UZTARO
Bularretatik umoa ta emaia ganezka dariola datorkigu uztaroa udazkenaren eskutik. Edertasun bereiziz apaintzen ditu aro onek gure landalde zoragarriak. Biltzalleai deika diardue sagar umatuak zuaitz-adarrean, aize-arnasaren pean, dardarka; irripar dagie artaburu elduak zorro igartuen tartetik; lertu-zorian dira oraintxe baba-leka txigortuak; morka mardulen kargapean makurtu bear izan due bizkarra matsondoak ere.
Izadiak ain zoro dakarzkigun esku-erakutsi aberatsak bildu-ala, lenengo aurtxoa jaio zaien etxekoen antzera, kantu-ots alaia jaurtitzen due or-emen biltzalleak.
Kantua darie, lan bitartean, garo-biltzalleai; kantua sagar-biltzalleai; kantu baba ta ardo-biltzalleai; baita maats-biltzalleai ere. Uztaroaren eresi entzungarria da artasoroetatik, maastietatik eta sagastietatik garai ontan barreatzen dan kantu-otsa. Olerkariak zionez,.
«Udazkena da. Bero zitalak jun diranean,
»zein ederra dan, ibil ondoren, mendi-gañean,
»kezka gabeko atsedena!
Amestu genezaken ikusgarririk zoragarriena agertzen digu oraintxe basoaldeak. Artoarena ta sagarrena da bereziki sasoi au. Senargaiaren zai dagon neska maiteminduak bezelaxe, dardarrikara dagie sagar elduak zuaizburuan. Bigunkiro daragio dantza artasoroak ere bere motots txigortuari.
Orri igarrak, alkarren igortzian, ateratzen duten otsak, ez al-dirudi gaberdian sorgiñak izukariz dagizkienetakoa?
Ez du izango nekazariak oraintxe artoaretzazko erruki aundirik. Orra nun dijoakion biozgabe sorora. Laster atertuko zaio artaburuari orriartetik darion irriparrea. Eldu atzamarrez eta ukaldi indartsuz bigurtuko dio lepoa eta ezpainondoetatik zintzilikatzen zitzaion bizar gorri leuna ere zearo muskilduz, arri-konkorra bai'litz, saskira jaurtiko du.
Bien bitartean, zuaizburura igota ari da lanean sagar-biltzallea. Leiarrezko pitxi ausierreza bezain arduratsu erabilliko ditu arek gazisagarrak bilketan mazpildu ta mallatu ez ditezen: jateko baitira sagar oek. Lastoartean umatuz, urrengo udaberriraño iraun dezaten, osasuntsu joan bear due sapaiko lasto-ogera; aurki ustelduko litezke, bestela, ango egonean, mallaturik joatekotan. Mueta askotakoak dira gazisagarrak: errege-sagarrak, Yondone-sagarrak, sagarbeltzak, sagargorriak. Gozakia egiteko, berebizikoak dira, berriz, irisagarrak.
Sagar gezak, orratio, ez dira ain arduratsu erabilli bearrekoak. Sagardaoa egiteko da mueta au; eta, bilketan zearo mazpilduta gelditu arren, etzaio ajola aundirik. Aurkixe zanpatuko, lertuko ta txikituko ditu sagar-jotzalleak tolarean sunpillaren zartakoz. Orrez gañera, tolareko ardatzaren esian biraldika estutuz, aterako diozkae errai erdibikatuetatik azkenengo kondarretarañoxe umo-kutsu guztiak, patsari darion muztio gogoz etxeko upelak bete arte. Beraz, aal besteño aldia laburtzearren, agaz zartakoka, edota, bestela, zuaizburuari eragiñaz lurreratzen ditue biltzalleak sagar-gezak.
Izadia garai ontan emaiez beterik datorkigun bezelaxe, gizonak ere ba-du, bere uztaroa. Bizitzako egiteen ordaña artzen dun garaia, alegia. Bizitzaren udazkena da.
«Gizon-aroko kiskaldasunak jun diranean,
»zein ederra dan, an, bizitzaren udazkenean,
»kezkarik bako atsedena!
»Belaunburuak erre dizkoen bideko asunak
»izan bitez gizonarentzat ikaskizunak:
»igalidun udazkena».
Baña zartzaroak ezetzik, egite guztiak dakarkioe gizonari, goiz edo berandu, uzta-garaia. Maitasun ixillari ateak eroki zabaldu ordez, etsipenean luzaro iraun dun neskañoak irabazi du, noski, bere eroapen ederraren saria.
Legezko bidetik ertenda ibilli danak, berriz, buruan ustegabe artu dun zartako ikaragarria izango du ikasbide. Bizitzak noizbeinka damaizkigun dangateko oek dakarkigue bizitzako jakintzarik ederrena: etsipena, eroapena ta burumakurtasuna. Bizitzak lemaiguken emairik bikañena ba-da, agian, Jaungoikoarekin beti erara ibiltzen ikastea.
