|
X Erregeen eguneko irakurraldia
Per aliam viam reversi sunt in regionem suam. Matt. 2.
Gaia: kaltepe anditik atera ta zerura igan nai duenak ibilli behar du egungo Errege onen eran
Erregeen egunean agi-gertatu zen gertatuko zela Jangoikoak esanik zedukan guzia. Gertatu baño agitz eta agitz lenago Jerusalengo erri ta erritar guziekin ziardukala, esaten zuen Isaias profetak: «Ots, begira ta erne, Jerusalen ta Jerusalengo guziok; argitu da eguna eta orra non dezuten Jangoiko beraren gloria ta Jesusen jaiotza. Illunbe belzean geldituko da mundua ta lañope estalian sartuko dira erriak; baña jaioko da zuen Jangoikoa ta zuen emengo bazter onetan arkituko dute hau urrutiko jende arrotzak; arkituko dute zeruko argiz ta barrengo jaunzez betea, ta arkituko beraren izar berri batek argi egiten diela. Ekusiko dezue zenbat diran urrutitik onen billan datozen ta zuen Jaun hau beren Jangoikotzat artu ta Jaun beraren hume egiñak geldituko diranak. Mandiango ta Efako kamelu ta dromedarioak arturik etorriko dira Sabatarrak, eta etorriko, urrez ta inzensoz beteak eta Jangoikoaren jaio berri andi hau banatzen dutela». Eratsu onetan adirazi zuen Isaiasek (c. 60) gaur guk Ebanjelio santuan ekusten duguna.
Emen guk gaur ekusten duguna da sarzen dirala Jerusalenen Isaiasek zion bazter urrutiko irur Errege beren dromedario ta kamelu urrez, mirrhaz ta inzensoz kargatu beteekin; ta sarzen, otsez ta galdez: «Non arkitzen da judatarren errege jaio berria? Urrutiko goiztarrak gara gu; ta ara, berak igorri digun izar berriak gakarzi beraren oñetara, dagozkan agur eta eskumuñak egitera».
Hau aditu ta izutu ta asaldatu zen errege Herodes ta Herodesen itxe ta erri guzia, Errege jaio berri onek bere erreinua ken zezon beldurrez. Deitzen ditu errege Herodesek erriko jakinsu ta eskrib ta farise guziak eta galdezen die non jaio beharra den goiztar arrotzak dioten Errege berri hau. «Belenen», eranzuten diote oriek. Hau ikasi ta bazterzen ditu goiztar Errege berak eta isilik esaten die Herodesek doazela Belengo errira, ta an arkitzen badute billatzen duten jaio berria, datozkiola itxerakoan an ekusi dutenaren berri onek ematera, ark ere bere aldian egiteko jaio berri berari dagokan agur ta honr guzia.
Atera ziran Errege goiztar onak Jerusalendik. Agerzen zaie Jerusalenen sarzean edo sartu baño len gorde zitzaien izarra. Oni darraizkola sarzen dira Belenen ta Jesus Errege jaio berri beraren itxean. Arkitzen dute Jesus bere Ama Maria Birjin andrearekin ta Jesus berak barrendik argi egin ta ezagutzen duten dentzat edo Jangoiko gizontzat; beren belaunak lurrera ta egiten diote dagokan adoranz eta agur andia, eta Erregetzat, Jangoikotzat eta gizontako ezaguturik, egiten diote urrezko, inzensozko ta mirrhazko present andi eder zegokan gisako bat. Orren alde Errege jaio berri andiagandik artu zuten grazizko ta birtutezko beste agitz eta asko andiagoa; ta hau oriek artu ta Jesusi beren azken adio humillak egin ondoan, beren etxeetarako abian arkitzen ziran ta, gizon prestu onak bezala, Herodes erregeri eman zioten hitza osatu naizik eta Jerusalengo bidea arzeko asmoan; baña Jesusen aingeru onak lotan adirazi zien Herodes gaitzez ta Errege jaio berri hau ill naiez zebillela onen erriaren ta itxearen berri billa; ta arganako bidea utzi ta ar zezatela beste bat beren itxera itzulzeko. Eta Herodes gaiztoak nai zuena utzi ta egin zuten aingeru onak esan ziena; ta egin ziguten guk ere, geren zori oneko etxe zerurako bagara, gaurdanik artu behar dugun bidea.
