|
VII S. Joan Ebanjelariaren eguneko irakurraldia
Recubuit in coena super pectus ejus. Joann. 21.
Gaia: Jesusen Bihotzeko onen gisan bizi ta ill nai duenak egin beharra.
Elizak gaur Jangoikoari eskatzen dio digula Ebanjelari S. Joanek erakusten diguna ikasteko argia ta ikasten duguna egiteko grazia; ta S. Joanek gaurko bere Ebanjelio santuan erakusten diguna da Jesusen Bihotzerako bidea; ta ark hau erakusten digu hitzik atera bage ta berak Ostegun Santu arratsez egin zuena agertuz. Badakizu zer den arrats artan ark egiña? Gaurko Ebanjeli santuak diona: Jesusen Bihotza billatu ta bere burua aren gañean me-meeki ezarzea; ta hau ark an ezarzea isillik Jesusi galdegiteko berak eta beste Apostol guziak jakin nai zuten ta Jesus beraren alde zen gauza.
Maian jarri ta afalzen hari zirala gelditu zen Jesus naigabe andi batekin arkitzen zenaren gisan ta asi zen maiko guziei esaten: «Zuen arteko bat artan dabil ta saldu behar nau ni». Hau aditze berean arritu ziran bat ez beste guziak eta guzien izenean diogun eran jarri ta galdegin zion S. Joanek Jesusi: Jauna, zein da diozun eskerbage gaiztoa? Galdetu zion neke artan Jesus ez ekusi naiez ta beren kezkatik Apostol onak ateratzeko. Ikasi zuen S. Joanek Jesusi galdetu ziona, artu zituen bidenabar Jesusek bere Bihotzeko onei egiten diezten zeruko anitz on ta ill zen azkenean Jesus beraren maitazalle onari zegokan gisan ta eran. Baña etzion Jesusek hau guzia S. Joani egin S. Joan geldirik zegoela; ta izan nai badugu S. Joanen gisan Jesusen Bihotzeko onak eta Jesusen ondasun andietan ta eriotz zori onekoan S. Joanen lagunak, ikasi ta egin behar dugu S. Joanek artako egin zuena. Goazen, ekusiz geren aldian guk egiteko, berean ark ederki egiña.
§ I.
Jesusen Bihotzeko maitari ona izateko ta adirazi ditugun beste ondasun andiak erdits naiez Ebanjelari S. Joanek egin zuen lenbiziko gauza zen garbi-garbiro beti bizitzea; bai, ala da, dio Nizeako Doktore S. Gregoriok: diligebat eum Jesus, quoniam specialis praerogativa castitatis ampliori dilectione fecerat dignum.
Orra, bada, Jesusen Bihotzekoa izan nai duenak orretarako ta adirazi dugun beste guzirako egin behar duen lenbiziko gauza: gogoz, hitzez ta lanez garbi garbia izatea. Badakizu zergatik? Zeren garbiak diran, Espiritu Santuak dion bezala, Jangoiko Erregea beren adiskide egiten dutenak: qui diligit cordis munditiam, habebit amicum regem (Prov. 22,11), ta zeren adiskideak adiskideenzat dituen bere ondasunak. Eta beste alde, zeren gogoz, hitzez ta lanez garbi ez diranak sartuko ez diran Jesusen Bihotzean, ez eta zeruan ere: non intrabit in eum aliquid coinquinatum (Apoc. 21,27).
Jesusek berekin du Jangoikoaren edertasun garbia ta garbitasun bazterrik bagekoa ta ezin ekusi du aragiaren loikerirekin urbilzen zaion anima. Ez du izutzen Jesus otzak, ez du izutzen gabeak edo beharrak, ez du izutzen itxol txarrak edo ganadutegi ezkaratzak eta estalbiak, ez eta eri baten leprak, zauri izugarriak, usteltasunak edo materi loi itsusiak ere; bada gauz orien erdian bizitu zen Jesus ogei ta amar urtez naigabe bat agertu bage ta eririk zikin(en)ei ere onak eta ongi andiak milagroz ere egiten zieztela; bekatu loien zikinkeria da Jesusek bein bad-ere begi onez ekusten ez duena.
Ez da anitz hau, bada zeruko aingeru andienak ere ez dute Jesusen garbitasun eder-zuriaren zazpi mil-milla-milloi zatitatik baten laurdenik ere, ta al-ere ezin ekusi dute aragizko bekatu baten zikinkeria, orain adituko dezunak adirazten duenaz.