* * *
Udazkeneko egun eder batean, sagar biltzen ari zan Balendin etxeburuko sagastin. Eskillaraz zuaizburura igota, kolkora biltzen zitun sagar-aleak, eta jetsialdi bakoitzean saskira ustu bildutakoak. Sagastin bertan pillatan agiri ziran tarteka aurreko egunetan bildutako sagardao-sagarrak. Itzaiak gurdizka tolarera eraman-ala, jotzalleak zartaka zanpatzen zituen. Argiro entzuten zan ordun ere sagastitik, sunpillen danga-otsa.
Balendinek sagar-gañetik aleak arduratsu kolkoratzen zitun bitartean, azpikaldeko koska batean eserita, gerizpetik begira zegokion Agerre. Arek saskira egin zun jetsialdi batean, egonaldiko atsedena buruzkatuz, Agerreri ondoratu zitzaion izketara. Baita onek, berriz, aspalditik bularpean azkuraka zerabilkin gaira eraman zun bereala izketaldiaren aria.
—Aizak, Balendin, zenbat urte dauzkak?
—Asko. Ogeta zortzi.
—Mutilzar gelditzeko asmoan al-aiz, edo. Ez al-dek izan beiñere ezkontzeko asmorik?
—Ezkondu? Norekin ezkondu litake ni bezelako morroi ezereza? Zure «kofradian» gelditu bearko —erantzun zion Balendinek parrezka.
—Arranopola! Baztarretan ba-dituk amaika neskatxa aundi-iritzikoak ere, irekin pozik ezkonduko lirakenak. Ez al-dek ortarako iñoiz neskarik begiz jo?
—Begiz jo...? Bai! Zertarako gezurrik esan? Ba-dira ederretsi ditudan neskatxak. Baña eder-iritzirik, aien baietzera, alde aundia dago. Oso baldarra naiz maitasun-gaietan.
—Igartzen zaik, bai, mutil, gauza orietan kertenpiko aundi bat aizana. Ez al-dek barrundatu iñoiz norbaiten begiratu zorrotzik? —geitu zion Agerrek kiñuka.
—Nereganako? Ja, ja! Argindegiko neska zarrarena izan ezik, ez dakit beste norenik.
—Makala alena! Ez dago kirtenondo motela! Entzun ezak, Balendin. Mutilzar purrukatua nauk; ez dit ezkontzarako makurtasunik. Baña, norbaitekin ezkondu bear ba'nintz, bai al-dakik norekin ezkonduko nitzaken?
Zu? Nai zenzakeanakin. Zu zeran bezelako jaun aberats ata egokiari, zenek eman lezakio ezetzik? zenek egin lezakio uko, naiz aundizkietan aundizkienetakoa izan?
—Ez diak ondo aditu, Balendin. Gizon guztiak zerabiltzkigu biotzondoan gure amesak. Beraz, nik emazte-amesik izatekotan, zein dala deritzaik nerea oparo bete lezakidakena?
—Erregingaien bat...?
—Ez, mutil, ez. Loreakin gertatzen dana berbera gertatzen zaiek emakumeai ere. Zenbat eta dirdaitsuago, zenbat eta agiriago ibilli, ainbat zanpatuago ta oinazpiratuago. Arkaizpean edo sasipean ezkutuka dauden loreak dituk usaitsuenak eta ukigabeenak. Gizon zentzudunarentzat emakumerik aukerakoena ere, apala, ezkutu-maitalea, elizkoia, etxerakoia ta samurra bear dik.
—Zein izan litake orrelako aingerutxo ori?
—Ez dek igandik urruti bizi.
—Ez dakit nor izan liteken.
—Dorronsoroko etxepean bertan bizi dala esango ba'nik...?
—Gure etxean? Mikele neskamea?
—Ago ixillik, mutil. Izketa au atera ditan ezkero, gorago jo dezakekalakoan egin dit.
Une ontan, lañopetik ustegabe begininia ziztatu digun argizpia bezela, Malentxoren irudia bururatu zitzaion batbatean Balendini ta mututa gelditu zan, nundik jo etzekiala. Aurki igarri zion Agerrek barrualdean zerabilkianari ta geitu zion:
—Zer derizkiok Liberi emaztetzako? Orra or emakumetxo samurra, apala, etxekoia, maitekorra. Gañera, edozein gizonen eder-gosea asetzeko laingoa ba-dek. Aren edertasuna, ordea, ez dek lenengo begiraldian zorarazten duenetakoa. Egunetik egunera orrizabalduz dijoanetakoa baño. Ikusiago, eta maitagarriago ta kilikagarriago.
