|
X ZORTZI TA ERDIAK
Eta, oraindio, ezeren zantzurik ez!
Alai-irrintzia ta parre-karkara noranai zabalduz zebillen gizona zan Antzuela eskale zarpilla, naiz itxas-errietan, naiz legorraldean. Okaranak bezelako ozkamiña egiten zuen arek kantatzen zitun bersoak; piparmiña zeramakien, berriz, aren ateraldiak. Zijoan tokira zijoala, beso-zabalik artzen zuen nunai. Eta geientsuenean, aren joan-agurra, atsegiñezko zerbait aosapaiari kentzea bezela artzen zuen baserritarrak. Ain gogoko zitzaien aren mintzaera.
Zitoren aginduakin Zarautztik irten zan egun artan bertan, illunabarraren atsegiñean, Aizarnako kaletik jaiotzen dan gurdibide arritsuan gora dijoa eskale zarraztakoa bere oñetako erdi-urratuak nekez arrastakatuz.
Errekondoko itzalpe batean egona degu orainarte, bideetan bildutako artxintxarrak oñetan atera dizkoen erremiñak uretan ezkotzen. Baña, illuntze-aurreak atera dun aizetxo bigunak eraginda, zuaizburuak kulunkan maite-murmurioka alkarrizketan asi diran garaian suspertu da. Sargori-egunetako illunabarretan basopetik pirurika irtetzen diran eltxoen ziztada zorrotzak astindu dioe nagialdia eta berriro ere maldarrari lotu zaio bidetxigorretatik zear; eta gero gurdibideari ekin dio.
Goizeko argiurratzeari ezetzik, eguzkiaren etziteari ere azken-agur ozena dagioe bizidun geienak. Bakoitzak bere erara eragiten dio mintzo-maratillari. Galeperrak galsorotik pospolinka; saraspetik kirrinka latzez txitxarrak; ego-xirxirka kirkirak belarditik; rraka-rraka, beriz, igelak osiñaldetik. Piztitzarrak ere zitalduta ibiltzen dira garai ontan sargori-giroan. Ziztu larria dagie sugeak errekondoan. Artzuloetan agiñak zorrozten diardue basakatuak, azeriak eta basatxakurrak illunpearen zai, geroxeago ollotegitik ollandarik ederrena edo bordatik ardirik otxanena lapurkatzeko.
Eskalea maldar gora atsanka dijoala ikusi orduko, dei dagioe baserritarrak soroetatik eta belardietatik zurruta-eskeinka. Gurdian belar igartua daramakin itzaiak; sokorrak zartaka xeetzen ari dan neskatxak; txerrientzako pagotxa ebakitzen dun agureak; abereak eradatera daramazkianak; buruxka-biltzalleak; txerri-zaitzalleak, eskalea begiztatu orduko, tink dagie danak arek lekartzkieken berrien jakinmiñez. Arek, ordea, gaur, oituraz beste, agur laisterra eginda, bideari ekiten dio berriro zintzo. Aren azkarbearra oarturik, jaulkitzen dioe:
—Zer demorrio darabilkizu, Antzuela, orren lenbailenka ta laisterka ibiltzeko?
—Ez al-dakizue, ba, zer darabilkidan? Ara! Zearo aberastu nauk eta an goiko tontor artantxe biar goizerako jauregi eder bat egiteko asmoak neramakik onen arin.
Eskale maltzurraren erantzuna entzunik, belarriondoari azka ekiten diote baserritarrak; ezpai due egundo ikusi araingo lenbailenkan eskale zarra. Beti zabalkiro eta beti lasai dabillen gizona da. Jumm...! Zer demorrio ete-zarabilkik Antzuela gaizto orrek...?
Saguzarrak egaldi okerra eraikitzen duen garaian iritsi zan Antzuela eskalea Lasturretako zelaira. Gurditik belar-ondua ustu ta zabaltzen ari ziran une artan iru mutil gazte. Leunda, Zepadi eta Berraondo baso-mutillak ziran. Gurdi-gañean zegoanak eman-ala, besamenka barreatzen zuen ondoan beste biak. Usai gozoa zerion ondutako belar igarrari.
Eskuiko saillean, berriz, egun osoan eguzkitan egondako artille garbituak biltzen ari zan emakume bat. Lastaira biguna egiteko berebizikoa zan artille garbi ura! Astakumeakin jolasean zebiltzan, andiko aldean, Lasturretako umekondoak. Zalko jarri nai zitzaizkion mutilkoak bizkarrean abere gazteari; baña saiets-biurrika ta ostikoka erasotzen zien arek. Aldapa-beera txinbulika iges egiten zioten olakoetan umekondo biurriak parrezka ta oiuka.
Eskalea azaldu zan garaian, atadian eserita, esku-zapi polit bat josten ari zan Libe; Malentxo, berriz, irakurtzen. Agure gizagajoa ointopoka urreratuz zijoakien bitartean, irriparka zegozkion anderetxo biak begira; baña ariengana ondoratu baño lentxeago, aspaldiko adiskide izan bai'litu, agur maitekorra egin zien.
—Gabon dezatela Dorronsoroko erregintxo ederrak, oiugin zien.
—Gabon, Antzuela ospetsua, erantzun zion Libek. Ikusten dedanez, beti bezin irrilari ta axelari dirauzu oraindio ere. Baña, nolatan asmatu dezu nungoak geran?
—Bai al-da, noski, Gipuzkoa osoan nik ezagutuko ez nukeanik iñor? Nere begininiai noizpait azaldu zaiena, etzaie egundo itzaliko. Are gutxiago, berriz, Dorronsoroko alaben pareko emakumetxoak.
—Ja, ja! Alproja gaiztoa zera, orraatik, Antzuela...!
