AMA NESKUTSAREN SORTITZARI
Egun onetan hartu zadazu
Neskuts errurik gabia,
Biotzetikan irteten zaidan
Agur eztitsu maitia;
Egun honetan sortu ziñan zu,
Zerutar egun sentia,
Atsegintzeko negarrez eta
Zotiñez zegon ludia.
Agertu baño lenago zure
Iduri kutun-kutuna,
Zer zegon emen gizon artean
Ez bazan gau txit illuna?
Txalo bikainez izan dedilla
Goitua gaurko eguna
Beragandikan datorrelako
Gogoaren osasuna.
Gora jasorik begi malkoz ta
Itxaropenez beteak,
Nola ziraden zuri begira
Egon Ebaren semeak!
Egun onetan osoro bete
Zinduzun aien usteak,
Zabaldurikan ugari zure
Esker eta mesedeak.
Alako eran orratzak ez du
Iparraldea billatzen,
Alako eran ez intz gozua
Lur kiskalduak eskatzen,
Ez umezurtzak Ama kutunen
Gogoramena maitatzen
Egun eder au zuten bezela
Gizon guztiak opatzen.
Elurra baño txuriago, ta
Lore guztiak atzean
Ipiñirikan, o zeiñ apaña!,
Zuk arpegia agertzian,
Lilluraturik gelditu dira
Zeruan eta lurrean,
Esanik: o zein ederra gure
Miren dan bere sortzean!
Izan dedilla goitua beti
Gure Jaungoiko samurra,
Poztu dedilla malko garratzak
Irintsi dituan lurra;
Albistaturik urtu zaigula
Samin guztien elurra,
Etorri zera gugana, Miren;
Artu zaidazu agurra.
|