VII GAUPIZTIEN ARTZULOAN
Ames bat bezain eder eta dirdaitsu azaldu zan eguna. Magalondotik baratzaldean loreak ixuriz dabillen erregingai lilluragarria iduri, zetorren arpi-pitxiak noranai zabalduz. Etzekarren aurpegian, ez lausorik, ez ganduaren kutsurik. Urre lanbro ugaria zerion eguerdira zabaldu-ala. Eta berdiñik ez dun argiontziaren dirdaira, ziztaldi atsegiña bialtzen zien noizbeinka begiai belardietatik eta sastondoetatik gau-intzezko pitxiak.
Ara nola dijoazen ontzitxoak arrantzura aizeari oialak alderen alde zabalduta. Atzo baño ekarkorragoa izango al-due arrantzale gizagajoak gaurko jarduna! Aukerako itxasgiroa da, agian, gaurkoa. Arrantzaleentzan izan liteken zantzurik oberenetakoa izan oi da izurdeen buruzgainkazko jauzia ta olakoetan itxastxoriak erabilli oi duen bealdeko egaldia. Orrez gañera, or-emenka agiri diran urdin-une bereiziak, antxoa-taldeen ur-azaleko ibillia erakusten digue. Onelakoetan, izaten due, noski, itxas-egaztiak gosea nun ase.
Sagastietatik garisoroetara, eta artasoroatik belardietara, jolasaldi biurriak darabiltzki, moxal irrintzilariaren antzera, itxasaldetik datorren aize bigunak. Jolasaldi orietan, artoak esku-atseginkatzen dituanean, maite-ikaraldika bai'lebiltz, kulunkatzen due gerritxo lerdena ta burualdeko lorea.
Goiz-nagia astindu ondoren, sabel-irakitan suspertu da izadi osoa. Zamorro-talde ikusgaitzen otsa datorkigu nunaitik belarrietara. Aurretik alkarri itzemanda daudenen antzera, maiteberoaldiak eztenkatzen ditu bizidun guztiak, naiz zentzudun, naiz zentzunik gabeko belarkiak izan. Auxe da izadiaren eztai-egun zoragarria! Jaungoikoak ludia egin zuan lenengo egunean bezain bero dirau oraindio izadiaren erraietan maite-iradu indartsuak.
Arrigarriak dira, orratio, izadiaren gauzak! Bizidun batzuk itzaltzen dijoazen bitartean, beste batzuk bizitzara datortz une artantxe. Bizidun bakoitzaren erioak berak ere, amaika bizitza sortzen ditu! Eriotzaren ondoan bertan, bizitza berria sortzen da. Ara or izadiaren zoria! Noiz arte iraungo ete-du maite-sortze arrigarri onek? Jaungoikoak daki! Arek izadiari bizitz-arnasa ukatzen dion egunean, dana ilgo da, dana ezerez utsean ondatuko da. Bitartean, or ibilliko dira mako ikuseziñetik zilintzan, mugarik ez duen sailletan pirritaka, ludi, izar eta eguzki, zerk aizatzen ditun jakin ezik. Bizidunak, berriz, laisterka datorkien eriotza atzeratu naiean, aitasemeengana luzatu nai due bizitza. Egun bateko lore zimel-errezak izan, ordea, bizidun guztiak!
Goiza erdiratu zan garaian, zalpurdi arin bat irten zan Dorronsoroko ataditik eta zaldizaiaren asku-zigorraren otsera, laugainka irabazi zuen zaldi biak bidezabala ta, asi baizen bizkor eutsi zioten luzaroan lenengo ibilliari.
Zarautztik Zestonara bitartean, ez du bideak aldapa-une aundirik eta asitako neurrian pirritatu ziran gurpillak araño, bideko arkoskoetan labainduz. Baña nekezagoa ta zaillagoa zan andik aurrerako ibillia. Aizarnako bideari eraso ziotenean, aurki geldiagotu zuen aztaka bizkorra, eta, maldar-erdiraño eldu ziranean, patsetan blai-eginda zijoazen atsanka ta lurrun-jario.
Lau ziran zalpurdian zijoazenak: Libe eta Malentxo aizpak, osaba Martin eta Agerre. Malentxoren gogoaz besteko irteera ua zerbait gozatzearren, atergabeko itzjarioa zerabilkin Agerrek eta eskurakoi laguntzen zion Libek zeregin artan.
Iztun atsegiña izanda, somatu al-izan zituan izkirimiri ta gazigezak jaulki zituan, bururatu zitzaizkon ipuiñik parregarrienak ere bai. Sekulako ateraldi gaztunak ere egin zituan; baña jaio-unean bertan izoztuta gelditzen zan Malentxoren ezpañetan irriparrea.
Orrez gañera, malkoak ezkotzen ziozkan begiondoak bein baño geiagotan. Alperrikakoak izan ziran egin zituen alegiñak; eta, Zestonatik Aizarnara aldapa-gora zijoazen garaian, agortu zorian zebillen Agerreren jarduna, itzalibearrean zan laister aren ipuiñen gazimiña.
Izan ere, etzion ezer asko laguntzen osaba Martinek; etzeukan, nunbait, arek berriketarako gogo aundirik. Biotza zearo naigabetu zion ustegabeko estualdiak. Buruauste astuna bideratu zitzaion, arrano pola, gabetik goizera, gutxienen uste zuenean. Eta, artean, osabidea eskuratzeko garaian izan ezkero, ainbestean. Gertatuak gertatu, ondabidetik irtetzea nolabait jaritsi ezkero, gauzak esiratu zitezkean artean.
