OLA-GIZONA
Ederki gure lana dijua;
nere gogua
Gañezka daukat atsegiñez:
Burnia degu bikañ-bikaña,
degu nai aña...
Santzo gozo bat nork egiñ ez?
Doakabeak oso gerala?
Illuna dala
Beltz-beltz daukagun bekokia?
Aditu, gizon koldar zerana,
Aditu dana
Ola-gizonen eresia.
Gipuzkoako meatzetatik,
Onenetatik
Etorri zaigu gaurko mia:
Zepa gitxi du, menesta naro.
O zein oparo
Jasoko degun lan-saria!
Ez ari, mutill, izan meatza;
Ugari ikatza
Jaurti zak gure sutegira.
Aspoak gora! t'arretaz ori
Noiz gori-gori
Jarritzen zaigun i begira.
Oratzar galda-galdan agona,
Etorri ona
Jartzera aguro lirañ-lirain;
Amaika astidu polit artuko
Dituk orduko,
Gabi astuna dek ire gain!
Asten danian indarrez bera
Gora beera
Dana zatitu bearrean,
Ire txatarrak kenduko dizkik,
Utziko ez dik
Loi ta zazkarik bularrean.
Zartada miñak biotzak ditu
Beti garbitu,
Lagarik zindo ta sendoak;
Izanik arren gogor-gogorra
Bere zigorra
Artzen du gure Jaungoikuak.
Gabia pixkor zaigu gaur ari,
Dakar ugari
Urolak ur txit indartsua;
Aurrera, mutill, au dek sasoia!
Au dek agoiai
Gutxitan degun erakua!
Aserre beti bizi gerala?
Illuna dala
Ola-gizonen arazoa?
Ez dek iretzat, gizon txaldana,
Emengo lana,
Emengo gure par-gozoa.
Ikaraz ormak jarritzen ditun
Etorri ta jun
Emen dabillen durundia
Eresi bigun baten antzera
Neretzat bera
Orain da guztiz pozgarria.
Ez nau beroak ikaratutzen,
Ez naute izutzen
Emengo txinpart, su ta garrak;
Beltza badaukat nik arpegia,
Nagola argia
Argiro dio nere parrak.
Ez dauzka neskatx gorulariak
Bere begiak
Dauzkagun bezin poz eta alai:
Ark duan eran kirru txuria
Orain burnia
Guk ere irundu genduke nai.
Izadiaren indar altsuak
Gure beruak
Menperatutzen ditu sarri:
Aiñ ospetsu dan gogortasuna
Legun-leguna
Begira nola degun jarri.
Garbitutzeko baso zatarra,
Kentzeko larra
Burnia dute bear oso
Ikazkin eta nekazariak,
Gizon guztiak
Bizi badute nai eroso.
Txukundu leike txara abartsua,
Pizti lekua,
Aizkora sendo gabetanik?
Jaurti gentzake zugaitz-enborra,
Burni gogorra,
Erdibitutzen ez badek ik?
Zuen erraiak, lur ekoitzleak,
Nola goldeak
Erraz oi ditun zabal jarri!
Gero soroak arto ta gariz
Mardul, ugariz
Apaintzen dira zoragarri.
Emen egiten dira dardaiak,
Izkillo-gaiak
Zorrotz-zorrotzak et'ugari:
Sartu, kupida gabe buztartu,
T'azpian artu
Nai gaitun etsai dollorrari.
Doakabeak oso gerala?
Illuna dala
Beltz-beltz daukagun bekokia?
Gezur au ez dek esango gero
Entzun ezkero
Ola-gizonen eresia.
|