www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Telemake
Jean Pierre Duvoisin
(c. 1833)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Telemake: Ulizeren semearen gertakuntzak, François de Salignac de la Mothe Fénelon / Jean Pierre Duvoisin (Eli Kruzetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1997

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN LIBURUA

 

        Ordu berean zaharrak oihan sakratutik ilkitzen dira. Trenkadura jakin nahiz, jadanik populua khexatua zagoen. Buruzagiak eskutik hartzen nau, eta prezioa eman dudala banatzen dio. Hura mintzatu bezain laster oste guzia harramantz handi batean jarri zen. Guziak irrintzinaz eta oihuz abiatu ziren. Itsas bazterrak eta inguruetako mendi guziek ihardetsi zuten oihu hau: «Ulizen semea, Minozen iduria, kretoarren gainean erregina dadiela!».

        Apur bat iguriki nuen, eta eskuz keinuka hari nintzen entzun nintzaten amoreagatik. Bitartean Mentorrek beharrira erraiten zeraudan:

        — Zure sor-lekuari arnegu egin gogo diozu? Erreginatzeko lehiak ahantzaraziren ote deraitzu Penelopa, zeinak bere azken peskiza bezala igurikitzen baitzaitu eta Ulize handia, jainkoek bihurtu gogo zerautzutena?

        Solas horiek bihotzeraino sartu zeraizkidan eta erreginatzeko lehia zoroari ihardukarazi zerautadaten.

        Bizkitartean bilku biahoretsu hura ixiltasun handi batean jarri zen eta eman zeraudan hunela mintzatzeko bidea:

        — Oi kretoar ospetsuak! Ez dut nik merezi zuen manatzea. Orai erreberritu duten Apolonen erranak irakasten du Minozen ondoregoa erreginatzetik geldituren dela, irla huntara arrotz bat ethortzen denean, errege zuhur haren legeak erreginaraziren dituenak. Ez da ordean errana arrotz hura erreginaturen dela. Nahi dut sinetsi ni naizela Apolonek aipatu arrotza. Haren errana bethe dut. Irla huntara ethorri naiz. Legeen egiazko xedea asmatu dut eta ongi nahi nuke nik eman dudan argia, hautatuko duzuen gizonarekin heien erreginaraztera zerbitza baledi. Nitaz den bezenbatean, Kretako ehun hiriak baino, erresuma eder huntako aberastasuna baino, nahiago dut nere sor-lekua, Itaka ttipi eta erromesa. Othoi, utz nezazue nere dohamenari jarraikitzera. Zuen jokoetan gudukatu balin banaiz, etzen hemen erreginatzeko irritsean, bainan bai zuen peretxuaren eta zuen urrikalmenduaren merezitzea gatik, eta nere sor-lekura bihurtzeko ahalak zuenganik ardiesteagatik. Nahiago dut Ulize nere aitaren eskupean bizi eta Penelopa nere amaren gozagarri izan, ezenetz lurreko jendaia guzien gainean erreginatu. Oi kretoarrak! Ikusten duzue nere bihotzaren erdia. Utzi behar zaituztet, bainan herioak bakarrik iraungiko du nere ezagutza. Bai, azken hatseraino Telemakek maitaturen ditu kretoarrak, eta heien omenari ber-bereari bezain ontsa begiraturen dio.

        Ni mintzatu bezain lazter, bilkuan altxatu zen haro-burrunba bat, kalernetan itsasoko uhinek elkar joitea egiten duten bezalakoa. Batzuek erraiten zuten:

        — Jainko bat ote da gizon itxuraren azpian?

        Bertze batzuek ihardukitzen zioten bertze tokitan ikusi nindutela, eta ezagutzen nindutela. Zonbaitek oihu egiten zuten:

        — Hemen erreginatzera bortxatu behar da!

