|
BERENEZ ETA BERE BAITHAN ZER DEN BEKHATUA
Lehenbiziko ikuspena
Zertarako Jainkoak egin ninduen ezagutu ondoan, erakharri nahi dut begien aintzinera, nere azken helburu edo dohatsutasunaren kontra zer-eta-zer egin izan dudan. Oi nere Jainkoa, zenbat eta nolako bekhatuak zure alderat! Eta baldin hoben bakhar bat asko bada gizona ikharan jarrarazteko, zer izanen dira hainbertze eta hain dorpheak nola baitira nereak? Oi nola meta gaitz baten azpian lehertua eta hondatua naukaten! Mila ihara-harri nere bizkarrean balira eta itsasoaren zolan zaphan banindaukate, nere oinhazea eta hestura ez laizte handiagoak.
Nere burua ikusten dut, Jauna, zure aintzinean erran-ahal baino bekhatu gehiagorekin; harkaitz guziak baino dorpheagoak dira, eta ja ifernuko itsaso ondargabean hondatzen naute. Ai nere Jainkoa! Haxe gaitz hunen petik, nola ilkhi, nola berriz gainera igan naiteke? Jauna! Jauna! zure bihotz-samurtasunez hauts zazu nere bekhatuen soka, trenka eta porroskazkitzu alde orotarik bihurdikatzen nauten esteka gogorrak. Oi!... noiz zathikatuak ikusiren ditut nere arimako bilhur horiek? Noiz nere bihotzeko atseginez erranen ahal dut: Nere lokharriak urratu dituzu, Jauna; eta nik ospatzen zaitut, eta esker onen Sakrifizioko urrina altxaraziren dut zure aintzinean.
Ai Jauna, izan bedi laster; berehala, orai-beretik libra nezazu zure izen saindua-gatik. Baldin laguntzen ez banauzu, ezin trenkaturen dut nere soka eta ezin iganen naiz zugana. Urrikalmenduzko ontasuna bera zare: zure esku indartsu hori laster heda diezadazu: bertzela galdua naiz ni. Oi zeinen hestu, eta zer ithotzeko zorian nagoen! Ai Jauna; ikhara latz huntarik atara nezazu, eta agintzen darotzut dohakabetasun hunetara gehiago munduko gauzak-gatik ni ez naizela bihurturen. Jasan nau zure miserikordiak, eta ez naski alferretan, baizik-ere ni libratzeko xedean. Heia bada! gaitz hunetarik penitentziako bidera behin edo behin atara nadientzat, indazu othoi zure grazia, zu gogotik bilha zaitzadan eta aurkhi bizitze saindu baten bidez.
Bigarren ikuspena
Eri kartzeatu gaizo batek, zer desgogara izan lezake, baldin bere burua legenez (lepraz) eta bertze gaitz gehienez eta bihotzerainoko sastakoz josia ikus baleza? Eri hau nor da? Ni naiz, ni bera. Bada burutik oinetara guzia legenez eta gaitzez izurritua nago. Ai auhendagarrizko arima! Ez dakizu nola zauden? Zure bekhatuak nolakoak diren, eta zer galetsi handitan ezarri zaituzten ikusten ezduzu? Nik ez badut nere burua urrikari, nork izanen du nitaz ardura? Karrikako edo-zein zakhur hogoi edo berrogoi makhil-ukhaldiz ehoiten ikhus baneza, urrikalaraz nintzake: eta nere arima, horrelaxe bekhatuak eho eta galdu duenaz, ez othe naiz urrikalduren? O gaitz guzietarik maldatuena! O lo-khorrokarik dorpheena!