—Axeka al zabilkit, Agerre?
—Etzegok emen axekarik. Illargiaren adar-puntan bizi aiz, oraindaño ezer oartu ezpa'dek.
—Gustatzen al-zaik ire etxekoandre gaztea?
—Nori gustatu ez ua dan bezelako anderetxo txoragarria? Baña, egia esan, ukitzeko bildurra damain loretxoa bezelaxe artu izan det beti Libe. Ain da biguna; ain da samurra emakumetxo ori.
—Balendin! Gizon zentzudunaren zoriona egiteko, ez dek iñun orrelaingo emakumerik. Alde bikaña zegok orrelakoengandik, beren buruari begira beti bizi diranengana!
—Baña, Dorronsoron morroi utsa izanda, ausardi purrukatua bear nuke, ango alabarengana begiak jasotzeko. Oriek gauzak atera dizkidatzu, Agerre!
—Ez akidak orain aikomaikoetan asi, mutil. Esaidak argi ta garbi. Atsegin al-zaik Libe emaztetzat?
—Arranotan, zoro utsa bear nuke aingerua bezelakoxea dan neskatxa ez onartzekotan. Morroi zapogorria naizan onek ezetzik, beste edozeinek onartzeko laingoa ba-da, arraietan, Libe ederra. Zer egin dezaket, ordea, nik arlo ontan? Utzi eidazu pakean, Agerre. Obe zait biozparrengo amesai ateak ez zoroki zabaltzea. Malentxo izan ba'litz, errezago ta gainberago nerizkioke arengana altxatzea; itzegiteko bidea noznai ematen duenetakoa baita ura. Baña, Libe, ez da Malentxo bezelakoa! Liberi dagokion bezela, biotz-eske urreratzeko, edertasunez eta egokitasunez aundiro apaindutako gogoa bear litzake; nerea, berriz, trakets utsa izan...!
—Oriek dituk pilosopokeriak atera dizkidakana...!
—Ez dago or pilosopokeririk. Biotzaren mintzoa da entzun didazuna.
—Tira, ba. Ni ere, beti bezela, biotza eskuan dedala mintzatuko nauk. Emakumeak sakonki ezagutzen ez dituzuenak, algaraz eta arinkeri utsean jokatu bear dirala uste dezue, barrunbeko ezkutuak erakusteko. Ez dituk, ordea, orrelakoak aukerakoenak. Beste emakume oarti batzuk, ez diate azaltzen orren argi biozpekoa. Bai, orratio, ixilka, ustegabeko egite apalez, bigunki ta ezari-ezarian. Ez al-dek ikusi olakorik Libegan?
—Ez nik.
—Len ere esan dit. Illargiaren adar-puntan bizi aiz, mutil.
—Naiko maxio egin didazu, Agerre, ta utzi eidazu pakean.
—Gai orretzaz mintzatzen asi geran ezkero, ez diagu osiña zearo agortu arte utzi bear. Ire ezereza beste eragozpenik ezpa'dek, Libe emaztetzako ain atsegin ba'zaik, zuen bitarteko egin dezadan, ire baimena bear dit. Utziko al-didak nere eskura kontu au. Laster zabalduko dizkidala zeritzaidak Libe zoragarriaren besoak. Zer diok, Balendin?
—Ez dakit zer erantzun ere, Agerre. Ain sineskaitz iruditzen zait gauza au. Dorronsoroko alaba ederrarekin ezkontzea. Nere etxekoandre gaztearen senarra izatea. Nere burua zoratzeko laingoa ba-da, noski, korapillo auxe. Nai dezuna egizazu, Agerre; ezpaitago arloa esku baldarretan.
* * *
Illabete bi ba-zeramazkien Lasturretan Libek eta Malentxok. Zitoren eriotza zala-ta, buruan izugarrizko zartakoa erantsi diotena bezela, lenengotik Malentxo biotz-urratua ta zearo zanpatua gelditu zan arren, gero, egunak joan eta egunak etorri, noizpait berebaitaratu zan eta egunetik egunera gozatuz zijoakion samiñaldia; begitartea argituz. Ez da aldia bezelako ur-parrastarik samiñaldiaren beroaldia ozteko. Antzuela eskalearen agotik jakin zitun egun batzuez geroago, Zitoren eriotzazko guztiak. Jaungoikoaren beatza argiro agiri zan ustegabeko ezbear artan. Betiko alderatu nai izan zun, nunbait, Jaungoikoak mutil arengandik. Zer lezake gizakume ezerezak, zorigaitzaldian, Jaungoikoaren izena onetsi besterik!
