|
IXgarren txatala
AMOREBIETAKO ELKAR-ARTZEA LIBERALAKIN
Liberal gizagajoak asi ziran zurikerian eta koipekeritan bizkaitar karlistakin, atsekabe ematen zitela ango zabaldien eta lurren ondatzeak, eta Bizkaiaren aurrerapena galarazi-bearrak. Maiatzaren 20 garrenenean izketatu zan Elorrion Serrano Urkizurekin ari ontara. Bizkaiako Diputazioak ori jakiñ eta Urkizuri berri eman zion, izketatu zedila Serranorekin, len bai len auzia garbitzen ote zuten. Urkizu Mondragura zan, Serrano an baitzegoan. Onek begi argiz artu zun. Bestela berriz, Diputazioak berak Serranorekin itzegin-naia agertu zun Durangon; baño an batzarrerik ezin egin eta, Amorebietan egin zuten: Urkizu, Urue, Argintzoniz bizkaitarrak alde-batetik Diputazioaren ordez, eta Serrano jeneralak bestetik. Onek bere pake-agiria eman zun, alako ta olako itzez, egia izan balitz! Euskaldun zozoak siñistu, Santa Kruzek esan oi zunez. Erri-gerra artan elkar urratzen ari izatea ardiragarria zan; baño gure Fueroak zerbait merezi zuten.
Ikus zer zion Serranok: «1. Gobernuaren kontra nabarbendu diran karlista guziei, erabateko barkapena ematen zaie. Bakoitzari bere garbitasun-papera emango zaio, iñork nekarazi ez dezan. 2. Aurrerakoan, armakin edo armarik gabe beren buruak eskaintzen ditutenai ere, emango zaie dagokien pake-bidea. 3. Prantzitik etorriak eta emen bertan ari ziran karlistak, berriro sartu ditezke Gorbernuaren soldaduzkoan, lengo irabazpideakin. 4. Bizkaiako Diputazioak batzarrea egingo du Gernikako aritzaren-pean eta Fueroak agindu bezela, erabakiko du, gerrako gastuak nola zuritu». Ta Fuerotaz zer?
Illaren 24garrenean Zornotzatik ikus zer esaten zien kartaz Serranok Diputazioaren ordezkoai: «Jaunak: entzun izan det, aspaldiko Fueroetaz bizkaitarrak darabilten marmaria ta bildurra. Baño ez oraingo gobernuari, ez lengoai ere, ez dite gogoak eman ere euskaldunen legeak ukitzerik ere. Neri dagokidanez, beren esku utziko dizkiet Fueroak, eta eskatuko diot gobernuari, Bizkaian pakea egingo dan bezain laister bildu ditezela batzarreak Gernikan, bear dan bidez, eta Bizkaiak moldatu dezala bere Diputazioa ta ordezkoak, Fueroari dagokion bezela. Nik gobernuari eskatuko diot, ortarako bear dan segurantza...» Au da izketa! Ordu ezkeroko gobernuak ere abo batez ari dira. Nonbait buruz ikasi dute betiko leloa: «ez degu asmorik ere zuen Fueroak ukitzekorik». Ditegunak kenduxe, ta ditegun apurrak kendu-ala ta kentzekoan bertan ez dutela ukitzeko asmorik. Serranorekin elkar-artze ori egin zuten Diputadu aiek ez ote zuten barrenean zimikorik ori egin zutelako? Noski: beren buruak edertzeko, ta egin zutena gainzuritzeko, izketa bat egin ziten gerratik aldegin etzutenai, nik eztakit zer esanaz. Ainbeste neke alper alperrik zala; etzitekela ezer atera; ez diru, ez jende, ez laguntza, zeudela; ausarkeria litzakela gerran jarraitzea, ta uzteko; Serranok aukera onean pakea eskeñi ziela, ta aiek etsi egin zutela. Zer erantzun zuten karlistak? Geienai miñ eman zien, Don Karlosi batez ere. Armak utzi nai izan etzitutenai, ta utzita berriz artuko zitutanai, Serranok eskañi egin zien, gerra-legez ariko zituala. Geienak utzi zituten; bakar batzuk berriz gorde, berriro artzeko asmoan; baño Amorebietako elkar-artze orrek ondatu zitun. Etsaia galendu egin zitzaien, eta gogoetatik atera ziran, eta Prantzira igesegin. Garagarrillaren azkenerako, karlisten mutil-saldorik geienak itzali ziran: gazte asko il, beste asko preso atxitu ta Kubara bialdu ere bai. Karlistak, geienak, beren buruzagienganako uste ona galdu zuten, eta Amorebietako saldukeri orrek ondatu zitun.
|
|