ZAZPIGARREN LIBURUA
Telemakek solas horiek akabatu zituenean, ninfa guziak muitu gabe zaudenak, begiak haren gaiñean landatuak, elkarri begira jarri ziren. Espantiturik batak bertzeari erraiten zioten:
— Nor dira beraz jainkoek haiñ maite dituzten gizon hauk biak? Nork egundaino entzun ote du horren gertakuntza miragarririk? Mintzatzeko dohaiñean, zuhurtasunean eta balentzian Ulizi jadanik bere semea gaihentzen zaio. Zer bekundea! Zer edertasuna! Zer eztitasuna! Zer [...]! Baiñan zer noblezia eta zer handiratasuna! Ez baliñbaginaki gizon baten semea dela, erraxki har laite Bakuzentzat edo Merkurentzat, edo Apollon handiaren berarentzat. Baiñan nor da gizon itxuraz, sortzez eta heiñez arront iduri duen Mentor hau? Hurbil-danik begiratzean hunen baitan edireiten da ez dakit zer gizonaz goragokorik.
Bere baitan gorde etziron asaldu batean Kalipzok entzuten zituen solas horiek. Haren begiak, sesurik gabe, Mentorren ganik Telemaken gaiñera eta Telemaken ganik Mentorren gaiñera bazabiltzan. Aldi batzuez nahi zukeien Telemakek berriz has zezan bere gertakuntzen kondagaillu luze hori. Gero bet-betan berak bere solasa trenkatzen zuen. Azkenekotz brastakoan altxatu zen eta eraman Telemake bakarrik mitresko oihan batera. Han gogora zitzaizkon asmu guziez destatu zen, haren ganik jakiñ nahiz heia Mentor jainko bat ote zen gizonaren itxuraren azpian gordea. Eziñ argi zezakeien Telemakek, ezik Minerbak, haren lagun etortzearekiñ Mentorren iduriaren azpian, haiñ gazte zelakotz etzioen bere burua agerritu. Bere xedez jakiñtsun egiteko etzen oraiño haren begirakortasunari aski fida. Bertzalde, hestura handienez frogatu nahi zuen, eta Minerba berekiñ zuela jakiñ izan baliñbalu, horrelako laguntza batez sobra indar hartu zukeien, axolarik gabe nardatuko zen estrapu izigarrien guziez. Mentorrentzat zeraukan beraz Minerba eta alferrak izan ziren Kalipzoren amarru guziak jakiñ nahi zuen gauzaren agertzeko.
Bizkitartean ninfa guziak Mentorren inguruan, hari asko galderen egiten zuten bere atsegiña. Batak galdegiten zioen Etiopiako piaiako xehetasunak. Bertzeak jakiñ nahi zuen heia zer ikusi izan zuen Damasen. Bertze batek galdegiten zioen, heia bertze orduz Troiesko sethioaren aiñtziñean ezagutu izan zuenetz Ulize. Guziei eztitasunekiñ ihardesten zioten eta haren solasak lañoak ziren arren, esker gozo bat bazuten.
Elhe horietan etzituen Kalipzok luzez utzi. Bihurtu zen heien gana eta noiz eta ere Telemaken dostarazteagatik, lili biltzen eta kantuz ninfak abiatu baitziren, Kalipzok zenbait solas atarazi beharrez, Mentor bazterrera deitu zuen. Loaren hasma gozoa ez da eztikiago lerratzen unhatua den gizon baten begi erorietara eta haren alderdi nekhatuetara, ezenetz jainkosaren elhe lausengariak linburtzen baitziren Mentorren bihotza zoratu beharrez, baiñan hautemaiten zuen bethi ez dakit zer haren egiñahal guziak bulkatzen zituenik eta haren antze amarrutsuez irri egiten zuenik. Hodoietan kaskoa gordetzen duen gerenda gaitz baten pare eta haizeen errabiaz irri egiten duena, Mentor bere xede zuhurretan muitu gabe, bere burua Kalipzoz behartzera uzten zuen. Noizean behiñ ere, galdeka hertsatzeko eta egia bihotzaren erditik atararazteko peskiza uzten zioen. Baiñan noiz-eta-ere bere lehia sasia uste baitzuen, orduan suntsitzen ziren haren peskiza guziak. Segur idukitzen zituen guziak batean eskapatzen zitzaizkon, eta Mentorrek ihardestean solas labur batez egundaiño bezala bere duda-mudetan sartzen zuen.