Laster irten zan atadira Mari Joxepa etxekoandrea, eskalearen itzotsera ta, legezko agurraren ondoren, txarroka bat ardao atera zion. Edari gozoa edontzitik noizbeinka zurrutatzen zun bitartean, atera zioten aulkian eserita, zekizkin berriak jaulki zitun agureak egoki ta entzungarri. Aldapa-gorako ibilli neketsua amaituta, atsegin zitzaion, benetan, angoxe egona! Esku-atseginka zetorkion aurpegi kiskalduari iñularreko aize biguña.
Ontan, ordea, alkarrizketan ari zirala, andiko aldean jolasean zebiltzan mutikoetako bat astoak bizkarretik jaurti zun eta, sudurretik odola barbarka zeriola, lurrean auspez gelditu zan negarrez karrasika. Eskuartean zerabilkin lana utzita, mutiko zaurituari laguntzera joan zan Libe laisterka. Lurretik laztanka jasota, iturrira eraman zun aurpegiko zikiñak garbitu ta odol-jarioa geldieraztera.
Egundoko zoria zetorkion orduantxe bidera Antzuela erneari Zitoren agindua betetzeko. Libe mutikoakin iturrira zijoan bitartean, etzegokiela iñor begira-ta, bizkor atera zun sakeletik karta zimurtua ta Malentxori eskeiniz, esan zion:
—Zuretzako eman dit karta au Zarautzko Zitok. Biar bertan eraman nai nioke erantzuna.
Dirdir laisterrak argitu ziozkan begininiak Malentxori. Eskaleak zemaion karta artuta, bularrarteko xokondoan sartu zun arinka, norbaitek ikusi zezakealakoan.
Apalondoan, etxe-billera artako gazteak, neska ta mutil, kantapapel batzuen eske joan zitzaizkon Antzuelari.
—Bertso berririk bai al-dezu? —itaundu zioen.
Ona emen aste ontan erten diranak. Datorren igandean Zarautzen izango dan apustua dek bertso orien gai.
Eta, Gipuzkoako bertsolaririk ospatsuenak erabiltzen duen lelo jakiñari bersoak maillatuz, auots ederrez, argi ta geldiro, asi zan agurea Zarautzko apustuaretzazkoak kantatzen. Erne zegozkion entzuleak, leloa ta bertsoak ondo ikasi nairik. Ordea, arek bezain egoki kantatzeko, auots garbiaz gañera, kantari ikasia izan bear zitakian.
Apalondoan logelara zijoala entzun zitun Libek Antzuelaren bertso berriak. Oi ez bezela belarriak zorrozturik, erdiko baolkoean gelditu zan kantariak zionari adi-adi. Gizaseme bikaintzat, arraunlari egokitzat, mutil zintzotzat goratzen zuen bertsoak Balendin. Mutil arentzako onespenak entzunik, pilpilka zebilkion Libe ederrari biotza bularpean.
Arrigarriak dira, orratio, maite-jokoak. Liberi biotzondoa taupaka zebilkion unean bertan, Zitoren karta irakurtzen ari zan Malentxo ezkutuka. Ari bai zebilkiola taupaka eroetan, lertubearrean, biozpea, irakur-bitartean! Luzaroan egarriz itobearrean egonda, ezpañetara ur-txirrista urreratu diotenaren antzera. Bein eta berriro irakurri ta ausnartu zituan Zitorenak. Bereala amaitu arren, araxe zijoazkion berriro begiak eta amargarren aldiz geldiro milizkatu zitun gogoan albista kilikagarriak. Ara zer zion Zitok bere kartan:
«Nere Malentxo maite: Emendik ain ustegabe ezkutatu zitzaidan ezkero, zurekikoen jakin-ezak zoratubearrean narabil. Nola bizi niteke zu gabe, Malentxo?
»Asmatzen buru belarri ibilli arren, ez dakit zergatik utzi nazun zurekikoak aurretiagotik adierazi gabe; baña zure bizitokiaren berri izan dedanekoxe, or doakizu, mandatari onen bitartez, nere oroitzapenik kutunena. Ez det uste gure artekoak orren arduragabe etetzeko biderik eman dizudanik. Beraz, nik uste bezela, nereari erantz nai ba'ziondu, zere aginduetara daukazu mandatari ori berbera. Eman zenzakio bildur-gabe zure erantzuna.
»Lenbailen ikusi nai zinduket, Malentxo. Zurekin luzaroan itzegin bearra daukat. Zure begi zoragarri orien eztia berriro millizkatu arte, maite-egarriak erotuta narabil. Zergatik izan zaitzat orren biotz-gogor, gaixto gaixto ori?
»Zure bizitokiaren ingurun an, ezkutu batean, ez al-gentzake alkar ikusi ta itzegin? Esaidazu, arren, Malentxo, laster ikusi gindezken ala ez. Zai nagokizuke zuk nai dezun tokian eta orduan. Mandatari onek eramango nau zuk esandako tokira.
»Kezkaturik eta biotz-illunik daukazu, Malentxo zoragarri, maitale maitemindu au zure erantzunari ernari».
Liztorrak eztenka ta burrunbaka esnarazi dutena bezela gelditu zan neska maitemindua, zorabiaturik, Zitok zesaizkonak irakurrita. Ango amar eguneko egonaldian, Zitogandik urruti, zerbait baretu zitzaion maiteberoaldia; gozatu zitzaion zerbait leengo samiñaldia. Etsipenari laster ateak idekitzeko bidean zan orduantxe; ezpai'ta biotz-beroaldiak otxantzeko, aldia bezaingo bitartekorik. Ez da aldiak ozten ez dun labe goririk; ezta ere gozatu e'lezakean erremiñik, ez samiñaldirik. Aldia bitarteko zala, noiz edo bein itzali zitazkian Malentxoren beroaldiak.
