|
VIII Inozente santuen eguneko irakurraldia
Accipe Puerum, et Matrem ejus, et fuge in Egyptum. Matt. 26.
Gaia: Jangoikoaren, ekusten dituzten guzien ta beren buruen etsaiak dira gaizki bizi diranak
Egungo mezan arkitzen dugu errege gaizto baten amurranza ta onek ill-erazi zituen obenbageko aurtxo zenbaiten fest andia. Errege gaizto hau Jesusen jait-denboran Jerusalenen bizi zen Herodes zen ta onek ill-erazi zituen aurrak Jesus jaio-berriaren erritarrak eta erri aldekoak; bada Belen berekoak eta Belen bazterretakoak ziran aur illak eta Jesus Belenen jaioa da. Erri ta bazter orietako aur bi urtera etziranak ill-erazi zituen Herodesek, ara bere soldadu gogorrak orretako igorri ta , ta ill-erazi zituen Jesus jaio-berria illik utzi naiez.
Lenagotik artu zituen Herodes gaiztoak bakarrik Jesus ill-erazteko neurri-bideak; baña ustel atera ziran aren bide oriek, bai ta beste bide ta neurri guziak ere; bada bizirik Jesus geldi zekion beldurrez, ill-erazi bazituen ere onen denborako beste aur guziak, bai ta lenago ta lenago jaio ziranak ere, bizirik gelditu zen Jesus, beste guziak ark ill ta ere.
Bere antuste gaiztoak eragin zion Herodesi lan makur itsusi gogor hau; bada eragin zion bere erreinu zuena galzeko beldurrez, eta beldur hau sartu zitzaion gogoan, zeren lenagoko egunetan aditu zien urrutitik etorri ziran errege edo gizon jakinsu zenbaiti: «Non arkitzen da judatarren errege jaio-berria?», ta zeren Jerusalengo eskribak eta farise jakinsuak esan zioten judatarren errege edo Mesias hau Belenen jaioko zela.
Bata ta bestea aditu zituen hordutik artu zuen Herodes gaiztoak judatarren Errege Mesias hau ill-erazteko gogoa; ta ikasi naiez non arkitzen ote zen, igorri zituen Belena aren billa zetozen errege edo gizon jakinsuak, esaten ziela, ari beren agurrak egin ta, zetozkiola non uzten zuten adiraztera, bera gero hura ekustera joateko. Baña beste bidez itzuli ziran gizon jakinsu errege onak beren etxeetara ta gelditu zen Herodes nai zuenik ikasi bage ta zein zen Jesus ta non arkitzen zen etzekiela. Eritzi zion bere jaiterri Belenen edo Belengo bazterren batean arkituko zela, ta hura ill-erazi naiez, ill-erazi zituen ango aur guziak. Baña horduko S. Josefek Egiptora eramana zen Jesus, ta ango aur guzien artean Herodesek ill nai zuen Jesus hau, gelditu zen bakarrik bizia.
Anitz negar eragin zien Herodes gogorrak ill-erazi zituen aurtxo zori onekoen amei; baña berak ere artu zuen azkenean zegokan saria; bada ill zen eritasun guztiz izugarriz ta usteltasunez, arrez ta oñazez betea; ta ill baño len bere eskuz, eman baliote artarako eskatu zuen kanibeta, illen zuen bere seme bakarra.
Gaur ez dira arkitzen gorputzen illzalle Herodes gogorrak, baña animen illzalle Herodes gaiztoak bai. Oriek dira bekaturako bidea besteri agerzen dienak eta dira Jangoikoaren, beste orien ta beren animen etsai gaiztoak, orain guk ekusiko dugun bezala.
§ I.
Bai, Jangoikoaren etsai gaiztoak dira anima gaisoei bekaturako bidea ematen edo agerzen dienak. Bekaturako bidea ematen dute bekatua besteei eragiten diotenak eta oriek dira aldi onetako bidagillerik gaiztoenak eta Jangoikoaren etsairik andienak. Bekaturako bidea ematen du, dagila gaizkiren bat norbaiti esaten edo adirazten dionak, bai ta bekategia ez dakienari agerzen dionak ere; ta oriek Jangoikoaren oraingo etsairik gaiztoenen urrengoak dira. Badira beste zenbait oriek bezain gaiztoak ez izanagatik, bekaturako bideen agerle galduak eta Jangoikoaren etsai agitz gaiztoak; oriek dira ekusi behar ez lizaken zerbait besteren begitan edo norbait ohar diteken eran egiten dutenak.