Egunak holaxe iragaiten zituen, batzuetan Telemake lausengatuz eta bertze batzuz hura berezi nahiz Mentorrenganik, zoiñaren mintzarazteko peskiza galdu baitzuen. (...) Beldurrez printze gaztea eskapa zakion, milla amarru suerte erabiltzen zituen hura bere erresuman begiratu nahiz, bizitze nagi bati eta pausu total bati laketaraztearekiñ.
Telemaken bihotza emeki emeki fauntzen hari zen. Mentorri erraiten zioen:
— Zergatik ez gaiñtezke irla huntan geldi? Ulize ez da gehiago bizi, aspaldi huntan itsasoan ehortzia bide da. Penelopak, ez ikusirik ez hura ez ni gibelat itzultzen, eziñ iharduki duke hanbat galdegilleri. Ikara bere aitak bigarren senhar baten hartzera bortxatu duke. Bihurturen ote naiz Itakara hura bertze ezkontza batean sartua ikusteko eta nere aitari eman zioen fedeari ukho egiña? Itakarrek Ulize ahantzi dute. Ez gaitezke orai harat bihur heriotze seguratu baten bilha baizik, Penelopen senhargeiek portuko helbide guziak hartu dituztenaz geroz hobeki gure galtzapena seguratzeagatik, gibelat itzultzen gareneko. (...)
Mentorrek ihardesten zuen:
— Bertuteak Ulizen eta Penelopen ikusteko zure sorlekura deitzen zaitu. Jainkoek hanbat hesturetarik athara zaituzte zuri prestatzeagatik ospe bat zure aitarenaren higuala, eta irla huntarik ilkitzea manatzen derautzute. Zu zure sorlekura bihurtzeagatik egiñ dituzten gauza guziak ahantziak ote ditutzu? Ziziliatik nola athara zare? Egiptoan frogatu ditutzun ondikoak ez ote dira bat batean zorionetan bihurtu? Tirreko hirian zure buruari dixidutan zauden lanjer guzietarik zeiñ berariazko eskuk athara zaitu? Hanbat sentagaillen ondoan ez ote ditutzu oraiño ezagutzen prestatu deraizkitzuten dohamenak? Baiñan zer diot? Ez ditutzu merezi. Ni, banoha, eta jakiñen dut irla huntarik ilkitzen. Oi, aita haiñ zuhur eta haiñ bihotzdun baten seme banoa! Higa zazu hemen emaztepean bizitze nagi eta ospe gabeko bat. Egizu jainkoen desgogara, zure aitak bere buruarentzat ez gaiez utzi zuena.
Arbuiozko solas horiek urratu zuten Telemake bihotzeraiño. Bere burua Mentorren alderat erdiratua hautematen zuen. Haren bihotzmiña ahalkez bethea zen. Nahi zukeien Mentorrek bortxaz irla hartarik herrestatu balu. Baiñan berriz laster erortzen zen bere fluxkerietara. (...)
Orduan Mentorrek Telemake eskutik harturik itsas hegira erakarri zuen, uhiñek bethi joiten duten gerenda baten gaiñera. Hantik, urrunera ikusi zuten, itsasoaren erdian, untzi bat gelditua, eziñ ausartatuz irlari hurbiltzera, zeren piloto guziek baitzakiten Kalipzoren irla hilkizun guziei debeku zitzaiotela.
— Oi Ulizen semea —dio Mentorrek untzia erakusten diolarik—. Zertaraiñokoan maite zaituzte jainkoek, zure sorleku maitera bihurtzeko horren bide ederra erakusten derautzutenaz geroztik! Atzarrezazu zure bihotz guzia eta ilki gaiteziñ egoitza galgarri hunetarik.
Haiñbertzenarekiñ, bulkatzen du Telemake, itsasora ardikitzen du eta berak harekiñ batean jauzi egiten du.
Telemake jauzi gaitz hartaz harritua, ur gazia edan zuen, eta uhiñak nausitu zitzaizkon. Baiñan bere baitara ohartzearekiñ batean eta ikustearekiñ Mentor igerika laguntzeko eskua hedatzen zioena, ondikozko irla hartarik urruntzera destatu zen. (...)
