|
HERIOTZEAREN GAINEAN
Lehenbiziko ikuspena
Gauza jakina eta segura zer da, ez bada heriotzea? Bizi diren guziek bizia zor! Hil behar! eta nik hori ahanzten, eta ni bizi, behinere hil behar ez banu bezala! Jauna, zuk gizonari erran zineroen: Hilen haiz. Eta horrengatik ere, nere bihotza lurreko gauzetan sarthua dago, zeren utzi behar ez banitu bezala begiratzen diotedan. Oi! eta zeinen itsu hunen gainean bizi izatu naizen! Oi nola zoratua, iduri zor handi horretarik, bertze nihor ez bezala, salbu geldi naitekeela. Bainan hil behar! Oi egia soberatua! Etorriren da ordua, non eguna hasiko baitut, eta gaurik ez ikusiren; edo gaua hasi eta egunik ez argituren neretzat. Etorriren da ordua, non arima hau irazia izanen baita gorphutz hunetarik, eta hau hil-hotza, itxura-gaiztua, bizi direnen izigarri. Oi ordu latza! Zer ikhara ematen darotan! Eta huni ezin aitzakiarik eman, ezin itzur, ezin ihes-egin.
Zertako bada, oi nere bihotza, josi nahi duzu gaur, bihar utzi behar dituzun gauzeri? Zertako bada estekatzen zare diruari, egun bateko ontasunari? Zertako horrela jartzen zare zure galpeneko mentan? Hemengo prezuek, ohoreek, zer esker dute bada hil behar duenarentzat? Zer dohako ala erran dezaten: Ongi dena da; ala eras dezaten: Gaizki dena da? Zer dohakizkit niri hemengo erran-merrana? Hil behar dut, hil behar! Hori da egia handia, gizonen elheek mudaturen ez dutena. Zertako bada gizonei eder iduri-araztea-gatik, nekheari eta borrokari emanen natzaiote? Ezen hekien hitzak, heriotzeko orenean, zer baliaturen zeraizkit? Oh! dena den bezala nihork iduki baleza! Oh! izari zuzenean izar bagineza! Gauza guziak, behar bezala, nihork preza baletza! Zerukoak, zeruko bezala, lurrekoak lurreko, gezurrezkoak gezurrak bezala, egiazkoak egiak bezala. Ah! orai, ordu hunetan, herioak arima idokitzen balerot, zer erran nezake munduko ohore eta ontasun, nere bihotza lothu eta iduki izan duten hekientzat?
Hain gora prezatu gauza hek, suntsituak; khe aphur bat, eta dena ere haizatua. Oi nola neronek kondena nezaken nere erhokeria! Noiz artean, bada, noiz artean ibiliren naiz hanpuruskeria ergel batzuetan burtzoratua? Noiz sarthuren naiz adimendutan? Noiz utziren ditut on eta ontasun gezurrezko guziak oin-azpian zaphaturik? Zer! hemengo itxurapen eder pozi baten-gatik, eternitate guzirako galdu behar othe dut nere arima? Suntsituz dohan lanhoa-gatik, ni horrela galduren othe naiz? Haizezko eta haizeak deraman jendarteko espantu zerbaitek balio othe du neretzat nere salbamenduak baino gehiago? Eta zenbat dohakabe ifernuan, horreletan galduak! Niri orobat gerthaturen othe zait? Ikusten dut eta ezagutzen hemengo onak lasto-ilhaun batzu direla, eta mundutar bizia, zoraldi bat. Horra nere gogoko berria, eta horra zer erraiten dudan askotan. Eta halarik ere nik ez arnegatzen, eta behar den bezala uztera hasi ere ez naiz. Iduri du erhokeria odolean eta bihotzean sarthua dudala, eta nerekin bat egina dagoela.
