ZAZPIGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Aintzineko bera.
KATALIN: Hire neskatxa horrek aita nun du?
XEXILI: Suedan, bixtan da, hangoa denaz geroz.
KATALIN: Eta, hemendik Suedaraino baduia treinarik?
XEXILI: Hori ez dakit, bainan Parisen gelditzekoa da. Han ikusiko du norat jo, etxeko berrien arabera.
KATALIN: Jes! Zer ditun boza horiek kanpo hortan? (Atea jotzen dute) Aintzinat! (Agertzen dira bi gizon, Panpili dakartela ahal bezala. Panpilik izterra odoletan du. Ai-ai-ai-ka ari da)
XEXILI: (Arras asaldatua) Zer gertatzen da?
OTOZAINA: Nik jo dut otoarekin. Neskatxa hau zuen etxean den udatiar bat omen da. Bainan ez da ene falta. Bera jin zaut azpirat.
KATALIN: Nolaz hortaratu da, dohakabea?
OTOZAINA: Ez dakit zer iragan zaion burutik. Ez du so egin, ez eskuin eta ez ezker. Tirahala bidea trebesatzen hasi da. Emaiten ahal nion arrasta guzia eman diot otoari, bainan ez nezaken neholaz ere huts egin.
KATALIN: Xexili, lagun-azu bere ganberarat. (Xexilik eta otozainaren lagunak joaiten dute Panpili)
OTOZAINA: Ez dakit nola ez dudan han berean garbitu.
KATALIN: Hainitz kolpatua dea?
OTOZAINA: Ez dakit. Mirikuari dei egina diot. Apur baten buruan hemen izanen duzue. Nik uste, izter hezurra hautsia duke. Herrestan eraman dut han-harat. Bainan edozoinek nik bezala eginen zuen. Ez da ene falta.
KATALIN: Ez naiz harritzen gertatu zaionaz. Hemendik arras nahasia ateraia zen.
OTOZAINA: A! Ohartua zinen beraz zu ere? Zentzua xuxen duenak ez du holakorik egiten. Iduri luke kasik bere buruaz etsiturik nahitarat dela hortaratu.
KATALIN: A! Jainko ona! Ez ginuen beste beharragorik!
OTOZAINA: Galda-ozute edozoin lekukori. Denek gauza bera aitortuko dautzute. (Otozainaren laguna agertzen da) Bon, gu bagoaz otorat. Engoitik jandarmak ere han dituzkegu. Hunat ere segur etorriko zaizkizu. Agur beraz, anderea.
KATALIN: Ba, agur jaunak.
XEXILI: (Nigarrez agertzen da) O ama, zer behar dugu bilakatu?
KATALIN: Ez din balio sintsakerian artzea. Ez gaitin horrek onduko. Mirikua laster hemen izanen baitun, behar dinau neskatxa hori biluzi, garbitu eta ohean ezarri. Ekar-an hortik ur bero xorta bat. (Xexili jalitzen da. Katalinek armario batetik jalitzen du otarre bat erien artatzeko puskez betea. Puska hek jalitzen ditu: Untzi, kotoina, lotura eta holako)
XEXILI: (Agertuz) Ama, huna ur beroa.
KATALIN: Bon, goazen ganberarat.
XEXILI: Ama, ez zaitela zu jin. Nihaur aski naiz behar denaren egiteko.
KATALIN: Hihaur aski? Baduna burutik? Nola nahi dun hik bakarrik neskatxa hori mugitu? Bien artean ere izanen dinau aski lan!
XEXILI: Zuk ez duzu konprenitzen, ama, bainan neskatxa horrentzat nahigabe handia izanen da zuk hori tratatzea.
KATALIN: Bakea eman, ergela hi. Ez hadila beti solas beretan lot. Puska hauk garreia-aitzin ganberarat. Ni goiti nihoan, gure armariotik hartu behar dinat xukadera bat mirikuarentzat. (Jalitzen da)
XEXILI: (Kexu, lotzen da pusken garraiatzen. Atea jotzen dute) Aintzinat.
MIRIKUA: (Agertuz) Agur, Xexili.
XEXILI: Agur, jaun mirikua. (Asaldatua) O jaun mirikua, buruz buru girenaz baliatzen naiz, zuri zerbitzu bat galdatzeko. Ez nuke nahi nehork jakitea. Hemen, denek uste dute gure kolpatua neskatxa bat dela, bainan ez da hala. Mutil bat da neskatx arropetan.
MIRIKUA: Zer dituzu bitzikeria horiek? Amak ere ez dakia pitsik?
XEXILI: Nehork ez daki pitsik, salbu nik. Otoi ez zazula nehori pitsik sala.
