|
HAMEKAGARREN LIBURUA
Bizkitartean Telemake, eziñ egonez, ixilik atharatzen da haren inguruan dagoen jende ostetik egiten du Mentor athara zen athelada berera. Buruiopez zabalarazten du. Idomenek, ustez oraiño bere aldean zuela, harritzen da fite hura elgiaren erdian egiten ikusirik eta jadanik Neztorren ondoan. Neztorrek ezagutzen du eta berehala abiatzen da, baiñan urhats dorpe eta tonto batean, haren errezibitzera goatera. Telemakek jauzi egiten du haren lepora eta besoetan tinkatua derauka solasik egiñ gabe. Noizbait oihu egiten du:
— Oi nere aita! Ez naiz zuri izen horren emaitea beldur. Nere egiazko aita eziñ atzemaiteko zorigaitzak eta niri egiñ deraiztatzun ongiek, haiñ izen maitea zuri emaiteko eskua uzten derautade. Nere aita! Nere aita maitea! Berriz ikusten zaitut! Oxala horrela ikusiren ahal dut Ulize! Baldin hartaz gabetua izaiteko bihotzmiña deusek nere baithan goza ahal baleza, hura laite zutan edireitea bertze Ulize bat.
Solas horien gaiñean Neztorrek eziñ iduki zituen nigarrak. Atsegiñ ixil batez ukitua izan zen ikustearekiñ Telemaki, mathelak behera, grazia ederretsgarri batekiñ jausten zitzaizkon nigar punpuilak. Haiñbertze tropa etsaien artetik konturik gabe iragan zen arrotz ezagutzen etzuten haren edertasunak, eztitasunak eta deskantsu ederrak, gizon hek guziak harritu zituzten. Elkarren artean erraiten zuten:
— Ez ote da Neztorri mintzatzera ethorri den agude horren semea? Bai, duda gabe, umotasun bera da biziko bi adiñik desbardiñenetan. Bataren baithan, loratzen baizik ez da oraiño; bertzearen baithan, nasaiki ekartzen ditu fruiturik ontuenak.
Mentorrek atsegiñekin ikusi zuen zer amodiorekiñ Neztorrek errezibitu zuen Telemake eta abiadura on hartaz baliatu zen. Erran zuen:
— Huna non den Ulizen semea, Grezia guziak haiñ maite duena eta zeronek, oi Neztor umoa, haiñ maite duzuna! Huna bahitzat eta Idomenen agiñtzen herresa baliosena bezala ematen derautzuna. Segurki siñesten ahal duzue ez nukeela nahi aitaren galtzapenak ondoretzat izan lezan semearena, eta Penelopa dohakabeak Mentorri iroi egiñ ahal lezon haren semea Zalantako errege berriaren lehia tzarrari sakrifikatu duela. Bahi, berenaz bere buruaren eskeintzera ethorri den hunekiñ eta jainkoen bakea maite dutenek igorri derautzuten hunekiñ, abiatzen naiz, oi jendaia hanbat tokitarik bilduak, abiatzen nerautzu bethi iraun behar duen bake segur batetako patuen eskeiñtzen.
