|
ZORTZIGARREN LIBURUA
Adoam horrela mintzatu ondoan, Telemakek feniziendar harek kondatu zioen ixtoriaren atsegiñez, eta oraiño gehiago hark, bere zorigaitzean ematen ziotzan amodiozko seiñaleez, xitezki besarkatu zuen. Gero Adoamek galdegiñ zioen heia zer gerthakuntzaz jauki izan zen Kalipzoren irlara. Telemakek, bere aldian, kondatu ziotzan nola abiatu izan zen Tirretik; nola iragan izan zen Zipren; nola berriz Mentor atzaman izan zuen; zer piaia egin izan
zuten Kretan; hango jokoak errege baten hautamenekotzat, Idomenek ihes egiñ ondoan; (...) nola kost-egiñ izan zuten; zer atsegiñekin Kalipzok errezibitu izan zituen (...) eta nola Mentorrek bere adiskidea itsasora bulkatu izan zuen feniziendar untzia agertu zen bezaiñ laster.
Solas horiek egiñ ondoan, Adoamek zerbitzarazi zuen bazkari handi bat eta bozkario gehiago erakusteagatik, orduan goza zezazketen atsegiñ guziak billarazi zituen. Feniziendar gazte batzu, xuriz bezti eta lorez khoroatuak ziren mahaiñeko zerbitzari. Ordu berean erretzen zituzten Orianteko baltsamu usaiñik goxoenekoak. Xirula joilez beteak ziren sakheren alki guziak. Akitoazek noiztenka trikarazten zituen kantua arrabitarekiñ batean emanez, zeiñek merezi baitzuten entzunak izatea jainkoen mahaiñean eta zoratzea Apolonen beraren beharria. Tritonak, Nereidak, Neptunen azpiko jainko guziak, itsasoko arraiñik ikharagarrienak ere, obeta hartaz ederretsiak, beren egoitza busti eta barrenetarik atharatzen ziren untziaren ingurura multzoka ethortzeko. Feniziendar gizon gazte propi andana batek, ille fiñ, elhurra baiño xuriagoko arropetan, denbora luzez eman izan zituzten beren aldetako dantzak, gero Egiptokoak eta azkenik Greziakoak. Noizetik noizera turuta batzuek itsasoa bere hegi urrunetaraiño ihardetsarazten zuten. Gauazko ixiltasunak, itsasoaren emetasunak, ilhargiaren argi ikharazkoak uraren gaiñean hedatua, zeru zohar batek, zeiñetarik dirdiratzen baitzuten izar argiek, haiñitzez ederrago eragiten zuten gauza ikusgarri hura.
Telemake, zeiña ethorkiz atzarria eta barne samurrekoa baitzen, gozatzen zen atsegiñ hetaz guzietaz, baiñan etzen hetan bere bihotzaren barraiatzera menturatzen. (...) Mentorri begiratzen zioen. Haren bekundean eta begietan bilhatzen zuen heia zer xede behar zuen atsegiñ hetaz guzietaz iduki.
Mentorrek hura faxeria hartan ikusteaz atsegiñ zuen eta ez ohartuarena egiten zuen. Noizbait, Telemaken begirakortasunaz ukiturik, erran zioen irri batekiñ:
—Ezagutzen dut zeren beldur zaren. Zure beldurkundea laudagarria da baiñan ez du urrunegi heldu behar. Nihork ez du nik baiño nahiago izanen goza detzatzun atsegiñak, baiñan atsegiñ batzu ez zoratuko ez eta-ere beraztuko zaituztenak. Behar ditutzu atsegiñak abusatuko zaituztenak eta zure buruaren nausi zarelarik, gozaturen ditutzunak. Baiñan ez atsegiñ batzu beren ondotik herrestaturen zaituztenak. Nahi deraizkitzut atsegiñ eztiak eta gainditu gabeak, adimendua khenduren ez derautzutenak eta azienda oldartu baten pare eragiñen ez zaituztenak. Orai zure nahigabe guzietarik abusa zaiteziñ komeni da. Adoamen gatik, gostuz goza zaizkitzu eskeintzen deraizkitzun atsegiñak. Har zazu bozkario, Telemake, har zazu bozkario. Zuhurtziak ez du deus idorrik ez eta gezurrezko itxurarik. Hark ematen ditu ziñezko atsegiñak. Hark daki bakarrik heien heinkatzen, hek garbi eta iraunkor eragiteagatik. Hark daki josteten eta irrien nahastatzen arta eta umotasun behar dituzten egitekoen artean. Atsegiñera lanaz erakartzen du eta lanetik atsegiñaz abusatzen du. Behar denean boz agertzeaz, zuhurtziak ahalkerik ez du.
