ERRAN-ZAHARRAK
I. KAP.
1. Salomonen parabolak, Israelgo errege Dabiden semearenak,
2. Zuhurtziaren eta prestutasunaren jakiteko;
3. Umotasunaren solasen ardiesteko, eta hartzeko irakhasmenaren jakitatea, zuzenbidea, juiamendua eta zuzentasuna;
4. Xumeei emateko xothiltasuna, jakitatea eta adimendua gazteei.
5. Adituz zuhurra zuhurragoturen da, eta adimendutsuak manatzen ikhasiko du.
6. Ohartuko dira parabolari eta argitasunari, zuhurren erranei eta hekien asmakariei.
7. Jaunaren beldurra, zuhurtasunaren hastea da; zoroek arbuio dute zuhurtziarentzat eta irakhasmenarentzat.
8. Ene semea, adi zazu zure aitaren irakhaspena, eta ez utz zure amaren legea,
9. Edergailu bil dezan zure buruak, eta gathe aberats bat zure lephoak.
10. Ene semea, baldin amainatzera hari bazaizkitzu bekhatoreak, berautzu hekietara erortzetik.
11. Erran balezazute: Zato gurekin, zelatak heda detzagun odolaren ixurtzeko; deusik egin ez darokun hobengabeari arteak heda diotzogun;
12. Bizirik irets dezagun, ifernuak bezala, eta osorik putzura erortzen dena bezala;
13. Zer-nahi gauza balios atzemanen dugu; gure etxeak buluzkinez betheko ditugu;
14. Zorthe egizu gurekin; moltsa bat izan dezagun orok.
15. Ene semea, ez hekiekin ibil; zure oina zain zazu hekien bidexketarik;
16. Ezen hekien zangoek gaizkira laster egiten dute, eta odolaren ixurtzera higitzen dira.
17. Bainan alferretan sarea arthikitzen da hegalak dituztenen begien aitzinean.
18. Beren odolaren kontra ere hedatzen dituzte zelatak, beren arimen kontra hari dira zimarkhu egiten.
19. Holakoak dira jaramanaren bidexkak; atzematen dituzte aberatsen arimak.
20. Kanpoan mintzo da zuhurtzia, plazetan atheratzen du bere hitza.
21. Osteen aitzinean oihuz dago; hiriko atheen kanpoko aldean atheratzen ditu bere solasak, dioelarik:
22. Haurrak, noiz arteo maithatuko duzue haurtasuna, eta zoroek noiz arteo izanen dute kaltekor dituzten gauzen gutizia, eta umotasunik ez dutenek higuinduko dute jakintasuna?
23. Ene kridantzamendura, itzul zaitezte; huna non agertuko darotzuedan ene izpiritua, eta adiaraziko ene hitzak.
24. Zeren nik deithu, eta zuek ez duzuen nahi izan; nik eskua hedatu, eta nihor etzen begiratzeko;
25. Ene erran on guziak erdeinatu eta ene gaizkiak axolarik gabe utzi ditutzuen:
26. Nik ere zuen heriotzeko orduan irri eginen dut, eta trufatuko naiz, beldur zinetena gertatuko zaitzuetenean;
27. Zorigaitza bat-batean jauziko denean; herioak, phesiak bezala jazarriko darotzuenean; hesturak eta athekak ethorriko direnean zuen gainera.
28. Orduan deithuko naute, eta ez dut entzunen; goizetik jaikiko dira, eta ez naute atzemanen;
29. Zeren hastio izan duten irakhaspena, eta ez duten hartu Jaunaren beldurra.
30. Zeren ene erran ona ez duten onhetsi, eta erdeinatu dituzten ene kridantzamendu guziak.
31. Janen dute beraz beren bideko fruitua eta beren asmuez aseko dira.
32. Haurren makhurtzeak hilen ditu, eta zoroen ongitzeak galduko.
33. Ni entzunen nauena ordean, izialdurarik gabe phausatuko da, eta nasiziziaz gozatuko, gaitzen beldurra khendurik.
II. KAP.
1. Ene semea, onhesten baditutzu ene solasak eta zure baithan gordetzen baditutzu,
2. Zure beharriak entzun dezan zuhurtzia; bil zazu zure bihotza umotasunaren ezagutzera;
3. Ezen baldin zuhurtzia deitzen baduzu, eta zure bihotza umotasunaren azpira gurtzen baduzu;
4. Hura bilhatzen baduzu, eta dirutze baten atzemateko bezala harentzat zilhatzen hari bazare;
5. Orduan adituko duzu Jaunaren beldurra, eta aurkhituko duzu Jainkoaren jakintza.
6. Alabainan Jaunak ematen du zuhurtzia, eta haren ahotik dathortzi umotasuna eta jakitatea.
7. Salbamendua begiratzen du zuzenentzat, eta gerizatzen ditu lainoki dabiltzanak,
8. Zuzentasuneko bidexkak idukiz, eta sainduen bideak begiratuz.
9. Orduan ezagutuko ditutzu zuzenbidea, juiamendua eta zuzentasuna, eta bidexka on guziak.
10. Baldin zuhurtzia sartzen bada zure bihotzean, eta jakitatea zure arimaren gogarako bada,
11. Asmuak begiratuko zaitu eta umotasunak zainduko,
12. Itzur zaitezentzat bide gaixtoari eta gauza tzarrak erraten dituen gizonari;
13. Zeinak uzten baitu bide zuzena, eta bide ilhunetarik ibiltzen baita;
14. Zeina bozten baita gaizkia egin dukeenean, eta gauzarik tzarrenetan bozkarioz jauzten baita;
15. Zeinaren bideak galdukeriakoak baitira, eta hekien urhatsak tzarkeriakoak;
16. Itzur zaitezentzat emazteki atzeari, eta bere solasak lekatzen dituen arrotzari,
17. Zeinak uzten baitu bere gaztetasuneko bidaria,
18. Eta ahantzen Jainkoarekilako batasuna; ezik haren etxea heriotzearen alderat makhurtua da, eta ifernura doazi haren bidexkak.
19. Haren gana sartzen direnak oro, ez dira bihurturen eta ez dituzte harturen bizitzeko bidexkak.
20. Zaiten ibil bide onean, eta idukatzu prestuen bidexkak.
21. Alabainan zuzenak direnak egonen dira lurrean, eta lainoak han geldituko dira;
22. Bainan gaixtaginak lurretik galduak izanen dira, eta tzarkerian hari direnak handik khenduak dira izanen.
III. KAP.
1. Ene semea, ez bezazu ahantz ene legea, eta zure bihotzak zain betza ene manamenduak;
2. Ezen ekharriren darozkitzute egunen luzetasuna, bizitzeko urtheak eta bakea.
3. Urrikalkortasuna eta egia ez beitez urrun zu ganik; ezar zatzu zure lephoaren inguruan, eta zure bihotzaren gainean iskriba zatzu.
4. Eta aurkhituren ditutzu grazia eta egiteko molde on bat Jainkoaren eta gizonen aitzinean.
5. Zure bihotz guziaz Jaunaren baithan fida zaite, eta ez berma zure umotasunaren gainean.
6. Zure hara-huna guzietan hura izan zazu gogoan, eta berak bidaturen ditu zure urhatsak.
7. Zuhurtzat ez iduk zure burua; izan zaite Jainkoaren beldur, eta gibel egiozu gaizkiari;
8. Ezen horrela zure barnea sasual eta zure hezurrak hezatuak izanen dira.
9. Zure izatetik ohora zazu Jauna, eta emotzu zure uzta guzien pikainak,
10. Zure selharuak ontasunez betheko, eta zure dolhareak arnoz gaindituko dira.
11. Ene semea, ez egotz Jauna ganikako kridantzamendua, etzaitezela erkhi gaztigatzen zaituenean.
12. Ezen maite duena gaztigatzen du Jaunak, eta lakhet da harekin, aita bat bere semearekin bezala.
13. Dohatsu gizona zuhurtzia aurkhitu duena, eta umotasunez nasai dena!
14. Haren biltzea hobe da asko diruz jabe egitea baino, eta urhe ederrenak eta garbienak ez ditu haren fruituak balio.
15. Aberastasun guziak baino baliosago da; eta galda ditazkeen gauza guziak, ez dira hari erkhatzeko gai.
16. Haren eskuinak daduka egunen luzetasuna, eta ezkerrak aberastasunak eta ospea.
17. Haren bideak oro ederrak dira eta haren bidexka guziak bakezkoak.
18. Hura besarkatzen dutenentzat da bizitzeko zuhaitza, eta dohatsu hari iritxikia dagoena.
19. Jaunak zuhurtasunaz asentatu du lurra, eta umotasunaz jarri ditu zeruak.
20. Haren zuhurtziaren bidez ondarrak gaindika goan dira eta lanhoak ihintzetara loditzen dira.
21. Ene semea, horiek ez beitez zure begietarik athera; iduk zatzu legea eta ene errana;
22. Eta hori izanen da zure arimako bizia eta zure ahoko berregindura.
23. Orduan gogoa onik ibiliko zare zure bidean, eta zure oina ez da behaztopatuko.
24. Lo egiten baduzu, beldurrik gabe eginen duzu; phausu hartuko duzu, eta gozoa izanen da zure loa.
25. Ez har tupuzteko ikharadurarik eta ez izi zure gainera jauziko diren gaixtaginen indarrez;
26. Ezen Jauna zure sahetsean izanen da, eta zure oina zainduko du, etzedintzat izan atzemana.
27. Ongiaren egitetik, ahala duena berautzu gibela; eta zerorrek egizu ongia, ahala balin baduzu.
28. Ez erran zure adiskideari: Zoaz, eta zato berriz, bihar emanen darotzut, berehala eman dezakezunean.
29. Ez hari eskupeka gaizkiaren egiten zure adiskideari, noiz-etare harek zure baithan baitu bere fidantzia.
30. Ariarik gabe eskatimarik ez har gizonarekin, noiz-etare berak ez baitarotzu gaizkirik deusere egin.
31. Ez bekhaizgorik ekhar makhurrean dabilanari, eta ez jarraik haren bideei;
32. Zeren Jaunak hastio baititu enganatzaile guziak, eta lainoekin baititu bere solasak.
33. Jaunak igortzen du beharra gaixtaginaren etxera; bainan prestuen egoitzak benedikatuak izanen dira.
34. Harek trufatuko ditu trufariak, eta graziaz betheko ditu ezti direnak.
35. Zuhurrek gozatuko dute ospea; zoroen goratzea ahalketara bihurtuko da.
IV. KAP.
1. Ene haurrak, entzun zazue aitaren irakhaspena, eta erne zaudezte umotasunaren ikhasteko.
2. Dohain on bat eginen darotzuet; ez bezazue bazterrerat utz, ene legea;
3. Ezik neroni nintzen ene aitaren seme maitea, eta ene amaren ume bakharra;
4. Eta aitak irakhasten eta erraten zarotan: Zure bihotzak onhets betza ene solasak; begira zatzu ene manamenduak, eta biziko zare.
5. Izan zazu zuhurtzia, izan zazu umotasuna; ez ahantz ene ahotikako solasak, eta hekietarik ez makhur.
6. Ez utz zuhurtzia, eta zainduko zaitu; maitha zazu, eta begiraturen zaitu.
7. Zuhurtziaren hastapena da haren biltzera haritzea; zure bertze izate guzien erdian, umotasuna bil zazu.
8. Hura ardiets zazu, eta altxaturen zaitu; haren bidez izanen zare ospatua, hura besarkatu dukezunean.
9. Graziazko berhatzapen bat emanen dio zure buruari, eta khoro eder batek gerizaturen zaitu.
10. Adi zazu, ene semea, eta onhets zatzu ene solasak, luza ditezen zure bizitzeko urtheak.
11. Erakhutsiren darotzut zuhurtziako bidea; zuzentasuneko bidexkez eramanen zaitut:
12. Hekietan sarthu zaitekeenean, zure urhatsak ez dira hertsatuak izanen, eta lasterka zihoazalarik ez duzu behaztopagailurik izanen.