Bake solas hortan, haro handi bat lerrotik lerrora guzietan hedatu zen. Jendaia berez hek guziak irakiten ziren eta gudua luzatzen zioten asti guzia galdutzat idukitzen zuten. Iduritzen zitzaioten solas hek guziak etzirela egiñak heien oldarra histera uzteko baizen eta heien aztaparretarik etsaiari eskapatzeko astia emateko baizen. Manduriendarrek bereziki, eziñ bertzez jasaiten zuten Idomenek heien berriz enganatzeko peskiza izan zezan. Asko aldiz nahi izan zioten Mentorri hitza trenkatu, ezen beldur ziren haren solas zuhurtziaz betheek, heien adiskideak heienganik partiaraz zitzaten. Bilkuman ziren grek guzieñtzat beldurkundetan sartzen hasi ziren. Mentor hortaz ohartu zen eta beldurkunde horren handitzera berehala destatu zen, jendaia heien guzien artean nahasmendua ezartzeagatik. Erraiten zuen:
— Aitortzen dut, manduriendarrek arranguratzeko badutela eta egarri dituzten bidegabeen alderat zerbait galdegiñ dezaketela, baiñan ez da zuzen ere, itsaso huntako bazterretan egonleku berriak altxatzen dituzten grekak, tokiko jendaia zaharrari higuiñ eta nabarmenduak geldi ditezen. Aitzitik, grekek elkarren artean batasunean egon behar dute eta bertzei beren buruak ongi ikusarazi. Xoilki behar dute begiratuak izan eta ez behin ere abiatu beren hauzoen lurrez zuzen kontra jabetzerat. Badakit Idomenek bere burua nabarmentzera uzteko dohakabetasuna izan duela, baiñan zuen beldurkunde guziak garditzea errax da. Telemakek eta nik gure buruak bahi eskeiñtzen ditugu Idomeneren xede onaz ihardesteko. Zuen eskuetan egonen gare agiñduak izanen zaizkitzuen gauzak osoki betheak izan arteo. Oi manduriendarrak, zuek kexatzen zaituztena da —[...]— Kretoarrak oharkabean nausitu zaizkitzuen zuen mendietako athekez eta holetan jarri diren, zuek nahi eta ez, berek nahi duten aldi guziez sartzeko heinean lurretan, zeiñetara gibelat egiñ baituzue heiei itsas hegiko zelhaiak uzteagatik. Atheka hek, zeiñak kretarrek estali baitituzte dorre soldadoz bethe batzuez, dira beraz, gerla huntako egiazko hastapena. Ihardetsazue niri, bada oraiño bertzerik?
Orduan, manduriendarren buruzagia aiñtziñatu zen eta huneletan miñtzatu:
—- Zer ez dugu egin gerla huni ihes egiteagatik! Jainkoak lekuko ditugu nola bakea hautsi ez dugun, kretoar eziñ sasiatuak diren horien medioz bakea eziñ bertzea izan denean baizen, eta noiz eta ere heien agiñtzetako siñestea galtzera bortxatu baikaituzte. Oi jendaia zoroa, zeinak gure nahikunde guzien kontra bortxatu baikaitu haren kontra desesparazionezko xede baten hartzeko premiatasun izigarrira eta hura galduz baizik gure buruak gehiago eziñ begiratzera! Atheka hek idukitzen dituzteno, usteko dugu gure lurrez jabetu nahi dutela eta gerorri gathibutasunean ezarri. Baldiñ egia balitz beren hauzoekiñ bakean egoteko xedea baizik ez dutela, askietsiak laizte gogo onez utzi diotegunaz eta ez lituzkete iduki nahi iragangiak toki batzuetara zeiñak gathibutasunean ezartzeko xederik ez balute. Baiñan ez ditutzu ezagutzen, oi agude zuhurra. Zorigaitz handi batez ikasi izan dugu heien ezagutzen. Oi gizon jainkoez maitatua, ez dezazula gehiago gibelamendurik eman gerla zuzen eta premia bati, zeiña gabe Hezperiak ez baitu zeren usten izan bake onik. Oi jendaia esker gabea, enganatzaile eta krudela, zeiña jainkoek samurturik igorri izan baitute guregana gure bakea asaldatzeagatik eta gu gure hutsez gaztiatzeagatik! Baiñan, oi jainkoak, gu gaztigatu ondoan gutaz mendekio atharako duzue. Etzarete gutiago zuzenak izanen gure etsaien kontra nola gure kontra.
