dirdira batek izarniatu zuen haren begietarik. Benuz xitezki besarkatzearekiñ, Olinpa guzia bethe zuen anbroazi usaiñ bat berduratu zuen. Jainkorik handienaren lausengu hartaz ukitu gabe eziñ egon zen jainkosa. Bere nigar eta bihotzmiñ guziengatik agertu izan zen bozkarioa haren begitartearen goihereatzen. Bere bela beheititu zuen, bere matheletako eta bere faxeriaren gordetzeko. Jainko guzien bilkuak Jupiterren solasari laudorio gorak eman ziotzan eta astirik galdu gabe, Benuz Neptunen gana goan zen harekiñ berezteko Telemakez aspertzeko bideak.
Jupiterren solasak Neptuni erran ziotzan. Neptunek ihardetsi zioen:
— Lehenago ere banakitzan dohamenen manu eziñ ganbiatuak, baiñan eziñ fundi badezakegu ere Telemake itsasoko tiraiñen erdian, ez dezagun bedere deusik ahantz hura dohakabe eragiñ dezakenik eta gibelatzeko haren Itakara bihurtzea. Eziñ onhets dirot galaraztea hura eramaiten duen feniziendar untzia. Feniziendarrak maite ditut. Hura da nere populua, nere erresuma hark baiño lakhetago duen jendaiarik ez da lurraren gaiñean. Heien medioz itsasoa bilhakatu da lurreko jendaia guzien batasuneko lokharria. Nere aldareen gaiñean egun oroz sakrifizioz ohoratzen naute. Zuzenak dira, prestuak eta tratuari jarraikiak. Bazter orotan aisia eta nasaitasuna hedatzen dituzte. Ez, jainkosa, heien untzi batek kost-egiñ dezan eziñ onhets dirot, baiñan heien pilotoak bere bidea gal dezan egiñen dut eta aparta dediñ Itakatik zeiñetara goan nahi baitu.
Agiñtza hortaz bozik, Benuzek irri egosi bat egiñ zuen eta bere airezko karrosan itzuli zen Idaliako sorro lilituetara zeiñetan Graziek, Jokoek eta Irriek hura berriz ikusteko atsegiña erakutsi baitzuten, haren inguruan dantzatuz egoitza xarmagarri hura usaiñztatzen duten lilien gaiñean.
Ordu berean Neptunek igorri zuen jainko enganatzaille bat Ametsei iduria, salbu eta Ametsek ez dutela lo daudeziñak baizik enganatzen eta aldiz bertze jainko hark atzarriak daudeziñak xarmatzen dituela. Jainko gaizki-egille hura, Gezur hegaldun oste eziñ kondatuko batez inguratua, haren itzulian derabiltzanak, ethorri zen ur mehe xarmatu baten ixurtzera piloto Akamazen begietara, zeiña ilhargiaren argira, ernerik begira baitzagoen izarren ibil-bideari eta Itakako bazterrari, zeiñetako gerenda xutak ordukotz hurbil bezala ikusten baitzituen.
Ordu beretik pilotoari bere begiek etzioten gehiago deus egiazkorik erakutsi. Gezurrezko zeru bat eta alegiazko lur bat aiñtziñera agertu zitzaizkon. Izarrak agertu ziren iduri beren ibilbidea ganbiatu zutela eta gibelerat itzuli zirela. Iduri zuen lege berri batzuetan zabillala Olinpa guziak. Lurra bera ganbiatua zen. Gezurrezko Itaka bat pilotoari bethi aiñtziñera haren abusatzeko heldu zitzaion, noiz-eta-ere ziñezkotik urrunarazten baitzuen. Zenbatenaz-ere hurbiltzenago baitzen irlaren leihorreko itxura enganagarri hartara, hanbatenaz itxura hura apartatzen zen. Haren aiñtziñean ihes zohan bethi eta etzakien ihes hartaz zer asma. Aldi batzuez amesten zuen entzuten zuela portu batean egiten den harramantza. Ordutik prestatzen zen, manua izan zuen bezala, irla handiaren aldean bertze ttipi batetan jaustera, Telemaken bihurkuntza gordetzeagatik Penelopen gizongeiei, zeiñak printze gazte haren kontra patu hartuak baitziren. Aldi batzuez itsas hegi hura inguratzen duten harkadien beldurretan jartzen zen eta harkadi heien kontra porroskatzera doaziñ tiraiñen orroa izigarria entzuten zuela iduritzen zitzaioen. Gero bet-betan ohartzen zen lurrak oraiño urrun iduri zuela. Haren begietan mendiak etziren, urrun hartan, hodoi ttipi batzu bezala baizik, zeiñek aldi batzuz ortzia goibeltzen baitute iguzkia etzatera dohanean. Holetan harritua zen Akamaz eta ordu arteo ezagutu etzuen laztura bat hautemanarazten zioen haren begiak xarmatzen zituen jainko enganatzaille haren indarrak. Jartzen ere zen siñestera etzagoela atzarririk eta amets baten enganioetan zela.
