VIII ESKALE MALTZURRAREN ESKUETAN
Amorraldiz itxututa gelditu zan Zito, Balendinek sagastiko ormagainetik bidera jaurti zuanean. Al-izan ba'lu, an bertan emango ziokean jipoiaren ordaña morroi lotsagabeari. Zapotzar bat bezelaxe zanpatuko zukean oinazpian urde zikiña. Nola, ordea, ari eraso? Nola azpiratu gizon ua? Irakitan zebilkion barrualdean odola; baña, bere ezinezean, besteren sailletik arrikatu ta uxatu duten zakurraren antzera, aldendu zan andik illunabarraren magalean buru-makur.
Etzuan, ordea, gelditu nai baserritar zarpail ari nolabaiteko ordañik eman gabe. Eta erantzun ori lenbailen egiztatzeko bidearen billa ibilli zan gau osoan kezkati ta urduri. Beti bereakin irtetzen oitua zegon txikitandik eta orain ere ala nai zukean. Baña, nola egotzi zigorra morroi txaluari? Onela, buru-barnean oldozkunak sortu ta itzali zebiltzkiola, odolaldi kiskalgarriak sutzen zun berriro burutik oñetaraño. Geroago ta gorrotagarriago azaltzen zitzaion uaxe! Nork-eta, morroi sastar arek oinperatu bear! Nork-eta ijitotzar arek makilkatu bear!
Baña, edesti arrigarri onen ariari jarrai baño len, irten gatzaizkion bidera irakurleak onaizkero kolkopean zirika darabilkin galdera bati. Egiazkoa al-zan Zitok Malentxori aitortzen zion maitasuna? Ala, katuak atzaparretan sagua jolasean darabilkianean bezelako maite-jolasa besterik ez ete-zan?
Egia esan, lenengoz alkarrekin izketan asi ziranean, leendik beste neska askoengana urreratu izan zan bezelaxe, juan zan Zito Malentxogana. Eiztari bezela, alegia. Baña tolesik gabeko neska ua, basakatuaren atzaparretan usakumea bezela, mutillaren eskuartera azaldu zanean, zan bezain sutsu jokatu zan lenengo egunetik eta leiarra bezain garden erakutsi zion biotzondoa.
Beraz, biozgabea ta ankerra bear zukean alako neskarentzat errukirik ez izateko, usakume arentzako maitasunik ez izateko. Eta ibilli ta ibilli, zer gertatu zitzaion? Berak zabaldutako sarean erori eiztaria. Maitemiñak jo zion biotzondoa.
Au zala-ta, aurreko egun bi ariek ezkero, Malentxoren berririk izan etzualako, buru belarri eginda zebillen. Zer gertatu ete-zitzaion neskari? Nora ezkutatu ete-zan? Egun biz lenagotik ain gartsu ziraun maitasuna, nola itzali zitakean goizetik gabera orduko? Ez, ez. Etxe artan morroiaz gañera, beste arerioren bat ere irten zitzaion, noski.
Zori ontan, arterañokoan umekerietan ibilli zala-ta, gizon egiñari zegokionez, arloa buruzkatzeko asmoa artu zun. Malentxoren gogoak bere alde ziraun bitartean, erreza ta gainberakoa zerizkion gañontzekoari. Ain oitua zegon bere burukeri guztiak indarrean aurrera ateratzen. Bein aldarte txarrak jo ezkero, etzuan arek egundo atzerakarik egingo. Oraingoan ere bereakin errez irtengo zalakoan, artutako asmoa lenbailen egiztatzea erabaki zun. Kasaarin uts arek, ordea, etzekin ortarako norekin eta nola jokatu bearra zeukanik.
Erregeseme bat bezain dotore zijoan Zito urrengo eguerdi-aurrean Zarautztik Iñurritzara. Etzebillen, aurreko egunetan bezela, ezkutuka ta zelatan. Bide zabaletik Dorronsoroko atadira iritsi zanean, ezpaian eta zalantzan ibilli gabe, burni-sarezko ateburuan zegon ezkillari lokarritik eragin zion deika.
