www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Uztaro
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1937

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Uztaro, Tomas Agirre Barrensoro. Editorial Vasca, 1950

 

  hurrengoa

I
DORRONSORO-BASERRIKO ALABA EDERRAK

 

        Ziztualdi larri batez bere ibillia adierazi ondoren, pizti lerregiñaren antzera, arnaska bizian sartu da Zarautzen, burdin-arietan labainka, Donostiko bultzia. Burutik darion kea da daramakin ibilliaren erakusbide.

        Jendetza ugaria jatsi da bultzitik. Udaldia egiteko itxas-errira dijoazen zaldun eta andere; inguruko errietan salduketak eginda, saskiak utsik, eta besoak, oñak eta zangoak utsago, dakartzkiten arrain-saltzalle; eta Donostin izandako baserritar txukun.

        Utzi dezagun, ordea, guk nor bere bidean; ezpai digu oriek danak nora dijoazen jakiteko ajolik, eta gijoazkion bultzitik jatsi dan anderetxo bateri atzetik jarraika.

        Neskatxo liraña, benetan, begien aurrean dijoakiguna. Emeretzi urte bai ete-ditu? Ez digu eman oraindio aurpegia aztertzeko betarik; baña ginbailtxo zuriaren azpitik dagertzkion ille-txintxustak, ez al-dirudie urre-izpitan austatuak? Ibilkeran, berriz, itxasondoko seska lerdenai aizearen mendean baño biguñago ta egokiago kulunkatzen zaio gerritxo zumea.

        Liburu-txorta bat daramaki ezkerreko galtzarbean, eta bestaldeko eskutik zintzilika larruzko bide-zorrotoa. Zeren zalantza sortu ete-zaio bat-batean? Norbait itxaro ote-du? Zeramazkin oinkada laisterrak geldiagotuz, esker-eskuitara zalantzan begiratu ondoren, arinka zearkatu du bide zabala.

        Ara! Norbait agiri da aurreko zumardian ezkutu-zalantzan. Burua erakutsi nai ez duenen joeran alkarganatzen dira biak. Ez al-dezue begiztatu iñoiz maitaleak alkarreri egin oi dioten agurra? Ez dira olakoetan agoak oparo mintzatzen. Begiak azaltzen dute, alkar iretsi bearrean, mintzoak ez dezakeana.

        Baña, Jaungoikoaren Ama! Begi-aurrera datorkigun au al-da gaztetxo xaloaren lilluratzalle ausardia? Irisagar zimela baño beltzago da mutilla; aul eta belaxka, gañera, tankeraz. Maite-eizean, orratio, eiztari ikasia izan bear du. Gazteñoen belarrira mintzo biguñez itz eztiak ixurtzen oitua. Ero utsa izan-da, eguzkia bera bezain eder dan anderetxo ikasigabeak, zoroki ederresten du mutil zimela. Maitasun-jokoak ez dute izan egundo legerik. Ez izango ere. Begietan lauso astuna sortzen baitue.

        Inguruibil nardagarriz ondoratzen zaio mutilla neskatxoari eta, bein zumardian barrena zerbait urrundu diranean, besapetik ausardiro eskua kiribilduz, bideari ekiten diote. Bereolaxen zorarazi oi du sugeak begiratu zorrotzez txoritxo buruariña.

        Zarautzko uritik Inurritza deitzaion auzoaldera joateko bide zabal bat ba-da. Ura baño ezkutuagoa artu dute, ordea. Errikoen ikusmiña itzuri nai, alegia. Izan ere, ibillaldi orietan ikusi izan bai'lu norbaitek neska burugabea.!

        Mako ikuseziñetik zintzilika itxas-magalean eguzkia astiro kotatzen dan bitartean, zumardiko babesetik-zear, mintzo ixillez alkarri maite-txintak ixuriz, dijoa bikotea. Bein sapaiko lasto igarrean sua garretan piztu ezkero, zenbat-eta sapaia ezkutuago, ainbat-eta okerrago. Ixilpeko gauzak izan oi dira kilikagarrien. Zabaldian geldiunea edo esia izan dun ibaia ere, orrelaxe oldartzen da uaiztean maldarretatik amilka.