Bizkitartean Neptunek iguzki haizeari manatu zioen altxa zediñ untzia Hezperiako hegira bulkatzeko. Haizeak haiñ indar muthiriarekiñ bethe zuen bere manua, non untzia Neptunek erran leihorrera laster heldu izan baitzen. Jadanik Argizkorriak eguna agiñtzen zuen; jadanik izarrek, iguzkiaren distiraren beldur eta hartaz bekaitz direnek, beren su goibelak itsaso handian gordetzera zaramatzaten, pilotoa oihuz abiatu zenean:
— Noizbait bederen, dudarik eziñ duket gehiago! Itakako irlari hurran hunkitzen dugu! Oi Telemake, alegera zaitezi. Oren baten buruko ikusiren ahal duzu Penelope eta atzamanen duzu menturaz Ulize bere tronuaren gaiñera berriz igana.
Oihu hartan, Telemake loaren besoetan muitu gabe zegoena, atzartzen da, jaikitzen da, igaiten da lemara, pilotoa besarkatzen du eta bere begi oraiño doi-doia idekiak leihor hurbillekoaren gaiñean fiñkatzen ditu. Auhenetan jartzen da, ezaguturik ez dela hura haren sor lekuko hegia.
— Oi! Non gare? —dio—. Ez da hori nere Itaka maitea! Enganatu zare, Akamaz. Ez duzu ongi ezagutzen zure herri aldetik horren urrun den itsas bazter hori. Akamazek ihardetsi zioen:
— Ez, ez, eziñ engana naite, irla hortako bazterrak ikustean. Zenbat aldiz ez naiz zuen portuan sartu? Horko har-peñarik ttipienak ezagutzen ditut. Tirreko itsas hegiaz ez naiz hanbat hobeki orhoit. Ezagutazu aiñtziñatzen den mendi hori. Ikusazu dorre baten pare altxatzen den gerenda hori. Ez duzuia entzuten bertze gerenda horien kontra urratzen den tiraiña? Iduri dute itsasoa beren kargaz mehatxatzen dutela. Baiñan ez duzuia berezten Minerbaren tenploa hodoiak urratzen dituela? Horra Ulize zure aitaren dorrea eta jauregia.
Telemakek ihardetsi zioen:
— Enganiotan zare, oi Akamaz! Aitzitik ikusten dut leihor bat aski gora baiñan ordokia. Itaka ez den hiri bat ikusten dut. Oi jainkoak, horreletan dostatzen ote zarete bada gizonez!
Solas horiek erraiten zituelarik Akamazen begiak bat-batean ganbiatuak izan ziren. Xarma hautsi zen. Leihorra ikusi zuen egiazki zen bezala eta enganiotan zela ezagutu zuen. Erran zuen:
— Oi Telemake, aithortzen dut. Zenbait jainko etsaik nere begiak xarmatu zituen. Itaka ikusten nuela uste nuen eta haren iduria oso-osoa aiñtziñera agertzen zitzaudan, baiñan orai, amets baten pare suntsitzen da. Ikusten dut bertze hiri bat. Duda gabe Zalanta da, Idomenek Kretatik ihes egiñik Hezperian orai asentatu duena. Altxatzen hari diren murraila batzu ikusten ditut, eta oraiño akhabatuak ez direnak. Portu bat ikusten dut, gerlakotzat oraiño ongi hazkartua ez dena.
Hiri hortako obra berriei Akamaz begira eta Telemake bere dohakabetasunaren arranguretan zaudelarik, Neptunek igorri haizeak bela betean untzia sarrarazi zuen arrada batean, non gerizean eta portuaren aldean gelditu baitziren.
