|
XIIgaren txatala
ARAMAIOTIK ERE IGESI
Aramaion erriko etxean itxi zuten. Santa Kruz an zegoalakoa barratu zan belaxe, ta an bildu ziran zeuden etsai guziak, mordoskakan ibiltzeko. Ain zuzen ere, noren mendean egon Santa Kruz eta Ernialden musu-uts utzi zun batalloiaren beraren mendean. Oraingoan obeto kontu artuko zioten, eta igesegin bear ba zun, len baño ernego ibilli bearko zun.
Bi egunez egon zan Aramaion aien mendean, Agoztuaren amargarrenetik amabigarrenera, gabetik illunabarrera. Bitarte ontan etzioten pakean uzten alditxo bat ere, etxetik plazaren erdira eramanez. Tiratzalleak jomugatzat artu zuten, eta esan da esan ari ziran, bere mutil mordoxka non zan aitortzen ezpazun, bost, lau, iru minutoko bizia zedukala. atxitu zutenetik Santa Kruzek artu zun seta, ixilik eta ixilik eta ixilik egotea. ainbeste joan etorriren ondoren, esan zien garbi, egundaño etzula aitortuko: nai zutena egin zezatela.
Joan-etorri aietan begiak irauliko zitun noski, bide-baztarren bat arkitzen ote zun, igesegiteko. Gibela bear du! Baño etzegoan igesegiterik. Ala ere etzun etsitzen, eta igesegin ote zezaken, eta nola, ari zan bere buruarekin. zer erbia! Goiko bizitza batean zedukaten itxita; begiratzaillea an zedukan gau ta egun; iñorekin ezin itzegin zezaken; ala ere adiskide batzuk keñuka ari zitzaizkion nola igesegin. Zer egingo ta, gaixo zegoalakoa egin zun bigarren gabean. Ozpiñetan bustitako zatar batzukin lotu zioten bekokia, ta nork esan, aien bitartez igesegingo zula? Baño sapaillora edo balkoera joan ere egin bear zun, eta andik, lokarri aiek eta txamarra lotu, zintzilika igesegiteko. Soldadu begiratzailea an zegoan gelaren erdi erdian, eta etzedukan iñora mugitzerik. Alako batean, ittokarrean zegoala, ta aize preskoa artu bear zula esan zion, ia balkoe ondoan etziten utziko zion, eta baietz. Urbilu zan sapaillora edo balkoera, ta an ezarri zan. Antxe, itzalka, itzalka, begiratzailea oartzen etzan moduan, mugimenturik atera gabe bezela, lotu zion txamarra burniari zatar-lokarri aien bidez, eta gero oera, len zegoan tokira itzuli zan. Gaberdian edo esan zion bere buruari, iñoiz ba da, oraintxe, ta bearra egitera zijoalakoan, oñetakoak jantzi zitun, eta bere artan goraka-antzean asi zan abokorroka zeriola. Goragalea kentzeko bezela, zabaldu zun sapailloa, ta oraindik ere goraka ari zan, eskuak sabelean zitula. Begiratzailleari eskatu zion baimena, andik bera txixa egiteko. etzion eman nai, bidlur baitzan noizean bein ikutera zetorren kapitanak ala arrapatuko ote zun, eta Koronela ere begiz-begi bizi baitzan. Santa Kruzek ordun bere bigiratzaileari esan zion: Kapitaña etortzen bada, eskupetaren ipurdiz jo nazazu; bitartean begira zazu ate-aldera. Ala egin ere zun, kapitana albo-gelan lagunekin dantan zebillen bitartean. Baño nora aldegin? ezpaitzekin Aramaioko berri Araba-aldetik len ibillia zan bide-erakustun batekin, baño au gaitzak artu izan zion da, bakarrik ibilli-bearra. Bein sartu zan erri artara, ta zegoan etxe artara. Andik lenegoz aldegin zunean, kale luze