        Illunabarra da. Ezkutu guztiak aizatzen dioe garai ontan biozpeari itun-tantoa. Atadiko aulkian eserita, eguzkiaren azken mosua atsartuz, itunkiro marraskatzen ditu agureak gaztetango egiteak. Gauargia piztu bitartean datorkio zorrotzen emakume alargunari ere senar galduaren oroitzapena. Bereolaxe maite-bideak eragotzi diozkaten gaztetxoak ere jaulkitzen diozka illargi irtenberriari, asperenka, gogoko amesak. Ames zoroak! Egiztatu-eziñ amesak geienean! Egoetan erioa daramakien amesak, maiz. Ez, ordea, gazteari zarraren zentzunik eskatu. Urteak erakusten duten jakintza da ori.

        Utzi bikotea maite-kiman eta gijoazkion neskatxoari aurretik bere etxera.

 

* * *

 

        Zarautz! Ona emen azken-arnasa laster eman bear dun olerkari nekatuarentzat atsedentoki egokia; auxe izango luke, ba, atsegintokirako sarbiderik zoragarriena. Itxasaldetik begira, mendixka artean, egaldia eratxiz, kotatu dan usoaldra dirudi uritxoak. Itxasbazter onetan jaso ditue aberats-jendeak jauregi dirdaitsuak atseden-aldirako; baita atsegin-aldirako ere. Itxas-ondoan ugiñak jarrairo miazkatzen duten ondartzak, eguzkiaren galdapean, ez al-du urre-uztai baten antza?

        Lurraldetik itxasora begira, berriz, itxaspiztien iduri, zaindari bi ditu erriak: ugarte bi. Arkaitz larrugorri dira biak; ugiñen erasoak laztuak; itxasoakin azpi-burruka gorrian dabiltzan itxaspiztiak. Azpiko jarduna-arren, ordea, beti tinko ta beti zutik diraue arkaitzok.

        Molarri du izena, Mendibeltzaren gerizpean eskuialdetik erroak urperatzen ditun ugartetxoak. Getari txoragarriaren bular-gaña da, berriz, ezkerraldeko arkaitz aundia. Zaindari oen artean azaltzen du erriak aurpegitxo zuria.

        Zarautztik Oriora dijoan bide-ondoko zelaian, orain Madoz-ena deitzaion ibilbide zabala agiri dan tokian, etxealde aberats bat ba-zan aintzina. Eta lenagoko gertaketak berriztatzen ditugun ezkero, goazen etxeondora ta orraztu ditzagun etxea ta etxe-inguruak.

        Amaika ekaitzaldik eta eguzkialdik isastu dute Dorronsoro baserriaren tellatu-galdorra! Ez diote erasan, orratio, ez ekaitzek, ez ugoldek, ez egoaizek. Orain bosteun urte bezain aldakaitz dirau muño-gañean itxasoari gibelez. Ordun bezelaxe orain ere, urteoro egiten dute eliztxoriak kabia tellatu-egaleko gapirioetan; baita enarak ere orma-zirrituetan.

        Egoaldeari damaio Dorronsorok burua. Zurezko balkoe zabala du etxeaurreak alderen alde; eta ataditik gora kakoetan anduak josiz dijoazen matsondo bik tellatu-ertza atzematen dute doidoi aien-luzeka.

        Landuak ditu leioetako arriak. Eskuialdetik buruaz ortze-maindira zulatzen dun dorreak, ez al-dirudi gizaundi baten lepo-zintzur makurgaitza? Dorre ortatixek datorkio etxeari Dorronsoro izena. Ez du, agian, baserri-antzik; ezta ere jauregiarenik. Aintzinako gazteluena, obeki.

