|
VI S. Esteban eguneko irakurraldia
Ecce relinquetur vobis domus vestra deserta. Matth. 23.
Gaia: Ezin bestez bezala ematen du Jangoikoak betiko kastigua
Esker gaiztoa da geienean beintzat predikari onak beren hitz onen alde gaizto geienen aldetik artu oi duten saria. Hau ongi zekienak bezala esan zien bein Kristo Jaunak eskrib ta farisetzar zenbaiti (dio egungo Ebanjeli santuak): «Nik igorriko dizkitzuet profetak, gizon jakinsu ta erakusle onak; baña orietatik zenbait illen dituzue zuek, beren gurutzeetan josiko dituzue beste zenbait eta besteak azoteka erdi urratu ta botako dituzue erri batetik bestera, andik urrengora ta gero bestera ta bestetik bestera; baña begira, ori izanen da zuen gaitzerako ta Jangoikoaren eskutik arzeko zuen gaiztakeri ta beste obenei dagoten neke ta kastigu guzia. Hau ala gertatuko da ta kontu aditzen dezuten hitzarekin. Jerusalen, Jerusalen», esan zien gero berei, «izandu dituzun profeten ta predikari onen iltzalle ta arrikari gaiztoa; zenbat aldiz bildu nai izandu ditut zure hume gaiztoak, olloak bere egope beroan bere txitak bezala ta ez didazu nai nuenik egiten utzi; orra, bada, izanen dezu azkenean dagokizuna ta geldituko da utsa zure etxedi ta erria». Ala gertatu ere zen urte anitz joan bage.
S. Esteban izandu zen Kristo Jaunaren predikari on orietatik bat. Jangoikoak eman zion esku ta indar andiarekin egiten zuen anitz gauz on ta milagro. An bertako ta beste bazterretatik etorri ta an arkitzen ziran jakintsu zenbaitek artu zuten bein erdian S. Esteban ta egin zuten alegiña gure legeko gauzetan hura gezurtatzeko; baña zeruko bere jakinz eta hitzket ederrarekin mututurik utzi zituen guziak eta lotsaz, alkez ta amurranzez beteak. Jangoikoari eskerrak emateko bezala goititu zuen Santuak burua ta ekusi zuen zeruan Jangoiko beraren gloria ta Jesusen egoer-egonza ta asi zen esaten begira zegozkanei: «Ara, ekusten ditut zabaldu-idikiak zeru guziak eta Jesus Jangoikoaren eskoi aldean eseri-jarria», adirazten ziela nor zen Jesus, berak ill-erazi zutena, ta aren eskuz egunen batez artu beharko zuten irabanz ona edo pena ta neke gogorra.
Orra, gaur Eliz Ama santak Jesus beraren ta bere predikari S. Estebanen ezpañez adirazten diguna: jangoikoak agerzen diela gaizki ta makur dabilzanei ere zerurako bide zuzena eta onez-onean arzen ezpadute, beldurzen dituela zenbait aldiz besteren eskuz ta beste aldi zenbaitetan emengo bere kastiguz ta geroko arrigarri andien izutasunez. Ekus dezagun nola; gaizki bagabilza, geren bidera ateratzeko ta zuzena bada daramagun bidea, oñik ez aldatzeko.
§ I.
Iru bidetik bat artu oi du Jangoikoak makur dabillen bekataria zuzen-erazteko: leuna bata, latza bestea ta latzagoa azkenekoa. Orretako Jangoikoak arzen duen lenbiziko bidea leuna da ta ardi errebes dabillenarekin arzai onak artu oi duenaren gisakoa. Arzaiak ardi onekin egin oi duena da bere lagunetara ta etxeko bidera erakarzea ta erakarzeko txistu egitea; ta Jangoikoak makur dabillen bekatari errebelatuarekin egiten duena da beraren arzai Eliz-nagusiaren, konfesor onaren, predikariaren edo ongi nai dion besteren baten hitzez agerzea amiltegi gaiztora daramala daraman bideak, eta andik malkortu ta betiko galdu nai ezpadu, utz dezala hura ta atera dedilla zerukora ta fededun onak daramaten garbi zuzenera. «Ala da», dio S. Bernardinok: tribus modis vult Deus tollere peccata: primum per predicatores, et confesores (Serm. 47 per 5 Dom. Pas.).