Osabaren agindua betetzearren, joan zan, burua makurtuta, Lasturretara Malentxo, naiz bere gogoaz bestekoa izan etxetiko erteera ua. Illabete biz geroago, ordea, poz-pozik bizi zan ango bakartasun ukigarri artan, gogoko oroitzapen gozoetan murgilduta. Ainbesteraño aldatu ziran gauzak orduezkero. Udazkenaren orpotik negua zetorren bereala ta biozmin zorrotza zemaion andik joan bearrak. Biotza antxe arrotu zitzaiola zirudin.
Libetzaz, berriz, ez dago zer esanik. Txikitandik maite izan zun arek baserrietako biziera. Atsegarri zitzaion baserriko lanetan astia ematea. Sineskaitza ta arrigarria zan, benetan, ango nekazarientzat, Libe zan bezelako andereño ikasiak eta aberatsak baserrialdeari alaingo zaletasuna izatea. Bere etxe apaiñean bezain alaiki bizi zan Lasturretako mendi-baserri zarpillean. Malentxo bera ere, azkenerako, biotz-etsipenera makurtu zan ezkero, geroago ta etsiago ta alaiago zegoan bere aizparen ondoan.
Arto-biltzeko lanetan ari ziran agun arietan nekazariak. Artoari burua moztu baño len, emakume-aldrak biltzen ditue otartxoetara baba-leka igartuak, gero etxealdean, umeak zaitu bitartean edo seaskari eraginka, amonak astiro lekatu ditzan. Baba-biltzea bukatu orduko, artoarengana dijoa nekazaria ta gerrialdeko orri txigortuak banaka kimatu ta xortatan bilduko diozka, artaburuak galdorrean zutik dauzkaten masalastoak larrugorrituta soroan bertan utzi arteraño. Negualdean belar ondua urri dabillenean, abereentzako janari atsegiña izan oi da arto-ostoena.
Artaburuai dagokie urrengo txanda. Ez du nekazariak arietzaz ere erruki aundirik izango. Ukaldi indartsuz bigurritu eta etengo dio lepoa ta saskira jaurtiko. Gero saskiz gurtesia ganezteraño bete-ala, gurdika eramango ditu marandiora, an etxekoak zuritu ta aletu ditzaten.
Baña ez da amaitu, orrenbestez, arto-biltzearen lana. Gudari garaituen antzera, larrugorri ta burumotz gelditu dira soroan arto-kertenak. Noraño eraman bear ete-du nekazariak biozgabekeri larria? An dijoakie berriro. Atxur-ezpañez zuztarretik jota, lurpetik aterako ditu. Bijoaz alde batera masalastoak eta bestera zuztarrak. A ze nolako sualdia egin bear dun, negua sartu baño leen, soroan zuztar aekin eta inguruetan bildutako zaborrekin! Negute luzean, garoa urritu danean, abereai azpia egiteko, paregabekoak dira artolastoak.
Ba-ditu lan geiago ere artoak. Neke aundikoak izan arren, atsegarri zaizko nekazariari artoaren lanak; eskuartea naikoxe lasaitzen batio arto-uztak. Ez al-dira, gañera, urte-giroetan atsegiñenak artoaren garaikoak? Erein-garaian, udaberriaren iraduz lorez bitxiztatzen da basoaldea. Uzta-garaian, berriz, egoaizearen arnaspean emaia nunaitik dariola datorkigu udazkena.
Artaburuak gurdika marandiora eraman ondoren, artozuritzeari ekiten dio nekazariak. Bakoizka zuritu bear izaten zaie kaskarra. Uzta ugaria danetan, ez da izaten egun bateko lana artoak zuritzea. Are geiagokoa da, berriz, aletzea. Lai-ortzetan karraska igortzikatuz askatzen zaie alea lokatxa zearo narrutu arteraño. Lan oek zerbait arintzeko, auzo-laguntzan jarduten dira gure baserritarrak. Alkarren gerizpean eta aitonak jaulkitako ipuñetara erne jarduki, eginbear atsegiñak dira artoarenak.
Bazkalondoan bildu dira Lasturretako marandioan ere artozuritzalleak. Mutiko baten laguntzarekin Iñaxiok sorotik gurdika eraman-ala, ermo erasotzen diote zuritzalleak erdian jeikitzen dan pillari. Eskuazpian bildu lenengo orri igarrak-eta, belaun-gañean oinarri eginda, besteakin zartaka etenaz erazten diote artaburuari zorrozko jantzia; gero, abeondoko pillara jaurti. Pilla ori azitzen dijoan neurrian, ixuriko ditue onespenak edo gaiztespenak langilleak. Gutxitan bezelakoa da aurtengo arto-uzta. Artaburu aundiak eta ale astuna. Begitartea alaitzen zaio, demorriok ezpa'du, Iñaxiori, soroaldeko itzulaldi bakoitzean artaburu-pilla gora ta gora dijoala ikustean!