batean barrena joana gogoan zedukan. Baliatuko ote zion? Alako batean rrau, sapailloan bera. Begiratzaillea oartu zan eta burua atera zun, apaiza oraindio zintzilika zegoala. Baño, berandu! apaiza atarian zegoan eta zutik gelditu, lokarriai ta txamarrari esker. Asten da laisterka, ez adiskideai ez etsaiei kasorik egin gabe, ta erritik atera arte etzan gelditu. Atzetik zetozkiola sumatu zunean, ango ibaiera sartu zan, eta an luze luze etzin eta arrastaka joan zan, zume batzuk zeuden tokira. Baño au lana! urak etzun estaltzen gerriraño baizik, eta bildur zan, alkandora zuria ikusiko ote zuten. Erantzi egin zun bada, ta sasitartean sartu. Billa zebiltzenak ara urbiltzen ziranean, leporaño uretan sartzen zan, eta aurpegiz sasira begira jartzen. Gau artan guzian eta urrengo eguerdira arte an ibilli ziran inguru aietan, eta etzuten arrapatu. Ikusten zitun berak barrendik lastargiekin zebiltzela; baita egun argiz ere. Gañera usmo oneko eize-zakurrekin zebiltzen aren billa; baño zegoan lekutik laisterregi pasa ziran, eta etzioten usairik artu. Aspe-Arrazolan ba zan meatze-zulo bat eta an egin zuten lenengo geldi-aldia, an izkutatu zalakoan.
Santa Kruz gizagajoa an zegoan ibaiean. Etzioten arkakosoak neke aundirik emango. Errosarioa errezatu zun eta Ama Birjiñari eztakit zenbat eskeintza egin zizkion: Misioetara joango zala siñesgabeetara, andik onik ateratzen ba zun. Gizagajoa oso auldu omen zan. Ez da arritzekoa. Illaren 13garrenean eguerdi aldera liberalak utzi zun Aramaio, ta apaiza an gelditu zan ibaiean. An egon zan gabera arte. Otzak gogortuxe zun, eta noiz baño noiz an geldituko ote zan ari zan bere buruarekin. Aingeru begirariak lagunduko ete zion... eta ara gizon bat: «Atoz onera, esan zion, liberala naiz karlista zerala; atera nazazu bizirik». Gure gizonaren poza! «Zaude or geldi», esan zion: «atera nai ba dezu galdu zera, zelatari asko baitzabiltza, ta zillarra eskeintzen diote atxitzen zaitunari. Nik mundu guzian dan urrearengatik ere etzaitut salduko». Antxe egon-bearra izan zun illundu arte. Bitartean, gizon Aramaioarrak elastiku bat eta arraultz egosiak ekarri zizkion.
Santa Kruzen mutillak non ziran? Egun artan bertan, Arantzazuko arkaitzetan, artzai batek eman zien apaizaren berri: igesegin zula orain ere. —Bai ote? Ama Birjiñak atera dik, eta bere artan Errosarioa esaten asi ziran. Aramaioar gizagajoak, illuntzean, konturik aundienarekin Anbotora eraman zun Santa Kruz, ango baserri batera.
Santa Kruzek berak ikus zer dion 1921garrengo Apirillean: «Oraindik gogoan daukat. An artu nun zerbait: urdai errea eman zidaten. Baserritar aiek, batzuk begira zeuden, beste batzuk neri oñak garbitzen, legortzen ari ziran; emakumea urdaia erretzen, eta agure zarra aingeruaren gisa, neri begira. Andik, mendiko aitzulo batera eraman ninduten, Elorrio alderago. Ara etortzen zan artzai-antzean mutiko bat txilibitua joaz, neri jatekoa ekartzera. Aitzulo orretan egon nintzan iru egunez, eta andik zuzen Prantzira jo nun: 24 ordutan 20 legua bide, iñon egonik egin gabe».
|
|