VI ZERUA GOIBEL, BAÑA BIOTZAK ILLUNAGO
Zearo aldatu zan zerualdea urrengo goizerako. Gauerdian asi ziran laño lodiak, ardizarrak iduri, medi-gibeletik agertzen eta, leendik itza emanda daudenen antzera, alkarganatzen. Burrukan ekin zioten, berriz, geroxeago odei zuriak eta alkar gainkatuz, adarkatuz eta bultzakatuz, goizalderako, batzuk besteakin estutu ta naasituta, zerupe dana artillez estali zuten.
Sargori zegon, ordea, alaere. Etzan aizealdirik nabaitzen; geldi ta logale zetzan izadi osoa sargori kiskalgarriaren lozorroan. Bealdetik zerabilkien egaldia enarak. Arizti aldetik, berriz, okillaren oiua zetorren noizbeinka. Euriaren zantzua omen-dakar egazti oiulari onen kantuak, agureak diotenez.
Goiz jeiki zan Balendin, oi bezela, egun artan ere. Nagia atera ordukoxe, sega amostua zorroztera juan zan etxeburura. Ukaldika sartu zun lurrean txingura ta, itxasoari begiz begi eserita, segaren ezpañeko akatsak mallu-dangaka leuntzen ekin zion. Garai artantxe zijoazen arrantzaleen ontzitxoak portuti itxaserdira, aize-oialak aizeari zabaldurik; baña aurki bildu bear izan zituen oialak eta arraun-indarrez ontziak erabili. Ezpa'zekarren aizeak ufadaren kemenik.
Segaren akatsak txingura gañean dangaka zanpatzen zitun bitartean, Malentxoren irudia zebilkion Balendini irudimenean atergabe itzulbiraka, argiontziari gabez mitxeletatxoak ibilten zaizkion bezelaxe. Nola susmatu zezakean, ordurarte ain garbi ta zerutiar uste izan zun andereño ederra, gizon txalu baten besoetan ikusibear zukeanik?
Artean etxean iñork etzekian ezkutu gaiztoa salatu zun ustegabe aurreko egunean. Eta orain, ezkutu orren jabe izanda, zer zegokion mirabe leialari? Ikusitakoa bere nagusiari adieraztea? Baña, ez, al-zan egite lotsagarria gizonarentzat, bere burua salatari zital egiñaz, andereño baten izen onari alako kutsu larria egoztea? Ezer ez azaltzekotan, berriz, noraño amildu ete-zitekean irristaka gazteño burugaldua? Berak ainbeste maite zun gazteño xaloa? Aren aldez larrua ere emango zukean pozik Balendinek.
«Au dek, ordea, orain batbatean sortu zaidan buruauste galgarria...! Zer egin? Nola jokatu...?» —oiugin zun gizajoak.
Upelean irakiten dun ardao eginberriaren antzera zebiltzkion Balendini burutapen oek. Buru-barrengo suak eraginda, geroago ta azkarrago ta maizago zeramazkin txingura-gañean malluaren dangadak.
Bukatu zun, azkenik, bere lana; sartu zion segari kertena; lotu gerrian sega-potuaren ugela, ta segaren orpotik saskia buruzbera zeramakiala etxeburutik sagasti-ondoko belardira juan eta zarraztaka indartsuan besoen kiñaldi neurtuetan, belarra maillaka ebakitzen asi.
Bien bitartean, e'tzebiltzan zabar eta logale etxealdean emakumeak. Zazpiretan ematen zun meza Martin apaizak Inurritzako elizatxoan eta aren meza entzuten zuen, egunik utsegin gabe, Josebe etxekoandreak eta bere alaba Libek. Meza-ondorenean, eguneroko zeregiñai lotzen zion bakoitzak bere burua.
Etxekoandre ernaiari zegokionez, egoki bananduta zeuzkan Josebek etxe-barneko eginbearrak. Etzeukan an iñork zer egin zezakean galdetu bearrik; ba-zekian aurretik bere betebearra. Izan ere, ezin-ala eginbear ditu etxebarruak emakume langillearentzat.
Sukalde bi zitun Dorronsorok garai artan lenengo oñean. Kebide itxia ta burnizko labea zeuzkan batek. Sukalde berri ontan beneatzen zituen otordukoak; baña ba-zun ere aintziñako sukalde zar suburu zabalekoa. Antxe, kebideari barrendik zintzilikatzen zan laratzetik pertza exegita, egosten zituen olloentzako ta abereentzako janariak. Mikele neskamearen ardurapean egoten ziran bealdeko lanak eta garbiketak.
Josebe etxekoandreari zegokion, berriz, bigarren oñeko logelak zuzendu, orraztu ta txukuntzea. Libe izaten zun maiz laguntzalle goiko zeregin oetan; besteetan, baña, atsegiñago zitzaizkion ari bealdeko lanak eta araxe jeisten zan. Atsedenaldian eta opor-garaian etzuan Malentxok lan jakiñik.
Elizatik etxeratu bezain laster, sukaldera sartu zan Libe egun artan eta neskameari galdegin zion:
—Gaituta al-daukazu olloentzako orea?
—Bai. Aza-osto egosiakin eta iriñakin egin diet gaurkoa. Orra or kutxa-ondoan pertza.
—Neronek eraman bear diet gaur —jardetsi zun arek.