13. Irakhasmenari zatxizkio, ez utz hura; zain zazu, zeren hura baita zure bizia.
14. Ez bekizkitzu lakhet izan gizon tzarren bidexkak, eta ez bekizu atsegingarri izan gaixtaginen bidea.
15. Ihes egiozu, ez hartarik iragan; aldara zaite eta bazterrerat utz zazu;
16. Ezen lorik ez dukete, non ez duten gaizki zerbait egin; eta loa galtzen dute, non ez duten norbait eragotzi.
17. Tzarkeriako ogia jaten dute, eta bidegabekeriako arnoa edaten.
18. Aldiz, prestuen bidexka, argi distiragarri bat iduri, ilkhitzen da eta handitzen egun betheraino.
19. Gaixtaginen bidea ilhuna da: ez dakite norat erortzen diren.
20. Ene semea, entzun zatzu ene solasak, eta beharria emozute ene erranei.
21. Zure begietarik ez bezate gibelerat egin; zain zatzu zure bihotzaren minean;
22. Ezen hekiek dira aurkhitzen dituztenen bizitzea, eta gorphutz ororen osagarria.
23. Artha guzirekin zain zazu zure bihotza, zeren handik ilkhitzen baita bizia.
24. Hastan zazu zure ganik aho gaixtoa, eta ezpain gaizki-erraileak urrun izan beitez zure ganik.
25. Zure bekiek zuzen ikhus bezate, eta zure bekhurustek aitzin betzate zure urhatsak.
26. Zure oinez hazta zazu zure bidea, eta horrela zure ibilbide guziak segurtuko dira.
27. Ez bezedi makhur ez eskuin, ez ezker; gaizkitik aldara zazu zure oina; ezik Jaunak ezagutzen ditu eskuinerat diren bideak; bainan ezkerreratekoak tzarrak dira. Berriz, harek berak xuxenduko ditu zure lasterrak, eta zure urhatsak bakezko bideetara atheratuko ditu.
V. KAP.
1. Ene semea, atzarria zaudezkiote ene solas zuhurrei, eta beharria emozute ene hitz umoei;
2. Zain detzatzun zure gogoetak, eta zure ezpainek begira dezaten irakhasmena. Berautzu emaztekiaren balakakeriari beharria ematetik;
3. Ezen eztia darioten breska iduri dute lilitxoaren ezpainek, eta haren zintzurrak olioz argitzen du;
4. Bainan haren ondorio azkenak uher dira zizari-belharra bezala, eta zorrotz hala-nola bi ahotako ezpata.
5. Heriotzera jausien dira haren oinak, eta ifernuetara sartzen dira haren urhatsak.
6. Ez dabiltza bizitzeko bideaz; haren urhatsak dira barraiatuak eta ezin-ezagutuzkoak.
7. Orai beraz, ene semea, adi nezazu, eta ene ahoko hitzetarik ez bezaite gibela.
8. Lilitxoaren ganik urrun zatzu zure bideak, eta ez bezedi haren etxeko athetik hurbil.
9. Ez eman arrotzei zure ohorea, ez-eta odolgiro bati zure urtheak,
10. Arrotzak ez ditezen bethe zure onez, eta zure nekheen saria ez dadien geldi etxe atzean;
11. Beldurrez-eta azkenekotz auhenetan egon zaitezen, zure haragiak eta gorphutza ahitu ditutzun ondoan, eta erran dezazun:
12. Zertako hastiatu dut kridantzamendua, eta ene bihotzak ez du onhetsi erantzukia?
13. Zertako ez othe dut entzun argitzen nindutenen mintzoa, eta ene nausietara ez othe dut makhurtu ene beharria?
14. Gaizki guzietan hurran sarthu naiz, baldarnaren eta sinagogaren erdian.
15. Edan zazu zure urtegiko uretik eta zure ithurriko xirripetarik:
16. Kanporat ilkhi beitez zure ithurriak, eta karriketara barraia zatzu zure urak.
17. Zure-zureak izan zatzu, eta arrotzak izan ez beitez zurekin phartedun.
18. Zure zaina bedi benedikatua, eta boz zaitezi zure gaztetasunetikako emaztearekin.
19. Hura izan bekizu hala-nola oren ama maite-maitea, hala-nola oren ume gogokoena: noiz-nahi hordi betzazte haren bulharrek; haren amodioan bethi har betzatzu zure gogo guziak.
20. Zergatik, ene semea, emazte atzeaz utziko duzu balakatzera zure burua, eta gozo hartuko duzu zurea ez denaren bulharren artean?
21. Jaunak begiratzen du gizonaren bideetara, eta begiaz daduzka haren urhatsak oro.
22. Bere tzarkeriek atzematen dute gaixtagina, eta bere bekhatuen lokharriez hestutua da.
23. Hilen da hura, zeren ez den nehortu, eta enganatua geldituko da bere nihonereko zorokerietan.
VI. KAP.
1. Ene semea, zure adiskidearentzat berme sarthu bazare, arrotzari eman diozu bahi zure eskua.
2. Zure ahoko hitzez sareratu, eta solas zure-zureez atzeman zare.
3. Diodana egizu beraz, ene semea, eta zure burua athera zazu, erori zarelakotz zure lagunaren eskura. Laster egizu, higi zaite, atzarraraz zazu zure adiskidea;
4. Lorik ez eman zure begiei, ez utz lohakhartzera zure bethazalak.
5. Itzur zaitezi orkhatza eskutik bezala, xoria ihiztariaren eskutik bezala.
6. Zoaz, oi nagia, xinhaurria gana; ikhusatzu haren bidexkak, eta ikhasazu zuhurtzia.
7. Ez duen arren ez aitzindari, ez irakhaste, ez buruzagirik,
8. Udan xuxentzen du bere hazkurria, eta uztaroan biltzen du zer jan.
9. Oi nagia, noiz arteo egonen zare lo? noiz atzarriko zare zure lotik?
10. Aphur bat lotan, aphur bat lo-asman egonen zare, aphur bat bilduko ditutzu eskuak, lo egitea gatik:
11. Eta beharra gainera ethorriko zaitzu bidaiari bat bezala, eta erromeseria hala-nola gizon harmatu bat. Bainan langile bazare, zure uzta ethorriko da ithurria bezala, eta beharrak urrun zuganik ihes eginen du.
12. Gizon arnegatua, gizon alfer bat da; elhe maltzurrez bethea dabila;
13. Hari da begiz kheinuka, zangoz joka; erhiz mintzo da.
14. Bere bihotz galduan gaizkiaren aphaintzen hari da, eta noiz-nahi eskatima eraiten dabila.
15. Bat-batean ethorriko zaio bere galpena, eta tupustean lehertua izanen da; harentzat ez da gehiago sendagailurik.
16. Sei gauza dira Jaunak higuin dituenak, eta hatsgarri daduka haren arimak zazpigarrena:
17. Begi goratiak, mihi gezurtia, esku hobengabeko odolaren ixurleak,
18. Bihotz asmu tzar egilea, gaizkirat laster egiteko zalhu diren oinak,
19. Lekhuko faltsu gezurrez mintzo dena, eta anaien artean makhur phizten haritzen dena.
20. Begira zatzu, ene semea, zure aitaren manamenduak, eta ez utz zure amaren legea.
21. Iduk zatzu bethi zure bihotzean lothuak, eta ingura zatzu zure lephoan.
22. Bidean zoazinean, ibil beitez zurekin; lo zaudenean, zaint bezaitzate; eta atzartzen zarenean, hekiekin egizu solas:
23. Zeren manamendua kriselu bat baita, legea argi bat, eta irakhaspenaren kridantza biziaren bidea;
24. Zure begiratzeko ema tzarra ganik, eta emazte arrotzaren mihi legunetik.
25. Halakoaren edertasunaz ez bedi gutizia zure bihotza, eta zure burua ez utz haren jestuez atzematera;
26. Ezen lilitxoaren saria, doi-doia da ogi bakhar bat; bainan emaztekiak gizonari balio handitako arima atzematen dio.
27. Gizonak bere golkhoan gorde othe dezake sua, haren soinekoak erreko ez diren bezala?
28. Edo ikhatzen gainean ibil othe ditake, haren oin-azpiak erreko ez diren bezala?
29. Hala bere lagunaren emaztea ganat sartzen dena, ez da garbi izanen hura ukitu ondoan.
30. Ez da hoben handia, norbaitek ebasgo bat egin duenean, ezen ebasten du bere gosearen asetzeko.
31. Atzeman dutenean ere, zazpitan bihurtuko du ebatsia, eta emanen ditu bere etxeko izate guziak.
32. Bainan bertzeen emaztearekin khutsutan denak, bihotzeko zorokeria baten gatik galduko du bere arima.
33. Itsuskeria eta ahalkea biltzen ditu bere gainera, eta haren laidoa ez da ezeztatuko,
34. Zeren gizonaren bekhaizgoak eta sephak ez baitute guphidetsiko aspertzeko egunean.
35. Nihorren othoitzik ez du onhetsiko, eta ez du barkhatzeko harturen emaitza asko ere.
VII. KAP.
1. Ene semea, idukatzu ene solasak; eta bil zatzu zure baithan, haurra, ene manamenduak.
2. Begira zatzu ene erranak eta biziko zare, zaint zazu ene legea zure begi-ninia bezala;
3. Loth zazu zure erhiei eta iskriba zazu zure bihotzeko plametan.
4. Zuhurtziari errozu: Ene arreba zare, eta umotasuna deith zazu zure adiskidea;
5. Zaint zaitzan emazte arrotza ganik, eta bere solasak ezti egiten dituen atzea ganik;
6. Begia ezen eman dut ene etxeko leihotik, xareten artetik:
7. Ikhusten ditut gazteak, begira nago gizon-gazte burtzoro bati,
8. Zeina iragaiten baita karrikatik, emazte haren etxe izkinatik, eta harateko bideaz baitabila,
9. Ilhunean, eguna arrasten denean, gabazko ilhunbe eta gobelarekin.
10. Eta hara non lilitxoaren aphainduran atheratzen zaioen emazteki, arima harrapatzera jarria, guzia solas, zokho guzietan dabilan bat,
11. Sesua ezin jasan dezakeena, eta bere oinak etxean idukitzeko gai ez dena;
12. Orai athean, gero karriketan, gero izkinetan barrandan dagoena.
13. Eta gixon-gaztea atzemanik, musukatzen du, eta ahalkegabeko begitharte batekin balakuka hari zaio, dioelarik:
14. Bitimak agindu ditut zorion izateko; egun bethe ditut ene botuak:
15. Horren gatik ilkhi naiz zure bidera, zu ikhusi nahiz, eta atzeman zaitut.
16. Sokhetan hedatu dut ene ohea, Egiptotikako khurtxoin thindatuekin moldatu dut.
17. Mirra, aloesa eta zinamoma birbiratu ditut ene etzauntzan.
18. Zato, hordi gaiten gure bulharrez, gozo har dezagun gure gutiziako besarkaldietan, egunak argi dezan arteo;
19. Ezen senharra ez dut etxean; bide luzeari lothua da.
20. Diru-zakhuto bat hartu du berekin; ilhargi betheko egunean itzultzekoa da etxerat.
21. Asko solasez biribilkatu du, eta bere ezpainetako lausenguez bildu du.
22. Jarraikitzen zaio berehala, bitimatzat daramaten idia bezala, eta jauzika dohan bildotsa bezala; eta zoroak ez daki estekara dela herrestatua,
23. Gezi batek zilha diozon arteo bihotza; badoha hala-nola xori batek segadara hegaldaka egin baleza, eta ez daki haren biziaz dihoala.