        Ona emen giza-gazte bikain bat une ontan atalasean barrena, esne-kaikua eskutik zintzilika daramakiala. Balendin da; etxeko otseña. Orain zortzi urte, etzuan izaten iñoren laguntza bearrik golde astuna, lasto ariña bezain errez, bizkarrean sorora eramateko. Gaur, ordea, ez du beste munduko lanik nekezaritzan. Nagusia il zanez geroztik etxeinguruko lan-xamarrak erabiltzea du egitekorik bakarra. Ezari-ezarian egiten ditun lan oek, ez dakarkioe neke aundirik.

        Bei gazte bi euki arren, ez du izaten udaburuan negurako belarra ondu bearrik. Ezta ere negutean aintziarretan arbiondoak saskika sorotik etxeratu bearrik. Alea ta zai-orea sarriago izan oi dute askaondoetan Dorronsoroko beiak belarra ta arbia baño. Ez dauzkate, ba, abereok larrain-lanean jarduteko; etxerako esnea aski izatearren baño.

        Esne-kaikuaz Balendin etxe-barrura dijoan bitartean, ona nun datorren onuntza emakumetxo bat. Meakezurrean tinkaturik daramakin saski sabeletik eskukada artuta, ara nola dijoakien oloai, txingor-alea bai'litz, artoa lur-gañean jauzika. Bitarte orretan, auots garbiz dagie dei egaztiai neskak: «Pur, pur, puuuuur...!»

        Auxe da zalaparta ta iskanbilla! Nundik demorrio sartu dira onenbeste ollo ta ollanda? Saraspean aztarrika ari ziranak; sagarrondoan etzana zutenak; kotaratzeko ate-zulorantz zijoazenak, danak, sapelaitzak batbatean ikaratu ta uxatu izan bai'litu bezelaxe, egoak zabaldurik, emakumetxoarengana dijoaz karakaz eta zalapartaka. Ez da entzungo aurki mokoka zorrotzen takateko legorra besterik. Goizaldean eta iñularrean izan oi dira egaztiak gosetien. Peapoa naiko bete ondoren, kotako abetxoetan izango dute laster gau-loa.

        Ontan, ordea, zer usaindu ete-du intxaurrondoan etzanda zegon zakur zuri-nabarrak? Etxeatzeko orma gañetik jauzi bizkorra eginda, an dijoa zurrunbilloan norabait? Ijitotzarren bat sendu ote-du? Ala ba'litz, e'luke giro izango ijitotzarrak, arrano pola! Indartsu ta burrukalari baita zakurra. Baña, ez, ez!

        Ba-zun zakur erneak etzanaldia astintzeko zioa. Ara nun datorren sagastiko bidetxigorretik onuntza lentxeago bultzitik jatsi dan neskatxo pertxeta. Len baño ere ederrago dirudi, eguzkiak iñularre ontan bialtzen ditun azken-izpien argira.

        —«Lau!» «Lau!» Geldi ago, zoro ori! —oiu-dagio zakur zaunkari ta jauzkariari.

        Eta itz oek jauki bitartean, zakurrari igesegiteko alegiñak dagizkio. Irri-karkaraka ezpañak ideki dituanean, ez al-dirudie edurrezkoak ezpain-ondoetako marrubien artetik agiri zaizkon bitxiak?

        —Madalen...! Ez gindunan uste gaur etorriko intzananik, diotsa maitekiro artalea zabaltzen ari zan emakumetxoak.

        —Gaur goizean amaitu dizkiñat azterketak eta zuek lenbaitlen ikusteko kilimaka nerabilkinan biotza. Orregaitik etorri naun gaur.

        Ezpañak ziotena, ordea, biotzondoak gezurtatzen zion barrendik. Beste zerbaitegatik itzuli zan ain goiz, gaixtoa! Ez, baña, azaldu nai.

        Baita ere irten da etxetik, txakurraren zaunka-otsetara, etxekoandre ernea. Neskatxo bien ama da; Josebe etxekoandrea.

