|
BERTSULARI-SOLAS
Bi liburu agertu dira betantsu, bat erdaraz, bertzea eskuaraz, begien aintzinerat emaiten baitaukute bertsularien berri.
Bat da Aita Zabalak eginikako Bosquejo de historia del bersolarismo, 152 plama dauzkana.
Bertzea Aita Xanti Onaindiak ateraia: Gure bertsolariak. Hunek 331 plama baditu, xehe-xehea izkiriatuak.
Hau aise osoagoa da. Lau zatitan egina da.
Lehen zatian kondatua zaiku, noiz nun eta nolako bertsoerraileak, bertso-egileak, eta bertso kantatu arau asmatzaileak, izan diren lehengo denboretan. Aita Onaindiak ikertu ditu liburu zaharrak, eta ikasi zer koblakariak izan diren aintzineko Egipto, Xina, Japonia, India, Lur Saindu, Grezia, Erroma, Kelto- herri, Jermania, Frantzia, Espainia eta Portugaleko bazterretan.
Azkenean Eskual-herrirat heldu da eta aipatzen arbasoen kantu zahar mota nausienak: gerta-olerki, maite-lelo, irri eta nigar bertsoak, arnozkoak, Jainkozkoak, pastoralak...
Bigarren zatiak bertso egiteko lana ikertzen du biziki barna. Jakiten dugu zer dohain behar den sail horri buruz, zoin diren bertsogaiak eta olerki-gaiak, zoin iduripen laketzen zaizkon eskualdunari, nolako neurtitzak diren alha bertsulàrien anean, zonbat mota; eta aipatzen zaizkigu bertsoaren higikera, azentua, neurria, geldipena, pontua. Gure iduriko zati hori ditake aberats eta jakingarriena.
Hirugarren zatian bertso mota ezagutuenak goresten dauzku Aita Onaindiak; ume-bertso, kirol-bertso, erlisione-bertso, neska eta mutil zaharrenak, Amerikanoenak, trikixak. Uste dugu aipatu gabe utzi dituela zonbait bertze mota: politika, bertso, tobera bertso, krima bertso, eta abar. Huntan behar bada Aita Zabalak ekartzen dauku argi gehixago.
Laugarren zatiak bertsolarien kondaira egiten dauku. Bainan hastean, hogoita lau plametan, bertsolaritasunaren dohainak ongi miatuak daude: izaitekotz, airean buruz balitake zerbait gehixago erraiteko.
Gero bertsolari eskolatu eta ez eskolatuak tokika izendatzen dauzku liburuak. Oroz lehen: Iparraguirre, Bilintx, Otaño, Basarri, Arrese, Enbeita, Ulibarri, Bordele, Etxahun, Otxalde, Ibarrart, Pernando Amezketarra, Xenpelar, Errota, Txirrita, bainan heien ondotik ez dakit zonbat dotzena.
Berdin xapelketez, bada nun zer irakurri, nola iragaiten diren, nola behar litasken iragan, jujarien eginbideak eta oro. Bertso-paper sariketak ere ez dira ahantziak.
Aita Onaindiak ez du gauza handirik ahantzi. Lehenagoko «desafioak» eta «andere bertsolariek», bitxi zait nola ez dituen nasaikiago ezagutarazi.
Bainan, Aita Zabalaren liburua lagun, uste dut irakurleak badukela jakitate bat ugaria Eskual-herriko bertsulariez, bi obrek elgar osatzen dutelarik.
Bi eukualzale suhar jakintsuneri gure eskerrak eta goresmenak bihotz-bihotzetik.
|
|