Zaldun prinzipe batek zuen etxean beste anitzen gisan bere mez-emallea. Zalduna gizon birtuteduna zen ta egun oro enzuten zuen bere meza. mezakoan ekusten zuen meza ematen zionaren aingerua, ta ekusten zuen aingeru onak atseginz andiarekin eskeinzen ziola Jaongikoari mezako hostia. Egunak joan ta goiz batez besterik ekusi zuen zaldun berak; bada ekusi zuen aingeru bera tristuraz ta illuntasunez betea, ta ekusi zuen mez-astetik mezaren bukanz azkeneraño haritu zela itsas-afar gogortu edo esponja batekin mez-emalle zikinduaren burua garbitzen ta jautzen; baña nai zuenik erditsi bage ta bere zikinkeritik bat ere ari kenzen etziola; ta azkenean ekusi zuen eskuan bildu zuela aingeru onak esponja ta ongi estutu-ersi-prensatu ta bota ziola burutik bera esponjak zuen zikinkeri guzia ta gelditu zela burutik oñeraño mez-emalle tristea infernuko belz itsusia zirudiela.
Bazter batera eraman ta esan zion gero zaldunak mez-emalle gaisoari: «Gizona, nik mezakoan ekusi dudanaz, atzo goizetik egun goizeraño egin dezu zuk gauza gaiztoren bat; esazu egia». «Bai, jauna», eranzun zion alkez ta lotsaz beterik, «bart egin dut bekatu zikin bat». Hau aditu ta ezagutu zuen zaldunak zergatik zen egun artako aingeruaren illunza ta tristura (In bibliot. PP. 12 S. Petr. Dam. ep. 1).
Baña hau baño ere egokiagoa da diogun onetarako beste gauz hau. Deabru batekin bere joan-etorri gaiztoak zituen gizon batek egin zuen beste bekatu zikin bat. Jarduki nai zukean gero bere deabru berarekin. Egin zituen hura sulezetik erakarzeko ziran arrasto ta hitzket zenbait. Baña oi zuen gisan etzen agertu deabru gaiztoa. Haritu zen gizon bekatuz zikindua bere lan berean ta deabruari ots eta ots, agertu zitzaion arte guzian, ta azkenean ere agertu zen agitz urruti. Galdetu zion gizonak, zergatik etzen etorri lenago ta zergatik etzen argana urbilzen. Ire bekatu zikiñaren usai gaiztoagatik, eranzun zion deabruak (Cantimpr. 1. 2, apum. c. 39).
Bada aingeru onak ez ezik deabru gaiztoak ere ezin ekusi badu aragi sutuaren zikinkeria, nola naiko du ekusi oriek biak baño milletan ta milletan begi argi ta garbiagoak dituen Jesus maitagarriak? «Zikinkeri loi oni beren bihotz gaiztoan toki egiten dioten gizonak ez dira Jesusen eskolakoak, deabru belz zikiñaren eskupekoak dira», dio S. Gregoriok: dum fornicatores desideriis carnis assentiunt, potestati malorum spirituum subduntur (In 1 reg. 14). Jesusen eskolakoak, Jesusek emen maite dituenak eta zeruko bere ibilleretan ta paseanzan darabilzanak dira emen garbiro bizi diranak. «Bai», dio egungo gure S. Joanek, «eun ta berrogei ta lau milla zebilzan zeruan Jesus maitagarriarekin ta guziak ziran andre konturik eta aragiaren zikinkeririk izandu etzutenak»: virgines enim sunt: hi sequuntur Agnum, quocumque ierit (Apoc. 14,4).
Era onetako garbi ederren erdian dabillela Jesus Bildots garbi maitagarria lenago ta lenago ere adirazia daduka Eskritura santak; bada hordutik esaten digu lilio zuri ederren artean arzen duela Jesus Bildotsak bere belarra: pascitur inter lilia (Cant. 2,16), ta anima lilioak garbiro bizi diran animak dira.
§ II.
Beste Apostoluak ere, Jesusek Apostol egin zituenetik beinzat, gizon garbiro bizitu ziranak ziran; baña guzien artean S. Juan zen len ta gero agitz garbiro bizitu zen Apostol gizona; ta gizon ta Apostol, Jesus ekusteko begirik garbien ta argienekin arkitzen zena, ta oni ta beste Apostol guziei urrutitik agertu zitzaien batez, onek ezagutu zuen ta bestek ez Jesus maitagarria: Virgo Virginem agnovit.
