|
IX APUSTU-EGUNA
Ori dek sasoia, mutil!
Ez al-dezue ikusi iñoiz, itxasaldeko larretik aterata, agokoa egozteko legorraldera eraman duten moxal basatia, itxas-kresalaren arnasak zoraturik, ezlaria uzkailita, amar legoako bidean laugainka ta irrintzi-jario itxasaldera igesegiten? Bereolaxe zeramakin biozparrenak Balendin itxasondora, baserri-lanak bukatu bezain laster. Apustu-eguna urreratuz zijoan-da, egun artarako besoak eta zaiñak zailtzearren, illuntzero joaten zan arraun-saiora. Atsegin zitzaion Balendini zeregin uaxe; gainbera zeramakin gogoak artaraxe.
Nork susmatu zezakean gizon ua legorraldeko semea zanik? Itxaserrian jaio ta azitako askok ere, etzioten itxasoari ainbesteko zaletasunik. Gizonaren buruan sortzen diran ames guztiak egiztakorrak ba'lira, Balendinen amesik gogokoena ontzijaube izatea zitakian. Etzukean, noski, aren ontziak pipiak edo erdoiak itxasbazterrean joko. Aintziñako itxasgizon kementsuen iraduz, aurki emango ziokean ludiari itzulbira osoa. Eta errege altsu batek bere saillak noizbeinka zenbatzen ditun atsegiñez, ibiliko zitakian mutilla, mugarik ez dun ur-zabaldi artan. Ura izango zitakian atsegiña ta zoriona!
Urrengo igande-arratsaldean ordubeteko arraunaldia egin ondoren, oi bezela, Getariko sagardotegira joan ziran. Balendini itxasoak biotza irabazi zion bezelaxe, Getariko Matxinen ostatuan beste norbaitek zorarazi zion gogoa Lopategiko Agustini. Balendin ezetzik, pozik joaten zan ara Agustin ere. Izan ere, ariek ziran begi sorgiñak Matxinen bigarren alabarenak! Ua gatza neska arena! Ariek ateraldiak eta ariek ziztada miñak! Nori burua nasitu ez Yolandak? Gañera, zoragarriak ziran, agian, parre-garaian mataiburuetan irtetzen zitzaizkon xokondo-uneak! Aoko beroa pizten zuen, arranotan! Ua zan, ua, neska ederra!
Apustu-zale purrukatuak dira euskaldunak, naiz baserritar, naiz arrantzale izan. Eta indar-neurketak, zenbat eta errikoiago, ainbat eta sutsuago ta gartsuago artzen ditue. Etzuen egin egunkariak Zarautzko apustuaren zabalgunderik; etzan izan, ordea, bear aundirik ere. Estropadarik ospatsuenak baño zeresan geiago zerabilkin Getarin eta Zarautzen Balendinen apustuak. Arrigarria zan sagardotegietan eta ardandegietan zegioen zabalgundea. Aste guztiko berriketak ortaraxe zijoazen; etzezakean iñork kendu agotik lelo ori.
Balendin eta bere lagunak Matxinen sagardotegira iritsi ziranean, jendez beteta zeuden ate-aurreko maiak; batzuk, zurrutan, besteak, zerbait jaten, danak itz-jario ta zaratatsu. Balendin begiztatu zuen bezin laster, danak eten zuen agoartean zerabilkien leloa ta gizaseme bikañari begira zegozkion. Orrelaxe erakusten du aozabalka erri xeak, indarrez eta trebetasunez besteen gainetik jeikitzen diranentzako aundi-iritzia.
Norbaitzuk, ezagun uts izan arren, adiskide legean urreratu zitzaizkon eta bostekoa luzatu zioten; beste batzuk, berriz, zear-begiraka zegozkion. Arerio zitun, nunbait, azkenengo oek. Aundi-iritzian zeukaten, orratio, danak mutil jeiki indartsua.