Gelditua zagoen untzia eta zoiñaren alderat abiatuak baitziren, Epirarat zohan Feniziako untzi bat zen. Feniziendar heiek ikusi izan zuten Telemake Egiptoko piaian, baiñan uhiñen erdian eziñ ezagut zezaketen. Aski hurbil izan zenean Mentor bere buruaren adiarazteko, burua uraren gaiñera altxatuz, gora oihu egiñ zioten:
— Oi feniziendarrak, populu guziei haiñ laguntza emailleak, bizia ardiets zozuete bi gizonei zoiñek zuen ontasunetik igurikitzen baitute. Jainkoen beldurrak ukitzen baliñ bazaituzte, har gaitzatzue zuen untzian eta zuek goaten zaitezten leku guzietara gu ere goanen gara.
Manamendua zuenak ihardetsi zuen:
— Gogotik harturen zaituztegu. Horren dohakabe iduri duten arrotzen alderako egiñbideak badakitzagu.
Ordu berean hartzen dituzte untziaren barnera.
Sartu bezain laster, hatsa eziñ hartuz, hillak bezala gelditu ziren, ezen luzez igerikatu ziren eta indar haiñitz egiñez tirainei ihardukitzeko. Beren indarrak emeki emeki itzuli zitzaizkoten. Arropak ganbiatu zaizkoten, ezen soiñekoak urez hantuak zituzten eta alde guzietarik zurrutan bazarioten. Solas egiteko heinean jarri zirenean, feniziendar hek guziak heien inguruan multzuka heien gertakuntzak jakiñ nahi zituzten. Manamendua zuenak erran zioten:
— Nola sartu ahal izan zarete ilkitzen zareten irla hortan? Diotenaz jainkosa gaixto bat da horko jabe eta nihor leihorrera dakion ez du jasaiten. Inguratua ere da gerenda izigarriz zoiñen kontra zoro baten pare itsasoa bulkatzen baita eta untzia porroskatu gabe eziñ hurbil dakiokete.
Mentorrek ihardetsi zuen:
— Estrapuz horrat eroriak izan gare. Grekak gare. Gure sorlekua Itaka da, Epira zuek zohazten leku hartako hauzoa. Nahi ez baziñdute ere trikatu Itakan, zoiña zuen bidean baita, aski ginduke Epirarat eramaitea. Han edirenen ditugu geldituko zeraukun piaia labur horren eragiteko arta izanen duten adiskideak eta bethi zor izanen derautzuegu lurraren gaiñean gehienik maite ditugunen berriz ikusteko atsegiña.
Holetan Mentorrek ihardukitzen zuen solasa. Telemake ixilik bazagoen eta usten zuen mintzatzera. Bere buruaz mesfida zen. (...) Mentorren erran umoei bethi begiratzeko beharra ezagutzen zuen eta noiz-eta-ere, zer iduritzen zitzaioen galdegiteko eziñ mintza baitzaiokeien, bedere haren begiak kontutzen zituen eta haren gogoeten usnatzera destatzen zen.
Feniziendar aintzindariak Telemaki begiratu zioen, eta iduritzen zitzaioen lehen nonbait ikusi izan zuela, baiñan eziñ erreberri zezakeien orhoitzapen-iduri bat zuen. Erran zioen:
— Barka dizadazu, othoi, heia ni bertze orduz ikusirik orhoitzen zaren, hala nola iduritzen baitzait nik zu ikusi zaitudala. Etzait arrotz zure begitartea. Lehenbiziko begi ukalditik miretsi nau, baiñan non ikusi zaitudan ez dut gogoan. Zure orhoitzapenak nerea menturaz lagunduko du.
Orduan Telemakek ihardetsi zioen harridura eta bozkariorekiñ:
— Zu ikustean, zure alderat naiz hala nola zu nererat. Ikusi izan zaitut, ezagutzen zaitut, baiñan Egiptoan ala Tirren denetz eziñ orhoit naiteke.
Orduan feniziendarra, hala nola gizon bat goizean atzartzen dena eta emeki-emeki urrunetik orhoitzen dena atzartzearekiñ suntsitu den amets arinaz, bat-batean oihu egiñ zuen:
— Telemake zare, zoiña Narbalek, Egiptotik bihurtu giñenean amodiotan hartu baiziñtuen. Haren anaia naiz eta duda gabe nitaz ardura miñtzatu izan zautzuke. Egiptoko gerlaren ondoan, harekiñ utzi ziñtudan. Goan behar izan nuen itsaso guziez haiñdira, Betika aipatu hartara, Herkulen harroiñen ondo-ondora. Haletan doi-doia ikusi izan ziñtudan eta ez da harritzeko berehala haiñ nekez ezagutu baliñbazaitut ere.
