BOSTGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Aintzineko bera (edo bertsua).
Xexili eta Katalin mokoka ari mihise batzu pleatuz.
XEXILI: Ama, erraiten dautzut ez dugula hortan guk hobenik.
KATALIN: Zer, ez duzuela hobenik? Horiek ditun neskatxa batek gizon bati egiteko ateraldiak? Nik emanen zionat hire lagun horri sauna, mazelako bat ona!
XEXILI: Ama, irri egiteko solas batzu ibili ditugula bakarrik aitarekin! Eta deus malezia gaxtorik gabe.
KATALIN: Ez badun hala, zertako ari dun sare hedatzen?
XEXILI: Zer sare hedatu dio? Irri egiteko solas batzu ditugu hiruek ibili Suedako mainu-tokiez. Ez ahal dituzu zinetan hartzen arraileriaz erranak?
KATALIN: Hori ez dun arraileria bainan nahaskeria. Hire lagun hori nik ez zakinat xuxen zer den. Edo dun arras barne garbikoa, bizia nola den ikasi gabea, edo bere jokoa ontsasko gordetzen duen ustel eder bat.
XEXILI: Ez da ez bat eta ez bestea, ama. Pentsa-azu bakarrik Suedako neskatxa bat dela, eta ez ditugula han eta hemen begi berez ikusten biziko gorabeherak.
KATALIN: Nardatzen nun hire Sueda eta hango ohiturekin. Ez zanala erran gizonekin biluzi ta mainatzeko on den neskatxa lotsa ditakela adixkide duen neskatxa batekin ohe berean lo egiteko.
XEXILI: Holakoa balin badu bere jitea...
KATALIN: Holakoa edo bestelakoa, sarri arratsean beharko din nahitez lagun batekin lo egin. Badakin bestak ditugula eta bi neskatxa heldu zauzkula zonbait egunentzat.
XEXILI: (Asaldatua) Nor?
KATALIN: Nor! Nor! Betiko berak, bixtan dun. Luzi eta Arroxa hire bi kusinak. Merkatuan ikusi nitinan atzo. Ez din balio gontzetarik jalitzea. Ez badun hik nahi horrekin etzan, ez-zkinala besteak gibela. Bereri aipatuko ziotenat eta berek ikusiko dine zer egin. (Jalitzen da. Xexili bakarrik, suspira batzu jalitzen ditu, nigar batzu xukatzen, eta josturari lotzen da)
PANPILI: (Asaldatua agertzen da) A! Hemen zirea Xexili?
XEXILI: (Bera ere asaldatua) Zer duzu? Zer gertatzen da?
PANPILI: Letra bat, Xexili, Landesetarik, aitaren letra bat.
XEXILI: Zer dio?
PANPILI: Egun berean otoz heldu dela ene ikusterat: Haren so hemen egoiteko.
XEXILI: Ho! Ho! Ho! Zer bilakatu behar dugu?
PANPILI: Ba, zer?
XEXILI: Joaiten bagine hemendik ihesi...
PANPILI: (Espaldak altxatuz) Ihesi... ihesi... norat?
XEXILI: Ez da nihondik gomeni aitak zu ikustea hola neska arropaz bezti.
PANPILI: Mutil edo neska bezala bezti, aita hunarat jiten bada, egia dena den ikasiko du.
XEXILI: Eta gordetzen bazine...
PANPILI: Ba, bainan nun naizela sakatuko diozu aitari?
XEXILI: Nik erran nezoke hemen ez dela mutilik. Ez du jakinen norat joan eta Landesetarat itzuliko da.
PANPILI: Ba, bainan ez du holakorik sinetsiko: Haren letrak hemen ukaiten ditut. Badaki beraz etxe huntan dela ene egon-tokia.
XEXILI: Bon, erranen diot Pariserat itzulia zirela zonbait egun hautan.
PANPILI: Nola izan ninteke Pariserat itzulia? Goiz huntan faturrak beti bezala eskutik eskurat eman daut aitaren letra, harekin hitzartu bezala. Eta faturra ez da egonen mintzatu gabe. Bai, pollitak gira!
XEXILI: O! Nere bihotza!
PANPILI: (Samur) Nere bihotza, ba... Horiek guziak zuregatik gertatzen zaizkigu.
XEXILI: (Bizi-bizia) Enegatik? Zertako?
PANPILI: Zure pentsamendua izan da gu biak molde bitxi huntan hunarat etortzea.
XEXILI: Ez ote zen zuretzat plazer enetzat bezenbat?
PANPILI: Gezur eta gezur ari gira: Nola nahi duzu botiga hunek iraun dezan?
