Bederatziurren au eskaintzen diet gure Jesus aurraren maitatzalliai, berak aur txiki egitian Jaungoikotasuna utzi gabe jarri zizkigun birtuterik garaienen ispilluan begiratuta, arako anima jaieratsu aiek areta geiago sendotu dezaten espiritua ta zerurako bidian segur Jesus idurituz oña azkartu ta egiteko guzien gañekua, zeña dan animaren salbaziua beraren laguntzarekin iritxi dezaten.
Egin liteke bederatziurren au noiz nai edo urteko edozein sasoitan. Baña sasoirik egokiena onetarako derizkiot dala abendu santuko denbora. Abenduko edozein astetan ta guziez gañ gure Jesus Jaungoikuaren seme bakarra gizonakgatik aur txiki egin zan egunetik asita ondorengo bederatzi egunetan.
Egun oriek direlako beste guztien artian egokienak buruan ondo erabilltzeko gure erospeneko misterio ezkutuak ta Jesusek lagundurik ikasteko Belengo aurraren eskolan kristauak egin biar duan bizimodua Jaungoikuaren asmuak betetzeko ta gauza guztietan bere gogua egiteko, zeña egitian bakarrik arkitzen da egiazko santutasuna.
Jesus baño aur garbiagorik, ezin ditekian bezela, ezta iñoiz agertu izan ta ezta agertuko ere besterik munduan. Ona zergatik urte buruan bederatzi egunian aur garbi onen ondoren ibilltziarekin nork bereganatzen dituan zeruan sartzeko biar diran bitarteko guztiyak. Jesus aurraren seña laster zeruak ezagutzen du, eta zeruko atia lasa igarotzeko beste seña biarrik batere biar eztu. Beragatik, zuk, Jesusen soldadua, beraren maitatzaille ta adiskide biotzekua, espiritu alai ta gogo onarekin ekin zaiozu lan ariñ oni. Labur ta ariña da nekia eta saria betikua. Beraz ariñ ta txikia dalako lana, ez deiozula nekiari barkatu.
|