|
IIgarren txatala
ONDO EGIN AL ZUN SANTA KRUZEK GERRAN SARTZEA?
Oraingo liberalak edo ezkertarrak nai dute apaizgaiak eta apaizak soldau joatea, ta ezan konpesioetan aritzera bakarra. Baño Elizak eztu nai. Apaizak Jainkoaren eskudibez gerrara gabe daudeke, ta Elizak joatea debekaturik dauka. Berez oker egiña da apaiza gerrara joatea Eliz-legeari miñ ematen baitzaio. Orduko egunetako gertaerai ta saietsai begiratzearekin, Santa Kruzek eztu bear bada Jainkoaren aurrean ainbesterañoko erantzun-bearrik. Bere buruari siñistarazi zion nonbait, Erlijioaren aldeko gerrari ekitea on-egoki zala. Erriari ere ala zerizkion. Jakin egin bear Euskalerria nola zegoan egun aietan. Itxukeratu edo zan burutapen orrekin, eta barkakizunago da. Jainkoak barkatu zion beintzat; Elizak ere bai, bere barkapena bialdu zion; eta ixtoriak ere barkatuko al dio. Gaurko egunean «guzia-barka» edo «transigente» oiek barkatzen diote okerragoari ere; baño gure au apaiza izaki, ta oientzat eztago barkatzerik.
Gañera, Santa Kruz etzan bakarra karlistaldian ere: ba ziran beste berrogei apaiz bederen. Arrezkero, Europa-gerran ere ba ziran millaka ta millaka apaiz ta praille, ta ez konpesatzen aritzeko. Oiek ere oker egin zuten bai, baño oienak ez dite batzuri miñik ematen.
Ezekiel Moreno Obispo jaunaren entzutea izango dezu. Colonbiako Paston, apaiza misiolari il dan artan Obispo zan. Oso gizon zuzenaren aldekoa ta liberalen etsai zorrotza. Santa Kruz bizi zala il zan, eta aren gorputza Naparroako Monte-Agudora ekarri zuten Agustinoak, beren ango praille-etxera. Santu-otsean il zan eta beatifikatzeko asiak dira. Berez Logroñotarra zan, Alfaroko semea, ta praillez Ameriketara joanda an Obispo izana. Aretxek bada bialdu zun 1910garrenean gure Santa Kruz, Alfaroren eta liberalen kontra, berreun gizonen buruzagi. Santa Kruzek berak dionez, ontzat eman zion Euskalerrian egiña, ta baita Urgelko Obispoak ere. Eriotz asko egiñarazi zula; makilla dantzatu zula besteren ezurretan. Baditeke zorrotzegi ta gogorregi izan izatea, baño bearra ere ba zegoan norbaitek ori egitekoa. Egiñarazi zitun eriotzak, baño gerrako legez; eman zitun makillakoak, baiño esaten duten amarretatik bat ere ez. onetan ere itsutuxe zan gizagajoa, ez baitzun eskubiderik bere gisa ori egiteko. Gerrak ere bere nagusiak ba zitun karlistetan; baiño Santa Kruz beti iduritu txarrakin zegoen aiengana, ta bere gisa, auziak eta Euskalerriak ematen zion eskubidearekin edo eman-uste zionarekin, egin zitun zentzaketa aiek. Odolkeri gogorrak egin omen zitun. Guzi guziak ez al dira egi izango. Jesuitak ez dute nolanaiko gizakumerik etxerakotzen; baño Santa Kruz jaso zuten beren artera. Bear ziran argitasunak eta garbitasunak atera bide zitun. Apaizak etzun beiñere erantzutetik aldegin. Lizarragari esan zion, itzez Lekunberrin esandako izugarrikeri aiek iskribuz ipintzeko, ta erantzungo ziola. Oraintsu Julio Urkijok esan du Santa Kruzen auzia garbitzeko asmoan asi zan gizona bizi dala oraindik eta, ezer ezpaitzun ateratzen baserritarengandik, utzi egin ziola. Ezer etzitekela jalki baserritarren abotik, Santa Kruzek gero zigortuko zitun bildurrez... Merke-samar asmatua da ori. Berrogei urte ta geiagoan ez al du betarik izan, Santa Kruz Ameriketan zegoen bitartean, etortzeko bildurrik etzanean, garbitasunak ateratzeko? Baserritarrak aren kontra baiño alde geiago esango zuten noski. Amaika baserri kixkaldu izango zuten liberalak Gipuzkoan, Santa Kruz izan ezpalitz! Santa Kruzek kuzkurtu ezpalitu! Andik luzaroan esaten zuten Gipuzkoako emakumeak: «Don Manuel emen izan balitz, etzuten olako ta olakorik egingo». Gipuzkoan udatzen eta alperkeri goxoan zeuden karlista epel «ojalatero» aiengatik nai zutena egiten zuten liberalak: ez Santa Kruzekin. Bai, liberalen geiegikeriak, eta zantzua artzen zebiltzen ispia aienak, aizatu-bearra zegoen.
|
|