Badakizu zer bide den zori oneko gure bide hau? Mundu arro eroaren esanei ez-aditu egin ta Jesusek diona zuzenki egitea. Hau egiten dutenak izanen dira zori oneko Goiztar Erregeen lagunak eta zeruko ondasun andien ta atseginz guzien betiko jabeak; eta egiten ez dutenak, emen bein ta gero sulezean zori gaiztoko kaltear galduak. Goazen ekustera bein, orain azkenik esan dugun hau.
§ I.
Emen ta gero zori gaiztoko kaltearrak dira mundu eroaren esanak egin naizik Jangoikoaren esana uzten dutenak.
Bai, emen bertan ere zori gaiztoko kaltearrak dira emengo eroen esana egin naiez Jangoikoaren esana egiten ez dutenak; bada Jangoikoaren esanak egiten ez dituzten gaisoak galzen dituzte esan oriek egitez egin zitzakeen irabanz andiak; eta irabanz, Jangoikoaren esanen egin aldi orokoak eta aldi oro (berez) andiago ta andiagoak.
Baña zer irabanz-irabaziak? Guk adiraz dezakegun baño agitz andiagoak. Atozea ezperen; anitz eta asko irabaziko ez luke ogei urtez hordu oro edo egunean amar aldiz eun milla ogei zorziko irabazten lituen gizonak? Bai ta urte bat baizik irabanz orrelakotan egiten ezpalu ere; bada urte orretan irabaziko lituke irur ogei ta amar milletan mill ta geiago otxin ta ezkutu. Geiago irabaziko luke, irabazten balitu esan ditugun diru guziekin batean munduko beste guziak, lurpe gordean arkitzen diran urre ta zillar, diamante ta beste arri ederrak, itsasotik atera diran ta ateratzeko dauden perlak eta koral guziak; bai ta itsaso ta ibai ta mendi ta mundu guzia ere; baña zein ere andiak liraken irabazte oriek, ez luke pits bat balioko Jangoikoaren esana egin aldi bakoitzean fededun onak egiten duen irabaziaren aldean; zeren aldi orietan irabazten duen fededunak Jangoikoaren grazia, ta graziaren edozein zatik balio duen beste guziak baño agitz geiago. Irabazte andi hau, bada, ta munduaren esankizun eroagatik uzten dituen beste guziak galzen ditu Jangoikoaren esanak egiten ez dituen aldi oro. Orra zer kaltea alde onetatik orri datorkiona!
Jangoikoaren esanak besteren esankizun eroagatik egiten ez dituenak galzen du bigarren lekuan animako atseginz eta atsedete andi bat. Bai, Jangoikoak beretzat egiñak gara gu guziok eta gure Jangoiko berarekin ongi etorri ta bat egiñik bizi beharrak. «Ala da», dio S. Agustinek: fecisti nos, Domine, ad te, et inquietum est cor nostrum, donec requiescat in te; ta Jangoikoaren esanak munduko esankizunak gatik egiten ez dituena Jangoikoarekin ez da bat, Jangoikoaren igeska dabillen anima da; ta orregatik da amurrai uraren igeska idorrean lebilkena bezalakoa; bada amurrai hau idorrean kezkaz ta egarriz betez ta salto ta salto ta soseganzik bage lebilken bezala, Jangoikoaren igeska dabillen ta mundu eroaren beldurrez Jangoikoaren esanak uzten dituena bere atseginz-tegi leunetik urrun arkitzen da ta kezkategi gaiztoan agitz sartua ta naigabez erdi ill-illundua.