Aspergarri zitzaion Balendini angoxe jarduna ta galdetubearra-ta, jendearen geiegizko jakinaia eragoztearren, goiko gela ezkutu batera eraman zitzala eskatu zioten Matxini. Pozik eraman zitun arek; aintziñako adiskide zintzo zitun, ba; eta orrez gañera, etzerizkion eskasa suitzat Lopategiko Agustini. Mutil bena, zintzoa ta langillea; eskuartekoa ere baitzun, arranuana! Eman zezakion, bai, alaba, arduragabe, alako mutillari.
Ain zuzen ere, Yolanda izan zuen serbitzari; Matxinen bigarren alaba berbera. Begitarte azkarra baitue emakumeak nai duenerako-ta, etzuan izan Yolandak iñork agindu bearrik, mutillengana zer nai zuen galdezka joateko. Erdi-totelduta zebillen Agustin neska ederrari begira; baña emakume-biotza ezagutzen oitua izan ba'litz, neskarena ere pilpilka barrundatuko zukean.
Janaldia erdiratu-garaian, beeko zeregiñak utzi zioten bezin laster, goiko gelan zeudenengana igoaldi bat egin zun Matxinek eta, beste zerbaiten bearrik ote-zuen galdetzeko aitzakian, aiekin izketan gelditu zan lipar batez. Getaritarrak apustuari zer zerizkioen jakin naiez, Balendinek esan zion:
—Zer diote emen gure apustuaretzaz?
—Ez dezuela irabaziko. Ba-dira emen zuen arraun-saioak zelatzera joan diranak. Ariek ekartzen dituen zurrumurruetara dabil jendea.
—Eta zuk, Matxin, zer derizkiozu? —itaundu zion irriparrezka.
—Zer derizkiodan? Ara! Berrogei ogerleko jokatu dizkit oraingoz zuen alde. Nire iritziaren erakusbide oberik nai al-dezue?
—Ederki, Matxin, ederki. Alegiñak egingo ditugu zure dirua bear bezela aldezteko.
Baña Balendinek beste sail batera eraman zun batbatean alkarrizketaren aria. Ezpaizitzaion atsegarri geiegizko itzjario txoliñik erabiltzea eta beste zerbaitera jo zun bereala.
Ain zuzen ere, egi utsa zan Matxin ostalariak Balendini esan ziona. Getarin geienak jokalarien aurka zeuden. Astunegia omen-zan Txantxikoren ontzia, orren erraz Mollarritik Getariraño eramateko. Mutil indartsua izan arren Balendin, etzan, ordea, arrantzalea-ta, arrantzuko zeregiñetan oitugabea izanda, angoen iritzirako, etzezakean jakin ezer asko itsasoko goraberatan.
Orrez gañera, eztabaida zoro arekin beinola Balendinen asarrea sutu zuen mutil zitalak, Txandresen semea destañez eta gorrotoz irrikatzearren, nunai maxioka zioen mutil xingil arengandik etzuela Zarautztarrak laguntza aundirik izango. Zurrumurru oek aizatuta, dirua lasai zijoan Getaritik jokalarien aurka.
Egunero, illuntze-aurrean, ardandegietan eta sagardotegietan zerbait usmatzearren, zelatari-aldra bat joaten zan Getaritik Zarautzera, eta, belarri zorrotzez biltzen zituen marmarrak jaulkitzen zituanak. Lenengo arraunaldia egin zuenean ere, portuburuko ormari ukalondoak egotzita, illunbea urratu naiez, begiak zorroztuki, egon ziran luzaroan itxasora begira. Zerbait usaindu ere baitzuen, zelatari maltzurrak; arraunlari eskastzat epaitu zituen, beintzat, lenengo saio artan.
