|
IX Zirkunzisio eguneko irakurraldia
Vocatum est Nomen eius Jesus. Luc. 2.
Gaia: Urte oneko bidea, Jangoikoak nai dituen ta Jesusek erakusten dizkigun gisan gauzak egitea
Eguerriz agertu zen gizon egiñik Jangoiko maitagarria ta egungo egunarekin artu zuen gure onerako den izena. Etzen len Jangoikoari begiz-begi begira zezokenik. «Ez, ez da biziko», zion berak bein, «ni emen ekusten nabenik»: non videbit me homo, et vivet (Exod. 33,20); eta lurrean bizi ziranei zerbait adirazi nai zien aldian, bidalzen zien bere Aingeru edo Profetaren bat. Gizon egin zen aldian agertu zen Jangoikotasunik ez duen baten gisan ta urrengo ogei ta amairu urteetan ta bere gurutzean guri ongi naiez illa gelditu arte guzian, bizitu zen besteen erako gizon bat zirudiela ta berak berez bere erakuste guziak egiten zituela: apparuit... erudiens non (Tit. 2,11).
Len-leneko bere izaera munduari adirazteko arzen zituen Jangoikoak izen guztiz izugarri andiak; baten esaten zuen: «Ni naz besteri deus bat zor ez diodana ta nere izanz eta izaer guzia nerez dudana»: ego sum qui sum. Bestean zion: «Ni naz ejerzitu andietako Jangoikoa, edo Jangoiko, ejerzitu guziak nere eskuan ta nai dudana eragiteko daduzkadana»: Deus exercituum. Besteetan: «Ni naz gaiztoari dagokan pagu ta saria bere horduz ta esku gogorrarekin ematen diodana»: Deus ultionum. Ta «Ni naz», zion beste zenbait aldiz, «Errege andia; Ni naz besteri, nai ezpadut, urbilzen ere uzten ez diodan Errege, ta Errege, alde guzietatik guztiz izugarria»: Deus magnus, Deus excelsus, Deus terribilis.
Izenen erakoak izandu ziran Jangoikoaren horduko lanak; bada asialdi batez ito-ill zituen, zorzi bizirik utzi ta, munduko beste andi ta txiki guziak; beste batez suz erre ta auts egin zituen Pentapoliko erriak eta an arkitzen ziran gizon ta andre laur ez, beste guziak; beste batez ondatu zituen itsaso gorriko urpe izugarrian Egiptoko Errege ta Erregeren zaldi, zaldun, soldadu ta gerrako gauz guziak; eta beste anitz alditan ogei millaka ta geiagoka uzten zituen illak beren gaiztaginz galduak gatik munduko gizonak eta jende gaiztoak.
Gizon egin ta jaio zen hordutik zorzigarren egunean, ta egungo egunarekin, artu zuen Jangoikoak beste gisako izen maitagarri bat; eta izen, Jangoiko-gizonak duen egitekorako guztiz egokia; bada izena da Jesus; et vocatum est Nomen eius Jesus; Jesusek esan nai duena da Salbatzallea ta hau da Jangoiko-gizonaren egiteko guzia: bekatu petik gu atera ta bere zerura zuzen-eraztea.
Eta orra, izen hau artu duen Jangoiko-gizona gelditu da gure bekatari galduen Jesus ta Salbatzalle urrikalti egiña. Jangoiko-gizon gaurko bere Zirkunzisioan odoltuari ta Jesusen izena artu duen oni begira dagokala, galdetzen dio S. Bernardok Jangoiko berari: «Jauna, zer egin dira len agerzen zenituen anditasun ta esku alsu gogorrak? Zer, arako len askotan aditzen ziran ots izugarri. "Ni naz zuen Jauna, ni Jangoiko mundu guziaren ikaragarria?"»: Ubi potentia, ubi maiestas? Ubi illud, quod tam teribiliter quam frequenter sonabat, Ego Dominus, Ego Dominus?.
Leundu dira Jangoikoaren leneko izenak orain artu duen izen berriarekin ta izen onen erakoak dira Jangoiko-gizonaren gerozko lanak; izandu dira alabaña guganako amorez eztituak, bekatuz aserretu genuen betiko Aita palakatzeko ezin obeak eta denbor berean guri geren gauzak egiten erakusteko guztiz onak. Hau da urte berri on bat nai duenak egin beharra: Jesusek erakutsi digun gisan geren gauzak egitea edo Jesusek egin zituen gauzen gisakoak eta egin zituen gisan guk gereak egitea. Ekus dezagun orretarako zer gauzak diran ta zer bidez egiñak jesusek bere aldian egin zituenak.
