|
Vgarren txatala
BITORIKO IKASTETXEAN
Nolako istudiantea zan jakiteko liberalai galdegin bearko diegu. Ez bide zun jakintsu-jakintsu etera izan bear. Teologian bi urtez bakarrez ari izan omen zan da. Piralak eta Balerak eta oien gisakoak asma bezate nai dutena; baño ba dakigu, bere seminarioko begiratzaile batek esanda, ikastetsua zala, biurri-antza ba zan ere. Teologian bi urtez bakarrez ari izan zala egia da. Gizagajoa auldu egin zan, eta abotik odola bota zun. Etxera-bearra izan zun bada itxedotera, erriko aizeak artzera. Apaiz egin zanetik beste bi urtez iñora gabe egon zan. Seminarioko aurreneko urteetan, osasunarekin zegoanean «meritissimus» atera omen zun.
Biurri-antxa zalako ori zer da? Badakizu, apaiz-gaiak erne-xamarrak dira, ta Santa Kruz etzan oso zozoa. Beiñola, pelota-lekuan oztopo ematen zun arboltxo batek. Apaizgaien begiratzailea arontza ta onontza zebillen bitartean, itzalgaizka, ua oartu gabe, zaiñetatik atera zun, emen zirika ta an indar. Galde ari ta galde oni, andik luzarora arte etzan jabetu begiratzailea, nork egin zun biurrikeri ua.
Baño, beste bat egin zun polit samarra. Garai artan etzan tximistargi edo elektrikarik, eta ikastegian ari zirala ikas-mai-gañean zeuden argizagiak zanbulu egiten omen zuten danak batean. Begiratzaileak ezin igarri, belaunekin edo ikasmaiai nork eragiten zien. Banaka banaka, Santa Kruzi ez beste guziei kastigu bat eman omen zien. Nork uste, ain geldi ta kuzkur, bi begiak liburura zorroztuta ari zanak alakorik egin zezakenik? Lagunak aren ordañak artzen ikusteko biotzik ez ta, Santa Kruzek azkenean bere burua azaldu omen zun. Etzan beaz oso biurria ta biozgabea. Ezagutzen zutenak aitortu zuten, ikasteko gogatsua zala: oien artean Gergorio Retana jaunak, Seminarioan aren begiratzaile izanak. Liberalentzat gauza guzietan okerra izan bear zun arek: errekan jaio; igitokume edo eskale-kume bezela ibilli; liburu-lanetan alperra izan. Batetan bakarra bear zun yaioa: gaizki egiten. Baño oraindik ez gaude arengandik urruti, ta egia jakiteko bidea izan degu.
|
|