Hau da Davidek adirazi nai diguna esaten digun aldian: anzi ta aztu zait nere ogia jatea ta igartu da nere bihotza: aruit cor meum, quia oblitus sum comedere panem meum (Ps. 10,15); bada animaren ogia da Jangoikoak nai duena bere aldian egitea ta eginz onen alde Jangoiko berak ematen duten grazia ta atseginza; ta grazi ta atseginz hau gabe gelditzen da Jaunaren esanak ez egiñez irabazten ez duena, ta agitzen ta gertatzen zaio mutil prodigo galgarri, bere aitaren itxetik atera ta urrutiko bazter batera joan zenari, gertatu ta agitua.
Bere Aitaren esanak ez egin naizik, joan zen mutil zenzagabe hau gogoak eman zion urruti batera. Ibilli zen an mundu eroak eta aragi sutuak adirazten duten bidez ta eran. Bere igesk eroan galdu zuen aitaren maiko jan-edan goxoa ta itxeko lan garbia. Aren urrutiko egitekoa zen txerri-zanza. An zuen mai ta ogi-janari ta jaki guzia zen eremu-mendia ta mendiko ezkurra. Jaten zuen ezkurra etzen ari zegokan janaria, ta janagatik etzion onik egiten, ez eta kenzen ere zuen gosea ta jangura ta nai bizia; ta egun oro arkitzen zen gaizkiago ta kezkaz ta illunkeriz bete galduagoa; ta bere illunkeri, kezk eta naigabetik etzen atera Aitagana itzuli, arekin ongi baketu ta itxeko mai onera zen arte guzian.
Munduaren esankizunak gatik Jangoikoaren esanank egiten ez dituena irteten ta ateratzen da Jangoikoaren adiskidanz ezin obetik eta itxetik, eta sarzen da mundu beraren ogi gogorrean ta pasione galgarri gaiztoen zanzan ta bazkanzan. Or jaten duena da pasione galgarri berak nai duten ta mundu gaiztoak arrerazten dion bazka ta jaki zikin izurrizkoa. Janari onek uzten du asea ez, baizik gose geiagoz galdua; bada Jangoiko bera da bere grazi eztidun goxoarekin animari dagokan janaria, ta janari onek ezpada, ezin ill dezake, S. Bernardok dionaz, animaren gosea: capacem Dei, quod minus Deo est, non implebit (Sup. Ecce reliquimus omnia); ta janari hau edo Jangoikoaren esanak utzi ta mundu galgarri gaiztoaren makurrak egiten dituenarena da ur gazizko itsaso, beti irakiten dagoanaren erakoa ta soseganzik bagea: quasi mare fervens, quod quiescere non potest (Isai. 57,20). Orra zer kaltea Jangoikoaren esana egiten ez duenak saiets onetatik izaten duena.
§ II.
Bere lan oker hau egiten duen animak badu beste kalterik ere. Hau da, mundu berarekin ere gaizki gelditzea. Hau ere bere naigabe berrirako gai egoki kezkaria da. Badira bataitu beren artean gaizto guti ez, ongi bizi diranei egiten dienak len leneko onei jentil itsuak egiten ziena. Ekusten zuten len jentil itsuak bataitu onak etzirala sarzen aien jostaket zikin, ibiller arin ta joan-etorri galgarri eroetan. Ekusten zuten horduko bataitu onen egiteko guzia zela beren Eliza, beren etxea, beren lana ta munduko erakeri arroei ez begiratzea ta aldi berean Jesus maiteak agertu zuen zeruko bidetik oñik ez ateratzea, ta esaten zuten, dio S. Agustinek, gauz onen ezagunzik etzutela bataitu fededunak, baserritar motelak ziruditela ta hitz egiten ere etzekiten gizonak: ubicumque invenerit Christianum, solent insultare, exagitare, irridere, vocare hebetem, insulsum nullius cordis, nullius peritiae..