Berez zetorkion ta nekerik bageko garbitasuna ta birjindadea etzen S. Joanen birjinz garbi hau; berak bere gaztetasun beretik billatu zuen birjinza zen eta berak bere nai andiz ta kontuz billatu gordea; ta orregatik zen, Euthimiok dionaz, zeruko aingeru garbiei atseginz andi bat ematen ziena; ta atseginz, horduko denbor aldietan gaurko gureetan baño agitz andiagoa ematen ziena; bada S. Geronimok dionaz, Jangoikoa gizon egin ta mundura zen arte guzian, etzen munduan birtute ezaguna ezkontzara bage garbiro ta birjen bizitzea, ta al-ere garbiro ta birjen bizitu zela dio beti S. Joan Ebanjelaria: Virgo electus ab eo (Jesu) virgo in aevum permansit; ta S. Pedro Damianok esaten digu betiko bere birjen-tasun garbi onen alde utzi ziola Jesusek ilzeko hordu berean amatako bere Ama maite Birjen Maria, ta Birjen Mari bere Ama maiteari semetako ta bere ordez bezala birjen garbi S. Joan Ebanjelaria: cui Christus in cruce Virginem virgini commendavit. Eta onek guziak adirazten duenaz, orra zein andia S. Joanen birjenza ta aragiaren zikinkeririk bagea. Eta orra bidenabar Jesusen ontart andi hau ta beste anitz erdisteko ta eriotz on baterako S. Joanek egin zuen lenbiziko gauza: garbiro beti ta aingeru baten eran bizitzea.
Eta orra era berean ta ongi ill nai dutenak alegin guzian egin behar dutena: ongi ilzeko naia ta gogoa arzen duten egunetik kontuz ta garbiro bizitzea; bada era orretan bizi diranei, beste gisan len bizitu baziran ere, ematen die Jangoikoak eriotz on batek eskatzen duen lagunza ta grazia, bai ta bere aldian eriotz on bera ere, ta bitarte guzian zeruko mil ondasun ta doai. Hau guri adirazteko berri egokia da Gala Erromako konsul Simakoren alabarena.
Izandu zituen dam onek ezkonz andiak Erroman. Ema zion hordu onez bere aitak orietatik bat, baña ezkondu ta laster gelditu zen senarrik bage ta alargun egiña. Len billatu zutenak billatu zuten berriz ere ezkonz berrirako; baña oriek utzi ta artu zuen bakarrik eta garbiro bizitzeko asmo-gogoa. Hau ikasi zuten aldian, argana ziran aren aide zenbait, baita mediku bat edo beste ere. Aide ara ziranak esan zioten zekiten guzia hura berriz ezkon-erazi naiez. Ez-aditu egin zien alargun onak oriei. Hau ekusi zutenean esan zioten, an zeuden mediku jaunak esaten zutenaz, ezkonzen ezpazen etzuela izanen osasunik. «Naiz ez», eranzun zien damak; «bada badut uste, osasunik ez izanagatik, ez nabela utziko anima garbiei ongi nai dien Jesusek». Eta bere aldetik mediku ta aide guziak ken-erazi ta asi zen alargun garbi onaren bizitza egiten ta bizitu zen etxeko egitekoa, Elizako serbitzua ta Jangoikoaren maitanza baizik gogoan etzuela.
Eman ziozkan Jangoikoak maite dituenei eman oi diezten emengo ondasunak eta zerurako gaiak eta orien artean bere eritasunak eta ezkenenan azkenekoa. Gabaz izaten zituen bi argi bere gelan ta azkenekoan ekusi zuen argi orien erdian S. Pedro Jesusek igorri bidaldua. Ekusi zuenenko esan zion poz eta atseginz andiarekin: «Zeruko gilzak dituzun nere Apostol andia, idikiko dizkidatzu ango ateak eta atariak? Barkatu ote dira nere bekatu guziak?»: Domine mi, dimissa sunt pecata mea?. «Bai, atoz», eranzun zion Apostol santuak: dimissa sunt. Veni.