Mentorrek, zeiña jakiñtsun baitzen nahiz Neptunen mendekioaz, nahiz Benuzen amarru gaixtoaz, etzuen irri baizik egiñ Akamazen enganamenduaz. Arrada hartara heldu zirenean Mentorrek Telemaki erran zioen:
— Jupiterrek frogatzen zaitu, baiñan etzaitu galdu nahi. Aitzitik, ospeko bidea zuri idekitzeagatik baizen etzaitu frogatzen. Herkulen nekheez orhoit zaitezi. Bethi begien aiñtziñean zure aitarenak iduk detzatzu. Zoiñak ere ez baitaki nahigabeen jasaiten, haiñak ez du bihotza handi. Zure pairakuntzaz eta bihotzoitasunaz etsiarazi behar diozu zure toleiatzen baizik onik ez duen zoriari. Zuretzat ez naiz hain lotsa Neptunen bidegabe ikharagarrien, nola beldur bainiñtzen bere irlan idukitzen ziñtuen jainkosaren balaku lausengarien. Zertan gaude hemen? Sar gaiteziñ portu hortan. Huna jendaia adiskide bat. Greketara heltzera goazi. Zoriaren aldetik berak hanbat damu izan ondoan, Idomene dohakabe batzuei urrikalduren da.
Ordu berean sartu ziren Zalantako portuan, non feniziendar untzia trabarik gabe errezibitua izan baitzen, feniziendarrak lurreko jendaia guziekiñ bakean eta tratutan direlakotz.
Telemakek ederretsirik begiratzen zioen hiri berri hari, landare gazte bati iduria, zeiña, izar-ihintz gozoaz hazia izan ondoan, haren ederztatzera heldu diren iguzkiaren arraioak goizetik hautemaiten baititu. Handitzen da. Idekitzen ditu bere bote guriak. Hedatzen ditu bere hosto ferdeak. Milla karantza berrirekiñ zabaltzen ditu bere lili usaiñdunak. Ikus aldi guziez distira berri bat atzamaiten zaio. Huneletan itsas bazterrean argitzen zuen Idomeneren hiri berriak. Egun oroz, oren guziz, berregiñki zabaltzen hari zen, eta itsasoaren gaiñean ziren kanpotarrei urrundanik erakusten ziotzaten zeruetaraiño heltzen ziren hargiñdurazko edergaillu berriak. Langilleen oihuek eta mailluen kaskek itsas hegi guzian ihardesten zuten. Harriak sokekiñ boleietan airatuak ziren. Argi urratzetik aiñtziñdari guziek jendea lanera sustatzen zuten, eta Idomene erregeak, orotan berak manuak emanez, harrigarri zen bezenbat lan guziak aiñtziñarazten zituen.
Feniziendar untzia porturatu zen bezaiñ laster, kretoarrek Telemaki eta Mentorri ziñezko amodio baten seiñale guziak eman ziotzaten. Lehen-bai-lehenka Ulizen semearen ethortzeaz jakiñtsun egiñ zuten Idomene. Oihuz abiatu zen:
— Zer Ulizen semea! Ulize, adiskide maite harena! Gizon handi eta zuhur harena, zeiñaren medioz noizbait bedere eragoitzi izan baitugu Troiesko hiria! Erakar dezatela hunat, eta erakuts dezodala zenbat maitatu izan dudan haren aita!
Ordu berean aiñtziñera erakartzen diote Telemake, zeiñak leihor galdegiten baitio bere izena erraitearekiñ batean.
Idomenek ihardetsi zioen begitarte ezti eta arrai batekiñ:
— Baldiñ erran ere ez balautet nor zaren, uste dut ezaguturen ziñtudala. Horra Ulize ber-bera. Horra haren begi suz betheak eta zeiñen begiratzea haiñ baitzen bipilla. Horra haren bekundea, behiñ hotza eta begiratua, hanbat su eta xarmagarritasun gordetzen zituena. Harren irri-aire xotila ere ezagutzen dut, haren patxada kontu gabea, haren miñtzo legun, laño eta sarkorra, gizona siñestetan jarraraziko zuena hartaz beldur hartzeko astirik gabe. Bai Ulizen semea zare, baiñan nerea higual izanen zare. Oi nere semea, nere seme maitea! Leihor huntara zer gerthakuntzak erakartzen zaitu! Zure aitaren bilhatzera heldu zireia? Oi! Ez dut haren berririk batere! Zorigaitza haren eta ene ondotik ibilli izan da. Bere sor-lekhua berriz eziñ atzamaiteko dohakabetasuna izan du eta nik izan dut nerea atzamaitekoa jainkoen hasarregoaz bethea nere kontra.