Lasturretan dira lanean Berraondo, Zepadi ta Leunda baso-mutillak. An bildu dira inguruko baserrietako neskatxarik mardulenak. Baita atso berritsu batzuk ere. Nola ez gero? Eta jardunari eskuak egotzi-ala, utsa adiñeko iskanbilla ta zalaparta ateratzen due danen artean. Ango ijijia ta ango parrezka lertubearra! Atso zarrak berak izan oi dira gaiztoen olako batzarretan.
Batezere, zurrutarekin etxekoandrea azaltzen zan bakoitzean, itxas arrotua bezela, ganezten zan kolkoetatik itz-jarioa ta irrikarkara. Biziro alaitzen baitu patarrak biotzondoa. Eta, gañera, burua lanari bear bezela lotu nai ba'zaio, eztarriko legorra, ez da euslerik zintzoena; noizbeinkako bustialdia eskatzen du, arranotan, aobizarrak, arto-bizarrari darion autsak eztarria bein da betiko lazkartu ez dezan. Orrelako egonaldietan neskatxak egoneziñik jeikitzen dira; eta, arnas-artzeko aitzakian, marandioko atera irtetzen. Ariek ere baitarabilkie biozpean uzta kilikagarria!
Illuntze-aurrean egin zuen langilleak marandioan bertan apari-legea. Apalondoko atsedenaldian, adar-ziztu bat atera zun Leundak kolkotik. Jotzalle egokia zan baso-mutilla ta arek asitako doñuari egotzi zioten danak agoa. Laster irten ziran erdira dantzari ariñak ere. Andik orduerdirako, atsoak eta agureak ere aulkipean oñak geldiarazi eziñik zerabiltzkien leloaren arira dantza-eske.
Marandioan zerabilkien iskanbilla entzunda, Libe bertara igo zan batean, dantzaldi bat egiteko eskatu zioten. Berela makurtu zun arek burua angoen eskarira. «Bai, bai —erantzun zun irriparka. —Zergatik ez det, ba, egingo?» Eta Berraondo gazteakin egin zun dantza-saio ikusgarria. Antxumearenak bezain ariñak eta zailuak ziran neskatxa ederraren jauziak. Ua zan egoki dantzatzea! Nork esan alako andereño apaña alain ederki dantzatu bear zanik? Aokada batean zanpatzeko gogoa ematen zun andereño zoragarri arek, doñu politaren neurrira jauzika ikusita! Danak zebiltzan alai. Danak kantatzen zuen batzar artan. Danak oiugiten zuen ozenki. Ujuju...!
Baña agotik gainbera dijoan irri-karkara ta alaitasuna biotzarentzat atsegarri ta osasuntsu izan arren, eginbearra bere garaian bukatzeko, lanari burua lotu bearra zegon berriro. Gaberdirarte jardun ziran arto-zuriketan eta, bein lana bukatu zutenean, illargiaren argipean, bakoitzak bere etxeko bidea artu zun, Leundagandik entzundako leloari agoa kendu eziñik.
* * *
Andik egun batzuetara, Liberen eta Malentxoren billa joan ziran Lasturretara osaba Martin eta Agerre. Neskatxa bien tresnatxoak eta jantzizorroak astazaiakin aurrera bialduta, eguerdiburuan jetsi ziran bidez-bide Aizarnara. Ibilli-ala, alkarrizketa jakingarriak zerabilzkien alkarren artean. Laurak batera joateko bide estuegia zegoala-ta, binaka zijoazen; aurretik Libe ta Agerre; atzeragotik, osaba Martin eta Malentxo.
Ara azkenengo oek zerabilkien alkarrizketa. Apaizak zesaion illobari:
—Ire naikundea lekaime joatea ba'da, ez diñat nik eragotziko; ire amak ere ez diñat uste. Baña orrelako erabakiak ez diñae bear beroaldian edo zorigaitzaldian artutakoak, luzaroan geldiro aztertutakoak baizik. Ezkonduak ere, Jaungoikoarekin erara ibilli ezkero, lekaimeak bezain ondo irabazi lezakeene zerua. Ezkondu nai izatekotan, berriz, ba-zeudan Zarautz eta inguruko errietan, i bezelako neskatxa batentzat mutil egokiak. Ez diñat uste Dorronsoroko alaba batek orretarako iñora eskean joan bearko lukeanik.
Osaba! —erantzun zion illobak—. Otz-otzean artutako erabakia da nerea. Ez du nere maitasunik izango iñork. Ondo erakutsi didala deritzait Jaungoikoak nere bidea. Ez dakit buruz ala burugabe jokatu nitzan ildako mutil ura senargaitzat onartu nuanean. Alabearrez bideratu zitzaidan. Eta nik, artean mutillekikorik ezer ez nekian neska ezjakiña izanda, mutil ua urreratu zitzaidan ezkero, arenganako jarri nitzan; ez beste iñorentzako. Zertarako gezurrik esan? Biozki maite nun mutil ura. Baña gizakumeak baño goragotik ikusten ditu Jaungoikoak gauzak eta, ala zegokidalako, nunbait, bidetik kendu dit betiko. Beraz, orain Jaungoikoaren goiargiari bear bezela erantzutea dagokit.
