LEHEN GERTALDIA
Joka-lekua:
Edozoin barne.
KATALIN: (Letra bat berriz eta berriz irakurtuz) Neska tzarra! Hemezortzi urte baizik ez-eta, hola airatua!
PATIN: Aski zinuen Pariserat joaiterat ez uztea. Zertako ez diozu kontra egin?
KATALIN: Zu zira hola mintzo? Kontra egin dion bakarra, ni naiz. Pariserat joan behar zuela Xexilik aipatu zuelarik zuk ez zinuen ahorik ere ideki, xede horren haren burutik kentzeko.
PATIN: Eta orai zer nahi du?
KATALIN: Zer nahi duen? Jada erakutsia dautzut letra. Bainan ni zuri mintza ala pegartegiko pegarrari, berdintsu da. Ez duzu kasurik egiten ene erraneri eta gero, pitsik, ez dakizu!
PATIN: Bon, amen. Orai erranen daitazu zer nahi duen gure Xexilik!
KATALIN: Beharrik dugu haur bakarra! Holako bizpahiru izan baginitu, hilerrietan izanen ginen, hilerrietan!
PATIN: (Boza goratuz) Ean gure Xexilik zer nahi duen!
KATALIN: Berant esposatu ginela! Beharrik hala egin baiginen! Beti goizegi esposatzea. Ez baita xorokeria handiagorik.
PATIN: Ez ginen litanietan, bainan Xexiliren letran. Ean zer nahi duen.
KATALIN: Bon, noizbait bederen kasu emanen duzu ene erraneri. Esposatu aintzinean ba, orduan dena solas goxo zinen. Hala izaiten dira gizon guziak. Bere laguna bildu artio urtxo, eta, bildu ondoan, otso.
PATIN: (Kantuz) Santa Xexilia, emazu ateria!
KATALIN: Badakizu gure Xexili ez dela bere buruaren jabe izaiteko adinerat heldua.
PATIN: Ba, hemezortzi urte dituela.
KATALIN: Eta, badakizu, haurtzat ekarria deno, burasoen baimena behar duela, mugaz bestalderat joaiteko.
PATIN: Ba, tira beti korda. Noizbait etorriko ahal da burua.
KATALIN: Zer, tira korda? Xexili ene haurra da bakarrik edo zurea ere?
PATIN: Ba, paperek hala diote.
KATALIN: Zer dituzu ele tetele horiek? Ni hola nardaraz ari bazira, ukanen duzu gero errefera!
PATIN: Bon, Xexili da beraz gu bien haurra eta gero zer?
KATALIN: «Gero zer», hori dea mintzatzeko moldea? Nun duzu lagunaren errespetua?
PATIN: Xexili dela gu bien haurra! Gero zer?
KATALIN: Xexiliz mintzatzeko ez duzuia boza pixka bat leuntzen ahal? Gure haur bakarraz hola behar duzuia mintzatu?
PATIN: Xexil-Xexil-Xexili, egiten dautzut kili-kili!... Paso inbido, hordago... Partida burura dezagun! Erradazu bi hitzez, Xexilik zer nahi duen gureganik.
KATALIN: Xexilik galdetzen dauku baimena, bakantza denboran, Suedarat joaiteko.
PATIN: Suedarat? Nun da hura?
KATALIN: Orai berriz nun den Sueda! Atzo letra irakurtu dautzut. Mahain gainean pausatu dautzut, zuk ere irakur dezazun!
PATIN: Nun da Sueda!
KATALIN: Letra irakurtu bazinu eta ukan Xexilirentzat amodio gehixago, nik bezala eginen zinuen: Berehala joanen zinen karta bati behatzerat, ikusteko nun den Sueda.
PATIN: Bon, erradazu beraz nun den!
KATALIN: Frantziatik sartzen zira Belgikarat. Badakizuia nun den Belgika!
PATIN: Ba, hango erregea ikusia dut galtza motxetan mainatzen.
KATALIN: Bon, Belgika trebesatuz, sartzen zira Holandan. Badakizuia nun den Holanda?
PATIN: Ba, behi Holandesak ezagutzen ditut: Errape ederra dute.
KATALIN: Holandatik sartzen zira Alemanian. Badakizu nolakoak diren Alemanak?
PATIN: Ba, zure aita hala omen zen!
KATALIN: Nere aita utziko duzu gero bere gisa!
PATIN: Alemanak baino jende gaixtoagorik ez da munduan. Nik hori, bi gerletan frogatua dut gero.
