|
HAMARGARREN LIBURUA
Mentorrek begi ezti eta deskantsu batez begiratzen ziolarik Telemaki, zeiña jadanik gudutako su bihotzoi batez bethea baitzen, huneletan mintzatu izan zen:
— Atsegiñ dut, oi Ulizen semea, zure baithan ikusteaz ospearentzat haiñ lehia ederra, baiñan orhoit zaitezi zure aita Troieseko sethioan ez dela haiñ ospe handiaren jabe jarri, ezenetz bere burua erakutsiz guzietarik umoena eta begiratuena. Achilek, nahiz eziñ bentzu eta eziñ kolpa zaitekeien, nahiz segur zen laztura eta herioa eramanen zituela gudukatzen zen toki guzietara, eziñ hartu izan du Troieseko hiria. Bera erori izan da hiri hartako murrailla ondora, zeinak garhaizia eraman baitu Hektorren bentzutzaillearen gaiñean. Baiñan Ulizek, zeiñaren baithan umotasunak bihotza argitzen baitzuen, troiestarren erdira sua eta herioa eraman izan ditu eta hari esker erori izan dira dorre gora eta super hek, zeiñek hamar urtez larderiatu baitzuten Grezia guzia batera bildua. Zenbatenaz ere Minerba Marz baiño gorago baita, hanbatenaz ere balentzia begiratu eta ohartu batek gainditzen du balentzia sukoi eta muthiri bat. Abia gaitezen beraz jakintsun egiten iharduki behar den gerla hortako xehetasun[ez]. Ez dut zer nahi lanyeri ukorik egiten, bainan uste dut, oi Idomene, lehenik behar deraukuzula xehatu heia zure gerla zuzena den; gero, noren kontra egiten duzun; eta azkenekotz zer diren zure indarrak, igurik ahal izaiteko ondorio on bat.
Idomenek ihardetsi zioen:
— Ardietsi giñduenean leihor hau, hemen ediren giñduen jendaia basa bat oihanetan zabillana, ihizitik eta zuhainek berenaz ekartzen dituzten fruituetarik bizi zena. Manduriendarrak deitzen dira. Izitu ziren gure untziak eta harmak ikustearekin eta mendietara sartu ziren. Baiñan nola gure ihiztariak tokiaren ikusteaz lehios izan baitziren eta nahi izan baitziren ihizian oreñei jarraiki, buru egiñ zuten jende basa iheskari heiekiñ. Orduan, heien buruzagiek erran zioten:
— Utzi daizkitzuegu zuentzat itsasoko bazter gozoak. Etzaizku mendi kasik eziñ ibillizko batzu baizik gelditzen. Zuzen da bederen, hautan bakean eta libro utz gaitzatzuen. Atzamaiten zaituztegu barbanakatuak eta gu baiño indar gutiagotan zabiltzatela. Gure eskuan laiteke baldin nahi bazinztegu sarraskitu eta ere zuen lagunei khendu zuen zorigaitzaren ezagutzea. Baiñan gu bezala gizonak direnen odolean ez dugu eskurik busti nahi. Zoazte eta bizia gure gizontasunari zor duzuela orhoit zaitezte. Ez dezazuela behin ere ahantz, jendaia ikustaterik gabea eta basa deitzen duzuen batenganik, begirakortasun eta bizartasuneko eskola hori izan duzuela.