Telemakek ihardetsi zioen:
— Ongi ohartzen naiz Adoam zarela. Orduan erraiteko diña ikusi ziñtudan, baiñan Narbalen solasetarik ezagutu izan zaitut. Oi zer bozkarioa zureganik jakiñ ahal izaitea bethi haiñ maite izanen dudan gizon baten berriak! Tirren ote dago bethi? Ez ote du Pigmalion aiherutsu eta krudelarenganik egitate gaixtorik pairatzeko?
Solasa trenkatu zioen Adoamek, ihardesten ziolarik:
— Jakiñezazu, oi Telemake, zorion batek eman zaituela gizon baten eskuetara, zeiñak zutaz harturen baititu izan daizten artha guziak. Epirarat gabe, Itakara bihurturen zaitut eta Narbalen anaiak ez du Narbalek berak baiño zuretzat amodio gutiago izanen.
Solas horiek erraitearekiñ batean, igurikitzen zuen haizea abiatzen zela ohartu zen. Aiñgurak altxarazi zituen, belak ezarrarazi eta arrau ukaldika bidegiten abiarazi. Ordu berean bazterrazi zituen Telemake eta Mentor, heiekiñ solas egiteagatik.
Telemaki begiratu zuen erraiten ziolarik:
— Zure lehiaren askiestera noha. Zendua da Pigmalion. Jainko zuzenek lurra hartarik libratu dute. Nola nihori ez baitzen fida, nihor etzakiokeien hari ere fida. Gizon prestuak auhenetan baratzen ziren, haren gaixtakeriei ihes egiñez, hari gaizkirik egitera gogoari eziñ emanez. Gaixtagiñek etzuten uste haren bizia akabatu gabe berenak segurean iduk zezaketela. Etzen tiriendarrik haren begiko pitsa bilhakatzeko egun oroz lanjeretan etzenik. Haren guardiak berak bertze guziak baiño lanjer handiagoan ziren. Nola heien eskuetan baitzuen bizia, bertze gizon guzien baiño heien beldurrago zen. [...] txarrenaren gaiñean, bere seguratasunagatik sarraskiarazten zituen. Horrela, bere seguratasuna bilhatuaren bortxaz, etzezakeien gehiago atzaman. Zeiñen eskuetan baitzen haren bizia, haiñak bethi lanjeretan zauden haren beldurrak zirela kasu, eta haiñ hestura izigarritik eziñ athara zaizten, non etziren gaixtagiñ haren herioaz haren bekaizgo krudelei aiñtziñtzen.
Aztarbe gaixtoa, zeiñetaz hanbat aldiz mintzatzen entzun baituzu, lehen-lehenbizikoa izan zen erregeren heriotzea burutan hartu zuena. Itsutuki maitatu zuen Joazar deitzen zen tiriendar gazte aberats bat. Errege eragiñ zezakela buruari eman zioen. Hartarakotz, Pigmalioni siñetsarazi zioen bere bi semetarik zaharrena, Fadael deitzen zena, bere aitaren koroa lehen-bai-lehen eskuratu nahiz, ixilka haren kontra bermatzen zela. Gauza horren frogatzeko lekuko falsoak atzaman zituen. Errege dohakabeak bere semea hogenik gabe hillarazi zuen. Baleazar, bigarrena, Zamozera igorria izan Greziako azturak eta jakitateak ikusteko estakuruaren azpian, baiñan egiara, zeren Aztarbek erregeri bururarazi baitzioen urrundu behar zela, arrankura zirenekiñ ihardukizionerik har zezan beldurrez. Abiatu zen bezaiñ laster, haren untzia zaramatenak, emazte gaixto harrek irabaziak, gabaz kost-egiteko negurriak hartu zituzten. Heien begira zauden barku arrotz batzu igerika ardietsi zituzten eta printze gaztea itsasoaren zolara ardiki. (...)