Eldu zion Libek pertzari eskulekutik eta, atadira zijoan bitartean, olloai deika asi zan. Etxetik asko urrindu gabe zebillen artean ollo-taldea-ta, karakaz eta zalapartaka erantzun zioten etxekoandre gaztearen deiari.
—Ux, ux...! —zegien ibillia eragozten zioten egazti gosetiai, ibilbidetik uxatu naiaz.
Ollo-talde artan, ba-ziran andereño liraiñak eskutik zintzilika zeramakin ontziraño jauzi eginda, orea mokokatu nai zuten egazti lotsagabeak ere. Etxeatzeko iturriondora eldu zanean, jarri zun ontzia lurrean eta, aste betean gosez ilbearrean egon bai'lira, eraso zioten ore-pilloari, aldameneko lagunari noizbeinka mokoka zorrotza erantsiz. Lepoa luzatuz eta biurraldikatuz iresten zituen ore-zati legorrak peaporaño irristakatu arte.
Mokoka ta zalapartaka ziarduen bitartean, banaka banaka zenbatu zitun Libek egazti jaleak. Bein eta berriro zenbatu bear izan zitun, ordea. Bat, bi, iru.
—Ez, ez; ez da agiri gure ollo nabarra. Nora joan ete-da txoroska ua? Purr, purr...! Ain otxana izanda, besterik ez bezelako arrautzagillea, gañera-ta, bai tuntuna dala gaxoa —ixurtzen zun eztiro andereño liraiñak ezpainarteko xokondo gorritik.
—Aizu, Mikele, ez al-dezu ikusi gaur gure ollo nabarra?
—Ez. Atzo ere etzan agertu iñularreko janaldira. Nunbait kabia eginda, lokatua egongo dala susmatzen det.
—Bai? Aurki billatuko diot, ba, bere gordelekua.
Eta etxeatzetik sagastialdera zuzendu zan Libe, antxumearen gisan jauzika. Sagastiko sasiartean eta sastraketan egin izan zun lenago ere kabia ollo aek eta txitak jaio arte, sasipean egon ere. Orain ere ba-zitekean alako zokondoen batean egotea.
Etxeburuko langa gainditu-garaian entzun zun Balendinek zerabilkin segaren zarrazta-otsa. Eta mutillarren begiztatzeak etzion, agian, naigaberik sortu neskatxoari; bai, ordea, pozaldiaren ziztadak biozpea zirikatu.
Ain otxan eta ain eskurakoi ikusirik, norbaitzuk uste zuen etzeukala Libek bularpean biotzik. Irribarre gozoa loratuta gelditu zitzaion betiko ezpainartean. Irribarre arek etzion egundo igesegingo agoarte zoragarritik, ez naigabe-garaian, ez pozaldietan. Esan zitekean aren biozpean ekaitzaldirik eta aizealderik sekula etzala sortu. Urmaeleko ur gardenaren antzekoa zun gogoa; maiatzeko eguzkiaren irriñoa bezelakoxea; enarak urratzen dun ugin-bitsaren gisakoa. Ondorengoz, biotzik gabeko aingeru-iruditzat epaitu izan zuen norbaitzuk.
Baña orrela epaitzen zuenak, etzekien Liberen biotz-barrengorik ezer. Bein baño geigotan arinduagotu izan zitzaizkion biziki biotzaren taupadak; baña nork igarri olakoetan ezer, aurpegiko tankerarik, emakumetxo ikasiari? Biozparrengo aizealditxoak neurriratzen eta esiratzen zekiana zan, ba.
Norbaitzuk besterara uste izan arren, ba-zitun aundiro atsegiten zioten gauzak; alere, eskurakoi ta errazki jarriko zan noznai bere amaren edo osabaren gogoerara, naiz orretarako bere biotza biurritu bear izan. Berorrelaxe ixurtzen du usairik gozoena, arkaitzondoko itzalean ezkutuka jaio dan loretxo apalak, norbaitek ustegabe oinazpian zanpatzen dunean.
Etxeburuko langa gaindituta, belarditik Balendin begiztatu zuanean, pozaldi azkar batek ziztatu zion Liberi biozpea ta arenganaxe zuzendu zituan urratsak. Ondo zekin neskañoak, olloaren gordelekua lenbailen aurkitzeko, etzezakeala izan eskuartean aren laguntza baño bitarte oberik.
Bai al-zan, ba, alaingo mutil azkar eta egokiak etzezakeanik ezer? Ez segan, ez aizkoran, ez lanean, ez egokitasunean, ez indarrean, etzan inguru arietako mutil gazteen artean, aren ukondorañokorik. Nai izan ezkero, erraz ausiko zitukean arek danak edozertan. Alaere, ordea, etzuan egundo indarrik burugabe erabilliko; etzion sekula iñori bidegabekeririk egingo. Beti neurrian, beti egokitasunean jokatzen zana zan. Onelako mutillaren laguntzarekin nola bizitzako galzoririk larrienak biotz-zabalki buruzkatu ez? Gainberako ibilli erreza zitakian uaxe nornairentzat.
Beste munduko gauza al-zan ontziburu ikasi arekin itxasoa aldez alde ikararik gabe zearkatzea? Eta belardi-zear zijoala, andereño samur eta xaloak biziro aundi-esten zun Balendinen indarra ta trebetasuna.
—Egun on, Balendin —agur-egin zion maiteki—. Ez al-dezu ikusi inguru oetan gure ollo nabarra?