Solas horien ondotik irakiduran jarri zen bilkuma guzia. Iduri zuen Marz eta Belona lerrotik lerrora zabiltzala bihotz guzietan bizten gerlako sua, zeiña Mentorrek bere egiñ ahalaz itho nahi baitzuen. Solasa berriz huneletan hartu zuen:
— Ez baliñ banu agiñtzarik baizen zuei egiteko, zuen baithan laiteke hetan ez fidatzea, baiñan gauza gertuak eta orai berekoak eskeiñtzen deraizkitzuet. Bahitzat Telemake eta ni ez baliñ bagira aski, emanaraziko daizkitzuet kretoar aitoren seme lehenbizikoetarik eta balentenetarik hamabi. Zuen aldetik ere zuzen da eman detzatzuen bahiak, ezen Idomenek bakea nahi duelarik, nahi du beldurrik gabe eta apaldu gabe. Bakea nahi du, zerorrek diozuenaren arabera zuhurtziaz eta begirakortasunez, baiñan ez bizi nagi bat dela medio eta gizonak mehatxatzen dituzten lanjeren beldurrez. Hiltzera edo bentzutzera higual abian da, baiñan bakea nahiago du ezen garhaiziarik ospetsuena. Bentzutua izaiteko beldurkundeaz ahalketua laite, baiñan zuzenaren kontra ibiltzeaz beldur da, eta ez da ahalke bere hutsen zuzentzea nahi izaiteaz. Harmak eskuan, bakea eskeiñtzen derautzu. Ez ditu larderiarekiñ patuak berak eman nahi, ezen ez derauka bortxazko bake batez konturik idukitzen. Guziak askiesten dituen bake bat nahi du, bekaizgo guziak geldiarazten dituena, herra guziak ixiltzen, eta beldurkunde guziak ezeztatzen. Hitz batez, Idomeneren xedeak dira hek berak, zeinak segur bainaiz ikusi nahi ziñtuzketela haren baitan. Ez da lanik gauza hori zuen baitan sarraraztea baizen. Siñetsaraztea ez da gaitz izanen gogo libro eta deskantsu batekiñ nahi baliñ banauzue entzun.
Entzunazazue beraz, oi gizon bihotzez betheak, eta zuek, oi aiñtziñdariak, zuhurziaz eta batasunez hain betheak. Entzunatzue zer eskeiñtzen derautzuetan Idomeneren partez. Ez da zuzen sar ahal dadien bere hauzoen lurretan. Ez da zuzen ere haren hauzoak sar ahal ditezen harenetan. Iragangiak dorre goraz hazkartuak, ez bataren ez bertzearen alde diren tropez zainduak izaitea onhesten du. Zu Neztor eta zu Filoktete, sortzez grekak zarete, baiñan aldi huntan Idomeneren kontra altxatu zarete. Hartakotz, sobera haren alde izan zaitezten ez da beldur izaiteko. Zuek hunkitzen zaituztena da Hezperian guzien bakearen eta libertatearen alderdia. Gerla bitzarazten duten iragangia heien idukitzailleak eta zaiñak zerorrek izan zaitezte. Ez dagoka gutiago zuen onari Hezperiako jendaia zaharrek desegiñ ez dezaten Zalanta, greken hiri berria eta altxatu dituzuenen iduria, ezen Idomene bere hauzoen lurrez bortxaz nausi ez dadien. Batzuen eta bertzen artean balentza idukazue. Maitatu behar ziñduketen jendaia baten erdira gerla ekar bidean, juye eta konpuntzaile izaiteko ospea hautazazue. Erranen derautazue patu horiek sentagallazkoak iduri lakizkitzuela seguratzen ahal baliñ baziñtazkete Idomenek xede on batekiñ betheko dituela, baiñan zuen askiestera noha.
Bi aldetako segurtasunarentzat aiñtziñean nik aipatu bahiak izanen dira, iragangia guziak zuen eskuetara utzi arteo. Noiz eta ere Hezperia guziko ethorkizuna, Zalantakoa eta Idomenerena zuen eskuetan izanen baitira, askietsiak izanen ote zarete? Gerozgoiti norentzat izanen ahal duzue gibelbeldurrik? Zerorren buruaz ote? Etzarete Idomeneri fidatzera ausartatzen eta Idomene haiñ guti da zuen enganatzeko gai non zuei fidatu nahi da. Bai, fidatu nahi deraizkitzue bere eta bere azpiko guzien deskantsua, bizia eta libertatea. Bake on bat baizen ez baliñ baduzue egiazki nahi, horra non heldu zatzuen aiñtziñera eta gibelat egiteko estakuru guziak khentzen deraizkitzuen. Oraiño behiñ, zuei eskeiñtza horien egitera beldurrak Idomene erakartzen duela etzaiteztela alha. Zuhurtziak eta zuzentasunak hortara erakartzen du kexatu gabe heia flakiari eratxikitzen duzuen prestutasunez egiten duen gauza. Hastetik hutsak egiñ ditu eta ospe derauka hek ezagutzea egiten deraizkitzuen eskeiñtzez. Emetasuna da, balenorioa da, bere onaren haiñ guti ezagutzea da, bere hutsak gorde ahal uste izaitea, agerritzean hetan gogortzea burgoiki eta larderiaz. Zeiñak ere bere etsaiari bere hutsak aitortzen baititu eta heien ezeztatzea eskeiñtzen baitu, haiñak haletan erakusten du ez dela gehiago erortzeko gai, eta etsaiak zer nahi denen beldur izaiteko duela haiñ gobernu zuhur eta sendotik, baldiñ ez badu bakea egiten. Begira duzuela etzetzaten zuen aldian hutsean ezar. Baldiñ ez baituzue bakea eta zuzentasuna zuei heldu direnak entzuten, bakea eta zuzentasuna aspertuak izanen dira. Idomenek jainkoak bere kontra samur kausitu behar bidean, bere alde eta zuen kontra bihurraraziren ditu. Telemake eta ni zuzenaren alde altxaturen gare. Zeruetako eta ifernuetako jainko guziak orai egiñ deraizkitzueten eskeiñtza zuzenez lekuko hartzen ditut.