Huneletan miñtzo zelarik Idomenek kontuz begiratzen zioen Mentorri, hala nola gizon bati zeiñaren begitartea ez baitzitzaioen arrotz, baiñan zeiñaren izena eziñ aurkhi baitzezakeien.
Bizkitartean Telemakek nigarra begietan ihardetsi zioen:
— Oi errege! Barka diezadazu eziñ gorde dezakezudan atsekabea noiz-eta-ere bozkalentziarik eta zure ongi egiñ guzientzat ezagutzarik baizen ez bainautzuke erakutsi behar. Ulizen galtzapenaz erakusten duzun damuaz nere aita eziñ aurkitzeko zorigaitzaren hautemaiten zerorrek erakusten derautazu. Aspaldi du ja itsaso guzien gaiñean haren bilha nabilala. Jainko samurrek ez naute uzten ez hura berriz ikustera ez eta jakitera heia kost-egiñ duenetz, ez eta itzultzera Itakara non Penelopa, bere gizongeietarik libratzeko lehian, iraungitzen baitago. Kretako irlan uste izan ziñtudan kausi. Han jakiñ izan dut zure dohamen gaixtoa eta ez nuen uste hurbil behin ere Hezperiatik non erresuma berri bat altxatu baituzu. Baiñan zoriak, zeiña gizonez dostatzen baita eta zeiñak bazter guzietan idukitzen bainau Itakatik urrun, azkenekotz zure leihorretara bulkatu nau. Hark egiñ deraizkidan bidegabe guzietarik hau da gogo hoberenez egartzen dudana. Nere sor-lekutik urruntzen baliñbanau ere, bederen errege guzietarik bizarrena ezagutarazten deraut.
Hitz horien gaiñean, Idomenek Telemake xitezki besarkatu zuen eta bere jauregira zeramalarik, erran zioen:
— Nor da zu laguntzen zaituen agude umo hori? Bertze orduz ardura ikusi izan dudala iduritzen zait.
Telemakek ihardetsi zioen:
— Hori da Mentor, Ulizen adiskidea eta zeiñaren gomendioan utzi izan bainiñduen haurrean. Nork erran ahal lezakezuke zenbat diodan zor!
Berehala hurbiltzen da Idomene eta Mentorri eskua hedatzen dio erraiten diolarik:
— Bertze orduz elkar ikusi izan dugu. Orhoitzen zireia Kretan egiñ izan ziñduen piaiaz eta niri eman ziñerauzkidan abisu onez? Baiñan orduan gaztetasuneko berotasunak eta atsegiñ alferretarako suak bolatzen niñduten. Siñetsi nahi ez niñtuen gauzez jakiñtsun eragiteko, nere dohakabetasunen beharretan izatu naiz. Oxala siñetsi izan baziñtut, oi agude umoa! Baiñan harriturik ohartzen naiz etzarela hanbat urte hauetan kasik batere mudatu. Begitartean orduko freskotasun bera duzu. Patxada zuzen bera, indar bera dituzu. Bakarrik zure illeak xuriagotuxe dira.