Aztarbek orduan uste izan zuen hura zela bere xedeen bethatzeko tenora. Ikusten zuen jauregiko lehenbiziko aiñtziñdariak erregeren odolean eskuak sartzetik etzirela urrunduak. Egun oroz miñtzatzen entzuten zuen ixilka erregeren kontra zabiltzan patuez, baiñan salduko zuen norbaiti fida beldur zen. Azkenekotz, Pigmalion pozoatzea segurenik iduritu zitzaioen.
Ardurenik erregek harekiñ bakarrik jaten zuen, eta bertzei eziñ fidatuz, bere eskuz xuxentzen zituen bere janhariak. Bere jauregiko tokirik gorderenean sartzen zen, bere beldurkundea hobeki estaltzeagatik eta bere jantorduen xuxentzen nihork ikus etzezan amoreagatik. Mahaiñeko atsegiñetarik batere bilhatzera etzen menturatzen. Berak xuxentzen etzakienetarik deusetarik jatera eziñ ausarta zitakeien. Holetan etzaiteken zerbitza ez xoilki kozinerek saltsekiñ moldatzen dituzten haragietarik, baiñan oraiño ez arnotik, ez ogitik, ez gatzetik, ez oliotik, ez esnetik ez eta ere egun orozko bertze janhari guzietarik. Etzuen jaten baratzean berak biltzen zituen fruituetarik, berak eraiñ eta berak xuxentzen zituen belharretarik baizen. Gaiñerakoan etzuen behin ere bertze urik edaten jauregiko tokirik zerratuenean zen ithurri batean berak hartzen zuena baizik eta zoiñtako gakoa bethi berekiñ baitzeraukan. Aztarberen alderat hanbat fidantzia bazuela iduri zuen arren, haren kontra ere bere artak hartu gabe etzagoen. Berak dastatu aiñtziñean bethi janarazten zioen eta edanarazten ontuntzan zerbitzatu behar zituen guzietarik, etzediñ hura gabe pozoatua izan ahal eta luzezago bizitzeko irritsik begira etzezan amoreagatik. Baiñan Aztarbek bera baiño gaixtoagoko atso zahar batek eman zioen kontra-pozoa hartu zuen. Gero etzen gehiago erregeren pozoatzeko lotsa izan.
Huna nola egiñ zuen. Noiz-eta-ere jatera baitzoazen, erran dugun atsoak bet-betan atean harramantz egiñ zuen. Errege bethi hil beldurretan zagoena, asaldatzen da eta athe hartara laster egiten du heia aski ongi hertsia zenetz ikustera. Atsoa badoha. Errege balditua gelditzen da eta entzun duen harramantzaz ez jakiñez zer asma. Argitzeagatik bizkitartean ez da athearen idekitzera menturatzen. Aztarbek deskantsatzen du, lausengatzen du eta hanbat egiten dio jan dezan. Ordukotz, errege athean izan zen artean, pozoa ezarri zuen haren xata urhearen barnean. Bere azturara, Pigmalionek lehenik edanarazi zioen, eta Aztarbek, kontra pozoiari fidaz, beldurrik gabe edan zuen. Pigmalionek ere edan zuen eta hantik laster alditxartu zitzaioen.
Aztarbek ezagutzen baitzuen bekaizgo ttipienaren gaiñean haren hiltzeko gai zela, abiatu zen bere arropen xehatzen, illeen errotik atharatzen eta heiagora miñ batzuetan. Besarkatzen zuen errege hiltzen hari zena, besoetan tiñkatua zaukan eta nigarrezko hibaiez bustitzen zuen, ezen emazte amarrutsu hari nigarrak deusik etzaitzon gostatzen. Azkenekotz ikusi zuenean ethenduak zirela erregeren indarrak eta azken ordura hurrandua zela, flakaza hartarik altxa zediñ eta berekiñ hillarazi nahi izan zezan beldurrez, lausenguetarik eta amodiozko seiñale miñenetarik errabia izigarrienera iragan zen. Lothu zitzaion eta itho zuen. Gero erhitik khendu zioen errege erraztuna, ideki zioen khoroa, sarrarazi zuen Joazar, zeiñari bata eta bertzea eman baitziotzan. Uste izan zuen berari ordu arte estekatuak izan zitzaizkon guziak bere lehiari jarraikiren zitzaizkola eta bere gizongeia errege izendatua izanen zuela. Baiñan haren baitan gehienik sartu nahi izan zirenak, gizon barne apal eta diru gose batzu ziren, amodio ziñ batez gai etzirenak. Bertzalde, eskas zuten bihotza eta Aztarbek egiñ zituen izterbegien beldur ziren. Guzien buru, beldurrago ziren oraiño emazte gaixto haren supertasun, egositasun eta krudeltasunarentzat. Bat bederak, bere onarengatik gal zediñ nahi zukeien.