KATALIN: Bi gerla? Nun egin dituzu zuk bi gerla?
PATIN: Hemen berean: Bat zure aitaren kontra, eta bestea zure kontra.
KATALIN: Ba, zu bezalako soldadoak emazteri jazartzeko hobeak dira gizoneri baino!
PATIN: Bon beraz, utz dezagun aipatu gabe zure arraza! Gero norat jo behar da Suedarat heltzeko?
KATALIN: Alemaniatik sartzen zira Danemarkarat. Ezagutzen duzuia Danemarka?
PATIN: Ba, hango zakurrak!
KATALIN: Zer, hango zakurrak?
PATIN: Hango zakurrak famatuak direla!
KATALIN: Bon, hanbat gaxto gero errespetua galtzen badautazu!
PATIN: Ez dautzut nik errespeturik galdu: Zakurrak aipatu ditut eta ez zakurren zerak!
KATALIN: Danemarkan, hartu behar da itsasontzia.
PATIN: Ba, arrainen asetzerat joaiteko.
KATALIN: Ez arrainen asetzerat, bainan Suedarat. Suedako jendea ba ote dakizu nolakoa den?
PATIN: Ba. Gerla denboran ikusiak ditut hango gizonak. Denak dira larru zuri, bilo horail, handi batzu.
KATALIN: Ba, diozunaz, zer nahi ikusia zira gerla denboran, bainan guti ikasia. Ez baitakizu Sueda nun den ere.
PATIN: Nahi nuke, ori, hemen balitz Gilen Bordaberri nere gerlako lagun bat. Jakinen zinuke harenganik ean ez dugun guk Suedako gizonik ikusi.
KATALIN: Ez zaitela has orai zure lagun Gilenekin gerlan izan dituzun ixtorioen kondatzen. Badazkigu aspaldian denak.
PATIN: Gilen, ba. Jakin-azu ez dela, lurraren gainean, holako beste gizon bat. Nik bizia salbatu nion behin.
KATALIN: Ba, mila aldiz jada entzuna dugu. Bai eta ere Gilen Ahetzetik Landesetarat joan zela bizitzerat.
PATIN: Ba, eta zorigaitzez ez baitakit bizi denetz ere!
KATALIN: Bainan, zure Gilenez baino hobeki eginen zinuke griñatzen bazina gure Xexiliz.
PATIN: Xexili, ba, eta gero zer?
KATALIN: «Eta gero zer», ez duzuia besterik erraiteko? Beti solas zozo berak dituzu jalitzen, «eta gero zer»!
PATIN: Gure Xexili beraz.
KATALIN: Ez da goizegi, Gilen eta gaineratekoak beren gisa utzirik, azkenean aipatzen baituzu gure haurra.
PATIN: Santa Luzia, ora pro nobis!
KATALIN: Ez naiz ni Luzia, eta luzatzen badut ene solasa zure falta da. Aski zinuen letra irakurtzea!
PATIN: Beraz, Xexilik Suedarat joan nahi duela.
KATALIN: Bai, hala dio. Arras adixkide dela Suedako neskatxa batekin. Parisetik Suedarat, joan-jin, piaia merke egin ditakela. Neskatxa horrek, Suedarat gomitatzen duela. Ean, emanen diogun baimena Suedarat joaiteko, hilabete batentzat, bere hango lagunaren etxerat.
PATIN: (Hatsa luze-luzeki tiratuz) Aaa... Noizbait bada noizbait oiloak erruten.
KATALIN: Nortaz zira hola mintzo? Xexiliz?
PATIN: Ez dut erran oilanda, bainan oiloa.
KATALIN: Oilo hori nor duzu? Ni ote?
PATIN: Xitoaren ama oiloa, axeriak kendu dio lepoa.
KATALIN: Bakea emanen duzu gero, zure zozokeriekin, eta kalapitaketan bazabiltza, ukanen duzu gero hartarik ere.
PATIN: Bai, eta ondotik, mutur saltsa ere. Badugu usaia.
KATALIN: Jakin-azu axeriak etxe huntako oiloari lepoa kenduko dion baino lehenago, nik etxe hunako oilarra tupinan sartuko dutala gero.
PATIN: Bai, galtzak kendu-ta.
KATALIN: Bere falta du gizonak galtzak galtzen baditu.
PATIN: Ez lituzke galduko, emazteak ez baliozka ebasten.
KATALIN: Badakit fama hori emaiten dautazula. Horra nola tratatzen duzun zure espos-laguna.
PATIN: Ba, nik zu hitzez, eta zuk ni obraz.