Bekatua da bekataria bere Jangoikoarekin gaizkitzen duena. Bekatua da Jangoikoari bekatariaganako asertza ta begi illuna arrerazten diona, bai ta bere zuzentasunaren ta justizi izugarriaren ezpat zorrotza ere; baña hau erabilli ta legokan ukaldi latz min gogorra eman baño len adirazten dio Jangoikoak gurasoz, maisuz, predikariz, libruz edo nolerebait len israeldarrei bere profeta Isaiasen ezpañez ta gero Ecijako erritarrei zerutik S. Pablok bidaldu ta adirazi ziena.
Israeldarrei Jangoikoak len Isaiasez adirazia da: «A, zori tristeko jendea, jende zere naiez bekatupe gaiztoan zautzana ta Jangoiko aserretua ezpat izugarri zorrotz bat eskuan duela zere gañaldetik dadukazuna»: vae genti peccatrici, populo gravi iniquitate (Isai. c. 1,4). Eta gero bere Apostol S. Pabloz Ezijatarrei Jangoikoak adirazia? Orain zuk adituko dezuna.
Igorri-bidaldu zion bein Jangoikoak Ezija deritzan erriko kargudun bati bere Apostol S. Pablo, ta igorri zion bere ezpat zorrotza eskuan zuela ta begi belztasunez ta suz beteekin esatera: Ekusi nai ezpadezu gain-barren errea ta den guzia auts egiña zere erri hau, bil zaitez erriko beste kargudun zere lagun guziekin ta guziok elkar artu ta egizue erritarrak agitz aserre dadukaten Jangoikoa palakatzeko den bidea. «Iru dira», esan zion S. Pablok kargudunari, «begitan agitz Jangoikoari ematen dioten ta aserre dadukaten zuen gauzak. Lenbizikoa da Jai-igandeetakoa; bada jai-igandeak Jangoikoaren egunak dira ta egun orietan egiten dira emen lan-egun beretan baizik zillegi ez diran saldu-erosi, gauzen karraitze, moldanz eta era bereko beste zenbait. Jai ta igande beretan anitz dabilza tripazanzan, jan-edan luzean, danzan, jokoan, jolasket loi-lizunean ta anima gaisoa zikinzeko diran beste anitz gauzetan, ta bitart orretan Elizak eremu egiñak utzi ta or dabilza beste anitz soñeko arroz, antuste galduz ta hitzket galgarriz ta naikunz zikiñez beteak ete Jangoikoaren egunen zikinle gaizto egiñak.
Bigarren gauz Jangoikoari emen begitan ematen diona da gizonak Jangoiko beraren izena deshonratzen duten gisan juramentuz, maldizioz ta blasfemiz deshonratzea; bada anitz dira beren saldu-erosian ta beste lan ta egiteko askotan hau egiten dutenak. Eta irugarrena da aisa bizi diranak, salzalle, langille ta beste beharsu gaisoekin duten gogorza; bada beren langille, salzalle ta zor dituzten bestei ematen ez die edo nekez, laburki ta berandu ematen die zor diena, ta bitarte guzian badute arzalle gaisoak nork daki zenbat zer egin, negar ta neke. Eta denbor berean fite ta gogorki ateratzen dute berei beharsu berak zor diena, ta eskean dabilzan errumes erdi-illei nekez ta laburki ematen diete urrikarizko zerbait».
«Iru gauz gaizto makur oriek gatik, bada, erri onetako gaiztaginetara agitz aserre dago Jangoikoa», esan zion azkenik Apostolu Jaunak kargudunari, «ta magitik nik orain nere hau bezala, aterea daduka bere ezpata zorrotza ta eritasun gogorrez galzeko dago erri guzia». Eta egiñen ere zuen erritarrak hau ikasi ta egin ezpalute egin zutena. Ara zer.