Garai artan, etxeatzeko gerizpean eserita, alkarrekin izketan ari ziran osaba Martin eta Agerre. Aurreko egunean ikusitakoen berri zemaion onek apaizari. Berri arien aurrean, erabaki zeatzak artu bear ziran; etzegoan aikomaikoetan ibiltzerik. Nola utzi ainbeste maite zuen Malentxori basapizti gaizto arien atzaparretara joaten?
Eta, alkarrizketan ari zirala, gutxienen uste zuenean, Josebe etxekoandrea urreratu zitzaien arinka, eta zerabilkien izketaren aria etenaz, ara zer esan zion bere anaiari:
—Martin, zure billa dator mutil gazte bat. Zurekin itzegin nai omen-luke.
—Zein da?
—Ez det ezagutzen. Oso apain jantzita dator; udalditar bat dirudi.
Susmo azkar batek ziztatu zion Agerreri begitartea-ta, etxekoandreari galdegin zion:
Beztaka ta zimel bat al-da mutil ori? Zenbat urte ete-ditu?
—Bai, beltzerana ta giarra da. Ogetabost urte baño geiago ez ditu izango.
—Arranopola! Oker ezpa'nabil, Malentxoren ondoren dabillen mutilla berbera dek, Martin, billa datorkikana.
—Mutil ori gure etxera? Zer erantzun dion, Josebe?
—Zurekin itzegin nai lukeala esan didanean, ezagunen bat dezulakoan goiko gelara eraman det eta an itxedoteko esan diot.
—Eta sartu egin al-da lotsagabe ori? Zer nai ote-du?
—Oa, Martin, eta gauzak argi ta garbi esaizkok. Ementxe egongo nauk zai, zuek amaitu arte.
Barrenaldetik barbarka zetorkion aserrealdia gaindituta, Zitoren billa joan zan apaiza. Apaiz-jantziaren sakeletan eskuak sartuta, etxebarruko itzalean ezkutatu zan bereala; baña bestaldetik zetorkion argi-illunera, etzan zearo itzali gizaundiaren irudia, arik-eta ibilbidea okertu zuan arte.
Asarrekaitza zan Martin jauna ta norbaitek asarrerako bidea eman arren, etzan aren erasoa, iparbeltzarena bezela, azpikoaz gain batbatean iraultzen zanetakoa. Eroapen aundiko gizona izan.
Eroapen ori, orratio, etzetorkion jatorritik. Ipurterrea izan zan gaztetan; aitz-gañetik oldartzen dan ur-parrasta bezelaxe zijoakion noiznai asarrealdia bularpetik. Baña urteak erakutsi zioten eroapenaren jakintza. Labean astiro erregorritzen dan ogi-azalaren antzera, umatu zan gizon onen biotza. Alaere, ordea, barrendiko iraduari ateak oro zabaldu ezkero, gainbera amilduko zitakion asarrea. Indarraldi zeatza egin bear izaten zuan oraindio ere, noizikbein, bularpean pizten zitzaion sualdiari eutsi ta itzaltzeko.
Atalasean-barrena sartuta, atearen gibeleko maratillari eragin bitartean, alegin gorriak egin bear izan zitun biozparrendik zijoakion asarrea esiratzeko.
Gela nagusiko atea ideki zuanean, ormatik exegitako argazki bati begira zegoan Zito zutik; eta, ateak egin zun otsera itzuli zanean, gizon biak bekoz-beko gelditu ziran. Olakoetan gertatu oi dana, gizaundi aren aurrean, zan baño ere txikiago ta aulago zirudin mutillak. Lenengoz barrualdetik irten zitzaion iradu indartsuari erantzunaz bere asmoa egiztatu izan ba'lu arek, etxera ustegabean sartu zitzaion piztia, lasto igarra baño ariñago, jaurtiko zukean leiotik beera.