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Oi errege handia, lausengatzaille baliñbanintz, higual erranezakezuke begiratu duzula Troiesko sethio aiñtziñean zure begitartean distiratzen zuen gaztetasuneko lili hura. Baiñan nahiago nautzuke nere burua gaitzetsarazi ezenetz egiari khendu. Ikusten dut bertzalde zure solas zuhurretan, lausengua ez duzula maite, eta zuri egiatasunean miñtzatuz ez dela deuseren beldurrik izaiten ahal. Ongi mudatua zare, eta nekez ezaguturen ziñtudan. Garbiki ikusten dut zerengatik: zeren zure dohakabetasunetan haiñitz pairatu izan duzun. Baiñan ongi irabazi duzu zure atsekabetan, zuhurtasuna irabazi duzunaz geroz. Begitartean heldu diren zimurrez gogo onez sosegatu behar da, bihotza bertuteari jartzen eta hartan fiñkatzen hari den orduan. Gaiñerakoan, jakiñ zazu erregeak bertze gizonak baiño goizago higatzen direla. Zorigaitzean gogoko arrangurek eta gorputzeko nekheek goizegi zaharrarazten dituzte. Zorionean, bizitze guri batetako gozoek, gerlako nekhe guziek baiño hobeki higatzen dituzte. Deus ez da kaltekorragorik ezenetz atsegiñak zeiñetan bere burua negurritan eziñ iduk baititake. Hantik derraika erregeek, nahiz bakean, nahiz gerlan izaiten dituztela arrangurak eta atsegiñak, zeiñek adiñ gabe zahartzea erakartzen diotena, bere bidean ethorri behar lukeen baiño lehenago. Bizitze zuhur, begiratu, arront, arrangura eta lehia bortitz gabe batek, negurritu eta langille batek, gizonaren baitan gaztetasun lilia begiratzen du, zeiña arta horien eskasian bethi airatzera baitago denboraren hegalen gaiñean.
Idomene, Mentorren solasek egiñ zioten atsegiñarekiñ oraiño luzezago egonen zen haren entzuten, Jupiterri egiñ behar zioen sakrifizio batera baldin ez balute deithu. Telemake eta Mentor jarraiki zitzaizkon jende oste handi baten erdian. Oro bi arrotz hekiei begira zauden alde guzietarik. Zalantarrek batak bertzeari erraiten zioten:
— Gizon hoiek zeiñ guti duten elkarren eite! Gazteenak badu ez dakit zer atzarririk eta maiterik. Edertasuneko eta gaztetasuneko lili guziak horren begitarte eta gorputz guzian hedatuak dira. Baiñan horren edertasunak ez du deus faunik ez eta emakoirik. Gaztetasuneko lili samur horrekiñ, ezagun du hazkarra, gothorra, eta nekeari gogortua. Bertze horrek, haiñitz adiñ handiagoan den arren, ez du oraiño deus galdu bere indarretik. Lehenbizian horren patxadak iduri du ez dela haiñ gora eta horren begitarteak haiñ atsegiña, baiñan hurbil danik begiratuz, horren lañotasunean ezagun dira umotasunaren eta bertutearen seinale batzu, ederretsgarri den handiratasun batekiñ. Jainkoak lurrera jautsi izan direnean gizonekiñ ihardukitzeko, horrelako arrotz eta piaianten itxurak duda gabe hartu izan dituzte.
Bizkitartean heltzen dira Jupiterren tenplora. Ospe handi batekiñ edergailatua zen Idomenek, zeiña jainko haren odoletik baitzen bera. Marmola jaspatuzko bi harroiñ lerroz inguratua zen tenploa. Xapitalak xilharrak ziren. Tenplo guzia marmola lauzaz bernuzatua zen eta pintaduraz ederreztatua. (...) Han ageri ziren Minozen sortzea eta gaztetasuna, eta errege zuhur hura, adiñ handiago batean, bere irla guziari legeak ematen, bethikotz toki hura dohatsu eragiteko amoreagatik. Telemake ohartu ere zen Troieseko sethioko gertakari berezienei. Idomenek sethio hartan irabazi izan zuen gerlari handi baten omena. Gudu mustra hetan Telemakek bere aita bilhatu zuen. Ezagutu zuen Rhezuzen zaldiak hartzen, Diomedek errege hura hil zuenean. Gero, greken armadako buruzagi guzien kapitoan, Ajaxen kontra Achilen harmez ihardukitzen; eta azkenekotz, zorigaitzezko zurezko zalditik jaustera zohala, hanbat troiestarren odolaren ixurtzeko.
Telemakek berehala ezagutu zuen egiñtza deitatu hetarik, zeiñak Neztorrek berak kondatu baiziotzan eta hanbat espanturekiñ asko aldiz aipatzen entzun baitzituen. Nigarrak begietarik abiatu zitzaizkon. Begitartea mudatu zitzaioen eta bihotza asaldatu. Telemake, bere asalduaren gordetzeagatik baztertu zen arren, ohartu zitzaioen Idomene eta erran zioen:
— Etzaitezela ahalka guri uzteaz ikustera zenbat zaren ukitua zure aitaren ospeaz eta dohakabetasunez.