Bitartean biahore izigarri batean dago jauregi guzia. Alde guzietarik entzuten da errege hilla dela diotenen oihua. Batzu izituak daude, bertzeek harmetara laster egiten dute. Guziek iduri dute ondorioez khexu, baiñan berri hortaz atsegiñez. Haroak ahotik ahora bolatzen du Tirreko hiri handian guzian, eta bat bakarra erregez dolu duenik ez da gertatzen. Haren herioa guzien librantza eta sosegua da.
Narbal, haiñ estrapu lazgarriaz harritua, gizon behar den bezalako baten gisa, urrikalmendutan izan zuen Pigmalionen zorigaitza zeiñak bere burua saldu baitzuen Aztarbe gaixtoaren eskuetara jarriz eta zeiñak hautatu baitzuen gaixtagiñ izigarri bat izatea, ezenetz bere azpikoen aita, errege on baten egiñbidearen arabera. Erresumako ona gogoan harturik, lehen bai lehen gizon prestu guziak bateratu zituen, buru egiteko Aztarberi, zeiñaren azpian, akabatzetik heldu zen erreinua baiño gogorrago bat oraiño ikusiren baitzen.
Narbalek bazakien Baleazar etzela itho itsasora ardikia izan zenean. Aztarberi hilla zela erran ziotenak, ustez eta hala zen, haletan mintzatu izan ziren. Baiñan gauaren medioz, igerika salbatu izan zen eta Kretako tratulari batzuek, urrikalmenduz, beren untzian hartu zuten. Bere aitaren erresumara bihurtzera etzen ausartatu, berariaz galarazi nahi izan zutela nabarmendurik eta Pigmalionen bekaizgo krudelarentzat hanbat beldurrez nola Aztarberen amarru gaixtoentzat. Luzez iheska eta arropa ganbiotan ibilli izan zen Ziriako itsas hegietan, non utzia izan baitzen kretoar tratulariez. Bere biziaren irabazteko ere artzain egotera bortxatua izan zen. Azkenekotz ediren zuen bidea nola gertatzen zen Narbali jakinaraztekoa. Bere segeretua eta bere bizia haiñ berthute frogatuko gizon bati fida ahal uste izan zituen. Narbal aitaz gaizki erabillia izan zen arren, maite izan zuen semea, eta haren onez kontu iduki izan zuen. Baiñan hartaz artarik etzuen izan baizik eta ere bere aitaren alderako eginbideei hutsik egin etzezan amoreagatik, eta pairatuki bere zorigaitza jasaitera erakarri izan zuen.
Baleazarrek Narbali gaztiatu izan zioen:
— Uste izaten duzunean zure alderat ethor naitekeiela, erreztun urhezko bat bidaliren derautazu eta zureganatzea ordu ditakeiela entzunen dut.
Narbalek, Pigmalion bizi zeno, Baleazarren erakarraztea etzuen on uste izan. Printzearen bizia eta berea ere lanjerik handienean ezartzea zitakeien. Haiñ zen gaitz Pigmalionen kontu zorrotzetarik begiratzea! Baiñan errege dohakabe hark, haren gaixtakeriek merezi zuten herioa egin zuen bezain laster, Narbalek herresakan Baleazarri urhezko erreztuna bidali izan zioen. Ordu berean abiatu zen Baleazar eta Tirreko atheladetara heldu izan zen, noiz-eta-ere Pigmalionen ondoko nor izan behar zen hiri guzia asaldutan baitzagoen. Erraxki ezagutua izan zen Tiriendar lehenbizikoez eta gero populu guziaz. Maitatua zen, ez bere aita zenaren kariaz, zeiña guziez gaitzetsia baitzen, baiñan bere eztitasunaren eta begirakortasunaren medioz. Bere dohakabetasun luzeek berek ematen zioten ez dakit zer distira bere ethorki on guziak goratzen ziotzana eta haren alderat Tiriendar guziak urrikalmendutan jarrarazten zituena.