Zito, ordea, gizaseme bikain aren aurrean etzan berealakoan kikildu. Belaxka itxurakoa izan arren, etzan braust batean adorea ta ausardikeria galtzen zituanetakoa-ta. Atearen otsera itzulita, apaizari bekoz gelditu zan bezain laster, aintzinako adiskide izan bai'lu, bostekoa luzatu zion agurtzeko. Arek, orratio, sakeletik eskuak atera ere gabe, gela-erdian zutik, mintzo legorrez, galdera au egin zion:
—Zerbait nai al-dezu nigandik?
Kilikagarria zan, benetan, gizon aren itxura. Mutil ausardiaren adorea ondatu zorian zan orduantxe. Atzekoz aurre zearo nasitu zitun itzegiteko zeramazkianak. Azken-txanda eman zionari, lenengoz belarritik elduz, ara nola asi zan mintzatzen belaun-ikaraka:
—Bildur naiz egunen batean zuen morroi lotsagabeakin burrukaldi gorrien bat izango ez ete-dedan. Olakorik gertatu baño len, zuri adierazi nai izan dizut.
—Zer lotsagebekeri egin dizu, ba, gure morroiak?
—Atzo makilkatu nai izan ninduan; eta, nik utzi izan ba'nio, makilkatu ere egingo ninduan.
—Ez nekin ezer. Zertatik sortu zitzaizuen asarrealdia?
—Zuen saillean nengoalako, zartakoka bialdu nai izan ninduan sagastitik. Ez det uste zuengandik orrelako agindurik artu izango duanik.
—Ez. Guk ez diogu agindu iñor makilkatzekorik; baña arritzekoa da gure morroia dan bezelako gizon benak, ezer geiago gabe, iñor jotzea. Galdegingo diot gero zergatik jokatu dan orrela.
—Beste zerbait ere ba-nekarkin esateko. Malentxoretzaz itzegin nai nizuke.
—Malentxoretzaz? Nor zera, ba?
—Aren senargaia.
—Malentxoren senargaia? Noiztik?
—Aspalditik. Eta orain egun oetan aren berririk ez dedan ezkero, norabait joan ete-zaidan bildurrez, nun dagon jakin-naiz etorri naiz.
—Arrigarria da, noski, gizon zentzundun batek, gurasoen baimenik gabe, neskatxa gazteño batekin gauzak ain burugabe erabilli nai izatea. Malentxok bere osasuna zaitu bearra dauka luzaroan, beste ezertan naastugabe. Emendik urrutira joana da.
—Auxe izan da, ba, ni onera etortzearen zergatia. Aspalditik Malentxo egunero ikusten oitua nago-ta, arenik ez dakidan ezkero, biozpetik indarrez zerbait kendu diatela esango nuke. Ura berriro lenbailen ikustearren, mendiak, maldarrak, leizak eta itsasoa bera ere zearkatuko nituke. Neke aundiagoak ere jasango nituke oraindio arengatik. Ain zaletua nago aretzaz.
—Naiko lana ba-du orain Malentxok luzaroan, bere osasuna zaitzen. Bitarte orretan, ez du bear beste kezkarik. Aztu egitzazu arekikoak. Aztu ezazu aren izena.
—Ikusi ezpa'neza, ere, ez al-nezakio idatzi, beintzat? Nola bizi nitake aren berririk gabe? Nola nebilke arekiko artuemanik gabe? Errukitu zakit, jauna!
—Baña, zer egin nai zenduke Malentxokin? Gauza oek ez dira txepelkerian erabiltzekoak. Edota, astia ematen zabiltza; edota, bestela, Jaungoikoak agintzen dun erara, eraman nai dituzu gauzak. Malentxo, ordea, gazteegia da oraindio ezkontzeko. Oraindik ez du olako buruausteetan sartu bearrik.
—Eta ez al-du ezer balio, gure arteko maitasunak? Berak maite nau; eta nik ere maite det. Ez al-da ezertarako alkarrentzako degun maitasun ori? Ez al-gentzake sendi bat egin...?
—Bide orretara jo ezkero, gizonak burubide zeatza bear du. Sendi baten buru izateko, nolabaiteko irabazia ta etorria bear dira. Ogibiderik bai al-dezu? Nola bete ditzakezu, bestela, sendiburuari dagozkion eginbearrik larrienak?