Baña bein neska maitebidean gainbera irristaka asita, nork lekike noraño lijoaken? Txinpartaren jeikikoa zan Malentxo txikitandik eta, arekikoak bear bezela esiratzeko, kontuz eta erne ibilli bearra zegon. Ba-zitekean, bestela, arek esiaren gañetik jeiki nai izatea. Gauzak astiro aztertu ta erabilli bear ziran, dana ez ondatzeko.
Esku leuna ala zorrotza bear zan estualdi artan? Nola ekin bear zitzaion arloari? Onean ala gogorrean? Buruauste samiña, benetan! Eta, orrez gañera, nor ete-zan korapilloaren errudun? Malentxo bakarrik? Bera ere, guraso-ordeko bezela, ez al-zan zabarkeri osoan jokatu? Neskaren ibilliak garaiz orpotik zaitu izan ba'litue, sortuko al-zitakian alaingo korapillo biurririk?
Osaba Martinen gogaien joan-etorria oneraño iristen zan garaian, atsekabeak illuntzen zion biziro begitartea; eta Agerreri bere jardunean lagundu nai izan arren, leengo naigabealdiak ziztatzen zioten berriro kolko-barrena, ta zalpurdiaren txokora urbiltzen zan, biozparrengo oñazea ezkutatu zairik. Bereala itzaltzen zitzaion ari ere ezpañetako irriparrea.
Aizarnako eleiztorrea noizpait begiztatu zuenean, danak poztu ziran eta zalpurditik jeisteko gertutzen asi ere. Eleiz-aurreko enparantzaren itzulbiran inguratzen dira kaleko etxe guztiak. Pelotan jokatzen zebiltzan mutikoak enparantzan zalpurdia iritsi zan garaian eta, erbestearrak ikusi zituenean, jokoa utzita, aozabalka urbildu zitzaizten umekondoak ankartera. Aurki azaldu ziran etxe-ateetan beste ikuszale geiago ere. Ollo batzuk zebiltzan aztarrika enparantzaren erdian; aruntzatxeago, berriz, zakur bi jolasean jauzika. Piano baten tintin-soñua zetorren apaizburuaren etxetik.
Enparantzako ostatu-etxe batean utzi zituen zeramazkien jantzi-zorro ta emakume-tresnak, Lasturretako mutikoren batek gero astoan eraman zitzan, eta, lau lagunentzako bazkari on bat gaitzeko agindua eman ondoren, Lasturretako bideari lotu zitzaizkion bereala. Orduerdi bateko bidea zegon, geienez, kaletik baserri artara.
Erritxoaren eskuialdeko soroak ebakitzen ditun bidetik igo ziran bidariak muñotxo batera ta andik Beamara dijoan bidea artu zuen. Ermo ari ziran lanean baserritarrak inguruko soroetan. Gari-metak eguzkitara zabaltzen, batzuk; besteak, artalorak abereentzako besamenka biltzen; aruntzago, berriz, segaz allurbea ebakitzen. Lanari zintzo lotuta ari ziran danak egun zoragarri artan.
Aurreko eguneko ekaitzaldiaren pean bizkar-oker gelditu ziran artoak ere eguzkiari burua zutitu nai zioen. Gerriondotik kiribilduz zijoazkien artaloreai baba-aienak maiteberoaldi gartsuan, aren maite-mosuaren billa. Loretan agiri ziran aien orrien xangoetako kimondoak ere ta ollandaren gandor jaioberriak zirudien lore-pinpinak, lurrera burua makur. Jatortasun bereizia egozten dioe, benetan, artasoroak gure basoaldeari.
Orduerdiaren buruan, bidearen oker-une bat ganditu zuen garaian, etxe billeratxoa begietaratu zitzaien zelaitxo batean. Baselizatxoaren inguruan lau etxek zuten kabia intxaurrondoen gerizpean. Iru lizarrondo zitun, berriz, elizatxoak bekoz-beko, bere egonaren zaitzalle bezela.
Sarrerako burni-agazko esi sendoaren gibelaldetik luzatzen dan bolatokian, iganderoko goiz-meza entzun ondoren, bolan aritzen ziran inguru arietako baserritarrak. Goialdeko larrea zuen artaldeak ere, antxe billatzen zuen aterpea ustegabeko erauntsi-garaian. Nun aurkitu ua baño toki babesagorik? Eguterara begiz-begi sakon-unean egoteaz gañera, ezkerreko mendi-bizkarrak ezkutatzen zun itxasaldeko aizealdietatik.
Zelaitxo babes au begiztatu zuen garaian, bidariak zeramakien bideondoko sasietan zabalduta, zapi zuri lexibatuak agiri ziran eguzkitara legortzen. Oiuka ta karrasika zebiltzan an inguruan mutilkoskoak txapelera masustak biltzen. Zelaiko itzalpean, astaemeak garagarra irabazten zun bitartean, jauzika zoroak zerabiltzkin astakumeak aruntzaxeagoko belardian. Eskuialdeko garamendietara joan ziran artaldeak eta, noiz-beinkako marrakaldi luzez larrealdia eten eta zintzarriari eragin-ala, bidariai begiratzeko itzultzen zuen ardiak burua.
Ezkerraldetik lenengo mallan ikusten zan etxeak Lasturreta zun izena. Etxebillera artako ardandegia zan; baña ardao-saltzeak bakarrik etzuala ezer asko ematen-da, soroko lanari ere ekin bear zitzaion zintzo, arranok ezpa'du.
Ain zuzen ere, egun artan gari-jotzen ari ziran atxebarruan, eta, bidariak etxera urreratu-ala, geroago ta argiago entzuten zuen gari-eskuteak arritxabaletan zartaka ateratzen zuen danga-otsa.
