www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

SALOMONEN KANTIKETAKO KANTIKA

 

I. KAP.

        1. Musu egidazu zure ahoko musuaz ezen zure bulharrak arnoa baino gozoagoak dira,

        2. Usainez baltsamurik hobeenen garai. Zure izena da olio ixuria iduri horren gatik neskatxa gasteek maithatu zaituzte zu.

        3. Zurekin eraman nezazu: zure ondoan laster eginen dugu zure baltsamuen usainera. Erregek sarrarazi nau bere gela-barnetan: jausiko gare eta bozkariaturen zu baithan, orhoiturik zure bulharrak arnoa baino gozoagoak direla: bihotz-zuzenek maite zaituzte.

        4. Oi Jerusalemeko alabak, beltza naiz, bainan ederra, Zedarreko xolak bezala, Salomonen larru-olhak bezala.

        5. Ez dezazuen begira beltzarana naizela, zeren histu bainau iguzkiak jazarri darotet ene amaren semeek, ezarri haute mahastien zain, eta ene mahastia ez dut zaindu.

        6. Oi ene arimak maite zaituena, erakhuts dizadazu nongo ahapidetan ibiltzen zaren, non egiten duzun eguerdiko loa, ez nadientzat bazterrez-bazter abia zure lagunen arthaldeen ondotik.

        7. Jakintsun ez bazare, oi andreetarik ederrena, ilkhi zaite, eta zoazi arthaldeen hatzen ondotik, eta alha zatzu zure pittikak artzainen etxolen ondoan.

        8. Ene maitea, agertu zaizkit ene zaldiaren iduriko, Faraonen urkha-lazterretan.

        9. Zure bi mathelak ederrak dira hala-nola uso ttorttoilaren baphoa: zure lephoa, lepho-gathea bezala.

        10. Eginen darozkitzugu urhezko gatheak, arteak zilharrez berregindurik.

        11. Errege bere etzauntzan zagoelarik, ene nardoak hedatu du bere usaina.

        12. Ene bihotzekoa, mirrazko floka bat da enetzat, egonen da ene bi bulharren artean.

        13. Ene bihotzekoa da enetzat Zipreko mahats-molkho bat bezala, Engadiko mahastietan.

        14. Ai zein ederra zaren, ene maitea, zein ederra zaren! Usoaren begiak ditutzu.

        15. Ai zein ederra zaren, ene bihotzekoa, eta berregina! Gure ohea guzia loreztatua da.

        16. Zedroz dira gure etxeko zurak, gure bobedak ziprez.

 

II. KAP.

        1. Ni naiz bazterretako lorea, eta haranetako lilia.

        2. Nola lilia lapharren artean, hala ene maitea agertzen da bertze neskatxen erdian.

        3. Nola sagarrondoa oihaneko zuhaitzen artean, hala ene bihotzekoa agertzen da gizasemeen artean. Min nuenaren itzalean jarri naiz: eta gozo da haren fruitua ene ahoko.

        4. Sarrarazi nau bere arnotegian, amodioa ezarri du ene bihotzean.

        5. Lorez hazkar nezazue, ingura nezazue sagarrez: ezen amodioz iraungitzen nago.

        6. Esku ezkerra ezarriko du ene buruaren azpian, eta eskuinaz besarkaturen nau.

        7. Othoizten zaituztet, oi Jerusalemeko alabak, orkhatzez eta oihanetako orenez, ez dezazuen asalda, ez-etare atzarraraz ene maitea, berak nahi duen arteo.

        8. Ene bihotzekoaren mintzoa! Huna bera non heldu den mendietan jauzika, bizkarrak iraganez.

        9. Ene bihotzekoak iduri du orkhatza eta orenaren umea. Huna non dagoen gure harrasiaren ondoan, leihoetarik begira, xareten artetarik barrandan.