Narbalek, populuaren buruzagiak, bilzarreko agudeak eta Feniziako jainkosa handiaren apezak bilarazi zituen. Baleazarri beren erregeri bezala agur egiñ zioten eta orotan oihu egiñarazi zuten. Populuak milla alegrentziazko irrintzinaz ihardetsi zuen. Aztarbek entzun zituen jauregiko zolatik, zeiñetan sartua baitzagoen bere Joazar galdu eta tzarrarekiñ. Hura, Pigmalionen denboran zerbitzatu izan zuten gaixtagiñ guziek orduan debalde utzia zuten, ezen gaixtagiñak bere lagunen beldur dira, hetaz mesfida dira eta hek indarretan ikusteko lehiarik ez dute. Gizon galduek ezagutzen dute zeiñ gaizki beren lagunak nausitasunaz balia laiztekeien eta zer laitekeien heien muthiritasuna. Baiñan prestuak hobeki onhesten dituzte gaixtagiñek, zeren igurikitzen baitirabedere heien baithan eztitasuna eta barkhua edireiteaz. Etzen gehiago Aztarberekiñ gelditzen haren gaixtakeria izigarrienetako lagun bakar batzu baizen eta zeiñek urkhabeaz bertzerik ez baitzuten igurikitzen ahal.
Jauregiko sartzea bortxatua izan zen. Gaixtagiñ hek etziren indar hainitzen egitera menturatu eta ihesari eman zuten. Aztarbe, gathibu arropan, nahi izan zen jende multzoan nahasi baiñan soldado batez ezagutua izan zen. Hartu zuten eta ez erraxki baratu populua oldarrean haren puskatzetik. Jadanik lohian herrestatzen abiatu zuten. Baiñan Narbalek jende xehearen eskuetarik athara zuen. Orduan galdegiñ zuen Baleazarri mintzatzea bere edertasunaz haren ilusitzeko irritsean eta siñetsaraziko ziolakoan agerrituko ziotzala segeretu miñ batzu. Baleazarrek entzutea eziñ aitzakiatu zioen. Hasteko erakutsi zituen bere edertasunarekiñ eztitasun bat eta ahalkeria bat bihotzik hasarretuenen bentzutzeko gai zirenak. Lausengatu zuen Baleazar balaku xotilen eta sarkorren guziez. Erakatsi zioen zenbat izan zen Pigmalionez maitatua. Haren odolaz errekeitu zuen urrikalmendutan har zezan. Jainkoak errekeitu zituen, ziñez adoratu izan balitu bezala. Nigar zurrutetan urthu zen. Errege berriaren oiñetan ahuspez jarri zen, baiñan gero etzuen deusere ahantzi nabarmen eta higuiñ eragiteko haren zerbitzari ziñenen guziak. Hogena eman zuen Narbali, Pigmalionen kontra ixilka destatzen ziren batzuei esku eman ziotela eta bermatu zela jendeen eskuratzen Baleazarren bidegabetan errege jarri nahiz. Erran zuen oraiño printze gaztea pozoatu nahi izan zuela. Gisa bereko gezurrak asmatu zituen berthutea maite duten bertze Tiriendar guzien belzteko. Igurikitzen zen Baleazarren bihotzean edireitea haren aitaren baitan ediren zituen bekaizgo eta aiheru berak. Bainan Baleazarrek ezin gehiago jasanez emazte haren barneko belztasuna, solasa trenkatu zioen eta deitu zituen guardiak. Zepoetan ezarria izan zen. Agude zuhurrenak ezarriak izan ziren haren egitate guzien ikartzeko.
Aborrimendurekiñ ezagutu izan zuten Aztarbek Pigmalion pozoatu eta itho zuela. Haren bizi guzia agertu izan zen egitate izigarrienezko segida bat. Haren kondenatzera zoazen suplizio batetara zoiñtaz Fenizian gaztigatzen baitituzte gaixtakeria handienak. Hura da su eztiz emeki emeki errea izaitea. Baiñan Aztarbek ezagutu zuenean etzitzaiola gehiago deusen peskizarik gelditzen, ifernutik atharatzen den Fulia baten pare jarri zen. Iretsi zuen pozoiñ bat bethi berekiñ zabilkana bere buruaren hillarazteko oiñhaze luzeak jasanarazi nahi balin baziotzaten ere. Haren zaiñ zaudenak ohartu ziren oiñhaze samiñ batean zegoela. Laguntza zerbait nahi izan zioten eman baiñan hark etzioten nahi izan behin ere ihardetsi eta keiñu egiñ zuen etzuela laguntzarik nahi. Samurrarazi zituen jainko zuzenez aipatua izan zitzaioen. Erakutsi behar bidean haren hogenek merezi zuten ahalkea eta urrikia, zerurat begiratu izan zuen begitarte arbuiagarri eta ozar batekin jainkoei eskarnio egiteko bezala.