Egille gaizto orietatik dira juramentuka ta maldizioka egon oi diranak, jai-igandeen urratzalle gaiztoak, hume lotsabage zirzillak, guraso ta nagusi jokalari galduak eta edantegietako euli egiten diranak, bai ta begiratze lizunak, eskuka loiak eta ekusi behar ez diran beste gauzak egiten dituztenak ere; bada ekusgai galgarri galdua da aldi orietan oriek ematen dutena; agerzen dute alabaña langiro gaizto bererako bide zabala; bide, ekusleen grin makurrak nai bezalakoa ta orregatik bide agitz galgarria.
Len ekusi ditugunak, bada, ta oraingo bidagille ta agerle guziak Jangoikoaren etsai gaiztoak dira. Badakizu zergatik? Zeren diran Jangoikoak beretzat egin dituen gauz ederren galgarri galduak edo bataioko graziz ta bere doaiez apaindurik zerurako zeduzkan animen galgarri gaiztoak. Eta badakizu emengo gauz txarren egilleak ere bere etsaitzat begitan arzen dituela beren naiez ta gaiztakeriz gauz oriek austen edo galerazten dieztenak; bada izanik, diran eran, anim gureak Jangoiko beraren gisako espiritu garbiak eta aintzur ederrak eta Jangoiko berarekin beraren zeruan atsegin-kontentuz beterik beti bizitzeko Jangoiko berak egiñak, Jangoikoak zer begiz begiratuko die orien galgarri bidagin gaizto oriei? Ekusten dezu, ezin gogorragoz.
Hau zuk obeki ekusteko jakin behar dezu emen bertan ere gure animak, S. Pablok dionaz, Espiritu Santuak beretzat artuak daduzkan Elizak dirala; bada dio: «Betiko Jangoikoaren Elizak zarate»: membra vestra templum sunt Spiritus Sancti (2 Cor. 6,19); ta gauza zein itsusi izugarria Espiritu Santuaren Eliza zikin-eraztea, zikin-erazten duen bezala besteri bekaturako bidea egiten edo agerzen dion gaiztoak! Ezagutuko dezu zuk hau, ezagutzen badezu zer bekatu den arez, arriz ta karez egiten den emengo Eliz bat zikinzea ere. Eliz emengo bat zikinzen da eriotzez, golpezko odol-isurzez edo beste bekaturen batez. Zikinz onek eliztasunik eta bendiziorik bage ta mezarik ezin eman diteken eran uzten du emengo Eliza. Orra zein zikindu galdua! Bada agitz zikindu galduagoa gelditzen da Espiritu Santuaren Eliz bizi anima, bekatuz hau zikinzen den aldian, zeren galzen dituen horduan animak graziaren edertasuna ta bedeikanza, ta galzen graziari darraizkon birtute ta Espiritu Santuaren doakunz guziak ere, ta len Espiritu Santuaren Eliz ederra zen anima gelditzen den Espiritu Santuak begitan artua ta deabru belz gaiztoen leze izugarri egiña. Zenbat atsekabenz ematen dio, bada, Jangoikoari aren Eliz eder animan hau egiten duen bidagille gaiztoak edo animari bekaturako bidea ematen dionak. Erriko Eliza urratzen edo zikinzen duenak baño agitz andiagoa, dio S. Joan Krisostomok: si ergo Ecclesiam destruere grave est, et scelestum, multo magis si templo spirituali hoc fiat; augustior enim est homo, magisque venerandus, quam Ecclesia (hom. 25 in Epist. ad Rom.).
Baña bada onetan besterik ere, bada Espiritu Santuaren Eliz eder anima zikinzen duenak Kristo Jaun berari egiten dio tiro ta ematen dio golpe, dio Apostol S. Pablok: peccantes in fratres, et percutientes conscientiam eorum infirmam, in Christum peccatis (1 Cor. 8,12). Badakizu zergatik? Zeren Kristo Jauna den anima guzien arzai, Jaun ta buru ta beretzat arzen duen orietatik edozeni egiten zaion gaiztakeria. Eta hau egiten duen gaiztoak egiten du, dio S. Bernardok, Kristo Jaun bera ill zutenak egin zutena baño ere izugarriagoa dirudien gaiztaginza ta sakrilejioa: horrendum penitus sacrilegium, quod et ipsorum videtur excedere facinus, qui Domino Maiestatis manus sacrilegas injecerunt..
S. Joan Krisostomok ere eratsu berean hitz egiten du; bada dio Jangoikoak begitan artuenak daduzkan bekatu gaiztoak dirala batek besteri eragiten diozkanak, eta edozein beste bekatu andi baño ere orietatik txikien bat gogorkiago kastigatzen duela: tam Deo odibile est scandalum, ut peccata graviora dissimulet, in quibus ruina fratris non est, non autem levia, in quibus frater offenditur, et scandalizatur.