Nere Jainkoa, hau zer ez da? Nere Arreroslea, bihurtzen naiz zugana. Eri bat, zenbat-ere etsiago dagoen, hanbatenaz hobeki agertzen da nolakoa den midikuaren jakintasuna. Bertze asko baino, hunlako eri bat sendatzea, sentagaila handiagoa da. Jesus, nere midiku bakharra, zuk ni sendatzea, zure osperik handiena da. Nere gaitza baino handiagoentzat ere zure bihotz-barnean eta zure zaurietan sendagarri segurak badituzu. Zure odol preziatutik, jainkozko gantzudura hortarik xorta bat nere gainera eror bedi, Jauna; eta oro eginak dira: ordu-beretik nere arima sendatua eta garbitua geldituren da. Zure bihotz aberatseko odola lurreraino ixurtzen duzu; tanta bat arren nere gainera eroraraz-zazu. Oi zer grina eta alhadurak hortarik ditudan ataratzeko.
Ezen, Jauna, baldin zuk zerorrek badiozu, bekhatu barkhatuen-ere beldur izan behar garela, edo horien beldurgabe ez gaudezila, nereak barkhatuak direnetz jakin-eskasean, nola beldur izanen ez naiz? Eta are gehiago dakidanean itsasoko uhinak baino nere bekhatuak metatuagoak direla? Ai! beldur eta beldur naiz, eta oraino beldur handiagoa iduki nahi nuke. Ai! nere bekhatuen eta ifernuaren beldur naiz. Heia bada, Jauna; zu, ez eskasti, ez esku-hurrikoa etzare; ongi galdatu guzia eman nahi duzu, eta ematen ere duzu. Nik, zure izen sainduan eskatuz-geroz sendagarria, segura nago, ezin ukhatuko darotazula. Senda nezazu, Jauna, eta salba nezazu.
Hirugarren ikuspena
Baldin damu hartu dagoena, zenbatez handiagoa den, hobena ere hanbatez handiago bada, ai! zertan naizen! Jaun handiena, eta egiaz jaun bakharra, nere bekhatu, edo zuri nik eginikako damuak, zein handi harrigarriak izanen dira?
Hau hobeki, edo nolazbait heinka bederen bekhatoreak aditzeko, iduritzen zaioen onik handiena burura bekio; doblez areago eta handiago ontasun hori berriz eta askotan egin beza; airean pits baino, itsasoan ur xorta baino gehiagotan eta askoz handiagoa ontasun handi hori iduk beza; jakin dezala bada orai, ontasun harek asmatu ahal duen hori guzia, gure Jainkoaren ontasun eta handitasunaren aldean, deusere, pits bakhar bat-ere ez dela. Eta hori, zeren Jainkotasuna den hastapenik-gabea eta akhabantzarik izanen ez duena. Saindu eta aingeru guziek dakiten eta beren hedaduraz ardiesten duten guzia, Jainkoaren aldean bethi deus guti da, eta hala izanen da.
Eta nere Jaun horren guzizko ona nik damuztatu othe dut bada eta hain errezki, eta hanbat aldiz? Bai, dohakabeki. Oi nere itsua! Oi zer gaizki eragabea egin dudan! Oi behinere holako lanik egin ez banu! Oi nere Jaun guziz ona eta ontasuna bera! Damuaren-damuz zer erran eta zer egin ez dakit. Zu damuztatuaz, damu dut bihotz guzitik. Eta ez ifernuaren beldurra-gatik, eta ez zerua galdua-gatik, baizik-ere, Jauna, zure ontasun ondogabea gatik dut nere damu, damu mina. Oi maithantzazko damu garbi eta nahastegabea, nere Aita onaren ontasunaz egarritan hagoena! Ni amodioz hil arteraino ago nere bihotzean. Ah Jauna, zure ontasunez hau niri utz diadazu. Bada niganik hori nahi duzu: nik zu gabe ezin duket, eta zuganik behar dut. Zure izen saindu eta ontasun maitatia-gatik, maithantzazko damu hau niri begira didazu. Bekhatua hil bedi, eta ni-ere bai bekhatuarentzat. Munduko gaitzik handiena bezala, nere bihotzetik khen bedi; eta zure grazia, Jauna, nitan bethi bizi bedi. Amen. Halabiz.