Bigarren ikuspena
Oi Jaun guziz gainekoa, zertan naiz? Hil behar ez banu bezala bizi naiz. Noiz arteo nere burua egonen da makhurtua lurrera? Oi dohakabetasunaren handia! Munduko errankizun, jainko gezurti hau, noiz lurrera eta oinpera eragotziren dut? Ai Jauna, deusetako ez naiz; naizen guzia herbala eta nagia! Zugana begiak altxatzen ditut. Lagun nezazu, gal ez nadientzat. Jesus ona, zure begi urrikalmendutsu horiek bihur zatzu nere gainera. Ez dezazula onhets munduko haizeak neraman berekin. Zu, zure Aitaren xedeari jarraiki zinen; gizonen errankizuna ez deusentzat iduki zinduen. Horigatik, laidotsuki, bi ohoinen erdian, gurutzean hiltzera ethorri zinen. Mundua aspertu zarotzun, zeren zintuen haren ontasunak arbuiatu. Ai eta ni, bere saretan bildua nagoka. Jauna, haukien trenkatzeko, indazu othoi indarra eta behar den grazia.
Zuretzat egin izan ninduzun, Jauna, eta zurea nahi dut izan. Ai ordean! mundua sarthua da ni baithan. Hau bihotzeko gaztelutik ataratzeko, zure beso hazkarreko indarraren beharretan naiz. Laguntza, Jauna! Nik zurekin batean etsai huni heriotzeraino jazarriren diot. Haize huts eta ergelkeria dire lurreko ohore eta estimu guziak. Nere hil-ordu latzaz orhoituren naiz bethi. Orhoitzapen horrek khetan igorriren ditu munduko ontasun liluratzaileak. Zer dire bada gizonek aiphatzen dituzten edertasun eta gozoak, baldin lurrari eman behar badiot nere gorphutza jatera? Zer balio du bizia iragaitea gorphutz ustel baten aphaintzen eta mainatzen? Haragiaren zerbitzatzen bizi bazarete, hilen zarete, dio jaun done Paulok; bainan izpirituaren indarrak azpikotzen baderozkitzue haragiaren egintza eta zalekeriak, orduan biziko zarete. Behar dut beraz, edo haragia zerbitzatu eta bethiko hil, edo haragia zebatu eta bethitan bizi. Bietarik bat dut hautatzeko.
Haragiaren atseginak dira laburrak eta ephe gutiko. Eta horren arte gutiko atsegin itsusi baten-gatik, nik galdu nahiko othe dut bada? Non da adimendua? Ai eta, nere bizian nik zer egin dut? haragia zerbitzatu! nere arima galdu! Eta gehiago dena, orai ere haragia zerbitzatzen, huni maina egiten! Bihotz! beraz, bihotz eta indar! Zeruko erreinuak bortxa nahi du, eta bortxa egiten diotenek, daramate. Heia, nere arima, laster utzi behar duzun gorphutz huni bortxa egiozu. Begira ephe guti duzula: bortxa egiozu. Begira ifernura zeramazkiela: bortxa egiozu. Begira zeruko zoriona dihoakizula: bortxa egiozu gorphutzari. Oi nere Jauna, zu zaren ona-gatik, indarra othoi indazu. Horrekin nik hemendik aintzina haragiari eta bere zalekeriei gerla bizia eginen diotet. Orai ezagutzen dut ongi haragia nere etsaia dela eta hunen adiskidetasuna maltzurra dela. Bainan, Jauna, gauzarik errexena, zu gabe ezin badut, zer eginen dut hestura gaitzen hunetan? Jauts bedi beraz zure botherea, nik bethi egin dezadan zuk atsegin dukezuna. Amen.
Irugarren ikuspena
Sortzea bezain segur hiltzea, eta badakit. Bainan noiz, non edo nola, hori ez da nere jakineko. Ikuspen hau hasten dut, eta ez dakit bururaturen dudanez. Goiz ala berant joko nauen herioak, hori nik ezin erran. Nik dakidana da, aphur bat ere seguraturik ez dudala. Jesu-Kristoren egia eta jakintasunak berak erraiten darot: Nagoela begira, ezen heriotzearen ez egunik, ez ordurik ez dakidala: ohoin baten pare, gutien ustean, lotan edo grina gabe nor-bera dagoenean, ethorri ohi duela. Egia hau entzutean, nor ikharatzen ez da? Eta nor axola gaberik egon daiteke? Eta nola nago bada abiatzeko, eginbideei lothu gabe? Nola nago, zerua eskuetan banu bezain gozoki?