Zarautztarrak, ordea, banakaren batzuk izan ezik, Balendinen alde zeuden. Aurrenengo egunetan, Getaritik nai adiña diru zetorrela-ta, ikaratuta gelditu zan zillarra Zarautztarren sakeletan. Baña Agerrek bere lagun batzuei agindu zien, andik zetorren diru guztia jasotzeko; etzitzatela damutuko-ta. Etzan Zarautzen Agerre indiano gaztea ezagutzen etzunik iñor, naiz arrantzale, naiz baserritar, naiz aberats, naiz txiro izan. Danak maite zuen gizon ua ta aren iritziari begitarte ona egiten zioen nunai.
Lenengo arraun-saioa eginda, Agerreren iritziak tinko irauten zuala oartu zuenean, bildurra astinduta, dirua ausartsu irtetzen asi zan sakeletik. Getaritik zetorren guztia jasotzen zan Zarautzen. Eta orra or nola egun batetik bestera aldakuntza arrigaria egiztatu zan!
Solairua sendo dagoalakoan ajolagabe dabillenari, oinpean gapirioak ustegabe zartaka asi zaizkonean, sortzen zaion larrialdia ta ikara sortu zitzaien gabetik goizera Getariarrai. «Zergatik jasotzen due Zarautzen, guk eskeni-ala, apustu-diru dana? Ain burugabe jokatuko al-lirake, arraunlarien goraberak jakin ezik? Jumm...! Gerok ez ete-gera, arranopola, burugabe ta itxumustuan gabiltzanak...!» —jaulkitzen zuen berekautan apustu-eguna urreratuz zijoan bezela.
Etzuen, arrezkero, dirua nolanai ateratzen. Apustuetako artuemanetan ez dira euskaldunak iñorekin tinkatzen. Are gutxigo, berriz, euskaldun oik nekazari ta arrantzale diranean. Aurretik arduragabe iñori itzik eman gabe, irabazirik eman lezakionaren alde jokatzen dira. Orixe berori gertatu zan Getarin azkenerako. Zearo aldatu zan egun batetik bestera diru-eskeintzalleen joera.
Zarautzatarraren arerio purrukaturen bat izan ezik, azkenengo astean etzuan iñork dirurik atera nai jokatzeko. Zenbat-eta eguna urreratuago, ainbat gutxigo, berriz. Zarautzko ostatuetan ixil-mixilka bildutako zurrumurruak, etziran, noski, zelatarien agoetatik jaso zituenen senideak. Eta, ba-daezpada, diru-kontuan erne ibilli bearra dago.
Geroago ta obeto zijoazen Balendinen arraun-saioak. Astelen illuntzean, aurreko egunetan baño ere bareago ta zelaiago zegoan itxasoa. Orduantxe egin zuen arraunaldirik egokiena, ordua bear bezela neurtuz. Orduerdian eraman zuen ontzia mugatik mugara. Bikain jokatu ziran arraunlariak! Getariko muga jo zuenean, Txandresen seme Joxek biozpean piztu zitzaion pozaldiari eutsi eziñik, zoratu bearrean, irrintzika uretara jaurti zun arrika buruan zeramakin txapela. Entzungarria zan mutillaren itzjario parregarria. Txakur gazte zaungari ta jauzkaria bezelaxe zebilen pozaldia gainditu eziñik.
Agerre izan zan, Balendinen ordezko, apustuaren goraberak zuzendu zituana. Bi milla laurleko ta erdiraño igo zan apustuaren jasoa egun arietan. Sei izango ziran, berriz, epai-maiko; iru Zarautztik eta beste iru Getaritik. Erri bietako erri-agindarietako bi eta, gañera, bietatik arrantzale bana.
Apustu-eguna urreratu-ala, upelean irakitan ari dan muztioa bezela, zijoan goraka jendearen poza ta ikusibearra. Urrengo igandean, arratsaldeko lauretan, izango zan arraunlarien jokaldia. Beraz, etzegon luzaroan itxedon bearrik. Eta eskuak alkar igortzikatzen zituen danak pozaren pozaz.