Erbestear batzuk bide-zear zetozela barrundatu zuenean, lanaldia utzita, marandioko leiotik begira jarri ziran danak ikusmiñez. Aurki ezagutu zitun Mari Joxepa etxekoandreak etxera zijoazkionak, gaztetan Dorronsoron neskame izana baizan, eta gal-autsarentzako buruan bilduta zeukan buruzapiz bekokitik zerion izerdia atxikatuz irten zitzaien bidariai ongi-etorrika ta agurka.
—Nolatan etorri zakizkide gaur, aurretik ezer gaztigatu gabe? Jesus, ene! Zer bazkari jarri nezakizue orain, ezpai'taukat urdazpikoa ta arrautzak besterik...?
—Ez kezkatu, Joxepa —erantzun zion apaizak—. Ez daukazu gaur guretzako bazkaria baneatu bearrik.
—Ene! Baña nere etxera bein etorriko-ta, ordun bazkaldu gabe jun? Ez, ez. Ez dizuet utziko eguerdiburuan iñora joaten.
—Kaleko ostatu batean, guretzako bazkaria gaituta eukitzeko agindua utzita, etorri gera ta eguerdirako ara joateko asmoan gabiltz.
—Jesus! Baña, zergatik orren azkar?
—Beste zeregin batek ekarri gaitu, Josepa. Gure neskatxa oek biak amabost egunez zure etxean eukiko ziñuzken jakin nai nuke. Emengo mendi-aize osasuntsu au ondo letorkiela-ta, egun batzuez ementxe utzi nai ginduzke, zuk al-badezu, beintzat.
—Bai orixe! Pozik eukiko ditut! Oek neska bikañak egin zeratena! Orain urrena ikusi zinduedanean, umekondo batzuk ziñaten artean; baña emakume egin zerate.
—Nun dituzu zure semetxoak? —galdegin zion Libek.
Ara! Ementxe datortz. Jesus, ene! Ori mutur zikiña dakarre. Nundik nora ibilli ete-dira alproja gaizto oek? —eta deadarka asi zitzaien.
Baña mutikotxoak amaren deadarrai baño jaramon geiago zegien an zeuden jaun eta anderetxo ariei. Zear-begiraka ta aozabalik gelditu ziran biak muki-jario ta ezpainondoak masusta-ugelduz beztuta, abarketa gorrien mutur-zuloetatik beatzak agirian zituela.
—Atozte nigana, maiteok —esan zien Libek kutunki. —Ara nolako gozo-pilloa emango diodan lenengo datorkidanari!
Bietan zarrenak bost urte-inguru zeuzkan eta Liberen eskeintea entzun arren, etzan igitu zegoan tokitik; txikiena, ordea, gozoen usaira, geldiro urreratu zan eta andereñoak eskuan zeukan papel-zorrotxoa atzeman ondoren, igesegitera zijoan. Arek, baña, maiteki eldu zion; eta, lepora jasota, mutiltxoaren mukien eta zikiñaren nazkarik gabe, mosu mardul bi egotzi ziozkan matail gorrietan.
—Ene, baña, Libe! Zikinduko zaitu zearo ume orrek! —oiugin zion Josepak.
Ordurako, gari-jotzea utzita, izerdiak aurpegian itsatsi zion gal-autsa sukaldeko arraskan, ur-xaplatekoka garbitu ondoren, atadira azaldu zan Iñaxio etxekojauna ere ta danai bostekoa estutu zien banaka azpainartetik irribarrea zeriola.
Goiz asi zerate gari-jotzen —esan zion Martin apaiz jaunak.
Zearo txigortuta zeuden-da, lenbailen lan au eskuartetik kentzea erabaki degu.
Bien bitartean, marandioan lanean ari ziran mutillengana joan zan Agerre ta ariekin izketan asi:
—Mutillak, zintzo ari zerate lanean... —esan zien.
—Jardun bearko, arranotan!
—Latz-samarra da, noski, gari-jotzeko lana.
—Naiko latza; baña lana bera baño ere okerrago da bizkarretik beera sartzen zaigun autsaren eta galbizarraren errea. Nork burutu oriek ematen duen egonezin zulagarriakin.
Geldiune laburra egin ondoren, berriro ekin zioten mutillak lanari. Zepari, Leunda ta Berraondo ziran iru gazteak. Baso-lanean bezain nagusi, soroko jardunean ere; aizkoran bezain trebe, laiaketan eta goldea erabiltzen. Iraun aundikoak eta zaillak, naiz udako galdape kiskalgarrian, naiz neguko aintziar-garaian. Etzuen ariek egundo izan nekearen bildurrik. Lanaldia amaitutakoan, iñork soñua jo ezkero, kriskitiñak eta ankak arin erabiltzen oituak. Etzekien ariek, arrano pola, aula zer zanik; etzuen nekearen berririk. Langille bikañak ziran irurak.
Arri-txabalean azaoak zartaka zaplainean aletzen zituen bitartean, pozkiro zegokien Agerre begira gizaseme indartsu ariei. Neska batek urreratzen ziezten bizkarraldetik azaoak eta, aletu-ala, soñaren itzulaldiz artzen zituen bakoizka pillotik berriak eta iru edo lau zartako indartsutan, eguzkitara luzaroan egon dan artillea baño ariñago uzten zituen lastoak. Aitonak bereizten zitun gero eskuareaz alkarrengandik agotza ta gari-alea. Eskute aletuak, berriz, sapaira jaurtitzen zituen arrika.
Ikusgarria zan mutil bikain arien jarduna. Bizkarraldean zeuken pilloa agortu-ala, urritzezko biur batekin besamenka eramaten zitun neskak azao berriak. Pozik egongo zitakean antxe Agerre mutil gazte jator ariekin alkarrizketan; baña onaizkero gainbera Aizarnarako bideari lotu bear zitzaizkon. Naiko berandu zan, ba, bazkaltzeko.