        Azkenean hartu nuen berriz solasa, eta bakotxa lehiarik ixildu zen, ez jakinez heian hartuko ote nuen behin nahi izan ez nuena. Huna zer erran nioten:

        — Oi kretoarrak! Etzaitzuela gaitzi nik gogoan dudana erraitea. Populu guzietarik zuhurrenak zarete, bainan zuhurtziak, nere iduriz, galdegiten du ohartzen etzaitzuen kontu bat. Hautatu behar duzue ez legeen gainean umokienik mintzo den gizona, bainan hek berthute iraunkorrenarekin begiratzen dituena. Ni gazte naiz, eta beraz deus guti ikusia, lehien oldarrari paratua, eta orai manatzeko baino, hein hobean manamenduaren azpian argituz, ondoan nerorrek manatzeko. Ez dezazuela beraz gizon bat bilha, bertzeak gorputzeko eta izpirituko mainetan garhaitu dituena, bainan bai bere burua bentzutu duena. Bilha zazue beraz gizon bat zuen legeak bihotzaren erdian iskribatuak derauzkana eta lege hek bizi guzian begiratu dituena. Bere egintzen gatik hautazazue etez bere elheen gatik.

        Zahar guziak nere solasez hartuak zauden, eta ikusirik bilkuaren laudoriozko oihuak geroago eta gorago zoazela, erran zerautaden:

        — Gure baitan zure erreinuaren ikusteko peskizarik jainkoek uzten ez deraukutenaz geroz, lagun gaitzazu bedere errege baten edireiten, zoinak gure legeak erreginaraziren baititu. Behar den begirakortasun harekin manatzeko gai den norbait ezagutzen duzu?

        Kuxean ihardetsi nioten:

        — Ezagutzen dut gizon bat zoiñaren ganik idukitzen baititut nere baitan prezatu ditutzuen gauza guziak. Haren zuhurtzia mintzatu da etez nerea. Ihardetsi ditudan gauza guziak hunek nere baitan ibeniak ziren.

        Ordu berean, eskutik naukalarik Mentor, bilkuari erakusten nioen eta guzien begiak hunen gaiñera bihurtu ziren. Erraiten nuen zonbat arta izan zuen nere haurtasunaz, zonbat hesturetarik athara ninduen eta hunen erranei jarraiki ez niñtzen ordu beretik zonbat ondiko erori ziren nere gaiñera.

        Hastean etzen behatua izan bere arropa arront eta lañoak gatik, bere egoiteko molde begiratua gatik, bere kasik kontinoko ixiltasuna gatik eta bere begitarte hotz eta begiratua gatik. Baiñan ez dakit zer bihotzoirik eta goihenik agertu zitzaioten hunen begitartean, kontuz begiratu ziotenean. Ohartu ziren hunen begietako bizitasunari eta zer bipiltasunekin egiten zituen gauzarik ttipienak. Asko galde egiñ ziotzaten. Guziak espantiturik gelditu ziren. Errege egiteko xedea hartu zuten. Bere burua deskantsuki aitzakiatu zuen. Erran zioten, bizitze arrontera baten gozoak nahigo zituela, ezenetz erreiñuko distiadura. Erregerik hoberenak dohakabe zirela zeren kasik behin ere etziroten egiñ nahi luketen ongia, bai ordean, ardura, lausengatzaileen enganioz, nahi ez luketen gaizkia. Erran zuen oraino baldin gathibutasuna arbuiagarri bazen, erregetasuna etzela gutiago, gathibutasun itxuraz ukatu bat zenaz geroz.        

        — Errege denean —zioen—, manamenduen ihardukaraztekotzat behar diren gizon guzien menjorian izaiten da. Dohatsuak manatzera bortxatuak ez direnak! Gure sor-lekuari baizen ez diogu zor, manamendua eskuetan emaiten deraukunean, gure libertatearen sakrifizioa, gero guzien onari destatzeko amoreagatik.

        Orduan Kretoarrek, beren harriduratik ezin atharaz, zer gizon hautatu behar zuten galdegin zioten.

        — Gizon bat —ihardetsi zuen—, ongi ezagutzen zaituztena, manatu behar zaituztenaz geroz, eta zuen manatzeko beldur dena. Erregetasunaren lehia lukeienak, zer den ez daki, eta hartako eginbideak nondik bethako ditu, ez dituenaz geroz ezagutzen? Hark bere gatik bilhatzen du, eta zuek, zuen amoreagatik baizen harturen ez duena nahi behar zindukeie.