Hunelatan gibelat gizon heiek kanpetara igorri izan zutenek, zer gerthatu zitzaioten lagunei erran izan zioten. Gure soldadoak subermatuak izan ziren. Ahalke zitzaioten bizia zor izatea gizon iheskari saldo bati, zeiñak iduritzen baitzizaizkoten hobeki zutela hartzen kara ezenetz gizonena. Ihizira goan ziren lehenbizikoak baiño multzo handiagoan eta zer nahi harma motarekin. Laster gerthatu zitzaizkoten jende basa hek eta akometatu zituzten. Gudua sarraskitsua izan zen. Bi aldetarik flexak airean bazoazen hala nola harria erortzen baita kalernetan elgi batetara. Gure lagunek bortxatu zituzten beren mendi xut eta [...]tara zeinetan berak ez baitziren sartzera ausartatu. Hantik laster nere aintziñera jende heiek igorri zituzten bi agude umo niri bakearen galdegitera heldu zirenak. Ekarri zeraizkidaten dohaiñ batzu: azienda basa larru batzu eta tokiko fruituetarik. Dohaiñak eman ondoan huneletan mintzatu ziren:
— Oi erregea! Idukitzen ditugu, ikusten duzun bezala, esku batean ezpata eta bertzean olibera adar bat (eta egiazki, eskuetan zituzten bata eta bertzea). Huna bakea eta huna gerla. Hautazak. Nahiago giñduke bakea. Haren amoreagatik ahalkerik gabe uzten deraukagu itsasoko bazter gozoa, zeiñetan iguzkiak lurra ontzen eta hanbat fruitu gozo ekartzen baitu. Bakea fruitu hek guziak baiño gozoagoa duk oraiño. Haren amoreagatik bildu gituk mendi gora hoietara, bethi hormaz eta elhurraz betheak direnak eta zeiñetan ez baitira behin ere ikusten ez udaberriko liliak ez eta ere udazkeneko fruituak. Higuintzetan diagu bortxa gaizkina, zeina ohorezko lehiaren eta ospearen izen ederren azpian, zoroki goaten baita bazterren desmasiatzera eta ixurtzen baitu gizonen odola, zeinak oro anaiak baitira. Baldin gezurrezko ospe hartaz ederresten bahiz, begira daiagu hura lehiatzea. Urrikari hugu, eta horrelako errabiatik begirat gaitzaten othoizten ditugu jainkoak. Baldin jakitateak, zeinetaz grekak hanbat artharekin argitzen baitira, baldiñ kortesiak, zeintaz espantu baiteraukate, ez badiote bururatzen zuzen-kontra higuingarri hori baizen, probetxu horiek ez izaiteaz sobra zorion deraukagu. Ospe deraukagu bethi tonto eta basa izaiteaz, baiñan zuzen, gizon, fiñ, diru-axolagabe, gutiz askiestera jarraiki, haiñitz behartsu den delikatasun faun hartaz arbuios. Peretxugarri zeraukunak dira, osasuna, ontuntzetan begirakortasuna, libertatea, gorputzeko eta izpirituko indarra, berthutearen amodioa, jainkoen beldurkundea, gure askazien alderako ethorki ona, gure adiskideentzat estekamendua, guzientzat fintasuna, zorionean begirakortasuna, zorigaitzean barne handia, bethi egiaren ausarki erraiteko bihotza eta lausenguaren higuintza. Horra zer jende hauzotzat eta adiskidetzat eskeintzen deraizkagun. Baldin jainkoek samurrez itsutzen bahute bakea ez eman nahi izaiteraiño, jakiñen duk, baiñan berantegi, begirakortasunez bakea maite duten gizonentzat gerlan beldurrago izaiteko dela.
Agude hek horrela mintzo zeraizkidalarik ez niñdaiten heiei begiratzeaz unha. Bizarra luze zaukaten artharik gabe, illeak laburrago baiñan xuriak, begiak erneak, bekundea eta patxada bipilak, solasa maloa eta eskuduna, moldeak lañoak eta garbiak. Arropatzat zituzten larruak lotuak zuzten sorbaldaren gaiñean, eta agertzera uzten zituzten alderdi batzu zaintsuak eta junta batzu gure athletenak baiño haziagoak. Bi mandatari hoiei ihardetsi nioten bakearen lehia nuela. Fede onez elkarrekiñ patuak egiñ giñtuen. Jainko guziak lekhuko hartu giñtuen eta gizon hoik dohaiñ batzuekiñ beren tokira igorri nituen.
Baiñan jainkoak, zeiñek nere arbasoen erresumatik kasatu bainiñduten, nere toleiatzen etziren oraiño aseak. Gure ihiztariak etzitazkeien egiñ giñduen bakeaz haiñ laster jakintsun egiñak. Buruz buru egiñ zuten egun berean jende heietarik saldo handi batekiñ, zeiñek beren mandatariak laguntzen baitzituzten kanpetarik bihurtzen zirelarik. Oldar handi batean akometatu zituzten. Parte hil zituzten, eta gaiñerakoei oihanetara jarraiki. Horra gerla berriz biztua. Jende heiek uste dute ez daiztela gehiago ez gure agiñtzei ez gure ziñei fida.