Baña eskalearen eskutik artu zitun berriakin, leengo oroitzapenak berriztatzean, liztor aztoatuen aisara, esnatu ziran Malentxoren biotzian aurreko egunetako erremiñak, egoneziñak eta ames zoroak. Barealdian ustegabe jeikitzen dan uginaldia izaten da itxasoan ere gaiztoena. Ordea, orrelako sualdietan, gogoa goibel bai lauso eta biotza irakitan dabiltzanean, galgarriak izaten dira geienean artutako erabakiak. Kiskaldiak sutu zion berriro Malentxori biotza gau artan. Oeratu zanean, sugarra zebilkion zainetan erregarri. Olakoetan, ordea, kezkapean edo maiteberoaldian ondatuta oeratu danak, ez du ogean atsedenik eta baretasunik aurkituko. Okerrago dana, oraindio, len baño ere bizikiago ta zorrotzago ziztatuko ta zulatuko du biotzean irudimenak aizatutako sua. Oi ez bezelako argi beroz jantzita agertuko zaizko olakoetan irudipenari giza-irudi ezagunak.
Jira ta bira ogean loak artu eziñik zebillen bitartean, iñoiz baño ere zorrotzago ta biziago arnasatzen ziozkan irudipenak azkenengo urteetako ibilliak eta irudiak. Ziztagarriak ziran, benetan, buruak zekarzkion oroitzapenak! Sorgin-aldra zorabiatuen antzera zetorzkion leengo gertakizunak ijiji ta oiualdi zoroetan. Eta bai gainbera zeragioela oroitzapen ariek neskañoaren biotzari! Zartaka bizian zebiltzkion buru-barrenean odol-taupadak ere.
Donostiko «La Perla»ko dantzatokiko solairu dirdaitsuan oiñak irristaka labainduz, alkar-loturik, irrika ta oiuka zijoazkion irudipenean neska-mutil bikoteak, buruak lorez jantzita, parre-algarak eta atsegin-irrintziak barreatuz, azkengabeko atsegin-eztai nasigarrian bezela. Danak zijoazen alai eta zoriontsu maitale maiteberotuen besoetan. Etzeramakin iñork biotzean illunik, ez kezkarik, ez samiñik. Ua zan atsegiña! Ua zan poza! Irriparrea zerien danai ezpainondoetatik.
Dantzaldi arien ondoren, Zitorekiko ezkutu-ibiliak zetortzkion urrengo burura. Argiro gogoratzen zitzaion seskadiko itzalpean ain kutunki egon ziran egun zoragarri ura. Suzkoa izan bai'litz bezela erretzen zun oraindio mutillak, seska-artean, ustegabe emandako mosuak. Antxe, matailburuan, egotzi zion musu erretzalleak.
Eta onela, bata bestearen atzetik irudipen zear oroitzapenak zijoazkiola, batbateko ikaraldiak jo zun neskatxaren soiña maindirape epelean. Esnaldi kiskalgarri artan, lorik egin eziñik, besoak luzatuta, nagia ateratzen zun noizbeinka soina biurraldikatuz. Sua zebilkion buruan, sua zañetan, sua bularrarte gurian pilpilka.
Noizik bein, orratio, ezkurrak mokokatzen ari dan uso-aldrak, eiztariaren aurrean izuturik, egaldia jasotzen dun bezelaxe, igesegiten zioten bildurrikaraz irudipeneko irudiak; baño andik geroxeago, egaldia berriro eratxiz, len baño ere amorratuago ta zorrotzago erasotzen zioten mokoka biotzondoari.
Konturatu zaneko, gaberditik aurrera zijoan gaba. Kukurruku ozena egin zun une artan Lasturretako oillarrak oillotegian eta, geroxeago, etxez-etxe erantzun zioten beste askok aren kantuari, zeingeiagoka asarrean.
Gela batean egiten zuen lo aizpa biak eta, eguna goizalderatu zan garaian, bere aizpa jira ta bira esnari zebillela oarturik, galdegin zion Libek:
—Zerbait gertatzen al zain, Malentxo?
—Ez. Gaurko sargori onekin ezin diñat lorik egin, erantzun zion arek.
Eta berrogei aldizko biraldia egin ondoren, bere gogo-ausnarreari ekin zion berriro. Baña, andik asko luzatu gabe, Liberen arnas-otsa entzun irudi zitzaionean, lo zegoalakoan, soingañeko mea sorbalda-gañean jarrita, leiora erten zan ixilka basoaldeko aize ozkirriaren billa; ta, egon-eziñik, arnasa ta bularra zabaldu ziozkan gauari aldez-alde.
Gaugiro ederra zan. Maxio-kiñu zegioen izarrak dirdirka zerupe aderretik. Argi-lanbro zerbelean bilduta agertzen ziran illargipean mendi ta basoak. Zamorroen kantu-otsa zetorren nunaitik. Basoaldetik zijoakion usai gozoari ta aize bigunari arnasa zabalduz, amaika bider esan zun Malentxok bere kolkorako gau artan:
—Anbat nitzake zeruan biraka dabiltzan izar oriek bezin burujabe! Anbat illargia ta gau-aizea bezain etxekoandre! Ai, nere buruaren jabe ba'nintz...!
Bere samiñaldian etzezakean oartu, nunbait, neska maiteminduak illargia, izarrak eta aizea ere, ez dabiltzala legegabe ta ajolagabe nunaitik eren aisara. Jaungoikoaren beatzetik zintzilika dabiltzala bizidun eta bizigabeko danak; eta, Arek jarritako legetik irten naiko ba'lue, ondamendira ta triskantzara lijoazkeala berealaxe. Aren legera ibilli bearra daukela, Arengandik jaiotako danak. Beste izaki guztiak bezelaxe, berdin gizakumeak ere. Aren legetik igesegiteak, goiz edo berandu, norbere buruarentzat kaltea ta zigorra erakarriko lukeala.