Hitz horiek erraitearekiñ, Mentorrek hartu zuen arrabita bat eta hartaz jo zuen haiñ ederki non, Akitoazek bekhaizturik, berea, gaitzez eskuetarik erortzera utzi baitzuen. Haren begiak sutan jarri ziren. Haren begitartea asaldutan mudatu zen. Oro haren damuari eta ahalkeriari oharturen ziren, Mentorren arrabitak guziei arimak ez baliotzate zoratu. Doi-doia menturatzen ziren hatsaren hartzera, ixiltasuna asalda eta jainkozko kantu hartarik zerbait gal beldurrez. Sobra laster geldi zediñ bethi lotsa ziren. Mentorren bozak etzuen eztitasun emakoirik batere baiñan zuplanta eta bortitza zen batean eta gauzarik ttipienak zoragarri eragiten zituen.
Hasteko kantatu zituen Jupiterren laudorioak, jainkoen eta gizonen aita, zeiñak buru higitze batez mundu guzia inharrusten baitu. Gero erakutsi zuen Minerba haren burutik atharatzen, erran nahi baita zuhurtzia jainko hark bere baithan ibentzen duena eta hantik jalgitzen dena gizon ethorkorren jakintsun eragiteko. Mentorrek, haiñ boz samurraz eta ukigarriaz egia horiek kantatu zituen, non guziei iduritu baitzaien airatuak zirela Olinpako goreneraiño, Jupiterren aintzinera, zeiñaren begiak sarkorragoak baitira ezenetz haren orziria Gero kantatu zuen Narziza gaztearen zorigaitza, zeiña bere buruaren edertasunaz zoroki amorosturik, bethi hari begira egonez ithurri batean bere hiraz iraungitu baitzen eta mudatua izan baitzen haren izena ekartzen duen lili batetara. Azkenekotz kantatu zuen oraiño Adoniz ederraren heriotze dohakabea, zeiña bas-urde batek porroskatu baitzuen eta zeiña
Benuzek, zeruari arrankura miñ batzu egiñez eziñ berriz bitzarazi baitzuen.
Hura entzun zutenek eziñ iduki zuten nigarra eta bat bederak ez dakit zer atsegiñekiñ nigar egiten zuen. Kantutik ixildu zenean, feniziendarrak miretsiak elkarri begira jarri ziren. Batak erraiten zuen:
— Orfe da. Hark ere hola arrabita batekiñ maltsarazten zituen ihizi basak eta oihanak eta gerendak ederretsarazten. Horrela Zerberari xarma eman zioen. Horrela trikarazi zituen Ixionen eta Danaiden oinhazeak; horrela Uridize ederra ifernuetarik athararazteko hautsi zuen Pluton urrikalmendu-gabea.
Bertze batek erraiten zuen:
— Ez, Linuz da, Apolonen semea.
Bertze batek ihardesten zuen:
— Ez da hura. Apolon bera da.
Telemake etzen bertzeak baiño hanbat gutiago miretsia, ezen etzakien Mentorrek haiñ ederki bazakiela kantatzen eta arrabita joiten.