Gure kontra indar gehiago izateko, lokriendarrak, apuliendarrak, lukaniendarrak, bruziendarrak, krotoniendarrak, neritarrak, mezapiarrak eta brindarrak laguntzara deitzen dituzte. Orgato sega zorrotzdunekiñ heldu dira lukaniendarrak. Apuliendar bakotxa berak hil duen zenbait azienda basaren larruaz estalia da. Ibiltzen dituzte makhila borra batzu konkor handiz, eta burdiñ mokoz betheak. Handi dira hurran diganteak bezenbat eta heien gorputzak haiñ bortizten dira lan penhatuetan non hek ikusteak berak lazten baitu. Lokriendarrak Greziatik ethorriak dira. Ezagun dute oraiño zer iraulgitarik diren. Bertzeak baiño bihotz beratzagokoak dira, baiñan tropa greketako ordenu zorrotzarekiñ hanko jende basen indarra badute eta bizitze dorpe bati jarriak dira. Horren medioz eziñ bentzutuak dira. Zumezko erredola ariñ batzu larruz estaliak erabiltzen dituzte. Heien ezpatak luzeak dira. Bruziendarrak lazterka oreñak eta orkatzak bezain zalhuak dira. Iduri du, belharrik goxoena bera, heien oiñen azpian ez dela zapatzen. Ikusten dira bat-batean beren etsaien gaiñera jauzten eta higual agudo suntsitzen. Krotoniendarrak flexak tiratzen artexak dira. Greketarik edozeñek eziñ banda liro krotoniendarren artean ardurenik ikusten diren arkoak eta egun batez destatzen badira gure jokoetan, nausituren dira. Heien flexak bustiak dira Abernako ondoan heldu omen diren belhar batzuen urinean. Heien pozoiñak herioa ematen du. Neritakoek, Mezapiakoek eta Brindakoek ez dute bertze onik gorputzeko indarra eta balentzia antze gabeko bat baizen. Etsaia ikustearekiñ heiek zeruetaraiño egiten dituzten orroak izigarriak dira. Aski artexki erabiltzen dute habala eta babazuzak bezala airea harriz goibeltzen dute, baiñan guduan ez dute ordenurik idukitzen.
Mentor, horra zuk jakiñ nahi ziñduena. Gerlaren ithurburua eta nor diren gure etsaiak orai ezagutzen ditutzu.
Garbitasun hori egiñ ondoan, Telemakek lehen bai lehen gudura nahiz, uste zuen etzuela gehiago harmen hartzea baizen. Mentorrek geldiarazi zuen oraino, huneletan Idomeneri mintzatzen zelarik:
— Nondik heldu da lokriendarrak berak, Greziatik atharaiak, greken kontra jende basa horiekin bateratzen direla? Nondik heldu da horrenbertze kolonia greka itsas bazter huntan berean ospetan jartzen direla, zuk bezala gerlarik ihardukitzeko izan gabe? Oi Idomene! Diozu ez direla oraiño jainkoak zure toleiatzen aseak, eta nik diot etzaituztela oraiño aski argitu. Hanbat zorigaitz egarri ditutzunek, ez derautzute oraiño gerlatik begiratzeko zer egiñ behar den erakatsi. Jendaia basa haren fede onaren gaiñean zeronek erran ditutzunak aski dira erakusteko harekiñ bakean bizi ziñtakeiela, baiñan gerlarik lanjerosenak erakartzen dituzte burgoitasunak eta larderiak. Heienganik har eta heiei eman ziñetzakeien bahiak. Heien mandatariekiñ zure azpiko aiñtziñdarietarik zenbait igortzea etzitakeien nekhe, hek salburik gibelat bihurrarazteko. Gerla hori berrituz geroztik, eztiarazi behar ziñtukeien heiei erakutsiz akometatuak izan zirela, adiskidantzazko patuak ziñen azpian egiñak zirela jakiñ gabez. Behar zitzaioten nahi zituzten segurtasun guziak eskeiñi eta gaztigu garratzak manatu patuari huts egiñen zuten zure azpikoen kontra. Baiñan zer gerthatu da gerla hasiz geroztik?