—Gaur ez —erantzun zion arek—; baña aurreko larunbatean, bai, bi bider ikusi nuan emendixek seskadi-aldera zijoala.
—Egun oetan ez da etxera azaldu-ta, ementxe nunbait kabia egin ote-dun nago.
—Seskadiko sastraka oietan egin ezpa'du.
Eta biak seskadiko sastraka-artera zuzendu ziran bata bestearen atzetik. Bereala aurkitu zun Balendinek ollo maltzurraren egotokia. Aurreko egunean mendialdetik zetorrela zakurrari lepotik eutsiz sasiartean gordeta egon zan tokitik, olloaren kabira bitartean, etziran egongo iru oinkada.
Ixillean atzeman nai izan zun Balendinek olloa; baña sasipetik eskuak luzatu ziozkan bezain laster, egoak arrotuta, karakaz eta istilluka irten zan bere oetik burrukalari; ta bizkor eraso zion atzemalle ausardiari egaztiak mokoka, «klok, klok» egiñaz.
—Atoz, Libe. Amar arrautza dauzka jaiotzeko ta txita jaioberri bi.
Urreratu zan Libe sasiondora ta egaztiño jaioberrietako bat eskupean kutunki artuz, bigunkiro laztandu zun. Gero, berriz, aren mokotxua ezpain gorrietara urreratuz, maitekiro mosukatu-ala, ara nola mintzatzen zitzaion:
—Pi, pi, pi! Gaxua! Auxe egaztitxo polita! Ba-zenduen, ba, noski, etxealdean jaiotzeko toki oberik. Nola ekarri zaitue zoko ontara gure ollo nabar tuntunak?
—Etxera eraman nai al-zinduzke? galdegin zion Balendinek.
—Bai, bai. Jarri egizkidazu poliki mantaleko txokoan eta emenxe eramango ditut epel-epelean.
Kabiondotik banaka-banaka atereaz, magaleko txokondo epelean jarri ziozkan poliki arrautzak eta txitatxoak. Urrena, berriz, gibelaldetik moko-zartaka zebilkion olloloka atzemanda, galtzarbean zeramakilla, etxeko atadiraño lagundu zion etxekoandre gazte liraiñari.
* * *
Gertakizun oen bitartean, ardura aundiko zerbait zerabilkien eskuartean Martin apaiz jaunak eta bere arreba Josebek, Etxeko gela nagusian orduerdiko ezkutu-izketa eginda, erabaki zeatza artu duenen tankeran, irten ziran biak orduerdiaren buruan.
Jeikia zan ordurako oetik Malentxo ere-ta, gosari-ondorenean osaba Martin atadira irten zan garaian, Libek sagastitik eraman zitun txitai begira ta laztanka ziarduen etxeko danak inguru-aldran. Alkar-izketak zioa bideratu zion bezin laster, Malentxori bekoz-beko begira jarri zitzaion osaba Martin eta ara jaulki ziona:
—Baña, Malentxo, geroago ta zurbillago ta argalago aurkitzen aunat. Gaxo al-ago? Zerbait al-daukan?
—Nik? Ez, orixe! Iñoiz baño ere osasuntsuago nabillela esango nuke.
—Ire egunetik egunerako argaltze orrek kezkaturik natxeukan, ba.
—Zer ardura dio, ba, piska bat argaltzeagatik osasunez ondo ibilli ezkero?
—Alaere, ire osasunari arretaz begiratu bearra zegon. Bildur naun, orrela jarraitzekotan, argizaria bezelaxe urtuko ote-aizanan.
Alkar-izketa au zerabilkien bitartean, atalasean azaldu zan Josebe etxekoandrea ta bere anaiaren azkenengo itzak entzun zituanean, ara zer esan zun:
—Ni ere aspalditik nabil Malentxoren osasunagatik naigabetua. Juan dan astean, Zarautztik onuntza nentorrela, bidean egokitu zitzaidan Sabas osalari jauna. Nire kezka azaldu nionean, bai al-dakizue zer erantzun zidan? Aldi batekoz mendi-aldera joatea lukeala osabiderik onena. Ordea, nere alabarengandik aldendubearraren biozmiñak eragotzi dit orain arte esanbear au. Baña, orretzaz mintzatzen asi zeraten ezkero, ara nire iritzia. Lasturretako maiztarraren baserrira juan bear zendukee aldi batekoz Libek eta zuk.
—Baña, ama! Zergatik kezkatu orrenbeste nere osasunagatik? Oso ondo nago. Gañera, zuengandik ain urruti joateak, bai, gaxotu bear naula zearo! Nola bizi gindezke luzaroan baserri artan? Ama, ez ezazu orrelakorik esan!
—Ez, ez. Ez dira txantxetakoak osasunarekiko gauzak —jardetsi zun osaba Martinek—. Lenbailen osabidea jartzea da onena; geroago ta okerrago izango litzake, bestela. E'letorkio gaizki Liberi ere ango egonaldia.
—Tira! Norbaitek lagundu bear ba'dio, poz pozik lagunduko diot nik —erantzun zun Libek—. Lenago ere izan gindunan antxe txikitan. Ez al-aiz gogoratzen?
—Ama! Ez det nik ara jun nai.
—Amaren aginduetara ibiltzea ta makurtzea zegokion alaba onari, Malentxo —erantzun zion osaba legor-antxean.