XEXILI: (Erdi nigarrez) O, ene bihotza, ez zaitela mintza hoin minberaki. Maite zaitudalakotz naiz holako urratsetan sartu.
PANPILI: (Eztituz) Bon, ez zazula nigarrik egin. Nik beti berdin maite zaitut.
XEXILI: Xuut!... Norbait bada atean. (Begiak laster xukatuz) Aintzinat! (Arroxa eta Luxi agertzen dira i-i-i eta a-a-a-ka, gaitzeko omorean. Potta emaiten diote Xexiliri, eskua Panpiliri)
ARROXA: Agur Xexili; hau duzuia zure Suedako adixkidea? Ba, zure amak errana dauku bazinuela adixkide bat zurekin ekarria Parisetik.
LUZI: Gu aintzineko urtetan bezala bestarat heldu gaituzu gero, hiru egunentzat.
ARROXA: Ba, eta aurten ez gira hemendik itzuliko gizongaia bildu-ta baizik.(Oro irriz)
KATALIN: (Agertuz) Hor zireztea ene perlak?
ARROXA: Ba, hemen gira. Agur ttantta. (Musu emaiten diote) Eta, zuek nahi ala ez, zuen etxean guretzat otela beharko duzue egin hiru egun eta hiru gauez.
KATALIN: Ba, bainan badakizue bi ganbera ditugula bakarrik lau neskatxentzat. Beraz beharko duzue bakotxean biek lo egin.
LUZI: Bixtan da, ttantta. Etxean ere Arroxak eta nik elgarrekin lo egiten dugu.
ARROXA: Ni segurik izitzen ere naiz bakarrik lo egiteko.
KATALIN: Ba, eta gure Xexilik ez baitu lo egin nahi Suedako neskatxa hunekin, zuetarik batek beharko duzue hau oheko lagun.
ARROXA: O! Nik! Nik, ttantta, laket nuke!
XEXILI: (Bizi-bizia) Badakizu, ama, ene lagun horrek bakarrik nahi duela lo egin!
ARROXA: (Xexiliri) Ez zaitela kexa, Xexili, segur niz biziki ontsa antolatuko naizela ni horrekin.
KATALIN: Bixtan da, zertako ez? Ale, zoazte arropen aldatzerat. Horra ganbera.
ARROXA: (Suedarrari irriño batekin keinu eginez) Are, xauri enekin. (Gerritik hartzen du eta erdi dantzan berekin joaiten ganberarat. Xexilik errabian jostura lurrerat aurtikitzen du. Jartzen da eta hipaka nigarrez lotzen, burua beso-pean sartua)
KATALIN: Zer dun? Zer haiz? Sintsaldian berriz ere?
XEXILI: (Marrumaz errabian) Ni ez naiz hemen egonen. Aski duzue egitea nahi duzuena. Ni banoa egun berean Pariserat.
KATALIN: Habil nahi badun! Uste balin badun hire kasketaldien zerbitzuko gaitunala hemen, ontsa makur egiten ditun hire konduketak! (Jostura biltzen dio) Jostura hauk bil-aitzin, hi, enuxenta! (Jalitzen da. Xexili bera dago apur bat nigarrez, begiak nonbait galduak)
PANPILI: (Agertuz eztiki mintzo) Xexili!... (Xexilik ez du bururik altxatzen) Errazu Xexili...
XEXILI: (Nigarrez errabian) Ez zaitut gehiago maite. Joaiten ahal zira nahi duzun lekurat.
PANPILI: Errazu, Xexili, zerbait gogoratu zait nola joka gure aitarekin.
XEXILI: Berdin zait. Ez zira gehiago deus ere enetzat.
PANPILI: Postarat berehala joaiteko gogoa nuke aitari telefonatzerat ez dadien egun hunarat etor. Beharbada ez da oraino etxetik abiatua, eta hola ez liteke bideari lot.
XEXILI: Egin-azu nahi duzuna. Eni berdin zait.
PANPILI: Bo! Ez zazula hola nigar egin Xexili. Sarri berean Pariseko treina hartuko dut. Hola kontent izanen zirea? Errazu baietz, Xexili! (Xexilik batere ez errepustarik. Bainan nigarrak gutitu zaizko) Errazu ba baietz, Xexili.
XEXILI: Eta zure aita heldu bada?
PANPILI: Askiko diozu erraitea nola telefonatu diotan, eta nola gaur berean, Pariserat itzulia naizen.
XEXILI: Bon, ontsa da.
PANPILI: Banoa beraz berehala telefonatzerat. Hola kontent zirea?
XEXILI: (Azken nigarrak xukatuz) Ba, Panpili, ba ene bihotza. (Panpili jalitzen da. Elgarri irriño bat egiten dute. Xexili berriz josturari lotzen da)
OIHALA
|