Martin apaiza bere illoben egonatzaz Mari Josepakin astiro izketatu zanean, agur egin danai, eta kalerako bidea artu zuen berriro. Irten baño len, orratio, otoitzaldi labur bat egin zuen baselizatxoaren atean.
Egongiro atsegiña zegoan itzalpe babes artan. Ez eguzkiaren kiskaldubearrik; ez beroaren errerik. Arrizko aulkian belaunikatuta, otoitz laburra zegian bitartean, etzezakean Malentxok susmatu, toki artantxe bertan artuko zuala egun batzuez geroago, bere bizitzazko erabakirik zeatzena.
Aizarnako kalean zeuden berriro ordubaterako. Bazkalondoan errialdea geldiro ikusi zuen eta; arratsaldea erdiratu-garaian, Lasturretako astazaia iritsi zanean, neskatxen tresnak saskietan egoki jarri ondoren, joan, agur samurra egin zioten alkarri. Malkoz dirdirka jarri zitzaizkon Malentxori begiak. Bularpean biotza lertu izan ba'litzaio ere, etzion samiñaldi garratzagoak kolko-barrena gaindituko. Ezin zezakean itzegin Malentxok mintzo-dardaraz; ainbestekoa zan sortu zitzaion zotiñaldia.
—Osaba, errukitu zakit! esan zion arrenga erdiragarrian.
—Buruz jokatu adi, Malentxo. Al-dedan guztia egingo diñat ire alde. Ba-dakin maite aunagula. Beraz, iri geien dagokinana egingo diñagu. Ire onaren billa gabiltzan.
—Emen luzaroan uzten ba'nazue, gaxotu ta ilgo naizala deritzait.
Ukigarria ta erdiragarria zan, agian, joan-agur uaxe! Zarraztaldi bikaña eragin zion Agerreri ere neska maitemindu ta biozminduaren eskariak. Gañera, maite degun norbait etsipenean buru-makur eta apal, ezarri diogun zigorrera jartzen zaigunean, biotz legorra bear litzake, benetan, aren gogo-oñazea norberarena bezaintzat ez artzeko.
Etzuan Libek malkorik ixuri; etzuan negarrik egin. ez uste, orratio, biozpean zarraztaldirik nabaitu etzuanik. Leendik oitua zegon, ordea, biotzaren biurraldietara ta samiñaldietara. Zerk erasan zezakion orain aren biotzondoari? Au zala-ta, norbaitzuk uste zuen biotzik gabeko emakumea zala Libe; baña, bai zera! Oker zebiltzan iritzi orretan zeudenak. Beste iñork baño biotzondo aberatsagoa erakutsiko zuan arek bear zan garaian.
* * *
Orain neskatxo biak Lasturretara dijoazen bitartean eta bidezabaleko arkoskoetan zalpurdia labainkatzen dan bitartean, irabazi dezaiegun azkenengo oei aurrea ta gijoazkien Zarautzko uriño zoragarrira.
Ordurarte ia egunero ikusten zuen alkar Malentxok eta Zitok. Batzuetan, zerbait erosi bear zualako aitzakian; besteetan, bere lagunakin arratsaldea eman nai zualakoan, arratsaldero joaten zan Malen Zarautzko kalera ta nolabait ere beti aurkitzen zun Zitok arekin ezkutu-izketa egiteko bidea.
Beraz, aurreko astelenaz geroztik neskarekiko berririk izan etzualako, zearo artegatuta zebillen mutilla. Zer gertatu ete-zitzaion? Zergatik ez ete-zan azaldu aurreko egun bi arietan? Gaxo ete-zeguan? Ain osasuntsu ta sendo agertu zan lengo astelenean-da, nola gaxotu zitakean orren azkar? Ez, ez. Beste nunbait billatu bear zan zergatia.
Eta, buruan oldozkun oek azpikoaz gain irauliz zerabiltzkiala, askabide bat bakarra aurkitzen zion korapilloari. Dorronsoroko morroiari egozten zion gertatzen zanaren errua. Ijito tzar bat bai'litz, berari astelenean txakurra xaxatu ondoren, gero salatari dollor baten gisan jokatu zan nunbait, morroi petral ua! Txatxu aundia zan alako gizona! Gañera, morroi zarpil uts arek, bai al-zeukan arien arteko gauzetan zertan sarturik? Baserritar kaiku sastarrak zanpatu bear al-zuan bera zan bezelako gizon ikasia ta asko ikusia?
Orrelaxe berekautan izketan ari zala, kolkopean zamorro beltz ikaragarri batek burua jaso zion. Aurrenengoz, ustegabe jaiotako narda besterik etzan. Orduezkero, ordea, geroago ta beltzago, geroago ta izugarriago biurtu zan kolkopean sortutako zamorro nardagarria. Eta, mutillaren odolgaiztoak eta bere izaera beaztuntsuak, gainbera zeramakien ikusieziñera ta gorrotora. Nork-eta morroi txatxu arek sartu bear al-zun arien bitartean? Kontuz ezpa-zebillen, txakur amorratua bezela jipoituko zukean.
Arratsalde artan bertan Malentxorekin nolabait itzegin bear zula-ta, Inurritzako bidea artu zuan Zitok iñular aurrean. Dorronsoroko saillen mugara eldu zanean, bideari jarraitu bearrean, bideondoko arresiaren gañetik jauzi eginda, sagastira sartu zan. Luzaroan inguru-begira ibilliaz gero, zokondoko seskadiraño aurreratu zan zalantza bizian ta geldiro ta begi erne zelatatu zun etxe-ingurua. Etxeatzeko iturri-askan garbiketan ari zan une artan neskamea.
—Demorriozko neska purtzilla! Nolabait ortik uxatu alba'neza —zion berekautan.
