|
SEIGARREN EGUNA
Jesus, Jose eta Maria Ejitoko bidian.
Ikusi genduan atzoko egunian nola errege Maguak juan ziran Belena Jesus adoratzera, eta nola Herodesek esan zien Errege Santu aieri, eman zekiotela Jerusalena biurtutzian aurraren berri. Baña nola errege aiek Jaungoikuak gidatu bai zituan beste bide batetik Jerusalen utzita beren etxietara; bitartian Herodes arkitutzen zan, lepua luzatuz, oñ mutur gañ, noiz baño noiz, egunetik egunera ikusiko zituan Maguak, aien aotik jakin naian Belengo aurraren berriyak. Azkenik bada ezagutu zuanian bere faltziak faltziazko bidian galera eman ziola eta bere arte-mañaz gaizki baliatu zala, aserre gorrian sartu zan, eta gaiztua jarri zan bertatik bengantza artzeko Jaungoikuaren semiaren gañ.
Beragatik, Jesus il naiaz, eman zuan aginte bat «bi urtez betikako semetxo guztiak, bai Belenen ta bai erri onen inguruetan arkitzen ziranak bat bakarrari barkatu gabe, iltzeko. Baña alperrik dabill Herodes. Aita zerukuaren eskuetan dago bere semetxuaren suertia eta errege gaiztuaren aginduak eztu atxituko.
Aingeru batek, errege Maguak aldegin zutenian andik, gabaz lotartian esan zion Joseri: «jeiki zaite; ar ezazu aurra baita ere bere ama, eta zuaz igesi Ejitora; egon zaite an, nik berriz esan arte; zergatikan Herodes dabillen aurraren billa, aurra ill nairik».
S. Joseri agintzen diyo Aingeruak pamiliako buruari bezela, zeñaren kontura jarri zuan Jaungoikuak bere semia eta semiaren Ama Joseren esposa Maria.
Beriala Aingeruaren agindua egiteko jaiki zan Jose, artu zituan Jesus eta Maria eta jarri ziran gabaz Ejitorako bidian. Berrogei legua egin biar izan zituzten; alaz guztiaz ere S. Jose ezta batera desanimatzen, egiten ditu, bai, prestamenak biderako eta bidian jartzen dira Maria asto gañian eta Jesus semetxua amaren magalian eta Jose asto-mutill. Badago, kristauak, zer pentsa emen, naikua gaia ordu luziak igarotzeko gogorazio santu eta guretzat ikasbide ederretan.
Aita S. Joseren obedientzia alde batetik; Mariaren umilitasuna bestetik eta Jesus gure Salbatzalliak lenbeziko egunetan, jaio ta beriala ematen digun ejenplua beste aldetik. Ez begiratzen diote bideko nekiari; ez ordu desgaraiari; ez otz-beruari; ez Maria aur-egin berriaren argaltasunari; ezta ere aurraren biguntasunari. Alde guztietatik arriskua, arriskuaz, bideko nekiaz eta ikusi biar aundiyaz azturik Jaungoikuaren agindua egiteko, beste gauzari edo trabari begiratu gabe, ekiten diyote bidiari, ez illun, ez goguaz kontra, baizikan alai, gogo onaz ta Jaungoikua alabatuz, guztian bere naira jarririk.
Bi gauza beraz egun onetan jartzen dira gure konsideraziora. Herodes erregeren krueldadia, eta Errege guztien Erregeren ta pamili sagradu guztiaren paregabeko umildadia. Iñoiz lurrian izandu dan erregerik gogorren ta odol-zaliena bezela jokatu zan Herodes. Bada Jesus ill nairik, illarazi zituan eunta berrogei milla seme, mutiltxo, bi urtez beragokuak. Iñoiz aditu da onelako gogorkeririk?
Beste aldetik ikusten degu Jaungoikuaren semia munduko errege baten igesi, igizon baten igesi gizona Salbatziagatik gizon egin dana!
Badirudi etzeukala Jesusek eskurik edo beste biderik errege gaiztuarengandik libratzeko. Baña, ai! Jaungoikuaren bidiak, bide ezkutuak dira. Orduan etzuan bengatu nai, orduan etzuan justizia egin nai, baizikan umiltasunian erakutsi guk zer biar degun egin. Gure ispillu jarri zan Jesus. Begira gaitezen maiz ispillu onetan.
Iduritu ditzazun Jose, Maria ta Jesus, Jaungoikuaren gogua betetzen erakutsi ziguten bezela, aien antzera egiñaz. O pamili sagradua! Iguzute grazia gauza guztietan zuek bezela, guk ere Jaunaren gogua egiteko emen, gero elkarrekin zeruan izan gaitezen. Amen.
|
|