Bizkitartean, jendea multzoka biltzen hari zen tenploa inguratzen zuten bi harroiñ lerroek egiten zituzten aperiku zabaletara. Neskatxa eta gizon gaztezko bi saldok bertsuak kantatzen zituzten ortziria eskuan dagokan jainkoaren ohoretan. Haur gazte hek, propienetarik hautatuak, ille luzeak zituzten sorbaldetan behera. Heien buruak usaiñ onez betheak ziren eta arrosaz koroatuak. Oro xuriz bezti ziren. Idomenek Jupiterri ehun zezenezko sakrifizio bat egiten zioen, jainko hura bere alde jarrarazi nahiz bere hauzoen kontra zeraman gerla batean. Alde guzietarik khea zarion bitimen odolari. Urhezko eta zilharrezko untzi handien barnera zurrutan jausten ageri zen.
Sakrifizioan, Teofane agudea, jainkoen adiskidea eta tenplo hartako apeza, burua estalia zegoen bere purpurazko arroparen izkinaz. Gero ikartu zituen bitimen erraiak oraiño pilpiratzen zirenak. Gero jarri zen alki sakratuan eta oihu egiñ zuen:
— Oi jainkoak, nor ote dira bada zeruak toki hautara igortzen dituen arrotz hauk biak? Hauk gabe, zorigaitzezkoa lizakegu hasia den gerla eta Zalanta, bere asentuen gaiñean akabatu gabe, herrautsia lizate. Ospezko gizon gazte bat ikusten dut zuhurtziak berak eskutik deramana... Hilkizun baten ahoari gehiago erraitea ez da zilhegi.
Hitz horiek erraitean, haren begitartea basatua zen eta haren begiek pindarrak ardikitzen zituzten. Aiñtziñean zituen gauzez bertzerik ikusten zuela iduri zuen. Sutan zegoen haren begitarte guzia. Nahasia zen eta bere baitarik kanpoan. Haren illeak xutuak ziren, haren ahoa harrapoa zariola. Besoak goitituak zauzkan, eta higitu gabe nihorat. Haren boza ganbio egundaiño gizonak izan duen baiño bortitzagoa zen. Hatsangatua zen eta bera asaldutan atxikitzen zuen jainkozko izpiritu hura bere barnean eziñ iduk zezakeien.
Oihu egiñ zuen oraiño:
— Oi zorionezko Idomene! Zer ikusten dut! Zer ondikoak hutsegiñak! Zer bake gozoa barnean! Baiñan zer guduak! Zer garhaiziak kanpoan! Oi Telemake, hire egiñtzak hire aitarenak baiño handiagoak dituk. Etsai burgoia, hire marrauzaren azpian, herrautsean auhenetan ziagok. Erezko atheladak, murraila eziñ gaiñdituak, hire oiñetan erortzen dituk. Oi jainkosa handia! Horren aita... Oi gizon gaztea, azkenekotz ikusiren duk...
Hitz horiek erraitearekiñ, solasa ahitzen da haren ahoan eta gelditzen da bere bortxaz bezala, harridurazko ixiltasun batean.
Jende guziak beldurrak laztua derauka. Idomene, ikharan, akaba dezan galdegitera ez daite ausarta. Telemakek, harritua, doi-doia endelgatzen du entzun duena. Doi-doia siñets diro agiñtza handi horiek entzun dituela. Mentor da bakarra jainkozko izpirituak harritu ez duena. Idomeneri erraiten dio:
— Entzuten duzu jainkoen xedea. Edo-zeiñ jendaiaren kontra izan dezazun gerla, garhaizia zure eskuetan izanen da eta zure adiskidearen seme gazteari zor izanen diozu zure harmetako suerte ona. Etzaitezela bekaizti izan. Xoilki progotxutan ezartzu jainkoek haren medioz ematen derautzutena.
Idomene etzen oraiño bere harriduratik atharaia. Alferretan bilhatzen zuen bere ahoan solasa. Haren mihia josia zegoen. Agudoago Telemakek Mentorri erraiten dio:
— Hanbat ospe agiñduk ez nau ukitzen. Baiñan zer erran nahi ote dute bada azken solas horiek, «ikusiren duk» Nere aita ote edo xoilki Itaka? Ai, zeren ez du akabatu! Lehen niñtzen baiño duda gehiagotan utzi nau! Oi Ulize! Oi nere aita! Zu ote ziñdazke, zu bera nik ikusi behar dudana? Egia ote laite? Baiñan nere nahiari lausengu egiten diot. Orakle krudela! Atsegiñ hartzen duk dohakabe batez irri egiten. Solas bat gehiago eta zorionik handienean niñtakeien.