Idomenek ihardetsi zioen:
— Uste izan nuen gure buruak apaldu gabe ez giñztakeiela jendaia basa haren ondotik ibil zeiñak herresakan bildu baitzituzten gerlako on zituzten gizon guziak eta zeiñek laguntzara othoiztu baitzituzten hauzoetako jendaia guziak eta heiei nabarmen eta higuin eragin giñduten. Iduritu zitzaudan biderik hoberena zela berehala hartzea mendietan iragangia gaizki zaiñduak ziren batzu. Hartu izan giñtuen erraxki eta horrela jarri gira jendaia basa hura nahi dugun bezala toleiatzeko heinetan. Han altxarazi ditut dorre batzu, zeiñen barnetik gure soldadoek flexez xahuturen baitituzte mendietarik gure lurretara ethor laizteken etsai guziak. Heien lurretan nahi dugunean sar gainteke eta heien herri berezienak desmasia. Horren medioz, indar gutiagorekiñ gure inguruan diren etsaiezko oste eziñ kondatu hari buru egiteko heiñetan gare. Gaiñerakoan, bakea heien eta gure artean haiñitz nekhos bilhakatu da. Dorre hek eziñ utz ditzoketegu heien gaixtakerien menturari jarri gabe, eta heiek begiratzen diote heien gathibu eragiteko nahi ditugun zitadela batzuei bezala.
Idomenei Mentorrek huneletan ihardetsi zioen:
— Errege zuhur bat zare eta nahi duzu eztitasunik batere gabe erakuts dezazuten egia. Hura ikus beldur diren, etzira gizon flux heien pare, beren buruen ganbiatzeko bihotzik ez izanez, hutsegiñen gogortzeko baizen ez baitu beren eskudantzia erabiltzen. Jakiñezazu, beraz. Eskola miragarri bat eman derautzu jendaia basa hark zuri bakearen galdegitera ethorri denean. Apaltasunez galdegiten ote zautzun? Bihotz edo indar eskasetan ote zen zure kontra? Ikusten duzu segur ezetz, haiñ gerlaria denaz geroz eta lagun duen hanbat hauzo, zeiñetaz beldur izaiteko baita. Zertako etziñen haren begirakortasunari segitzen? Baiñan ahalke gaixto batek eta balenorioak ezarri zituzte zorigaitz hortan. Beldur ziñen utz etsaiari larderia sobra hartzera eta etziñen beldur utz hura indar sobretan sartzera, egitate burgoi eta zuzenkontrako batez zure kontra hanbat jendaia billaraziz. Zertako dira hanbat espantutan derauzkatzun dorre hek ezenetz zure hauzo guziak bortxatzeko berak galtzera edo zeroni galaraztera beren buruak gathibutasun laster batetarik begiratzeagatik? Dorre hek segurean jartzeko baizen ez dituzu altxatu eta dorre heien medioz zare horren lanjer handitan.
Erresuma batetako murraillarik segurena da zuzentasuna, begirakortasuna, fede ona eta heien lurrez gaizki jabetzeko gai etzarelako deskantsua. Aiñtziñatik ikus ez daizten asko estrapuz eror daizte murraillarik hazkarrenak. Zoria partsu eta mudakor da gerlan, baiñan zure auzoen zure alderako amodioaren eta siñestearen medioz, zure begirakortasuna ezagutu dutenean, zure erresuma ez daite bentzu eta ez da kasik behin ere akometatua. Hauzo gaixtagiñ batez akometatua balitz ere, bertze guziek zure begiratzean beren ona lukete eta zure alde harmak har letzakete. Hanbat jendaien laguntzak, zeiñek beren egiazko ona atzaman bailezakete zureari indar ematean, haiñitz botheretsuago eragiñen ziñtuen ezenetz zure ondikoak ezin sendatuak eragiten dituzten dorre heiek. Hastetik gogoan izan baziñdu hauzoen bekaizgoa zureganik urruntzea, zure hiri berria dohatsuzko bake batean ospetan jarriko zen eta Hezperia guziko jaun izanen ziñen.
Baiñan orai asma dezagun xoilki heia nola iraganak senda ditazkeien ethorkizunaz.