MIRIKUA: Bainan, bainan, nola nahi duzu nik erraitea mutil bat dela neskatxa? Horren paperak egin behar ditut. Ospitalerat igorri behar bada, ez dezaket han emaztekin ezar! Hori ez ditakena da!
KATALIN: (Agertuz) Hor zirea, jaun mirikua? Neskatxa bat dugu hemen Suedakoa, Xexiliren lagun bat, berarekin etorria hunarat hilabete batentzat, eta harek du izan ixtripu bat.
MIRIKUA: Nun duzue, ikus dezadan?
KATALIN: Zato ganberarat. Biziki laster etorri zira. Oraino biluztekoa eta garbitzekoa dugu. (Xexiliri) Ekaitzin, no, puska ondar horiek.
MIRIKUA: Ba, berehala jin naiz. Holakoetan minutak berak konda baitira asko aldiz. (Hiruak sartzen dira ganberan, bainan Xexili berriz jalitzen da berehala eta plantatzen beharria ganberako ateari. Hastetik ez dira solas urrun batzu baizik entzuten. Bainan apur baten buruan Katalin mintzo da, alimaleko oihuekin ikaratzen baitu Xexili)
KATALIN: (Ganberan oihuka) Zer? Mutila? Mutila gure neskatxa? Zer da botiga hau? Bainan zer da manera hau? Eskandala hau gure etxean? Alaba zirtzila! Bi beharrondoko eman behar diozkat. (Xexili jartzen da mahainean eta burua kukutzen du beso-pean. Atea idekitzen da eta ama agertzen orroaz) Nun haiz? Zirtzil zikina! Gezurti ustela, hi! (Buruko iletarik emaiten dio zartzail aldi bat) Orai konprenitzen dinat hire komedia. Julufrei pollitak zuek, hori eta hi ere!
XEXILI: (Nigarrez karrasian) Barka, ama, barka, bainan ez dugu gaizkirik egin!
KATALIN: Zer? Ez duzuela gaizkirik egin? Baduna kopeta hola mintzatzeko? Ez zauna gaizkirik aski mutil hori hemen sartzea neskatxa zela erranez! Korretzioneko eskolan dun hire lekua eta ez hemen! Hago, hago, hustu beharko ditun ba, laster, leku hauk, hik eta ba horrek ere! Zutik! (Mirikua agertzen da) A! Bazautzuia, jaun mirikua, gure etxeko eskandala?
MIRIKUA: (Fermuki) Bon, ixilik, Katalin, apur bat, bi hitz erran ditzadan. Ene aldetik egitekoak egin diozkat. Ez zaut iduritzen hezurra hautsia duela. Nik uste arraildua bakarrik. Ikusteko xuxen zer duen, ospitalerat sartuko dugu. Han radioa pasatuko diote.
KATALIN: (Beti errabian) Doala hemendik ospitalerat edo nahi duen lekurat!
MIRIKUA: (Fermuki) Ixilik Katalin! Beraz ospitalerat sartzeko paperak eginen diozkat. Hango eri-garraiatzaile oto bat deituko dut.
KATALIN: Ba, eta lehenbailehen.
MIRIKUA: Bon, eta orai, agur, eta bestaldi bat artio. (Jalitzen da)
KATALIN: Agur ba, jaun mirikua, agur. (Xexiliri beti oihuz) Hi, ba, hi, a! Orai konprenitzen dinat. (Xexiliren boza eginez) «Ez, ez, ama, ez du nahiko zuk biluztea...» Hori duna aita eta amaren amodioa? Etxearen errespetua? Mutil buhame bat guri hola sakatzeko!
XEXILI: Ez da buhamea, ama, euskalduna da, eta gainerat ene gizongaia.
KATALIN: Eta baduna kopeta horren aitortzeko! Euskalduna! Ez bide din no guti egin entzunez guk hemen erran ditugunak! Eta gainerat gizongaia! A! Nor ote da hor, orai berriz? Otoi gorde hadi hemendik, ahalgearengatik ere. (Xexili jalitzen da) Aintzinat!
GILEN: (Agertuz) Agur anderea.
KATALIN: Agur jauna.
GILEN: Etxe huntan dea Parisetik hilabete batentzat jin mutil bat Panpili izenekoa?
KATALIN: Ba jauna, ba, zorigaitzez hemen da.
GILEN: Ni naiz, anderea, mutil horren aita. Zertako duzu erran ene semea zorigaitzez dela hemen?
KATALIN: Zato, jauna. Aintzina zaite enekin zure semearen ganberaraino. Han mintzatuko gira eta laster zuhaurek ikasiko duzu nahi duzuna, bai eta ere nahi ez duzuna. (Jalitzen dira. Ganberan gora mintzo dira bainan guti ditazke konpreni)
PATIN: (Agertuz) Jes! Zer pasatzen da etxe huntan? Oxtion, mirikuaren otoa ate aintzinean... orai beste bat... Nun ditut emazte horiek? (Oihuz ate batetik) Hor hiza Xexili?