Laugarren ikuspena
Lurreko xinhaurri edo marmutza batek, buruaz zeruraino heltzen den digante batekin zer du zer ikusi? Eta zer makhurra ez da batetik bertzera? Ai eta niganik Jainkoa-gana zenbatez gehiago dihoa! Ni zer naiz? lur poxi bat; aintzinean deusik ez, eta laster zizarien janhari, lur bihurtuko naizena. Eta lur poxi bat Jainkoaren handitasunari damu eta gaixtakeria egitera atrebi dadila!! Oh! nik zer egin dut? eta ni hunela jasaitez, zuk, Jaun handia, zer egin duzu?
Bainan lurreko hautsari bezala nere buruari begiratuz, goregi altxatzen dut hau oraino. Bekhatuaren bidez ni zer naiz? Ez-deus bat baino ere gutiago: ifernuko itxindi eta debruaren gathibu egina. Eta saindu eta aingeruek adoratzen duten Jaunaren majestatearen kontra ni oldartzera atrebitu naiz! Hainbertzen miliun aingeruz inguratua ikusten zaitut, Jaun handia: zure majestateak zoratzen ditu, eta ikharan daude guziak. Zure ontasun, justizia eta botherea ikusi-eta, beren ahal guziaz ospatzen zaituzte.
Zenbat ere argituak diren arren, aithortzen dute ez direla gai zu goresteko zuri dohakizun bezala, eta bethi kantatzen dute: Saindu, Saindu, Saindua da armadetako Jainkoa. Benedizionea, argitasuna, esker onak, ohorea eta berthutea ditu eta izan ditzala Jaungoiko guziz saindu, justu, akhabantzagabeak, menderen mende eta bethi. Amen. Hau erran eta, Jaunaren aintzinean ahuspez erortzen dira erakustera emateko, beren eginahal guziekin Jaunak merezi duenera ezin hel daiztekela.
Eta orai hekien aldean nere buruari begiratzen badiot, ahalkatzen nau nere ezdeustasunak. Ezen, ni zer naiz? Hautz eta herrauts. Eta hekiek, Jauna, hala goresten zaituzte; eta nik zu damuztatu, eta munduko gauzarik erpilena bazina bezala, oin azpitan erabili zaitut! Harritua nago, Jauna, eta zertaz harri gehiago nik ez dakit, ala zure ontasun eta jasankortasunaz, ala nere lotsagabeko ozarreriaz. Oi nola lurpean edo ifernu-zolan xortzi ez nauzun! Nola jasan eta egarri nauzun. Bainan ez hori bakharrik: ni jasaitea baino are gehiago egin duzu, zure amodioaz deithu nauzunean, mainatu eta gozoztatu nauzunean; zugana bihur nadiela eta harturen nauzula zure deirik eztianarekin othoizten ninduzunean.
Oi nere Jainko maitharia! Eta zure amorez; ni nola erdiratzen ez naiz? Behinere ifernurik ez balitz-ere, zu damuztatuaz urriki dut, urriki izanen dut eta urriki behar dut. Eta zu zarenagatik; eta zeren hain ona zaren, nere gaizkiaz gaitzitua nago, jauna. Eta munduko gauza guziak gatik, ez dut nahi zuri damurik egin. Oi Jainko, ontasun guziz miresgarria! Eta, nola jasan izan nauzu ni? Hanbat laido eta halako ozarkeria itsusi, nola ni bezalako har zikhin batenganik egarri dituzu?
Aingeruak, hunen gainean zer diozue? Jaunaren ontasunaz eta ene lotsagabekeriaz zer iduritzen zaitzue! Zuek bada, zuek bethi ospatzen duzue. Ospe eta ohore bethiko-bethian nigatik emoiozue; Jaun huni neretzat, hobenen damu eta bihotzeko ardurak izan detzadan eska diozozue. Orai-arte egin dudan zorokeriaz neroni nago harriturik. Oi nola nik hori egin-ahal izan duket? Eta aingeruek bethi hanbat ederresten, adoratzen eta maithatzen duten Jainko guziz ona, nik hanbat aldiz damuztatu dut!