Baña, nork aizatu zentzun au ogei urteko neska maiteminduari maiteberoaldian dardar-ikaraldika zebillenean? Alaxe, liztorrak buruan burrunbaka eta biotzean sukarra irakitan zebiltzkiola, eldu zitzaion egunsentia. Argiurretze zoragarria izan zan egun artakoa; baña, aren begiak etzioten egin, bear bezelako agurrik araingo ikusgai lilluragarriari. Begiak lauso ta burua gundu zeuzkan, ba, gaxoak!
Gaualdi luze ta aspergarriak noizpait goizari bidea eman zionean, seiretan, oe-jantziak alde batera jaurtita, jauzi egin zun ogetik neskak, begitartera erabaki zeatza sartu zaionaren jasez. Ispilluaren aurrean urrezko adats ugaria orraztu ta esku-atseginkatzen zun bitartean, dantzaldi nasigarria zebilkioen berriro buruan esnaldiko giza-irudiak. Zearo itzali zitzaion buruan aurreko astean bere osaba Martini emandako eskein-itza. Aurreko egunetako etsipenaren ondoren, barealdiaren atzetik datorren aizealdi zakarrak bezela, maiteberoaldi gartsuak eragin zion. Goizeko txukundubearrak bukatuta, zazpiretan irten zan etxetik neska maitemindua.
Loalditik suspertuta zebillen ordurako Antzuela ere. Goiztarra zan eskalea. Sei orduko loa egin ezkero, etzuan egundaño geiagoren bearrik izaten. Marandioko sapaian eman zioten lastaira biguna utzita, par-irria zeriola azaldu zan. Etzion ari nekeak erasaten egundo. Etzioten atergabeko ibilliak iñolaz ere biozpetik zirika zijoakion poza uxatuko. Iñularrean oeratu bezelaxe, jeikitzen zan urrengo goizean, naiz orzkarbi, naiz goibel egon. Munduko urre dana baño obea zan aren biotzondoko alaitasuna, arrano pola!
Malentxo logelatik ertenda, zurubietatik beera jetsi zaneko, gosari txikia egiten ari zan eskale goiztarra. Kafe utsetan ogi-zatiak beratuta jaten zitun. Gosaria bukatzeko, ez kendu, orratio, agure zarkiñari, biotzari irri-gogoa noznai damaion pattarra. Orixe izaten zan bere goizeroko gosari txikia.
Maitekiro agurtu zun Malentxok eskalea ta, ardandegian bakarrik gelditu ziran unetxo batean, ixilka belarrira jaulki zion:
—Atoz bereala Eperzelaitako basora ta antxe amango dizut erantzuna.
Atadin jolasean zebillen neskato bateri eskutik elduta, Eperzelaitako bidea artu zun geroxeago Malentxok. Baita ere Antzuelak andik asko luzatu gabe. Bidearen okerrune ezkutu batean, pagadi baten babesean, zegokion zai. Ona emen neska zorabilduak Zitorentzat eman zion agindua.
—Esaiozu, datorren ostegunean, toki ontantxe bertan, illun-aurrean, itxogingo diodala; baña ez dedilla etorri iñolaz ere zortzirak baño beranduago. Bide-erakusletzaz zu ba'zakarki, ementxe bertan egongo nazaizue zai.
Agindu au eman orduko, ezkutu-izketa artan norbaitek oartu zitzazkealakoan, agur laisterra egin alkarri eta bakoitzak bere bideari ekin zion. Pagadiak eta garamendiak gainbera zearkatuz, Lasaora jetsi zan Antzuela. Bidezabalari lotu zitzaion an Zarautzera begira. Beste egunetako marmarrak eta kantu-otsak utzita, arnas batean zijoan egiñalan eskalea, bere lanaren sariaren usaira, ordu jakiñean askan janaria jartzen dioten zaldia bezela. Urrearen usaiak zoratuta zeramakin. Bere eskuetan, ordea, galbai-ipurdian ura bezela zan dirua. Mundu guztiko urreagatik etzukean salduko bere burujabetasuna.
Etsi-etsian zebillen eskean. Bere zurrutarako naiko dirua bildu ezkero, etzuan izaten arek erregearen berberaren gutiziarik. Zoriontsu bizi zan gizona. Urte batzuk gutxiago izan ba'litu...!
Zarautzen egin zitun urrengo egunak. An ikusi zun Balendinen jokaldia. Apustu arrigarri artan bildutako albistak egoki ta entzungarri jaulkiko zitun, gero, zebillen bideetan eta legorraldeko baserritarrak, arriturik eta atsegiñez beteta, entzungo zizkoen urrengo astean entzute aundiko egite ariek.
* * *
Baña eskaleari utzita, gijoazkion berriro Malentxori bidera; arekikoak soilki baitarabiltzkigu oraingoan.
Eskaleak oin zarpillak bidez bide arrastakatzen zitun bitartean, iparbeltzak alderoka daragion ontzitxoa bezela urbildu zan neskatxa etxera, biozparrengo ekaitzaldiaren mendean. Egun aretako iñularrerako, ordea, izadi osoa illunbean kuzkurtu zan garaian, gabeko esnaldien nekeak eta bularpeko ekaitzaren eztenkak aulaldi larri a sortu zioten. Illunabarreko itundasunak aizatuta, gogo-txokora bildu zan ausnarka ta, goialdetik zetorkion argialdian, bere egiteak aztertzen asi. Itundasuna ta baretasuna aizatu zion biozpean aldartearen aldaaldi arek. Argialdi orietan buruzkatzen ditu gizonak ondoen bere egiteak. Gogalgien ordua datorkigunean.
Aurregun gabeko irudien ordez, berri batzuk ziztatzen zioten orain irudipena. Amaren irudia zetorkion lenengoz burura. Beretzat beti ain maitekor, ain samur eta ain eztitsu izan zan ama! Asarre-garaian ere sekula gogorkerik erabilli etzuna; laztanera ta eztira biotza gainbera zijoakiona; alabakaitik nekerik aundienak pozkiro jasango zitukeana. Bere alaba gazteenaren biotzondoa ikusi izan ba'lu gau artan, biozmiñez ilgo zitakian; gogo-oñazeak galduko zukean emakume gaxoa!