XEXILI: (Agertuz asaldatuki mintzo) O aita, zu bederen eman zaite ene alde.
PATIN: Zer dun neska, zer?
XEXILI: Badakit gaizki egin dudala. Barkamendu galdatzen dautzut. Otoi, lagun nezazu.
PATIN: Mintzatuko hiza garbiki?
XEXILI: Ba, ene neskatx lagunak oto ixtripu bat izan du. Hor da kolpatua ohean, bainan neskatxa hori ez da, ez Suedakoa, eta ez neskatxa. Euskalduna da, mutila da, eta gainerat ene gizongaia.
PATIN: Zer? Bainan, bainan, baduna burutik!
XEXILI: (Nigarrez) O aita, ez nezazula mokoka! Amak aski egina nau jada. Edo bestenaz banoa ene burua urerat aurtikitzerat!
PATIN: Bainan, Xexili, zertako ari izan haiz holako komedietan? Zertako ez dun egia aitortu den bezala haste-hastetik?
XEXILI: Ez dakit nihaurek ere, bainan aita, ez dugu gaizkirik egin, zin egiten dautzut, sinets nezazu! (Ganberako atetik agertzen dira Gilen eta Katalin)
KATALIN: Ba, jauna, horra zer desgraziak ukan ditugun zure semearekin. A! Hor zirea, Patin? Badakizu engoitik gure Suedako neskatxa euskaldun mutil bat dela. Jaun hau da mutil horren aita.
PATIN: (So eta so dago Gileni) Jes! Jes! Hi ez hiza ene gerlako laguna, Gilen Ahetzekoa, Landesetarat joan baitzen bizitzerat?
GILEN: Eta hi, ez hiza Patin Elissalde?
PATIN: Hura bera. (Eskua tinkatuz lepotik elgarri lotzen dira) Gaizo Gilen, ene aspaldiko lagun leial maite-maitea! Zertan hiz, to?
GILEN: Betiko hura, gaizoa. Urte batzu gehiago bizkarrean!
PATIN: Nola den haatik bizia! Nun elgar berriz ikusi behar!
GILEN: Bai, eta zer maneretan!
KATALIN: (Beti erasian) Altxa-zkitzue zuen haurrak ahal bezain ontsa, eta horra ondotik heien mileskerra!
PATIN: Zaude ixilik, Katalin! Eta ekazu hunarat edari xorta bat, duzun hoberenetik.
KATALIN: (Zerbitzatuz) Ixilik, ba, ixilik! Oro haizu dira beraz. Zer behar du orai, hobendunak nausi, eta hobengabeak burua apaldu?
PATIN: Baietz, baietz, emaztea. Badakik zer den, Gilen gaizoa? Gazteak... eta gaztek gazte-lan!...
KATALIN: Berriz ere lan txarra eginen dute gaztek hola artzen bazira heien hutsak tapa eta tapa!
PATIN: Ba, emaztea, ba, ekazu edaterat. (Ahapetik Gileni) Ez zokala kasurik eman, Gilen, gure emazte hori pixka bat kapitaintsa duk, bainan bihotz ona dik.
KATALIN: Zer erran duzu ahapetik? Kapitaintsa ba, beharko hala izan, gure etxean gizonak duen nausitasunarengatik!
PATIN: Bon, halabiz! Eta hik, Xexili, zer xede dun gero mutil horrekin? Egiazki ezkondu gogo duzueia?
XEXILI: Ba, aita, ba.
PATIN: Bon, gu bi aiteri, xede hori arras ontsa zaikunau. Ez dea hala, to, Gilen?
GILEN: Bai, izan daitela gu biak izan giren bezenbat adixkide, eta ongi jaliko dituk bizian.
PATIN: Bon, Xexili, hari ere eremon oherat baso hautarik bat. (Xexili sartzen da ganberan basoarekin, berriz agertzen, eta bere basoa eskuan, xutik emaiten da ganberako ate sartzean, atea dagola erdi idekirik) Bai, uste gabeko eguna diagu hau. Hogoi urte inguru dukek ez dugula elgarrekin trinkatu. Trinka dezagun beraz! Haurrak, egun da zuen aiten besta. Gu bien nahia da elgar maita dezazuen, zuen aitek elgar maitatu duten bezenbat. Aditzen dun Xexili?
XEXILI: Bai, aita.
GILEN: Eta hik ere aditzen duka Panpili?
PANPILI: (Ohetik) Ba, aita!
PATIN: Bon, trinka dezagun beraz gure eta zuen zorionean.
KATALIN: Eta ni ez niza barne?
PATIN: Ba... zu... nork atxik kanpoan?
OIHALA
|