—Ea, ba, biar edo etzi juateko gertutzen ditugun eskuarteko tresnak eta jantziak. Ain zuzen ere, ez dezue bear beste munduko gauzarik baserri batera joateko —geitu zun Josebek alkarrizketa amaituz.
Etzuan izan Malentxok geiagoren bearrik osabaren eta amaren itzak noraño zijoazen igartzeko; begitarte azkarra baitue jatorritik emakumeak giza-biotzari dagozkionak iraduz sendutzeko. Aurretik oarki artutako erabaki tinkoa zirudin agertu zutenak. Zergatik zetorren, bestela, batbateko lenbailenka ua? Onean ezpa'zezakeen, aien agindura naitaez makurtu-eraziko ote-zuen susmoa sortu zitzaion. Eta bere ezin-ezean, negarrari ateak oro zabalduta, matailletatik beera malko mardulak zerizkiola, zotinka samiñean asi zan. Ua zan neska maiteminduaren biozmiña!
Logelako ispilluaren aurrean orrazketan ari zan Malentxo orduerdi batez geroago ta aurpegi liluragarriari paregabeko urre-buruntza zegioen ille bitxiztatuen artetik, aundituta agiri zitzaizkion begizuloak. Urrezko mataza dirdaitsua esku-atseginkatzen zun bitartean, biozpeko labean egosten zijoakion asmo bat. Irakin-garaian ontzitik ganezten dan esne egosiaren antzera, zijoakion zerbait biozparrendik burura. Eta barrendik zijoakion etorri indartsuak, gainbera zeramakion norabait gogoa labainka.
Nola eten zitzakean batbatean urte batzuez lenagotik Zitorekin zerabiltzkin artuemanak? Nola zuztarretik atera zartako batean, ain sakon erroturik zeuzkan biotzondokoak? Bestaldetik, berriz, etxekoai dana adieraztekotan, nola artuko ote-zizkioen bere azalpenak? Nola eman, gañera, amari bere leengo ibillien berri? Ua estuasuna! Ua barrendiko lertubearra! Zer egin zezakean zori artan?
Kezka zulagarriaren bean, lertu bear zitzaion barrunbea; naastu bear zitzaion burua. Estuasun artan, samindasun zorrotzak gainditu zion berriro bularpea. Biozmiñak lausotu ziozkan begiak. Eta biozparrendik irten zitzaion negar-ugaldeari eutsi eziñik, mai-gañean tinkatutako besoen artean ezkutatu zun aurpegi zoragarria begiondo aundituetatik leiarrezko bitxi ugariak dizdizka zerizkion bitartean. Orrelaxe egon zan zotinka luzaroan.
Alako batean, ordea, barrualdeko zerbaitek eraginda, eserita zegon arkitik batbatean jaikita, burutik zerion adatsa arinka bildu ondoren, bere gelatik irten zan begietatik txinparta-jarioka. Gela nagusian zegon une artan osaba Martin eta araxe zuzendu zan neska biotz-samindua.
—Osaba, zergatik bialdu nai nazue Lasturretara? —itaundu zion mintzo-ikaraka.
—Neska, zergatik artu den arlo au orren estu? Ire osasuna bear bezela zaitzeagatik izan den. Itxasaldekoa baño bearrago zain osasunarentzat legorraldeko aizea.
—Nere osasunari begiratu nai ba'diozute, utzi nazazue emen nagon bezelaxe. Askoz ere okerrago izango zait emendik joatea.
—Baña, Malentxo, zertatik sortu zain orrenbesteko tema estua ta samiña? Beste zerbaitegatik daginala negar esango niken.
—Tira, ba. Itz ori aitatu dezun ezkero, gauzak argi ta garbi esan bear dizkizut. Ba-det nere zergatia Zarautztik irten nai ez izateko.
—Neska, ez aunat egundo ikusi gaur bezela. Zerk sutzen aun orrela? Baretu adi lenengo, ta gero itzegingo diñagu; aizatzalle zitala den, ba biozmiña.
—Ez, ez. Lertu bearrean dabilkit barrualdea. Zarautztik aldendu bear dedala esan didazuenez gero, biozparrendik datorkidan min izugarriak sutzen nau oraintxe zoratzeraño.
—Jesus, ene! Ori den ire joera lotsagarria! Buruzago jokatzen ekiñalakoan negonan. Baña etzekiñat noraño oan oraingo zoroaldi onetan. Ezin diñat susmatu zerk sutu aunan orrenbesteraño.
—Zarautzen zerikusia daukatalako, ez det jun nai emendik iñora.
—Zer daukan zerikusirik emen?
—Mutil batekin.
—Mutil batekin? Zer esaten ari aiz, gero?
—Bai. Donostin ezagutu nun mutil batekin daukat zerikusia.
—Baña, Malentxo, bai burugabe jokatu aizanala! Bai al-dakin, gañera, mutil ori nor dan eta zein senditakoa dan?
—Nik dakidana da berak maite naula ta nik ere maite dedala.
—Au den buruaustea dakarkigunana! Noiztik darabilkizue zuen arteko artuemana?
—Ba-dira bi urte mutil ori Donostin ezagutu nuela.
—Baña nola asi itzanan izketan beste geiago gabe mutil ezagun-ez batekin? Burugabea izan aiz, benetan!
—Bai, burugabe jokatu naiz, egia! Baña beranduegiko gauza da, lengo utsegiteak orain zuzendu nai izatea.