Osaba Martinen irudia zetorkion urrengo. Aitak bezelaxe maite izan zitun beti arek. Errazki makurtzen zan beti illoben eskarietara; ariei on-egiten alegindu izan zan noiznai arretaz. Alabearrez, okerren bat esiratu bearra zetorkionean ere, maitekiro ta bigun jokatuko zan ura. Biotz zabala ta otxana zun aientzat osabak. Utsa adiñeko naigabea artuko zukean arek ere, illobaren oraingo ibillien berri izango ba'lu!
Buru-barnean zebiltzkion pentsamenduak oneraño iritsi zitzaizkonean, biozkada samurrari ateak zabalduta, negarrak lausotu ziozkan begiak Malentxori. Izugarria zan, benetan, biozpean zerabilkin burruka! Alde batetik damua zetorkion ziztaka ta deika; bestaldetik, berriz, Zitori emandako itza ez betetzekotan, biotzaren urratu ta odoldubearrak ikaratzen zuen biziki. Mutil arekiko ibilliak kilikatzen zioten biotza. Larrialdi samiña zan, agian, neskarena.
* * *
Aurrera zijoan udaldia. Erabateko legor-giroari noizbait aurrea artu zion, orratio, euriteak. Ez, alaere, nekazariak nai bezin azkar. Illabeteko legortearen ondoren, lañoz jantzita azaldu ziran mendiak astelen goizean. Aizearen arnasari erantzunaz aruntza ta onuntza zebiltzan, belardin larratzen diran artaldeen antzera, mendiburuetako artillezko laño-txano zurixkak. Lanbro xea izurtzen zuen nunai atergabe. Negarra zerien mendiai, pagadiai ata artosoroai. Negarraldi astunean bildu zan luzaro izadi osoa. Lañoak ixuri-ala, ordea, bereala txukatzen zun lur legor egarrituak, euri-jarioa.
Etxetik irten gabe egon ziran eguna arietan aizpa biak. Libek ba-zekin astia nola eman olako egunetan. Edozein zeregiñi lotzen ziozkan gogotik eskuak. Mari Joxeparen semetxoak txukuntzen; sukaldeko lanetan; josketan. Etxezalea zan emakumetxo ura. Atsegiñez zijoazkion eskuak etxeko zeregiñetara.
Luzeak eta aspergarriak ziran, berriz, Malentxorentzat egun ariek, goizetik gaberaño negarra ta lanbroa atergabe zeriela. Etzekarren ez argirik, ez eguzkirik. Euripean ondatu zala zirudin dana. Astia nolabait ematearren, lanari ekiten zionean ere, aurki gogaitzen zan. Eskuarteko lana utzita, leiora zijoan bereala. Etxeaurreko estalpean billatu zuen ollo tximukatuak babesa eurialdian eta ango legorrean luma-arrotzen ari ziran mokoka etengabe. Ordea, Malentxoren begiak etzuen aurrekorik ezer ikusten. Beste norabait, urrutira, zijoazkion irudipeneko begiak. Barrunbeko ikusgaiari aogozoka bai'lebillan, erdi-toteldurik, tinkatzen zan luzaroan, amesetan bezela. Etzetorren berealakoan osteguna! Zitori itzemandako eguna urreratu-ala, geroago ta urduriago, geroago ta kezkatiago zebilen neska gaxoa!
Ontan, ordea, gutxienen uste zuenean, osaba Martin azaldu zitzaien ustegabe astearte goizean. Albista txarrak zeramazkin. Maxkal omen zebillen ama egun arietan eta, egun batzuez jeikita iraun arren, oeratu bearra izan omen zun, azkenik. Luzaroko gaxoaldia izan zitakealakoan, Liberen billa joan zan, egun batzuetarako ba'darik ere, gaxoaldia zertara zijoan ikusi arte, etxean laguntzalle baten bear aundia zuela-ta. Bereala gertu zan Libe amari laguntzera joateko. Etxera orduko, sutsu ekingo zion lanari. Aren esku oituak egoki erabilliko zituen, bai, Dorronsoroko gauzak.
Artean egun batzuez an tinkatu zedilla eskatu zion osaba Martinek Malentxori. Etsi-etsian gelditu zan neska. Etzuan negarrik egin; etzan aren agotik, ez aienerik eta ez zirimolik irten. Illobaren alaingo etsipena ikusita, arrituta zegon osaba. Etzion neskak etxera joatekorik aitatu ere. Are geiago oraindio. Aizpa ta osaba gurdibideko sasiondoetan izkutatu ziran arte, ezpainondoetatik irriparrea zeriola jardun zitzaien eskuzapiakin agurka. Arrigarria zan, benetan, apaizarentzat bere illobaren aldakuntza bakana! Pozgarri izan zitzaion aren etsipena; ezpai'zekin aren barrualdean zebiltzanetakorik ezer.
Iritsi zan, azkenik, osteguna. Oi ez bezelako sukarra ta dirdaia zeriola jeiki zan Malentxo egun artan ogetik. Ara joan zan ezkero, etzuen barrundatu izan Lasturretakoak iñoiz alain berritsu ta nasizale; gaiztoaldiak aizatuta zebillela zirudin. Jeiki ta bereala, Mari Joxeparen aurtxo batekin egin zun oztopo. Artu zun besoartean umea-ta, eman ziozkan musuakin eta igortziakin, minoiuka ta negarrez jarri zun gaxoa. Atadin etzanda lo zegon zakurrari ere belarrietatik eldu zion geroxeago ta kalixkaz bialdu zun etzanda zegoan tokitik. Astakumeari zegokion urrengo txanda. An urrean jolasean zebillela, ustegabe atzeman nai izan zun; arek, ordea, ostikoka ta jauzika igesegin zion.