—Baña bai al-dakin zer dan orrelako erabakiak artzea? Ondo aztertu al-ditun gorabera guztiak?
—Bai, osaba, bai. Gañera, emendik urte bira, nere asmoa sendotuko ezpa'litz, ertenbidea ba-daukat. Baña itxaro dedanez, tinko jarraitzekotan, zergatik gelditu ez betiko antxe bertan?
—Tira, ba. Ire zoriona an ba'lego, ba-oake niregatik, Malentxo. Arrituta negon, benetan, ire aldakuntza orrekin! Eman egion amari lenbailen, ere agotik, ire asmoaren berri.
* * *
Bien bitartean, bide okertsuan barrena, gainbera zijoazela, ara zer zesaion Agerrek Liberi:
—Libe, zurekin mintzatubear bat daukat; baña aurretioz zure baimena nai nuke.
—Bai al-lekarkit kalterik, zuregandik letorkidakenik ezer?
—Orain dakarkizudana, ordea, gauza bereizi bat da-ta, arloa bear bezela argiztatzeko, biotza eskuan dezula erantzun bear zianduke; zure kolkopea argiro azaldu bear zianduke. Txikitandik ezagutzen zaitut eta zure biotzondokoak ondo dakizkidan arren, zere agotik entzun nai ditut oraingoan.
—Jesus ene! Zer dakarkidazu, ba, Agerre? Jakinmiñez naigabetua naukazu.
—Ez bildurtu, Libe. Ara nere lenengo galdera. Lekaime joateko amesik izan al-dezu beiñere?
—Lekaime? Ez det oraindañokoan orrelako asmorik izan.
—Neskazar gelditzeak, berriz, az al-zaitu kezkatzen?
—Oraindik ez det uste neskazartzeko bidean naizanik; baña, egia esateko, ez da iñorentzat maitagarri mutxurdin gelditzea.
—Beraz, Libe, orrek danak esan nai luke Jaungoikoak emaztetzara deitzen zaitula. Orixe da jakin nai nuan gauza bat. Baña, ba-da oraindio geiago ere. Senargai bat bear zenduke ezkontzeko ta, nik dakidanik, beintzat, ez dezu.
—Beranduegi al-da oraindik? Mutil asko ibilli dira nereganako; baña nere gogokorik ez iñor.
—Oraingo nere galdera au, berriz, bai zorrotza dala! Biotza eskuan dezula mintzatuko zaidala eskeni didazu. Nik ekarri nezakizun mutil batekin ezkonduko al-ziñake?
—Zer erantzun nezakio galdera orri? Nor dan ikusi gabe, nolakoa dan jakin gabe. Ba-ditut, gero, nere amestxoak, Agerre!
—Nere mutil ori baño oberik gutxi dira. Langillea, zintzoa, leiala, eskurakoia, zernaitarakoa, gizaseme bikaña ta jeikia. Ez da nolanaiko mutilla!
—Diozunez, aukerako mutilla izan bear du. Baña.
—Akats bat bakarra izan lezake mutil orrek zu bezelako anderetxo batentzat. Gutxitzat jotzea, ezereza iriztea, morroi utsa baita. Ordea, aren biotzak urrea balio du; zilarra baño aberatzagoak dira aren eskuak.
—Orrelako morroi bat bakarra ezagutu izan det nik, Agerre.
—Bai nik ere.
—Zein da zurea?
—Nerea? Dorronsoroko morroia.
—Beraz, Balendinetzaz mintzatzen ziñan? —oiugin zun Libek begietatik dirdai-jario.
—Bai. Balendinen alde natorkizu. Beste edozertan ain oitua ta ikasia dan mutilla, maite-jokoetan oso baldarra da. Gañera, bere burua gutxi-iritzian jota, emakumeengana urreratzeko ez da biderik onena. Nola ausartu liteke gizajoa zugana zuzentzen?
—Ordea, ortarako bidea eman ezkero.
—Orixe da bereziki jakin nai nuana. Aintzinatik nuan zure barrengoen berri, zuk uste izan ez arren. Baña Balendini zerbait adierazi nai izan diodanean, bai al-dakizu zer erantzun didan? Nola ausartu liteke ni naizan bezelako morroi ezereza nere etxekoandrearen alabarengana begiak jasotzen? Maite zaitu arek; baña zuretzako laingoa eztalako usteak ozten du.
—Beraz, Balendinek maite nau? Emaztetzat artuko ninduke?