Erraiten hari zinaizkidan itsas hegi huntan asko kolonia greka bazirela. Zure laguntzera ekharriak izan behar dira. Ez dituzkete ahantzi ez Minozen izen handia, Jupiterren semea, ez zure nekheak Troieseko sethioan, zeiñtan zure burua handizki eta hanbat aldiz erakutsi baitziñuen prinze greken artean, Grezia guziko makur hartan. Zertako etzira kolonia hek zure alde jarraraztera bermatzen?
Idomenek ihardetsi zioen:
— Nihoren alde ez jartzeko xedea hartu dute, ez nere laguntzera ekarriak bezala ez direlakotz. Baiñan hiri hunek hastetik ekarri izan duen distira handiegiak izitu ditu. Grekek, bertzeak bezaiñ ongi, heien libertatearen gaiñean zerbait xede bagiñduela beldurrak hartu izan ditu. Uste izan dute mendietako basak zebatu ondoan, urrunago helduren giñduela gure lehia. Hitz batez, oro gure kontra dira. Gerla ageri bat ez deraukutenek ere, gure apaltzea nahi dute eta bekaizgoak adiskide bat ez derauku uzten.
Mentorrek erran zuen:
— Oi eziñ bertzezko hestura! Sobra botheredun agertu nahiz, zure botherea ezeztatzen duzu eta noiz eta ere kanpoan baitzare zure hauzoen lotsaduraren eta aiherkundearen suieta, barnean zure burua akhitzen duzu horrelako gerlari buru egiteko bermadura premia direnetan. Oi Idomene dohakabea eta bi aldiz dohakabea, zorigaitzak berak erdizka baizen eziñ argitu duena! Bigarren eroriko baten beharretan izanen ote zare bada, ikastekotzat aiñtziñetik ikusten erregerik handienei dixidu egiten diotzaten gaitzak? Utz nezazu egitera eta xoilki xehetasunean erradaizkitzu zurekiñ patu hartu nahi ez duten hiri grekak.
Idomenek ihardetsi zioen:
— Hiri hetarik buruzagiena Taranta da. Badu hirur urte Falantek haren asentuak jarri zituela. Bildu izan zituen Lakonian gizon gazte multzu handi bat Troiesko gerla denboran beren senharrak kanpoan zituzten emaztetarik sortuak. Senharrak gibelat itzuli zirenean, emazteek heien eztiarazteko beren hutsak ukhatu zituzten. Ezkontzaz kanpo sortu zen gazteria handi hura, gehiago ez ezagutzenetz ez aitarik ez amarik, barraiadura handi batean bizi izan zen. Legeen garraztasunak heien nahasmenduak gaztigatu zituen. Bildu izan ziren Falantaren azpira, buruzagi ausartatua, bihotzoia, egarria, eta bere amarruez bihotzen irabazten dakiena. Ethorri da itsas hegi huntara lakoniar gazte heiekiñ eta egiñ izan du Tarantaz bigarren Lazedemonia bat. Bertze alde batetik Filoktetek, zeiñak haiñ ospe handi bat irabazi baitzuen Troiesko sethiora Herkulen flexak ekartzean, hauzo huntan altxatu du Petilia. Egia erraiteko, hiri hori ez da hain hazkarra nola Taranta, baiñan zuhurkiago manatua da. Badugu oraiño hurbil huntan Metapontako hiria, Neztor zuhurrak asentatua bere piliendarrekiñ.
Mentorrek erran zioen orduan:
— Zer, Hezperian duzu Neztor eta ez duzu jakiñ hura zure alde jarrarazten! Neztor, zeiñak hanbat aldiz ikusi izan baitzaitu troiestarren kontra guduan eta zeiñarekiñ adiskide baitziñen!
Idomenek ihardetsi zioen:
— Galdu izan dut haren adiskidantza jendaia haren amarruaz, zeiñek ez baitute basarik deusere izena baizen. Aski antze izan du Neztorri siñetsarazteko Hezperia guzia nere eskudantziaren azpian ezarri nahi nuela.
Mentorrek erran zuen:
— Egiaz argituren dugu. Telemakek ikusi izan zuen Pilozen, hiri berri horren altxatzera ethortzeko aiñtziñean, eta Ulizen bilha gure piaia handi horietan abiatu giñen baiño lehen. Ez duke oraiño Ulize handia ahantzi, ez eta ere Telemake haren semeari erakutsi zioen amodioa. Baiñan lehenbiziko gauza da haren mesfidantza haustea. Zure hauzo guziei eman diozuten gibelbeldurtasunak biztu [du] gerla hau eta gibelbeldurtasun ezdeus hek ohilduz gerla hau itho daiteke. Oraiño diot berriz, utz nezazu egitera.
