|
JESUS AURRAREN BEDERATZIURRENA
Gurutze santuaren + señaliagatik &.
ALABATU ETA ADORATU DEZAGUN JESUS AUR JAIO-BERRIA.
ORAIÑ ETA BETI. AMEN
ATO KONTRIZIOZKUA
Nere Jesukristo Jauna, Jaungoiko eta gizon egiazkua; nere Egille; nere Aita eta nere Salbatzallia. Zugan sinisten ta esperatzen detalako; zu maitatzen zaituztalako nere biotza, nere anima ta gañerako kriaturak baño geiago: damu det Jesus, ona, damu det biyotzetik zu ofendituaz. Bai; zure ontasun guzizkuari begiratuta, txit nago, Jauna, damuturik zuri egin dizkitzutan ofensakgatik. Naiago det zu berriz ofenditu baño nere bizitza eman. Naiago det edozer gauza emendik aurrera zure amoriuagatik eraman, ezen ez zu berriro ofenditu. Ez arren, Jesus ona, ez arren bekataria naizalako ukatu niri zure errukia, bada aur txiki egiñ ziñan (gaur) neri pekatuak itxi zizkidan zeruko atiak idikitziagatik. Beragatik, Jesus umilla, ementxen natorkizu umill ta zure ontasunian fiyaturik bederatziurren onetan iritxiko detalakuan zure biotz gozuan nere gaitzen erremediua; emendik aurrera zu obeto amatu eta zurekin bat-egiñik, zurekin gero ere zeruan izan nadin. Amen.
Egunero asieran esan biar dan
ORAZIUA
O nere anima! pozaren aundiz egizu gañez, zeren gaur jaio dan Zeru-lurren Egillia, gizonen Salbatzallia. Nundik? O Jesus aur bedeinkatua! nundik guri onenbeste mesede? Bost milla urteren mugan agertzen zera munduan, toki txit gordian, Zu, beren biotzeko-indar guztiaz Aita-len santuak itxoron zinduena. Nork eztizu zuri egingo ongi-etorririk alaiena? Etorri zera egiaz gure negarrak ixiltzera; gure malkuak legortzera; gure zotiñak gelditzera. O Jesus! aur bedeinkatua milla bider. Etorri zera gure penak gozatzera; gure nekiak ariñtzera; gure eziñ-egiñetan, guri laguntzera. Nor poztuko ezta aur onek jaiotzan munduan egiten duan lenbiziko sarrera onetan? Zeru guziya dauka berari begira. Lurra ere dauka orobat begira. Aingerudiak berriz adoratzen dute odei guztien gañetik Aita betikuak ala agindurik. Eta zu Belen erri txikia dirudizula, etzera orrengatik deitua izan biar Judeako beste erri bikañen artian azkenekua, zeren zugandik irtengo duan Israelko erriak gidatuko dituan burua.
O Jesus ona! O Jesus aurra! Nere biotzian daukazu erri bat, Belen baten biarrian zure etorreraren gose dana. Belen-en izenak esan nai du «ogi-etxia». Bada ogi-etxian jaio ziñan Zu aingeruen ogia deitzen zerana. Eta izanik Zu gure animen gosia kentzeko janaririk onena; sar zaitez, sartu gure biotzetan eta ken egizu beñguan lurreko gauzen gose-egarria. Iguzu, bai, zure grazia, zuk bakarrik amatzeko beste gauza guztien gañ. Bakarrik etorri ziñan, zeren ez dezun lagun biarrik, zerutik mundura; bakarrik guk ere nai zaitugu ta billa gabiltz zu bakarraren, zergatikan zu zeraden bakarrik gure biotz bakarrari ogia emango diozuna.
O Jesus! bide luzia daukagu zerura juateko; baña badakigu zer egiñ nekia ariñtzeko. Eskatuko dizugu bakoitzak zuri ogia biderako eta zure laguntza oña azkartzeko; bide gogor eta kaskar, erorsamur oek labaiñ ariñian ta neke antsi gabian igarotzeko; gero azken egunian zure arpegi ederra begiz-begi betikoera guzian zeruan ikustera len-bai-len juateko. Bada bederatziurren onetan ez det beste asmorik, ez beste azkenik, Zu zeruan ikustia baizik. Izan dedilla, O Jesus! gure zoriona zu zeruan ikustia. Amen.
Enter errezatzen dira iru Aita Gure, iru Abe Maria eta iru Gloria.
|
|