Aditu duguna esan ta gorde zen Apostol santua ta utzi zuen erdi illa ta guztiz arritua karguduna. Hordurik galdu bage billatu ta bildu zituen bere lagunak. Agertu zien aditu ta ekusi zuena. Izutu ta beldurtu ziran aren lagunak ere ta Jangoiko aserretua palakatzeko ta aren kastigupe izugarritik beren buruak eta erritar guziak ateratzeko, artu zituzten bide ta neurri guztiz onak; bada billatu zituzten relijioso, misionistak; adirazi zuten oriek pulpitotik, kalez kale zebilzala ta al zuten alde guzietara Jangoikoaren aserkunz zuzena ta erritarren penitenzi andi ta bizitz on bana egin beharra. Beldurtu ziran erritarrak ere ta negarrez, konfesioz, limosnaz ta egin zituzten beste gauz on anitzekin geldirazi zuten Jangoikoaren ezpata. Eta kargudunak betiko urratu naiez leneko gaiztaginzen bidea, beren ordenanz berriekin kendu zituzten jai-igandeen leneko zikingarri guziak eta nekazari, langille ta beharsu gaisoen alde, eta juramentari ta blasfemigille gaiztoak eskura erakarzeko ezarri zituzten lege ta kastigu egokiak. Eta zeren lan on hau eragin zien Apostol jaun S. Pablok, berezi zioten urten oroko bere fest andia ta beren ondorengoentzat utzi zuten gilzape sendorrean gordea aldi artan agituaren ta egin zuten guziaren berria. (apud P. Martin de Roa).
Zori oneko bekatari damuz beteak Ezijaren eran aditzen dituztenak Jangoikoak predikariz, konfesorez, libruz edo edozein beste bidez igorzen diezten mandatu onak eta Ezijar berak bezain humilki ta laster beren gaizki guziez urrikiturik konfesio zuzenak eta beste gauz onak egiten dituztenak; bada ori egiten dutenak Ezijar berak bezain fite ta laster erditsiko dute egiñen barkanza ta bekatu berririk ez egiteko Jangoikoaren lagunza ta grazia.
Baña bekatari gaiztoak ez-aditu egiten badio Jangoikoari edo Jangoikoak predikariz ta beste bidez bidalzen dion mandatu onari, bekatari beragana berriro aserretuko da Jangoikoa. Al-ere kastigutara baño len, balegike S. Bernardinok dion bigarren gauza ta igor lezoke bere bigarren mandatua; baña mandatu, lenbiziko mandatua baño gogortxeagoa, ta mandatu, munduko zenbait jaunen eskuz egiña: secundo per principes. Hau da len Faraonekin Jangoikoak egiña ta geroztik beste gaizto zenbaitekin ere egin oi duena.
Egiptoko errege Faraonek neke gogor andian zeduzkan bere erreinuko israeldar on guziak. Negarrez eskatu zioten orien arteko zenbaitek etzitzala, arren, anbat nekatu; baña Faraonek ez-aditu orien otoitzei egin ta leneko neke gogorrak arindu lekuan, eman ziezten leenen gain neke berriak eta utzi zituen len baño ere agitz nekatuagoak. Faraonen gogorz gaizto hau ekusi ta urrikaldu zen bere israeldar onez gure Jangoikoa, ta igorri ta bidaldu zion Faraoni beraren Jangoiko edo gizon milagrodun egiñik Moises zeritzan ta Egipton arkitzen etzen beste israeldar bat. Eman zion Jangoikoak Moises oni Faraon-petik israeldarrak ateratzeko bidea. Bidea zen Faraoni eskatzea Egiptotik atera ta baso-eremu batean beren promes bat ateratzeko baimena ta eskua, ta ark hau ematen ezpazien, Jangoiko berak berari adirazten ziona zuzenki arekin egitea.
Eskatu zion Faraoni Moisesek Jangoikoaren egiteko onetarako bere baimen-eskua, ukatu zion Faraon gogorrak eta artu zuen Moisesek Jangoikoak emanikako eskua, ta asi zen egiten Jangoiko berak adirazten ziona ta Faraon bezain gogortua arkitzen etzen bat beratzeko aski ta sobera zena. Bein bete ziozkan odolez gere ibai andiko ta bazter guzietako urak; gero laur oñeko zikiñez bere jauregi bera ta jauregiko gauzak, geletako maiak, oatzeko maindirak ta bazter guziak, bai ta erreinuko beste guzien itxe ta bazterrak ere; ta gero ezten zorrotzak dituzte euli zanka luzez, zeruko suz ta milagrozko aizez erre ziozkan bazter guzietako gari ta labore ziranak, bai ta frutaldietako sagar, udare, txermen, mats eta beste jan-gai guziak ere ta oriekin batean larreetako ta mendiko belar ta osto guziak. Azkenean Faraon berari ta beste aren erreinutar guziei aingeru baten eskuz ill ziezten Jangoikoak beren etxeetako seme nagusi guziak. Zori oneko erregea Faraon, jangoikoaren orrenbat zenza-gai gogorren buruan gelditu baliz zenzatua ta damuz ta graziz ondua!