Gauza izigarria! Hunela heriotzeak orai baino lehen hartu izan banindu, asko gazteago hartu izan dituen bezala, zer izanen zen nitaz? Eta nere bekhatuen erdian harrapatu banindu, zer izanen zen nitaz? Ni solasean eta farraz, eta bekhatuz bethea! Eta lo egiten soseguz deusik ez balitz bezala! Jainko botheretsua nere kontra hasarreturik, eta ni farraz edo lotan! Jainkoa bere ezpata majinatik atararik, ja niri ukhaldi ematera abian, eta ni grinarik gabe! Ja ifernuan hondatzeko zorian ni, eta debruak niri bultzaka, eta ni axola gabe! Jauna, zure ukhaldia aurthiki bazindu, zer izanen zen nitaz? — ifernu zabala, guzia garretan dagoena!...
Zer ez darotzut zor, Jauna, zure miserikordiagatik? Ni zure etsaia, eta zuk ez nauzu gaztigatu! Ez gaztigatu, baizik ere deithu, ohart-arazi, mainatu. Oi! benedikatua bethiko izan zaitezila. Zure ontasunaren handia ezagutzen dut; goresten dut nere eginahal guziaz. Ez behin, bainan askotan iguriki nauzu, eta zor handienetan nago zure alderat. Oi urrikalmendu ezin-bertzezkoa, zer galdegiten duzu ni-ganik? Jakina da eta badakit, nere Jabe maitea. Zuk nahi duzuna da, nere arimaz artha har dezadan, eta hiltzeko bezala bizi nadien. Gauza zuzena manatzen darotazu. Hunetan ikusten dut zenbat dihokidan zure manua bethetzean, bizitze hobe bat eramatean.
Biziko naiz beraz herioaren ukhaldia begiz dagokatala. Bethi ordu haren zain egonen naiz. Lotan ere beldur hori bihotzean idukiren dut. Jauna, zure urrikalmenduak asti eman darot: penitentziaz eta damuaz baliotan nahi dut ezarri. Gogotik utz zazu nere aintzineko bizitze galdua; zure laguntzarekin batean, bizi berri bati buruz abia nadientzat. Nere lehiei bethi gogor eginen diotet, heriotze on bat bilhaturen dut, haren bidean jarriko naiz. Bizi nahi dut hala nola bihar, egun, orai berean hil behar banindedi. Hau hunela egin baneza, zer zoriona! Nola lagunt nintzakeen lurreko gauzetarik berezten nere bihotza! Horiek, gaur, bethiko utzi behar banitu bezala, bizi banintz, zer dohatsutasuna! Hau egin dezadan, Jauna, eta orai arteo bezain itsu ez nadien izan, halabiz! halabiz!
Laugarren ikuspena
Heriotzeko ordua jakina ez bada ere, bizia laburra dela badakit. Gaztetan gehienik arrantzatzen herioa; gutiak heltzen hirur-laurhogoi urthetara. Emanik ere ehun urthe edo gehiago, guzien buru azken egunak argituko du. Bere lerroan heldu da egun hura. Ez dezadala ahantz; hobe baizik ez dut ardura orhoitzea. Nork daki, bat-batean begiak ilhundu, eta oharkabean hilen ez nauen? Ai! eta nor hunetaz ikharatzen ez da? Zer gaitzek atzamanen nau? noiz? nola? Nihork ezin erran. Ala tiro batez, ala urean, ala gaitzak bet-betan ezagutza khendurik hilen naizen, nihork ezin erran. Jauna, begira nezazu oharkabeko heriotzetik.
