|
JESU-KRISTO GURE JAUNARI OTHOITZA
ardiesteko bizitze aldamena eta Jaunaren gogara egiteko grazia
Jesus, nere Salbatzaile eta amodio guzia, nik merezi ez dudan arren, fagore baten eske heldu natzaitzu. Othoizten zaitut zure merezimendu, zure oinhazeak, zure odola, zauri eta bihotzeko amodioa, zure Aita eternalari nigatik begien aintzinera emateaz. Badakit, nere Jesus ona, zuk hori egiten baduzu, behar ditudan guziak ardietsiren ditudala. Zu zare, Jauna, Seme guziz maithatua, zeinaren baithan zure Aitak baitagoka bere atsegin guzia. Zu zare gogo bethez entzuten duena. Jesus, guzia amodio zarena, ez ahal nauzu ukhaturen zure Aitaren aintzinean. Ezen habearen gainean nigatik eskeini eta sakrifikatu zinen. Zure sakrifizioak laztu zituen zeruak eta hautsi zure Aitaren hasarredura.
Oi sakrifizio guziz preziatua! Abel prestuaren odolak baino, deihadar handiagoa zerura zuen egin. Ni zure amodio guziaz aberatsago uzteko, eta nere orduan zure Aitaren aintzinean agerrarazteko, zure zauriak idekiak zerura eraman zintuen. Othoi beraz, oi gure Bakegile maitea, hitz bat atara zazu, eta guziaz egina izanen da. Zure Aitak errana da: Galdegin diozozula eta gure arimak zure primantzatzat emanen darozkitzula. Oi zer zoriona eta zer gure ospea! Aitaren atsegina da zuk galdatzea eta gero berak onhestea. Heia beraz, Jesus ona, ni galda nezozu, eta gero gerthuki ni zurea naiteke. Badakit zerura zu igan zarenean, ez duzula hemen zinduen baino amodio gutiago guretzat begiratu. Lurrean zinenean bekhatorearentzat zure Aitari othoitz egin zineroen. Oi nere Arrerosle ona, ez othe dezaket bada zuganik igurik ahal othoitz bera zeruan?
Hemen zure odola eta bizia nigatik eman zintuen, eta orai hori hitz bat atarako ez duzu? Hemen nigatik odolezko izerdiak eta oinhazezko nigarrak ixuri zintuen, eta uste izateko da orai hitz baten fagorea hor eginen ez darotazula? Ez Jauna, ezin dena da hori, eta niri etzait horrelakorik gogoratu. Ni bekhatorerik galduena naizen arren, zure amodioz zure bilha heldu naiz: zu baithan dut nere sinheste osoa. Oi Jesus, nere jabe maitea, zurea izan behar dut. Nereari etzaitezila begira, bainan bai ni erosteko eman duzun odolari. Hunen kariaz, nere bekhatuen barkhamendua zure Aitari galda diozozu. Othoitz zazu eman diezadala oraindinoko nere bizi galdu eta eragabearen damu eta egiazko higuintza. Ardiets diezadazu bizitze berri saindu bat zure amodioan, eta heriotze on bat zure bihotzean egiteko grazia. Amen.
|
|