Akitoazek izan zuen bere bekaizgoaren gordetzeko astia. Abiatu zen Mentorri laudorio ematen, baiñan gorritu zen hura laudatzean eta solasa eziñ akhabatu zuen. Mentorrek ezagutzen zuen haren nahastura. Mintzatzen hasi zen solasaren trenkatzeko bezala eta ahalaz sosegatu zuen, merezi zituen laudorio guziak emanez. Akitoaz etzen sosegatua gelditu ezen ikusi zuen Mentorrek bere begirakortasunaz bozaren edertasunaz baiño gehiago oraiño gainditzen zuela.
Bizkitartean Telemakek Adoami erran zioen:
— Orhoit dut aipatu derautazula Betikan egiñ zinuen piaia batez Egipton izan giñen geroztik. Betika da toki bat zeiñtaz hanbat gauza miresgarri erraiten baitute, non doiez siñets ere baititazke. Erradazu, othoi, heia leku hartaz diotzaten guziak egiak direnetz.
Adoamek ihardetsi zioen:
— Atsegiñekiñ begietara emanen derautzut lekhu deitatu hura, zuk duzun ezagutzeko lehia merezi duena eta zeiñak jendeen arteko erran guziak gaiñditzen baititu.
Ordu berean huneletan mintzatzen abiatu zen.
— Betiza deitzen den uhaitza herrialde gizen batean iragaiten da, zeru ezti eta bethi arraso dagoen baten azpian. Tokiari bere izena eman dio uhaitz hark eta Ozeant handira jausten da hurbilsko Herkulen harroiñetarik, eta epaitza hartarik non itsasoak, bere oldarrean, trabu guziak hautsiz, bertze orduz partitu baitzuen Tarzizen lurra Afrika handitik. Iduri du toki hark urhezko mendeko gozoak begiratu dituela. Han, neguak epelak dira eta haize beltz garratzek ez dute behin ere joiterik. Han, udako beroak gozatuak dira ipar freskoez zeiñak egunaren erditsutan ethortzen baitira airearen eztitzera. Holetan urthe guzia da udaberriaren eta udazkenaren zorionezko ezkontza bat. Iduri dute eskua elkarri ematen dutela. Lurrak, elgietan eta lekhu zelhaietan bi aldiz ekartzen ditu sasoiñak. Bide bazterrak betheak dira erramuz, millagranaz, kasmiñez eta bertze zuhamu bethi ferde eta lilitan daudeziñez. Mendiak estaliak dira arthaldez, zeiñek ematen baitute ille fiñ bat, ezagutuak diren jendaia guziek bilhatzen dutena. Asko urhe eta zilhar mia badira leku eder hartan. Baiñan hanko jendeak arrontak dira eta bere arrontasunean dohatsu. Ez diote urheari eta zilharrari beren ontasun bati bezala begiratu ere nahi. Ez dute peretxurik gizonen beharrei ziñez zerbitzatzen diren gauzei baizik.
Jende heien baithan hasi izan dugunean gure tratua, urhea eta zilharra han atzaman izan ditugu burdinaren zerbitzu beretan, hala nola golde-nabarretan. Nola ez baitzuten kanporako traturik, diru beharrik etzuten. Gehienak artzaiñ edo laborari dira. Ofiziale guti da leku hetan, ezen ez dute gizonen egiazko premientzat zerbitzatzen diren antzeak baizen egarri nahi, eta oraiño hango gizon gehienak laborantzari eta artzaiñtzari jarraikiak diren arren, beren bizitze laño eta arrontari premia diren ofizioetan hartzen dira.
Emaztekiek iruten dute ille eder hura eta ehaiten dituzte oihal fiñ batzu xuritasun miretsgarri batetakoak. Laborea egiten dute eta jatekoa xuxentzen. Lan hura errexa zaiote ezen toki hartan fruituz eta esnez baizik ez dira bizi, gutitan haragiz. Zikiroen larruetarik egiten dituzte oiñetako ariñ batzu berentzat, beren senhar eta haurrentzat. Etxolak egiten dituzte batzu larru ziratuz eta bertzeak zuhaiñ azalez. Etxeko arropa guziak egiten eta xuritzen dituzte eta barneak idukitzen arranju eta garbitasun miresgarri batean. Heien arropak egiten errexak dira, ezen leku ezti hartan oihal fiñ ariñ puska bat ezartzen da, pikorik gabea, eta bat-bederak bere nahikundera ixur luzetan, gerriaren inguruan, ahalkearen gatik, antolatzen du.
