BIGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Pariseko edozoin barne.
Oihala idekitzean, Panpili ikusten da, kadera baten gainean jarria, pipan ari, aire nardatu batekin. Soinean dauzka emazte-galtzerdi luzeak football-eko galtzeri estekatuak, larruarrasekoa eta, hunen gainetik, bular faltsoak.
PANPILI: (Oihuz) Heldu zirea, Xexili? O Xexili!
XEXILI: (Agertuz) Ba, Panpili, heldu naiz. Zuretzat zaia baten hautatzen ari naiz. Huna zapetak. Ean, entseazkitzu. (Jalitzen da)
PANPILI: (Zapeteri so. Takoi-luzedunak dira. Ez zaizko gustatzen. Ahal bezala soinean ezartzen ditu. Ez du heiekin errexki kurritzen) Errazu, Xexili, zapeta botika hauk behar dituta ibili? Ez duzuia besterik?
XEXILI: (Agertuz, besoak arropez beteak) Usaia hartuko duzu, Panpili. Ez zaitela berehala zainetan jar. Ez dituzu horiek beti ibiliko. Beztitzeko bakarrik.
PANPILI: Ni mensten ez banaiz oraikoan, ez naiz sekulan eginen.
XEXILI: Ezar-azu zaia hau. (Zaia emaiten dio) Zure egitekoa arras errexa da. Zu zira Suedako neskatxa bat, ene adixkide handia. Heldu zira hilabete batentzat Euskal-Herrirat ene aitamen etxerat.
PANPILI: Bainan nik ez dakit deus Suedaz, ez eta hango bizi moldeaz.
XEXILI: Ez zaitela kexa, Panpili. Kataloga batean ikusia dut nola beztitzen diren hango neskatxak. Gisa hartarat beztituko zaitut zu ere.
PANPILI: Eta mintzatu? Nik ez dakit debru pitsik Suedako jenden mintzairaz.
XEXILI: Ez duzu jakin beharrik ere. Aski dituzu bospasei solas lerro, beti berak, erabiltzea.
PANPILI: Ba, zoin solas?
XEXILI: Suedako jendeak mintzo baitira pixka bat alemanak bezala hitzak atera-zkitzu zintzur beheretik, eta hori askiko da.
PANPILI: (Zintzur beheretik hitz batzu jaliz) Hola behar duta mintzatu?
XEXILI: (Irriz) Ba, hola-hola! Nehork ez zaitu konprenituko, eta nik eginen dut beti alegia zu konprenitzen. Ori, ezar-azu gaineko jauntzi hau.
PANPILI: (Beztituz) Eta, hilabete batez hola behar duguia mintzatu?
XEXILI: Ahal bezain guti egonen gira bestekin. Heien aintzinean bakarrik zira hola mintzatuko. Gehienetan bi-biak buruz buru izanen baigira, orduan, bixtan da, gure solasak ibiliko ditugu goxoki, orai bezala.
PANPILI: Bainan ene bozak galduko nau. Nola nahi duzu nik egin dezadan neskatxa boza meharra?
XEXILI: Suedako emaztek boza ozenago dute hemengoek baino. Aho gainarekin mintzatzen dira. Huna nola.(Kantatzen du: Xarmegarria zira, eder eta gazte... eta... eta...)
PANPILI: (Xexilik bezala kantatuz...) Hola ontsa dea?
XEXILI: Arras ontsa. (Biak irriz. Panpili mintzatzen da Suedako hizkuntzaz. Xexilik errefera emaiten dio hizkuntza berean... biak irriz)
PANPILI: Uste duzuia zure aita enganatuko dugula?
XEXILI: (Irriz) Gure aita, gaixo Panpili, gure aita ez da konda ere gure etxean! Ez da segur deusetaz ohartuko! Eta ohartzen balitz ere, ez du irriskurik boza altxatuko duela! Gure aita ez da deus, gure etxean, entzuten duzu: Deus!
PANPILI: Eta zure ama?
XEXILI: Gure ama, ba, dautzut norbait dela. Bere izengoitia du kapitaintsa. Eta egiazki hala da. Harekin ontsa gobernatzen ahal gira. Ikusiko duzu.
PANPILI: Bo, bo, bo... Ez du itxurarik ni hola jitea zuen etxerat.