—Ez gindunan orrelakorik asko uste! Lo lasaiegia izan diñagu, agian, orain arte. Gaurko egunak, orratio, buruauste samiña zekarkigun.
—Osaba, ez da izan nere asmoa zueri samiñaldi au erakartzea. Onaizkero, ordea, nola zuzendu nezazke arinkeriaren ondorenak? Ezpai'det mutilla uzteko adorerik. Lagundu nazazu, arren, osaba, nere zorigaitzean.
—Tajuzko mutilla ba'litz, ez ukene zuzendu-eziña arlo au; ez gindukene arekikorik eragotziko. Baña elizkoia, langillea ta sendi onekoa ete-da? Bear bezelakoa ete-da?
—Ez dakit nundikakoa dan; baña neretzat oberik eziñekoa izan da, beintzat.
—Maite aunagu, Malentxo, ta ire gauzak arretaz begirartu ta zaitzea zegokigun. Berorrexegatik, orrelako baimena zoro eman baño len, gurasoak arduraz aztertu bear dizkiñae gorabera guztiak. Lege oneko mutilla ba'da, ez diñagu gure baimenik ukatuko. Baña nere laguntza nai baldin ba'den, nere eskura utzi bear ditun aurretioz gauzak eta nere erabakietara jarri.
—Zer egin bear det, ba?
—Oraingo eginbearrik lenengoena guretzat, ire osasuna bear bezela zaitzea den. Beraz, oa Lasturretara amabost egunerako ba'darik ere. Bitarte ontan, aztertuko dizkiñat astiro bear diranak eta, bidezkoa ta itxurazkoa izan ezkero, itzultzen aizaneko, gure baimena ere izango den. Jartzen al-aiz nere agindura?
—Amabost egunerako besterik ezpa'da, joango naiz.
—Ba-den, ordea, oraindio geiago ere. Arik eta nik gauza oek bear bezela argiztatu ditzadan arte, ez den arekiko artuemanik bear ezertan.
—Osaba...!
—Naitaezko betebearra den. Leen burugabe ta zarpail jokatu bai'aiz, orain buruz eta erne jokatzea zegokigun, ni bitarteko naizan ezkero beintzat.
—Tira, ba. Beteko det ori ere.
—Nun bizi da mutilla?
—Ondartzaburuko jauregitxo batean udaldi-bitartean. «Maitearena» deitzaio jauregitxoari.
Utsa adiñeko oñazea kendu zun, arranotan, Malentxok biotz-gañetik. Odei beltz izugarrien artetik, itxaropenaren irriñoak ziztatu zion begininia. Bai biotza lasaitu ere, ondorengoz! Negarra zeriola irten zan osabarengandik; baña orduko malkoak etziran leengoen senideak. Pozaldiaren garaikoak baño. Uginartean ondatu-zorian arnasestuka dabilenak, eskua luzatu dionari dagion irribarrearen senideak ziran oraingo malko eztiak.
Gela nagusitik irtenda, zurubietan beera zijoala, amarekin egin zun Malentxok oztopo bidean. Begiratu laisterrez aztertu zun arek alabaren begitartea-ta, begiondo gorriztatuak oarturik, bigunki jaulki zion:
—Zer den, Malentxo! Ez al-din amak ire gauzak jakiteko eskubiderik?
Amaren itz samurrak eta zirimola entzun zituanean, nola eutsi begietara berriro zetorkion ugaldeari? Orduantxe bai zabaldu ziozkala ateak alderen alde negarrari! Neskaño gaxoa! Ikaraldika eldu zion lepotik amari alaba biozminduak eta bi aldiz musukatu zun luzaro. Itz oneik ixuri ziozkan, bitartean, maitekiro:
—Zoaz osabarengana, ama; zerbait esan bear baitizu arek.
Zalantzan zebillen Josebe goiz guztian eta etzuan geiagoren bearrik izan bere anaiarengana gela nagusira jakinmiñez arinka joateko. Beste orduerdiko alkarrizketa izan zuen berriro anai arrebak.
Amaika bider ikusi izan ditugu mutilko biurriak urmaelean arri-konkorra jaurtitzen eta geldi ta nare zegon ixurki gardenean blaustatekoz naspillaldia ta ekaitza sortzen! Ara or, nola jaio zan biozmiña Josebe etxekoandrearen biozpean, anaiarengandik bere alabarekikoak jakin zituanean. Ordea, naigaberik zulagarrienetan, gogo-oñaze garaian alegia, bear zuan eroapena Jaungoikoarengan aurkitzen zekiana zan emakume ura.
Zori artan, eginbearrik larriena, mutillarengandik nolabait aldi batekoz neska aldendutzea zan. Gero, aldia bitarteko zala, gainberago ta errezago esiratu zitezkean gauzak. Bien bitartean, gañera, mutil ua nor zan eta zein senditatik zetorren jakin bear zan. Betea zegon, beraz, eginbearrik larriena. Urrengoak ere, Jaungoikoaren laguntzarekin eta aldiak bitarteko izanik, berenez joango ziran orpora, zulotik irten dan ardazburua bezelaxe.
Bien bitartean, goizaldean artillez estalita ikusi degun zerualdea geroago ta illunduagotuz dijoa eguerdiranz. Orroaldi zakarrak datortz noizbeinka urrunaldetik; aldizka, berriz, aizealdi laisterrak, mendiak eta basoak isastu ondoren, auts-lañoak arrotzen ditue bideetan. Beltzez jantzi da zearo itxasaldetik zeru-muga. Ekaitzaren zantzua usnatu duenean, lenbailen itzulbira eginda, portura datortz egiñalan ontzixkak. Buru-gañetik daramakigue itxastxoriak egaldia garrasika lurraldera.