Jesusek egin zituen beraren izenari zegozkan lanak, eta egin zituen beraren betiko Aitak nai zuen gisan ta eran. Salbatzallearen izena da, ekusi dugunaz, Jesusen izena ta Salbatzallearen lanak dira Jesusek egin zituenak. «Ardi errebelatu galduen gisan genbilzan gu», dio Jeremias Profetak; «zeruko bazkategi onak utzi ta sartu giñan», dio, «bekatu gaiztoen lar-arte ta sasi galgarrian ta eman zion Jesusi Ait-eternoak andik gu atera ta zeruko belar onera zuzenzeko lana ta egitekoa, ta nolanai ez, baizik bere soñean gu artu ta ara zuzenzen ginduela»: omnes nos quasi oves erravimus; unusquisque in viam suam declinavit, et posuit in eo iniquitates omnium nostrum (Jerem. 53,6).
Ona lan zein gogorra Jesus maitagarri beraren izenak eskatzen ta beraren betiko Aitak ematen diona: munduko bekatari guziak edo bekatari guzien zorrak soñean edo bere gain arzea, ta oriek eskatzen dutena ogei ta amairu urteko neke gogorrekin eta eriotz agitz gogorrago batekin irabaztea; ta, ais aski irabaz zezakela, betiko bere Aitari atsegin egin naiez era orretan ta orrenbat nekerekin irabaztea.
Asi zen Jesus gaztedanik bere lan latz gogor onetan ta etzuen eskutik utzi guztiz egin ta bukatu arte guzian, ta bukatu zuen gurutzeko bere eriotz gogorrarekin. Bai, berak dionaz, gaztedanik asi zen Jesus bere lan gogor onetan, bada dio: «Nekez beterik bizitu naz ni nere gazte denbor beretik»: in laboribus a iuventute mea (Ps. 87,16).
Eta egia dio, bada jaio bezain laster arkitzen zen Jesus otzez erdi-erdiratua ta zorzigarren eguneko edo egungo egunarekin Zirkunzisioko oñazez ta odolez betea. Negu erdi-erdian zen bata ta bestea, ta negutik atera bage zuten Jesus bere itxetik eta eraman mendiz-mendi ta eremuz-eremu andik urrutiko Egiptora. An bizitu zen zenbait urtez jendagiro arrotzen artean. Andik itxera itzuli ta ogei ta amar urterañoko denboran bizitu zen lanean, neke-izerdian ta besteren pean, esaten zioten guzia, naiz andia izan naiz txikia, naiz latza ta naiz gogorra, egiten zuela; ta egiten, hitz bat atera bage ta bere barrenean naigabetxo bat etzuela.
Urrengo irur urteetan bizitu zen Jesus limosnan bezala ta ematen zioten zatia jaten zuela ta interprete andi Maldonadok dionaz, garagarrezko ogia zen geienean jan oi zuena; ta bein beinzat atera zuen berrogei eguneko garizuma, janaririk edo edaririk aren eztarriratzen etzela. Al-ere egin zituen urte orietan nork daki zenbat prediku ta nekezko ibilze ta lan.
Jesusen hordurañoko lan-neke ta izerdi guziak gauz errazak izandu balira bezala artu zuten beren kontura Judatarren arteko Eskrib, Fariseo ta gizon jakinsu geienak histaz ta deshondraz ta naigabez beterik Jesus erabilzeko lana, bai ta hura galdurik uzteko asmoa ere. Eta hura illik uzteko aldia zetorren artean, begitan arturik iduki zuten beti, ta beren onerako ta ongi-naiez Jesusek esaten ziena, izurri ta pozoi egiten zutela, arekin gero eriotz gogor baten edari miña berari egiteko ta al-ik lenena edanerazteko.
Azkenean zezen sutu egiñak bezala ingurutu zuten Jesus Salbatzallea beraren etsai oriek eta gure bekatu izugarri gaiztoak eta milla neke ta tormentu ta urratze odolezkoren buruan utzi zuten gurutze batean azpiratua ta illa.
Berak zekiela izandu ziran Jesus Salbariaren neke ta tormentu ta beste latzgarri oriek guziak. Eta betiko bere Aitaren izenean guziak arzeko prestatzen asi zen batez, jarri zen zena tristuraz betea ta izerdi ordez odola ta odola zeriola; ta al-ere esan zuen bere gogoan Jeremiasen ezpañez len esanik zedukan guzia ta beste gauzen artean: Betiko nere Aita maitagarriak nai zuena egiteko utzi nuen nere amaren itxea ta (nere etsai ta borrero gogorren eskuan) nere bizia ta soñeko piska; (oriek ziran nituen ondasun guziak): reliqui domum meam, dimisi hereditatem meam, dedi dilectam animam meam in manus inimicorum meorum (Jerem. 12,7). Zer dela uste dezu, dio Jesus berak Dabiden ezpañez, nerekin nere etsaiak egin zutena? Bost orzekoz langille batek bere alorra diña azotez oriek nere bizkarra urratzea: super dorsum meum fabricaverunt peccatores (Ps. 128,3); ilze lodi luzez gurutze batean nere oñ-eskuak jostea ta berak nai zuten gisan nere gorputzeko ezur guziak erabilzea: foderunt manus meas, et pedes meos, et dinumeraverunt omnia ossa mea (Ps. 21,18).