Solas horiekiñ batean Idomenek besarkatzen zuen Mentor. Bihotza hausten zitzaioen eta etzaikeien mintza. Noizbait, nekhez athara zituen solas hauk:
— Oi agude umoa, nere hutsen ezeztatzeko jainkoek igorria! Aithortzen dut zu bezaiñ garbiki nornahi mintzatu izan balitzait nere oldarra jauzaraziko zerautala. Aithortzen dut ez dela zu baizik ni bakearen ondotik ibillaraziko nauenik. Leher egiteko edo nere etsai guzien bentzutzeko xedea hartu nuen, baiñan zure umotasuna ezenetz nere lehia, zuzenago da siñestea. Oi zorionezko Telemake, behin ere ni bezala eziñ errebelaturen ahal zarena, holako aiñtziñekoa duzunaz geroz! Mentor, zu zare nausi. Jainkoen zuhurtzia guzia zure baithan da. Minerbak berak ez liro bide salbagarriagorik agert. Zoazi, agiñtzazu, egizu, emazu nik ditudan guziak. Idomenek onhetsiren ditu zuk egiñen ditutzun guziak.
Solas horietan zaudelarik, bet-betan, orgatoak, zaldi irrintziñak, gizon orroa izigarri batzu eta airea soiñu gerlari batez ihardetsarazten zuten turutek egiten zuten harramantz ikaragarri bat entzuten da. Alde guzietarik jendea oihuz abiatzen da. Horra etsaia! Inguru handi bat egiñ du zaiñduak diren iragangiak hutsegiteko. Horra non diren Zalantaren sethiatzera heldu direla! Gizon zaharrek eta emaztekiek iduri zuten laztuak, ziotelarik:
— Oi zorigaitza! Zertako utzi behar giñduen gure sorleku maitea, Kreta aberatsa, eta haiñbertze itsasoen erditik errege dohakabe bati jarraiki, altxatzeagatik hiri baten asentuak, zeiña, Troiesen pare, herraustua izanen baita!
Murru berrien gaiñetik elgi zabalean, ageri ziren etsaien kaskak, kuirazak eta erredolak iguzkira distiratzen. Lantzak xutuak ageri ziren lurra estaltzen zutela, hala nola estaltzen baitu sasoiñ nasai batek Zizilian, Ennako elgian, Zerezek udako beroetan handiarazten duena, laborariari beren nekhe guzien saria emaiteko amoreagatik. Jadanik begiek berezten zituzten orgatoak sega zorrotzez harmatuak, eta erraxki seiñale ziren gerla hartara ethorri jendaia bakotxa.
Mentor, dorre gora baten gaiñera igan zen guziak hobeki ikusteagatik. Idomene eta Telemake hurbildanik jarraiki zitzaizkon. Haren gaiñera igan bezaiñ laster ikusi zuten alde batetik Filoktete eta bertzetik Neztor bere seme Piziztratekiñ. Neztor bere adiñ ahalkezunetik errax zen ezagutzen.
— Zer bada! —oihu egiñ zuen Mentorrek—. Uste izan duzu, oi Idomene, Filokteteri eta Neztorri aski zitzaiotela zuri laguntzarik ez ematea! Horra non diren zure kontra harmak hartu dituztela! eta iduritzen zaudana egia baliñ bada, bertze tropa horiek, haiñ ordenu ederrean eta haiñ astiki heldu direnak, Falantak manatzen dituen lazedemoniar tropak dira. Guziak zure kontra dira. Ez da itsas hegi huntan zeronek nahi gabez zure buruari etsai jarrarazi ez duzun hauzo bat.
