BARRY DOCK-ETIK
1914ko azaroaren 26an
ONTZI BATEN IHESA
Abertzaleak dabiltzan tokian beti dira ezagun. Lehengo egun batean urten zen hemendik ontzi bilbaotar bat ikatzez zamatuta. Urtekeran maniobra hasi zenean, hara zer atseginez entzuten neutsazan ontziburu bikainari hurrengo hitzok:
«Kepa, ezkerreko lokarriak ekarritzak lehenengo barrura, gero geldi-geldiro atxur biak jaso eitzak gora, estuntza morapiloak zuloan gora igaroten direnean joaleaz gaztiga eiztak banan-banan... Ondo dau... Makina abiada hartzen doanean bidali egik lemari bat lemara... Sugileari esan eiok hautsa jaurtiten denean ondo busti daiala, ontzi-koloreak lohitzen direla-eta... Lehenengo makinistari esan eiozu eragin daiola pixka bat ur-ateratzaileari garbitzen hasi gaitezan ontzigaina».
Honeek bai direla gizon zintzoak. Pozik esango neuskizue bere izena berak txartzat hartuko ez dauela baneki.
Gu be, idazkitxu hauxe egiten dogun orduan gagoz urteten Lisboarako, baina hemengo maniobran euskarazko hitzen ordez gehienean entzun ohi da, «vira el cabo», «arría el ancla», eta berau arin egin ezik, birao ikaragarri batzuk honeen atzetik. Zelango aldea batagandik bestera! Abertzaletasun kutuna! Zenbat euskotar atera dozun galbidetik zeure irakaste ederrekin!
|