        Kretoarrak ezin gehiago harritu ziren ikusteaz bi arrotz nahi etzutenak erregetasuna bertze hanbatek bilhatzen dutena. Norekin ethorri ginen nahi izan zuten jakin. Nozikratek, portutik haraino lagundu gaintuenak, Azael erakutsi zioten, zeinarekin Zipratik ethorri izan baikinen. Bainan heien harridura etzen gutiagoa izan, jakin zutenean Mentor Azaelen gathibu izana zela. Azaelek bere gathibuaren zuhurtziaz eta prestutasunaz ukiturik, bere kontseilari eta bere adiskiderik hoberena egin zuela. Gathibu libratu hura bera zela erregetasuna nahikatu etzuena, eta Azael, Damas Ziriakotik etorria zela Minozen legeez argitzeagatik, hain zen haren bihotza zuhurtasunaren amodioz bethea.

        Zaharrek Azaeli erran zioten:

        — Gure manamendua har dezazun ez gara zure othoiztera menturatzen, ezen Mentorren gogo berak dituzula iduritzen zerauku. Gizonentzat sobra arbuio dukezu heien manatzera jarri nahi izaitekotzat. Bertzalde aberastasunez eta erregetasuneko distiaduraz axola gutiegi dukezu distiadura hura erosi nahi izaitekotzat populuen manamenduak dakarken endresuez.

        Azaelek ihardetsi zuen:

        — Ez dezazuela usten izan, oi kretoarrak, gizonak arbuiagarrri zeraizkidala. Ez, ez. Heien on eta dohatsu eragitera destatzean badakit zenbat handiratasun den. Bainan hainitz nekhe eta ateka lan hortan bada. Horri darraion distiadura ez da zina eta izpiritu zoroak baizen ez ditzake lilura. Bizia laburra da. Handiratasunek sasia diroten baino gehiago kilikatzendituzte lehiak. Hain urrundik ethorri naiz itxurazko ontasun hetaz iragaiten ikastera, etez heien bilha. Adios. Nere xede guzia bizi deskantsu eta urrundu batera itzultzekoa da, zeinetan zuhurtziak nere bihotza mantena dezan eta zeinetan prestutasunak hil ondoan bertze bizi hobe batetako emaiten dituen peskizek, zahartzeko nahigabeak goza deitzadaten. Baldin zerbait nahi izaitekorik banu, ez laite errege izaitea, bainan ikusten dituzuen bi gizon hauetarik behin ere ez partitzea laite.

        Azkenean, kretoarrek, Mentorri mintzo zirelarik, oihu egin zuten:

        — Oi gizonetarik zuhurrena eta handiena, errazaguzu bada nor hauta dezakegun erregetzat. Zer hautu egin behar dugun erakutsi gabe, etzaituztegu abiatzera utziren.

        Ihardetsi zioten:

        — Bertze ikusle guzien erdian nintzelarik, gizon bati ohartu naiz, zoinak surik batere erakusten ez baitzuen. Adineko gizon bat da, oraino aski bizkorra. Galdegin dut heia nor zen gizon hura. Aristodeme deitzen dela ihardetsi derautade. Gero entzun dut erraiten ziotela bere bi semeak gudularietan zituela. Hartaz atseginik batere bazuela ez du agertu. Erran du batarentzat erregetasuneko lanjerak ez dituela lehiatzen, eta sobra duela maite bere sorlekua bertzea erregina dedin behin ere onhestekotzat. Solas horietarik ezagutu dut aita hark amodio zuhur batez maite duela bere ume prestua eta bertzeari ez diola bere barraiaduretan lausengurik emaiten. Nere jakin-nahia tirriatuz, galdegin dut zer izan den gizon zahar haren bizia. Zuen herritar batek ihardetsi deraut:

