|
BEKHATUA ETA BERE ONDOREAK
Lehenbiziko ikuspena
Oi zeinen ederrak ziren aingerua, Jainkoak egin zituenean! Eta zeinen itsusi gelditu ziren bere bekhatuaren ondoan! Zeinen dohatsuak lehen! Zeinen dohakabeak gero! Nola utziko du arima bat bekhatuak? Aingeru hek bezala, itsusi eta dohakabe. Ai eta, arima nerea, nolakatua zare geldituren, zu, hainbertze bekhatu eta hain handiak egin dituzuna! Zeinen urrikalgarrizkoa den zure zoria! Debruaren gathibu eta bethiko oinhaze garratzen aiherretan jarri zare. Oi zeinen ederra zinen, grazian zinaudenean, eta zeinen beltza horrela lohiztatu zarenaz geroz! Zergatik galdu duzu zerua? Zergatik jo duzu ifernuko athetan? Aingeru gaixtoei nahi izan duzu jarraiki; ai! lotsa zaite hekien zorigaitzaren beldurrak ikhara zaitzala!
Jakizu dohakabe hek oinhaze bethikoetan daudela; ez sesurik, ez erreparurik hekientzat ez daitela. Eta berek diote zure zeletan eta barrandan daudela, zeren nola hobenean hekien lagun izan zaren, hala gaztiguan izan beharko duzula. Su handi hekietan zure tokia berezia darokate; eta hori, zure nahitara, zeren bekhatua, oharrez eta deblauki nahasi baituzu oinaz eta eskuaz, eta gorputz guzia lohiz estali baituzu. Deihadarrez nagozu, oi nere arima dohakabea. Begira, guardia norat hari zaren hola. Faltsoan zoazi; guardia ifernuko lezera eman ez dezazun. Aditzen ez duzu? Hain gorra zare bada? Oi zeruko aingeru eta sainduak, deihadar nere arimari, egiozue deihadar. Ai! hondatzen hari naiz! ithotzera noha! zeruetako Erregina, lagunt zakizkit. Nere Jesus maitea, heda dizadazu zure esku ezti botheretsu hori. Zato, nere Aita, nere Jauna, zato, hel zakizkit.
Mintza zaite, Jauna, hezurren barneraino sar dakidan zure larderia; erna nadientzat, eta bekhatuan tontotua atzarri gabe hil ez nadien; ifernuko putzuko atheak herts ez ditezen nere gainera; sekulako, bihurbiderik ez den bezala, gal ez nadientzat. Jaun done Petriri heldu zinioen esku bera indazu niri ere, altxa nadien bekhatuzko ohe hunetarik. Nere dohakabetasuna hain da guzizkoa, non ez baitut kasik senditzen, eta kasik sendimendurik gabe galdatzen baitut zure eskua.
Jauna, horrela tonto eta sorhaio zure bidetan nago, bainan ez munduarenetan. Ithotzen hari banintz urean, zer oihu-marraskak egin netzakeen. Zer bada! ifernuko itsaso ondargabea, ikharagarriagoa ez othe da? Eta hor bethikotzat hondatzeko mentura? Ez othe naiz jadanik ehortzia eta ithoa nere bekhatuetako putzu itsusi, leze izigarrian? Eta orai, zer egin dezaket? Deihadar, deihadar! bihotzeko indar guziaz. Ahoa nekhatzen bada-ere, bihotza ez da nekhatuko. Bihotza urthu eta desegin artean ixilduren ez naiz. Salba nezazu, Jauna, salba nezazu. Nere hobenen putzutik atara nezazu, debruak bezala ifernuan honda ez nadientzat. Nere lokharriak hautskitzu; Jauna, eta etzaitut gehiago damuztaturen; munduko gauzengatik, ez naiz gehiago galtzeko bidetan sarthuren. Oi Jesus, izan zaite nere salbatzailea: zu baithan darokat nere esperantza guzia.
Bigarren ikuspena
Jauna, gaitzets duzu bekhatua: hain ederrak egin eta dohain guziez aberastu zintuen aingeruei etziniotzen barkhatu beren bekhatuagatik. Zer izanen da bada nitaz, baldin azken burua bekhatutan aurtkhitzen banauzu? Jakina da barkhaturen ez darotazula. Eta kreatura hain goretan, gaztigu hain harrigarria ikusirik, nola ikharatzen ez naiz ni, lur puska tzar, guzia bekhatuz usaindua? Aingeruak hala kondenatu, eta nik zer ustekeria duket urrikariago izanen nauela Jainko zuzenak? Hoben asko ditut soinean; Jaunaren justiziako ezpata ja bihurtua da nere alderat. Oi zer ukhaldi izigarria! Debruek baizik, nihork ezin erran dezake nolakoa den hura.
Arima nerea, ai zure dohakabea! Ukhaldi hura bera, eta hasarre guziaz heldu da zure gainera. Bazter zaite, ihes egizu, ilkhi bekhatutik, bertzenaz jainko hasarreak harrapaturen zaitu. Bekhatua laster utzi, horrelako galetxitik eta atheka gaitzetik egizu harramaskan ihes. Bai, jauna, bai, nahi dut eman ihesari, eta hil lehenago ezenetz bekhatura bihurtu. Aintzinekoen barkhamendua eskatzen darotzut. Jauna, ez arren nere gainera eragotz zure hasarrea. Zure miserikordiari begira zozu, etez nere hobenei. Zure justiziaren hasarreari edekitzeko, Jesus zure seme maite gurutzean josiari begira zozu. Neretzat barkhamendu eske dogokizu. Ikhusazu zure semearen begitarte eder saindua, nere bekhatuez ilhundua. Ikuskari hunek maldatzen nau zure hasarredurako haizetik. Hartako begien aintzinean ezartzen darotzut. Zerorek hala nahi duzu, zeren eder zaitzun. Horrengatik bada, horren amoreagatik, eskatzen darotzut, jauna, urrikalmendu eta erreparu.