Gizonek, laborantzaz eta artzaintzaz bertzalde, ez dute bertze ofiziorik zuraren eta burdiñaren lantzea baizen, nahiz oraiño ez ditezen burdiñaz hanbat zerbitza laborantzako tresnetan baizik. Etxetako edergailluetako bertze gaiñerako antze guziak, antze alfer batzuentzat idukitzen dituzte, ezen ez dute etxerik behin ere egiten. Erraiten dute, lurrari sobra estekatzea dela, haren gaiñean egitea berak baiño gehiago iraunen duen egoitza bat. Aski dela airearen bidegabetik begiratzea. Grekek, egiptoarrek eta bertze jendaia ongi argituek prezatzen dituzten antze gaiñerako guziak higuiñ dituzte, urguluaren eta nagikeriaren asmu batzu bezala.
Gizon heiei aipatzen zaiotenean etxe eder egiteko antzea duten jendaiez, urhezko eta zilharrezko tresnez, oihal, zeiherkaduraz eta harri pollitez ederztatuez, baltsamu gozoez, janhari bereziez, zoragarrizko soiñua duten tresnez, huneletan ihardesten dute:
— Ongi dohakabeak dira jende hek hanbat lan eta antze beren buruen galtzeko erabiltzeaz! Sobraniokeria harek berazten, zoratzen eta toleiatzen du bere jabea. Gabe dagoena lehiarazten du hura zuzen-kontra eta indarrez biltzera. Ontasuntzat deit ote ditake sobraniokeria bat gizonen gaixtatzeko baizen ez dena? Leku hetako gizonak gu baiño sanhoagoak eta hazkarragoak ote dira? Luzezago bizi ote dira? Elkarren artean xitagoak ote dira? Heien bizia libroagoa, deskantsuagoa, alegeragoa ote da? Aitzitik, bata bertzeaz bekaitz izan behar dute, inbidia apal eta beltz batez hiratuak, bethi egarri batez, beldurkundeaz eta jaramantziaz khexatuak, atsegiñ garbi eta lañoez ez gai, hanbat gezurrezko premiatasunen gathibu daudenaz geroztik eta zeiñetarik baiteraukate derraiola heien zoriona.
Adoamek zioen aiñtziña:
— Horrela mintzo dira gizon zuhur hek, zeiñek ez baitute zuhurtzia beren adimendu xoiletik baizen ikasi. Gure kortesia higuintzan dute eta aithortu behar da, heiena handia dela beren arrontasun maitagarrian. Guziak elkarrekiñ bizi dira, lur berezkuntzarik gabe. Etxe bakotza bere buruzagiaz manatua da eta zeiña baita hartako egiazko erregea. Aita zuzenetan da gaztigatzeaz bere umetarik edo ilobasoetarik gaizki batez hogendun dena. Baiñan gaztigua eman aiñtziñean, bertze askaziei zer iduritzen zaioten galdegiten du. Gaztigu hek arras dira bakhanak ezen zorionezko toki hartan daudezi aztura garbiak, fede ona, ethorkortasuna eta gaizkiaren higuintza.
Erran daite Aztre, zerurat itzulia omen den hura, lurraren gaiñean gizon heien artean gordea dagoela oraiño. Ez da heien artean juie beharrik, ezen beren bihotzek berak juiatzen dituzte. Ontasun guziak komun dira. Zuhaiñen fruituak, baratzekariak, arthaldeen esnea, haiñ dira abarastasun nasaiak non jende haiñ zuhur eta begiratuek ez baitute heien partitze beharrik. Familia bakotxa, ibildaun haiñ leku ederretan, bere etxolak epaitza batetarik bertzera eramaiten ditu toki batetako fruituak eta bazkak jan ondoan. Holetan ez dute elkarren artean goiti beheitirik ihardukitzeko, eta guziek elkar, deusek asaldatzen ez duen amodio batez, anaiak bezala maite dute. Gezurrezko abarastasunen eta atsegiñ enganagarrien gabeak begiratzen diote bake hura, batasun hura eta libertatea. Guziak libro, guziak higualtasunean dira.