Hitz horiek erraitearekiñ, Mentorrek besoa altxatu zuen hanbat jendaiari erakusteko oliberaren adarra, zeiña haren eskuetan baitzen bakezko seiñalea. Hurbildanik begiratzen zioten aiñtziñdariak miretsiak eta zoratuak izan ziren haren begietan dirdiratzen zuen su jainkozkoaz. Agertu izan zen handiratasun eta eskudantzia batekiñ, gizonen arteko handienen baitan ikusten dena baiño gaihenagoak. Solas ezti eta larderiadun heien atsegiñak airatzen zituen bihotzak. Iduri zuten solas xarmadun hek, zoinek bet-betan, gabazko ixiltasun handienean, trikarazten baitituzte Olinparen erdian ilhargia eta izarrak, maltsarazten baitute itsaso samurra, haizeak eta uhinak ixilarazten eta hibai bortitzenen ra baratzen.
Mentor zen jendaia samur heien guzien erdian hala nola Bakuz tigrez inguratua zenean, zeiñek beren odol egarria ahantzirik, haren boz eztiaren indarraz ethortzen baitziren haren oinen milikatzera eta maltsoki haren eskupera. Hastean oro armadan ixil-ixila gelditu ziren. Aiñtziñdariak elkarri begira zauden, gizon hari eziñ ihardukiz eta beren baithan eziñ endelgatuz nor ote zitakeien hura. Tropa guziak geldi-geldia zauden eta begiak haren gaiñean. Nihor etzaitekeien solas baten egitera ausarta, izan zezan beldurrez oraiño zerbait erraiteko eta etzediñ izan entzuna. Nahiz etzuten edireiten harek erran zuenei deusik emendatzeko, haren solasak laburrak iduritu zitzaizkoten eta atsegiñ zuketen gehiago miñtzatu izan balitz. Haren erran guziak gelditzen ziren bernuzatuak bezala guzien bihotzetan. Miñtzo zenean bere burua maitharazten eta siñetsarazten zuen. Bat bedera lehian zegoen eta luzatua, haren ahotik atharatzen ziren demendren solasak ez galtzerat uzteko.
Azkenekotz apur handi bat guziak ixilik egon ondoan, emeki emeki haro ilhun bat orotara hedatu izan zen. Etzen lehen bezala jendeak beren erretsapioko irakiduran egiten duten biahorezko haro haren pare. Aitzitik barbara ezti fagorezko bat zen. Ordutik begitartetan ageri zen ez dakit zer deskantsuzko eta eztitarik. Manduriendarrak, haiñ gaizkuratuak zirenak, berek hautematen zituzten harmak eskuetarik erortzen zitzaizkotela. Falanta basa bere Lazedemondiarrez, harritua zegoen bere errai burdiñazko hek ukituak hautemaiteaz. Bertzeak, erakusten zioten zorionezko bake haren minez jarri ziren. Filoktetek, bere aiñtziñeko dohakabetasunen medioz, bihotza beraztua zuen. Begietarik eziñ iduki zuen nigarra. Neztorrek, solas heiek eman zioten erhoduran, maiteki besoetan tinkatu zuen Mentor, hitz bat egiñ ahal gabe, eta jendaia hek guziak, elkar adituak izan balira bezala, batean oihuz abiatu ziren:
— Oi agude zuhurra! Harma eskuetarik khentzen daikuzu! Bakea! Bakea!