Euri-tanta lodiak dakartzi lenengoz aizeak egoetan; geroxeago, ordea artalea zakutik gañeztu zaion errotariari bezelaxe, kazkabar-erauntsia darie lañoai. Turmoiaren burrunba-ots izugarria lertu da Ernio-mendiaren galdorrean. Ara, berriz, tximistak ortze-zear irakaldika jolasean, suzko suge biurriak bai'lira.
Ziztu zorrotza dagi, bitartean, aizeak zugaztietan eta tellatuetan. Artasoroak eta garisoroak ere bizkarra makurtu bear izan dute, arranotan, erasoaren azpian! Zuztarretik atera bearrean darabilzki zugaitzak; arakatu ta astindu ditu azpikoaz gain gari-metak. Eguerdia izan arren, illunaurrea dala dirudi; ain dago illun; ain dago goibel.
Goizeko sargoria, orratio, batbatean itzali da; ezur-miña dagi oraingo otzaldi galgarri onek. Ara! Kazkabarraren ondoren, arri-erauntsiak zurizkatu ditu txint batean belardiak eta soroak. Au da zalaparta! Au da arriaren sarraskia! Burrunba izugarria dagie berriro turmoiak bata bestearen ondoren eta alkarren atzetik jolaska dabiltz tximistazko suge gorriak. Orduerdi betez ez du iñork entzun ekaitzaren orroa besterik. Bildur-ikaraz totelduta begiraratzen dute baserritarrak leiotik soroetara. Jaungoikoaren izena! Alper-arriak oinazpian geldiro zanpatu izan bai'litu bezelaxe, lotu dira garisoroak eta artasoroak!
Baña, ez, ez. Etziran ainbestekoak izan ekaitzaren kalteak. Ainbesteko burrunba-otsa ta aizealdi zakarrak ikusirik, azpikoaz gain dana irauli, sutu ta zartatu bear zuela zirudin; baña, Jaungoikoari eskerrak, erauntsi-ostean, baserritarrak soroetara irten ziranean, aundiro lasaitu zitzaien gizagajoai biotzondoa. Gariak, bai, auspeztu ziran eta artoak zerbait makurtu ere bai. Baña ordutik amabost egunerako artoak zutituko ziran. Bai orixe! Bestaldetik, berriz, naiko eskasak ziran lenago ere gariak-eta, etzetorren andik galkuntza aundirik.
Ekaitz-ostean, odol-kusku ikaragarria bezelaxe azaldu zan eguzkiaren uztaia odei urratuen artetik. Baso-usaia zekarkin aizeak nunaitik. Belardietatik eta soroetatik jeikitzen zan lurrunaren usaia zan gozua!
* * *
Osoro argitu zan zerualdea arratsalde-erdirako ta arginabarraren adol-izpietan jantzirik zijoan eguna etzinaldera. Garai artantxe, iñularraren atean, iritsi zan Getaritik Zarautzko portura Txantxikoren ontzitxoa. Txandresen seme Josek eta bere lagun batek eraman zuen araño arraun-indarrez. Itxedoten zegokien ordurako kai-ezpañean Agerre ta aiek begiztatu bezain laster, mandatari bat bialdu zion Balendini laisterka Dorronsororaño, lanean asteko zai zegozkiola ari adierazteko.
Balendin eta Lopategiko Agustin portura bildu ziran garairako, jende-mordoska ugaria eraman zun ikusnaiak portualdera ta, bidegaiñeko ormari ukalondoak egotzita, ikusmiñez begiak zorrozten zituen. Umekondoak, berriz, ankarteraño sartuko zitazkian aozabalka. Agotik agora ibilli zan, ba, aurreko egunean apustuaren berria-ta, alde batera edo bestera dirua jarriko zukeen askok, zizkua arriskatu baño len, begiz ikusi nai zuen arraunlarien lana. Ba-zeuden an Getaritik bertatik ikusnaiz juandako norbaitzuk ere; ango apustulariak bialdutako zelatari maltzurrak ziran. Beraz, kontuz eta erne ibilli bearra zegon; ez nolanai ta ajolagabe.
Illunaurreak itxasgañean itzala zabaldu zun garaian irten ziran portutik gure gizonak. Nasaren ezpañean lotuta zegoan ontzia bultzada indartsuz ormatik aldendu ondoren, zisne bat bezain lerden jeiki zan portu-atetik itxaserdirantz. Txairo urratzen zun muturraz ugiñen saiets urdiña, ibilli-ala.
«Eup! Ori dek sasoia!» —oiugin zien Agerrek arraunlariai lurraldetik begira zegozkienen itzotsa galdu zuenean; aien adorea piztu nai zun eupada arekin. Indarraldi bakoitzean, irringa lazkarra zegien arraunak lokarriaren igortzian. Agerrek artu zun ordukoz lema, eta aren aginduen neurrira zeramakien ekiñaldia Balendinek eta Joxek. Atzeraxeagotik zijoakien, berriz, Agustin txaneltxo arin batean; Bein Mollarriko arkaitzaren mugara iritsi ezkero, txaneltxora jauzi egiteko asmoa zun, ba, Agerrek. Orrez gañera, apustu-egunerako bear bezela zaildu ta oitu baño len, marka au egiteko gai ziran edo ez jakin nai zuen lenbailen.
