SEIGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Aintzineko bera. Xexili josten ari da.
LUZI: (Agertuz) Zer ari zira, bestetako muntatzen?
XEXILI: Ba, zaharren berritzen.
LUZI: Jes! Zer dituzu begi gorri horiek? Zer zira nigarrez ari?
XEXILI: Ba hortzetarik minez nago.
LUZI: A! Seinale ona da: Ahotako min, amodio min!
XEXILI: Gerta daitekena da hori ere.
LUZI: Ez duzuia gizongairik egin oraino Parisen?
XEXILI: Nik badut gizongaia, bat Parisen eta bat hemen.
LUZI: Bañorekin ez duzuia aski?
XEXILI: (Irriño batekin) Ba, arropak ere izaiten dira aste egunetakoak eta igandetakoak.
LUZI: Nik ez dakit zuk nola hoin aise harrapatzen dituzun gizongaiak. Ez dira ori eneganat hola heldu!
XEXILI: Aski diozu nik bezala erraitea: Xauri, xauri!
LUZI: Egiten diotet ba xauri, xauri, bainan nik nahi ez ditudanak jiten zaizkit, eta nik nahi ditudanak aldiz ez.
XEXILI: Zato enekin Pariserat eta han ukanen duzu hauta.
LUZI: Ba, han nintzelarik bat bildu nuen, ene gostuko biziki plantakoa, bainan gaizki erori nintzen.
XEXILI: Zer gertatu zitzaizun?
LUZI: Zuk bezala ene segidantak bi arropa bazituen: Bat igandetako, bestea aste egunetako. Ni nintzen aste egunetakoa bakarrik. Hortaz oharturik Pariseri egin nion betikotz adios.
XEXILI: (Irriz) Ongi xoroa izan zinen ori, hola jokatzeko.
LUZI: Zer eginen zinuen zuk, ene orde izan bazine?
XEXILI: Nik? Beste hainbeste eginen nion mutil hari. Aski zinuen zuk ere bigarren bat hartzea igandetako.
LUZI: Ba bainan ororen buru, ez nintzen deusetarat heltzen hola makila bi muturretarik atxikiz.
XEXILI: Gizonak hola dira. Nahi badituzu zuri estekatu, behar dute ukan ez bakarrik zuretzat amodioa, bainan ere beldurra badugula gero nor heien ordaintzeko, ez bazauzku leial egoiten.
LUZI: Ba, bainan hola ariz, zure bizia arras barreiatzen duzu.
XEXILI: Zer dira beraz, gizongaiak haizu nahi dutenarekin ibiltzerat eta gu ez? Egin dezagun beste hainbeste eta kito.
ARROXA: (Agertuz) Errazu, Xexili, norat joan da zure Suedako laguna? Ganberatik atera zait pitsik erran gabe eta ez da gehiago agertzen.
XEXILI: Ba, faturrak zerbait berri txar ekarri omen dio. Postara joana da ene ustez telefonatzerat.
ARROXA: Agian ez dautate kenduko ene oheko laguna. Irri egitea maite duia bederen?
XEXILI: Ba, ba, bainan ez da errex harekin jostatzea mintzairarengatik.
ARROXA: Ez zaitela mintzairaz kexa. Hasteko, orai berean, ohea portefuilan ezarri diot. Sarri mihise pean lehen sar araziko dut. Ikusiko dugu zer begitarte eginen duen, ariko delarik zangoak ezin luzatuz... Gizongairik baduia?
XEXILI: Uste dut zerbait abiadura izan behar duela norbaitekin.
ARROXA: Bon. Eta hik, Luzi, ez baita gisa, neskatxa bat hola ibiltzea, galtza luzekin herriko-bestetan, heldu den gauean aski diozkan galtza horiek ebastea. Jali dadiela gu bezala zaietan eta ez galtzetan.
XEXILI: (Irriz) Ikusten dut arras xede onak dituzuela. Agian ez zaitzue samurtuko.
ARROXA: Berak ikus beza. Jes! Bestak ez direa irri egiteko? Errazu, Xexili, badakizu segur zure gizongaia hemen duzula?
XEXILI: Ene gizongaia? Nor?
ARROXA: Ta, jazko hura bera, gure auzoko Jan-Piarre. Atzo jina da Bordaletik aste batentzat. Egun berean zure ikusterat etorri behar duela errana daut.
XEXILI: Nitaz mintzatu zireztea Jan-Piarrekin?
ARROXA: Bixtan da. Aipatu dauku nola zurekin letraz gurutzatzen den. Segur ez zaitu saltzekotan.
XEXILI: Ba, letrak elgarri egiten ditugu adixkide bezala, urrunago joan gabe.
ARROXA: (Irriz) Ez bazarete urrun joanak, segur naiz joanen zaretela oraiko aldian. Sobera errabiatua da Jan-Piarre zurekin ezkondu nahiz.