Etzuan izan, ordea, luzaroan zai egon bearrik. Laster bukatu zun Mikelek bere lana ta, garbiketa-ontzia meakezurrean tinkaturik zeramakiala, etxebarrenera sartu zan. Txakurraren bildurrik ez izan-da, sagastiaren mugan zegon zotaskazulotik, basakatua bezela, labainkatuz, arrastaka, etxe-ondora urbildu zan. Iñork ikusi etzezan, zokondo-une batean etzanda lotu zan zelatan. Ordulaurden batez orrela egon arren, etzuan ezeren zantzurik atera. Iturriaren ur-jarioak zegian txirrista-otsa besterik etzijoakion belarrietara.
Lurreko etzanalditik zutitu gabe, ziztualdi ariñez otsegiten zion noizbeinka Malentxori. Zantzu ura entzun izan ba'lu arek, nola edo ala erantzungo ziokean; ondo ezagutzen zun neskatxak ziztu-egikera ua. Alere, baña, etzan aren erantzunik iristen. Zer gertatu ete-zitzaion? Ala, inguru-begira ernaian ezkutuka zegoala, gau-zapi beltza zabaldu zun illunak zerupean eta ludia illunbean bildu zan zearo.
Garai artantxe, Balendinek, etxeko eginbearrak burutu ondoren, bigarren arraun-aldira joateko ustean, etxetik erten eta sagastiko bidetxiurra artu zun; andik zan, ba, laburrena Lopategirako bidea. Baña, zugazpetik bideari ekitera zijoan unean, norbaitek ixilka zegion ziztu biguna entzun irudi zitzaion. Norbaitek dei zegiola uste izan zun; baña, urratsak tinkatuta, oarki egon arren, etzan iñor agiri inguru artan.
Ontan, ordea, ziztualdi berriak ebaki zun aizea an urrean. «Nundik demorrio zetorkidak zantzu ori? —esan zun berekiko—. Ortixek zokondogune ortatixek datorrela zirudik.
Axeka zebilkidak norbait. Noan bertara».
Pendiz-gañetik jauzi eginda, zokondogunera urreratu zan garaian, lurretik batbatean zutitu zan mutil batekin egin zun ustegabeko oztopo bekoz beko. Illunpe artan etzun ezagutu mutilla; beraz, etzekian nor zanik. Baña mutilla laisterka astera zijoakiola oartu zun bezain laster, besotik elduta, bertan tinkarazi zun naitaez:
—Zer dagizu emen? —galdegin zion legor.
—Zer ardura dizu zuri? —erantzun zion arek lotsagabe—. Zaitu eitzazu zere gauzak besterenetan sartu gabe.
Aurpegiz-aurpegi jarri ziran unean ezagutu zun mutilla. Nork adierazi, une arek Balendinen biozpeari eragin zion zarrazta zorrotza? Azpikoaz gain irauli zion asarreak barrunbea ta antxe bertan pizti likits bati bezelaxe lepoa biurritu ta bizkarra austea gogoak eman zion.
—Norbere etxean egin lezake gizonak nai duana; ez besterenean —jardetsi zion Balendinek asarre.
—Eta zure etxean al-da, ba, au? Zure saillak al-dira oek?
—Ez, ez dira nereak; baña etxe-inguruan zelatan dabillen napurra astindu ta uxatzeko, ez det iñoren baimenaren bearrik. Aldegin zazu, ba, arin emendik.
—Orrelaxe egiten diote zaunga zakur tzarrak etxera urreratzen dan edozeini. Izan ere, zer zera, ba, zu zakur bat baño geiago etxe ontan?
—Txakur askok ez dute lotsa aundirik bear, zirtzilipurdi batzuen aurrean bekoz-beko agertzeko.
Ezkerreko besotik gogor lotuta zeukan mutilla, bitarte ontan, Balendinek, eskutik askatu ere gabe. Bultzada indartsuz lurrera jaurti zun zotz igarra bezela. Gero, berriz, eldu zion berriro besotik eta bultzaka sagasti-zear zeramakin.
Baña mugako esira iritsi ziran garaian, mutil ziztripuak ustegabeko indarraldiz besoa askatu ondoren, gerritik aizto bat aterata, ukaldi bizkorra erantsi nai izan zion sabelondoan Balendini. Saietsean zirikatu duen katamotza baño ariñago alderatu zan, ordea, au; eta, aiztua zerabilkin eskuko muturretik atzemanaz, bizkarraldera biurtu zion besoa. Mutillari eskutik kendu zionean, sagarrondo baten gerrian sartu ta ausi zun galtzairu zorrotza. Ara zer zesaion, bien bitartean:
—Ez adi geien da geiago onera azaldu; bestela, egunen batean egundoko gorriak ikusi bearrean aiz, txalu ori.
Eta, lurrean oñaze-oiuka gelditu zan mutilla bultzada indartsuz ormagainetik andiko aldera bota zun ollo-luma bezelaxe; eta geiagoko jaramonik egin gabe, Lopategiko bideari lotu zitzaion.
* * *
Bein piztiaren zantzua sendu zuan ezkero, aren ibilliak zearo argitu ta eguerdiratzea zegokion Agerreri. Malentxoren onaren billa zebiltzan danak; danak maite zuen neska biozmindua. Baña ari basapiztiaren atzaparretan erortzen utzi baño len, erriko zurrumurruak or-emenka ixurtzen zituenak, egiak ziran ala ez, bere begiz ikusi nai zuan. Edozein bidetara joko zukean Agerre leialak ainbeste maite zun sendi artako nekatxa ederra zorigaitzean amiltzen ez ikustearren. Bearrekoa ba'zan, illargipeko gau-ibilli ezkutuan, naiz napur maltzurraren joera izan, piztiaren aitzulora bertara joango zitakian, ondamenditik neskañoa aldentzearren.