Ez da heien arteko berezkuntzarik, baizik eta ere agude umoen argitasunetik heldu dena, edo agude berthutean alhatuenen umotasuna higualtzen duten gizon gazte zonbaiten zuhurtzia goixtiarretik heldu dena. Jokotriak, indarrezko garhaiziak, fede ukhatuak, hauziek, gerlek, jainkoek maitatuzko toki hetan ez dute behin ere beren boz krudel eta izurrizkoa entzunarazten. Egundaiño gizonaren odolak ez du lur hura gorritu. Doi-doia han ikusten bada bildotsena ixurtzen. Gizon heiei mintzatzen zaienean gerla sarraskitsuez, konkesta lasterrez, erresumen porroskatzeaz bertze jendaien artean ikusten direnez, ez dakite non aski harri, diotelarik:
— Zer bada! Gizonak ez ote dira aski hilkizun, elkarri oraiño heriotze lasterrago bat eman gabe? Haiñ laburra da bizia! Eta luzegia zaiotela iduri du! Batak bertzea porroskatzeko eta elkar dohakabe eragitea-gatik ote dira bada lurraren gaiñean?
Gaiñerakoan, Betikako jendek ez dezakete endelga nola hanbat ederrets ditazken erresuma handiak zebatzen dituzten gerlariak. Erraiten dute:
— Zer erhokeria bere zoriona emateaz bertze gizonen manatzean, zeiñen manamenduak hanbat lastima ematen baitu, adimenduaren eta zuzentasunaren arabera manatu nahi dituenari! Baiñan zertako atsegiñ izan heien bortxara heien manatzean? Gizon umo batek egin dezaken guzia da, nahi izaitea jarri jende ethorkor batzuei manatzera, zeiñetaz jainkoek kontu eman baitiote edo jende batzuei zeiñek othoizten baitute izaiteaz heien aita eta artzaiña bezala. Baiñan gizonak manatzea heien nahiaren kontra, beren buruak ongi dohakabe eragitea da, hek gathibutasunean idukitzeko gezurrezko ohorea gatik. Gerlari zebatzaille bat da, jainkoek, gizonkiaren kontra samurrez, lurrari beren hasarregoan igorri dioten gizon bat, erresumen desmasiatzeko, orotan barraiatzeko laztura, erromeseria, etsia, eta zenbat gizon libro baita, hanbat gathibu eragiteko. Ospea bilhatzen duen gizonak ez ote du hura aski ongi ardiesten, zuhurtasunean erabilliz jainkoek eskuetan eman diotena? Ez ote du uste merezi laudoriorik, muthiri, zuzenaren ertxatzaille, burgoi, ohoiñ eta hauzo guzien alderat dorpe bilhakatuz baizen? Ez da behin ere gerlarik gogoan iragan behar, non ez den bere libertatearen begiratzeagatik. Dohatsu haiña hura, zeiña ez baita bera bertzen gathibu eta ez baitu bertzeak bere gathibu eragiteko lehia zoroa! Gerlari handi hanbat osperen erdian erakusten deraizkiguten heiek iduri dute gaiñdika doazen uhaitzak, irudiz ederrak, baiñan freskatu baizen behar ez lituzketen elgiak desmasiatzen baitituzte.
Adoamek Betika horreletan erakutsi zuen ondoan, Telemakek, atsegiñ harturik, asko galde lehiazko egiñ ziotzan. Erran zioen:
— Gizon heiek edaten ote dute arnorik?