XEXILI: Bo! Bo! Ez gira ez ezkontzeko solasetan sartuak.
ARROXA: Alo! Xexili, alo! Ez zaitela enekin ar maltzurkerian. Aitor-azu egia den bezala. Berdin Jan-Piarre berarenganik oro badazkit.
XEXILI: Ezeztz, Arroxa, zinez mintzo naiz, ez girela batere hortarat ari.
ARROXA: Bon, bon! Atxik-azu zure sekretua. Berdin laster denbora mintzatuko da. Ale, Luzi, joan behar dinagu plazarat. Engoitik dantzan ari ditun karraskan.
LUZI: (Xexiliri) Eta zu, ez zirea heldu?
XEXILI: Ikusiko dut nola itzulikatuko naizen ene Suedako lagun horrekin.
ARROXA: Bon, ttanttari agur bat egin, osabari beste bat eta bagoaz. Sarri jinen gira afaiterat.
XEXILI: Ba, sarri artio, edo hobeki apur bat artio, nik uste plazan laster elgar ikusiko baitugu. (Biak jalitzen dira. Xexili apur bat bakarrik)
KATALIN: (Agertuz) No! Joan ditun gure bi perlak. Eta hi nolaz gelditu haiz hemen?
XEXILI: Ene lagunaren so nago.
KATALIN: Ba, haren so edo hobeki hire kasko tzarra ezin arinduz. Ikusi dun zoin aise neskatxa horrek onartu duen ohe berean lo egitea Arroxarekin? Ez omen zinan sekulan holakorik nahiko. Hik dionan baino sanoago dun neskatxa hori. Hi ari haiz hor dena ixtorio eta mixterio.
XEXILI: Ez da betere errana ene lagunak gure etxean lo eginen duela heldu den gauean.
KATALIN: Ez lo hemen eginen? Zertako ez?
XEXILI: Zeren eta berri txar zerbait hartu baitu bere familiatik Postarat joana da telefonatzerat.
KATALIN: Zer berri txar?
XEXILI: Aita gaizki duela edo holako zerbait.
KATALIN: Hanbat gaixto? Agian ez din familiako bidegaberik ukanen orai besta betean ontsa abusa daiteken tenorean. (Jalitzen da. Xexili apur bat bakarrik)
PANPILI: (Agertuz) Bakarrik zirea?
XEXILI: Ba. Ta?
PANPILI: Berantegi.
XEXILI: Zer berantegi?
PANPILI: Telefonatu dut gure auzorat: Aita jada bidean omen da hunarat buruz.
XEXILI: Oas! Zer egin behar dugu beraz?
PANPILI: Ez da hor haratik ez hunatik: Hartuko dut Pariserako lehen treina. Zuk aski diozu aitari erraitea nola gaur Pariserat itzuli naizen handik galdea ukanik.
XEXILI: O, ene bihotza, ez dakizu zonbat estimatzen dudan zure egitatea.
PANPILI: Ba, jakin-azu gostatzen zaitala eni ere. Bainan hortaratzen naiz egiazki maite baitzaitut.
XEXILI: (Suspira batekin) Egunak luze izanen dira enetzat hemen zu gabe.
PANPILI: (Ilun) Ba, eta enetzat, han, oraino luzeago.
XEXILI: (Irriño batekin) Ez nauzu bederen han beste batez ordainduko?
PANPILI: (Irriño batekin) Galde bera dautzut itzultzen.
XEXILI: Egun guziz letra bat igorriko dautzut.
PANPILI: Eta nik, beste bat.
XEXILI: (Sentimendutsu) O, holakoetan dut hobeki senditzen zonbat maite zaitudan.
PANPILI: (Hunkitua) Nik ere ba zu, Xexili. (Atea joiten dute)
XEXILI: Te! Norbait bada hor. Aintzinat!
JAN-PIARRE: (Agertzen da eta mintzatzen biziki amodiotsu) Agur Xexili. Zertan zira?
XEXILI: (Herabeki) Agur Jan-Piarre. (Eskua luzatzen dio)
JAN-PIARRE: Ekazu potta. (Emaiten dio... Jan-Piarrek eskua luzatuz Panpiliri) Hau duzuia delako Suedako laguna? Badakit ez zirela bakarrik jina Parisetik. Zure lagun hunek ez omen daki tuntik ez euskaraz eta ez frantsesez.
XEXILI: Ez, zorigaitzez ez daki.
JAN-PIARRE: (Ahalik gehiena hurbilduz Xexiliri) Milesker, Xexili aste guziez izkiriatu baitautazu. Ez dakizu zer atsegina egiten zautaten zure letrek. Denak begiratuak ditut eta bakotxa irakurtua lau bost alditaraino.
XEXILI: (Ez jakin nun koka) Noiz jina zira?