—Bai, bai. Baña zuek alkar aditzeari ekin dezaiozuten, bitarteko baten bearra dezute lenengotik. Ortarakoxe bear det zure baimena, Libe.
—Biotza eskuan dedala mintzatuko nazaizula itzeman dizut. Orra or, ba, nere baimena. Zure eskuetara nagokizu, Agerre.
Ezpainartean beti loratan zerabilkin irriparrea, oraingo ontan irriño gozo ta ezti biurtu zan. Barrualdeko atsegiña ta zoriona adierazten zun irriño arek. Agerre ere kolkopetik eginbear arduratsu bat irauli dunaren tankeran gelditu zan lasai eta zoriontsu. Biziro maite degun norbaiten zorionaren iturribide izateak, norkbere garaikundeak baño atsegin lasaiagoa ta zorion aundiagoa aizatzen dio maiz gizon zintzoaren biotzari.
Orrelaxe gainbera alkar-izketan zijoazela, muñogain batetik begiztatu zuen Aizarnako kalea.
Agoartean zerabilkien izketaldiari giltza emanaz, osaba Martinen eta Malentxoren zai oinkadak geldiagotu zituen aurreko bidari biak. Lenengoz Lasturretara joan zirenean baño alaiago zebiltzan bidarien begitarteak, arranotan!
* * *
Urrengo goizean, eguerdi-aurrean, sagastin gelditutako sagar-kondarrak biltzen ari zan Balendin Agerrekin berriketan. Ez omen zan izan aspaldin alaingo sagar-urterik. Berrogei gurdi ba-zituen, gutxienez, Dorronsoron sagardoa egiteko. Gazisagarrak ere asko. Ale txikiak ziran, baña ugariak eta osasuntsuak.
Sagarrondo baten gerizpean izketan ari ziran bitartean, etxeburuko langatik zear azaldu zan Libe, une artan, eguzki-izpia bezin eder. Alde batera ta bestera buru-itzulka zebillen zerbaiten bila. Begira zegokion Agerre otsegiteko zio baten zai; baña ez oartuarena zegian arek. Ordea, geroxeago, ollanda biren billa zebillelako aitzakian, sagastiko mugara urreratu zan gaixtoa ezarian. Orduantxe zijoakion eskura Agerreri biderik egokiena.
—Zeren billa zabiltz, Libe? —otsegin zion.
—Ez dira azaldu ollanda bi eguerdiarteko janaldira-ta, emen izango dirala uste det nunbait gordeta.
—Utzi egiezu, Libe, ollandai; goseak aterako baiditu laster gordelekutik, eta atozkit ona; zerbait galdetu nai nizuke, ba.
Ezker-eskuitako sasipeetara ta sastrakartera begiratuz urreratu zitzaien Libe, aurpegiko irriño zoragarria utzi ere gabe. Orratio, egia esan, sekula baño ere zoroago zebilkion biotza kolkopean naxitzo. Etzuan egundo ain jauzkari ta biurri barrundatu izan.
—Berri arrigarri bat eman didate gaur zuretzaz, Libe. Laster ezkontzekoa omen-zera, galdegin zion kiñuka ta parrezka.
—Ni? Zenekin, gero?
—Erregegaien batekin bearko. Zure ames oriek oso gora erabilliko dituzu-ta.
—Ez orixe! Nere gogoko mutilla izan ezkero, e'lioke beste ezerk ajola aundirik.
—Zer bear luke, ba, mutillak zure gogoa asetzeko?
—Oetxek, beñepein. Zintzoa, leiala, langillea, ta osasuntsua izatea.
—Naiz txiro ta beartsua izan?
—Zer dauka orrek zerikusirik egizko biotz-maitasunean?
—Baña mutil ori morroi utsa ba'litz...?
—Morroiak ez al-due, ba, biotz zintzorik? Ez al-due gogo leialik?
—Nik ezagutzen det ondasun oriek guztiak dauzkan morroi bat.
—Baita nik ere. Baña nork lekike aren biotza norenganako dagoan?
—Ez al-dakizu zuk? Nik, ordea, bai. Gañera, zerorretzat ere ez da gauza zailla ori berori jakitea. Aizak, Balendin, ekatzak ire eskua. Baita zuk ere zerea, Libe. Nere eginbearra amaitu da! Orain zuen arteko eginkizuna da barrunbekoak alkarri argiro azaltzea. Agur!
Azkenengo itz oek mintza bitartean, sagastiko bidetxiurretik Dorronsororako bidea artu zun Agerrek; ango etxekoai agur eginda, bazkaltzera joateko garaia zetorkion, ba, gañera. Eskuak alkarrekin kurutzatuta gelditu ziran Libe eta Balendin aurpegiz-aurpegi, begietatik dirdaiak zeriztela. Katakumetxo bat bezin bigun eta zoli ondoratu zitzaion Balendini neska lilluragarria, aren maite-itzen egarri. Erditoteldurik eta zorabildurik zegon, berriz, mutilla, Dorronsoroko alaba ederraren aurrean. Gezurra ta amets utsa zerizkion ainbesteko zorionari.