Hau da aldi artan Jangoikoak Faronekin egin zuena. Onekin bezain gogorki ezpad-ere, egin oi du beste bekatari anitzekin ere, bekatari berak bere predikariz ta konfesor onen hitzez ta esanez ezin eskura dituen aldian, era bereko zerbait kastigu. Gorputzez anditua ezpada bekataria, aski da onetarako beraren gurasoa edo maisua; bada esanez, mehatxuz ta behar den aldian zeatuz, adirazten dio bere zenzatu ta ondu beharra. Gizon egiña edo andia bada bekatari moldakaitz zuzendu beharra, zenzarazten du Jangoikoak alkate jaunen, erriko kargudunen edo justizi andien zeanzez, kastiguz, erbestuz, presondegiz, katez edo beste bideren batez.
Ezpaliz Jangoikoa den bezain ona ta urrikaltia, inguruk oriek artu bage emanen lioke bekatariari dagokan sari ta pena gogorra; baña ez da ori Jangoikoaren gogoa; Jangoikoaren gogo ta naia da bekatariari bere gaizki guziak barkatzea, zerurako gauz onak egiten lagunzea ta zeru bereko atsegin andiz beterik gero beti idukitzea, ta hau guzia egiteko nai duena da bekatari bera gaizki egiñaz damuturik eta onzeko asmo garbi beroan uztea. «Bai», dio Jangoikoaren izenean Jeremias profetak, «aldatzen badira gaiztoak gaizetik onera, aldatuko naz ni ere oriek galzeko nuen asmo neretik oriei berei onak eta ongi andiak egiteko asmora»: si paenitentiam egerit gens illa a malo suo... agam et ego paenitentiam super malo, quod cogitavi, ut facerem eis (Jer 18,8).
Hau da len ta gero Jangoikoak egin izandu duena ta bein Ninive andiko gaiztagin guziekin egiña. Igor-bidaldu zien bein Ninibetar bekatari andiei Jonas profeta aien erria berrogei egunen buruan arrasatuko zuelako berri izugarriarekin: adhuc quadraginta dies, et Ninive subvertetur (Jon. 3,4); baña berri hau aditu bezain laster asi ziran engo errege ta erritar guziak baru ta baru ta penitenzi, ta palakatu ere zuten Jangoikoa ta gelditu ziran beren erri ta zituzten ondasun guziekin ta sasoi ta osasun onean. Israeldarrak gaiztatzen ziran aldian, igorzen ziezten Jangoikoak bere profetak eta predikari onak. Orien esanak arzen ezpazituzten, igorzen ziezten beren bazterretako jende, geiago zezaken gogor, anitz gaitz egiten zienak; baña beren gaizki egiñaz damuturik ekusi bezain laster, ateratzen zituen beren etsaien atzapar ta nekepe gogor guzitik. Ekusi dugu Ezijarrak, Ninivetarrak eta israeldarrak Jangoikoaren predikari onak aditu ta egin zutena. Ekus dezagun egiten ez duten gogorrekin azkenik egin oi duena.
§ II.
Besteren eskuz eskuratzen ezpaditu, arzen du Jangoikoak gaizto guziak eskuratzeko, ta aren eskura nai ezpadute, galdurik uzteko eskua. Ez da onetaratzen Jangoikoa azken horduraño edo onez-onezko bideak egin arte guzian; da ta animale guzien errege leoia bezalakoa; ta leoiak ez dio bati ere, S. Cirilok dionaz, atzaparrik luzatzen itsatsia ta orzez urratzeko, an datorrela lenik orroz adirazi bage: cum leone se Deus comparat, non prius insiliente, et ex ira praedam devorante, nisi minas praemiserit.
Hau bere dio S. Basiliok ere, ta dio, Jangoikoak bekatariarekin egiten duena S. Cirilok baño geiseago agerzen digula; bada dio: «Zein ona ta zein urrikaltia gaizto galduekiko Jangoiko-gizon maitagarria!