        10. Huna ene bihotzekoak non erraten darotan: Jaiki zaite, egizu laster, ene maitea, ene usoa, ene ederra, eta zato.

        11. Ezen oraikotz iragan da negua, uria goan eta itzuri da.

        12. Loreak agertu dira gure lurrean, ethorri da ephai-aroa: ttorttoilaren kurruka entzun da gure lurrean.

        13. Pikondoak ekharri ditu bere pikoak: loretan mahastiek hedatu dute beren usaina. Jaiki zaite, ene maitea, ene ederra, eta zato.

        14. Ene maitea, har-arteetan, harrasiko zilhoan, erakuts dizadazu zure begithartea, zure mintzoak jo beza ene beharria, ezen gozoa da zure mintzoa, ederra zure begithartea.

        15. Atzeman ditzagutzue mahastiak xahutzen dituzten haxeri ttipittoak: ezen loratu da gure mahastia.

        16. Enea da ene bihotzekoa, eta ni harena, lilien artean alhatzen denarena,

        17. Eguna zabal, eta itzalak eror ditezen arteraino. Bihur zaite; ene bihotzekoa, izan zaitezi orkhatzaren eta orenkumearen iduriko Bethergo mendien gainean.

 

III. KAP.

        1. Ene ohean, gauen minean, bilhatu izan dut ene arimak maithatzen duena: bilhatu izan dut, eta ez dut aurkhitu.

        2. Jaikiko naiz, eta itzulikatuko dut hiria: karriketan eta plazak gaindi bilhatuko dut ene arimak maithatzen duena: bilhatu dut, eta ez dut aurkhitu.

        3. Atzeman naute hiria zaintzen duten beilariek: Ikhusi duzue ene arimak maithatzen duena?

        4. Hekietarik haratxago iragan naizenean, aurkhitu dut ene arimak maithatzen duena: atxiki dut; eta ez dut utziren sarraraz dezadan arteo ene amaren etxean, eta ene burhasoaren gelan.

        5. Othoizten zaituztet, oi Jerusalemeko alabak, orkhatzez eta oihanetako orenez, ez dezazuen asalda, ez-etare atzarraraz ene maitea, berak nahi duen arteo.

        6. Zein da mortuaren erditik igaiten den hau, mirraz, isentsuz, eta baltsamuginaren herrauts guziez egin baltsamuetarik ilkhitzen den lanho-adarra iduri?

        7. Huna non Salomonen etzauntza inguratzen duten hirur hogoi hazkarrek Israelgo hazkarrenetarikakoek:

        8. Guziak ezpatekin, eta gerletan guziz jakinak: batbederak sahetsean du ezpata, gabazko izialduren ariaz.

        9. Libango zuhamuz soin-karrosa bat egin izan du Salomon erregeak.

        10. Habeak egin ditu zilharrez, etzin-lekhua urhez, igan-tokia purpuraz: erditan hedatu du onhirizgoa, Jerusalemeko alaben ariaz.

        11. Ilkhi zaitezte, Siongo alabak, eta ikhusazue errege Salomon, buruan bere belharrekoa, zeintaz bere amak khoroatu baitzuen ezkontzeko egunean, eta haren bozkarioko egunean.

 

IV. KAP.

        1. Zeinen zaren ederra, oi ene maitea, zeinen zaren ederra! Usoaren begiak ditutzu, barnean gordea denik aiphatu gabe. Zure ileak dira Galaadeko menditik igan diren ahuntz-arthaldeak iduri.

        2. Zure hortzak dira ardi murriztuak iduri, ithurrian garbiturik mendirat igan direnean, guziak ume biritxiekin, eta antzurik ez da hekietan;

        3. Zure ezpainak eskarlatazko xingola bat iduri; zure mintzoa eztia da. Nolakoak baitira mingranaren bi erdiak, halakoak dira zure bi mathelak, barnean gordea denik aiphatu gabe.

        4. Zure lephoak iduri du Dabiden dorrea, hazkargailuekin egina: mila erredola dilindan daude hartarik, eta hazkarren harmagailu guzia.