XEXILI: (Irriño batekin) A, badakizu zer dautazun errana: Hain maite nauzula nun manatzen bazaitut ere zure burua urerat aurtikitzeko, obedituko nauzula. Ez dautzut hoinbeste galdatzen. Beraz, behar nauzu obeditu.
PANPILI: O amodioa, amodioa, zer xorokeria!
XEXILI: Ez, Panpili, ikusiko duzu gure etxean iraganen ditugula egun xoragarriak. Ahal bezain guti egonen gira bestekin. Beti ibiliko gira bi-biak. Joanen gira oihanerat, mendirat, itsas-hegirat.
PANPILI: Arropa eta zapeta hautan zoin tinki naizen! Hola beharko duta ibili udako egun beroetan?
XEXILI: Ez, ene bihotza, salbu etxean haatik. Bainan handik kanpo, bi-biak izanen baigira bakarrik, aisean emaiten ahalko zira.
PANPILI: Bo, to, to! Bainan bizarretik ezagutuko dute ez naizela ni neskatxa.
XEXILI: Bizarra askiko duzu egitea egunean bietan. Eta bizarra egin beharko duzu ez bakarrik bisaian bainan ere esku-besoetan eta zango aztaletan.
PANPILI: U! La, la! Nik, orai artio, hoin hastiro baitut bizarra egunean behin egitea! U! La, la! Ez, ez! Nahiago dut zuen etxerat ez joan.
XEXILI: Maite nauzu ala ez nauzu maite?
PANPILI: Maite, ba, bainan hori besterik da.
XEXILI: Maite banauzu, hori pitsik ez da. Ikusiko duzu, ene amodioa, zer egun goxoak iraganen ditugun elgarrekin.
PANPILI: Eta buruko ileak? Laburrak ditut gero!
XEXILI: Ez kexa, ene amodioa, oraino badugu hilabete bat gure etxerat joan aintzin. Orduko zure ileak luzatuko dira. Eta neskatxen ileak, guziz Suedan, kasik mutikoenak bezain laburrak izaiten dira.
PANPILI: U! La, la! Zer zozokeria! Ez dakit! Ez dakit!
XEXILI: Maitatzea da sofritzea. Zuhaurek errana dautazu. Jar zaite. Ile horiek pixka bat orraztatuko dauzkitzut. Eta gero, entseatuko dautzut buruko tapaki pollit bat, Suedan ibiltzen duten bezalakoa.
PANPILI: Eta eskuak ere beharko ditut ba gorde. So egizu aztapar haueri. Hauk ez dira neskatx eskuak.
XEXILI: Erosiko dauzkitzut esku-larru mehe batzu. (Burukoa ezarri dio) Ez zira batere gaizki izanen. Suedan badira, ni segur, neskatxa frango, ez baitira zu baino pollitagoak.
PANPILI: Bai, badut hor pollita izaiteaz beste griñarik.
XEXILI: Zato, orai. Behar dauzkitzut ezpainak gorritu.
PANPILI: Eeee? Zikinkeria hori behar dautazuia ezarri?
XEXILI: Alo, ene amodioa, ez zaitela hola asalda. (Emaiten dio gorria ezpainetan) Bon Miss Sueda bezain pollita zira. Ean, ibil zaite pixka bat kurri harat eta hunarat. Ori, har-zkitzu eskuetan iguzkiko paisola eta esku-zakua. Ean ibil zaite. Ez hola atxik esku-zakua, bainan hola. Ean, kurri berriz? Bon, ez da gaizki.
PANPILI: Banoa beraz berehala ene burua eskaintzerat moda-erakusle «mannequin» bezala.
XEXILI: Bon, jaliko gira biak, bi neskatx bagine bezala. Kurrituko ditugu karrika-magasinak. Ekazu besoa. Eta oroit bi neskatx ez direla besoz-beso ibiltzen mutil eta neskatxa bezala.
PANPILI: Nola behar dut ba kurritu zurekin, neskatxa bezala egiteko?
XEXILI: Ean entsea giten. Kasu gorputza nola ibiltzen duzun, eta oroit behar dugula mintzatu Suedako hizkuntzaz. (Biek joan-jin batzu egiten dituzte taula gainean, irri-karkaila batzu jaliz. Artetik, neskatxak erakusten dio mutilari nola egin)
OIHALA
|