LAUGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Aintzineko bera.
Xexili ari da lisatzen. Panpilik pasatzen diozka lisatzeko oihal eta arropak, tarratatuak direnak bazterrerat ezarriz.
PANPILI: (Kexu) Erraiten dautzut berriz ere ni leporaino asea naizela bizi huntaz.
XEXILI: O Panpili, ez duzu arrazoinik hola etsitua izaiteko.
PANPILI: Ez arrazoinik? Ohartzen zirea nola iragaiten dudan hemen denbora?
XEXILI: Ez zirea goxoki enekin?
PANPILI: Erdietan, zerbait erran nahia naizelarik, ahoa hetsia egon behar dut.
XEXILI: (Irri batekin) Ez girea ontsasko mintzatzen Suedako hizkuntzan?
PANPILI: Bakea emazu, otoi. Zintzurra akitua baitut, ihauteritako maskatuak bezala mintzatuz emazte boza eginez.
XEXILI: Ez dituguia arratsalde goxoak iragaiten itsas hegian?
PANPILI: Zuk ba beharbada, ontsasko mainatzen baitzira, bainan nik larrua beti tapatua egon behar, nehor ez dadien ohart mutila naizela!
XEXILI: Ez zirea ontsa jostatu igandeko balean?
PANPILI: Bai, beti mutilekin ari izan behar dut dantzan. Neskatxa bat besotan hartu ordu berexten gintuzten ez delakotz gomeni neskatxa neskatxarekin dantzatzea.
XEXILI: Xuut!... Gizon boza egitean mintza zaite apalxago aitak edo amak ez zaitzaten entzun.
PANPILI: Nago zure ama ez ote den zerbaitez ohartzen hasia.
XEXILI: Ba, zera!
PANPILI: Beti, zer eta nola ari naizen, ene zain dago.
XEXILI: Ba, ikusi zaitu trikotatzen. Ez du gehiago erraiten ahalko ez zirela deus eskulanetan ikasia.
PANPILI: Trikotatzen ba! Ene lana hor daukat, zuk hasi bezala, ez baitakit orratz horien malobratzen.
XEXILI: Egin alegia! Nahi duzu jendea bildu? Egin engana-mundu.
PANPILI: Ba, bainan botikeria hunek nekez dezake luzaz iraun. Ene aitari ere Landesetarat gezurra izkiriatua diot: Hemen naizela adixkide batzuen etxean. Errepusta eman daut jinen dela bere otoan ni ikusterat egun horietarik batez. Ori, pollita izanen naiz, ene aitak harrapatzen banau neskatx arropetan.
XEXILI: (Irriz) O Panpili ene bihotza!
PANPILI: (Papoa destinkatuz) Zure bihotza, ba... eta ene papoa. Ene bularren ez erakusteko lepoa hemen dabilkat tinki-tinkia, iguzkiak erre nahi duelarik. Beso eta zango-aztalak ere berdin.
XEXILI: O, ez zaitela hola samur, ene bihotza.
PANPILI: Zu aise mintzo zira. Kanpoan bezala barnean ere beti tapatua egon behar dut. Gainerat, zernahiko zozokeriak entzuten ditut ene gain kondatzen, beti ez konprenituarena eginez. Uste duzuia hau bizi bat dela?
XEXILI: (Alegia nigarti) O, nere bihotza, pena egiten dautazu hola mintzatuz.
PANPILI: (Boza eztituz) Ez, ez zazula nigarrik egin, Xexili.
XEXILI: Bon, errazu beraz beti maite nauzula.
PANPILI: Ba Xexili, maite zaitut.
XEXILI: Eta hitzemazu ez zirela gehiago berriz holako arranguretan ariko.
PANPILI: Ba, Xexili, hitzemaiten dautzut.
XEXILI: Xuut!... Norbait heldu da. Kasu guri. (Panpilik lepoa tapatzen du eta lotzen da trikotari)
KATALIN: (Agertuz) A! Lisatzen ari hiza?