Artara baño len aranzezko koroiez josi zuten inguru guzian nere burua ta eman zidaten kañaberazko zetro bat eskura: et plectentes coronam de spinis, imposuerunt super caput ejus, et erundinem in dextra ejus (Matth. 27,29); ta histazko errege farragarri bati bezala, belaunikaturik agur andiak egin ta zaitzen ninduten soldadu gogor zenbaitek karkaisez ta listuz zikindu zidaten aurpegi guzia; beste zenbaitek ematen zizkidaten zaplada gogorrak eta beste guziak burutik bera nere eskuko kañaber berarekin zitzakeen golpeak: et genuflexo ante eum, illudebant ei dicentes: Ave, Rex Iudaeorum, et dabant ei alapas (Joan. 19,3), eta expuentes in eum, acceperunt arundinem, et percutiebant eum (Matth. 27,20).
Bakarrik ezin eraman nezaken gurutze bat soñean nuela atera ninduten Jerusalendik eta jaiki-erori ta erdi arrastan nenbillela eraman ninduten Kalbarioko mendira. Esku-oñak josi zizkidaten an nere gurutze berean ta hau puntaz lurrean sartu ta utzi ninduten ez zeruan ta ez lurrean, ta hirur horduz an ekusi nituen nik ekus nitzaken nekerik andienak eta ekusgarririk andi-txar-gogorrenak. Borrero zenbaiten eskura ninzan arte guzian izandu baninzan ere Dabidek dion gisako ta munduko gizonik ederrena: specious forma prae filiis hominum (Ps. 21,7), utzi ninduten giz-anzik bage ta nere gorputz guzian neke bageko zati bat ez nuela: a planta pedis usque ad verticem capitis non est in eo sanitas (Isai. 1,6).
Banekien etorkizun gogor izugarri hau jaio baño len ta len ere ta banekien denbor berean Ait Eternoak nai zuela hau guzia nere gain nik arzea munduko gaisoen zorren alde ta beren bekatu zor ta larketa gaiztotik oriek ateratzeko, ta ikasi nuen puntutik artu nuen bihotz osoz artako asmoa (in medio Cordis mei), ta asmo, hau guzia nere Aitak nai zuen horduan ta eran egiteko: ut facerem voluntatem tuam (Ps. 39,9), ta egin ere dut pits batean ere uts egin bage: consumatum est (Ioan. 19,20).
Bere erakuste guziak eta lege berri bat ematea egin zitzaken Jesusek Aingeru batez, len lenagokoak bezain errazki ta aisa. Egin zituen len egun batez ta aisa Aingeruak lenagoko lege emate ta erakuste guziak. Eta beste batez egin zezaken Jesusek berez ere hau guzia, bai ta geiago ta geiago ere; bada Jangoiko-gizona da Jesus ta Jangoiko-gizonak badagike Aingeru batek egiten duena ez ezik, Aingeru guziak egin dezkeena ta milletan ta bukanzik bageko milletan geiago ta geiago ere; berekin du alabaña Jainkotzaren ahal guzia ta ez da ahal onek noiznai ezin dagiken gauzarik. Ala ere gure lege berria agerzen ta jakin behar genuena guri erakusten egin zituen Jesusek irur urtez errenko, batetik bestera nork daki zenbat joan-etorri, prediku ta milagro; ta egin zituen oriek eta beste anitz gauza goseak, egarriak, otzak, beroak eta nekeak askotan penatzen ta estutzen zuela, ta al-ere egin zituen guziak beraren betiko Aitak nai zuena egin naiez ta guri erakusteko zeruko bidea. Orra Jesusek guri lendabizitik azkeneraño erakusten digun lenbiziko gauza: Jangoikoak nai duena zuzenki egitea. Bigarrena da hau nola egin berak egiñez guri erakustea. Aren eginkunz hau ongi ekustea da oraingo gure bigarren egitekoa.
§ II.