        5. Zure bi bulharrak dira lilien artean alhatzen diren orkhatzaren bi ume biritxiak iduri.

        6. Eguna argi, eta ilhuna suntsi dadien arteraino, goanen naiz mirrako mendira eta isentsuko aldapara.

        7. Guzia zare ederra, oi ene maitea, eta itzalik ez da zu bait han.

        8. Zato Libanetik, ene andre-beharra, zato Libanetik, zato; khoroatua izanen zare: zato Amanako kaskotik, Sanir eta Hermongo gainetik, lehoinen etzan-lekhuetarik, lehoi-nabarren mendietarik.

        9. Eritu duzu ene bihotza, oi ene arreba, ene esposa, zure begi batez eta zure lephoko ile-kuskula batez.

        10. Zein ederrak diren zure bulharrak, oi ene arreba, ene esposa! Arnoa gozo den baino ederrago dira, eta zure baltsamuen usaina, bertze usain on guziak baino gozoagoa da.

        11. Oi ene esposa, zure ezpainak dira eztia darioen breska bezala, eztia eta esnea dira zure mihiaren azpian: zure soinekoen usaina da isentsuaren usaina bezala.

        12. Baratze hertsi bat zare, ene arreba, ene esposa, baratze hertsi bat, ithurri zigilatu bat.

        13. Zure hats-egotzaldiek iduri dute mingranazko baratze bat sagarren fruituekin, zipreko nardoarekin;

        14. Nardoa eta safrana, khana usain onaren eta zinamoma Libango zuhamu guziekin, mirra eta aloesa baltsamu gozoen guziekin.

        15. Baratzetako ithurria zare; Libanetik thurrustaka jausten diren ur bizietako ithurburua.

        16. Jaiki zaite, ipharra; zato, hegoa; haize emazue ene baratzera, eta heda beitez hango usain gozoak.

 

V. KAP.

        1. Bethor, ene bihotzekoa bere baratzera, eta jan beza bere sagarretako fruitua. Ethorri naiz ene baratzera, ene arreba, ene esposa: bildu izan dut ene mirra ene baltsamuekin: jan dut breska ene eztiarekin: edan dut ene arnoa ene esnearekin: jan zazue, adiskideak, eta edan zazue, eta hordi zaitezte, ene bihotzekoak.

        2. Lotan naiz, eta ene bihotza atzarria dago: ai! ene bihotzekoaren mintzoa! Berak jotzen darot athea, dioelarik: Ideki dizadazu, ene arreba, ene maitea, ene usoa, ene nothagabea; ezen burua dut ihintzez bethea, eta ileak gauetako ur-xortez.

        3. Erauntzi izan dut ene soina, nola jauntziren dut berriz? Garbitu izan ditut zangoak, nola lohi berriz?

        4. Ene bihotzekoak eskua zirritutik sarthu du, eta ene barnea laztu du haren ukitzeak.

        5. Jaiki naiz ene bihotzekoari idekitzera: ene eskuei zarioten mirra, eta usain gozoenak ene erhiei.

        6. Ideki izan diot ene bihotzekoari ene atheko krisketa: hura ordean aldaratua zen eta aitzina iragana. Ene arima urthu da hura mintzatu izan deneko: bilhatu dut, eta ez dut aurkhitu: deithu dut, eta ez darot ihardetsi.

        7. Hirian inguruka dabiltzan zainek atzeman naute; jo eta uspelkatu naute; harrasi-zainek eraman darotade ene kapa.

        8. Othoizten zaituztet, Jerusalemeko alabak, baldin aurkhitzen baduzue ene bihotzekoa, errozue amodioz ahiduran nagoela.

        9. Zer du bada zure maitheak bertze batek ez duenik, oi andreetarik ederrena? Zer du zure maitheak bertze batek ez duenik, huneletan othoizteko gu?