Solas horiek erraitearekiñ batean, Mentor berehala jausten da dorretik. Etsaiak hurbiltzen hari ziren hiriko athelada batetara badoha, zabalarazten du, eta Idomene, balditua zer handiratasunekiñ egiten dituen gauza hek, ez da ausartatzen ere galdegitera zer den haren xedea. Mentorrek eskuaz keiñu egiten du nehor ez dakion jarraik. Badoha etsaien alderat, zeiñak harrituak gelditu baitziren ikusteaz gizon bakhar bat heien aiñtziñera ethortzen. Bake seiñaletzat erakutsi zioten olibera adar bat, eta bozaren menera heldu zenean, galdegiñ zuen aiñtziñdari guziak bil ziteziñ. Aiñtziñdariak berehala bildu ziren eta huneletan mintzatu zitzaien:
— Oi gizon bizarrak, Hezperia aberatsean ospetan dauden hanbat jendaietarik bilduak, badakit libertatearen intres beraz hunat ethorriak zaretela. Zuen kharrari laudorio ematen diot, baiñan onetsazue erakuts dezadazuedan libertatearen eta zuen azpiko guzien ozpearen begiratzeko bidea gizonaren odolik ixuri gabe. Oi Neztor, Neztor umoa, bilku huntan ikusten dudana. Jakintsun zare gerla zeiñ ondikozkoa den, zuzentasunean eta jainkoen laguntzaren azpian egiten dutenentzat berentzat! Gerla da jainkoek gizonei ematen dioten gaitzik handiena. Grekek Troies dohakabearen aiñtziñean hamar urthez zenbat egarri duten behin ere ez duzu ahantziren. Zer makurrak aiñtziñdarien artean! Zer zoriaren parrak! Zer sarraskia greketan Hektorren eskuz! Zer ondikoak hiri bothorosen guzietan, gerlak ixuriak, hanko erregeaz haiñ luzez urrunduak zaudelarik! Gibelakoan batzuek Kafaren kost-egiñ dute. Bertzeek zorigaitzezko herio bat atzaman dute beren emazten beren aldean. Oi jainkoak! Zuen oldarrean harmatu ziñtuzten grekak gerla aipatu hartara goateko. Oi hezperiendarrak! Jainkoak othoizten ditut behin ere ez derautzutela haiñ ondikozko garhaizia eman. Egia da, Troies herraustua da, baiñan grekentzat oraiño hobe laite bere ospe guzian balitz eta Paris bihotzgabea deskantsuan goza baledi oraiño bere amore tzarrez Elenarekiñ. Oi Filoktete haiñ luzez dohakabe eta Lemnozeko irlan utzia, etzareia beldur gisa bereko gerlan gisa bereko ondikoak berriz kausi? Badakit lakoniarrek ere frogatu dituztela nahasturak, troiestarren kontra goan ziren printzeen, bertze aiñtziñdarien eta soldadoen haiñ luzez urruntzea zela medio. Oi grekak Hezperiarat iragan zaretenak! Troieseko gerlak ixuri zituen zorigaitzen ondorioz baizen etzarete hunat iragan.
Horrela mintzatu ondoan, Mentor hurbildu zen piliendarretara eta Neztor ere, zeinak ezagutu baitzuen, hurbildu zitzaioen agur egiteko. Erran zioen:
— Oi Mentor! Ongi atsegiñekin berriz ikusten zaitut. Asko urthe dira lehenbiziko aldikotzat Fozidan ikusi ziñtudala. Hamabortz urte baizik etziñtuen eta ordudanik ezagutu nuen ondoan izan zaren bezain zuhur izanen ziñela. Baiñan zer gerthakuntzaz ethorri zare toki hautara? Zer bide ematen deraukuzu gerla hunen akhabatzeko? Bortxatu gaitu Idomenek haren akometatzera. Ez giñduen bakea baizik galdegiten. Gutarik bat bederak intres miñ bat giñduen bakea nahi izaiteko, baiñan ez giñezakeien gehiago haren baithan fidantziarik batere ediren. Bere lehenbiziko hauzoei eman zioizkiten hitz guziak hautsi ditu. Bakea ez laite harekiñ bakea. Gure arteko patuen ezeztatzera zerbitza lakioke. Patu hek dira gure salbatzeko bide bakarra. Guziak gathibutasunean ezartzeko xede lehiatsua erakutsi izan du guziei eta gure libertatearen begiratzeko bertze biderik ez derauku utzi, haren erresuma berriaren herrausteko bermatzean baizen. Haren fede gaixtoa dela medio, bortxatuak gare edo leher egitera edo harenganik gathibutasuna errezibitzera. Baldiñ zerbait bide edireiten baduzu hari fida ahal izaiteko eta bake on batez segurtatzeko, hemen ikusten dituzun gizon guziek gogotik utziren dituzte harmak eta bozkariorekiñ aithorturen dugu zuhurtasunez gainditzen gaituzula.