Ematen dut biziko naizela ehun urthe, eta horietan nahi den ontasun, gozo, atsegin izanen dudala, eta guziak nekhe eta arrantzerik gabe. Ematen dut ehun urtheak iragan ondoan, azken gaitzak nere baithan eta ezagutza osoan utziko nauela. Denbora nola dihoan, hala heriotzeko ordua heldu da; eta atzar! hemen da, orantxe da. Oi zeinen indargabe, zeinen khabu gutirekin aurkhituren naizen! Begiak hondatuak, izpiritua tontotua, guziak ahantzia; ja oinak hoztuak, bihotza ttipitua, minez eta barreneko nahigabeez hestutua; eta heriotzeko izerdi hotzak ematen darot. Etxekoak heldu dira, begitarte erori tristean. Nere begien iraungiduran ikusten dute, berehala hil behar dudala. Laster, laster, diote; anontzioa! anontzioa! Herresakan heldu da Jainkoaren ministroa. Olio sainduarekin ukitzen ditu nere begiak, erraiten duelarik: Gantzudura saindu hunetaz eta bere miserikordia urrikalmendutsuaz, Jainkoak barkha dietzatzula begiaz eginikako bekhatuak. Eta orobat bertze hatzetan. Amen diote guziek. Eta nik ere, ahal badut, ihardetsiko dut Amen. Gero hasiko dira hiltzerako othoitzak. Gai balin-banaiz, ihardetsiko dut nik ere. Bulharrak hantu zaizkit eta hestutu, eta jadanik hatsik ezin hak dezaket. Ezko benedikatua bizten dute; gurutzefika eskura ematen darotate; eta nik ezin iduk, eta bertzeek lagundu behar. Gaitzak, ikharrak, itho nahiak ematen darotate alde orotarik. Ukharaietan olha bilhatzen darotate beilariek, eta ezin kausi. Ikusten dut nereak egin duela, aphur baten buruko zendua izanen naizela.
Hestura gaitz hunetan gogoratzen zait: Gaur eta orai Jainkoaren tribunalean agertu behar dut; gaur, berehala, nere biziaz kontu eman behar dut: eta bethiko salbamendu edo kondenazioneko sententzia, erremedio gabe hartzera noha. Ai nere zoria! Nere iragan biziaz, zer idurituko zait orduan? Zerentzat idukiko ditut nere zalekeriak, ohoreak, handi-nahiak? Ikhusiko dut, hoien gura eta hoien bilha ibili izan naizela, eta hoiek gerla gorria egiten darotatela. Ai, zertan iragan izan dut nere bizia? Eta iragan guzitik orai zer gelditzen zait niri? Deuserez onik. Behintzat goan dire gozoak. Bainan berhatu dire arrangurak eta hiramenduak; latzak dire eta garratzak. Gorphutzekoak hain handiak diren arren, arimakoak oraino askoz dire handiagoak. Hori da nere bizitzetik atara dudan irabazia. Eta horiek guziak deusik ez litazke, bethiko galpenera ez banu kondenatu nere burua.
Non nuen adimendua? Jainkoak eman zerotan bizia, eta nik bilhatu heriotze bethikoa. Zenbat aldiz ohart-arazia izatu naiz, eta nik tapatu beharriak. Jainkoak zenbat mandatu ixil bihotzera, zenbat gogaramendu on izpiritura, eta nik berariaz guziak bazterrerat, eta hekiez ardurarik ez. Zer! ez othe nakien bada hein huntaraturen nintzela. Bai elki. Ai nere adimendugabea! Zer zorokeria ! atseginkeria labur baztu-gatik, hautatu ditut bethiko oinhazeak; ohoreen khea-gatik, ifernuko khe beltzak! Eta bethi iraunen duten suak, nola jasan behar ditut nik? Nola horri ez natzaio begiratu? Edo nola itsutu dut nere burua? Nola herioa bezalako gauza izigarriak, ez ninduen ikharetan ematen? Nola su-gar bethikoek beldurra hezurretaraino sartzen etzerotaten. Askotan irakurri, entzun, aditu, edo gogoan erabili nuen; askotan, nere onerako, Jainkoak bere hitzak eman zeroztan. Bainan nik farra eta iroi bihurtzen nioen. Bada, orai zer eginen dut nik? Ai nere Jainkoa, zer dohakabetasunetan naizen!
Bortzgarren ikuspena
Nere galetsi hestu hunetan, alde orotara ematen dut begia; bihur-biderik nihondik othe denetz bilha nabila. Oi arima nerea, ongi begira dezagun goiti eta beheiti, bazter batera eta bertzera, iragan denari eta ethorkizunari eta oraiko aldarteari. Ai eta zer ikuskari auhendagarriak! Alde guzietarik nekhea eta alde guzietarik nahigabea. Goiti begiratzen badut, ikusten dut Jainko bat hasarretua, beso bat altxatua ene jotzeko. Jainkoa ikusten dut nere kontra dena erresumindua. Guziz zuzena den bezala, aria soberatuz samurtua da, egin diotzadan irain itsusiak-gatik, eta zeren arbuiatu ditudan hanbat ontasun, urrikalmendu, ongi eta bertze laguntza.