Baña, bitarte ontan, ezbear bat sortu zitzaien ustegabe arraunlariai. Zitalkeri erreak aizatutako gaizki-egite gaizto baten ondorengoa izan zan ezbear ori. Ostegun goizean, Zarautzko portuan bertan, aizkoraz zartaka sabela zulatuta agertu zan Txantxikoren ontzia. Nasa-ezpañari lotuta zeukan unama sendoa izan ezpa'litz, ondatuko zitakian ontzi erdibikatua. Etzun egundo iñork jakin nor izan zan ontzi-ondatzalle zital gaizkillea.
Etziran, ordea, orregatik kikildu jokalariak. Zenbat eta arerioa zitalago, orduan eta auzartsuago jokatu bear da burrukalari zintzoa. Goiz artan bertan bildu zitun Agerrek lenbailenka epai-maikoak eta gertatzen zanaren berri eman ondoren, ontzi ondatuaren ordezkotzat, aren antzeko senide bat aukeratu zuen. Bein erabaki au artu zuen ezkero, zaitzalle bi jarri zitun Agerrek portuan gau eta egun, beste ainbeste berriro gertatu etzitzakien.
Goiz-nagia ateratzen dun neskatxa liraiñaren antzera esnatu zan igande-goiza, eder eta naro, argizpiak noranai zabalduz. Erabat zetorren legor-giroa. Bata bestearen atzetik zijoazen egun kiskalgarri ariek, legorteari bidea emanaz. Illuntzero lañatzen zan zerbait eta goibeltzen zerualdea; baña, segariak eskuarez belar ondua belardin biltzen dun bezela, aizeak isasten zitun egunsentian artille-mordoak eta zerumugako kutxapean biltzen.
Goizean-goiz erten ziran arrantzaleak itxasora; ordea, besteetan bezela lurraldetik asko urrutiratu gabe, ekin zioten arraintza-lanari. Iñor izanenean, arrantzaleak izango ziran arratsaldeko indar-neurketa entzutetsuan ikuslerik arduratsuenak eta epailaririk ikasienak.
Beraz, arrantzuko lanetan ziarduela, eguerdia gañera zetorkiela sendu zuen bezin laster, sareak bilduta, eskuratu al-izan zituen arraiak ontzietan eguzkitara dizdizka zituelarik, portura zuzendu zituen lenbailen ontzien muturrak. Aize-oial puztuaren indarrak ugin-artean ontzia labainka zeramakin bitartean, arratsaldeko apustuaren goraberak zituen mintzagai.
Iparraldeko aizeak zeramazkin ontziak egiñalan. Lurraldetik ala irudi ez arren, sendoa zan ipar-aizearen arnasa. Ur-zabaldian tarteka agiri ziran zuri-pirrintak erakusten zituen ondoen aize biurriaren jolasaldiak.
Arrantzaleak ezetzik, erne zebiltzan egun artan Getariko ta Zarautzko emakumeak, eguerdirako etxeko zeregiñak burutzen. Bazkaldu bezin laster, itxasburuan ikus-toki egoki bat artzera joan nai zuen, ba, apustuko goraberarik galdu gabe asieratik azkenerarte dana ikusteko ustean.
Neskatxak, batezere, arnas-estuka zebiltzan lanean; orrelako egunetan emakumeak ere izan oi ditue, ba, egundoko zeingeiagokak eta ixil-burrukak. Arraunlariak besoetako indarra erakutsi bitartean, neskatxak arraunaldiari baño erneago zegozkiokean, nik uste, beintzat, kolkopeko ezkutu-apustu gogorrari. Olakoetan artzen baitue, bereziki, neskatxak mutillengandik eder-izena ta egoki-iritzia.