24. Orai beraz, ene semea, adi nezazu; atzarririk zaude ene ahoko solasei.
25. Zure gogoa ez bedi herrestatua izan emazte haren bideetara, ez bezedi errebela haren bidexketan;
26. Ezen asko sakhiturik eragotzi eta hazkarrenak ere hilarazi ditu.
27. Haren etxea da ifernuko bidea, herioaren egoitzako zolaraino jausten dena.
VIII. KAP.
1. Zuhurtzia oihuz ez othe dago, eta umotasunak ez othe du deihadar egiten?
2. Jarririk bide gaineko bizkar handi eta goretan, bidexken erdian,
3. Hiriko atheen ondoan, atheetan beretan, mintzo da, dioelarik:
4. Oi gizonak, zuei nago oihuz, eta gizasemeentzat da ene deihadarra.
5. Gazteak, ezagutazue zuhurtzia; zoroak, ohart zaitezte.
6. Adi zazue, ezen gauza handiz mintzatzera noha, eta ene ezpainak idekiko dira gauza zuzenen errateko.
7. Ene ahoak erabiliko du egia, eta ene ezpainek higuinduko dute tzarkeria.
8. Bidezkoak dira ene solas guziak; hekietan ez da deusere gaixtorik, ez tzarrik.
9. Zuzenak dira adimendutsuentzat, eta errexak jakitatea aurkhitu dutenentzat.
10. Onhets zazue ene irakhaspena, eta ez dirua: hauta zazue irakhasmena urhea baino hobeki;
11. Alabainan gauza baliosenak baino hobea da zuhurtzia; eta lehia eman dezaketen guziak ez dira haren erkhide.
12. Ni, zuhurtzia, asmuan egoten naiz, eta gogokunde argituen artean naiz.
13. Jaunaren beldurrak higuin du gaizkia; hastio ditut ozartasuna, hanpuruskeria, bide galdua eta bi hitzetako ahoa.
14. Ni ganikakoak dira asmu ona eta zuzentasuna; ni ganikakoak umotasuna eta indarra.
15. Ene bidez erregeak erreginatzen dira eta lege-egileek erabakitzen dute zuzen dena.
16. Ene bidez manatzen dute buruzagiek, eta justizia bihurtzen dute ahala eskuan dutenek.
17. Ni maite nautenak maithatzen ditut nik, eta goizik ene ganat ernatzen direnek aurkhitzen naute.
18. Enekin dira aberastasunak eta ospea, ontasun ederrenak eta zuzentasuna;
19. Ezen urhea eta harri baliosa baino hobea da ene fruitua, eta ni ganik sortzen dena zilhar hauta baino hobea.
20. Zuzenaren bideetan nabila, adimenduaren bidexken erditik,
21. Ni maite nautenen aberasteko eta hekien khutxen bethetzeko.
22. Jauna ene jabe da bere bidean hastetik, abiaduratik, deusere egin aitzinetik.
23. Egundainotik ezarria naiz, eta aspalditik, lurra egina izan zedin baino lehenagodanik.
24. Ondarrak etziren oraino, eta ordukoz egina nintzen; ithur-urak etziren oraino jauzten;
25. Mendiak etziren oraino beren bulto gaitzean jarriak; mendixkak baino lehen jaioa nintzen;
26. Jaunak etzituen oraino egin lurra, hibaiak eta lurraren erroak;
27. Zeruak aphaintzen zituenean, han nintzen; lege ezin-hautsizko batez eta antapera batez inguratzen zituenean ondarrak;
28. Ortzia gogortzen zuenean gainean, eta ithur-urak beren neurritan ezartzen zituenean;
29. Itsasoa bere zedarriez inguratzen zuenean, eta urei lege bat ematen zarotenean, etzetzazten beren mugak iragan; lurraren asentuak airetan jartzen zituenean;
30. Harekin nintzen guzien xuxentzen; eta egun oroz gozo hartzen nien, bethi haren aitzinean dostatuz;
31. Dostatuz munduaren hedaduran; eta ene gozoa zen gizasemeekin izatea.
32. Orai beraz, ene haurrak, entzun nezazue; dohatsu ene bideak zaintzen dituztenak.
33. Adi zazue ene irakhaspena; izan zuhur, eta ez hastan hura.
34. Dohatsu ni entzuten nauen gizona, eta ene ilkhibideetan atzarria, eta ene sartzeko athean erne dagoena!
35. Ni atzemanen nauenak aurkhituren du bizia, eta Jauna ganik ilkhiren du salbamendua.
36. Bainan ene alderat hobendun eginen denak, zaurthuko du bere arima; ni higuintzen nauten guziek maite dute heriotzea.
IX. KAP.
1. Zuhurtziak egin du beretzat etxe bat; zazpi habe irazki ditu;
2. Imolatu tutu bere bitimak; nahastekatu du arnoa, eta xuxendu du bere mahaina.
3. Bere neskatoak igorri ditu deitzera gaztelura eta hiriko harrasietara:
4. Lainorik nihor balin bada, ethor bedi ene gana. Eta zoroei erran diote:
5. Zatozte, jan zazue ene ogia eta edan zazue zuentzat xuxendu dudan arnoa.
6. Utz zazue haurtasuna, eta bizi zaitezte; eta ibil zaitezte umotasunaren bideetarik.
7. Trufariaren irakhasten hari denak, bere buruari egiten dio irain; eta gaixtaginari erantzuten dioenak, bere burua nothatzen du.
8. Ez biozozu trufariari erantzun, beldurrez-eta hastia zaitzan: zuhurrari erantzun diozozu, eta maite izanen zaitu.
9. Bidea emozu zuhurrari, eta zuhurragoturen da; zuzena irakhatsozu, eta hartara lehen-bai-lehen eginen du.
10. Jaunaren beldurra da zuhurtziaren hastapena, eta umotasuna da sainduen jakitatea.
11. Alabainan ene bidez luzatuko dira zure egunak eta berhatuko zure bizitzeko urtheak.
12. Baldin zuhur izaten bazare, zuretzat izan zare hala; aldiz, trufari bazare, zerorrek jasanen duzu bidegabea,
13. Emazteki zoro, harotsu, amainakeriaz bethe eta deusere ez dakiena.
14. Bere etxeko athean jarria dago alkhi baten gainean, hiriko lekhu goran,
15. Handik iragaiten eta beren bidean dihoazenen deitzeko.
16. Laino dena bazter bedi ene alderat. Eta zoroari erran dio:
17. Ebatsizko urak eztiago dira, eta gordekako ogia gozoago.
18. Eta hunek etzakien han zirela diganteak, eta harekilako barazkaltiarrak ifernuko zolara dihoazela.
SALOMONEN PARABOLAK
X. KAP.
1. Aitaren bozgarri da seme zuhurra; seme zoroa, berriz, bere amaren hiragarri.
2. Tzarkeriatikako aberastasunak ez dira deusetako baliaturen; zuzentasunak aldiz, heriotzetik libraturen du.
3. Jaunak ez du goseteaz hagoranduren prestuaren arima, eta eragotziren ditu gaixtaginen maltzurkeriak.
4. Esku nagiak dakhar erromestasuna aldiz, bizitorearen eskuak biltzen ditu aberastasunak.
Gezurraren gainean bermatzen dena, haizez hazten da; haina, berriz, hegaldaka dihoazen xorien ondotik jarraikitzen da.
5. Uztaroan biltzen hari dena, ume zuhurra da; bainan udan lo dagoena, ahalkeriaren umea da.
6. Jaunaren benedizionea prestuaren buruaren gainean da; tzarkeriak aldiz, estaltzen du gaixtaginen begithartea.
7. Laudoriorekin aiphatuko da prestuaren orhoitzapena, eta gaixtaginen izena ustelduko da.
8. Bihotzez zuhur denak onhesten ditu bertzeen erranak; zoroa ahotik galtzen da.
9. Lainoki dabilana, gogoa zabalik ibiltzen da; bainan bere bideak makhurreratzen dituena, ageri izanen da.
10. Begi-kheinuka hari denak oinhaze emanen du; eta ezpainez izanen da zaurthua.
11. Prestuaren ahoa, biziaren ithurria da; eta gaixtaginen ahoak gordetzen du tzarkeria.
12. Herrak bizten ditu eskatimak, eta karitateak itsutzen hoben guziak.
13. Jakitatea aurkhitzen da zuhurraren ezpainetan, eta zaharoa adimenduz eskas denaren bizkarrean.
14. Zuhurrek gordetzen dute jakitatea; aldiz, zoroen ahoa ahalkamenduari hurbil dago.
15. Aberatsarentzat ontasunak gaztelu beharrarentzat gabea lotsamendu.
16. Prestuaren lanak, bizitzerat; gaixtaginen egintzak aldiz, bekhaturat.
17. Irakhasmena zaintzen duenarentzat, biziko bidea; erantzukia bazterrerat uzten duenarentzat, errebelatzea.
18. Ezpain gezurtiek gordetzen dute herra; irainka hari dena, zoro bat da.
19. Elhe hainitzei etzaiote bekhatua eskastuko; bainan bere ezpainak neurritan daduzkana, guziz da umoa.
20. Prestuaren mihia da zilhar hauta; aldiz, gaixtaginen bihotza deusetako ez da.
21. Prestuaren ahoak asko ditu argituren; ikhasigabeak berriz, bihotzeko landerrerian dira hilen.
22. Jaunaren benedizioneak egiten ditu aberatsak, eta atsekabea ez da hekiei batuko.
23. Irri egiteko bezala zoroak egiten du gaixtakeria; zuhurtzia da aldiz, gizonaren umotasuna.
24. Zeren-ere baita beldur gaixtagina, hura ethorriko zaio gainera; prestuari emana izanen zaio bere nahikariaren arabera.
25. Iragaiten den phesia bat iduri gaixtagina suntsituren da; prestua berriz, bethiko asentu bat bezala egonen da.
26. Nola baitira minagrea hortzen eta khea begien, hala da alferra igorri dutenen alderat.
27. Jaunaren beldurrak luzatzen ditu egunak, eta laburtuak izanen dira gaixtaginen urtheak.
28. Prestuen igurikitza bozkario da; aldiz, gaixtaginen pheskiza galduko da.
29. Jaunaren bidea da lainoaren indarra eta gaizkia egiten dutenentzat da beldurra.
30. Prestua ez da behinere khordokatua izanen; gaixtaginak aldiz, ez dira lurraren gainean egonen.
31. Prestuaren mihiak argitaraturen du zuhurtzia; gaixtaginen mihia galduko da.
32. Prestuaren ezpainak begiratzen dira atsegingarri denari, eta gaixtaginen ahoa zimarkhuari.
XI. KAP.
1. Balentza enganagarria da Jaunaren begira hatsgarri; eta phisu zuzena, haren nahikari.
2. Non-ere baita hanpuruskeria, han ere izanen da ahalkeria; aldiz, non izanen da aphalguratasuna, han ere zuhurtasuna.
3. Prestuen lainotasuna, hekien bide; aldiz, gaixtaginen maltzurtasuna, hekien galbide.
4. Aberastasunak asperkundezko egunean deusetako ez dira izanen; zuzentasunak aldiz, heriotzetik du libraturen.
5. Zuzentasunak lainoa lagunduko du bere bidean, eta gaixtagina eroriko da bere tzarkerian.
6. Zuzentasunak zuzenak ditu atheratuko, eta beren arteetan gaixtaginak dira eroriko.
7. Gizon gaixtoa hil ondoan, pheskizarik ez da gehiago batere izanen, eta egitekotsuen igurikimena guzia da galduren.
8. Prestua hesturatik izan da atheratua, eta gaixtagina haren ordain izanen da sarthua.
9. Alegiakariak elhez enganatzen ditu bere adiskideak; prestuak aldiz, libratzen ditu beren jakitateak.
10. Hiria bozkariotan izanen da prestuen ontzeaz, eta laudoriozko kantuak izanen dira gaixtaginen galtzeaz.
11. Prestuen benedizioneak du hiria goretsiko, eta gaixtaginen ahoak eragotziko.
12. Bihotzez lander da bere adiskidearentzat erdeinu duena; aldiz, ixilik egonen da gizon umo dena.
13. Ixileko gauzak agertzen ditu, maltzurkerian dabilanak; bihotzez fidel denak aldiz, gordetzen ditu adiskideak fidatu diozkanak.