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Oi Neztor zuhurra, badakizu Ulizek bere seme Telemake eskuetan ezarri zeraudala. Gizon gazte hura, bere aitaren dohamenak lehen bai lehen ezagutu nahiz zure baithan, Pilozen iragan zen eta errezibitu ziñduen aitaren adiskide ziñ batenganik igurik ahal daizten arta guziekiñ. Zure semea eman ere ziñioien laguntzat. Abiatu zituen gero piaia luze batzu itsasoaren gaiñean. Ikusi ditu Zizilia, Egiptoa, Ziprako irla eta Kretakoa. Haizeek, edo hobeki erraiteko, jainkoek igorri dute itsas bazter huntara Itakara itzuli nahi zuelarik. Hunat heldu izan gira arras heiñ onean zuei gerla gaixto batetako ondikoetarik begiratzeko. Ez da gehiago Idomene, Ulize zuhurraren semea da. Ni naiz zuei emanak izanen zaizkitzuen hitzez ihardesten dudana.
Huneletan Mentor tropa guzien erdian Neztorrekiñ mintzo zelarik, Idomene eta Telemake kretoar guziekiñ harmetan, heiei begira zauden Zalantako murruen gaiñetik. Atzarriak zauden
ezagutzeko heia Mentorren solasak errezibituak izanen ziren, eta entzun nahi zuketeien bi agude zahar heien solasak. Greziako erregetarik, Neztor bethi iragan zen guzietarik argituenarentzat eta mintzatzeko dohaiñik handiena zuenarentzat. Troieseko sethioan hark eztitzen zituen Achile jauzkorraren oldarra, Agamenonen urgulua, Ajakzen burgoitasuna eta Diomeden bihotz sukoia. Haren ahotik eztizko ithurri baten pare jausten zen gizonei gauzen siñetsarazteko antze gozoa. Haren boza zen bakarrik gizon handi heien guzien artean entzuna. Hark ahoa ideki bezain laster, guziak ixiltzen ziren eta etzen hura baizen kanpetan eztiaraz zezakeienik makur basa. Zahartasun hotzaren gaitzak hautemaiten abiatzen zen, baiñan oraiño haren solasa eztitasunez eta indarrez bethea zen. Gauza iraganak kondatzen zituen, gazteria berak ikusi zituenez argitzeko, baiñan graziarekiñ kondatzen zituen nahiz astiki kon[datu]. Grezia guziaz ederretsia zen agude zahar hark iduri zuen bere mintzatzeko dohaiñ guzia eta bere ahalkezuntasun guzia galdu zuela Mentor haren aiñtziñera agertu zen bezain sarri. Haren adiñak iduri zuen hitsa eta eroria Mentorrenaren aldean, zeiñaren baithan urtheek ez baitzuten iduri ukitzera menturatu zirela haren bizkortasunari eta haren osagarri hazkarrari. Mentorren solasak, nahiz umoa eta lañoa, bazuen atzartasun bat eta larderia bat bertzeari eskasten abiatua. Haren erran guziak laburrak, garbiak eta zaiñhartak ziren. Etzuen behin ere errepikarik. Trenkatu behar zen egitekoarentzat premia ziren solasak baizik etzituen behin ere atharatzen. Baldiñ bortxatua bazen behiñ baiño gehiagotan solas bera aipatzera, hura buruetan sarrarazteko edo norbait siñestetan jarrazteko, bethi egiñen zuen molde berri batean eta konparantza garbi batzuetan. Bazuen ere ez dakit zer atsegiñik eta arrairik bertzeen beharren heiñera jautsi nahi zuenean eta zenbait egia buruan sarrarazi nahi ziotenean.
Noiz-eta-ere Zalantaren kontra patu hartu zuten guziak, bat bertzearen gaiñera igaiten baitziren hek hurbilagodanik ikusteko, eta heien solas zuhurrak entzun nahiz, Idomene eta haren lagun guziak, begiak harmaturik, ezagutzera destatzen ziren heia zer erran nahi zuten heien kheiñuek eta begitarteko itxurak.
|
|