Bada bekaturako bidea erakutsiz edo nolerebait besteri eragiten zaion bekatu txiki batek ere orrenbat aserretzen badu Jangoikoa, orri berari eragiten zaizkan bekatu andiak noraño aserreraziko dute? Nork hau adirazi? Dakienak bekatari gaisoagatik Jangoikoak egin duena ta zein maite dituen Jangoikoak bere bizi ta odol guziarekin erosi zituen animak. Orra Jangoikoaren zein etsai andia besteri bekatu eragiten diona, naiz eragin dezola esanez edo konsejuz, naiz bekaturako bidea agertuz edo ez galeraziz.
A, nere Jangoiko maitea! Ni naz bekatari izugarri zure etsai andi orietatik bat; bada nereak ni galzeko aski ezpalira bezala, neretu ditut, nik bidea eman ta, bestek egin dituen bekatu guziak eta guziak gatik zure etsai guztiz izugarria naz ni; baña (zuri eskerrak) egiñaz agitz damuturik arkitzen naz gaur ta zure oñetako lurrean jarririk egin ta eragin ditudan guzien barkanza eskatzen dizudala. Ez, bada, zuk niri hau ukatu; ez arren, ez.
§ II.
Ez da bakarrik Jangoikoaren etsaia bekatu besteri eragiten dion anima; anim hau bekatu egiten duen beraren ere etsai da; bada Jangoikoaren etsai da bekatuaren eragillea, Jangoikoari egiten dion gaiztaginz galgarriagatik, eta gaizki ta gaiztaginz galgarria egiten dio eragille berak, ark artarako bidea emanez, bekatu egiten duenari, ta egiten dio bere diru-ondasun gauzatik zati andi bat kenzen balio baño gaiztaginz eta kalte agitz andiagoa; bada lurreko kalte ta gaiztaginza da orretan ari egiñen liokena, ta beste mundurako ta eternidade guzirako, bekatu eragite berean egiten diona; zeren hau eragite berarekin kenzen dion zeruko deretxa ta grazia ta egiten duen eternidade guziko sugai izugarria. Orra, bada, kalte ta gaiztaginz zein arrigarria ark orretan oni egiten diona.
Eta egiten dio deabru berak egin lezoken baño agitz errazkiago ta lasterrago, zeren bekatugin gaisoak ez dadukan bekaturako bidea egiten edo agerzen diona deabru tentatzalletzat edo hura bezain tentatzalle gaiztotzat, eta askotan egiten du tentalle oni atseginz egin naiez deabru berak tentatu ta eginen ez lukena.
Ongi, bada; ta deabru tentaria bere tentanz eta bekaturako bid-agerze gaiztoagatik gure etsai galgarria bada, deabru gaiztoak baño bortitzkiago lan bera egiten duen bidagille tentaria zer izanen da? Deabru bera baño bekatari gaisoen etsai agitz gaiztoagoa; ta etsai, errerik ill zen batek bere ondorengoei baño ondoreko gaiztatu dituenei testament gaiztoagoa uzten diena.
Henrique Rauzoviok (in observat. astronom.) dionaz, lapur bat igorri zuen juezak sutan erretzera. Erre behar zuen suari, ekusi bezain laster, asi zitzaion, bi belaunak lurrera ta, esaten: «A, su eder zori oneko nere illtegi ta obia, ta nere ait-aitonen obi ta illtegi izandu ziñana; gaurdanik testamentuz bezala uzten zaitut nik nere ondorengo guzien illtegitzat eta obitako». Orra orrek bere ondorengoei utzi ziena: fite ta laster ilzen den emengo sua. Baña gaiztagiñak bekaturako bidea egiñez edo agertuz gaiztatzen dituenei uzten diena da sulezeko sutan erretzen egotea, neke ta su lapur onek bereei utzi ziena baño milletan ta milletan ta ezin esan al-diña milletan gaiztoagoa.
A, nere Jangoiko maitea! ta zuzenzen ezpanazu, nere galdua! Bada nik nere hitz arin-lizun-galduekin, nere maldizio ta juramentu galgarriekin, nere jan-edan, nere eskuka, ezpainka eta ibiller loi-zikinekin, nere artu-eman ta sartu-ater makurrekin, nere arrotasun apainket ta bidebageko beste gauzekin egin dut deabru berak baño gaizki ta gaiztaginz agitz geiago, ta ni izandu naz lan galgarri orietan ekusi nautenen etsai agitz gaiztoa ta denbora berean izandu naz nere buruaren etsai galgarri eroa. Bai.
§ III.