Alakoxea izan zan beti Malentxo. Zirikalaria, zorabiatzallea, naspilzalea. Lertutako upeletik sagardaoa bezelaxe zijoakion gainbera biotzondoko ugaldea noznai. Jolasari ekiteko gertu zegoan beti katakume jostariaren antzera. Aspalditik, ordea, etzan agertzen, bera zan bezela. Azkenengo aldi arietan etzuan erakusten bere izaera alderontzitik.
Lañoz estalita azaldu zan zerualdea ostegun-goizean. Giro epela zan, ordea; eguraldia laster jasoko zun zantzurik onena. Laño urratuen artetik urdinune aundiak azaldu ziran eguerdirako. Arratsaldean, eguzki-erregea izan zan goialdean jaun eta jabe.
Langirorik ederrenetakoa gelditu zan arratsaldean. Orzkarbitu zaneko, bei uztartuekin irten ziran baserritarrak sorora arbi-lanetara. Areaz garbitzen ditue lenengoz garisoroetako galtzuak eta, bildu-ala, erretzeko tarteka pillotzen larrainean bertan. Goldeaz eragiten diote gero sakonetik lurrari. Bai bear ere, gariaren ondoren lurrak ezer emango ba'du. Ainbesteraño agortzen baitizkiote gal-zuztarrak azaletiko umo-tanto guztiak azkenengo kondarretarañoxe.
Arratsaldea erdiratu-zorian, erten zan Malentxo Eperzelaitako basoaldera. Amets-irudia bezain eder eta naro zijoan. Dizditsu ta kilikagarri begiak. Nor maitemindu ez araingo neska zoragarriak? Ordea, buru-barneko amesak nasitua ta zorobiatua zerabilkien neska gaxoa!
Galtzarbean liburu bat eta eskuan aulki txiki bat zeramazkiala, ordutik iñular-arte astia irakurtzen emateko aitzakiakin, basopeko itzalera joan zan. Aurkitu al-izan zun tokirik ezkutuenean eserita, azpikaldeko ibarzabalean lanean ari ziranai begira jarri zan.
Uztarri bi ari ziran lanean Eperzelaitako soroan. Goikoaldetik, bei uztartuekin zerrendaka zeramakin area-lana nagusi gaztearen semerik zarrenak, lana bukatu zorian. Ala adierazten zuen, beintzat, goenaldean tarteka agiri ziran galtzu-pilak. Beeragotik, berriz, nagusi gaztearen agindura, idi-pareak zeramakin golde astuna. Idiak ildoa zerbait okertzen zuenean, deadar garratza zegion etxekojaunak bere seme itulariari. Erabat zarraztakatzen zuten sailla itzai biak barrenaldetik asita.
Goldearen eskulekuetan eskuak tinko josita, erne zebillen nekazaria. Zintzo kakotzen zun bizkarra goldearen gain. Neke aundiko lana izan arren goldearena, eskurakoi zeramakien idi oituak lan-tresna astuna. Ibillia aldizka nagitzen zitzaienean, orratio, logaletik esnatu zitezen, akuluz zartatzen zitun arek eta; buztanari eragiñaz eta saietsa okertuz, bizkor erasotzen zioten lanari urrengo nagialdirarte. Ildoa bukatzean, soro-muturrera iristen ziranean, aldameneko saillean lanean ari ziranakin izketan gelditzen zan lipar batez nekazaria. Larrealdi bizkorra zegien olakoetan abereak bazterreko belarrean geldiune-bitartean. Aurki eten bear izaten zuen, ordea, larrea nagusiaren oiu latzera ta berriro lanari ekin bear ere. Golde-ortzez larraina urratu-ala, txoritalde gosetiak jaisten ziran lur irauliberrira aztarrika ta mokoka zamorro ta artxoen billa.
Atzeraxeagotik, aitonak zeatzen zitun atxurrez goldeak iraulitako lur-mokor ezkoak; ezpaitira mazo-ukaldiz zeetu-errezak mokor oek, bein eguzkitara legortu ezkero. Iru gizaldi ari ziran lanean Eperzelaitako soroan orpoz-orpo. Orain berrogei urte bezela; orain berreun urte bezelaxe. Nork lekike noiz asi ziran gure gurasoak lan oetan? Orra or, beintzat, gure baserritarrak gizalditik gizaldira, urteoro berriztatuz, gaurdaño dakarzkiguten oiturak. Anbat litzake gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu izan ezpa'gindu! Aizea bezain burujabe ibiltzekoa dala deritzait euzkotarra. Ez al-dabil, bestela, orpozulotik erten dan ardazburua bezela, beti negar kurrinka dariola?
Idien ibilliari erantzunaz, golde-ortzak lurra ezker-eskuitara erdibikatzen zuen bitartean, basopetik begira zegokien neska maitemindua. Uztarripean burumakur dijoan idia bezela, goldearen gain makur nekazaria ikusita, arrigarri ta neurriz-aragokoa zerizkion neskak ainbesteko etsipenari ta eroapenari. Mendiarteko lur-zati medarretan errotuta bizi ziran baserritar ariek etsi-etsian, aizealdiak sekula erasan ez dion pagoburua bezela. Etzuen aundizkien gutiziarik; ez urietako bizitzaren egarririk; ez biotzean egoneziñaren zulaturrik. Etsipen osoan bizi ziran mendiarteko zokondoetan.
Norbaitek, ordea, bizitza guztian ala bizi bearko zula esan izan ba'lio Malentxori, giltzapean betiko lotu dutena bezela, begientzako atseginbide guztiak kendu diozkatena bezela, biotz-gañean arri-konkor astuna jarri diotena bezela, arnas-artzeko aizerik ezbai'lu, arnastu eziñik itoko zitakian.