Bada ekusten badu ere orien gaiztakeri galgarriak eskatzen duen saria ta sekulako galduak uzteko ematen dion gaia, geldi-geldirik daduka bere eskua ta adirazten die gaiztagin berei begira dutela, betiko galduak dirala, beren gaizki guziez damuturik onzen ezpadira»: clementiae Dei erga homines peculiare hoc est: non clam, aut silenter ingerit suplicia, sed intendens comminationes, ea praedicit affore, per hoc peccatores invitans ad paenitentiam (in Isai. 5).
Hau bera bekatari berei adirazten die Jangoikoak S. Bernardinok dion irugarren bidez ta eran ere, edo gerraz, izurriz ta gosez: tertio per bellum, pestem, et famem (ubi supra), edo iru gauz oriek adirazten dituzten gauzetatik batez edo bestez. Gauz oriek adirazten dituzten gauzak dira gorputzeko eritasunak, barreneko kezkak, zerua galzeko beldurrak, bere gañera datozkiola deritzan infernuko neke gogorrak, etxeko norbaitek bizten diozkan kudu-miñak eta erriertak, auzoko batek egiten diozkan naigabenz eta esker gaiztoak, eta oriekin batean ilzeko ta bere bizi gaiztoaren kontu zorrotzak emateko ta oni dagokan zori gaiztoko saria arzeko dagolako gogoranz eta oroitzapen illunak. Orrenbat aldetara ta askotan geiagotara ere estutzen du Jangoikoak bekataria, len Tambornalek artu nai zituen erriak bezala, ta ertsi-estutzen du hau kastigura baño len bere eskura naiez.
Persiko errege izugarri Tambornalek gerran zebillen aldian ingurutzen zuen armaz ta soldaduz artu nai zuen erri murrutua. Lenbiziko egunean agerzen zien erritar guziei bander zuri bat eta adirazten, ematen bazioten bertan beren erria, artuko zituela bere pean ta ongi erriko guziak. Hura ekusi ta ere igitzen ezpaziran, urrengo egunean agerzen zien bander gorria ta adirazten, eskuratzen ezpaziran egun artan, illen zituela erriko zaldun guziak. Al-ere eskuratzen ezpazituen, agerzen zien azkenean bander belz bat eta adirazten zien, luzatzen bazuten aren eskuratzea, ill-eraziko zituela suz, ezpatez ta alde guzietara erriko andi ta txiki ta on ta gaizto guziak, eta utziko zuela erri guzia auts ta arri-pill egiña (Paul. Jov in elog.).
Era orretan, bada, Jangoikoak eskura nai du bekataria, lendabizian leunki ta meeki adiraziz ongi dagokana. Aski ezpada deikunz leun-mee hau, ots egiten dio gogorkiseago ta gizonen zenbait kastiguz edo esate ta adirazte zorrotzez. Eta lena ta hau aski ez diran aldian, arzen du eskuan zigorra ta ematen diozka eritasunak eta adirazi ditugun beste ukaldi ta golpe gogorrak. Al-ere zenzatzen ta Jangoiko urrikaltiaren eskuratzen ezpada, ematen dio azkeneko ukaldia ta ondatzen du betiko sulezean; bada ezkenean nori berea emateko dagon Jauna da gure Jangoiko epedun urrikalti maitea: Altissimus enim est patiens reditor (Eccl. 5,4).
A, gure Jesus maitagarria! Ez, arren, orretarañokorik, ez! Zenzagabe bat bezala bizitu naz ni nere gaiztakeri eroetan ta orien kastigatzallerik ezpaliz bezain aisol-kabenzan ta nere gogoz ta lanez esaten nuela: gaiztakeri anitz egin ditut nik, baña zer andik? Deus ere: peccavi, et quid mihi accidit triste?; ta zure mehatxu, adirazte ta onezko kastigu guziez irri egin ta egin dut nere gogo gaiztoak nai zuena; eta orra non zure eskupe gogorrean galzear nazan eternidade ta sekula guzirako! Ez, arren, Jesus maitea, ez. Idiki ditut noizbait nere begiak ekusteko leneko nere erakeri guziak. Zori gaiztoko nere galgarriak oraindañoko nere ibiller makur ta bekatu gaizto, sekulako begitan naik gaurdanik artuak! Indazu, bada, orien barkanza ta zere grazia, bai ta nere eriotzeraño ongi bizitzeko zere lagunza ta indar andia ere. Bai arren, bai.
|
|