Astuna zan, agian, Txantxikoren ontzia ta Getarin zanik zarpailenetakoa ta baldarrenetakoa. Berorrexegatik aukeratu zun Balendinek ontzi astun eta erabilgaitz ura, bere erronka jaurti zuanean. Batezere, portuko atea gaindututa, itxasandiko saillera sartu ziranean, ermo tinkatu bear ziran, arranoetan, arraunak, ibilbidetik ontzia okertu etzedin.
Ondo baretu gabe zegon, artean, itxasoa ta aizealdiak noizbeinka arrotzen zitun nasialdietan, ugiñen gandorreraiño igo ondoren, ur-zokondora oldartzen zan batbatean, oinpeko salairua zartatu zaion abere amildua bezelaxe. Etziran nai bezin azkar eldu Mollarriko arkaitzetaraño.
Mollarriko arkaitz-muga jo zuenean, tink egin zuen arraunlariak. Agustinen txanela oinkada baten neurrira urreratu zitzaienean, bertara jauzi bizkorra egin zun Agerrek eta lagunai oiugin zien:
—Oraintxe erakutsi bear diguzue marka ori egiteko lain zeraten edo ez. Gaurko itxasanditu au ez dek aukerakoena orretarako; baña, obe. Noiznai egingo dezue, itxaso barean, gaur dagizuena baño geiago.
Joxe jarri zan lemazai; Balendin, berriz, arraun-aulkian. Lematzat, orratio, etzeramakian Joxek arrantzaleak erabilli oi duen tramankulu sastarra. Apustu ua irabazteko, lemazaiak, ibilbidea zuzendu ezetzik, arraunlariari ere ermo lagundu bear zion eta, orretarako, lema-tresnarik egokiena arraun aundi bat zan. Ez da, orratio, gabetik goizera ikasten dan lana lema-arrauna bear bezela, laguntzalle ta eskurakoi, erabiltzea. Jardun orretan ikasia izan bear du, eginbearra egoki ta txairo betetzeko.
—Gertu al-zerate? —otsegin zien Agerrek.
—Bai!
—Tira, ba. Ekin, mutillak! Eup!
Aurreko zear-aulkian oiñak tinkaturik, atzealdera burua ta gerria kakotuz, egin zun Balendinek lenengo indarraldia. Ontziari, bear bezelako ibillia egotzi zionean, neurkiro zerabiltzkin arraunak, errotako maratillak dagin krakatekoaren antzera. Ondartza-aldera okertzen zuen uginaldiak ontzia. Oker-ibilli artan, al zanik gutxienen bidea luzatzearren, itxasoaren azpiko indarrari sendo eutsi bear zitzaion, demorrio pola!
Aizak, Joxe! Biedari ezetzik, Balendini laguntzeari ere begiratu bear diok —deadar egin zion Agerrek Txandresen semeari.
Etzeukan mutil onek iñork aizatu bearrik; gogoz eta sukar lotu zitzaion ekiñaldiari. Alaere, orratio, Agerreren deadarra entzuki, eskuetan zerabilkin arrauna urpean erdiraño sartuta, arraunlari ikasiak dakien azpiko inguru-erabilli sendoz, bikainki laguntzen zion Balendin indartsuari, gerria ta soña zumea bezela bigunduz.
Iru ordu laurden egin zituen Mollarritik Getariko portura. Lenengo ekiñaldian izateko ta, gañera, itxasaundituan egiteko, etzan, noski, marka eskasa egin zuena. Urrengo egunetako jardunak egokitu ta zailduko zitun lanera. Atsanka ta arnas-estuka iritsi zan Joxe Getarira, egin zun indarraldiakin. Ain zintzo jokatu zan mutilla.
Balendinek, ordea, indarrak neurkiroago ta buruzago erabiltzen zekin. Ba-zekin arek bere kolko-barnean, egin zuan marka baño ere geiago egin zezakeala. Nork igarri, ordea, ari zenbateraño zezakeanik? Gainbera labainka dabillenaren jasez zegian beti bere lana. Begitarte alaia atera zun Agerrek; ondo ezagutzen zun, ba, Balendinen izaera.
Lenengo ekiñaldi au bukatu zutenean, Txantxikoren ontzia Getarin utzita, txanelean itzuli ziran Zarautzko iru gizonak. Urrengo egunerako lan-tresna batzuk erosi bearra zeukala-ta Agustin uriaren biotzera aldendu zitzaien bitartean, ondartzaburuan jeikitzen diran jauregien artetik Inurritza aldera zijoazen Agerre eta Balendin.
Baña jauregitxo baten ondora eldu ziran garaian, tink egin zun arek eta otsik atera gabe ixilka ibiltzeko kiñua egin zion bere lagunari. Zearo estalita zeukan ordurako gau-itzalkari illunak zerualdea, baña jauregitxoaren ezkerreko leiotik irtetzen zan argi-txirristara, «Maitearena» irakurri zun Balendinek sarrerako ateburuan. Zuaitz bi zeuzkan etxeak ezkerraldeko baratzatxoan, eta, ain zuzen ere, argia agiri zan leioaren parean pikondo batek zabaltzen zitun adarrak.