        — Harmak luzez ekarri izan ditu eta sarraskiduren uspelez estalia da. Bainan bere berthute zinak eta lausenguen etsaiak, Idomenei kexagarri eragin zioten. Hartakotz etzen errege hura Troiesko sethioan huntaz zerbitzatu. Beldur izan zen gizon batentzat, zoinaren erran zuhurrei jarraikitzera ezin bortxaturen baitzuen bere burua. Bekaizti ere izan zen gizon hunek laster eraikaraziren zuen ospeaz. Hunen zerbitzu guziak ahantzirik hemen utzi izan zuen behar, eta aberastasunentzat baizen prezamendurik ez duten gizon bihotz eta ikustate gabeen arbuiagarri. Bainan, boz bere behartasunean, bere alhorra bere eskuz laboratuz, irlako leku apart batean bizi da. Bere semetarik bat berekin lanean hari du. Elkar amodio min batez maite dute, zorionean bizi dira. Beren zuhurtasunaren eta lanaren medioz bizitze arront batean premia diren gauza guzien nasaizian jarri dira. Agude prestuak bere eta bere semearen beharren sobrakinak hauzoko eriei emaiten diotzate. Gazteak lanean harrarazten ditu. Argitzen ditu eta kontseiluz laguntzen. Hauzoko makur guzien juie da. Mainada guzien aita da. Berearenaren zorigaitza du, bigarren seme bat izaitea aitaren erranei jarraiki nahi izan ez dena. Aitak, ahalaz onera bihurrarazi nahiz luzez jasan ondoan, azkenean etxetik khendu du. Anbizione zoro bati eta atsegin guziei barraiatu da.

        Oi kretoarrak, horra zer erran izan zeraudan. Heian egia denetz badakikezue. Bainan gizon hori erraiten duten bezalakoa balin bada, zerentzat egin jokoak? Hunenbat arrotz zerentzat bilaraz? Zuen artean baduzue gizon bat ezagutzen zaituztena eta ezagutzen duzuena, gerla dakiena, bere bihotza erakutsi duena ez bakarrik etsaien kontra, bainan oraino behartasun izigarriaren kontra. Lausenguen medioz biltzen diren aberastasunak arbuiatu dituena, lana maite duena, jende xehearentzat laborantza zein balios den dakiena. Urguluzko edergailuak higuin dituena. Bere haurren amodio itsu batez bere burua beratzera uzten ez duena. Baten prestutasuna maite duena eta bertzearen tzartasuna arbuiatzen. Hitz batez, gizon bat jadanik populuaren aita dena. Horra zuen erregea, Minoz zuhurraren legeak zuen gainean erreginarazi nahi ditutzuela egia balin bada.

        Guziek oihu egin zuten:

        — Egia da, Ariztodeme, zuk erraiten duzun bezalakoa da. Hura da gure errege izaitea merezi duena.

        Zaharrek deitarazi zuten. Bilhatua izan zen ostean, zeinaren erdian jende xehearekin nahasia baitzagoen. Deskantsu agertu zen. Errege egiten zutela erran zioten. Ihardetsi zuen:

        — Zuen eskeintza ez dirot hirur paturen azpian baizik onhets. Lehenbizikoa da, bi urteen buruan erregetasuna utziren dudala baldin ez bazaituztet zareten baino hobeak eragiten eta legeei bihurtzen balin bazarete. Bigarrena da, nere bizitze laño eta arrontari jarraikitzea libro izanen naizela. Hirugarrena da, nere haurrek herronkarik izanen ez duten, eta ni hil ondoan, bertzeak bezala, beren merezimenduaren arabera higualtasunean idukiak izanen diren.

        Hitz horien gainean, etzen alde guzietarik irrintzinarik baizen. Legezainen buruzagiak Ariztodemen buruan ezarri zuen koroa. Sakrifizioak eginak izan ziren Jupiterri eta bertze jainko handi guziei. Ariztodemek egin zauzkun emaitza batzu, ez erregeek laket duten ospearekin, bainan lañotasun noble batekin. Azaeli eman ziotzan Minozen legeak, Minozen beraren eskuz iskribatuak. Eman ere zioen Kretako ixtorioa Saturnen eta urrezko mendetik hasten zena. Ezarrarazi zituen haren untzian fruitu mota guzietarik, zoinak Kretan onak baitira eta Zirian ez baitira ezagutuak, eta behar izan ahal zetzazkeien laguntza guziak eskeini ziotzan.

        Nola lehen bai lehen abiatzera baginauden, untzi bat arrimarazi zeraukun saker on eta gizon harmatu saihera hazkar batekin. Han guretzat arropak eta bizigarriak ezarrarazi zituen. Ordu berean Itakara goateko haize on bat altxatu zen. Nola haize hura Azaelentzat kontrakoa baitzen, igurikitzea bortxatua izan zen. Abiatzen ikusi gintuen, behin ere berriz ikusi behar etzituen adiskide batzu bezala besarkatu gaintuen.