        —Ara...! Ire billa biar Donostira joatekoa nindunan-da, nola etorri akidan orren azkar? —diotsa alaba gazteenari, mosuka laztanduz.

        Ba-da oraindio etxepean beste norbait ere. Osaba Martin, apaiza. Eskuartean darabilkin lanetik itzotsak atera due-ta, begiaurrekoak bekokira jasoaz irten da balkoera. Besteen galdera berriztatu du onek ere:

        —Nola etorri aiz gaur? Ondo atera al-aiz azterketan?

        —Ez aurreko urteetan bezain ondo; baña, tira, bukatu ditut, beintzat, nere ikasibearrak. Orain atsedena. Orain pakea. Au nire poza.!

        Itz oek esan-garaian, eltzen dio berriro amari beso biakaz lepotik eta, maiatz-loreak bezain zoragarrizko algara ozenak zabaldu bitartean, mosuka bizian jan bear zula zirudin.

        —Utzi nazan, utzi, Madalen. Bestela, biar goizean ugelduz josia jeikiko naun orrelako igortziakin.

        Zerk ete-zemaion biozpean Madaleni alaingo poza? Nork aztertu lezake, bear ainbatean, emakumetxo biurriaren biotzondoa? Ez da errez. Alere, nik dakidana da, gau artan lo lasaia izan zutela etxeko danak: Josebe etxekoandreak, osaba Martin apaizak, Libe aizpak, Balendin'ek, Mikele neskameak, baita ere zakur zuri-nabarrak! Madalen'ek orratio, amaika esnaldi izan zitun. Zerbaitek eztenkatzen zion, noski, irudimena!

 

* * *

 

        Baña, mataza nastu ta biurritu baño len, aria ondo arildu ta albañatzea dagokio edeslari ikasiari. Beraz, artu ari-muturra-ta, ekin dezaiogun arilkaiari.

        Ondare aberatsa artu zun Dorronsoro'ko nagusi gazte Mikel'ek gurasoengandik. Bildu omen zitun iñoiz garitan berreun gaitzeru. Artotan ere, bai, beste orrenbeste. Euki zitzakean lasai aski amar bei okullu zabalean. Utsa adiñeko mastia ere ba-omen zun Iñurritza'tik zear dijoan errekatxo ondoan. Geiagotu orri, inguruko baserritarren eskuetara, erabilli eziñik, utzita zeuzkan sallak eta aitagandik urre-dirutan artutakoa. Bazter aberatsa zan, noski, Dorronsoro.

        Azpeitiarra zan jatorriz Mikelen emaztea; eta ura ere etzan eskontzara esku-utsik joana. Ba-zuten, beintzat, Joseberen gurasoak zer emana. Dendari ziran, ale ta irin-salerosketan aritzen ziranak. Aintziñakoa zan denda; leendik izen ona zekarrana. Ondorengoz, erosleak asko ta onak, eta eskuarte lasaia zuen.

        Artueman aundia izan zun aitagiarrebakin Mikelek ezkondu zanez geroztik. Ari saltzen ziozkan etxean bildutako aleak eta aren dendatik eramaten zitun, berriz, gurdika etxerako bear zitun irin, zai eta bababeltz. Au zala-ta, sarri izaten zan Azpeitin emaztearen jaiotetxean. Etziran artean sortu gaur Zumaiatik Zumarragara ibiltzen diran bultzi apañak eta eguneroko bidai-zalpurdian joaten zan Azpeitira ta andik aitagiarrebaren zalpurdi ariñean geientsuenean itzuli. Balendin izaten zan zaldizai.

        Egun batez, baña, berandu arte lotu zuten eginbearrak eta, illunduz gero irten ziran Azpeititik. Len galdutako astia irabaztearren, zailu zeramazkin zaldiak Balendinek. Zaldien atzazalak eta gurpil-uztaiak mendiarteko zokondo ixillean zegien burrunbara, erdi-lotan zijoan Mikel.