Apur baten buruan, Neztorrek miñtzatu nahi izan zuen, baiñan tropa guziak khexaduran, zerbait traba eman zezan beldurrez, oraiño berriz oihuz abiatu ziren: «Bakea! Bakea!». Neztorrek, ikusirik solas segitu baten ematera etzutela utziko, erran zuen xoilki:
— Ikusten duzu oi Mentor, zer egiñ diron behar den bezalako gizon baten solasak. Prestutasuna eta zuhurtzia miñtzo direnean, hisia guziak ematzen dituzte. Gure samurgo zuzena mudatzen da amodiotan eta bake iraunkor baten gutizian. Zuk eskeiñtzen deraukuzun bezala hartzen dugu. Haiñbertzenarekiñ, aiñtziñdari guziek onhesmendutan besoak hedatu zituzten.
Mentorrek egiñ zuen hiriko atheladara, zabalarazteko eta Idomeneri gaztiatzeko guardiarik gabe athara zediñ Zalantatik. Bizkitartean Neztorrek besarkatzen zuen Telemake erraten zuelarik:
— Oi grek guzietarik zuhurrenaren seme maitagarria! Oxala hura bezaiñ zuhurra eta hura baiño dohatsuago izan baziñtedi! Haren dohamenetarik jakiñ duzuia deusere? Zure aitaren eite baduzu eta haren orhoitzapena zerbitzatu izan da gure erretsapioaren hiltzen.
Falanta, nahiz bihotz gogorrekoa eta basa, eta nahiz etzuen egundaiño Ulize ikusi, etzen hartako gutiago aita semeen zorigaitzez ukitua izan. Jadanik Telemakeri ondotik zarraizkon erran zetzan bere gertakuntzak noiz-eta-ere Mentor bihurtu baitzen Idomenerekiñ, eta ondotik jarraiki zitzaioen kretoar gazteria guziarekiñ.
Idomene ikusi zutenean, bertzeek hauteman zuten beren samurgoa berriz altxatzen, baiñan Mentorren solasek itho zuten biztera zihoan su hura. Erran zuen:
— Zertako luzaturen dugu patu saindu hunen zerratzea, zeiñaren lekuko eta begiratzaille izanen baitira jainkoak? Asper dezatela baldiñ gaixtagiñik behin ere ausartatzen baliñ bada hunen haustera eta gerlako ondiko izigarriak, urrun jendaia hogengabeak eta zuzenki daudenak zebatzetik, eror ditzala gizon lehiatsu, fede gaixto, aborrigarrien buruaren gaiñera, zeinak ostikatuko baititu patu hunen zuzen sakratuak. Jainkoez eta gizonez gaitzetsia izan dadiela. Bere fede gaixtotik ez dezala behin ere onik goza. Ifernuko fuliak, mustrarik izigarrienen azpian, ethor ditezela haren errabiaren eta desesparazionearen zihitatzera. Hil hotza eror dadiela ehortzia izaiteko peskizarik gabe. Haren gorputza sakhurren eta saien alha izan dadiela, eta izan dadiela ifernuetan, Tartaroko leze beltzean, Tantala, Ikzion eta Danaidak baiño izigarrikiago toleiatua. Baiñan hobeki bake hau izan dadiela zerua egartzen duen Atlas mendiko harri kotorrak bezala eziñ khordokatua. Jendaia guziek ederrets dezatela eta haren ondorioak mendetik mendera goza detzatela. Bake hunen gaiñean ziñ egiten dutenen izenak amodio eta errespeturekiñ izan ditezela gure azken illobasoen ahoetan. Bake hau zuzentasunaren eta fede onaren gaiñean asentatua, lurreko jendaia guzientzat ethorkizunean modelatzat zerbitza dadiela, eta elkargana bilduz dohatsu beren buruak eragiñ nahi dituzten guziek, Hezperiakoek bezala egiñ dezatela!
