|
IVgarren txatala
SANTA KRUZEN JAIOTZA
Manuel Santa Kruz Gipuzkoako Elduainen jaio zan, Berastegitik Tolosa alderako lenengo errian. Errekan jaio zala ta nik eztakit zer geiago asmatu duten liberalak; badakigu ordea, Samoa deritzaion baserrian jaio zala 1842garreneko Orrillaren 23garrenean. Asmatzen asi ezkero nik ere asmatuko nituke gauztxo batzuk. Erreka-zulo ori, Berastegitik Ibarrerañoko ori, lapur-zulotako polita dala esan diteke, baño liberalak eztute olakorik asmatu. Arritzekoa! Gure berriketa baño obe izango da baserri ori bera begien aurrean ipintzea ta.
Jende bearrak zirala aren gurasoak, eta laister umezurtz gelditu zala aitarik eta amarik gabe, ta osaba batek berekin artuta latin erakutsi ziola ta Vitorira eraman zula... atera dute aren etsaiak. Santa Kruzek bazun non jaiorik, errekara gabe. Ez aita ta ez ama gelditu zala jaio ta bereala. Asmatua ori ere. Ama beintzat bizi zun Manuelek 29 urte bete zituneraño. Aita bai, il zitzaion bera jaio zan urtean. Etzun Manuelek bere osaba apaizaren besoetara jo-bearrik ere. Urrenagoko gezurra: gaxte gaxterik asi omen zan latiñ ikasten. Emezortzi urte izatea, ez da ume izatea: kozkortuxe ere ba zan latin ikasteari ekiteko. Bere osabak erakutsi ziola ere gezurra da: Tolosan ibilli zan ikasten bere lengusu apaiza Sasiainekin. Ditekena da, Vitorira joan zanean bere osaba zar arek lagunegin izatea, baño latiñ erakutsi ez. Aurreneko urteetako ikas-lanetan Elduaingo Parrokiak zerbait lagundu izan bear zion; baño gañerontzean berak ba zun zerekin zuritu Seminarioko paga-bearra. Emezortzi urte oietako berri txeerik ez dizut emango, ta ez daukat asmatzen asi-nairik. Zer egin ote zun bitarte ortan? Taloa ta esnea naikoa jan bai beintzat; Beieri janarazi, itzuleran ibilli, gero lurra landu. Ola azi zan gogorra ta bizkorra, ta bearra izan ere ba zun.
|
|