JAN-PIARRE: Atzo, Xexili. Eta jina naiz kaskoan harturik behar ditugula oraiko egon aldian deliberamenduak hartu. Erraztun pollit bat ekarri dautzut. Nahi nuke hura zure erian ezarri. Hemendik joan aintzin behar ginuke ezkontzeko eguna ez bada, bederen hilabetea finkatu. (Panpili bere kadiran ez dagoke) Jes! Zer du zure lagun horrek?
XEXILI: Pitsik, pitsik. (Izerdia abiatua du)
JAN-PIARRE: Bordalen esperantza handia badut hilabete bat barne, bizitegi baten jabe izanen naizela. Beraz, Xexili, ohantzerat sartzea bertzerik ez duzu izanen. A! Ez dakizu zonbat berantetsia dudan biak buruz buru jarriko giren egun eder hura! (Panpiri kadira errabian aurtikirik betbetan jalitzen da) Jes! Zer du neskatxa horrek?
XEXILI: Pitsik... pitsik...
JAN-PIARRE: Bainan zerbait egin zaio neskatxa horri? Zuk ere zerbait baduzu?
XEXILI: (Nahasiki mintzo) Pitsik, pitsik... Dolu handi bat: Aita du arras gaizki. Ba, oxtian berri txarrak ukanak. Utz-azu... Utz gaitzatzu... Aita ba...
JAN-PIARRE: Zerbait egiten ahal duta horrentzat?
XEXILI: Gero erranen dautzut. Tenore txarrean jin zira.
JAN-PIARRE: Ohartzen naiz, ohartzen. Bon, bainan noiz ikusiko dugu elgar?
XEXILI: Ikusiko dugu bai noizbait... Ez dakit, ez dakit.
JAN-PIARRE: Bon, orduan banoa beraz. Laster artio. (Nahi luke hurbildu Xexilirenganat bainan hau urruntzen zaio)
XEXILI: Ba, ba, laster artio. (Xexili bakarrik egoiten da, nigarrez hipaka, arpegia beso pean gordea)
PANPILI: (Apur baten buruan agertuz baliza bat eskuan, errabian mintzo) Nigar egiten ahal duzu ba, ustela zu! Ni banoa. Zertako joan naizen galdatzaileri aski dituzu gezur batzu sakatzea! Berdin baduzu usaia!
XEXILI: (Atea trabatuz nigar eta asaldura handienarekin) Ez, Panpili, ez zira joanen ni entzun gabe. Egia da mutil horri izkiriatzen niola bainan adixkide bati bezala. Ez dut nik behin ere izan horrekin ezkontzeko xederik. Hori bere burutarik ari da eta ez enekin elgar aditurik.
PANPILI: Bakea eni! Eta utz nezazu joaiterat.
XEXILI: Ez, ez zaitut utziko. Nik zu zaitut bakarrik maite eta ez beste nehor. Zin egiten dautzut. Nik ez dut horrekin pitsik nahi. Gezurra da nik badudala horrekin ezkontzerako abiadurarik.
PANPILI: Utziko nuzuia jalitzerat edo nahi dituzuia bi beharrondoko?
XEXILI: Ekatzu nahi baduzu! Ale jo nezazu, bainan nik zu zaitut maite eta zu bakarrik.
PANPILI: Bon, geroak erakutsiko du. Ate hori idek eni!
XEXILI: Idekiko dautzut bainan errazu bakarrik ez nauzula hastiro. Hori bakarrik!
PANPILI: Bon beraz. Ez zaitudala hastiro. Eta orai idek atea!
XEXILI: (Eztituz, bihotz barnetik mintzo) O ene bihotza, ez zaitela hoin bortizki mintza! Ez dut nik hobenik. Nahi duzuia jin nadin zurekin Pariserat? Heldu naiz berehala! (Eskua hartzen dio... Panpilik eskua uzten dio. Begiak nigarrez betetzen zaizko. Deus erran gabe nigarrak xukatuz jalitzen da. Xexili bakarrik xutik dago bere nigarrak xukatuz)
KATALIN: (Agertuz apur baten buruan) Erran, no, zer gertatzen da hemen? Hire neskatxa lagun hori ikusi dinat tirahala zoala bere baliza eskuan.
XEXILI: Ba, ama, berri txarra ukan du, aita arras gaizki duela eta, burua galdua, berehala joan da Pariseko treinaren hartzerat.
KATALIN: Jes! Agur bat guri egin gabe?
XEXILI: Ez zakien gehiago berak nun zen. Erran daut otoi barka dezozuen, ez zuela zueri agur bat egiteko kalapiorik, bere etxetik izkiriatuko daukula.
KATALIN: Jes! Eta hik zer dun begiak hola nigarrez hanpatuak ukaiteko?
XEXILI: Zer uste duzu, ama, ez dudala nik senditzen lagun horren zorigaitza?
KATALIN: Ba, ba, hala dion segurik. Ez agur bat, ez milesker bat, joan bezala jin, jin bezala joan, nik ez dinat pitsik konprenitzen!
OIHALA
|