«Ongi ta mil esker, nere Apostol santua», esan zion eriak S. Pedrori, «baña ez nuke bakarrik igan nai zerura. Emen dut Benita deritzan lagun bat eta nai nuke igan ledin nerekin hau». «Ori ez», eranzun zion Apostol S. Pedrok, «ez da oraindik prestaturik arkitzen ta prestatuko da ogei ta amar egunen buruko». «Hau ezpada, bada, datorrela nerekin bigarren nere laguna», esan zion alargun garbiak Apostol santuari. «Ori bai», eranzun zion santuak eta gorde zitzaion. Deitu zituen bertan eriak itxeko guziak eta kontatu zien ekusi ta aditu zuena ta andik laster ill ta igan zen bigarren bere lagunarekin zerura (P. Catt. t. 2, disc. 213).
Alargunak eta ezkongai garbiak ez ezik, ezkondu berak ere zerurako jaioak dira ta nai du Jangoikoak guziak beren ill-hordurako arki ditezen arako gai egiñak eta ongi prestatuak. Arako prestanzak eskaten die bestei bezala ezkondu guziei ere animako garbinza ta ontasuna. Ezkondu onak garbinz on hau izateko bizi beharko dute ezkonzako lege zuzenak eskatzen duten eran ta Jangoikoaren legeko gauzarik urratu bage. Ala bizitu ziran len Ana, Samuel juez ta profet andiaren ama, S. Joakin ta Sant Ana, Jesusen Amaren ait-amak, S. Joan Baptistaren ama S. Isabel ta lege zarreko beste anitz eta asko, eta gero beste anitz mill-millaren erdian S. Agustinen ama Santa Monika, S. Isidro nekazaria ta Portugalko erregin S. Isabel, guziak ezkondu onak eta humedunak, guziak Jangoikoak emen bere ondasunez beteak eta gero ongi illak eta guziak bere aldarean Eliz Ama santak ezarririk daduzkanak.
§ III.
Ez du mundukok erditsiko S. Joan Ebanjelariarena diñako birjindadea ta animako garbinza, baña edozeñek, naiz ezkondua izan ta naiz ez, erdits dezake eriotz on baterako behar den guzia; ta ori erdisten badu, arkitzen da S. Joanek bere andi ederrarekin adirazten ta erakusten digun ta Jangoikoak bere zerua emateko eskatzen duen guziarekin. Aragiaren zikinkeririk bageko bizitza ta animako garbinz hau billatzen duenak egin behar ditu sei gauza. Lenbizikoa da humilki hau ta askotan Jangoikoari eskatzea, Eskriturako jakinsuak egiten zuen bezala, ta egiten zuen ark hau, zeren zekien gis onetan baizik garbiro ezin bizi zitekela: quoniam aliter non possem esse continens, nisi Deus dete... adii Dominum, et deprecatus sum illum (Sap. 8,21).
Hau bera egiten zuen Thebaidako konbentu bateko abades Sarak. Amairu urtez izandu zituen Sara onek aragiaren ta etsai gaiztoaren tentanz andiak eta garaitzen zituen ziranak Jangoikoagana joan ta otoitz egiten ziola. Etzuela garaituko ekusi zuenean, utzi zuen etsaiak esaten ziola: «Garaitu nazu, Sara, garaitu nazu». «Nik ez», eranzun zion Sarak, «nik eskatu ta Jesusek garaitu zaitu»: Non ego vici te, sed Deus meus Jesus.
Bigarrena da gizaki ta emazteki arteko joan-etorri, ibiller ta egoer utzi al guziak uztea, gogoan arturik santa bati ta beraren alabari S. Geronimok esaten ziena: «Badakit zer diodan», esaten zien, «ta siñist nazazue: gizakiarentzat gauzarik bata galgarriena emaztekia dela ta emaztekiarendako gizakia; bada bestearendako sua da batetik eta bestetik agotz-lastoa»: credatis experto, nihil periculosius viro, quam mulier, nec mulieri, quam vir: uterque palea, uterque ignis (In Reg. Mon. ad. Paul. et Eustoch.).
Irugarrena da elkargandik oriek begiak ere kenzea, oroitzapen ta naikunz zikinei biderik ez emateko: virginem ne conspicias, ne scandalizeris in decore illius (Eccl. 9,5); ta S. Paula berari ta Eusthoquiori, oriek ziran am-alaben izenak, gaztigatu zien S. Geronimo berak etzutela gizoni zer begiratu, galdu nai ezpazuten anitz balio duen animako garbinza: viri... quaretatis effugere faciem: cito perditur, nisi fortiter custodiatur, quod carum est (ubi sup.).