Bere buruaren ere etsai gaiztoa da gaizkirako bidea ematen duen bekataria ta beste bekatari berak baño etsai gaiztoagoa. Beste bekatari galduak ere egiten dituzten bekatu makurrak gatik beren buruen etsai gaiztoak dira; bada beren bekatu berekin puñalka bezala urratzen dute beren anima ta galzen dute zuten grazia ta birtutea, bai ta beren grazi birtutedunarekin egin zuten irabanza ta zerurako bildu zuten ondasun guzia ere; ta ezin uka diteke bere buruaren etsaitasun gogorra dela batek hau bere naiez bere buruari egitea. Isilka ta niork ekusten ez duela edo nolanai egiten duen bekatuagatik, bada, bere buruaren ta animaren etsai gogor gaiztoa da gizon bekataria; baña ori baño bere buruaren etsai gaiztoagoa da besteren bekatua eragiten duena edo agerze ta erakuste gaiztoak agerian egiten dituena.
Zergatik, uste dezu? Zeren onek bere bekatuaren puñalkak ez ezik, besteri eragiten diozkan guziak ere ematen diozkan bere animari. Badakizu zergatik? Zeren beretzen dituen eragiten dituen bekatu guziak, bai ta ark artako bidea eman ezkero, egin bage gelditzen diranak ere; bada arendako ta Jangoikoaren begietan berebat da besteri ark bekatu eragiten edo egiteko bidetan hura ezarzea, ta zenbat bekatu eragiten dituen edo zenbaterako bidea ematen duen, anbat bekatuzko puñalka ematen diozka bere anima gaisoari, ta orrelakorik bage ta bere bekatu beren kaltearekin ta animako puñalkekin gelditzen da besteri bekaturik eragin ez diona; ta orregatik da hau baño bere buruaren etsai gaiztoago, ta agitz gaiztoago, bereak eta eragin dituen besteren bekatu guziak bere gain arzen dituena.
Hau egia dela ederki adirazten digu Jangoikoak Oseas Profetaren ezpañez ta arz aserretuak egiten duen lan izugarri bat esaten digula. Esaten digu Jangoikoak Profet onen ezpañez arzak egiten duena ta Jangoikoak gis onetako gaiztagillearekin edo besteri bekatu eragiten dionarekin egin gogo duena. «Bai», esaten digu bada: «humeak kendu diozkaten arza bezala aterako natzaio bidera ta urratuko diot bere barren guzia»: occurram ei quasi ursa, raptis catulis, et dirumpam interiora jecoris eorum (Os, 13,8).
Arza da mendian dabilzan animal gogor-sutu gaiztoenetatik bat. Hau beti da gizonarentzat izugarria, baña kendu diozkaten humeen billan dabillen aldian besteetan baño agitz izugarriagoa; zeren anitz kosta zaizkan bere hume txikiak (jaiotzen dira alabaña bizien anzik ez dutela ta guziz moldakaitzak, eta bere mihi-mingañez ta neke andiarekin moldatzen ta azitzen ditu), ta orregatik agitz maite ditu guziak eta arrapatzen badu oriek galdu diozkan edo daramazkion gizona, urratzen du bere atzapar ortzekin ta egiten du bere bazk eta janari.
Era berean, bada, ta mill ta mill aldiz izugarriagoan agertuko zaio Jangoikoa bere tribunalean gaiztatzen dituen animen ta bere buruaren etsai gaiztoari edo bizia ta odola kosta zaizkan hume-animak gaiztatuz kendu diozkan bekatariari; ta dagozkan hitz erreak an esan ta ondatuko du bere suleze-infernu sutu arrigarrian ta bere eskuz; ta esku, animen gaiztatzalleekiko ezin gogorragoz, (bai ta gastagin berak an ondarazi dituenen atzaparrez ere), erreko ta urratuko du atsedete bat eman bage sekulako eternidade guzian. Horduan zuk zere alde zerbait egin naiagatik, galdu ta galerazi dituzun guziak elkar artu ta gañerako zaizkitzu batbatean ta lertuko zaituzte edo lerzen ta penazen idukiko beti-beti: manus omniun contra eum (Gen. 16,12).
Zori gaiztoan jaioa ni, gis eta er onetan beti-beti an egoteko! Egoer zori gaiztoko onetan ez sarzeko ta zori oneko eran beti zeruan egoteko bidea da, nere Jesus maitagarria, nere buruaren, beste guzien ta zure adiskidanzan emendik ill arte guzian emen ni bizitzea. Ori egin uste dut, zuk leneko nere utsak barkatu ta lagunzen didazula, ta arte onetan gaizki egiñaz ongi damuturik eskatzen dizut onen barkanza ta zere lagunza ta grazia. Indazu, bada, bata ta bestea; bai arren, bai.
|
|