Aizarnatik itzulita, bere etxean apaltzen ari zan bitartean, zurrumurruak aintziñatik errialdean zabaldu zituanak zerabiltzkin buruan itzulinguruka. Zurrumurru ariek geldiro ausnartu-ala, asmo sendo bat sortu zitzaion. Leendik ziurki zekizkianaz gañera, areagokoak argiratu bearra zegon.
Jendeak ziotenez, Leopoldo Vargas ori Biarritzko ta Donostiko jokoetxeko otseiña izan omen zan; «croupier» ikasia. Ez omen zuan parerik ez Biarritzen, ez Donostin joko-txirringa erabiltzen. Jokoetxe orietan sartu-irten aundia zuen guztiak ezagutzen zuen garai artan gizon au.
«Eskuzuria» («Blancamano») deitzen zioten jokoetxeetan; ain zan egokia, ikasia ta besterik ez bezelakoa, joko-txirringa bere gogora erabiltzen. Etzan nolanaiko jokalaria izan bear, arekin aurrez aurre jokoan asteko. Aberats-izenean bizi zan aspalditik, bai Donostin, bai Zarautzen; eta, ziotenez, jokoan irabazia omen zun eskuarteko dana. Atera ortik nolakoa izango zan piztitzar au, jokoetxeetan biltzen diranen artekoetan lenengoena ta nagusiena izateko.
Donostiko jokoetxean zerikusi aundia zeukan jaun batek eraman zun Eskuzuria Biarritztik ara; bere jokaldietarako lagun ikasi bat nai zuan, ba, arek. Alkar-artuta ibilli izan ziran, arrezkero, gizon biozgaldu ariek biak. Gainberako zeregiña zan, orrela, jokoetxera zijoaken buruarin oitugabeak zearo lumatzea. Nun aurkitu zezakeen gizon ariek biak urre-iturri oberik? Orduezkero, egunetik egunera zabalduz eta ugarituz zijoan Vargasen eskuartea.
Garai ontan azaldu ziran Donostin Zitoren guraso gazteak. Madridtarrak ziran eta senarrari Ministerioan ematen ziozken udaldiko oporraldietan, Donostira joaten ziran. Apainkeriak eta lasainaiak zoratuta zerabiltzkin senar-emazteak. Atsegin-bizitzari burua lotu zioten ezkero, aundizkien neurrian bizi nai izan zuen; dantzaldietan eta jaialdietan erakutsi nai zuen burua noiznai.
Eta jakiña! Ministerioko alogeraren etorria, etzan orrenbesteko zorakerizko ibilliari eusteko lain. Legezko etorriak ematen dunaren gañetik ibiltzen asi ezkero, goiz edo berandu, laster azalduko ziran zuloek nun edo nun. Orduan sortu zitzaizten sanar-emazteai sekulako estuasunak eta itobearrak!
Jokoetxera joan zan egun batean, Vargasen eskuetan erori zan gizon ua. Eskuartean zeramazkin diru-pitiñak zearo galdu ondoren, estuasun larri artan, erokeri galgarri artan, bere etxeko tresna ta eskuarteko ondasun guztiak jokatu zituan itxumustuan zoroak. Eta burutik oñetaraño oro lumatu zutenean, ollo zapogorriaren antzera, irten zan jokoetxetik buru-makur eta biotzillunik. Arrezkero, etzuan iñork jakin arenik geien da geiago. Norbaitzuk esan zuen Zurriolako ugin-lertokian galdu zula bere burua; besteak, berriz, erbestera igesegin zula. Nolanai ere, etzun iñork izan aren berririk egundaño.
Semetxo batekin gelditu zan aren emazte Ester, ezertako eskuarterik eta etorririk gabe. Ogetalau urte zeuzkan eta emakume ederra zan. Ester au zan bezelako emakume apainzaleak eta atsegin-zaleak etzezakean luzaroan iraun larrialdi estu artan gaiztobidera jo gabe. Vargas biozgalduaren atzaparpean oldartu zan eta jabe bezela agindu izan zion aurrerakoan. Eskuzuriaren eskuartea lasaitzen zijoan neurrian, agertu izan zan Ester gizartean; geroago ta apañago, geroago ta bitxiztatuago ta dirdaitsuago.
Etxeoin baten jabe egin zan lenengo Donostin; jauregitxo bat eskuratu zun gero Zarautzen. Alargun-izenean agertzen zan nunai; baña ixilpean eta kolkopeko ezkutuan gorde izan zitun beti bere bizitzazko goraberak.
Iñork ezer galdetu ezkero, beste zerbaitera joko zun ezari ezarian, eta kito. Zito bera ere, bere amaren bizitzazkoen ezjakin osoan bizi izan zan. Sendi aretako adiskide min bat bezela azaltzen zan berriz, Vargas.
Donostiko jokoetxean artueman aundia zuten jaun batzuk, beste jokoetxea eraiki nai izan zuen Zarautzen, udaldian ara joaten ziran aundizkien babesean. Orretarako bear zan beste diru batu zuenean, etxe berriaren oinarriak jarri zituen bidezabalaren oiñean. Ontan, baña, Primo de Rivera bakar-agintaria jabetu zan indarrez Españako agintearetzaz eta jokoa ta jokoetxeak galerazi zituan zearo.
Ordea, jokoetxe guztiak itxita zeuden garai artan, luzaroan iraun zun Zarautzko jauregi aberats batean ezkutuko jokoetxe batek. Vargas zan ixilleko jokoetxearen jabe. An biltzen ziran gabero udalditar aundizki batzuk eta jokoetxeetara inguratu oi diran gizagaldu sabelzuri batzuk ere.