Hitz horien gaiñean, Idomenek eta bertze erregek bakeaz ziñ egiten dute erran diren patuen azpian. Alde bakotxetik ematen dituzte hamabi bahi. Telemakek nahi du izan Idomenek ematen dituen bahietarik bat, baiñan ez daite onhets Mentor heietan izan dadien, zeren partzuerek nahi baitute Idomeneren aldean geldi dadien haren egitateez eta haren kontseilarienez ihardets dezan amoreagatik, hitzeman gauzak ongi bethe arteo. Imolatuak izan ziren hiriaren eta etsaien armadaren artean, ehun miga elhurra bezaiñ xuriak eta bertze haiñbertze zezen karantza berekoak, zeiñen adarrak urheztatuak baitziren eta lorez aihendatuak. Hurbileko mendietaraiño entzuten zen marrauza sakratuaren azpian erortzen ziren bitimen orro itsusia ihardesten. Libazionetan ausarki ixurtzen zuten arnorik hoberena. Aztiek ikartzen zituzten bitimen erraiak oraiño pilpiratzen zirenak. Sakrifikatzailleek aldareen gaiñean erretzen zuten isentsu bat zeiñaren usaiñ goxoa berduratzen baitzen elgi guzian. Bizkitartean, bi alderdietako soldadoak, ixterbegiak utzirik, abiatzen ziren beren gerthakuntzen elkarri erraiten. Jadanik beren nekhetarik pausu hartzen zuten eta aiñtziñera gozatzen zituzten bakearen onak. Idomenerekiñ Troieseko sethioan izan ziren zenbaitek ezagutu zituzten Neztorrenak, gerla berean gudukatu zirenak. Amodioz elkar besarkatzen zuten eta batak bertzeari erraiten zer gertatu zitzaioten herrautsiz geroztik hiri super, Asia guziko edergaillu hura. Ordukotz abiatuak ziren etzaten sorropiletan, liliz koroatzen eta elkarrekiñ edaten untzi handi batzuetan hiritik ekartzen zuten arnoa haiñ egun zorionezkoaren bestetan.
Mentor xutitzen da, bilduak erregeei eta aiñtziñdariei erraiten diote:
— Egundanik, asko izen eta asko buruzagien azpian ez duzue gehiago populu bat baizik egiñen. Huneletan, jainko zuzenek, zeiñek gizonak berek egiñak maite baitituzte, izan nahi dute heien bake onaren bethierezko lokarria. Gizonaren mota guzia ez da familia bat baizen, lur guziaren gaiñean hedatua. Jendaia guziak anaiak dira eta haletan elkar maitatu behar dute. Zorigaitz gaixtagiñ hekiei, zeiñek ospe krudel bat bilhatzen baitute beren anaien odolean, zeiña beren odola baita!
Egia da aldi batzuez gerla premia dela, baiñan gizonkiaren ahalkea da bertze aldi batzuez gerla eziñ bertzea dela. Oi erregeak, ez dezazuela erran ospearen biltzeko haren gutizia behar dela! Ziñezko ospea ez da gizontasunetik kanpo edireiten. Zeinak ere bere ospea maiteago baitu gizonkiaren amodioa baiño, haiña urguluzko mustra bat da eta ez gizon bat. Ez da ere gezurrezko ospe batetara baizen helduko, ezen egiazkoa begikortasunean eta ontasunean baizik ez da edireiten. Lausengu eman dezokete haren balenorio erhoaren askiesteko, baiñan hartaz ziñean aipatu nahiko dutenean, bethi erranen dute ixilka: «Ospea gutiago izan du merezi, zenbatenaz ere zuzen kontrako lehiaz gutiziatu izan baita. Ez dute gizonek harentzat prezamendurik behar, balenorio gaizkiñ bat dela medio heien odola nolanahi erabilli duenaz geroztik. Dohatsu erregea bere azpikoak maite dituena eta hetaz maitatua dena; bere hauzoetan fidatzen dena eta heien fidantzia duena; zeinak urrun heiei gerla ematetik, beren artean izaitetik trabatzen dituena, eta zeinak bertze jendaia arrotz guziak bekaizgoan ezartzen baititu haren azpikoek hura errege izaiteko duten zorionaz!