Eta orain, ekusi ezkero oraingo bataitu edale gaiztoak bataitu on bat edo beste ez dela orien edantoki galgarriratzen, ardit bat ongi gastatzen ez dakien gizona dela diote, ta aldi beran histaz ta irriz dagozka. Beste hitz-onzikeri ta berriket eroa baizik ez diran anitzek beren egitekoz ara dijoazen edo onara datozen onei begiratu ta, edo orien erausi eroak utzi ta Elizan sarzen dirala ta ango beren lanak egin ta beren itxerako bidea daramaela ekusten badute, buru, begi, ezpañez keñatu ta eskarnioka esaten dute ez aditzeko obea den zer edo zer.
Gazte batek atera nai ezpadu beste eroen danz perillezkora, jan-edan berora edo beste erakeriren batera, egiten duela diote edo andiz edo dirurik ez eman naiez edo zeren ezertako ez dena den. Era orretako gauzak ez aditu naiez Jangoikoaren esanak utzi ta munduko ero gaiztoen bide makurra arzen dutenak birtutezko ta buruzko fededun guziekiko anitz galzen dute, bai ta galerazi dituzten gaizto berekiko ere.
Orien galgarri oriei begitan ematen die besteen birtuteak, zeren birtutez beteak oriek eta birtuterik bage beren buruak ekusi ta illunzen zaien bihotza, ta beldur diran, orien gisan bizi ezpazara, beste guziak zerurako dirala ta berak ez; ta naigabe hau beregandik kenzeko bidea dela uste dute, dio S. Geronimok, beren gisako gaizto beste guziak egitea: remedium poenae suae arbitrantur, si nemo sit sanctus... si turba sit pereuntium, si multitudo peccatium; baña azkenean ezagutzen dute gaizto galgarri berak ona dela ongia ta birtutea, ta hau dela, S. Ambrosiok dion bezala, bataitu guziak billatu behar dutena: apud omnem christianum prima honestatis debet esse militia.
Ekusten badute beren gisan beste oriek ere galdu dutela zuten on piska ta egin dirala orien ibiller arin ta makur galdukoak, esaten dute orien atze-ondotik elkarri begiratu edo bakoitzak berekiko: «Bai egizki, orra gure gisako galduak oriek ere»; ta geroz arros edo klabelin luzaro eskuan erabilliz galdu baten gisan baztertzen dituzte ta uzten deusezetako. Eta orra irugarren zure kalte andia: mundu ero galduari atsegin egin naiez, zere burua galdu ta mundu berarekin ere kaltear ta gaizki gelditzea.
§ III.
Baña laugarrena da zure kalterik andien gaiztoena, ta hau da munduko galdu eroekin ongi etorri naizik, Jangoiko maitagarriarekin gaizki gelditzea. Zere bataio santuan eman zenion Jangoikoare mundu eroaren esan ta arrotasunak utzi ta berak esaten zizun guzia zuzenki egiteko hitza. Hau zuk errazkiago egin zenezan, an bertan graziz ta birtutez jaunzirik utzi zinduen Jangoiko berak eta krismaz ta gurutzez ongi sendortua; ta al-ere zuk mundutar eroen esankizunagatik uzten badezu Jangoikoak bere legez, bere gogargiz, bere predikariz, konfesor onez, libru zuzenez ta beste bideren batez esten dizuna, zere Jangoikoarekin nola gelditzen zara? Agitz gaizki ta galdua; bada Jangoiko berak dio zure gisako edozein bere tribunalean agerzen zaion aldian, ez-ekusi egin ta bere etsaien eskuan utziko duela: qui me erubuerit, et meos semones, hunc Filius Hominis erubescet, cum venerit in majestate sua (Luc. 9,26).