«Berdiñekoxea da, orraatik, urietako bizitza dirdaitsua! Ango atsegiña ta ango eder-bizitza zoragarria» —ziosan neskak berekautan.
Etzekin, artean, gaxoak biotz-etsipena dala gizonarentzat zorionbiderik zeatzena! Bizitzaren goraberak erakutsiko zioten, ordutik asko luzatu gabe, jakintza eder ori.
Basopeko gerizpean eserita, neskañoa gogo-ausnarrean ari zan bitartean, arin zijoan eguzkia bere jarlekutik gainbera labainka etzinaldera.
Konturatu zaneko, amar edo amabi oinkada gelditzen zitzaizkan mendi-muga ukitzeko. Maitasunari ateak aldez-alde zabaltzeko ordua zalakoan, pilpika ta taupaka eroetan ekin zion barrenaldeak. Bizitzako atsegiñaldi guztiak baño geiago balio zun orduerdi arek. Bere maitearen begiratupean zorabildurik, arekin, beste ikuslerik gabe, maitasun-iturritik nai adiña zurrutatu zezakean orduerdia. Geroago ta ariñago ta zoroago zebilzkion taupadak maitearen zai zegon bitartean.
Bien bitartean, Eperzelaitako nagusiak taka egin zun soro-erdian. Egun artako lana uzteko garaia zan, alegia! Urrengo egunerarte antxe bertan goldea utzita, askatu idiak, eta etxeondoko belardira larrera bialdu zitun eztenka. Uztarria, kopetakoa, ardilarrua ta ereak bizkarrean zituala etxeratu zan. Belardin larrean ari ziran bitartean, buztan-ukaldiz, ostikoz eta muturrez uxatzen zituen abereak ezpare ta eulien zulatu miñak.
Baserriaren andiko aldetik, berriz, errekaondoan, lexibaldia garbitzen ari zan emakume bat. Arek arri-gañean zapiak zartatzen zitun bitartean, errekan oñautsik zebiltzan mutilkoskoak karrasika. Antxe, errekondoko ur-zuloan, zuten txarri-taldeak ere etzanaldirik atsegiñena.
—Jesus, ene —oiugin zun berekautan Malentxok, alako batean, luze-iritzita. —Bai berandu dabiltzala! Zortzi ta erdiak dira-ta, ez da ezeren zantzurik! Zerbait izan ote-due?
Eta, barrualdetik zetorkion biozkadaren iradupean, egundañoko itunaldirik samiñenak gainditu zion kolkoa. Negarra zetorkion begietara. Zer ete zan bularpea ainbeste estutzen eta kezkatzen ziona? Ezpainondoetara urreratu-garaian, batbatean eztia ezkutatu dioten umekondoa baño naigabetuago gelditu zan anderetxo gaxoa. Ene Jesus! Ua naigabea! Ua zorigaitza! Nere biotz au doakabez lertzeko jaioa al-da? itaundu zun atsekabez.
Bitarte artan, gau-zapia zabaltzen ari zan zerupean. Ilundu zan ordurako zearo basopea. Aizearen arnaspean, alkar-marmarrean, zebiltzan zuaitz-ostoak eta zegizkien dantzaldietan azaltzen ziran zuriuneai zerien argitxirrista zan itzalpeko ikusbide bakarra. Araxeago, negarka zijoan errekatxoa maldar-beera zokondo-zulora. Txio ituna zegien txoriak ere kota-garaian. Il-kantua, eriotz-kantua ixurtzen zun iñular arexek ao guztietatik. Etzan irixten beste zantzurik Malentxoren belarrietara. Ez maitearenik; ez Antzuela eskalearenik. Zergatik ez ete-ziran azaldu ara, agindu bezela?
Erdi-zoraturik, arri-konkorrez burua zanpatu diotenaren antzera, ibil-ikaraka zutitu zan eserita zegon aulkitik eta Lasturretako bidea artu zun, gau-itzalkariak egun-argia zearo itzali zuten garaian.
Itzotsak entzuten ziran ardandegian. Inguruko baserrietatik zurrutara joandako baserritarrak ziran.
Lasturretako atadira jo bearrean, ezkerreko sastondotik, baselizatxora sartu zan neska biozmindua ta barruko aulki batean eserita gelditu. Etzuan asko uste izan arratsaldean alakorik gertatu litzaiokenik! Zer zan ua? Maxio? Axeka...? Ala, ezbearren bat? Biozkadak zesaionez, oi ez bezelako zerbait gertatzen zan.
Ixil zegon eliz-barrua. Zirti-zarta zegin noizbeinka argiak oliontzian eta, argiaren dardar-ikaretara, sorginen gisan, jolasean eta dantzan zebiltzan itzalak ormetan. Aulkian eserita, erdi-zorabiaturik zegoala, argiaren ibillietara, aldareko Ama Birjiñak asarre-kiñua zegiola irudi zitzaion bein. Gero, ordea, irribarre eztia bialdu ziola. Urrena, berriz, besoetan zeukan umetxoa, andik jetsita, besozabalka zetorkiola bidera. Illundasun eta ixiltasun artan ondatuta zegoala, oiugin zun gaxoak:
«Nere lenen-maitasun gartsu onek bear bezelako erantzunik izango ezpa'lu, nere gogoa ez da beste munduko iñorentzako izango egundañokoan».
Alako batean, illunbetan bilduta zegoala, oinotsak esnatu zuen bere amesalditik. Norbaiten ibil-otsa entzun irudi zitzaion elizbarruan. Norbait sartu zan barrura. Ikaratuta zutitu zan Malentxo. Lasturretako Iñaxio zan.