Mentorrek erran zioen:
— Ez laidorik eman jainkoek agertzen derautzuten gauzari eta gorde nahi dutenaren agertzera ez abia. Sobera jakiteko lehia ozar batek ahalketan bihurtua izaitea du merezi. Bihotz-ontasunez bethea den zuhurtzia batekiñ jainkoek gizon fluxei beren dohamenak nihork argi ez dezakeien gau batean gordetzen diotzate. On da aiñtziñetik ezagutzea gure ahalari derraion gauza, hura ongi egiteko amoreagatik. Baiñan gure ahalaren menean ez dena eta gutaz jainkoek zer egiñ nahi duten ez ezagutzea ez da gaixtoago.
Telemake solas horietaz ukitua izan zen baiñan etzen erraxki bere buruari nausitu.
Idomene bere harriduratik athara zen ordukotz. Bere aldetik jarri zen Jupiter handiaren laudatzen, zeren igorri ziotzan Telemake gaztea eta Mentor zuhurra, etsaien gaiñean garhaizia eraman zezan amoreagatik. Sakrifizio ondoan, bazkari handi bat eman zuen eta gero bazterturik huneletan miñtzatu izan zen bi arrotzei:
— Aithortzen dut, Troiesko sethiotik Kretara bihurtu niñtzenean ez nakiela oraiño ongi nola erregiñatu behar den. Badakizue, nere adiskide maiteak, zer dohakabetasunek khendu zerautedan irla handi hartako erreiñua, erraiten derautazunez geroz han izan zaretela ni hantik atharaz geroztik. Oraiño sobra dohatsu zoriaren kolpe garratzenak ni jakiñtsunago eta negurrituago eragiteko izan baliñ badira! Itsasoak iragan nituen hala nola ihesari ematen duen gizon batek eta zoiñari jarraikitzen baitzaio jainkoen eta gizonen aiherkundea. Nere bothere iragan guzia etzen nere erorikoa neroni ahalketsuago eta eziñ jasanago bihurtzeko baizik. Ethorri niñtzen nere jainko Penaten gerizan ezartzera leihor basa huntara, zeiñetan ez bainuen atzaman larrerik baizen, estaliak sasiz eta laparrez, oihan lurra bezaiñ zaharrez eta gerenda gaitzez, zeiñetara biltzen baitziren ihizi basa gaixtoak. Oraiño boztu behar izan niñtzan zeren goza ahal nezakeen, nere zorigaitzean jarraiki nahi izan zeraizkidan soldado eta lagun bakar batzuekiñ, lur basa hau, eta hemen egiñ ahal izaiteaz egoitza berri bat, ez giñduelakotz gehiago igurikitzen ahal berriz ikustea irla dohatsu hura zeiñetan sortarazi bainiñduten jainkoek han erregiñatzeko. Nere buruari egiten nioen:
— Ai, ai, zer ganbiamendua! Zer ikusgarri laztekoa ez naizen bertze erregeentzat! Erakutsi behar niñdukete lurraren gaiñean erregiñatzen diren guziei, hek nere gertakuntzaz jakiñtsunago eragitekotzat. Deusen beldurrik ez duketela iduritzen zaiote zeren bertze gizonak baiño gorago diren, eta bere goratasuna bera dela medio, dute zeren gehienik beldur izan! Ikaran nauzkan nere etsaiak eta maitatua niñtzen nere azpikoez. Jendaia botheretsu eta gerlari bati manatzen nioen. Haroak lekhurik urrunenetara heldu izan zuen nere izena. Irlarik gizenenean eta gozoenean erregiñatzen niñtzen. Ehun hirik, urte oroz, ematen zerautedaten bere aberastasunen zerga. Gizon heiek ezagutzen niñduten heien tokitan sortu zen Jupiterren odol beretik. Maite niñduten Minoz zuhurraren illobasoa niñtzelakotz. Minoz, zeiñaren legeek haiñ boteretsu eta dohatsu eragiten baitituzte. Nere zorionari zer zen eskas, ezenetz jakitea hartaz negurritan gozatzen? Baiñan nere urguluak eta entzun ditudan lausenguek eragoitzi dute nere tronua. Horreletan lurrerako dira beren lehien eta gizon lausengarien eskuetara jautsiren diren errege guziak.