Oi zuek, Hezperiako hiri botheretsuen manatzailleak, orhoit zaitezte beraz noizetik noizera elkargana biltzeaz. Egizue hirur urtetarik hirur urtetara guzien bilguma bat, zeiñetara ethorriren baitira orai hemen diren errege guziak ziñ berri batez patu hunen berritzera, fiñkatzera hitzartu adiskidetasuna eta guzien onaren gaiñean patu egitera. Batasunean egoten zaitezteno, herri eder hauetan izanen duzue bakea, ospea eta nasaizia. Kanpoan bethi izanen zarete eziñ bentzutuak. Ez da makhurra baizik, ifernutik gizon zoroen toleiatzeko atharaia, jainkoek eskuperatzen derautzuten zoriona nahas dezakeienik.
Neztorrek ihardetsi zioen:
— Ikusten duzu, bakea egiten dugun errextasunetik, zeiñ urrunduak garen gerla nahi izaitetik ospe balenoriatsu bat dela medio, edo gure hauzoen bidegabetan irabazi nahi izaiteko tirria zuzen kontrakoarengatik. Baiñan zer uste duzu egiñ ditakela gertatzen denean prinze muthiri baten hauzoan, zeiñak ez baitu bere ona baizen beste legerik ezagutzen eta zeiñak ez baitu bertzeen lurrez jabetzeko suerterik huts egiten? Ez dezazula uste izan Idomenez aipu dutala. Ez, ez dut gehiago hartaz horrelako beldurrik. Miñtzo naiz Adraztaz, doniendarren erregeaz, zeiñarenganik ororen beldur izaiteko baitugu. Jainkoak eskarniatzen ditu eta uste du lurraren gaiñeko gizon guziak ez direla sortuak beren gathibutasunaz haren ospeari zerbitzatzeko baizen. Ez du nahi azpikorik zeiñen erregea eta aita izanen baita. Gathibuak eta adoratzailleak nahi ditu. Jainkoei zor zaizkoten ohoreak bere buruari bihurrarazten ditu. Orai arteko zori itsu batek lagundu izan ditu haren egitate zuzen kontrakoenak. Lehen bai lehen egiñ giñduen Zalantaren akometatzera, behiñ zebatzeagatik gure etsairik errexena, zeiña oraino doi-doia jartzen baizik itsas hegi huntan ez baitzen abiatu, gero bihurtzeagatik gure harmak bertze etsai indar handiagodun horren kontra. Jadanik gure adiskidei zenbait hiri hartu diotzate. Krotonakoak bi gudutan bentzutuak izan dira. Bere lehiaren askiesteko bide guziak onak zaizko. Bortxa edo amarrua, oro higual zaizko lehertzen ahal baditu bere etsaiak. Dirutze handiak bildu ditu. Haren tropak ikasiak eta gerlarituak dira. Haren azpiko buruzagiak jakiñak dira. Ongi zerbitzatua da. Berak begia idukitzen diote haren manuak bethetzen dituzten guziei. Huts ttipienak garrazki gaztigatzen ditu eta frangoki sariztatzen egiten diotzaten zerbitzuak. Haren balentziak fiñkatzen eta sustatzen du haren tropa guziena. Itzalik gabeko errege bat laite baldiñ zuzentasunak eta fede onak bidatzen balitu haren egintzak. Baiñan ez du ez jainkoen, ez bere barneko harraren beldurrik. Omena bera ez deusentzat derauka. Izpiritu xinpleak baizen izitu behar ez dituen mamu batentzat hartzen du. Ez derauka on segur eta ziñezko batentzat, aberastasun handiak izaiteko ona baizik, larderia emaitekoa eta bere oiñetan gizonkiaren mota guziak ostikatzekoa. Laster haren armada agertuko da gure lurretan eta hanbat jendaien batasunak ez balin bagaitu hari buru egiteko heiñetan ezartzen, ez dugu libertatearen peskizarik izanen. Idomenen onak gureak bezaiñ ongi galdegiten du hauzo hari bihurtzea, zeiñak bere hauzoen deus librorik eziñ paira baitezake. Garhaituak izan bagiñtedi, Zalanta gure zorigaitz beraz dixidatua laite. Laster egiñ dezagun beraz guziak batean hari aiñtziñtzera.
Neztor huneletan mintzo zelarik hurrantzen hari ziren hirira, ezen gauaren iragaiteko han sartzeaz Idomenek othoiztu zituen errege eta aiñtziñdari gehien guziak.
|
|