14. Manatzailerik ez den lekhuan, populua galtzen; kontseilu hainitz den tokian aldiz, da salbatzen.
15. Gaitzak joko du berme sartzen dena arrotzaren gatik; aldiz, arteetarik begiratzen dena, egonen da seguretik.
16. Ospe izanen du emazteki esker-ondunak, eta aberats izanen dira gizon indardunak.
17. Bere arimari on egiten dio gizon urrikalmendutsu denak, gizon gogorrak aldiz, bulkhatzen ditu orobat ahaide hurbilenak.
18. Gaixtaginak egiten du lan iraun ez dezakena; aldiz, zuzentasma eraiten duenak, altxatuko du bere sari xuxena.
19. Barkhatiartasunak aphaintzen ditu bizitzeko bideak; eta eriotzearena, gaizkiari jarraikitzeak.
20. Bihotz galdua Jaunarentzat hatsgarri, eta ongi nahi dio lainoki dabilanari.
21. Gaixtagina, baladuzka ere eskuak gurutzatuak, ez da hobengabe izanen; bainan prestuen odola da salbaturen.
22. Emazteki eder eta burtzoroa, ahardiaren muthurrean erreztun urhezkoa.
23. Prestuen lehia doha ongirat; gaixtaginen igurikitza, hasarrerat.
24. Batzuek berenetik ematen dute, eta aberatsagotzen dira; bertzeek hartzen dute berena ez dutena, eta bethi beharretan dira.
25. Arima-emailea izanen da goritua; eta hordiarazlea, bera ere horditua.
26. Bihia gordetzen duena, madarikatua izanen da populuen artean; aldiz, benedizionea da saltzen dutenen buruaren gainean.
27. Goizetik zorionean jaikitzen da ongia bilhatzen duena; gaizkiketaria berriz, gaizkiaz izanen da lehertua.
28. Bere aberastasunetan fidatzen dena, eroriko da; prestuak aldiz, hosto ferdea bezala gorituko dira.
29. Bere etxea nahasten duenak izanen du haizea, eta zoro dena izanen da zuhurraren muthil.
30. Bizitzeko zuhaitza da prestuaren sari, eta nork-ere arimak laguntzen baititu, haina zuhurra da.
31. Prestua lurrean zehatua bada, zenbatenaz hobeki gaixtagina eta bekhatorea!
XII. KAP.
1. Kridantza maite duenak, maite du zuhurtzia; erantzukiak higuin dituena, berriz, zoro bat da.
2. Ona denak, grazia ardietsiko du Jauna ganik; bere buruari fida dena, berriz, gaixtoki dabila.
3. Gizona ez da tzarkeriatik hazkartuko, eta prestuen erroa ez da higituko.
4. Emazte bizitorea bere senharrarentzat khoro bat da; eta ahalkatzeko gauzak egiten dituena, senharraren hezurren ustelgarri da.
5. Prestuen gogoetak zuzentasunez betheak dira; eta gaixtaginen asmuak, zimarkhuz.
6. Gaixtaginen hitzak odolari zelata egiten dabiltza; prestuak beren ahoaz libratuko dira.
7. Jo zatzu gaixtaginak, eta suntsituko dira; ordean prestuen etxeak iraunen du.
8. Bere argitasunetik ezagutuko da gizona; bainan ergel eta zoro dena erdeinuari bidean jartzen zaio.
9. Berez bere doitzen den gaixoak, gehiago balio du, ezenetz harro eta ogiz eskas denak.
10. Prestuak bere abereen biziaz ardura badu; aldiz, gaixtaginen barneak gogorrak dira.
11. Bere lurra lantzen duena aseko da ogiz; aldiz, alferkerian lakhet dena guziz da zoroa.
Arnozko bestetan gozoki egoten denak, ahalkagarrikeriak utziko ditu bere hazkargailuetan.
12. Gaixtaginaren lehia da gaixtoenen hazkargailua; bainan prestuen erroa gorituz goanen da.
13. Bere ezpainetako bekhatuen gatik xahupena hurbiltzen zaio gizon gaixtoari; prestua ordean atheratuko da hesturatik.
14. Nork-berak bere ahoko fruituetarik bilduko du bere ona, eta bere eskuetako egintzen arabera emana izanen zaio.
15. Zoroari bere bidea zuzena zaio bere begietan; aldiz, zuhurra denak entzuten ditu bertzeen erranak.
16. Ergelak berehala agertzen du bere samurra; berriz, izan hidoia nork-ere gordetzen baitu, hura xothila da.
17. Dakienaren errailea, lekhuko zuzena da; aldiz, gezurrez mintzo dena, lekhuko maulatia da.
18. Bada agintzen duenik eta kontzientziaren ezpataz bezala sistatua denik; bainan zuhurraren mihia haren osagarria da.
19. Egiaz mintzo den ahoa, bethi gogor egonen da; aldiz, harramaskan mintzo den lekhukoak aphaintzen du mihi gezurtia.
20. Zimarkhua da gaizki asmaketan hari direnen bihotzean; bozkarioa jarraikitzen zaiote, ordean, bakezko asmuen egiten hari direnei.
21. Zer-nahi gertha dakiokeen, prestua ez da ilhunduran jarriko; aldiz, gaitzak betheko ditu gaixtaginak.
22. Ezpain gezurtiak hatsgarri zaizko Jaunari; zintasunean dabiltzanak, berriz, haren gogoko dira.
23. Gizon xothilak gordetzen du bere jakintasuna; eta zoroaren bihotza bere erhokeriaren agertzera hari da.
24. Hazkarren eskua nausi izanen da; aldiz, nagia dena, zerga pagatzen hariko da.
25. Bihotzeko ithundurak beheratuko du gizona, bainan solas on batek goiheretuko du.
26. Bere adiskidearen kariaz, bidegabe batez axola ez dadukana, gizon prestua da; beren bideak, ordean, enganatuko ditu gaixtaginak.
27. Maulatiak ez du irabazirik atzemanen, eta prestuaren ontasunak izanen du urhearen balioa.
28. Zuzenbidean da bizitzea; bide zeiherrak, berriz, heriotzera darama.
XIII. KAP.
1. Seme zuhurrak aditzen du aitaren irakhaspena; bainan irri-egile denak ez du entzuten kridantzatua denean.
2. Gizon prestua ontasunez betheko da bere ahoko fruitutik; ordean lege-hausleen arima tzarra da.
3. Bere ahoa zaintzen duenak zaintzen du bere arima; aldiz, bahaskaki mintzatzen denak jasanen ditu gaitzen ukiak.
4. Nagiak du nahi eta ez nahi; langile direnak, berriz, gorituko dira.
5. Prestuak hastiatuko du gezurrezko solasa; gaixtaginak aldiz, ahalkatzen du eta ahalkatua izanen da.
6. Prestutasunak zaintzen du hobengabearen bidea; tzarkeriak ordean, eragozten du bekhatorea.
7. Hulakoak iduri du aberats, zeinak deusik ez baitu; eta halakoak iduri du behar, zeina aberastasunen erdian baita.
8. Aberatsak bere aberastasunez berrerosten du bizia; bainan beharrak ezin jasan dezake larderia.
9. Prestuen argiak bozten du; aldiz, gaixtaginen kriselua hilen da.
10. Hanpurutsuen artean badira bethi khimerak; aldiz, gauza guziak umotasunekin egiten dituztenei hotsematen diote zuhurtziak.
11. Ontasun herresaka metatua gutituko da; bainan aphurka eskuz bildua berhatuko da.
12. Gerorat dagoen pheskizak ilhuntzen du arima; nahikari bethetzen dena, bizitzeko zuhaitza da.
13. Gauza zerbaitentzat erdeinu atheratzen duenak, bere burua lotzen du gerokotzat; bainan manamenduaren beldur dena, bakean egonen da.
Arima amarrutsuak bekhatutan inguruka dabiltza; aldiz, prestuak dira urrikalkor eta urrikaltzen.
14. Zuhurraren legea da bizitzeko ithurria, heriotzeko zorigaitzetik baztertzeko.
15. Irakhasmen onak dakhar grazia; trufatzaileen bidean da zurrunbiloa.
16. Xothilak umotasunekin egiten ditu guziak; ergelak berriz, agertzen du bere zorokeria.
17. Gaixtaginaren mandataria zorigaitzera eroriko da; aldiz, mandatari zinak osagarria dakhar.
18. Irakhasmena bazterrerat uzten duenarentzat erromestasuna eta laidoa; aldiz, kridantzatzaileari ethordun denarentzat ospea.
19. Nahikaria bethetzen bada, arimak gozo hartzen du: zoroek higuin dituzte gaizkiari ihes egiten diotenak.
20. Zuhurrekin dabilana, zuhur izanen da; zoroen adiskidea, hekien iduriko eginen da.
21. Gaitza bekhatoreen ondotik dabila; eta onak prestuei emanak izanen zaroezte.
22. Gizon onak ondoretzat semeak eta ilobasoak uzten ditu; eta gaixtoaren ontasunak prestuarentzat begiratuak dira.
23. Arbasoen ganikako lurrean ontasun handia altxatzen da; eta bertzeetan biltzen da adimendurik gabe.
24. Zigorra guphidesten duenak higuin du bere semea; aldiz, bere haurra maite duenak, artharekin kridantzatzen du.
25. Prestuak jaten du eta bethetzen bere barnea; berriz, gaixtaginen sabela ezin-asezkoa da.
XIV. KAP.
1. Emazteki zuhurrak eginen du bere etxea; zoroak eragotziko du egina dena ere.
2. Bide zuzenaz dabilana eta Jainkoaren beldur dena, arbuiatua da bide tzarraz ibiltzen denaz.
3. Hanpuruskeriaka zigorra zoroaren ahoan da; aldiz, beren ezpainek begiratzen dituzte zuhurrak.
4. Idirik ez den tokian, bihitegia hutsa da; bainan uzta hainitz den lekhuan, han ageri da idiaren indarra.
5. Lekhuko zinak ez dio gezurrik; gezur barraiatzen hari da lekhuko maulatia.
6. Trufariak bilhatzen du zuhurtzia eta ez du aurkhitzen; umoak errexki argitzen dira.
7. Par egiozu gizon zoroari, eta ikhusiko duzu ez dakiela umotasuneko solasik.
8. Xothilaren zuhurtzia da bere bidearen ezagutzea; eta zoroen umogabekeria nihon ez da baratzen.
9. Bekhatuaz trufatzen da zoroa; eta prestuen artean egonen da grazia.
10. Bihotzak daki bere arimako uherdura; haren bozkarioan ere ez da sarthuko arrotza.
11. Xahutuak izanen dira gaixtaginen etxeak; aldiz, prestuen olhak gorituko dira.
12. Bada bidea gizonari zuzena iduritzen zaioena; haren buruak ordean, heriotzera darama.
13. Irria atsekabez nahastekatzen da, eta deithoreak hartzen du bozkarioaren azken burua.
14. Zoroa bere bideez aseko da, eta hura baino hobeki gizon ona.
15. Gaizoak sinhesten du edozein solas; xothilak begiratzen diete bere urhats guziei.
Deus onik ez da izanen haur amarrutsuarentzat; bainan zerbitzari zuhurrari ongi atherako zaizko egiten dituen guziak, eta zuzen goanen da bere bidean.
16. Zuhurra beldur da, eta aldaratzen da gaizkitik; zoroa aitzina dihoa eta gogoa sendorik.
17. Pairugabeak eginen du zorokeria; eta gizon amarrutsua hastiagarri da.
18. Adimendu ttipikoak zorokeriaren jabe dira; eta xothilak jakitatearen begira egonen dira.
19. Gaixtaginak onen aitzinean, eta tzarrak prestuen atheetan lurrean egonen dira.
20. Erromesa bere ahaideari berari higuin izanen zaio; aberatsak, berriz, izanen du adiskide asko.
21. Gure laguna arbuiatzen duenak, bekhatu egiten du, bainan beharraz urrikaltzen dena, dohatsu izanen da.
Jaunaren baithan sinheste duenak maite du urrikalmendua.