        — Jainkoak —zioen—, zuzenak dira. Adiskidantza bat ikusten dute prestutasunaren gainean asentatua ez dena. Egun batez elkargana bilduren gaituzte eta gure arimak gehiago ez partitzeko elkarganatzen ikusiren dituzte baratze dohatsu heiek, zoinetan, diotenaz, prestuak, hil ondoan, bethiereko bake batez gozatzen baitira. Oxala nere hautsak zuenekin bilduak ahal balitezi! Hitz horriek erraitearekin nigarretan zagoen eta hasperenek mintzoa ithotzen zioten. Ez ginduen hark baino nigar gutiago egiten eta untzira lagundu gaintuen.

        Ariztodemek erran zeraukun:

        — Zuek egin nauzue errege, zer irriskuetan ezarri nauzuen orhoit zaitezte. Jainkoei galdegiozue egiazko zuhurtzia ibent dezadaten eta begirakortasunez bertze gizonei gaihen natzaioten eskudantziaz gaihentzen natzaioten bezala. Nitaz den bezenbatean, zuen sor-lekura zorionean bida zaitzaten othoizten ditut, zuen etsaien ozartasuna konfondiaraz dezaten eta han erakuts dezazuten Ulize, bakearen erdian, bere Penelopa maitearekin erreginatzen. Telemake, untzi on bat emaiten derautzut sakerez eta gizon harmatuz bethea. Zure ama toleiatzen duten gaixtaginen kontra zerbitzaturen ahal zeraizkitzu. Oi Mentor! Zure zuhurtziak deusen beharrik ez du, eta ez deraut zure aldera deusere lehiarazten. Zoazte biak, elkarrekin bizi zaitezte, orhoit zaitezte Ariztodemez, eta egun batez itakarrek kretoarren behar ordurik izaiten badute, nere azken hatseraino kondazazue nere gainean. Besarkatu gaintuen eta eskerrak bihurtzean, nigarrak ezin iduki gintuen.

        Bizkitartean gure belak hanpatzen zituen haizeak piaia nahi bezalako bat agintzen zeraukun. Jadanik Idako mendia gure begietan goihen baten pare zen. Itsas hegiak suntsitzen ziren. Peloponezako bazterrek iduri zuten itsasoan heldu zirela gure aintzinera etortzeko bezala. Bet-betan, pesia beltz batek zerua inguratu zuen eta itsasoko uhinak samurrarazi. Eguna gau bilhakatu zen eta herioa aintzinera jarri zitzaukun. (...) Gure lema idukitzailea asaldatua, oihuz abiatu zen, harkadietara muthiriki bulkatzen gaintuzten haizeei ezin iharduk ziola. Haize buelta batek gure masta kraskatu zuen eta apur baten buruan, harkadien muturretan urratzen entzun ginduen gure untziaren zola.

        Ura alde guzietarik sartzen da, untzia hondatzen hari da, gure saker guziak heiagoraz daude zerura. Besarkatzen dut Mentor, eta erraiten diot:

        — Huna herioa, bihotzoiki hartu behar dugu. Egun galaraztekotzat baizen, ez gaituzte jainkoek hanbat hesturetarik athara. Hil gaitezen, Mentor, hil gaitezen. Alfer lizate gure biziak pesiaren kontra begiratu nahi izaitea.

        Mentorrek ihardetsi zeraudan:

        — Bethi zerbait gider atzamaiten du egiazko bihotzoitasunak. Ez da aski heriotzeari deskantsuz begiratzea. Haren beldur izan gabe, haren urruntzeko egin ahal guziez bermatu behar da. Har dezagun biek saker alki luze horietarik bat. Noiz-eta ere gizon izipera eta asaldatu multzu hori biziaren dolamenetan baitago, haren begiratzera destatu gabe, guk gurearen atharatzeko astirik gal ez dezagun.

        Berehala haizkora bat hartzen du, arras ebakitzen du masta, zeina lehenago kraskatua itsasora makurtua baitzagoen eta untzia saihetsaren gainera ezarri baitzuen. Untzitik bulkatzen du eta bera uhin muthirien erdira jausten da. Deitzen nau nere izenaz eta hari jarraikitzea esportzatzen nau. Hala nola haize guziek batean akometatzen dute zuhañ bat eta higitu gabe badago bere erro barrenen gaiñean, hostoak baizen pesiak inharauz ez detzaken bezala, higual Mentor ez xoilki bihotzdun eta kordokatu gabea, baiñan ezti eta deskantsu iduri zuen, haizeei eta itsasoari manatzen zuela. Jarraikitzen natzaio. Eta nor egonen ahal zen jarriki gabe, hark esportsatuz geroztik?