XEXILI: Ba, ama.
KATALIN: Nonbaitik ere hi ari haiz eta ez hire laguna.
XEXILI: Jes! Zertako behar du horrek ari lisatzen eta ez nik?
KATALIN: Ikusi nahi ninan ean lisatzen bederen badakien. Ez zakin jateko moldatzen, ez josten, ez xuriket egiten. Nik ez zakinat hori zertan ikasia den.
XEXILI: Ez duzu ikusten trikotatzen ari dela?
KATALIN: Bai, bai, atzo eta herenegun ere, hala ari zunan. Bainan hasi duen lana beti hein bertsuan ikusten zionat.
XEXILI: Erran dautzut jada, ama, Suedako neskatxak ez direla hemengoak bezala altxatuak.
KATALIN: Pentsatzen dinat han, hemen bezala, neskatxak esposatzen direla eta ama bilakatzen. Eta nahitez haurren xatarrak bederen garbitzen dituztela.
XEXILI: Eginen ditu ba, hunek ere. Utz-azu lehenik ezkontzerat.
KATALIN: Bai, bere xatarrak garbitzeko on ez den neskatxak, nekez eginen ditin egun batez bere haurrenak.
XEXILI: (Zintzaka) Beti horren kontra ari zira, ama. Nik ez dakit horrek zer egin dautzun.
KATALIN: Ez din balio neska sintsakeritan ar hadin. Bere ganberan egona nun horren puskeri so. Ez din segur urgulu handirik. Bi zaia txar, bi barneko atorra, galtzerdi pare bat ditin han bakarrik. Gaineratekoak bizkarrean.
XEXILI: Nihaurek errana nion, ama, ahal bezenbat arropa gutirekin etortzeko hunarat.
KATALIN: Ez din ez petentarik, ez erraztunik, ez eta holako bere burua pollitzeko deus puskarik.
XEXILI: Gaizki zautzuia neskatxa bat xinpleki emana izaitea?
KATALIN: Xinpleki emana eta arruntki emana, bi ditun. Eta ez dinat konprenitzen zertako hola dabilan beti lepo-papoak tapaturik, ditugun iguzkiekin.
XEXILI: Erran dautzut jada, ama, horien lekuan hemen baino tinkiago altxatuak direla eta ez dutela han beren larrua erakusten hemen bezain aise.
KATALIN: Ez zakinat hori arras hola den. Aitak hango sauna eta beste bizi-molde batzu telebixtan ikusi ditin eta ez dun batere hi bezala mintzo.
XEXILI: O, ama, telebixtan agertua ez da baitezpada «Sinesten dut»-ean.
KATALIN: Egia, bainan errana dun ikus eta sinets. Nik, hunen familia nahiko nikenan ikusi.
XEXILI: Zoin idurikorra ziren haatik ama!
KATALIN: Idurikorra? Ez, jakin nahia bakarrik. (Jalitzen da)
PANPILI: Bo, bo, bo... Ez dakit noraino baxera hau joanen den hautsi gabe.
XEXILI: Ez zitela kexa, ene bihotza. Helduko gira bururaino deus hautsi gabe.
PANPILI: Ez dakit, ez dakit... Errazu eta... ez duzuia oraino zilatu zer ote daiteken aitak eta amak aipatzen duten Suedako sauna hori?
XEXILI: Hitz horrek horien artean pizten dituen kasailetarik konprenitzen dudanaz, saunak erran nahi duke potta Suedako mintzairan.
PANPILI: (Irriño batekin) Bon, ekazu beraz sauna bat eta ni banoa lehenbailehen ihesi leku botiga huntarik.
XEXILI: (Irriño batekin) Joanen zira bainan lehenik enekin xuriketak egin-eta.
PANPILI: Xuriketak egin-eta?
XEXILI: Ba. Ez duzuia entzun amak zer erran duen? Ean ez zirenez on zure zikinen garbitzeko?