        10. Ene bihotzekoa xuri-gorria da, asko milen artean berezia.

        11. Haren burua da urhe ederrena iduri: haren ileak, belea bera bezain beltzak, palmondoaren gandoak iduri.

        12. Haren begiek iduri dute uso esnean garbituak ur-xirripen bazterretan, eta ur lasterren hegietan egoten direnak.

        13. Haren mathelak dira baltsamuzko larraintto bat bezala, baltsamuginek xuxendua: haren ezpainak iduri dute mirra hautena dakharreten liliak.

        14. Haren eskuak urhezkoak dira, thornuan thornatuak eta moredinez betheak. Haren sabelak iduri du bolia zafirrez berregindua.

        15. Haren zangarrak dira marmolazko habeak bezala, urhezko asentuen gainean. Ederra da Libango mendia bezala, berezia zedroa bezala.

        16. Haren mintzoa ezin-gehiago eztia da, eta bera osoki guragarria: horra nolakoa den ene bihotzekoa, eta bera da ene adiskidea, oi Jerusalemeko alabak.

        17. Nora goan da zure bihotzekoa, oi andreetarik ederrena? nora baztertu da zure bihotzekoa? erraguzu, eta bilhaturen dugu zurekin.

 

VI. KAP.

        1. Ene bihotzekoa jautsi izan da bere baratzera baltsamuetako larrainera, baratzetan hartzeko bere janharia, eta lilien biltzeko.

        2. Ni ene bihotzekoarena naiz, eta enea da ene bihotzekoa, lilien artean hazten dena.

        3. Ederra zare, ene maitea, gozoa eta berregina Jerusalem bezala: lazgarri zare lerrotan pharatua den armada bezala.

        4. Bazter zatzu begiak ni ganik, zeren ene baitharik jauzarazi bainaute. Zure ileak dira Galaadetik agertu den ahuntz-arthaldea iduri.

        5. Zure hortzak dira garbitzeko lekhutik igan diren ardiak bezala, guziak ume biritxiekin, eta ez da hekietan antzurik.

        6. Nola mingranaren axala, hala dira zure mathelak, zutan gordeak direnak aiphatu gabe.

        7. Hirur hogoi dira erreginak, eta laur hogoi ohaideak, eta erran ez-daiteke zenbat diren neskatxa gazteak.

        8. Bainan bat da ene usoa, itzalgabea; bakharra da bere amarena, bere burhasoaren eskutik hautatua. Neskatxek ikhusi izan dute eta goraki deithu guziz dohatsua: erreginek eta ohaideek goretsi izan dute.

        9. Zein da andre heldu den hau, argi-urratzea heldu den bezala, ederra nola ilhargia, zoragarria nola iguzkia, lazgarri nola armada lerroka pharatua?

        10. Jautsi naiz heltzaurretako baratzera, ikhustekotzat haranetako sagardiak, begiratzekotzat hea loratu diren mahastiak, eta muskildu mingranak.

        11. Ez dut jakin: ene arimak nahasi nau, Aminadaben urkha-lasterren ariaz.

        12. Bihur zaite, bihur, Sulamdarra; bihur zaite, bihur, begira dezazugun.

 

VII. KAP.

        1. Zer ikhusiren duzu Sulamdarra baithan, ezpada gerlari-moltzoak kanpetan? Zure urhatsak zeinen diren ederrak, errege alaba, zure oinetakoetan! Zure ixterretako giltzek iduri dute ofizialearen eskuz eginak diren lepho-gatheak.

        2. Zure xilkhoak iduri du thornuan eginikako xata, edariz eskas ez dena. Zure sabela da ogi-murru liliz inguratua bezala.

        3. Zure bi bulharrak dira orkhatzaren bi une biritxiak bezala.

        4. Zure lephoak iduri du bolizko dorrea. Zure begiek iduri dute Hefebongo arraintegiak, oste-alabaren athean direnak. Zure sudurra dago nola Damas-aldera begiratzen duen Libango dorrea.