KATALIN: Nik zure nausitasuna beti errespetatzen dut, bainan ez zure nausikeria.
PATIN: Bai, zure neurritan, nausitasuna maiz nausikeria izaiten da.
KATALIN: Bon, hola denaz geroz, erakuts-azu zure nausitasuna: Erradazu zer behar diogun ihardetsi Xexiliri. Suedarat joaiteko baimena eman behar ote diogu: Bai ala ez?
PATIN: Emozu errepusta baietz.
KATALIN: Segur nintzen baietz zinuela ihardetsiko. Haur horrek beti nahi duen guzia ardietsi baitu zureganik. Ez baita zu baino aita ahulagorik lurraren gainean.
PATIN: Errozu beraz: Ezetz.
KATALIN: A! Nik behar diota erran ezetz! Beti ni nauzu manatzen haurrari zerbait peningarri behar zaiolarik jakin arazi. Segur niz ez nindukezula mandatari nahiko, berri atsegingarri bat behar balitzaio gaztiatu.
PATIN: Errozu beraz: Baietz.
KATALIN: Baietz! Bainan gizona nun duzu burua? Hoin urrun behar duguia joaiterat utzi gure haurra? Eta hoin denbora luzearentzat? Eta han eritzen bada? Edo zerbait gertatzen bazaio? Nun gira?
PATIN: Errozu beraz: Ezetz.
KATALIN: Errex da, orizu, erraitea. Segur naiz haur gaixoak bere buruari arras emana duela piaia horren egitea! Ezetzak gure kontra errabian jar dezake eta berdin eriaraz ere.
PATIN: Errozu beraz: Baietz.
KATALIN: Baietz, ba! Bainan badakizuia zuk nor duen delako Suedako neskatxa hura? Eta nolakoa den haren familia? Oraiko egunean, asko jende galdu bada gero mundu zabalean.
PATIN: Errozu beraz ezetz.
KATALIN: Ai! Zu, zu! Zoin gizon ilhauna ziren, ageri da zure errepustetarik. Ez baitakizu sekulan zer nahi duzun. Gero arranguratuko zira nik dudala hemen manatzen eta ez zuk!
PATIN: (Bizi-bizia) Sorgina puies! Baietz! Ezetz! Debruaren tripa bete dadiela zu iduriez!
KATALIN: Ez du balio litania beltzetan ari ziten. Zure ateraldiek eta ahuntzaren gauerdiko eztulak berdintsu larderia dute. Hasteko, Xexiliri jada izkiriatua diot, erranez: Ezetz, ez diogula emaiten Suedarat joaiteko baimenik. Nahi badu, datorla hunarat, hilabete batentzat, bere Suedako neskatxarekin. Hola, neskatxa hura ezagutuko dugula nor den eta ikusiko ean harekin joaiterat utz dezakegun edo ez.
PATIN: Orai ere, eni pitsik aipatu gabe, horiek guziak deliberatu dituzu. Gero asaldatuko zira gure etxean emaztea dela gobernadore entzuten duzulakotz.
KATALIN: Gaixo gizona! Beharrik nauzu hor etxea gobernatzeko. Ez banintz ni hemen, etxe huntan zuregatik, saguak litezke nausi, saguak!
PATIN: Zertako nahi zinuen ene gogoaren berri jakin, Xexiliri jada izkiriatua zinionaz geroz?
KATALIN: Batere gizona izan bazine, behar zinuen nik bezala pentsatu, eta, orduan, aski izanen nuen erraitea zurekin ados nintzela. Salatzen dautzut zer mana, bainan hain zira barnez larria nun nik salatua ez baituzu konprenitzen. Hortakotz, bortxatua naiz ez bakarrik zer mana zuri salatzerat, bainan salatua, nihaurek manatzerat.
PATIN: Eta gainerat kopeta baduzu hola bekoz beko, zure jukutriaren aitortzeko!
KATALIN: Gaixo gizona! Segur laket nuke zurekin itzuli-mitzulika aritzea, bainan hain zira leuntasunez gabea nun zurekin solasak ibili behar baitira ez aho xabalaz bainan hortzetan murruskatuz.
PATIN: Berriz ere erranen dut: Zu hartu zintudalarik ez nuela neretu emazte bat, bainan «kepi» bat, jats bat, eta gainerat eztena bat.
KATALIN: Bai, eta nik ere berdin erranen dut: Zu neretu zintudalarik ez nuela hartu gizon bat, bainan saski potor bat.
OIHALA
|