Adoamek ihardetsi zioen:
— Begira dute edatetik, ezen ez dute egundaiño edari hartarik nahi izan egiñ, ez mahats eskasik dutelakotz, —lurrik ez da hobeagorik ekartzen duenik—, baiñan aski zaiote mahatsa, bertze fruituak bezala jatea eta arnoarentzat beldur dira gizonaren galgarriarentzat bezala. Erraiten dute pozoiñ mota bat dela gizona oldarrean ezartzen duena, hilarazten ez duena, baiñan abere baten pare jarrazten duena. Gizonak arnorik gabe begira detzakeiela bere osagarria eta bere indarrak. Baiñan arnoarekin lanjeretan jartzen dira osagarriaren dainatzeko eta aztura garbien galtzeko.
Telemakek erraiten zuen gero:
—Ongi jakiñ nahi nuke heia zer legeren arabera gizon heien artean egiten ote diren ezkontzak.
Adoamek ihardesten zioen:
— Emazte bat baizen ez dezake gizon bakotxak izan eta hura bizi deno begiratu behar du. Leku hetan gizonen ohorea derraio hanbat beren emazteen alderako fedearen begiratzetik, nola bertze tokietan emaztekien ohorea baiterraio senharren alderako fedearen begiratzetik. Egundaiño jendakiarik ez da izan hura den baiño garbitasunaren gainean begiratuagorik eta lehiakorragorik. Han emaztekiak ederrak dira, baiñan lañoak, ahalkedunak eta langilleak. Han ezkontzak bakezkoak, podorosak eta notharik gabeak dira. Senharrak eta emazteak jende ber bat bi gorputzetan iduri dute. Senharrak eta emazteak elkarren artean partitzen dituzte etxeko lanak. Kanpoko egiteko guziez artha hartzen du senharrak. Emaztea ez da barnekoetarik atharatzen. Bere senharrari laguntza ematen dio. Hari atsegiñ egiteko baizik ez dela iduri du. Haren fidantzia irabazten du eta bere burua maitarazten bere berthuteaz ezenetz edertasunaz. Heien batasuneko gozoak biziak bezenbat irauten du. Jende heien ontuntzetako zuhurtasuna, heien begirakortasunak, heien aztura garbiek, bizi bat ematen diote luzea eta eritasunik gabea. Heien artean ikusten dira ehun eta seietan hogoi urtetako agudeak, oraiño arraizia eta indardunak.
Telemakek zioen oraiño:
— Gelditzen zait oraiño jakitea heia hurbilleko bertze jendaiekiñ gerlatik begiratzeko nola egiten ote duten.
Adoamek ihardetsi zioen:
— Jendaia hura gerthatzen da bertze guzietarik berezia alde batetik itsasoaz eta bertze aldetik, iparreko alderat, mendi gora batzuez. Bertzalde ere inguruetako bertze jendaiek, hari bere berthutearen kariaz, agurra ekartzen diote. Ardura hartu izan dute gizon prestu bezala, elkarren artean eziñ konpunduz eta guardiatzera eman diotzate khimerako lurrak eta hiriak. Nola egundaiño jendaki umo hark ez baitu nihori bortxarik egiñ, hala-hala nihor ez da hari mesfida. Irri egiten dute, erresumetako mugez konpunt eziñ daizten erregeez aipatzen zaienean. Orduan erraiten dute: «Lurrak gizonei eskas egiñ dezon beldur izaiteko ote da? Bethi izanen da lantuko ahal izanen duten baiño gehiago. Ez giñduke nahi ere, larre librorik gelditzen deno, orai ditugun lurrak gure hauzoen kontra indarka begiratu, baldin hetaz jabetu nahiz heldu balira. Betikako jende guzietan ez da ez buruiope, ez burgoitasun ez fede gaixto ez beren nausitasunaren hedatzeko lehiarik edireiten. Holetan inguruneko jendaiek ez dute zeren horrelako gizonen aldetik deuseren izan beldurti, ez eta-ere zeren uste izan larderiarik heiei emanen diotela. Hura dela medio deskantsuan uzten dituzte. Betikako jendeak desterrua edo heriotzea gathibutasuna baiño lehenago hauta lezake. Holetan hura zebatzea haiñ da gaitz, nola bera bertzeen zebatzeko lehiaz haiñ guti baita gai. Hori dela medio bake handi bat izaten da haren eta haren hauzoen artean.