Beheiti begiratzen badut, agertzen zait leze izigarri beltz bat, eta haren zolan ikusten ditut su-garrak khalda bizian, eta debru muthiriak, ni beren aztaparrez atzaman nahiz hari direnak. Ezker-aldera begia ematen badut, ikusten dut bertze hainbertze debru, galetsi hunetan hestutzen eta ikharatzen nautenak, diotelarik, gaizki bizi izan dena, ez dela zuzen ongi hil dadien; eta han daude landatuak, nere arima gorphutzetik atara orduko, berekin ifernura eraman nahiz. Eskuinera itzultzen banaiz, aingeru sainduak, Jainkoaren mandatariak, han daude. Bainan hekiek ekharri mandatuak, hekiek eman asmu onak arbuiatu izan ditut; eta hekien ikusteak ere lotsatzen nau.
Iraganeko nere bizia begietaratzen badut, ikusten dut dena lohiz, bekhatuz, Jainkoaren damuz eta hasarrez bethea. Nere lehengo gurak, oinhaze eta erresumin bilhakatu dira. Oraiko orduari begiratzen badiot, huna non hiltzen hari naizen: gehien prezatzen nituen gauzak, ontasunak, adiskideak, deus etzaizkit baliatzen. Ethorkizunari begiratzen badiot, kontu hertsiak eta eternitate guzia dut aintzinean. Eta ezin gibelera bihur, eta naizen heinean ere ezin geldi. Ai zer hestura eta zer alhadurak! Zer heriotzearen minak eta ifernuaren beldurrak!
Bainan, Jauna, zorionean utzi darotazu oraino nere osagarria eta zugana itzultzeko ephea. Hunetaz baliatu nahi dut lehen-bai-lehen. Eta zu, arima nerea, heriotzeko ordura heltzean, nola nahi zinduke bizi izatu bazina? Zer penitentziak eginik? Jainkoaren gauzei nola begiraturik? haurretik zahartzera, gogoeta, hitz eta obretan nolakoa izanik? Bada orai egizu orduan nahi zindukeena. Heia beraz, bihoaz ni-ganik, eta bihoaz ordu gaixtoan lurreko lehiak, eta ethortezela zerukoak. Zoazte urrun, ohore eta hanpuruskeriak, atsegin eta lohikeria itsusien lehiak. Zoazte, ontasun-gose eragabeak. Hoien orde, ethortezela Jainkoa ganako lehiak. Munduak, nahi duena erran beza; nahiz zuhurra, nahiz zoroa naizela. Mundua eta mundukoak neretzat hil beitez. Heriotzeko orduan nahiko dudan guzia egiten has nadiela. Oi! herioaren mirail egiatian ongi begiratzea, zeinen den premia. Ezen, egun, nere hauzoak hartan ikusten baditut, bihar ez othe zait nere burua agerturen? Hau da beraz nere egiteko handia. Oi nere Jauna, indazu arren hunen ongi bethetzeko zure grazia. Ez dezadala izan ez hitz bat, ez gogoeta bat, ez egintza xiki edo handi, non ez den heriotzeko orenean nahi nukeen bezalakoa. Guziak izan ditezela, orduan nahiko nukeen eta zure xedearen araberakoak.
Seigarren ikuspena
Azkeneko egunean, khexadura guzien erdian, hiltzeko ordura ethorria banintz bezala, begiraldi berri bat eman nahi diot hestura gaitz huni. Ai! orhoitzapenak berak ikhara ematen du, zer izanen da bada arte hartarik iragan beharko denean? Zer gogoeta izanen dut orduan? Orai hain errezki galtzen ditudan oren hautarik baten-gatik zer eman nezake orduan? Ezagutza khamusten zerait, zangoak hormatzen. Nere ingurukoak othoitzean hasten dira, bainan ni ezin jarraiki. Bihotza belzten zait. Ohartzen naiz arima berezten hari dela gorphutzetik eta badihoakidala.