Hirugarren ikuspena
Ohoin batek bere lagunak gaztigatzen ikustean, eta are gehiago, bere ohointzak agertuak dituela dakienean, eta nihorat ezin ihes egin, zer ikhara ahal daukan bere baithan? Bada aingeru gaixtoetan Jainkoak egin duen gaztigua nik ikusi-eta, nola beldurtzen ez naiz? Eta are gehiago Jainkoak nere barreneko eta nere bekhatu gorde guzien berri dakielarik? Eta hari ezin ihes egin! hestura hunetan zer dut egiteko? Ai Jauna, badakit nere hoben guziez jakintsun zarela, eta nik hek egiten nintuenean, niri begira zinaudezila. Ez dut zeren ihes abia, norat eginen dut, Jauna, ez bada zugana?
Zure oinetan jartzen naiz ahuspeka. Jauna, nere bekhatuak konda ahal baino gehiago eta guziz handiak dira: bainan zure miserikordia handiagoa da oraino. Ez ahal darotazu aingeru gaixtoei bezala eginen! Urrikalmendu nitaz, Jauna. Diozu ez duzula nahi bekhatorearen heriotzea, eta bihurtzeko astia ematen diozula. Bada ni jabetzen naiz zure hitzaz. Zure hitza egiazko erregearen hitza da; lehenago galduren da mundua, zure hitzean zuk huts-eginen duzun baino. Beraz bethe bedi zure agintza; zure ontasun handiaren kariaz, osa eta bethe bedi. Eta baldin behar bezala konbertitua ez banaiz, arren konberti nezazu, eta erakuts dizadazu nola behar naizen zure gogarara oneratu.
Zu zare nere nausia, nola egin behar dut? Nola damua iduki? Nola erran zuri damu dudala? Bada, damu dut, miletan erranen darotzut, Jauna; damu dut bihotzetik, eta mil aldiz damu zuri egin arbuioaz. Oi ez banu egundaino bekhaturik egin! Zeren zaren hain ona, urriki dut zuri egin irainez, eta bethikotz uzten dut bekhatua. Lehenekoak desegitea nere eskuan balago, mila bizi galdu beharrik-ere, oi nola guzien desegitera lot nindakeen! Oh! damu eta olde hauetan, nork gogorturen nau ni? Jesus maitea, zuk gogor nezazu; indazu arren zure argia eta grazia, nere bihotzeko indar guziaz eta ahal daitekeen xederik garbienaz egiazko damu huni nik iduk diotzotan amoreagatik.
Guziengatik ezagutzen dut eskasegia dela nere damua. Haren orde, Jesus amultsua, ezarzkitzu zure amodioa zure nekhe eta oinhazeak; ezarzkitzu, nere bekhatuek zure bihotzean sartu dituzten arrantzeak eta uherdura kharatsa; nere eskastasuna bethe zazu zure sakrifizioaren handiaz. Hain higuintza barrena zinduen bekhatuarentzat, non, gaizaren-gaitzez, zure hesturan, nigarrak eta odola atara baitzitzaizkitzun. Eta zer? zuri nigarrak-eragin eta odola jauzarazi, eta niri nigar mulko bat-ere ez heldu! Zu nigarrez ikhusi, eta niri bihotza ez hautsi! Oi nere arima harritua, ikusten duzunean Jesus maitea othoitzean, odolezko nigarrak ixurtzen dituela, ez bere bekhatuak-gatik, bainan zureak-gatik, nola urratzen etzare? Eta hor zaude harri bat iduri!
Jesusen nigarrak eta odola harriak berak beratzeko gai dira. Baldin ur-xortak, harri baten gainera eroriaren-eroriz, hura zilhatzen eta desegiten badute, ez dut etsitzeko Jesusen odol preziatuak noizbait bedere beratuko duela nere bihotza. Bai, eta hartarakotz, Jesusen oinetara eroriko naiz, eta alde orotarik ideki nadien artean, ez naiz handik altxaturen.
Laugarren ikuspena
Oi zer kaltea arima bati ekhartzen dioen bere urguluak. Aingeru gaixtoak bezala, zerutik ifernura anbiltzen gaitu. Bekhatu hau, ni baithan othe da? Zeinen naizen beldur hanpuruskeriak gal nezan! Zorionik eta dohainik aski bazuten aingeruek; bainan horrengatik-ere humiltasunak eskas egin zioten. Bada, zer izanen da nitaz, baldin berthute hunek eskas egiten badarot. Bertze dohain eta graziak balin-banitu-ere, nik dakidana da, estimu eta ohore-gose naizela. Eta ni, Jauna, zutaz ahanzkor eta zure dohainez; eta nik hauetaz buruiope, nereak eta nere baitharik banitu bezala. Libra nezazu, Jauna hanpurustasunetik, zuk higuin duzun gaitz hunetarik. Indazu zure argia ezagut dezadan nere ez-deustasuna; indazu zure grazia bethi aphalgura izan nadientzat. Bada, ez balin-banaki-ere ala aphalgura, ala hanpurus naizen, ariarik aski banuke hanpurus naizela uste izateko. Gauza onik deusere ni baithan balin-bada, egiazki, Jauna, zuganik heldu da. Nik ez dut eta ez naiz bekhatua baizen. Indazu, othoi, zure grazia, egia hori ezagut eta barrena har dezadantzat; eta gauza on guzien ospea, zurea den bezala, bethi zuri bihur dezadantzat.
|
|