—Ogibiderik izan ez arren, nere amak eskuartea ba-du. Nunai bezain ondo biziko litzake Malentxo gure etxean. Nere amak ere ondo artuko lukela uste det.
—Zertan jarduten zera? Zer lan egiten dezu?
—Ez daukat lanbide jakiñik. Ordea, ez det bear ere lasai bizitzeko.
—Baña, gizartean ainbeste bider gertatu izan danez, zure amaren laguntzarik gabe bizi bear ba'zendu, zertara joko zenduke? Zein bizibide aukeratuko zenduke?
—Nola gertatu leikit olakorik? Orain bizi geran bezela bizitzekotan, ez det lanik egin bearrik.
—Gure etxean, berriz, bear izan edo bearrik ez izan, noiznai lanegiten saiatzen ikasiak gera. Malentxo ere, berdin. Beraz, nere illobarentzako izango danak, gizon egin bateri dagokionez, bere eskuko lanez sendiaren ogia irabazteko laingoa izan bearko du. Arterañokoan, ez buruan ames zororik erabilli. Orrez gañera, gazteegia da Malentxo oraindio olako gauzetan buruausteak bilatzen asteko. Gauza oek astiro ta burubidez aztertu ta erabilli bearrekoak dira.
Eta azkenengo itz oek garratz-antzean jaulki bitartean, ate-kisketari eraginda, gela nagusiko atea alderen alde zabaldu zuan, Zitoren erantzunari itxogin ere gabe. Zer erantzun eman zeiokean, gañera, gizon zeatz aren itzari? Eskuan jira ta bira zerabilkin kapela jantzi, ta andik lenbailen ertetzea beste biderik etzuan izan. Erauntsiak tximukatu dun ollaskoa bezelaxe irten zan etxe artatik.
Etzitzaion iruditu apaizari mutilla, leendik uste zuan bezin nardagarri. Etzirudin biotzondo txarreko gizona. Baña ikaragarrizko leiza zegon Maitearena jauregian bizi zan senditik Dorronsorokora. Mutil arek izan zun azkeratik, Libek eta Malentxok izan zuen azkerara ere, bitarte aundia zegon. Gizartean ezerk alkartu e'lezaken bitartea dago Jaungoikoaren aginduen begiramenean beti bizi izan diranetatik, Aren legeak ausita, nolanai jokatzen diranetara. Nola aztu zezakean gizon zentzundunak izugarrizko bitarte ura? Mutil ua bear bezela, Jaungoikoaren bildurrean, azia izan ba'litz, emaitz ederrak eman lezazkion, bearbada, biotzondoak. Gizona, ordea, dan bezela buruzkatu bear da gizartean; ez beste azkera batekin izango litzakean bezela.
Dorronsorotik Zito irten zan garaian, eguerdiburua zan eta, an egin zizkoen eskariai makurtuz, bertan gelditu zan Agerre bazkaritan. Atadiko mats-aien aberatsaren gerispean egin zuen eguerdi artako bazkaria. Gaurko gizartean ez dira noiznai eta nunai aurkitu gentzazkeanak adiskide leial eta zintzoak; baña, bein orrelako bat azaltzen zaigunean, oso atsegiña izan oi da nornairentzat, kezkaldietan batezere, maiaren ondoan biotzondokoak alkarrekin maitekiro erabiltzea. Atsegingarria izan zitzaien, agian, Dorronsoroko atadian bazkaldu zuten guztiai jatordu-bitarteko izketaldia. Biotzak itzegiten zuen, ba, danen agotik ezertariko gandurik eta estalkirik gabe.
Bien bitartean, berriz, orduerdi batez lenago erregeseme bat bezain arro Dorronsoroko atera azaldu zan gazte apaña, gozoen ordez pipar gorriz ezpainondoak igortzikatu diozkaten umekondoa baño erreago ta zitalago zijoan Inurritzatik bere etxera. Goizean arek uste izan zun, bera zan bezelako zalduntxo aundizkia, agurka ta bizkar-auspezka artuko zuela baserri artan. Baña sutondoko epelean lotan dagon katuari baño areago erori zitzaion burura apaizagandiko ur-parrasta otza.