Eta Jaunak bere zerbitzukotzat eman izan daizkidan ahal eta dohainak, beraren damuztatzen erabili ditut! Oi mihi zorigaixtokoa, Aita onari jazarri diozuna! Oi esku madarikatu gaizki-egileak! Oi ondikozko zango, urhats gaixtoetan ibili zaiztenak! Nere arimatik, nere bihotzetik, zer egin duzue?
Ai nere Jainkoa! Ai! norgana bihur naiteke, ez bada zure gozotasun eta urrikalmendu handia-gana? Oi aingeru eta sainduak, othoi, neretzat barkhamendu eska diozozue. Badakizue haren ontasunaren berri. Barkhamendu, Jauna, barkhamendu eta bakeak bethiko! Zu zerbitzatuko eta maitatuko zaitudala hitz-ematen darotzut. Nere gorphutzez eta arimaz nere kaltea orai-artean bilhatu dudan baino hainitzez gehiago eta hobeki maithatu nahi zaitut. Hemendik aintzina zu baithan bethi, eta ez bertzetan nere gogoa; zu baithan eta zure egia handi sainduetan nere adimendua; zu baithan eta zu bethi maithatzen nere bihotz guzia; zu ospatzen nere mihia; zuri jarraikitzen nere oinak; zuk nahi dituzun egintza onetan nere eskuak. Halabiz, Jauna, eta bethi hala egiteko, ene gainera heda zazu zure grazia.
Bortzgarren ikuspena
Zuk, Jauna, ez-deusetarik egin nauzu; naizen eta dudan guzia zu bilhatzeko eman darotazu eta bethi ematen zaude. Zure esku botheretsuak itxikitzen nau bethi; zu gabe, ez nintzen izanen eta aphur baten bizirik ez nuke. Hau hunela delarik, ni nola zu damuztatzera ausartatu naiz? Eta gehiago dena, bekhatuari, gaitzik handienari bezala, zuk diozun higuintza nakielarik! Eta aria bakhar hau sobera zen, hil nahiago ez izateko bekhatu egin baino lehen. Eta aria huni, behar bezala begiratzen ez banintzan, nere onari bedere begiratu behar nioen; eta bereziki orhoituz zure eskutik, hari batetik bezala, dilindan nindagoela.
Dorre gain batetik, eta hari batez itxikiz, gizon batek banindauka, hura damuztatzera atrebi othe nindaite? Ez eiki, zeren ikus bainezake aski lukeela haria uztea ni mila zathi egiteko. Eta hain garbiki dakidalarik zure eskuan nagoela; zu gabe, ez izan, ez-etare deusik egin dezakedala; ifernura erortzera hain errezki utz nezakezula, eta erortzetik zuk bakharrik begiratzen nauzula; hoikien guzien-gatik-ere zuri damu egitera, lotsa eta beldur gabe, ni atrebitu izan othe naiz?
Hori baino gehiago: Nik ongi dakidalarik hainbertze zuk jasan askotan niganik eta bethi zuk barkhatu darotazula; eta hauk guziak nik ikusi, eta horrengatik-ere, berritan zu damuztatzera atrebitu othe naiz? Eta zuk horiek oro egarri! Oi nere Jaun guziz ona! zeinen ona eta gozoa zaren zu, eta ni zeinen itsu gaixtoa! Zure hanbateko ontasunak ukitzen nau noizbait bedere, eta eritzen du nere bihotza; eta hori dela medio, nere hoben guziez damu hartzen dut. Jauna, ez nezazula beraz utz gehiago zu damuztatzera. Ez, Jauna, ez, lehenago hil mil aldiz. Zure argiaz argiturik, ongi ezagut dezadala nola zure graziak nagokan zure eskuari lothua. Jauna, hunetarik ethor bedi nere bihotzera zure beldur saindua, penitentzia egiazkoa eta bizi berri saindu baten iragaitza. Amen. Halabiz.
|
|