        5. Zure burua da Karmela bezala; eta zure buruko ilaiak iduri du erregeren purpura erreketan lothua.

        6. Zeinen zaren ederra, eta zeinen berregina, oi ene maitena, ene gozagarria!

        7. Zure irazkiak iduri du palmaren irazkia, eta zure bulharrek mahats-molkhoak.

        8. Eta erran izan dut: Iganen naiz palma-hondora, eta hartuko ditut haren fruituak: eta zure bulharrak izanen zaizkit mahatsaren molkhoak bezala, eta zure ahoko hatsa sagarraren usaina bezala.

        9. Zure zintzurra arnorik hautena iduri, ene bihotzekoak edateko; bere ezpainez eta hortzez gozatzeko gai da.

        10. Ene bihotzekoarena naiz ni, eta bera ixuria dago ni gana.

        11. Zato, ene bihotzekoa, ilkhi gaitezen bazterretara; bizi gaitezen bazter-aldeetan.

        12. Goizik jaiki gaitezen mahastietara: dugun ikhus hea loratu den mahastia, hea loreak bihitzen diren, hea loratu diren mingranak: han emanen darozkitzut ene bi bulharrak.

        13. Urriloek hedatu dute beren usaina: gure athirian dira fruitu guziak: berriak eta zaharrak, oi ene bihotzekoa, oro zuretzat ditut begiratu.

 

VIII. KAP.

        1. Nork emanen darot izan zaitezen ene anaia, ene amaren bulhar bera edoskia, aurkhi zaitzadan kanpoan eta musu eman dizazudan, eta geroz nihoren nardagarri izan ez nadien?

        2. Lothuko natzaitzu, eta eramanen zaitut ene amaren etxera: han jakintsun eginen nauzu, eta nik emanen darotzut arno baltsamuztatu batetik, eta ene mingranen limurreta edatera.

        3. Esku ezkerra ezarriko du ene buru-pean, eta eskuinaz besarkaturen nau.

        4. Othoizten zaituztet, oi Jerusalemeko alabak, asalda ez dezazuen nik maite dudana, eta ez dezazuen atzarraraz ere, berak nahi duen arteo.

        5. Nor da mortutik igaiten den hau, dena gozotasunez bethea, eta bere bihotzekoaren gainean bermatuz? Sagarrondoaren azpian atzarrarazi zaitut: han khutsatua izatu da zure ama, zure burhasoak han galdu du bere lorea.

        6. Zure bihotzaren gainean ezar nezazu zigilu bat bezala, zigilu bat bezala zure besuan: zeren amodioa hazkar baita herioa bezain; amodioaren eragindura gogor ifernua bezain, eta haren lamek erretzen baitute su eta gar lamek bezala.

        7. Ur handiek ezin iraungi dute amodioa, hibaiek ez dute ithoko: gizonak amodioa gatik eman baletza ere bere etxeko ontasun guziak, uste luke oraino deusguti egin lukeela.

        8. Gure ahizpa ttipia da, eta bulharrik ez du: Zer eginen diogu gure ahizpari, solaseko adina ethorria daitenean?

        9. Harrasia balin bada, egin diotzogun zilharrezko dorreak gainean: athea balin bada, estaliko dugu zedrozko oholez.

        10. Ni harrasia naiz: eta ene bulharrak dorrea bezala dira, agertu naizenaz geroztik bakea ardiesten duena bezala ene senharraren aitzinean.

        11. Mahasti bat izan du baketiarrak, jendaiak daduzkan hartan: zaintzaileei eman izan diote eta mahastizainak fruituentzat zor ditu mila zilharrezko.

        12. Ene mahastia ene aitzinean dago. Baketiarrak izanen ditu bere mila zilharrezkoak, eta zaintzaileek berrehun.

        13. Oi zu, baratzetan zaudezena, adiskideak barrandan daude, adiaraz dizadazu zure mintzoa.

        14. Ihes-egizu, ene bihotzekoa; egizu orkhatzak eta orenkumeak bezala baltsamuetako mendien gainean.

 

aurrekoa hurrengoa