Bada gaizki gelditzen bada mundutarren esankizunagatik Jangoikoaren esanak uzten dituena, nola geldituko da Jangoikoaren esanak utzi ta mundutarren esanak egiten dituena ta mundutar galduen gisako edanketan, jostaket gaiztoan ta lan galduan dabillena? Itsutu galdua ta deabru gaiztoen atzapar sutuan agitz sartua, len esankizun txar baten beldurrez Errege Sedecias emengo bere etsaienean bezala. Esan zion Jeremias Profetak Sedecias Erregeri, galdu nai ezpazuen bere burua ta Jerusalengo erria joan zedilla erria inguruturik zedukan ejerzituko Buru-Jeneralei onez hitz egitera. «Baña zer esan behar dute, Profeta», eranzun zion Erregek Jeremiasi, «gizon oriekin an arkitzen diran gure erritar gaiztoak?». «Esan dezatela nai dutena», esaten dio Profetak; «Jangoikoak diona da nik orain zuri esaten dizudana ta hau da beste orien erausi eroak utzi ta zuk egin beharra».
Al-ere etzuen Erregek egin Jangoikoaren esana ta kendu zion Nabukodonosor Erregeren jendeak bere Jerusalengo erria, atera ziozkaten bere bi begiak ta eraman zuten Babilonira, ango presondegi latz gogorrean bere egunak nekez beterik bukatzera.
Era orretan, bada, mundu txar eroaren esankizunagatik Jangoikoaren esanak egiten ez dituenak urratzen du Jangoiko beraren legea ta sulezeko gogorrak arzen du preso, ondatzen dute infernu bizian bere bekatu gaiztoak, uzten dute itsutu-galdua sekulako bere bizian ez ezagutzeko Jangoikoaren bide zuzena: ambulabunt ut caeci, quia Domino peccaverunt (Sophon. 1,17), ta gelditzen da suz, amurranzez ta tormentuz betea.
Orra zer kalteak mundutar eroen esan makurrak egin ta Jangoikoaren zuzenak egiten ez dituzten bataitu gaiztoenak; eta orra, zure begira daude orien etsai borrero berak, izaten bazara zu mundutar galduten beldurti txar eroetatik bat, zere aldian zu orien aldera eramateko ongi prestatuak. Zori gaizto orretan zu ez gelditzeko, begir egiezu Jesus jaio berriaren billa datozen irur Erregei. Orien erritarrak aditu zutenean orien horduko asmoa ta , zeren ekusi zuten izar berri bat, joan nai zutela non jaio zen etzekiten Errege baten billa, «Ametsa», esanen zien, «ta erakeria! Noizean bein agerzen ez dutenak eta orietatik bat izanen da guziok ekusten dugun ori ere. Zer erakeria, bada, ikasi bage egia den edo ez Errege berri orren jaitza, orren billara zuek zeren itxetik ateratzea?».
Orrelako eta era bereko beste anitz gauz adituko zituzten beren jendeetatik egungo Errege onak; baña orien erausi guziei ez-aditu egin ta Jangoiko Errege jaio berriaren izarrari ta Jangoiko berak barrendik adirazten zien gauzari begiratuz, artu zuten hura billatzeko asmoa, ta anitz nekeren buruan bazen ere, arkitu zuten Belenen Jangoiko gizon Errege jaio berria, ta arkitu zuten beren atsegin ta poz ezin andiago batekin. Egin ziozkaten lurreko beren presentak. Artu zituzten zeruko agitz andiagoak. Itzuli ziran beren etxeetara. Bizitu ziran an behar zen gisan ta santuki, ta guziagatik zeruan arkitzen dira gaur ta arkituko dira beti atseginzez ta gloriz ase beteak.
Zori oneko humeak gu, arzen badugu orien bide bera, Jangoikoak nai duena zuzenki egiteko, ta egiteko geren bizitzan beti; bada geroz izanen gara orien beren zeruko lagun sekula guzian ta beti. Jangoiko-gizon jaio berri maitagarriak digula artako den lagunz eta grazi guzia. Bai arren, bai.
|
|