—Nola zaude emen, Malentxo? —galdegin zion arek erreminduta—. Gaxotu egin al-zera? Zure billa gabiltz amarrak ezkero. Arratsaldean Eperzelaita-aldera joan zerala esan digu Josetxok, eta, an ez aurkituta, zearo kezkaturik genbiltzan zure billa, zerbait gertatu ote-zaizun bildurrez. Ezpai'gendekin emen zeundenik! Gaxo al-zaude, Malentxo?
—Ez, ez —erantzun zun mintzo-dardarka—. Iñularrean sartu naiz onera ta loak artu nau. Zer ordu da?
—Amardaerdiak.
—Orren berandu...!
Baña ajolarik-eza ta ardurarik-eza erakusi nai izan arren neskak, Lasturretako argietara aurpegia azaldu zitzaionean, negar-kutsuz lausotuta agertu zan; gorrituta zeuzkan begiak. Naigabea ta atsekabea salatzen zun alde guztietatik aren joerak. Apari-bitartean, zear-begiratzen zioten Lasturretakoak; aren ezetz biribillak entzunik, ordea, etziran ausartzen geiagorik zirikatzen. Alere, kezkatuta zebiltzan, benetan, Lasturretako senarremazteak gau artan. Katilluka bat esne artuta, beste ezer geiago apaldu gabe, oeratu zan Malentxo. Gaxo ete-zeguan? Gaxo-mueta asko dira. Biotzeko gaxoa zan Malentxorena. Gaxorik okerrenetakoa, noski!
Andik egun batzuetara itzuli zan Libe Lasturretara. Amaren gaitzaren larrialdia joan bezin laster, itzuli zan berriro aizparengana. Iñoiz baño ere pozikago artu zun arek bere aizpa Zarautzko albista jakingarrietakoen bat lekarkiokelakoan. Ala zesaion, noski, biotzak; arengandik jakingo zula zerbait.
Ala izan zan ere. Aizto-muturrak aragia bezela urratu zion barrunbea arek eramandako berriak; baña, alere, naiago izan zun aiztoaren zulatu urragarria, jakin-ezaren atergabeko ezpai illuna baño. Lasturretako atadin alkar-izketan ari zirala, mintzaldia bere arira eraman naiez, Malentxok galdetu zion bere aizpari:
—Berri asko al-dakarzkin Zarautztik?
—An gertatu danik aitagarriena, eranegun Agerreren agotik entzun nuana den. Udalditar aundikien arteko gertakizun bat. Ezkutuko jokoetxe bat omen zeukenen ondartzaburuko jauregi batean eta, aurreko astean, udalditar batzuk gau-jokoan ari zirala, errizaiak sartu itunan ustegabe ta barruan zeuden guztiak atxilotu. Baña an zegon mutil gazte batek joko-diru ta joko-tresnakin ezkutuko ate batetik igesegin nai izan zinan. Ordea, errizaiak tiroz zauritu ziñaten. Eranegun il omen-unan zauritu ori. Ez diñate egunerokoak ezer esan gertakizun orretzaz. Ixillean gorde nai izan diñate, nunbait.
—Zein ete-zan gazte zauritua?
—Udalditar bat. Ez naun orain oroitzen izenaretzaz. A! Bai. Agerrek esan zinan gazte ua «Maitearena» deitzaion jauregitxoan bizi zala bere amarekin.
—Leon Bravo...?
—Bai, bai. Orren izen bakana izanda, etzekinat nola aztu zaidan ain azkar. Baña, nolatan ekinan izen ori?
Ontan, ordea, aizpari begiratu zionean, legamia bezelaxe zurbilkatuta oartu zun. Konorte gabe bezela gelditu zan, lurrera oldartzeko zorian. Erori ere egingo zitakian Libek eutsi ezpa'lio. Izerdi-tanta mardulak zerizkion aurpegi-zear ikaretan. Larrialdi zulagarriak eragin zion, nunbait, barrualdetik neska errukarriari. Bere aizparen ustegabeko larrialdi ua ikusirik, Mari Joxepari otsegitera zijoan Libe; baña une artantxe berebaitaratu zan eta oiu erdiragarrietan negar-zotinari ideki ziozkan aldez-alde ateak dardar-ikaraka bizian.
—Baña, Malentxo, zer gertatu zain ain batbatean gaizkitzeko? Ezaguna al-unan mutil ori, Malentxo?
Eta minartu dun umetxoa izan bai'litz, maitekiro laztandu ta musukatzen zun Libek bere aizpa biozmindua. Joan zitzaion, noizpait, lenengo zotiñaldi zorrotza, eta, zerbait baretu zanean, leengo galdera berbera egin zion jakinmiñez Libek.
—Ire adiskide al-zan ildako mutilla, Malentxo? Jaungoikoak beregana eraman dunean, aren onagatik eramango zinan!
Negar-ujolari eutsi eziñik, mintzo-ikaraldika, erantzun zion arek:
—Nere senargaia uanan. Jaungoikoak orren azkar kendu didan ezkero, gaurtik bertatik eskeinitz auxe zegionat. Ez diñat geien da geiago il leikidanik iñor maiteko.
Arrezkero, urrengo egunetan, lore-txortaz apainduta azaltzen zan egunero Lasturretako baselizatxoko Ama Birjiña. Malentxok jartzen ziozkan lore ariek. An inguruetan bildu zezazkean lorerik naroenak eta ederrenak zeramazkion. Etxe-billera artakoak ziosaenez, ez omen zan iñoiz egon baselizatxoa ain txukun eta ain dirdaitsu. Bere eskuz zaitzen zun Malentxok egunero Ama Birjiñaren etxetxoa. Elizbarrura garbiketara edo apainketara sartzen zan guztietan, maiteki laztantzen zun neska errukarriak Andere Mirenen semetxoa. Aren aurrean belaunikatuta, otoizketan zegon bitartean, malkoen jarioak zearkatzen zion etengabe aurpegi zoragarria Dorronsoroko alaba gazteenari.
|
|