Adoamek bere solasa akabatu zuen erranez nola feniziendarrek egiten zituzten Betikan beren tratuak. Erraiten zuen:
— Espantitu ziren hanko jendeak ikusi zuztenean itsasoko uhinen erdian untziz gizon arrotz batzu haiñ urrundanik heldu zirela. Utzi gaiñtuzten hiri baten altxatzera Gadeseko irlan. Errezibitu ere gaiñtuzten beren tokietan begitarterekiñ eta berek zituzten guzietarik eman zeraukuten, saririk batere gureganik hartu nahi gabe. Eskeiñi zeraukuten oraiño bihotz onez, ematea beren illeen sobrakiñak, urteko premia zitzaiotena hartu ondoan. Holetan igorri izan zeraukuten illez dohaiñ balios bat. Atsegiñ zaiote arrotzei beren sobrakiñak ematea.
Beren miak gogo onez utzi zeraizkuten. Heientzat alferrak ziren. Iduritzen zaien etzirela haiñitz gizon zuhurrak goateaz hanbat nekherekiñ lurraren sabelean bilhatzera dohatsu eragiñ eta egiazko behar bat eziñ askiets dezakeien gauza bat. Erraiten zeraukuten:
—Ez dezazuela lurra horren barna zilha. Labora zazue xoilki eta mantenaturen zaituzten egiazko ontasun batzu emanen deraizkitzue. Hantik atharaturen ditutzue sasoiñ batzu urhea eta zilharra baiño baliosagoak, gizonak urhe eta zilharra, bizia mantenatzen dituzten janharien erosteko baizen nahi ez dituenaz geroztik.
Asko aldiz nahi izan diotegu itsasoz ibiltzen erakatsi eta heien gizon gaztetarik Feniziarat eraman, baiñan ez dute egundaiño nahi izan heien umeek gu bezala bizitzen ikas zezaten. Erraiten zeraukuten:
—Premia bilhakatu zaizkitzuen gauza guzietarik behar izaiten ikas lirote. Heien lehia baluke, hek jokotria tzarrez atzemateagatik, berthuteari ukho egiñ lirote. Bilhaka laizte hala nola zanko onak dituen gizon bat, zeiña, ibiltzeko aztura galduz, noizbait jartzen baita eri bat bezala ekharria izaiteko beharrik.
Untzietan ibiltzeko jakitateaz ederretsiak dira, jakitate hartako antzea dela medio, baiñan heien ustez, jakitate galgarri bat da. Erraiten dute:
—Gizon heiek bizitzeko premia diren gauzak beren tokietan baliñbadituzte, zeren bilha doatzi bertzetara? Ziñezko beharrentzat aski dena, ez ote dute heiek aski? Tratularien jaramantziaren askiesteko eta bertze gizonen jaidura tzarren lausengua gatik, pesien erdian herioaren bilha dabiltzanaz geroztik kost-egitea merezi lukete.
Telemake Adoamen solas horietaz ederretsia zegoen eta bozten zen lurraren gaiñean bazelakotz oraiño jendakia bat zeiña, ethorki zuzenaren legetarik ez urrunduz, haiñ zuhur eta hanbatean haiñ dohatsu bizi zena. Erraiten zuen:
— Oi zeiñ urrunduak diren aztura horiek, zuhurrenak derauzkaten bertze jendaien aztura balenoriotsu eta lehiatsuetarik! Haiñ galduak gare, non doi-doia siñets baitezakegu arrontasun bat horren lañoa ziñez baditakeiela. Gizon heien azturak kondera eder bat bezala iduritzen zaizku, eta gureak heiei amets izigarri bat bezala iduritzen zaitzote naski.
ZORTZIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
|
|