Gaberdiaren buruan, berezibiletan (en automóviles) joaten ziran Donostitik piztitzar batzuk eta Vargasen jauregian, gau-dantzaldi ta gaujaialdien izenean, joko-txirringari ekiten zioten gela ezkutu batean urrengo goizalderarte. Jaialdi ariek alaitzeko, Donostitik bertatik eraman izan zituen bein baño geigotan neskagalduak ere. Dantzaldi lizunai loturik, edari moskortien laguntzarekin, atsegin-bizitza eroari burua emanda ibiltzen ziran egunsentirarte gizagaldu ta emakume galdu ariek. Sarritan joaten zan Zito ere jokaldietara Vargas piztitzarraren bebesean.
Oldozkun oek zerabiltzkin Agerrek ausnarka apari-bitartean eta, bere lagun bategandik ixilpean entzun zitun gauza arrigarri ariek, egiak ziran ala ez, bere begiz egiztatzeko gogoa sortu zitzaion. Etzan ordea, gauza erreza artzulo artan sudurra nolanai sartzea. Oso ezaguna izan ezik, etziokeen iñori aterik zabalduko.
Apalondoan, apain jantzita, kapela arturik, kalera irten zan bere adiskide udalditar baten billa.
Zaragozan ikasketak egin zituan garaian ezagutu zuan udalditar ura ta, arrezkero, adiskide ona izan zun. Bere kolkopekoak azaldu lezazkion ari bildurrik gabe; ain zun arek izaera zabala ta onbera. Aregandik zekizkin Vargasen bizitzazko gorabera guztiak ere.
Kafe-etxean egoten zan adiskide ori egunero apalondoan gaberdirarte, ta araxe zuzendu zan Agerre. Etzegon, artean, an udalditarra; baña andik asko luzatu gabe, atea zabaldu orduko, Agerre begiztatu zuanean, besozabalka ta agurka urreratu zitzaion. Egia esateko, nai baño ere obeto zetozkion gauzak Agerreri; eta zioa bideratu zitzaion bezin laster, ezari-ezarian, Vargasen egiteetzazko gaia atera zun.
—Geroago ta jende geiago zijoak etxe orretako jaialdietara —jaulki zion ixilpean udalditarrak—. Gaur esan didatenez, aspaldian izan duten jaialdirik aundienetakoa izan ziaten atzo. Amar neskatxa ekarri omen zizkiten Donostitik.
—Ikusgarriak izango ditu, orratio, jaialdi oriek —erantzun zion Agerrek, zetorkion bidea buruzkatuz—. Ainbeste edari gozo, emakume ederrak, dantzaldiak.
—Ikusgarriak? Etzegok emen alako eguras-biderik iñun. Iru edo lau bider izan nauk ni ere; baña kontuz ibilli bearra zegok. Gutxienen usten duenen batean, errizaien askuetan eroriko dituk goiz edo berandu legetik atezko ibilli ortan.
—Ni ere joango nindukek pozik egun batean, zernolako atsegiñaldi zorabiatzalleak darabiltzkiten ikustearren. Ez al-dek ik adiskide aundia Vargas ori?
—Bai. Aspalditik ezagutzen dit. Orren Donostiko ibillaldiak ere ondo ezagutzen dizkit.
Eta berriro ere, Vargasen ibilli narratx nardagarriari eraso zion udalditarrak. Ordurarte ajolagabe entzun izan zitun Agerrek zizkamizka ariek guztiak; baña oraingoan geldiro ta arretaz luzatzen ziozkan belarriak aopera, itzik ez galtzearren.
Andik orduerdi batera, bekokialdea untzez estalita zeukan jauregi baten aurrean egin zuen geldiunea adiskide biak. Ixillik zegon etxea illunpean, iñor bizi ezpa'litz baño areago. Ezkutuko txirrin batetik udalditarrak egin zuan deira, otsein batek txokondoko leiatilla zabaldu zun. Arek izen-txartela eman zionean, leiatilla itxita, barrualdera ezkutatu zan otseña. Geroxeago, ate nagusiaren zirriku batetik sartu ziran biak etxebarrura. Arnabarrezko eskillara-buruan, Vargas bera zegokien zai. Egoki ta bero agurtu zituan jaun sartuberri aiek.
Gizaseme bezela, gizon jeikia ta atsegiña zan. Beltzez jantzita zegoan. Jantzi beltzaren ondoan, zan baño ere zuriagoa zirudin aren aurpegiko azal zurbillak. Burutik oñetaraño aztertu zun Agerrek gizon ura. Geldiro itzegiten zun, itzak kolkopetik irten nai ezpa'lioe bezela. Itzak eta ibilliak arduraz neurtzen zekian, gizon arek.
Arenik oargarriena, ordea, begiratua zan. Betule beltzen azpitik, galtzairuaren zaztada zorrotza zegioen begiak. Aiztoa bezela sartzen zan aurpegian aren begiratu sakona. Gogo-indar aundia dute au bezelako gizonak. Nornairen gogoa menderatzeko laingoa ba-zan begiratu aztertzale ua. Sugearen aurrean txoriñoak izan oi duten zorabialdia sortu bear, noski, gizon aren joerak gogo-ergeldun edozeini.
Eskillara-buruko aretoan zeuden oialezko jarleku ankazabaletan eserita, izketan jardun ziran bitartean, aruntza ta onuntza gelditu gabe zebillen atea ideki zien otseiña, zurruna baño zutiago ta tenteago, zerbaiten zai bai'lego. Aretoa ezker-eskuitara mugatzen zuen arnabarrezko abetxo baten ondoan, iru zaldun ari ziran alkarrizketan, sapaiko argiontziak zabaltzen zuen argipean.
