|
AZKEN-ITZA
Gizonaren bizitza! Alaitasuna ta atsekabea, poza ta biozmiña, argialdia ta illunaldia besterik, zer da? Zer izango litzake gizonaren bizitza, ludian lorerik, irriparrerik eta eguzkirik ezpa'litz? Bear-bearrekoak dira giza-biotzarentzat pozaldiak eta argialdiak. Ordea, noizdaño iraun lezake ludiko zorionak?
Zoragarria da, benetan, udaberria, poza ta alaitasuna alde guztietara zabalduz datorkigunean. Maitagarria, aurtxo jaioberriaren irriño eztia; beazunik egundo izan ez dun irriñoa. Begientzat atsegingarri, berriz, basoaldean bere orriak lenengoz eguzkiari zabaldu diozkan lorea.
Orratio, bere bideetan aurkitzen ditun irriparreak eta loreak ez diote luzaroan iraungo gizonari. Udazkenaren ondoren negua datorren bezelaxe, alaitasunaren ondoren negarra ta itundasuna elduko zaizko. Ollanda zuriari atzaparrak eransteko, sasipean ezkutatuta, basakatua ilunaurrean egoten dan antzera, bizitza-bideetan atsekabea ta samiña, biotzean atzapar zorrotzak sartu-naiz irtengo zaizko gizonari.
Eta, a ze nolako aldakuntzak egiztatzen diran olakoetan gizonaren bizitzan! Leen ain zoragarri iruditu zitzaigun udaberriko zerua, goibeldu ta lañatu zaigu; basoaldean ain eder agiri zan loreak, bidariaren oinazpian burua makurtu bear izan du. Nora juan dira, berriz, gure inguruan oartzen genuzan irriparreak? Atsekabe garaia da; biozmiñaren ordua da.
Orratio, illunaldian ez du gizonak iñolaz itxaropenik galdu bear. Argialdiaren ondoren goibelaldia sortu dan bezelaxe, ekaitzaldiaren ondoren, eguzkialdia etorriko zaigu berriro. Arrantzaleak ekaitzaldian iparraldeko izarrari begira ontziaren ibilliak zuzentzen dituenez, berorrelaxe zuzendu bear ditu gizonak argira bere urratsak: itxaropenera. Olakoxea da gizonaren bizitza.
Argialdi ta illunaldi orietan itxaropenaren argiontzia egundo itzali ez dakion, laguntzat etxebarrura aingeruxo bat joan ba'zaio, aurkitu lezakean bitxirik aberatsena eskuratu du gizonak, agian. Udaberriaren irriño gozoa, lorearen edertasuna ta eguzkiaren epela egunero inguruan sortzen dakian emakumetxoa. Aldare-ondoan beti zutik eta beti ernai irauten dun argi itzali-eziñaren antzeko irriñoa! Bai al-da ludian araingo zorionik?
* * *
Uztaroak ain eskuzabal emandako emaiak saltzeko, negutean baserritarrak or-emendik azokara bidean dijoazen garaian, eldu zitzaien Dorronsorokoai ere, nork bere egiteen ordañak jasotzeko aroa.
Negua sartu baño len izan zan Liberen eta Balendinen eztai-eguna. Osaba Martinek ezkondu zitun eta Liberen ama Josebe eta Agerre izan ziran amabitxi ta aitabitxi. Naitaezkoa zan Agerre, Dorronsoroko gertakizun guztietan, naiz alaialdietan, naiz itunaldietan. Zorionaldian ezetzik, zorigaitzean ere adiskiderik zintzoena bezela jokatu zitzaien beti Dorronsoroko guztiai. Nun aurkitu ua bezelako adiskiderik? Sendiartekoetan ere, ez noznai.
Geroago ta maiteago izan zun Balendinek bere emaztetxoa. Liberen soin-edertasunarekikoa berbera gertatzen zitzaien norbaitzuei aren gogo-ondasunekin ere. Etzan Liberena, edertasun ziztatzalle ta dirdaitsuetakoa; baña, begira jarri ezkero, ikusiago ta atsegiñago, geroago ta zoliago. Gogo ondasunak, berriz, bear bezela aztertu ta neurtzeko, aren ondoan bizi bear zitakian. Eguneroko zeregiñetan, bizitzako gorabera larrietan, etxebarruko eginbearretan, gau eta egun, goiz eta arratsalde, ezagutu genezazke ondoen onelako emakumeen biotz-ondasunak.
Zugatzetik urtumea bezela, ama Joseberen arikoa irten zan Libe. Inurria bezela beti lanari lotuta zebillenean, etzuan iñork egundo aren txintik entzungo; ez oiurik, ez garrasirik, ez aienerik, ezta ere egundo itz bat bestea baño gorago. Beti isil, beti zoli; etsi-etsian bizi zan, zoriona noranai eskuzabalka barreatuz. Etxe-barrura sartu gabe, nork esan zezakean etxe artan emakumerik bizi zanik? Ezpai zuen emakume-txintik egundo entzuten...!
Seme-alabak izan zituen Libek eta Balendinek. Aitaren egokitasunaz, zintzotasunaz eta osasunaz gañera, amaren bigundasuna, otxandasuna ta edertasuna artu zituen gurasoengandik soin eta gogoetan.
Andik geroxeago, Zumaiako lekaimetxe batera joan zan Malentxo etsipen osoan. Sakonak eta larriak izan ziran, benetan, aren biotzak artu zituan zauriak. Bizitza guztian odol-jario ibilli etzedin, bildu zan lekaimetxeko babesera. Josuganako maitasuna lakorik ez da orrelako zauri samingarriak gozatzeko.
Negu artan bertan ezkondu zan Lopategiko Agustin ere. Norekin buztartu zanik esan bearrik bai al-dago? Bai al-zegon arentzako iñun, Getariko Matxinen alaba Yolandaren pareko neskatxarik? Oek ere, ondorengo batzuk izan zituen.
Ara nola betikoratzen diran gurasoengandik semeengana eusko-sendiak eta sendi-oiturak!
AMAIA
|
|