CARDIFF-ETIK
1915eko urtarrilaren 3an
Gabon zahar egunean heldu ginen hona eta badinost ontziburuak:
— Batxi, gaur etxea leihotik jaurti behar dogu.
— Bai? Tira ba, egingo dogu ahal doguna.
Heldu zen gaua, gertu nebazan hor hamarren bat azpil edo jaki, ipinten dot jate-txartela mahaian... Ha zen barrabaskeria! Mun egiten eutsen denek txartelari pozaren pozez. Amaitu ziren janariok, hutsitu ziren edariok, korrokadaka ebiltzan morroiok, eta ni zirkilu batetik begira.
Halako batean entzuten dodaz zarata itzel batzuk, banoa bertara, eta ezin utzi dot esan barik han ikusi nebana. Lau galiziar, asturiar bi eta euskaldun bi ukabilka ebiltzan. Euskaldunen aurka ebiltzan beste seiak, baina gureak gogor egozan, ukabilkada bakoitzean gizona lurrera egiten eben honeek.
Hazurbaltz arranoak, aiztoak eta abar, ahaleginean ebiltzan, baina ez egoan aiztorik algortarren ukabiletara heldu leikenik. Hori bai, beste gixajoei aurpegia sagar errea legez ipini eutsen, bai ba, asko ziren-eta.
Biharamunean ohetik jagi zirenean denak ziren adiskide, baina barregarria zen ikustea, bata herrenka, bestea begi oker, bestea itsu eta denak esaten nire upelak ebala errua.
Nire upelak ba ondo geldi eta ondo ben-ben jagozak ontziko berarizko gela batean, hareek ez dabe zirkinik egiten geldi utziz gero. Ez da handia, Kirikiño, beti errua ezartea bere tokian geldi dagoenari?
|