Arima hortzetan dagokat; ahalaz idukitzen dut nere biziaren azkeneko gauza bezala. Nekhe handi hunetan, kredo baten erraitera egiten dut, eta niholere ezin! Ai arima gaixoa, zer izatera doha zutaz? Alde batetik daude aingeruak, bertzetik debruak. Ai! zeinena geldituren zare? Eta nik borroka horretan ikusi behar dudala nere burua! Ah nere Jaun urrikalmenduz bethea, utz diezadazu nigarretan urtzeko astia. Oi nork ez lituzke marraskarik minenak, iragan biziaz nigar egiten duenean. Orai hartu behar dut asti hori, ezen heriotzeko orenean ez duket. Orduan credoa hasi, eta akhabatu ezinik, azken hiru hatsetarik lehena hestu-hestua emanen dut. Ai, bekhatore dohakabe galdua! Are hestuago bigarren hatsa. Hainbertzenarekin, nere bizi guzian egin ditudan ongi eta gaizkiak oro begien aintzinean jartzen zeraizkit. Zeinen kontu-gabeki bizi izatu naizen, eta zer kontu hertsia emateko! Azkeneko hatsa ematen hasten naiz. Oi aphur! oi pontu! oi mementoa! Oi denboraren hertskuntza! Merezien edo desmerezien akhabantza! Oh! hunetan arima ataratzen zait. Oi memento, eternitate guzia dilindan dagokana! Oi memento, sekula guziko mendeak ondotik dakharzkana! Ai! ai! Jesus! Jesus maitea! Nola aurkhituren naiz ordu hartan! Justua nekhez salbatzen bada, bekhatore hunetaz zer izanen da?
Hau guzia badakit aspaldian; entzun eta ikusi dut. Eta ororen-gatik iduri du gogortua eta mokhortua nagoela. Hunelako ikuspen borthitzenek ukirik ematen ez narote. Eta bizkitartean, begietan ongi harzen balirade, nor bizitze on batera bil ez laiteke? Nor ongi hiltzeko eginbidetan jar ez laiteke? Nori hunek bortxa egin ez lezoke? Eta bada niri zer egiten darot? Nola orai beretik ez naiz bizi hila banintz bezala? Heia bada, behin edo behin akhaba beitez nere erhokeriak. Nere gogoki sendokeriak, nere handi-nahi, jaki-nahi, estimu, atsegin eta zalekeriak, bertze asmu ahulekin begode bethikotz. Nere Jainkoa nahi dut eta haren xede saindua. Hil bedi gainerako guzia, eta gainerako guziarentzat hil nadiela. Jainkoa bakharrik nere bihotzean bethi bizi dadien, halabiz.
Ama birjinari othoitza
Andre guzien artean benedikatua zarena, gure Jainkoaren Birjina Ama maitea. Nere arima gorphutzetik ilkhi dakidan baino lehen, nere azkeneko iragaitza lotsagarria gomendatzen darotzut ahuspez. Munduko itsaso nahasi hunetan, zu zare hain izar ederra. Nere ekhaitz eta galmenta handien hunetan, laguntza othoi egidazu. Peskiza eta gozakari guzien Ama, ordu hertsi hunetan, nekheaz eta arduraz tinkatu izanen naizen orenean, hatsarte eta kontsolamendu eman dizadazu. Nere etsaiek, ephea akhabatzen zeraiela ikusten dutenean, ene hestutzera eginen dute, ezagutzaren galaraztera eta berekin hondaraztera. Arren ordu latz hartan lagun nezazu, eta etsai gaixtotik begira.
Ama guziz saindua eta urrikalmenduz bethea, izan zaite horrelan nere alde. Oraitik ordurako ematen darotzut nere arima. Bihotz guziaz, sinheste eta esperantza osoaz gomendatzen darotzut. Zuk zure gerizan hartzen banauzu, segurean naiz ordu beretik. Othoi beraz, ni bekhatore hebaina, zure hegalaren azpian har nezazu. Zorionik handien hau galdegiten darotzut, Jesus zure semearen izenean, Jaun done Josepe zure senarraren izenean, Jaun done Joakim eta Andre dona Ana, zure burhaso maiteen izenean. Ardiets dizadazu zu zeruetan ospatzeko grazia. Amen.
|
|