DENBORAREN GAINEAN IKUSPENA
Heriotzearen ondorioetara gabe, aphur bat trika gaitezen begiraldi baten ematen denboraren laburtasunari; ikus dezagun merezitzeko orduak nola diren akhabatzen. Oi eta zeinen den iraupen laburra! Azkeneko hatsa emanez geroz, iraungi da ja azken ephea. Ah! lehenxeago bazen!
Ephe hori nola behar nukeen probetxutan ezarri! Zenbat denbora galdu izan eta galtzen dudan oraino! Zeinen guti prezatzen dudan! Norbaitek esku eman balezat ahal dudan urhe guzia meta batetarik hartzeko denbora labur batez, ai nola astirik galdu gabe berma naintekeen! Eta are hobeki oraino, denbora labur hura noiz akhabatuko den ez baneki! Eta zer! Jainkoak salbamendurako ematen darotan denborak, gutiago balio othe du, ezenetz urhe pozi baten biltzekoak? Badakizu zer duen balio Jainkoaren denborak?
Zure arimari galde egiozu, heia heriotzeko ordu hestuan, munduko ontasun guziak baino, oren laurden bat gehiago ez othe lezakeeen estima. Gutiagoan irabaz edo gal daiteke zerua. Denbora prezios hunetarik aphurtto bat ere ez galtzeko, oi zer ardurarekin nik behar nukeen ibili! Jesu-Kristok dioen bezala, egun argia duguno ibil gaitezen.
Denboraren izpi bat galtzen badut ere, eternitate guziko hori galdua dut. Denbora galduaz edo nere hutsaz izan dezaket damu; bainan denbora galdua, galdua bethiko gelditzen da; horrez ezin gehiago balia. Iraganeko denbora iragan zen. Ethorkizuna eztago nere eskuan. Oraiko ordua da nerea. Hunetaz baliatu behar dut; ezen lotan eramaten badut, atzar naiteke ifernuan. Oi nere Jauna handia, zuri nago. Nere ondikozko urthe iraganak ahantz bekizkitzu. Nere hoben handia barkha dizadazu. Oraiko denboraz eternitateko ospearen irabazten lagunt nezazu.
|