Gazte-aldra ugariak iritsi ziran eguerdiondoan legor-aldetik ere. Batzuk oñez, besteak txirringutsez, baita zalpurdiz ere norbaitzuk. Jendalde aundia bialdu zuen Azpeitik, Azkoitik eta inguruetako erriak; erritarra baitzan jatorriz Balendin. Beraz, estropadarik aipatuenaren neurrian zabaldu zan, alde guztietara, Balendinen apustuaren entzutea. Eguerdi-ondorean, Zarautzera erbestearrak sartu-ala, oiuka ta zantzoka zebiltzan danak ara ta onera uriño politean. Geroago ta gorago zijoan, ondorengoz, iskanbilla.
Irutaerdietarako jendez gañezka agiri zan Zarautztik Getarira dijoan itxasertz-bitarte dana. Ikusgarria zan, agian, eguzkiaren dirdaietara, jendetza ugari aren ibillia! Baserritarren jantzi ilunen ondoan, begien ziztagarri ziran neskatxen soñeko zuri-gorriak. Bizkarra zirikatu dioten sugea bezela luzatzen zan biurraldika ta buztan-ikaraka gelditu gabe, Zarautztik Getarira bitarteko erreskada luzea itxasburuko bide zabalean.
Apain eta kilikagarri zijoazen neskatxak, egun zoragarri artan, begietatik dirdai-jario. Txukun eta egoki jetsi ziran baserrietako mutil gazteak. Udalditarrak ere ikusmiña ase nai zuen nolabait. Batzuk, jauregietako egurastokietako gerizpe atsegiñetik, begirariz; besteak, lurrun-ontzietatik urreago ikusi nai zuen indar-neurketa arrigarri ura; beste norbaitzuk, berriz, erri xearen nardarik etzuenak, jendartean nastuta, oartuko zituen apustuaren goraberak.
Ordua urreratu-ala, itxasoak berak zegian baño aundiagoa zan jendeak zerabilkin zalaparta ta iskanbilla. Orrelaxe ibilli oi dira udaburuan erleontzitik igesegin duen erle-mulko aztoatuak, darabilkien ibillian etengabeko burrunba-otsa dariela.
Laurak baño lentxeago azaldu zan Balendin portura bere lagunakin. Lurrun-ontzi batek eraman zitun danak andik Mollarriko mugaraño. Jokalariak ontzitxora jauzi egin zuen unean, uso-aldra zuriak egaldia jaso zula zirudin itxasertzeko luzera osoan eta aizean ego-ikaraka gelditu. Begira zegozkien emakumeen agurra zan; esku-zapiñoa dantzatuz bialtzen zien jokalariai agur beroa. Gizonezkoak, berriz, txaloka artu zituen arraunlariak.
Leendik oitua zegon Balendin ikusle askoen aurrean jokatzen; baña, egia esan, etzuan egundo biotzean nabari araingo zarrazta zorrotzik. Ogei milla gizakume zegozkien begira, zoraturik, esku-zartaka ta agurka. Nornairen biotzondoari erasateko laingoa ba-zan ikusgai uaxe!
Bereala gainditu zun, ordea, biozkada; ta, ikusleak eskuak zartaka zerabiltzkien bitartean, ontzitxora jauzi egin bezain laster, zeramakin jakea eranzten asi zan geldiro. Makutsik jarri zanean, alkondara zuriaren besoalde bilduetatik beso kiriotsu ta kozkordunak azaldu zitzaizkon gizaseme indartsuari. Ua zan gizon ikusgarria! Galtzairuan taupaka landuak zirudien beso ariek. Bizkarraldean, berriz, aizkolariak pagoburuan zaplainka ebaki dun besangaondoaren antzera zabiltzkion sorbalda-egalak arraunak eskuratu zituanean. Zerk erasan lezakion gizon ari? Mollarriko arkaitzak bezain tinko iraungo zun itxasoarekiko burrukan ere.
Lana bear bezela neurtzeko, erloju bat eman nai izan zion Agerrek; baña ara zer erantzun zion mutillak:
—Ez degu erlojuaren bearrik. Irabazten ezpa'degu, eziñak eragotzi digulako izango da; ez aikomaikoetan ibilli geralako.