Bai, Jangoikoak nai duena guk egitea ta hau guk Jangoiko berak nai duen bidez ta Jesusi garraizkola zuzenki egitea da gure egiteko andia. «Igan nai duenak», dio Jesusek, «nerekin zerura, ar beza bere gurutzea ta bebill nere ondoren, egin bitza bere gauzak Jangoikoaren izenean ta bere zorren alde, bai ta agitz nekezkoak ta gogorrak diran aldian ere»: qui vult post me venire, abneget semetipsum, tollat crucem suam et sequatur me (Matth. 16,24); bada egiten dituen gogorrenak ere ez dira nereak bezain gogorrak izanen. Nik nereen alde, Apostolu Jaunak dion bezala, artu dut izen guziei ta honrei gañez egiten dien izena ta honra; ta honra, zeruko, lurreko eta sulezeko guziak belaunak lurrean dituztela ematen didatena: obediens usque ad mortem, mortem autem crucis, propter quod Deus exaltavit illum et dedit illi nomen, quod est super omne nomen, ut in nomine Jesu omne genu flectatur coelestium, terrestrium, et infernorum. Ta ematen didate aitortuz nekezko nere lanen alde arkitzen nazala ni nere Aitaren glorian (ta beraren eskoi aldean): et omnis lingua confiteatur, quia in gloria est Dei Patris (Philip. 2,8); ta bere nekeen alde izanen du niri darraikidanak ere dagokan izen ta honra guzia, ta zenbat ere andi gogorragoak ark emen nai onez arzen dituen neke-lanak, anbat eder andiagoa geroko aren atseginza ta gloria; bada ematen dio Jangoikoak bakoitzari egin dituen gauzen eginzari dagokan gisakoa: prout unusquisque gessit (2 Cor. 5,10).
Jangoikoak gugandik nai dituen ta guk beraren izenean ta geren onerako egin behar ditugun gauzak dira Jangoiko berak bere legean berezten dizkigunak. Orietatik zenbait Jangoiko berari bakarrik dagozkanak dira ta besteak besteei dagoztenak. Orien artean badira zenbait ongi kezkariak eta nekarri gogorrak; bada egiñen badira, eskura beharko dugu gaitzerako geren naikunz eta grin gaiztoa; guk alabaña beti nai genuke atsedanza, jan-edan ona, gauz-gabenz bat ez ekustea ta guzien agurra ta eskumuña, ta orietatik anitz galzen dugula baizik, ezin dagizkegu Jangoikoaren gauz oriek edo beinzat zenbait; bada orietan badira otz-beroak, aldarte txarrak, eguraldi aserreak, eritasunak eta etsaien ta gañerako gaiztoen bide-bagenz eta esker illunak, bai ta oriek dakazten kezkak eta naigabe miñak ere. Oriek guziak, bada, ta orien erako edozein beste mee-meki ta Jangoikoaren izenean eramatea ta orien emalle gaiztoei alakorik ordañez ez, baizik ongi naiez ta amorez eranzutea ta hau guzia bein ez ezik, aldiak dakarren guzian guk egitea, egiteko latza ta gogorra da; baña guk baño len Jesusek egiña ta beste agitz eta agitz gogorrago anitzekin batean egiña eta guri lagunzeko prest arkitzen den graziarekin guk ere azkenean dagikeguna.
Gure egiteko oni berari dagozkan gauzak dira Jangoikoa guk berari dagokan aldi guzietan onesturik eta honraturik uztea, ta orretarako ta geren onerako Elizak berezten dizkigun konfesio ta komunio, barur, mez-enzute guziak eta beste gauz onak egitea, bai ta gure bizi beharrak eskatzen dituen beste neke guziak onzat arzea ere; ta ekusten dezu gauz nekagarria dela hau guzia zuzenki ta utsik egin bage beti egitea.
Hau guzia zuzenki egiten dutenak beren gurutzea arturik Jesusen ondoren dabilzanak dira ta Jesusek bereak egin zituen gisan beren gauzak egiten dituztenak, Jesus bera ederki honratzen dutenak eta zori oneko bataituak; baña hau egiten ez dutenak eta Jangoikoaren legearen urratzalle gaiztoak bataituen ta kristau izena dutenak dira, dio S. Agustinek; baña lanez, izatez ta biziz Jesusek gaur artu duen izen santuaren blasfemari gaiztoak: qui male vivunt, et Christiani vocantur, injuriam Christo faciunt, de quibus dictum est, quod per eos nomen Dei blasfematur (Trac. 50 in Joan. circ. init.). Ekus zazu oraindañokoan zuk egiña ta etorkizunean egin gogo dezuna.
A, nere Jesus maitagarria! Alkea ta lotsa da oraidañoko nere ibillerak ematen didana! Izandu da alabaña guztiz txarra ta makurra. Barkatzen bazenit gaur oraindañoko nere oben ta uts egite guzia, bertatik artuko nuke zuzenki ta zure eran bizitzeko bidea. Barkatu behar didazu, bada, gugatik eraman dituzun odol-isurze ta neke arrigarri guzien izenean, ta eman behar didazu emendik aitzina garbiro, zuzenki ta zure eran bizitzeko zere lagunza ta grazia. Eskatzen dizut bihotz osoz ta nai andiarekin. Ez ukatu, bada; ez arren, ez.
|
|