Bere zori artan, beti bezela bere burukeriakin aurrera irtetzeko zein bidetatik jo zezaken asmatu eziñik zijoala, ondartzaburutik bere etxea begiztatu zuan garaian, eskale batekin egin zun oztopo bidean. Eta une artan bertan, deabruak asmo berri gaiztoa aizatu zion begitartera.
Alkarren ondoratu ziran garaian, eskale zarkinak esku-luzeka soroski-zerbait eskatu zionean, zalduntxoak itaundu zion.
—Ondo ezagutzen al-dituzu inguru oek?
—Inguru oek bakarrik? Baita Gipuzkoa osoa ere zearkatuko nuke begi-itxian utsik egin gabe.
—Tira , ba. Zu bezelako gizon bat bear det agindu bat egiteko. Zure lanaren ordez diru-mordoxka bat emango dizut. Nai al-dezu?
—Dirua? Orrexen billa ta eske ezpa'nabil, ba, beti?
—Ez da zailla eginbearra; baña ixilpean eta erne bete bearrekoa bai, ordea. Nai al-didazu egin agindu ori?
—Ixilpean erabiltze orretzaz ez dago zer esanik. Amaika ixilpeko badira leen ere nere kolkopetik irten gabe. Beraz, agindu ori nik egin nezakeana ba'da, lenbailen beteko dizut.
—Orretarako, ordea, astiro itzegin bear dizut. Gaur illuntzeko bederatzietan »Ximela»ren ostatuan itzegingo degu. An emango dizut zure eginbearraren berri. Itxoidazu antxe, esan dizudan orduan.
Azkenengo itz oekin eten zun Zitok eskalearekiko alkarrizketa; baña, joakeran, ogerleko bat jarri zion eskuazpian bigunki. Zillarraren dardai-aurrean erdizoraturik, txapela erantziz, buru-makurka agur-egin zion eskaleak zalduntxoari.
Andik geroxeago, bidearen okerrunean Zito ezkutatu zaneko, bi edo iru jauzi egin zitun agureak pozaren pozaz eta, goruntz arrika jaurti ondoren, eskuazpian bildu zuan berriro ogerleko dirdaitsua. Ostaturako bidea artu zun bereala. Eguzki kiskalgarri arek igarri zorrotza ematen baitzun eta urdalla ere zerbaiten eske zebilkion zulatu miñean.
«Antzuela» deitzen zioten nunai ezizenez eskale ari. Etzan inguru arietan gizon ua ezagutzen etzuanik, iñor. Baserriz-baserri ta mendiz-mendi eskean zebillen bitartean, kanta-papelak saltzen ziezten mutillai ta neskatxai. Orrez gañera, berak kantatzen erakutsi. Auots garbia ta atsegiña zun eta ezpañetakoaren soñuakin laguntzen zitun gaienean bere kantak.
Alai ta pozkiro artzen zuen gazteak Antzuela eskalea. Izaten zan oiua ta zantzoa ta parre-algara ugari gizon ura zebillen tokian! Batezere, neska gazteakin artueman aundia izaten zun; eta, irakurle, ixilpean gordeko ba'ziandu ezkutu au, ateraldi lotsagabeak egiten ere oitua zegoala esango nizuke.
Alaere, ordea, ausardi samarra izan arren, maitekiro artzen zuen alde guztietan. Maite-aginduak alkarri bialtzeko ere etzuen gazteak beste iñor nai izaten.
Jaioterritik zetorkion ezizena; baña gutxitan joaten zan bere errira. Senditartekoen batzuk ba-zitun an eta, ikusten zuen guztietan, asarre bizian erasotzen zioten. Au zala-ta, gogaitkarri zitzaion, benetan, bere jaioterriko egona.
Baña au izan ezik, beste Gipuzkoako erri guztiak ilero ikusten zituan. Gaur itxasaldean, biar legorraldean; orain beterrian, urrengoan goierrin; gelditu ere gabe zebillen beti aruntza ta onuntza, atzealdetik bere kantuekin poza ta alaia ixuriz.