22. Makhur dabiltza gaizkiaren egileak; urrikalmenduak eta zintasunak ontasunei bidea idekitzen diote.
23. Lan hainitz den tokian izanen da nasaizia; aldiz, elhe hainitz den tokian, ardura eskasia.
24. Aberastasunak zuhurrentzat khoro; zoroen ergeltasuna, umogabakeria.
25. Lekhuko zinak arimak libratzen ditu, eta alde orotara mintzo denak gezurrak barraiatzen.
26. Jaunaren beldurrean datza gogoaren sendotasuna, eta beldur hura duenaren haurrek pheskiza izanen dute.
27. Jaunaren beldurra bizitzeko ithurria, gizonei bazter eragiteko heriotzeko galpenetik.
28. Populuaren handian erregerentzat ospe, eta gutian buruzaginarentzat laido.
29. Pairuduna umotasun handiaren arabera ibiltzen da; aldiz, pairugabeak, agertzen du bere zorokeria.
30. Bihotzaren sasualtasuna da haragiaren bizigarri; bekhaizgoa, hezurren ustelgarri.
31. Gizon beharrari bidegabe ekhartzen dioenak, haren egileari irain ekhartzen dio; aldiz, ohore demo, beharrez urrikaltzen denak.
32. Bere maltzurkerian gaixtagina hastandua izanen da; prestuak, berriz, bere heriotzetik igurikitzen du.
33. Gizon umoaren bihotzean datza zuhurtasuna, eta argituko ditu jakitaterik ez dutenak ere.
34. Zuzentasunak goratzen du jendea; bekhatuak aldiz, lander egiten ditu populuak.
35. Erregez onhetsia da zerbitzari oharduna; hutsalak jasanen du haren hasarrea.
XV. KAP.
1. Eztiki ihardesteak samurra hausten du; hitz gogorrak sulia jauzarazten.
2. Zuhurren mihiak aphaintzen du jakintasuna; ergelen ahoan irakitzen hari da zorokeria.
3. Jaunaren begiak lekhu guzietan begira daude onei eta gaixtoei.
4. Bakezko mihia bizitzeko zuhaitza da; bainan neurririk ez duena, gogo lehergarri da.
5. Zoroa trufatzen da bere aitaren kridantzamenduaz; aldiz, erantzukiak begiratzen dituena zuhurragoturen da.
Zuzentasun nasaian da indarrik handiena; bainan gaixtaginen gogoetak errotik atheratuak izanen dira.
6. Indar handia da prestuaren etxean; eta nahasmendua gaixtaginaren eginkarietan.
7. Zuhurren ezpainek jakitatea erainen dute; bertzelakoa izanen da zoroen bihotza.
8. Jaunari hatsgarri zaizko gaixtaginen bitimak, eta gogaragarri prestuen botuak.
9. Gaixtaginaren bidea hatsgarri zaio Jaunari; hartaz maithatua da zuzentasunari jarraikitzen dena.
10. Irakhasmen tzarra, bizitzeko bidea uzten duenarentzat da; kridantza higuin duena hilen da.
11. Ifernua eta galpena agerian daude Jaunaren aitzinean; zenbatez hobeki gizasemeen bihotzak!
12. Izurridunak ez du maite erantzuten dioena; haren urhatsak ez doazi zuhurren ganat;
13. Bozkariotan den bihotzak arraitzen du begithartea; arimako ilhunduran, gogoa erortzen da.
14. Zuhurraren bihotza ikhastera hari da; ezjakinaz hazten da zoroen ahoa.
15. Beharraren egunak, oro gaixtoak dira; gogo deskantsuak iduri du bethi dirauen barazkari bat.
16. Guti, Jaunaren beldurrarekin, hobe da, ezenetz dirutze handi eta ezin-asezkoak.
17. Hobe da baratzekari jatera deithua izatea maitez, ezenetz aratxe gizendura gogo gaitzez.
18. Gizon hasarrekorrak phizten ditu khimerak; jasankor denak jabaltzen ditu phiztuak direnak.
19. Alferren bideak iduri du elhorrizko hesia, behaztopagailurik ez da prestuen bidean.
20. Aita bozten du seme zuhurrak; gizon zoroak arbuiatzen du bere ama.
21. Zorokeria da zoroaren bozkarioa, eta gizon umoak begiratuz darama urhatsa.
22. Kontseilurik ez den lekhuan gogokundeak urmariatzen dira; gogortzen dira, berriz, kontseilu-emaile asko den tokian.
23. Bere ahoko errana eder zaio gizonari; hobea da ordu onean ethorri solasa.
24. Bizitzeko bidexka gizon argituaren gaineko aldean da, hura aldara dadientzat ifernuko ondarretarik.
25. Jaunak lurrerat eragotziko ditu hanpurutsuen etxeak, eta gogortuko ditu alhargunaren mugarriak.
26. Gogoeta tzarrak hatsgarri zaizko Jaunari; eta guziz eder zaio solas garbia.
27. Jaramankeriari jarraikitzen denak nahasten du bere etxea; aldiz, emaitzen izatea higuin duena, biziko da.
Urrikalmenduaz eta sinhesteaz garbitzen da bekhatua; berriz, Jaunaren beldurraren ariaz aldaratzen da gizona gaizkitik.
28. Prestuaren gogoak ethorduntasunaz du asmu; gaixtaginaren ahoa tzarkeriaz da gaindi.
29. Jauna urrun dago gaixtaginetarik, eta entzunen ditu prestuen othoitzak.
30. Begietako argiak goiheretzen du arima; omen onak goritzen ditu hezurrak.
31. Bizitzera daraman kridantza entzuten duen beharria, zuhurren artean egonen da.
32. Irakhasmena hastantzen duenak arbuiatzen du bere arima; aldiz, kridantzaren onheslea bere bihotzaren jabe da.
33. Jaunaren beldurra da zuhurtziaren irakhaslea, eta aphalguratasuna ospearen aitzinean dabila.
XVI. KAP.
1. Gizonari zaio arimaren aphaintzea, eta Jaunari mihiaren bidatzea.
2. Gizonaren bide guziak ageri dira haren begientzat; Jauna da gogoen phisatzailea.
3. Jaunari ager diozotzu zure eginkariak, eta harek bidaturen ditu zure gogoetak.
4. Jaunak beretzat egin ditu gauza guziak; gaixtagina ere egun gaixtoko.
5. Ozar dena hatsgarri zaio Jaunari; eskua eskuarekin tinkatua baladuka ere, ez da hobengabe izanen.
Bizitze onaren hastapena da zuzenari bere bidea ematea; eta onhetsiagoa da Jauna baithan, ezenetz bitimen imolatzea.
6. Urrikalpenaz eta zintasunaz berrerosten da bekhatua, eta Jaunaren beldurrean gizona baztertzen da gaizkitik.
7. Jaunaren gogarako izanen direnean gizonaren bideak, bakera bihurraraziko ditu haren etsaiak ere.
8. Hobe da guti zuzenbidean, ezenetz ontasun hainitz bidegabean.
9. Gizonaren bihotzak aphaintzen du bere bidea; bainan Jaunari zaio haren urhatsen bidatzea.
10. Asmua erregeren ezpainetan da; haren ahoa ez da erabakian makhur goanen.
11. Phisu eta balantzez juiatzen du Jaunak, eta haren egintza guziak dira zakhuko harriak iduri.
12. Tzarkerian hari direnak hatsgarri zaizko erregeri, zeren zuzentasunak gogortzen baitu tronua.
13. Ezpain zuzenak dira erregeen nahiaren araberako; zuzen mintzo dena izanen da maithatua.
14. Erregeren hasarrea da herioaren mandataria; eta gizon zuhurrak jabalduko du.
15. Erregeren begitharteko arraizian datza bizia, eta haren barkhatiartasuna da berantaroko uria iduri.
16. Izan zazu zuhurtzia, zeren urhea baino hobea baita; umotasuna bil zazu, zilharra baino baliosago baita.
17. Prestuen bidexka gaizkitik baztertzen da; bere arima zaintzen duenak idukitzen du bere bidea.
18. Hanpuruskeria xahutzearen aitzin dabila, eta galpenaren aitzinean hantzen da gogoa.
19. Hobe da aphaldua izatea eme direnekin, ezenetz buluzkin berezten haritzea hanpurutsuekin.
20. Sola huntaz argitua denak aurkhituren ditu onak, eta bere igurikitza Jaunaren baithan dadukana, haina dohatsu da.
21. Bihotzez zuhur dena, umoa deithuko dute; eta aho eztia duenak gehiagokoak ardietsiko ditu.
22. Argitasuna, haren jabe denarentzat, biziaren ithurri da; zoroen jakitatea, ergelkeria da.
23. Zuhurraren bihotzak irakhatsiko dio haren ahoari, eta esker eder bat emanen daroete haren ezpainei.
24. Solas aphaindua, ezti-breska bat da; arimako gozotasuna, hezurren osagarria da.
25. Bide bat bada, gizonari zuzena dirudiena, eta haren azken buruak heriotzera darama.
26. Beretzat hari da lanean nekhatzen denaren arima, zeren bortxatzen baitu bere ahoak.
27. Gizon tzarra zilhatzen hari da gaizkiaren atzemateko, eta sua erretzen hari da haren ezpainetan.
28. Gizon galduak phizten ditu eskatimak, eta elhetsuak makhurtzen ditu buruzagiak.
29. Gizon gaixtoak amainatzen du bere adiskidea, eta ona ez den bidetik eramaten du.
30. Begi landatuekin gaixtakeria asmatzen duenak, ezpainak asikiz egiten du gaizkia.
31. Zahartzea ospezko khoro bat da, zuzentasuneko bideetan atzematen dena.
32. Gizon jasankorra hobe da bihotzoia baino; eta bere gogoaren nausi dena, hiri-hartzailea baino.
33. Zortheak untzira arthikitzen dira, bainan Jaunak xuxentzen ditu.
XVII. KAP.
1. Ahamen idor bat hobe da bozkarioarekin, ezenetz etxe bitimaz bethe bat aharrarekin.
2. Sehi zuhurra haur zoroei nausituko zaiote, eta anaien artean zathituko du ondoregoa.
3. Suaz zilharra, sutegian urhea frogatzen diren bezala, hala Jaunak frogatzen ditu bihotzak.
4. Gaixtaginak egiten du mihi gaixtoaren nahia, eta maltzurrak ezpain gezurtiena.
5. Gizon beharra arbuiatzen duenak, haren egilea du laidatzen; eta bertzeen galtzeaz bozten dena, ez da gaztigatua izan gabe egonen.
6. Haurren haurrak dira zaharren khoro, eta aitak dira semeen ospe.
7. Solas aphainduak ez dagozkio zoroari, ez-eta gezurra buruzagiaren ezpainei.
8. Harri balios bat da, begira dagoenaren igurikitza; nora-nahi itzul dadien, umoki aditzen du.
9. Huts-estaltzailea, adiskideketa dabila; salhatariak, bat zirenak berezten ditu.
10. Erantzun bat gehiago baliatzen da umoaren baithan, ezenetz ehun ukhaldi zoroaren baithan.
11. Bethi aharraketa dabila gaixtoa; bainan aingeru gogorra igorria izanen da haren kontra.
12. Hobe da umeak ebatsi zaizkon hartz ama bat buruz buru egitea, ezenetz bere zorokerian sinheste hartzen duen ergel bat.
13. Nork-ere ongiarentzat gaizkia bihurtuko baitu, asturugaitza ez da haren etxetik urrunduko.
14. Khimera-abiatzaileak iduri du urari bide ematen dioena, eta gaizkia jasan baino lehen, bazterrerat uzten du zuzenbidea.
15. Gaixtaginaren garbitzailea, eta zuzena kondenatzen duena, bata eta bertzea hatsgarri dira Jauna baithan.
16. Zoroarentzat zer du balio aberastasunen izatea, ez dezakeenean eros zuhurtzia?
Etxe gora egin duenak, haren urrantza bilhatzen du; eta ez ikhastera hari dena, asturugaitzetara eroriko da.