—Pikondo orretara igoko al-itzake? —galdegin zion Agerrek aopeko mintzo ixillez Balendini. —Ire nagusiaren gurari bat betetzeko, etxe orretakoen gorabera bat jakin nai nikek.
Aurki susmatu zun mutillak Malentxorentzazko zerbait ete-zerabilkin Agerrek eskuartean-da, erantzun zion:
—Ez da gauza zailla zuaitz orretara igotzea.
—Tira, ba. Igo adi ta usmatu ezak barrualdea, ia ezer ikusten dekan. Kontuz ibilli, orratio, iñork barrundatu ez agian.
Katua bezain arin igo zan Balendin zuaizburura ta barrualdetiko leio-zapi saretik lipar batez begiratu ondoren, igo zan bezin zailu jetsi zan.
—Ezer ikusi al-dek? —itaundu zion arek berriro.
—Bai, baña naiago nuke zerorrek zere begiz ikusiko ba'zendu nik ikusi dedana.
—Norbait ba-al-dago barruan?
—Emakume bat eta gizonezko bat daude. Ezkonberriak dirala esango nuke —jaulki zun Balendinek maxioka.
Orixe ikusi nai nikan. Bultzatu nazak azkar zuaitz-gañera.
Esan eta egin, lentxeago Balendinek egin zuana berbera egin zuan Agerrek ere, eta jauzi ariñez zuaizburutik jetsita, lenbailenka aldendu ziran biak ixilka toki artatik. Zangarteka zijoazela, Agerrek galdetu zion:
—Bai al-dakik zein dan leiotik ikusi degun gizona?
—Ez nik.
—Orixe dek Inurritzatik Zarautzera dijoan bidezabalean jokoetxea jarri nai izan duna, Leopoldo Vargas dik izena eta erne ibilli bearreko piztitzar tajuzkoa izan bear dik. Emakume ori, berriz, aspaldi entzun nikan gizon orren emazteorde emegaldua zala-ta, gure begiok ikusi duena ezin ukatu. Malentxoren ondoren zebillek aspaldi ontan emakume purtzil orren semea-ta, orixe dek arlo ontan gauzarik okerrena. Ez dik izan bear zirtzillu eskasa mutil orrek ere. Vargasen antzeko piztizarra!
Demorrio likitsa! Etxe orretakoa al-da Malentxoren ondoren dabillen mutilla?
—Jakiñaren gañean al-itzan i ere? Txalu orrexeri Malentxorekiko bideak, geien da geiago, eragoztea nai giñukek lenbailen.
—Ez ete-zabiltzate beranduegi?
—Beranduegi? Zergatik?
—Aizu, Agerre. Malentxori kalterik eta naigaberik ez erakartzearren, ez nuan iñori ezertxo esateko asmorik, baña gauzak orrenbesteraño nastu diran ezkero, ta mirabe leiala naizan aldetik, dakizkidanak azaltzea dagokit. Baña, Agerre, ezkutu oek ez due erten bear iñolaz ere zure kolkotik.
Aurreko egunean mendialdetik etxera zetorrela sagastiko seskadian gertatu zitzaiona edestu zion Balendinek bere lagunari. Eta orrelaxe alkarrizketan zijoazela, zerabilkien zangarteka zailuan, ordulaurden batean begiztatu zuen, illargiaren argi zerbelera, Dorronsoroko torrea. Orratio, an ere ustegabeko naigabe zorrotza artu bearrean ziran gure gizon biak.
Atadialdeko atean azaldu ziran garaian, Libek esan zien:
—Gure txakurrak zerbait ba-du. Orduerdi batez ementxe egon da oñaze-kaliskaz eta lentxeago ezkutatu da etxeatzetik arrastaka ta min-oiuka. Oñaze aundiak zitun, nunbait, errukarriak. Juango al-zakio billa, Balendin?
Susmo txar batek ziztatu zion une artantxe Balendini begitartea ta laisterka irten zan zakurraren billa. Etzuan, ordea, urrutira joan bearrik izan. Etxeburuko langa-ondoan zegoan ordurako ilda.
Ua izan zan Balendinen biozmiña! Asko maite zun txakurra-ta, aren ustegabeko eriotz arrigarriak biziki zarraztatu zion kolkoartea. Besoartean artuta eraman zun atadiraño. Etxeko danak agertu zuen aieneka txakurraren eriotzazko biozmiña. Libe lirañak kutunki mosukatu ere egin zun bein baño geiagotan. Lelo bat zerabilkien danak agoartean.
—Norbaitek erail du zakur au. Batbateko eriotz au lupuaren ondorengoa da. Nor izan ete-da orrelaingo gaizkillea? Ez genduan uste iñun areriorik genduanik.
Ara zer zion Malentxok berak ere:
—Bai, bai. Biozgabea ta gaizkillea izan da, benetan, zakur au orrela erail duna.
Etzekian asko neskaño xaloak zein zan alako gaizkillea. Etzezakean iñolaz ere susmatu alakorik. Bestela, aopean lotuko zukean bere itza. Ordea, Agerrek eta Balendinek, bai, ba-zekien nor zan eriotz ikaragarri aren egillea ta biak ao batez zioen:
—Txalu likitsa! Gaizkille zirtzilla!
Andik orduerdira, Martin apaiz jaunarekin ixil-izketa egin ondoren, Inurritzatik Zarautzera edatzen dan bidezabaletik zijoan Agerre bere etxera gaugiro eder artan, izarren argipean.
|