Errabia, herioa eta jainkoen kontrako lehia haren begitartean irazkiak ziren. (...) Haren propitasun guzia histua zen. Haren begi iraungiak buruan nahasiak zabilzkon eta so basa batzu ardikitzen zituzten. Ikara batek dardaratzen ziotzan ezpaiñak eta idukitzen zioen ahoa izigarri zen bezaiñ zabal. Haren begitarte guzia ethendua eta hertsatua ihakiñ izigarri batzuetan zagoen. Ubeldura belz batez eta heriotzeko hormaduraz josiak ziren haren alderdi guziak. Bizten zela aldi batzuz iduri zuen, baiñan etzen uhuria batzuen egiteko baizik. Noizbait hatsa ardiki zuen, hura ikusi zuten guziak ikaratuak eta laztuak utzirik. Jautsi zen duda gabe haren arima beltza toki ilhun hetara non Danaida gaixtoak bethi urez bethe nahiz hari baitira untzi zilhatu batzu; non Ixionek bethi errota bat biratzen baitu; non egarriak ithoa, Tantalek eziñ irets baitezake haren ezpaiñetarik ihes egiten duen ura; non Zizifek alferretan goititzen baitu bethi beherera erortzen zaion harri bat; non Titiak aztore batek jaten bethi hautemanen baititu bethi erreberritzen zaizkon gibel errai batzu.
Baleazarrek, gaixtagiñ hartarik libratu ondoan, milla sakrifizioz jainkoei eskerrak bihurtu ziotzaten. Bere erreinua hasi du Pigmalionen gobernuaz ez bertzela. Tratua gerotik gerora iraungitzen hari zen. Destatu da haren altxatzera. Narbalen erranei begiratu izan da egiteko miñenetan eta bizkitartean ez delarik haren eskudantziaren azpian jarri, ezen gauza guziak bere begiz ikusi nahi ditu. Guzien erranak entzuten ditu eta hoberena iduritzen zaionari begiratzen da gero. Guziez maitatua da. Jendearen bihotza izaitearekin, badu aitak bere diru-gose krudelaz bildu zuen baiño ontasun gehiago, ezen ez da etxerik bere izaite guzia eman ez lezokeienik baldiñ behar miñ batean gerthatzen balitz. Holetan Baleazarrek uzten diotena bereago du ezenetz khentzen balezote. Ez du zeren bere biziaren segurean idukitzeko konturik hartu, ezen bere inguruan du guardiarik segurena, zeiña baita guzien amodioa. Ez da haren azpikorik hura gal beldur ez denik eta bere bizia mentura ez lezakeienik haiñ errege onaren begiratzeko. Zorionean bizi da eta guziak harekiñ batean zori onean bizi dira. Beldur da bethi sobra bizkarkiñ izan dediñ eta aldiz jendea beldur da ez diola bere ontasunetarik aski zathi handia eskeintzen. Nasaizian uzten ditu eta nasaizia harek ez ditu ez bihurri ez ozar eragiten ezen langileak dira, tratuari jarraikiak eta sendo lege zaharretako garbitasunaren begiratzen. Fenizia ikhan da botherezko eta ospezko heiñik goreneraiño. Bere errege gazteari zor diotza hanbat zorion.
Narbalek haren azpian manatzen du. Oi Telemake! Orai ikusten baziñtu zer bozkalentziarekiñ etzintzazke dohaiñez betha! Zer ez laite haren atsegiña zu zure sorlekura osperekiñ igortzeaz! Ez ote naiz bada dohatsu egiteaz hark berak egiñ-ahal nahi lukeiena, eta Itakara goateaz tronuaren gaiñean ezartzera Ulizen semea, han erregiña dediñ amoreagatik Baleazar Tirren egiten den bezaiñ zuhurki?
ZAZPIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
|