Etzan, artean, oso zarra; baña naiko zarkindua zegon eta egunetik egunera agura-itxura izugarria artzen zijoan. Neguko bustialdiak eta sapaietako lasto-arteko egonak, etzioten osasunerako on aundirik egiten; baña onaizkero, eskeari utzi ezkero, nora jo zezakean...?
Iñurritzako sagardotegi batean bazkaldu ondoren, illunaurrean, oinak arrastaka ta bere paperak galtzarpean zituala, Zarautzerako bidea artu zun. Bideko ibillian ain zarkindua ta baldartua zirudin gizon ura, zearo itxura-aldatzen zan eta gaztetzen etxebarrura sartzen zanean.
Ximelaren ostatura iritsi zanean, ateondoan zeuden gazte bik, Kaxo, Antxuela! esanaz, idiki zioten atea. Aitzgañetik amiltzen dan ur-jarioa apar zuri biurtzen dan bezelaxe, parre-algara biurtzen zan arek beti agoartean zeramakin bertso-marmarra ta lelo alaia. Danak agurtu zuen barrutik maitekiro; danak eskeni zioten edari zorabiatzallea ta, eskenitako ardao-ontziak ezpanetara eraman-ala, danentzat izaten zitun ateraldi ziztagarriak, edo bertsoak, edo izkirimiri parregarriak. Adiskidetzat jotzen zuen danak Antzuela ospetsua.
—Zer berri dakarkiguzu, Antzuela? —galdegin zioten.
—Berririk gutxi, gizonak. Ni bezelako agure zarrak soingañean dakarkin dana ere zarra ta zarpilla dik. Berririk ezer ez.
Orrelako ateraldien agirian, parre-karkara erreza jaurtitzen zuen ostatuan zeudenak. Arrantzaleak ziran batzuk; besteak, berriz, an inguruan etxegintzan ari ziran langile ta argiñak. Gazteak eta sasoirik bikañenekoak geienak. Antzuela ostatu artara azaltzen zan guztietan, berriketaldi atsegiñak egiten zituen agurearekin.
Ostatuko etxekoandreak ogi-zerrenda biren tartean atera zion lukainka errea geldiro ozkatu ta iretsi zuanean, ezpañetakoa aterata, doñu jakin bateri ekin zion, entzuleen agoa berotu arte.
Baratzako pikuak iru txorten ditu;
neska mutiltzaliak ankak arin ditu;
ankak ariñak eta burua ariñago;
dantzan obeto daki artajorran baño.
An sortu zan iskanbilla, oiualdia ta kriskitin-otsa! Mutil gazteak ezin zituen ankak lotu; dantzara zijoazkien gainbera, naiz eguneko lana utziberriak izan, artean. Sukaldean lanean ari zan neska bat besotik tiraka atera zun dantzara mutil batek eta dantza-saio ikusgarria egin zuen biak, ostatuko guztiak begira zegozkiela. Ua zan alaitasuna! Ua zan sasoia! Ujujuuuuu...! Beti gazte ta beti alai irautea bezelakorik ez dek, demorriotan , osasunarentzat!
Bederatzien buruan, Zito ardandegira azaldu zanean, olaingo zalduntxo dotorea sartzen ikusirik, ezpainartean zerabilkien leloa etenda, gazte garatuari begira gelditu ziran danak aozabalik. Antzuelak ere gerrikoan gorde zun bere ezpañetakoa.
Ollaskoen aurrean kukurrukuka asten dan ollarra baño arroago ta zutiago igaro zan Zito an zeudenen artetik zear-begiraka; ta, eskalea begiztatu zuanean, aretxen maira urreratuta, buruz-buru eseri zitzaion. Orduantxe, bai, toteldurik eta arriturik gelditu zirala ardandegian zeuden danak. Aundizki-itxurako udalditar ura Antzuela eskale sastarrakin, leendiko adiskide bailu, izketan asi zanean, ikusleak, arrituta, ziosaen alkarri: «Zer demorrio ete-zerabilkie oek biak? Deabrua bera baño ere biurriagoa dek Antzuela au. Erregeren jauregira bertara sartzen ikusiko diagu alakoren batean jaun da jabe bezela».