PANPILI: Zer behar dut orai, iturrirat joan zurekin?
XEXILI: Ba, ene bihotza.
PANPILI: Nik ez dakit boketa xuritzen.
XEXILI: Ene aldeko lats-harrian emanen zira eta askiko duzu nik bezala egitea.
PANPILI: Ho! Ho! Ni zertaratua naizen! Beharrik ez naute ene lagunek ikusten!
XEXILI: Xuut!... Aita hor heldu da.
PATIN: (Agertuz) A! Hemen zireztea? Erran, no, sahetseko sakela hau tarratatu dinat. Emadazkin otoi bi pondu.
XEXILI: Ontsa da, aita. Josten dautzut berehala.
PATIN: Gure betroin txar horren lana dinat hori. Ta, hire lagun horren etxean ote diten kabalik?
XEXILI: O ba! Zer kabala nahi duzu ukan dezaten?
PATIN: Ba, preseski telebixtan ikusiak ditinat horien eskualdeko kabalak. Orkatxak ditine han, halako elur-ahuntz handi batzu. Galde-zon ean ez naizen zuzen mintzo. (Xexilik eta Panpilik zerbait erraiten dute suedarrez)
XEXILI: Baietz ba, egia dela dio lagunak.
PATIN: Naski ba, ikusiak ditinat artalde osoak neguari buruz mendietarik jausten zituztela. Ez zakinat haatik kabala horiek zertako baliatzen dituzten. Haragiko segur, bainan beharbada esneko ere. No, galde-zon hori ere. (Xexili eta Panpili berdin mintzo)
XEXILI: Elur-ahuntzek esnea ere emaiten omen dute eta esne horrekin gasna batzu hautak egiten omen dituzte.
PATIN: Ahuntz-gasna alabainan. Gure eskualdetan ere horien gasna dun hoberena. Bainan, kabala horiek frango basak iduritu zaizkinat. Nagon nola deizten dituzten, estekatuta ote edo... nekez beti gibeletik hemengo ahuntzak bezala. Galde zon ean sahetsetik deizten dituzten ala gibeletik. (Biak berriz mintzo. Irriz ari dira) Zer duzue no holako irritan?
XEXILI: Zera... erran du. Elur-ahuntzak lurrean etzaten dituztela lau zangoz gora eta azpitik goiti deizten.
PATIN: (Irri karkailaz) Azpitik goiti deizten? Eta segur untzia ahoz-beheiti atxikiz. Ikusten dinat hire lagun horrek maite duela irri egitea. Holakoa denaz geroz, behar dinat haatik kitzikatu. Galde-zon ean horien etxean baduten saunaren usaia. (Biak eleketan suedarrez)
XEXILI: Baietz ba. Usaia hori omen da etxe guzitan.
PATIN: (Zakur irri batekin) Galde-zon ean laket luken molde horri lotzen bagine, hemen, gure artean. (Biak eleketa suedarrez)
XEXILI: Ihardesten dautzu segur, etorriko zaukularik hemendik joaiteko eguna, sauna bat laket izanen zaiola.
PATIN: Oi! Oi! Oi! San Pedro eta San Judas! Pollitak behar ditinau ikusi! Erron, erron, ni ere prest nagola sauna batentzat bainan lehenik amaren baimenak segurtatzeko.
XEXILI: Jes! Zertako nahi duzu amak ezetza eman dezan?
PATIN: (Irri larri batekin) No! Ez zakinat! Galde-zon berari. Ni banihoan hemendik. Zuekin egonez galduko ditinat arima eta gorputza. (Jalitzen da)
PANPILI: Jes! Potta bat, hemendik urruntzean elgarri emaiteko, hoinbeste ixtorio! Ez duzuia hori bitxi kausitzen? Ala zer da: Zuen ama biziki jeloskorra?
XEXILI: Ez dakit zer pentsa. Bainan ama mintzaraziko dut eta zerbait ikasiko ahal dut.
OIHALA
|