        Masta igeri zagoen haren gaiñean gerorrek gure burua eramaiten dugu. Guretzat laguntza handi bat zen, ezik gaiñean jar giñaiztekeien eta laster iraungiak izanen ziren gure indarrak, gelditu gabe, bethi igerikatu behar izan baliñbagindu. Baiñan zur handi hura pesiak maiz itzulikatzen zuen eta itsasoan pulunpatuak gelditzen giñen. Orduan ur gazia iresten ginduen, zeiña ahotik, sudurretik eta beharrietarik baitzariogokun eta mastaren gaiñera berriz igaiteko uhiñen kontra gudukatzera bortxatuak giñen. Aldi batzuez ere tiraiñ handi bat, mendia bezaiñ gora, gure gaiñetik iragaitera heldu zen eta tinki egoiten giñen, beldurrez kordoka muthiri hartan gal giñezan masta, gure azken peskiza.

        Hestura izigarri hartan giñelarik, Mentorrek orai zohizko jar-leku hortan den bezaiñ deskantsu erraiten zeraudan:

        — Uste ote duzu Telemake, zure bizia haizeen eta uhiñen gogara utzia dela? Uste ote duzu jainkoen manamendua gabe, galaraz ahal zezaketela? Ez, ez. Jainkoek trenkatzen dituzte gauza guziak. Beraz, jainkoen beldur izan behar da etez itsasoaren. Hondarren zolan ere baziña, Jupiterren eskuak handik athara ahal ziñtzazke. Baziña ere Olinparen gaiñean eta izarrak oiñen azpian, Jupiterrek honda ahal ziñtzazke lezeen zolan edo bulka Tartaro beltzeko su lamen erdira.

        Solas miresgarri horiek entzuten nituen eta apur bat sosegatzen niñduten. Baiñan ez nuen ihardesteko izpiritua aski libroa. Ez niñduen ikusten, eta nik ere ez nezaken hura ikus. Gau guzia hotzez daldaran eta erdi hilak iragan giñduen, pesiak nora bulkatzen gaiñtuen jakiñ gabe. Azkenean haizeak eztitzen abiatu ziren eta itsasoak orroaz iduri zuen norbait luzez samur egona eta bere hisiaz unhaturik, asaldu eta irakidura hondar bat baizik ez duena. Burrunba ilhun bat bazagokan eta haren uhiñak etziren kasik lur iraulietako hildoak baiño gehiago.

        Bizkitartean argizkorria ethorri zen iguzkiari zeruetako athalaien idekitzera eta egun eder bat agiñdu zuen. Iguzki aldea oro sutan zen eta izarrak haiñ luzez gordeak egon zirenak agertu ziren eta ihes egiñ zuten Febuz ethortzearekin. Urrundanik lurra ikusi giñduen eta haizeak haren gana hurbiltzen gaiñtuen. Hauteman nuen orduan peskiza berriz sortzen nere bihotzean. Baiñan gure lagunetarik bati ere ez giñen ohartu. Iduriaren arabera, bihotza ttipitu zitzaien eta pesiak untziarekin guziak hondatu zituen. Lurrari hurbildu giñenean, itsasoak bulkatzen gaiñtuen porroskatuko gaiñtuzten harkadi mutur batzuetara, baiñan ahalaz, mastaren burua erakusten ginioten. Mentorrek masta hura erabiltzen zuen pilotu umo batek lemarik hoberena erabiltzen duen bezala. Haletan huts egiñ giñtuen gerenda izigarri hek eta noizbait bazter bat eztia eta zelhaia ediren giñduen. Orduan erraxki igerikatuz, legarrean leihorra hartu giñduen. Han ikusi gaiñtuzun, irla huntan egoten zaren oi jainkosa handia. Han nahi izan gaiñtuzun errezibitu.

 

SEIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA

 

aurrekoa hurrengoa