17. Adiskide denak noiznahiden maite izaten du; eta anaia, hesturako orduan da ezagun.
18. Gizon zoroa esku-zaflaka hariko da, bere adiskidearen berme sarthu ondoan.
19. Makhurbideez gogoa alhatzen duenak maite ditu khimerak; eta bere athea goratzen duena, bere galtzearen ondotik dabila.
20. Barne tzarrekoa denak ez du ongia aurkhituren; eta bi aldetara mintzo dena, asturugaitzera eroriko da.
21. Bere laidagarri sorthu da zoroa; eta aita bat ere ez da bere haur ergelaz boztuko.
22. Arima goihereak adin loredun bat atheratzen du; gogo ilhunak ihartzen ditu hezurrak.
23. Gaixtaginak golkhotik emaitzak hartzen ditu, zuzenbidearen makhurtzea gatik.
24. Umoaren begithartean argitzen du zuhurtziak; zoroaren begiak lurraren bertze buruan daude.
25. Zoroa da bere aitaren hasarregarri, eta jaio duen amaren hiragarri.
26. Ez da on prestuari bidegabe ekhartzea, ez-eta zuzen erabakitzen duen buruzagiaren jotzea.
27. Nork-ere begirakorki atheratzen baititu solasak, haina umoa da eta jakina; eta gizon argitua izpiritu gurbilekoa da.
28. Zoroa ere, ixilik balin badago, zuhurtzat aiphatua da; eta adimendutsutzat, ezpainak tinkatzen baditu.
XVIII. KAP.
1. Adiskidearen ganik gibelatu nahi dena, hartako bideketa dabila; bethi arbuiagarri izanen da.
2. Zoroak ez ditu onhesten umotasunezko solasak, non etzitzaizkion mintzatzen bihotzean duenaren arabera.
3. Gaizki guzien ondarrera jautsi ditakeenean gaixtagina, orotaz trufatzen da; bainan ondotik ditu hidoi eta laidoak.
4. Gizonaren ahotikako hitzak dira ur barna bat iduri; eta zuhurtziaren ithurria, gaindika dihoan lats bat bezala.
5. Ez da on gaixtaginari nor den begiratzea, erabakiaren zuzentasunetik makhurtzeko.
6. Zoroaren ezpainak eskatimetan nahastekatzen dira, eta haren ahoak khimerak ilkhiarazten ditu.
7. Zoroaren ahoa da haren lehergarri, eta haren ezpainak haren arimaren galgarri.
8. Bi mihi dituenaren solasek iduri dute lainoak; eta hekiek sartzen dira sabel-ondoraino.
Lanak lotsatzen du alferra; bihotzez faun direnak gosez egonen dira.
9. Lanean beratz eta malet dena, barraiariaren anaia da.
10. Dorre guziz hazkarra da Jaunaren izena; prestuak hartara laster egiten du, eta altxatua izanen da.
11. Aberatsaren ontasunak dira haren indarren hiri, eta haragi hazkar bat haren inguruan bezala.
12. Gizonaren bihotza goititzen da, lehertua izan dadien aitzinean; eta aphaldua izanen da, ospatua den baino lehen.
13. Aditu aitzinean ihardesten duenak, zoro bat dela erakhusten du, eta ahalkea merezi duela.
14. Gizonaren gogoak jasaiten du bere erphiltasuna; nork jasanen ahal du ordean izpiritu samur-errexa?
15. Bihotz umoa izanen da jakitatearen jabe, eta zuhurren beharria ikhasi beharrez dabila.
16. Emaitzek zabaltzen diote bidea gizonari, eta lekhu egiten diote buruzagien aitzinean.
17. Prestua lehenbizikoa da bere buruari jazartzeko; heldu da haren adiskidea, eta hunek du haztatuko.
18. Zortheak hausten ditu makhurrak, eta handien artean ere hura da juie.
19. Anaiaz lagundua den anaiak hiri hazkar bat iduri du, eta hekien erabakiak dira hirietako athe-hagak bezala.
20. Gizonaren ahoko fruitutik betheko da haren sabela, eta haren ezpainetarik sortzen denetik aseko da hura.
21. Bizitzea eta heriotzea mihiaren eskuko dira; hura maite dutenek, haren fruituetarik janen dute.
22. Emazte on bat atzeman duenak, ontasun bat aurkhitu du, eta Jauna ganik ardietsko ditu gozoak.
Emazte on bat iraizten duenak, ontasun bat hastantzen du; bainan bertze baten emazte lohia dadukana, zoroa eta tzarra da.
23. Othoizka mintzatuko da beharra; eta aberatsa zorrozki.
24. Bilkhuetan maithagarri den gizona, adiskideago izanen da ezenetz anaia bat.
XIX. KAP.
1. Bere lainotasunean dabilan beharra hobea da, ezenetz aberats zoro eta bere ezpainak bihurrikatzen dituena.
2. Arimako jakitaterik ez den lekhuan, onik ez da; eta oinez zalhu dabilana, behaztopatuko da.
3. Gizona bere zorotasunak erorrarazten du, eta Jainkoaren kontra khaldan dago bihotzez.
4. Aberastasunek ematen dute adiskide asko; aldiz, beharraren ganik urruntzen dira aitzinean izan dituenak ere.
5. Lekhuko faltsua ez da gaztigurik gabe egonen; eta gezur-errailea ez da itzuriko.
6. Hainitzek ohore ekhartzen diote ahaldunaren jauntasunari, eta emailearen emaitzen adiskide dira.
7. Gizon beharra higuin dute bere anaiek; eta gehiagorik, adiskideek urrunegiten diote.
Elheen ondotik baizik ez dabilanak, ez du deusik izanen;
8. Aldiz, bere gogoaren jabe denak maite du bere arima, eta umotasunaren zaintzaileak aurkhituren ditu onak.
9. Lekhuko faltsua ez da gaztigatua izan gabe egonen; eta gezurrez mintzo dena, galduko da.
10. Gozokeriak ez dihoazkio zoroari, ez-eta gathibuari buruzagien gaineko nausitasuna.
11. Gizonaren argitasuna haren jasankortasunetik da ezagun; eta haren ospea da bidegabeen gainetik iragaitea.
12. Nola lehoinaren orroa, hala ere da errege baten hasarrea; eta nola ihintza belharraren gainean, hala ere da haren boztasuna.
13. Seme zoroa, aitaren atsekabea da; eta emazte kasailaria, bethi darioen hegaztegi bat.
14. Burhasoek demate etxe eta ontasun; Jaunak dema ordean garbiki emazte umoa.
15. Alferkeriak ekhartzen du khuma, eta arima nagia gosez egonen da.
16. Manamendua zaintzen duenak, zaintzen du bere arima; aldiz, bere bideaz ardurarik ez dadukana, heriotzera eroriko da.
17. Beharraz urrikaltzen denak, irabazitara Jaunari maileguz ematen dio, eta Jaunak bihurtuko dio ordaina.
18. Argi zazu zure semea, ez etsi; bainan hiltzeraino ez ekhar haren bizia.
19. Jauzkor denak, kaltea jasanen du; eta bat hartu dukeenean, bia ekharriko ditu.
20. Entzun zazu errana eta onhets irakhasmena, azkenean zuhur izan zadientzat.
21. Gizonaren bihotzean asko gogoeta badabila; bainan Jaunaren nahiak berean dirau.
22. Gizon beharra urrikalkor da, eta erromesa hobea da gizon gezurtia baino.
23. Jaunaren beldurrak bizitzera darama; nasaizian egonen da eta asturugaitzik gabe.
24. Alferrak galtzarpean gordetzen du eskua, eta ez da ahorat haren ekhartzeko.
25. Gizon tzarra gaztigatua denean, zoroa zuhurrago izanen da; baldin, berriz, zuhurra kridantzatzen baduzu, kridantza adituko du.
26. Aitari atsekabe ematen dioena eta ama ihes igortzen duena, laidotsu eta dohakabe da.
27. Semea, ez bara irakhasmenaren entzutetik, eta ez izan argitasuneko solasak jakin gabe.
28. Lekhuko gaixtoa zuzenbideaz trufatzen da; eta gaixtaginen ahoak iresten du tzarkeria.
29. Aphainduak daude trufarien juiamendua eta zoroen gorphutzen jotzeko mailuak.
XX. KAP.
1. Arnoa linburkoi, eta hordikeria harramanztsu; hekietan lakhet dena, ez da zuhur izanen.
2. Nola baita lehoinaren orroa, hala ere da erregeren laztura; hura jauzarazten duenak, bere arimaren kontra bekhatu egiten du.