Ordulaurdeneko izketaldiaren ondorenean, ezkerraldeko ibilbide estutik gelatxo ezkutu batera sartu ziran gure gizonak. Ateak egin zun otsera, erdiko mai biribillaren inguruan eserita zeudenak, burua itzuli zuen zijoazenai begiratzeko. Begiratu azkarrez aztertu zitun Agerrek gelatxoa ta bertan zeuden danak.
Gorrizta zan ormak estaltzen zitun papera; urdiña, berriz, sapaitik zetorren argia. Maiburukoak zeragizkion eragiñaldietara, zipotea baño ariñago zebillen mai-gañeko txirringa gelditu ere gabe; ta, biraldi bakoitzean, ermo zorrozten zituen danak begiak.
Emakume batekin eskuz-esku, zaldun gazte bat ari zan jokoan, Agerreri buruz-buru. Aurpegi biribil beltzerana zun, ille beltz dirdaitsua, begi sakonak eta iketzez egiña zirudin ezpaingañeko beltzuneak. Sua zerion gizon ari alde guztietatik; arabiarra zala esan bear azalari ta okotzari begiratu ezkero.
Gaztea ta kilikagarria zan, agian, arekin jokoan ari zan emakumea. Leendik ezagutzen zun Agerrek emakume ua. Zarautzko jatetxerik onenean zegon eta, udalditarrak ziotenez, Floridako kondearen emazteordea zan. Onen atzealdetik jokalariai begira zegokien emakume pantzetar illegorriak, begiraldi luze ta kiskalgarrian biltzen zun jarrairo aurreko zaldun gazte arabiar-antzekoa.
Beste iru zaldunek osatzen zuen ezker-eskuira maibira dana. Mefistofelesen antzirudia berbera zan ezkerraldeko agura buruzuri, sudur-kakoduna. Txinpartak bezela zebiltzkion begiak betzulo sakonetan dirdirka; aurpegia margul eta eskugain argaletan zaiñak agirian zitun, zugaitz-zuztarrak bezelaxe.
Bestaldetik zegon zaldunaren izena, berriz, jokoetxeetan sarrera aundia zuten danak ezagutzen zuen. Ez omen zekin iñork nundarra zanik, ez nundik nora zebillenik ere. Iru edo lau izkuntza zekizkin gizon onek eta egaldi azkarrak egiten zitun toki batetik bestera. Gaur Zarautzen bazan, biar Donostin izango zan, etzi Biarritzen, etzidamu, berriz, Montecarlon edo urrutirago oraindio. Egunez etzuan arenik iñork ikusiko; gaupiztia zan. Azkenik aitatuko oek danak geroago jokoan sartzeko zai zeuden: goizaldean azaltzen ziran ba, jokalaririk purrukatuenak.
Une artan, txirringaren zaitzalle bezela maiburuko zegoana, irakurlearen ezaguna da: Zito berbera. Arek zerabilkin joko-txirringa ta, jokaldi bakoitzean, diruaren banaketan, euneko erdi bat kentzen zion irabazleari. Jokoak dun irabazirik garbiena auxe da: jokoetxeak kentzen dun orrenbesteko au. Ez du irabazi onek, ez lakarik, ez makarrik. Gari-jotzalleengandik gari-alea bezain dirdaitsu joaten da irabazi au.
Jokaldi batzuetan dirua aruntza ta onuntza ibilli zan arren, azkenerako, zaldun gazte beltxeranaren eskuetara jun zan dana. Jasoaldi bakoitzean, begi-irriño atsegiña bialtzen zion emakume illegorriak. Alako batean, eskuartekoak zearo garbitu ziozkanean, jokoa utzita maitik jeiki zan emakumea ta ondoan zegokion pantzetarrari esan zion:
—Nekatu naiz oraintxe. Goazen dantzara.
Eta emakume biak joko-gelatik irten ziran. Ordurako pianola baten soñua entzuten zan alboko aretoan eta, lipar batez geroago, solairu dirdaitsuan oiñak irristatuz, dantzaldiari ekin zioten emakume ariek. Zaldun eta emakume geiago ere urbilduz zijoazen ixilka aretora. Ondorengoz, iskanbilla geroago ta gorago zijoan, aizealdiak astintzen dun itxas aunditua bezela.
Emakumeak jeiki ziranean, Agerreren lagunak jokaldi batzuk egin zitun; baña bereala aspertu zan eta zutitu zanean, bere jarlekua ari eskeñiz, galdegin zion:
—Jokatu nai al-dek, Agerre?
—Tira, ba. Jokaldi bat bakarra egingo det, jaunak. Orra or ogei ogerleko.
Larogei ogerleko irten zitzaizkion jokaldian ustegabe ta jaurti ziozken diruak jasota, ordurako sartu ziran zaldun jokalariai tokia ematearren, jokogelatik irten ziran lagun biak. Larogei ogerleko ariek, Zarautzko gaxoetxeari utzi ziozkan biaramunean.
Agerre ta bere laguna Vargasen etxetik irten ziran garaian, sorgindantza zirudin jaialdiak. Ango ijiji-ajaja! Ango oiuak! Ango erokeria! Emakume tzar emegalduen besoetan burtzoraturik zebiltzan batzuk; besteak «Champagne» zorabiatzallearen indarrari eutsi eziñik; arago, berriz, joko-txirringaren aurrean alkarri nola narrua kenduko. Eta, adiskide izenean, alkar agurkatzen ziran basatxakur ariek danak! Bakanak dira, benetan, gizadiaren gauzak!
Atea irabazita, iskanbil artatik aldendu zanean, alderen alde zabaldu zun Agerrek bularra arnasa ao betean artzeko, pozaren pozaz. Dorronsoroko sendiari zion maitasunak eraman zun gau-piztien artzulo artara ta, bere zeregiña bete ondoren, gau-aize ozkirriak aurpegia jo zionean, atsegin-zarrazta gozoak zirikatu zion biozpea adiskide leialari.
|