Arraunak eskuetan zituala, irtetzeko zantzuaren zai zegon bitartean, odola irakitan zebilkion, sua bezain kiskalgarri, zainetan; egoneziñak zulatzen zion biziki bularpea. Burrukaldia lenbailen asteko eztenka zebilkion barrualdea. Alaxe aztakatzen du lurra, agoko jarriberria agin-artean karrazkatuz, ezlariaren eupatekoa entzun zai dagon zaldi eziberriak. Apirkako basarteetan basauntza sendu dun leoiari ere, ua begiztatu arte, orroa dario berolaxe barrualdetik zulagarri.
Ontziaren gibelean zutik zegon, berriz, Txandresen semea, Balendinen begiratupean erdi-zoraturik. Zezen burrukalariaren ondoan zekor jaioberria egon oi dan bezelaxe zegoan biotz-ikaraka, alako indar-neurketetan oitugabeko mutilla. Biotz-dardara zemaioen gazteari ainbesteko txaloak eta gorakak.
Etzan berealakoan eldu ordua. Su-ziri bat izan zan apustua asteko zantzua. Eztanda entzun zuanakin batean, zelaian luzaroan geldituka egon dan ugalde izugarria gainbera oldartzen dan bezelaxe, ideki ziozkan ateak indarrari alderen alde Balendinek; eta, aurreko zear-aulkian oña tinkaturik, burua atzealdera kakotuz, gerria biurra bezain bigun, begien ikusgarri izan zan, agian, mutilaren lenengo indarkaldia. Krakateko lazkarra egin zun ontziak indarraren iraduari erantzunaz; saietseko olak zartatu zitzaizkola zirudin. Kurrinka legorra zegien arraunak ere espartzuzko eraztunaren igortzian. Ustegabe saietsean eztenkatu duten idi nagia bezela asi zan lenengoz ontzia alderoka; baña laugarren arraun-ukaldirako, muturra zuzenduta, zisne bat bezain txairo zijoan ugiñen gandorretik gandorrera jauzika.
Ermo lotu zitzaion Joxe ere bere lanari. Atzaparretatik aragi-zatia kendu nai dioten katu asarreak bezela erantsi ziozkan eskuak arraun astunari. Gerria biurraldikatuz, zegian indarraldi estuan, besoak eta atzamarrak antxe bertan utzi bear zitula zirudin. Zailla zan, ordea, mutilla; iraunekoa ta kiriotsua. Baña, azkenerako, indarrak agortuta gelditu etzeitean gizagajoa, Balendinek oiugin zion:
—Etzeukagu orrenbesteren bearrik. Indarrak ondo neurtzen ezpa'dituk, lerreginda geldituko aiz geiago eziñik.
Bost minutu bete zituenerako, ibilli bizkorra egotzi zioten ontziari. Berdiña ta neurrizkoa, orratio. Bizitza guztian arraun-lanetan ibilliaren antzekoa zan Balendinen arraunkada. Zitalki dardarazten zuen noizbeinka saietsetik ontzia aizealdiak arrotutako ugin-pirrinta zuriak; baña, izurdearen antzen, gañetik jauzi eginda, zorrozki zulatzen zun muturrez ur-mendia ta itxas-azpiko indarra gainditzen. Ua zan buruz jokatzea! Ua zan arraunaldi ikusgarria! Krak, krak, krak. Neurkiro zeramazkin Balendinek arraunaldi sendoak.
Ondartzaren muga gainditu zuen garaian, Agerreren zantzoak zetozkien aldizka belarrietaraño. Lurrun-ontzian zijoakien Lopategiko Agustinekin atzealdetik jarraika.
—Ekin mutillak! Ori dek sasoia! Eeeeeup, —oiu zegien arien gogoa sutu ta biotzari eutsi naiez.