—Ementxe, bazter ontantxe itzegingo degu gure aisara —jaulki zun Zitok eskalearen aurrean eserita.
Ardandegian zeudenak, orratio, lenengo arritualdia itzali ondoren, erbestearra sartu zanean etendako ariari egotzi zioten berriro agoa ta ango edale zorabiatuak ateratzen zuen itzotsera, etzuen izan ixil-izketa ura iñork entzun bildurrik. Alaere, orratio, bada-ezpada, agopeko mintzo bigunean eta zear-begiratuz asi zitzaion Zito izketan.
—Zure aginduetara naukazu —erantzun zion eskaleak belarriak zorrozturik.
—Ara! Auxe da bete bear didazun eginbearra. Bai al-dakizu nun dagon Inurritzan, Dorronsoro deitzaion baserria?
—Bai, bai. Jakingo ez det, ba? Amaika bider izana naiz antxe. Ango etxekoandre Josebek eman izan dit iñoiz bazkaritako lapikondo usaitsu gozoa!
—Alaba bi ditue baserri ortan; ez dakit ezagutzen dituzun.
—Neskak ikusi izan ditut baserri ortan; baña ez dakit ezagutuko nitukenik; ainbeste ikusten ditut, ba, nere bideetan.
—Etzaio ajolarik. Nere agindua bear bezela betetzeko, ez dezu orren bearrik. Neska oietako bat Malentxo da, nere emaztegaia; baña, orain egun bi dirala, norabait erbestera eraman dute. Malentxo nora joan dan eta nun bizi dan jakin nai nuke nik orain. Ez det uste zuretzako gauza zailla litzakeanik orixe jakitea.
—Ez, noski. Ain zuzen ere, gaur eguerdiburuan bidean aurkitu zaitudanean araxe nijoan; baña, eman didazun ogerlekoaren usaira, ibilbidea okertuta, sagardotegira joan naiz bazkaritara. Biar bertan joango naiz Dorronsorora-ta, zuk nai dezuna nik ez jakitekotan, ez luke iñork jakingo.
—Baña, Antzuela, orretarako buruz jokatzea nai nuke. Ez dezaizuela igarri zerbaiten jakinmiñez zuazenik ara! Ez dakizuela igarri norbaiten agindua beteaz zoazanik! Ez egin zabarkerizko galderarik.
—Amaika aldiz egiñak ditut or-emen zurearen antzeko aginduak! Orrelako eginbearretara oitua nago. Egon zaitez kezkagabe, jauna.
—Tira, ba. Biar bertan etorriko naiz bazkalondoan zure erantzunaren billa. Beraz, biar arte.
Eta zalduntxo apain arek joan-agurra zegion unean, beste zillar-mordoska jarri zion eskuazpian ezari-ezarian. Zillarraren tintin-otsera, bai begiak biziki alaitu zitzaizkola eskale maltzurrari!
Ordu-laurden batez geroago, len alako biz goragotik zebillen ardandegian zalaparta, iskanbilla ta kantu-otsa. Besteetan, etzuan izaten Antzuela ospetsuak ezer ordaindu bearrik ostatu artan; nornaik ordaintzen zion nai adiña zurruta. Eta iñok ematen ezpa'zion, ostalariak eskeniko ziokean eskuzabal; edaleak biltzeko bai al-zan, ba, eskale ua bezelako gizonik?
Ordea, egun artako zurruta, oituraz beste, Antzuelaren kontura izan zan. Aren eskuarteko txanponak, edariaz gañera zabaltzen zuan ere, arraiok ezpa'du, alaitasuna ta zalaparta ugari.