Laugarrena da loan, janean ta ardoan kontuz ibilzea, geiegiak utzi ta indarrak arzeko behar denarekin gelditzeko; bada hau egiten ez dutenak, dio S. Anbrosiok, su ta su ematen diote aragi zikinleari: pascitur libido conviviis, nutritur deliciis, vino accenditur (Lib. de paenit. cap. 14).
Bostgarrena da gauzen egin aldian ta noizean bein gogoan arzea zere ill beharra, Jangoikoari kontu eman beharra ta lizunkeriari darraikon betiko sulezea: in omnibus operibus tuis memorare novissima tua, et in aeternum non peccabis (Eccl. 7,40).
Seigarrena da gugatik Jesusek ekusi zuena ekusi ta beraren Bihotz gure amorez idikira etsaiaren tentaldi guzietan iges egitea ta gordeko gaituelako uste andiarekin hau guk egitea.
Gauz oiek guk Apostol garbi S. Joani garraizkola egiten baditugu, geren alde izanen dugu Jangoikoaren grazi andia ta lagunza, errazki itzaliko ditugu aragiaren suak eta garrak, bai ta etsai gaiztoaren tentaldi loiak ere; ta geldituko gara animan zikinkeririk bage ta S. Joan Ebanjelariak berean izandu zuen garbitasun ederraren erako garbinzarekin, ta alde onetatik eriotz on banatarako ongi prestatuak.
Alde guzietatik geren buruak prestatzeko egin behar dugun gañerako guzia da Santu beraren eran Jangoikoak gugandik nai duena zuzenki egitea. Santuagandik Jangoikoak nai zuena zen ark bere Jangoiko bera garbiro ta zinki maitatzea, ark Jesusen Ama bizi zen arte guzian ongi zaitzea, serbitzea ta honratzea, ta denbor ta aldi berean ta bere bizi guzian Jangoikoaren lege berri ona mundu guzian banatzea. Hau da guztiz ederki beti ark egiña, bada maitatu zuen beti bere Jangoiko maitagarria ta ari atsegin egin naiez egin zion beraren Amari, bere kontura artu zuen hordutik aren eriotzeko horduraño, seme on batek bere ama maiteari dagikeon guzia.
Jesusen Ama bizi zen denboran bakarrik hau ez uzteagatik, ibilli zen S. Joan Asiko Elizak zaitzen ta orietako guziei erakusten jakin behar zutena; ta Jesusen Ama zerura igan ondoan bere lan berean ibilli zen Jerusalendik Erromaraño, bai ta bien arteko itsas isletan ere. Eta bere lan hau obeki egin naiez ta bazter orietakoei ez ezik munduko beste guziei ere jakin behar zutena erakusteko, ezarri zituen libruz Jangoikoak orretako agertu zoizkan gauz andiak. Eta bere lan hau oni eragozteko etziran aski izandu Erromako tormentu ta erbestu ta desterru guziak ere; ta zartu ta indarrik bage arkitzen zen denboran ere, joaten zen besteren besoetan Elizara, zegokien guzia an fededunei erakustera.
Orra, bada, S. Joanek guri erakutsia ta alegin guzian guk egin beharra, izan nai badugu aren zori oneko eriotzaren erako eriotza on bana: Jesusen Amari guk egitea beraren deboziozko lagunz ona ta guk ari hau egitea egun oro ta geren bizi guzian; beti gu bizitzea Jangoikoaren legeko bidetik oñik atera bage; munduko guziei ekusgai onak beti guk agerzea, maita dezaten guziak ongi ta ziñez gure Jangoiko maitagarria ta bidenabar onzat arzea Jangoiko berak bere edo besteren eskuz igorzen digun nekagiro ta lan guzia.
A, nere Jesus maitagarria! Ori da nik zuzenki egin nai nukena; baña ez naz ni S. Joan Ebanjelaria; bekatari txar ezer-ez bat naz ni ta nerez ta zure lagunzik bage deus guti dagikedana ta gauz on bat ere ez. Egiñen badut, bada, diodan hau guzia, lagundu behar didazu zere beso bortitzarekin ta grazi ta indarz anitz ematen didazula. Indazu, bada, egungo santu andi S. Joanen ta santu onek dakizun bezain ederki serbitu, honratu ta maitatu zuen zure Ama maitearen izenean. Bai arren, bai.
|
|