3. Gizonarentzat ohoragarri da eskatimetarik bereztea bere burua; bainan zoro guziak laidagarrikerietan sartzen dira.
4. Nagiak hotzaren gatik ez du nahi izan irauli; udan eske ibiliko da beraz, eta ez diote emanen.
5. Gogokundea gizonaren bihotzean ur barna bat bezala; bainan gizon zuhurra hara goanen zaio hartzera.
6. Asko gizon deitzen dituzte urrikalmendutsu; nork atzemanen du ordean gizon segurki hala dena?
7. Bere lainotasunean dabilan gizon prestuak, haurrak bere ondotik utziko ditu zoriondun.
8. Juiatzeko alkhian jarria den erregeak, bere bekhokiaz suntsiarazten du gaizkia.
9. Nork erran dezake: Xahua da ene bihotza; bekhatutik garbi naiz?
10. Phisu bi eta neurri bi, Jaunaren aitzinean dira hatsgarri.
11. Haur baten jaiduretarik ezagutzen da, hein haren eginkariak xahuak eta zuzenak izanen diren.
12. Aditzen duen beharria eta ikhusten duen begia, Jaunak egin ditu bat eta bertzea.
13. Ez maitha loa, beharrak ehoa iduk zaitzan beldurrez; idekatzu begiak, eta ogiz ase zaite.
14. Ez da ona, ez da ona, diote erosle guziek; eta etxeratu direnean, orduan izanen dute espantu.
15. Bada urhe eta harri balios asko; bainan untzi zinez baliosa, aho zuhurra da.
16. Arrotzaren berme sarthu denari har diozozu soinekoa; eta arrotzen arietan, khen diozozu bahia.
17. Gizonari gozo zaio gezurraren ogia, eta gero legarrez betheko zaio ahoa.
18. Kontseiluek gogortzen dituzte gogoetak eta gerlak behar dira umotasunekin erabili.
19. Gauza gordeak salhatzen, jokotriak erabiltzen eta ezpainak zabaltzen dituenaren baltsako ez bezedi sar.
20. Bere ait-amak madarikatzen dituena, hainari ilhunbeen erdian hilen zaio bere argia.
21. Ondorego bat zeinaren biltzera hastetik nihor lehiaka hari baita, benedizionerik gabe izanen da azkenean.
22. Ez erran: Bihurturen dut gaizkia; igurikazu Jauna, eta harek atheratuko zaitu.
23. Phisua eta phisua hatsgarri dira Jaunaren begietan; balantza enganatzailea ez da ona.
24. Jaunaz bidatuak dira gizonaren urhatsak; nor da ordean gizonetarik bere bidea ezagut dezakeena?
25. Galpena da gizonarentzat sainduen irestea, eta botuak egin ondoan, hekien ukhatzea.
26. Errege zuhurrak suntsiarazten ditu gaixtaginak, eta hekien gainera jautsarazten du bobeda.
27. Jaunaren hatsa gizonaren baithan argi bat da barneko zokho guziak ikhartzen dituena.
28. Urrikalmenduak eta egiak zaintzen dute errege, eta barkhatiartasunak gogortzen du haren tronua.
29. Indarra da gazteen bozkarioa, eta ile xuriak zaharren ohorea.
30. Sakhiaren ubeldurak eta zauriek sabel-barnean garbitzen dituzte minak.
XXI. KAP.
1. Nola ur-xirripak, hala erregeren bihotza Jaunaren eskuan da; nahi duen alderdira makhurrarazten du hura.
2. Gizonari bere bide guziak zuzenak iduritzen zaizko; Jaunak ordean haztatzen ditu bihotzak.
3. Jaunak bitimak baino lakhetago ditu urrikalpen hartzea eta zuzenari bere bidea ematea.
4. Bihotzeko hanturak larritzen ditu begiak; gaixtaginen argia, bekhatu bat da.
5. Hazkarraren asmuek nasaizia dakharte; aldiz, nagia bethi beharretan da.
6. Mihi gezurtiaz diru biltzen hari dena, tuta eta zoroa da, eta herioaren sarean da sarthuko.
7. Gaixtaginen harrapakeriak izanen dira hekien galgarri, ez diotelakotz eman nahi izan zuzenari bere bidea.
8. Gizonaren bide tzarra, bide arrotza da; aldiz, garbi denak, egitate zuzenak ditu.
9. Hobe da selharu-zokho batean egotea, ezenetz baltsako etxean emazte mokokariarekin.
10. Gaixtaginaren arima gaizki-gura da; ez du urrikari izanen bere laguna.
11. Gaixtoa joa denean, zuhurrago izanen da lainoa; eta badin zuhurrari badarraikio, zuhurtziaren jabe eginen da.
12. Prestuak gaixtaginaren etxeaz gogoeta baderabilka, gaizkitik atheratzeko gaixtaginak.
13. Beharraren oihuari bere beharria tapatzen duena, bera ere oihuz egonen da, eta ez da entzuna izanen.
14. Emaitza ixil batek iraungitzen ditu hasarredurak; eta golkhora sarthu dohainak, sepharik handiena.
15. Prestuaren bozkarioa da zuzenari bere bidea ematea, eta tzarkeria-egileentzat da ikhara.
16. Irakhasmeneko bidetik makhurtuko den gizona, diganteen bilkhuan egonen da.
17. Aseak maite dituena, beharrean geldituko da; arnoa eta poxi onak maite dituena, ez da aberastuko.
18. Prestuaren orde emanen da gaixtagina, eta makhur dabilana zuzenen orde.
19. Mortuan egotea hobe da, ezenetz emazte mokokari eta sephatiarekin.
20. Lehiatzeko ontasuntzea eta olioa badira prestuaren egoitzan, eta umo ez den gizonak oro haizatzen ditu.
21. Zuzenbideari eta urrikalmenduari jarraikitzen denak khausituko ditu bizia, zuzena eta ospea.
22. Zuhurra hazkarren hirira igan da, eta hautsi du haren sinhesteko indarra.
23. Bere ahoa eta mihia zaintzen dituenak, hesturetarik zaintzen du bere arima.
24. Ozar hanpurutsua, ikhasigabe bat deitzen dute, bere hasarrean hanphuruskerian dabilalakotz.
25. Nahikariek hiltzen dute nagia; ezen haren eskuek ez dute deusere egin nahi.
26. Egun guzian guraz eta lehiaz dago; prestu denak ordean, emanen du, eta ez da lanetik baratuko.
27. Hatsgarri dira gaixtaginen bitimak, zeren gaixtakeriatik atheratzen baitituzte.
28. Lekhuko gezurtia galduko da; gizon ethorkorra garhaiziaz mintzatuko da.
29. Gizon tzarrak ahalkegabekeriako itzulia ematen dio bere bekhokiari; prestua, berriz, bere bidearen xuxentzera hari da.
30. Ez da zuhurtziarik, ez da umotasunik, ez da asmu onik Jaunaren kontra.
31. Gudu egunekotzat xuxentzen da zaldia, Jaunak ordean ematen du itzurpena.
XXII. KAP.
1. Aiphamen ona hobe da ontasun asko baino; esker ona zilhar eta urhearen garai da.
2. Aberatsak eta beharrak buruz buru egin dute. Jauna da bien egilea.
3. Xothilak ikhusten du asturugaitza eta gordetzen da; gaizoa aitzina dihoa, eta jasaiten du kaltea.
4. Modestiaren ondorioak dira Jaunaren beldurra, ontasunak, ospea eta bizitzea.
5. Harmak eta ezpata gaixtaginaren bidean dira; aldiz, bere arima begiratzen duenak hekietarik urrun eginen du.
6. Erran bat da: Gizon-gaztea sarthu bidetik ez da, zahartu ondoan ere ilkhiko.
7. Aberatsak beharrari manatzen dio, eta mailegatzailea, maileguz emailearen muthil da.
8. Tzarkeria eraiten duenak, asturugaitzak bilduko ditu, eta bere hasarrearen zigorrak phorroskatuko du.
9. Urrikalmendura ekharria dena, benedikatua izanen da, bere ogietarik eman dioelakotz beharrari.
Emaitza-egileak ardietsiko du garhaizia eta ohore; bainan hartzaileari arima khentzen dio.
10. Iraizazu trufaria, eta harekin goanen da aharra, eta baratuko dira makhur eta irainak.
11. Bihotzeko garbitasuna maite duenak, bere ezpainetako esker ederra gatik izanen du adiskidetzat errege.
12. Jaunaren begiek zaintzen dute jakintasuna; eta hutsaltzen dira gaixtaginaren solasak.
13. Dio alferrak: Lehoina kanpoan da, hil nindezake karriken erdian.
14. Emazteki arrotzaren ahoa zilho barna bat da; haina harat eroriko da, zeinaren kontra samur baita Jauna.
15. Zorotasuna haurraren bihotzean lothua da, eta kridantzamenduaren zigorrak haizatuko du.
16. Beharra zaphatzen duenak bere aberastasunen handitzeko, aberatsago bati emanen dio berak, eta eskasian geldituko da.
17. Makhur zazu beharria, eta adi zatzu zuhurren hitzak, eta zure bihotza iratxik diozozu ene irakhaspenari.
18. Ederra izanen zaitzu, zure barnean begiratuko duzunean; eta zure ezpainetan gaindi eginen du,
19. Eure sinhestea Jauna baithan izan dadien; hargatik egun erakhutsi darotzut hori.
20. Huna non hiruretan xehatu darotzudan asmu eta jakitaterekin,
21. Zuri erakhusteko egiaren segurtasuna eta erranak, igorri zaituztenei ihardets ahal dezazuntzat.
22. Bortxarik ez egin beharrari, zeren den behar; eta ez zapha erromesa athean;
23. Zeren Jaunak juiatuko baitu haren egitekoa, eta zilhatuko baititu haren arima zilhatu dutenak.
24. Ez izan gizon hasarrekorraren adiskide, eta gizon suliatsuarekin ez ibil;
25. Beldurrez-eta ikhas detzatzun haren bidexkak, eta behaztopagailu bat eman diozozun zure arimari.
26. Ez bezedi izan eskuan jotzen eta zorren berme beren buruak eskaintzen dutenekilako;
27. Ezen bihurtzeko abalik ez baduzu, ez othe litake aria bat zure ohetik estalgia eraman dezazuten?
28. Ez iragan zure arbasoek ezarri mugarri zaharretarik haratago.
29. Ikhusi duzu gizon bat bere lana arin daramana? erregeen aitzinean egonen da, eta ez da jende xeheen aitzinean geldituko.
XXIII. KAP.
1. Buruzagiarekin jateko jarri zaitekeenean, artharekin begira zazu zure aitzinean emanak diren gauzei;
2. Eta kanibeta ezar zazu zure zintzurrean, baldin bizkitartean zure ahalean baduzu zure arima.
3. Ez bezedi gutizia hainaren jatekoetarik, zeinaren baithan gezurraren ogia khausitzen baita.
4. Aberasteko ez bezedi nekha; bainan neurri bat emozu zure umotasunari.
5. Begiak ez goiti ezin izan detzazketzun ontasunetara, zeren eginen baitituzte hegalak arranoarenak bezalakoak, eta zerura hegaldatuko baitira.
6. Gizon bekhaiztiarekin ez jan, eta ez gutizia haren jatekoetarik;
7. Zeren azti eta aiherukari batek bezala, ez dakienaz ustekeriak hartzen baititu.
Erranen darotzu: Jan eta edan zazu; bainan haren gogoa ez da zurekilako.
8. Jan izan dituzketzun jakiak goiti eginen eta zure solas ederrak galduko ditutzu.
9. Ez mintza zoroen beharrietara, zeren arbuiatuko baitute zure solasen irakhaspena.
10. Ez uki jende ttipien mugarriei, eta ez sar umezurtzen landan;
11. Ezen botheretsu da hekien hurkoa, eta bera jabetuko da hekien zuzenaz zure kontra.
12. Zure bihotzak irakhasmenera eta zure beharriek jakintasunezko solasetara egin bezate.
13. Ez guphidets haurrari kridantza; ezen zigorraz jotzen baduzu ere, ez da hilen.
14. Hura zigorraz joko duzu, eta haren arima ifernutik atheratuko.
15. Ene haurra, zuhurra bada zure arima, zurekin boztuko da ene bihotza,
16. Eta bozkarioz jauziko da ene barnea, solas zuzenak atheratuko dituztenean zure ezpainek.
17. Zure bihotzak ez beza bekhatoreentzat har bekhaizgorik, bainan egun guzian izan zaite Jaunaren beldurrean;
18. Zeren azken orduan pheskizetan izanen baitzare, eta igurikitzen duzuna etzaitzu izanen khendua.
19. Entzun zazu, ene haurra, eta izan zaitezi zuhur, eta bide zuzenaz erabil zazu zure arima.
20. Ez bezedi khausi edaleen apairuetan, ez-eta haragiak jateko ekhartzen dituztenen aseetan;
21. Ezik edanean daudezenek eta xahutzen hari direnek erreka joko dute, eta puskaz jaunzten da lo-egilea.
22. Entzun zazu bizia eman darotzun aita, eta ez erdeina zure ama zahartu ditakeenean.
23. Erosazu egia, eta berautzu sal zuhurtzia, irakhasmena eta adimendua.
24. Bozkarioz jauzten da prestuaren aita; eta ume zuhurrari bizia eman dioena, haren baithan da boztuko.
25. Boz beitez zure aita eta zure ama, eta bozkarioz jauz bedi jaio zaituen emaztea.
26. Ene haurra, indazu zure bihotza, eta zure begiek zaint betzazte ene bideak.
27. Alabainan lilitxoa, zilho barna bat da; eta emazte atzea putzu hertsi bat.
28. Ohoina bezala zelatan dago bidean, eta erne ez direla ikhusten dituenak hilen ditu.
29. Norentzat zorigaitz? noren aitarentzat zorigaitz? norentzat aharrak? norentzat lezeak? norentzat ariagabeko sarraskiak? norentzat begietako itsudura?
30. Ez othe arnoan daudenentzat eta baso husten lakhet dutenentzat?
31. Ez arnoari begira horitzen denean, basoan haren itxurak argitzen duenean: gozoki sartzen da,
32. Bainan azkenekotz asikiko zaitu sugeak bezala; eta basilikak bezala sarthuko darotzu phozoadura.
33. Zure begiek ikhusiko dituzte emazte atzeak, eta zure bihotzak tzarkeriak erranen ditu;
34. Eta izanen zare itsasoaren erdian lo dagoena bezala, eta lema galdu duen lemazain lohakhartuaren iduriko;
35. Eta erranen duzu: Jo naute, bainan ez dut minik hartu; herrestatu naute, bainan ez naiz ni ohartu; noiz atzarriko naiz eta khausituko dut berriz arnoa?