Bein neskak biotzaren ateak alderen-alde zabaldu ziozkan ezkero, egoki jokatu zan, orratio, Balendin. Ala zegokion ere, ura zan bezelako apustulari ikasiari, beste maite-joko onetan ere. An jaulki zizkoen alkarri irriparka ta jolas-bitxietan ordurarte alkarrenganako izan zituen bildurrak eta ikarak. Gizadiaren zoria da beti biotzondokoak estaltzen eta ezkutatzen ibilli bearra! Ala zion, beintzat, Libe biotz-zabalak.
Balendinek, bere atsegin eta zorion osoan, parre zegian etengabe lasai eta baietza zemaien oargabe neskaño txoragarriak zesaiozkan guztiai. Nola ezeztu marrubizko ezpainarte ezti aetatik ertendakorik? Nola alkar maite ez biotz zintzo ariek biak? Nola maiteberotu ez bereala soin osasuntsu ariek biak? Nola sutu ez aurki gogo indartsu ariek alkarren ondoan? Maitaleak, ordea, ez due nai izaten ikusleen begiraturik. Utzi ditzagun, ba, maite-kiman, zorion-atsegiñean zearo murgilduta, neska-mutil biak.
* * *
Urrengo asteko egun batean, Martin nagusi jaunak goiko gela nagusian lanean ziarduan bitartean, Balendin joan zitzaion zerbaiten galdezka. Oi bezela, maiteki artu zun arek morroi leiala. Gelara sartzen ikusi orduko, ara nola galdegin zion:
—Zer dakarkik, Balendin?
—Gaurtik aurrera nere ordezko bat billatu bearko dezula esatera natorkizu, nagusi jauna.
—Zer? Zergatik?
—Etxe ontatik ertetzeko asmoa dedalako.
—Zer gertatzen zaik, ba? Ez nian olakorik asko uste! Etxekotzat indukadan nik, beintzat. Geiago irabazteagatik ba'oa, eskaidak nai bezainbat. Beste zerbategatik ba'litz, berriz, esaidak zergatik artu dekan orrelako asmoa. Dana zuzendu litxeikek! Au dek buruaustea dakarkidakana ustegabe!
—Etzaite kezkatu, nagusi jauna; etzazu bururik ausi; laster bertara itzultzeko asmoan noa-ta.
—Ala ba'da, ainbestean. Baña, nora demorrio oa, ba?
—Nere gurasoen etxera; baña aurki Dorronsorora itzuli ta bertan betiko gelditzeko asmoan, zuk eragozten ezpa'didazu, beintzat. Ordun, orratio, ez morroi bezela; zure illoba bezela ta Liberen senar bezela baizik.
—Arranopola! Ez didak kezkaldi txarra eman gaizto orrek. Asi eikean ortik lenengotik.
Pozez ganeztu bearrean entzun zitun apaizak Balendinen azkenengo itzak. Etxekotzat euki izan zun beti arek morroia eta naigabe aundia emango ziokean, noski, aren aldegiteak. Orain sendiartera zetorkiolako, atsegiñez artu zun eraman zion berria. Ez dira gaurko egunean, noznai eta nunai aurkitzen diranak Balendin bezelako gizonak!
Pozaldiaren iraduak eraginda, Liberi deika ekin zion gelatik bertatik. Zelatan zebillen ua, ordurako, ta osabaren deia entzun orduko, binaka gainditu zitun eskillaratako mallak. Gelara sartu zanean, egon eziñik, galde au egin zion osabak, Balendinen aurrean:
—Beraz, Balendinek esan didanez, ezkontzarako alkarri itzemanda zaudete?
—Bai, osaba; alaxe da.
—Tira, ba. Orra or nere onespena. Onetsia dedilla Jaungoikoa! Bein orrera ezkero, gauzak lenbailen aurrera eramatea dagokizue. Dorronsorok Balendinen laguntzaren bear aundia dauka. Baña, ezer egin baño len, jarri ezazue ama jakiñaren gañean. Ez diñat uste ua ere asko naigabetuko danik! Ederki, ederki! Zoazte, ba, Jaungoikoaren onespenarekin.
Besarka maitekor batekin eman zion Balendini bere baietzaren agiria. Egun artan Dorronsoroko biotz guztiak alai ta pozik zebiltzan. Biotzera, maiatzeko ura bezela, bigunki ta ezarian sartzen dan zoriona izan oi da iraunkorrena ta sakonena, ala irudi ez arren.
|