        Ontan, karrasi estua entzun irudi zitzaien bide-ondoan. «Entzun al-dek, Balendin?» —galde dagio Mikelek. «Bai, min-oiua iduri zait» —darantzuio arek. «Gelditu egitzak, ba, zaldiak. Ikus dezagun nor dan».

        Larri zetorren bide-baztarretik oñaze-karrasia, eta gurpil-otsa eta azta-otsa atertu ziranean, gizon bat zetzan lurrean aieneka. Urreratu ziran biak minoiuka ari zanaren ondora ta, eskuak egozteko unean zeudela, gizon bi sortu ziran illunpetik ustegabean. Arnasa artzeko betarik eman ere gabe, eskuetan zekarzkien makillez egundoko zartakoa eman zioten Balendini buru-konkorrean. Kordegabe erori zan mutilla.

        Ustegabeko erasoa nolabaitan gaindu naiean, sakelean zeramakin suizkillua ateratzera zijoan Mikel; baña artean lurrean etzanda minoiuka ari zan gizona batbatean zutitu zan jauzi ariñez. Zalpurdiaren aurreko argiontziaren argira, galtzairuak dirdir egin zun aizean zearka.

        Saiespetik odola barbarka zeriola oldartu zan bide-erdian Mikel. Astiro arakatu ziozkaten soñean zitun jantziak. Bost-milla laurleko ba-zeramazkin. Ostu zutenaz, basoko adaburuen ostopean itzali ziran zailu bide-lapur gizailtzalleak. Kordea bereala letorkiokelakoan, oilari maltzurrak, igesegitean, beste ukaldi zitala erantsi zion aiztoz bularrondoan Balendini.

        Andik ordubetera, basakatu zaurituaren antzo, arrastaka alditan, eta moskorra bezela, balantzaka, besteetan, zijoan norbait, bazterrik bazter argiontzia eskuan zula. Emakume ikarati batek begiztatu izan ba'lu tankera aretan gizona, gau-agerkun edo izukari bildurgarria iduriko litzaiokean; baita ere, arin igesegingo zukean garrasika gaupiztiarengandik. Balendin gizajoa zan. An urrean zegon baserri batera zijoan laguntza eske odol-jario.

        Etzan izan ain gaiztoa Balendinen zauria. Saiets-ezurrean oztopo egin zun, nunbait, galtzairuak eta etzion barrengorik ezer ikutu. Larrigoa zan, ordea, zoritxarrez, Mikelena. Ilbearrekoa, beintzat, urdailburuan egin zioten eten sakona. Urrengo egunean oso gaizkitu ta il zan. Alabatxo bi utzi ziozkan alargunari: Libetxo ta Madalentxo.

        Arrezkero, nagusi gaztea il zanez gero, oro aldatu ziran Dorronsoroko goraberak. Astunegi zan alargun errukarriarentzat baserri artako zeregiñak erabiltzea. Ba-zun Josebek anai bat apaiz. Goierriko erritxo batean ziardun apaizburutzak zemazkion arloetan. Ari eskatu zion alargunak zorigaitzean laguntza.

        Dorronsorok zitun sallik aundienak eta urrutikoenak salduta, lendik zeuzkenez gañera, salduketan bildutako diruaren etorriakin eta etxeondoko sail-ondartxo erosoakin, danak lasai ta buruauste gabe bizi litezkeala-ta, joateko, arren, beregana, eskatu zion arrebak. Gogoz makurtu zion burua Martinek arreba maitearen eskariari.

        Orduezkero, alkarrekin zoriontsu bizi izan ziran. Martin apaiza zan ondasun guztien erabiltzale. Otseintzarako artu zuten Balendin zintzoa, berriz, etxeko lanen arduradun. Etzitzaion egundo damutu, ez oneri, etxe artara joana. Sendikoa bezela artu izan zuten beti Dorronsoron.

 

  hurrengoa