Etzan izan Antzuelarentzat zeregin zailla urrengo egunean udalditarraren agindua egiztatzea. Amaiketan inguratu zan Dorronsoroko baserrira. Txarrikumeai artalea ematen ari zan une artan Balendin etxeatzean; Mikele neskamea, berriz, iturri-arraskan garbiketan. Zarautzera joana zan etxekoandrea erosketa batzuetara. Martin apaizak, saskadiko gerizpe atsegiñean eserita, eguneko otoizketak zegizkin, etxetiko ezkutuan. Eskalea iritsi zan garaian, artalea marraskatuala, uxarkaldi azkarra egiten zuen lurrean txarrikumeak eta alkarri muturka ekiten zioten maiz kurrintzaka.
—Egun on bat eman dagizuela Jaungoikoak, agur-egin zien eskaleak sarrerakoan.
—Kaxo, Antzuela! Nundik nora zabiltz? Aspaldi ontan ikusigabea zaitugu —erantzun zion Balendinek.
—Jakiñak izaten dira nere ibilliak. Legorraldetik itxasaldera irten naizan ezkero, erabat daramazkit itxaserri guztiak. Arranotan, txarrikume bikañak dauzkatzue. Bizkarralde guria izango due oik San Martinetarako...!
Eta, bein berrriketan asi ziran ezkero, nai bezin laster eraman zun alkarrizketa, bere saillera. Txarrikumeakin okulllura sartu zanean Balendin, ezarian, maltzur aundiak, Mikele neskame oargabeari itaundu zion:
—Ez al-dituzue etxean neskak?
—Bai zera! Egun batzuetarako Aizarnara joanak ditugu.
—Osasuntsua da, noski, erri ura! Makiña bat bider artu izan det ango aize ederra! Kalean al-dira?
—Ez. Komizulotzara goazela, baselizatxo baten ondoan dagon Lasturreta-baserrian, erantzun zion neskame oargabeak.
—Ara! Ederki ezagutzen ditut toki ariek. Askotan egin izan det gaba ardandegi aretan.
Bai al-zuan eskale maltzurrak geiagoren bearrik? Bein bere eginbearra bete ezkero, urrengo arte agur-eginda, laster aldendu zan andik. Zitoren asmoak sakonki ezagutu izan ba'litu, etzitukean, bearbada, bere egiteak aurrerago eramango. E'tzekin, ordea, zalduntxo ura noraño zijoanik; etzuan noski zegikean kaltearen berririk. Neska-mutillak maiz izaten dituen maite-jolas ariñen bat zalakoan, bete zun Zitoren agindua. Naiz-eta eskale zarrastakoa izan, etzan biotz txarreko gizona; etzan gaiztoa. Ezjakiñak eta diruaren dirdaiak, zoratuta jarri zan Zitoren eskuetan.
Bazkalondoan, Ximelaren ostatuan bertan eman zion Zitori jakin zituanen berri. Zillarez ordaindu zion arek berriro bere lana. Noiz ikusi ete-zuan eskale zarpillak eskuartean ainbeste diru? Alako dirutza artzearren, amaika agindu bete zitezkean...!
Ain zuzen ere, diru geiago irabazi zezakean oraindio. Baña urrengo eginbearra luzeagoa ta zailagoa zan. Zitok emandako karta bat Malentxo neskañoari Lasturretaraño eraman eta aren erantzuna ekartzea. Egun batzuetako eginbearra zan; baña beti bidez-bide zebillen ezkero, berdin zitzaion iparraldera igo edo egoaldera jetsi. Gañera, emandako agindua ondo egiztatzen ba'zun, ostatu eder batean luzaroan atsedeten egoteko lain diru juango zitzaion eskuartera.
Zitok emandako karta kolkoan gordeta, Aizarnarako bidea artu zun urrengo goizean-goizetik, eta zeramakin bidearen ondoko baserrietan parre-karkara ta kantu-otsa ugari uzten zuan bere ondoren. Batezere gazteak, soroko lana utzita, maitekiro urreratzen zitzaizkon, ikusi orduko, zeramazkin berrien eske. Sorgiñak baño nasialdi geiago sortzen zitun arek bere ateraldi zorrotzakin neska gazteen kolkoetan! Gaizto utsa, alena!
|