EGIATEGI: EUSKAL BIBLIOGRAFIAREN OSATZALE
Ondarreko Euskera aldizkarian Aita Casenave Harigile urgazlearen txosten eder eta jakingarri bat irakur daiteke, hemezortzigarren mendeko Egiategiren euskarazko esku-idazkiez.
Pasarte batean aipatuak zaizkigun filosofo xiberotarrak begiraenean zauzkan zenbait euskal-liburu.
Euskal-bibliografiari buruz iduri zait ekartzen daukutela zenbait argi berri.
Hasteko, badakizue Exercicio izpirituala izeneko eliza liburua 1716etik 1937rat 83 aldiz bederen argitaratua izan dela. Orai arte Vinsonekin uste ginuen obra hori sortua zela 1716ean. Bainan huna nun Egiategiri eskerrak jakiten dugun, Pedro Argain baten obra dela eta 1686ean agertua. Idazle horren izenik ere ez ginakien.
Aipatzen dauku bertzalde 1642ko liburu bat: Marinelaren eginbidiaz eta egilea ere izendatzen: Saro de Laburtarena. Nik segurik ez ditut bertze nehun kausitu ez titulu hori ez deitura hori.
Oihenart handiaren Gaztarua neurtitzetan nork ez zuen ezagutzen?, bainan Egiategik erakasten dauku agertu zela ere 1664ean poeta beraren Zahararoa neurtitzetan.
Haatik hutsean atxemaiten dugu Geroko gero argitarapena 1641ekotzat emaiten duelarik alabainan. Axularren liburuaren ateratzeko hiru baimena emailek 1642an izenpetu zuten nork bere ageria edo Gero argitarapenak 1643ko urtegarrena badakar. Baditeke Egiategiren eskuzko xifrea ez den xuxen irakurtu.
Casenave jaunak, idazle eta obra horietaz Egiategiren irakurgaietan aipu ditu Chourio, Joanes Etcheberri Ziburukua, Beriain eta Joanes Leizarraga. Bainan aitortzen du bertzerik ere badirela izendaturik.
|