Zirkiñik egin ere gabe zegozkien begira lurraldetik jendaldeak, arriturik eta ao-zabalka. Ikusi al-zuen egundo ua baño ikusgai ederragorik? Ontzibarruan amairu gizon arraunka dijoazenean baño askozaz ere ikusgarriagoa zan zeingeiagoka arrigarri ura. Gezurra zirudin legorraldeko gizon batek ain gainbera ta begien ikusgarri erabilli al-izatea alako ontzi zar astun eta nagia. Etzitzaion iñori damutu, arraietan, ikusgai artaraxe joana!
Izan ere, zintzo ta buru-makur zijoan ontzia arraunaldi indartsuen mendean, uztarriaren atzetik soroan ildoa urratzen dun goldea bezela bere bidetik okertu gabe, zuzen eta labain. Alderoka noizbait asten ba'zan, bereala zuzentzen zion Joxek muturra ta ibillia esiratzen, Getariko mugara begiz-begi.
Txint batean gainditu zuen Barbare donearen mendixka; eta Getariko Andon donearen ugartetxoa begiztatu-garaian, amar minutuko bidea egiteko zeukela irudi zitzaionean, Balendinek deadar zorrotza egin zion bere lagunari:
—Ekin oraintxe, Joxe; gurea dek apustua-ta!
Jauzi bizkorrez jeiki zan Balendin jarrita zegoan aulkitik; josi gogor ontziaren solairuan eskuiko oña; tinkatu aurreko aulkian ezkerrekoa, ta ene Jesus, ordurako nekatua izango zala uste zuenak, ezetz bikaña artu zuen. Ba-zuen, noski, zergatik arritu.
Bere lanak ezari-ezarian egiten oitua zan Balendin. Nork eta noiz igarri arek zegian indarraldiaren jasoa? Oraingoan, ordea, txantxetak eta badaezpadakoak alderatuta, aldez alde zabaldu ziozkan ateak indarrari. Geroago ta zailuago zeramazkin arraunaldiak. Indarraldi bakoitzean, burua makurtuta, zulatzen zun ontziak ur-sailla. Zailu, labur, giar, indartsu zerabiltzkin ukaldiak.
Tximista bezela sartu ziran arraunlariak Getariko mugara. Ua zan, ua, marka ikusgarria mutil ariek agin zuena! Arrituta zeuden epai-maikoak ere. Nork ausi zezakean, naiz arrantzalerik oituena izan, ariek egin zuen marka? Ogeta bost minutun bete zuen orduerdirako zeuken eginbearra.
Mugako galartzua urratu zuenean, zantzoka, oiuka ta orroaka artu zuen ikusle zoratuak apustuaren azkena. Ariek ziran txaloak eta gorakak! Bost minutuz esku-zapiñoak astinduz iraun zuen emakumeak agurka. Atsegin-malkoak ere ixuri zituen batek baño geiagok ikusgai kilikagarriaren aurrean.
Besarkada maitekorra eman zien Agerrek arraunlariai, lurrun-ontzira urbildu ziranean.
—Ez dek itxasalde guztian zuen marka ausiko lukeanik. Ederki jokatu zerate.
Izerdia oztu etzitzakien, ispirituz igortzi zien geldiro ta arretaz Agerrek bizkarraldea ta bular-gaña; ta, jantziak aldatu ondoren, ango jendearen agurtubearrak eta eskukaldiak eragoztearren, Zumaiara begira jarri zuen lurrunontziaren muturra.
Naiago zukean Lopategiko Agustinek arratsalde uaxe Getariko Matxinen sagardotegian egitea; ezpai zitun aurreko igandeaz gero ikusi Yolandaren begi ziztagarriak. Baña egun bategatik ez al-zan maitasunez gaxotuko; eta, bere lagunen iritziari burua makurtuz, eroapenez, Zumaiara joan ziran apustu-egunaren garaikuntza, zegokionez, aundiro ospatzera.
|
|