Niri jarraiki zirenei bihotza idukitzeko, egunaz erakusten nuen ahalaz begitarte alegera eta peskizaz bethe bat. Erraiten nioten:
— Hiri berri bat altxa dezagun galdu ditugun gauza guziez sosegu emanen deraukuna. Ingurunetako jendaiek lan hortako erakuzkuntza ederra eman deraukute. Ikusten dugu Taranta gure ganik aski hurbil altxatzen dena. Falantek bere lazedemoniendarrekiñ ezarri ditu erresuma berri horren asentuak. Filoktetek Petilia izen ematen dio itsas hegi huntan berean altxatzen duen hiri handi bati. Metaponta ere gisa bereko kolonia bat da. Gu bezala iheska dabiltzan arrotz horiek guziek baiño gutiago egiñen ote dugu? Zoria ez da guretzat garratzagoa.
Noiz-eta-ere solas horietaz ahal bezenbat gozatzen baiñituen nere lagunen nahigabeak, nerorrek eziñ jasanezko atsekabea gordetzen nuen bihotzaren erdian. Sosegu bat zen neretzat egunaren argia itzal zakidan eta gauaren ilhunbeek ingura netzaten, nere dohamen urrikalgarriaz libroki auhenetan egon ahal niñdediñ. Nigar karatsa bi zurrutetan abiatzen zen nere bi begietarik eta lo gozoa etzuten gehiago ezagutzen. Su berri batekiñ lotzen niñtzen biharamunean lanei. Horra, Mentor, nola atzaman nauzun haiñ zahartua.
Bere nahigabeak erran ondoan, Idomenek Telemaki eta Mentorri galdegiñ zioten beren laguntza abiatzen zuen gerla hortako. Erraiten zioten:
— Itakara igorriren zaituztet gerla akabatu bezaiñ laster. Bitartean untziak bidaliren ditut leihorrik urrunen guzietaraiño Ulizen berrien jakitera. Nongo nahiko leihor ezagutura bulkatu duten pesiak edo jainko zeiñbaten hisia, jakiñen dut hura hantik atharatzen. Agian bizi da oraiño! Eta zuek, Itakara bidaliren zaituztet Kretan egundaiño egiñ izan diren untzirik hoberenetan. Jupiter sortu zen Idako mendian berean ebakiak izan diren zurez egiñak dira. Urean eziñ honda daite zuhamu sakratu hura. Ikaratzen ditu eta ahalkatzen haizeak eta gerendak. Neptune bera bere oldarrik handienean ez laite ausarta haren kontra bere tiraiñen bulkatzera. Segur izan zaizte beraz, estrapurik gabe eta erraxki Itakara bihurturen zaretela eta ez dela gehiago jainko etsairik izanen haiñbertze itsasotan zuek erabiliren ahal zaituztenik. Hementik Itakara epaitza laburra da eta errexa. Hunaraiño ekarri izan zaituzten feniziendar untzia gibelat igorrazue. Ez dezazuela bertze gogoetarik ibil, baizik eta ere, Idomeneren zorigaitz guzien ahantzarazteko amoreagatik haren erresuma berria finkatzeko ospea zuen buruei emateaz. Horra, oi Ulizen semea, zer preziotan izanen zaren zure aitaren gai ezagutua. Baldiñ dohamen garratzek Plutonen erresuma beltzera jautsarazi ere balute, Grezia guziak, zutaz harturik, usteko du zure baitan hura berriz ikusten duela.
Horren gaiñean, Idomeneri Telemakek solasa trenkatu zioen, ziolarik:
— Gibelat igor dezagun feniziendar untzia. Zertan gaude harmak hartu gabe zure etsaiei jazartzeko? Zure etsaiak gureak bilhakatu dira. Garhaizia izan baliñbadugu Zizilian, Azezte troiestarra eta greken etsaiaren alde gudukatzean, ez ote dugu oraiño su gehiago izanen, ez ote gare jainkoez hobeki lagunduak izanen, gudukatuko garenean Priamen hiria herrautsi duten Greziako gizon handi baten alde. Doi-doia entzun dugun oraklek dudak debekatzen deraizku.
BEDERATZIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
|