XXIV. KAP.
1. Gizatzarrez ez izan bekhaizti, eta ez lehia hekiekilako izatera.
2. Zeren hekien gogoak harrapakeriaz baitu amets, eta hekien ezpainek maltzurkeriak baiteratsazte.
3. Zuhurtziaz altxatzen da etxea, eta umotasunaz gogortzen.
4. Jakitateak betheko ditu selharuak gauza baliosenez eta ederrenez.
5. Gizon zuhurra hazkar da; eta gizon jakintsuna indardun eta bizkor da;
6. Zeren neurriak hartuz egiten baita gerla, eta salbamendua kontseilu hainitz den tokian baita.
7. Zoroarentzat gora dago zuhurtzia; athean ez du ahoa idekiko.
8. Gaizkiaren egitea gogoan erabiltzen duena deitzen da zoroa.
9. Zoroaren gogoeta bekhatu bat da, eta gaizki-mintzatzailea hatsgarri zaiote gizonei.
10. Hesturako egunean, ahiturik etsitzen baduzu, gutituko da zure indarra.
11. Itzurrarazatzu hiltzera daramatzatenak, eta heriotzera eramaten dituztenen atheratzetik ez bara.
12. Erran bazineza: Indarrek ez naute laguntzen, bihotzen ikharleak berak ezagut lezake; deusek ez du enganatzen zure arimaren begiralea, eta gizonari bere egintzen arabera dio bihurturen.
13. Ene semea, jan zazu eztia ona delakotz, eta breska, zure ahoari guziz gozo zaioelakotz.
14. Hala-hala zuhurtziaren irakhasmena izanen zaio zure arimari; aurkhitu dukezunean hura, pheskiza izanen duzu zure azken orenean, eta zure pheskiza ez da galduko.
15. Ez heda zelatarik, gaizkia ez bilha prestuaren etxean, eta ez asalda haren phausua;
16. Ezen zazpitan eroriko da prestua, eta jaikiko da; gaixtaginak ordean tzarkerian ithoko dira.
17. Bozkariorik ez har zure etsaia erori ditakeenean, eta ez jauz xahutu delakotz;
18. Beldurrez-eta Jaunak ikhus dezan, gaitzi dakioen, eta haren gainetik khen dezan bere hasarrea.
19. Ez hari zein-gehiagoka gaixtaginekin, eta ez ekhar bekhaizgorik gizatzarrei;
20. Ezen gaixtoek ez dute gerokoaren pheskizarik, eta gaixtaginen argia hilen da.
21. Ene semea, Jaunaren eta erregeren beldur izan zaitezi, eta ez bezaite nahas gaizki-erraileekin;
22. Zeren batbatean altxatuko baita hekien galpena; eta nork ezagutzen du nolakoa izanen den bataren eta bertzearen xahupena?
23. Haukiek ere zuhurrentzat: Juiamendutan ez da on begiratzea nor nor den.
24. Gaixtaginari erraten diotenak: Prestua zare, populuek hainak madarikatuko eta leinuek hastiatuko dituzte.
25. Hura azurriatuko dutenak izanen dira laudatuak, eta benedizionea ethorriko zaroete gainera.
26. Solas zuzenak ihardesten dituenak, musu ematen du ezpainetan.
27. Zure lana aphain zazu kanpoan, eta artharekin lant zazu zure lurra, gero altxa dezazun zure etxea.
28. Zure lagunaren kontra ez bezedi athera gezurrezko lekhuko, eta ez balaka nihor zure ezpainez.
29. Ez erran: Nola egin baitarot, hala eginen diot nik ere; zeini bere lanaren arabera bihurtuko diot.
30. Alferraren landatik eta zoroaren mahastitik iragan naiz;
31. Eta hara non hausinek bethe zutela guzia, eta lapharrek estali zutela haren gaina, eta lurrean zela inguruko harrasia.
32. Hori ikhusi dudanean, altxatu dut bihotzean, eta ikhuskari hortaz argitu naiz.
33. Erran dut: Aphur bat lo eginen duk, aphur bat kuluskan egonen haiz, aphur bat bilduko dituk eskuak lo egiteko;
34. Eta lasterkari bat iduri, ethorriko zaik erromeseria, eta eskaletasuna, gizon harmatu bat iduri.
XXV. KAP.
1. Salomonenak dira parabola haukiek ere, Judako errege Ezekiasen gizonek altxatuak.
2. Jainkoaren ospea da bere hitzaren gordetzea, eta erregeen ospea da haren bilhatzea.
3. Zerua gainean, lurra beherean, eta erregeen bihotza, ezin-barrenduzkoak dira.
4. Zilharrari khen zozu herdoila, eta atheratuko da untzi bat guziz garbia.
5. Gaixtakeria khen zazu erregeren begithartetik, eta zuzentasunaz gogortuko da haren tronua.
6. Hantua ez ager erregeren aitzinera, eta ez jar handien jarlekhuan;
7. Hobe da ezik erran dezazuten: Igan zaite hunat, ezenetz-eta aphaldua izan zaitezen erregeren aitzinean.
8. Eskatima batean ez berehala ager zure begiek ikhusi dutena, beldurrez-eta gero ezin medea dezazun zure adiskideari eman diozun laidoa.
9. Zure egitekoaz iharduk zazu zure adiskidearekin, eta zure barneko gauza ez ager arrotzari,
10. Beldurrez-eta iroi egin dezazun, aditu dukeenean, eta gero erantzutetik ez dadien bara.
Eskerra eta adiskidetasuna salbagarri dira; begira zatzu zurekin, etzadientzat erdeinagarri bilhaka.
11. Bere mugan erraten den solasa da urrezko sagarrak zilharrezko ohean bezala.
12. Zuhurrari eta beharri ethordunari egiten den kridantzak, iduri du urrezko beharrietakoa, eta argitzen duen perla.
13. Nola uztaroan elhurraren hozkura, hala da bidalkin fidela bidali duenarentzat; phausu ematen dio haren arimari.
14. Gizon espantutsuak eta bere agintzak bethetzen ez dituenak, iduri du hedoi eta haize uririk ondotik ez dutenak.
15. Pairuak ematuko du buruzagia, eta mihi gozoak hautsiko du gogortasuna.
16. Atzeman baduzu eztia, jan zazu zure doia, beldurrez-eta aserik goiti egin dezazun.
17. Aldara zazu oina zure lagunaren etxetik, beldurrez-eta egun batez aserik higuintzetan har zaitzan.
18. Sastakai, ezpata eta gezi zorrotz bat da, bere lagunaren kontra gezurrezko lekhukotasuna ekhartzen duen gizona.
19. Hortz ustelaren eta oin nekhatuaren gainean bermatzen da, fidel ez denaren gainean bere pheskiza ematen duena hesturako egunean;
20. Eta hotz deneko uzten du kapa.
Bihotz tzarrari kantikak kantatzea, minagrea gatzuan ezartzea da.
Nola zerrenak oihala eta biphiak zura, hala goibeldurak jaten dio gizonari bihotza.
21. Zure etsaia gose bada, ase zazu; egarriz badago, emozu ura edatera;
22. Ezen ikhatz biziak bilduko ditutzu haren buruaren gainera, eta Jaunak bihurtuko darotzu.
23. Ipharrak haizatzen ditu uriak, eta begitharte ilhunak mihi gaizki-mintzatzailea.
24. Etxe gaineko selharu-zokhoan egotea hobe da, ezenetz etxe-barnean emazte mokokariarekin batean.
25. Urrungo lekhutik berri ona, ur hotza egarri denarentzat bezala da.
26. Gaixtaginaren aitzinean erortzen den prestuak, iduri du ithurri zangoz nahasia, edo xirripa usteldua.
27. Nola eztia ez baita on hainitz jaten duenarentzat, hala maiestatearen ikharle dena, lehertua izanen da haren ospeaz.
28. Nola baita hiri ideki eta inguruan harrasi gabe den bat, orobat da mintzatzean bere gogoa ezin hez dezakeen gizona.
XXVI. KAP.
1. Nola udari elhurra eta neguari uritea, hala dihoa ospea zoroari.
2. Nola bertzetara hegaldatzen den xoria eta norapait goaten den etxexoria, hala zein beraren gainera jausten da, ariarik gabe arthiki madarizionea.
3. Azotea zaldiari, muthurrekoa astoari, eta zaharoa zoroen bizkarrari.
4. Zoroari ez ihardets haren zorotasunaren arabera, haren iduriko bilhaka zaitezen beldurrez.
5. Zoroari bere zorokeriaren arabera ihardetsozu, uste izan ez dezan zuhurra dela.
6. Zangoetarik maingutzen da, eta gaitza hurrupatzen du, bere berriak mandatari zoroarekin igortzen dituenak.
7. Nola mainguak alferretan baititu zangar ederrak, hala zoroen ahoan egoki ez dira parabolak.
8. Zoroari ohore ekhartzen dioenak, hala egiten du nola Merkurioren metara harri bat ekhartzen duenak.
9. Nola bailizate elhorri bat sortzen balitz hordiaren eskuan, hala lizate parabola zoroen ahoan.
10. Erabakiak trenkatzen ditu hauziak, eta zoroa ixilarazten duenak, hasarredurak jabalarazten ditu.
11. Hala egiten du bere zorokeria berritzen duen ergelak, nola bere goiti-eginera itzultzen den zakhurrak.
12. Ikhusi duzu bere burua zuhur dadukan gizona? haren ganik baino gehiago igurikitzeko da zoroaren ganik.
13. Nagiak erraten du: Lehoina bidean da, eta lehoin urrixak bazterrak daduzka.
14. Nola athe bat bere erroaren gainean bihurtzen baita, hala nagia itzultzen da bere ohean.
15. Nagiak galtzarpean gordetzen du eskua, eta lan zaio ahora goititzen badu.
16. Nagiak bere burua zuhurrago uste du, solas zuhurrak ihardukitzen dituzten zazpi gizon baino.
17. Iragaitean berotzen eta bertzeen aharra ukitzen ez den batean nahastatzen denak, iduri du zakhurra beharrietarik hartuko duena.
18. Nola hobendun baita geziak eta sastakaiak hil nahiz arthikitzen dituena,
19. Orobat da gizona maltzurki bere adiskideari kalte egiten daroena; eta atzemana ditakeenean, erraten duena: Dostatzean egin dut.
20. Egurrak eskas egin dukeenean, hilen da sua; salhataria khen eta geldituko dira eskatimak.
21. Ikhatz hila biziari bezala, eta egurra suari, orobat da gizon jauzkorra aharra bizteko.
22. Salhatariaren solasek lainoak iduri dute, eta hekiek sartzen dira barneko mineraino.
23. Zilhar zephatsuarekin aphaindu nahi bazindu bezala lurrezko untzi bat, orobat dira ezpain hanpurutsuak bihotz galdu bati iritxikiak.
24. Bere ezpainetarik ezagutzen da etsaia, zimarkhuak derabilzkanean bihotzean.
25. Bere mintzoa ezti athera baleza ere, ez biazazu sinhets, zeren baitira zazpi maltzurkeria haren bihotzean.
26. Itxura ederraren azpian gordetzen duenak herra, bilkhuan ikhusiko du agertzen bere maltzurkeria.
27. Zilhoaren egilea, hartara erortzen da; eta harria bihurtuko da anbiltzen duenaren gainera.
28. Mihi enganariak ez du egia maite, eta aho legunak xahutzeak dakharzka.
XXVII. KAP.
1. Ez egin biharamunekotzat espanturik, ez dakizunean zer gerthakari atheratuko duen egun harek.
2. Bertze batek lauda bezaitza, eta ez zure ahoak; atzeak, eta ez zure ezpainek.
3. Harria dorphea da, phisua da legarra; bainan biak baino dorpheagoa da zoroaren hasarrea.
4. Hasarreak urrikalmendurik ez du, ez-eta sulia jauzten denak; eta nork jasan kantitua denaren oldarra?
5. Kridantza ageria hobe da amodio ixila baino.
6. Maite duenak egin uspela hobe da herradunaren musu maltzurra baino.
7. Asea denak ostikatuko du ezti-breska, eta gose denak khiretsa ere gozo khausituko du.
8. Nola xori bere ohantzetik urrun dohana, hala gizon bere tokia uzten duena.
9. Baltsamuak eta bertze usain onak dira bihotzaren atsegingarri, eta adiskide baten erran onak dira arimaren gozagarri.
10. Ez utz bazterrerat zure adiskidea ez-eta zure aitaren adiskidea, eta ez sar zure anaiaren etxean zure atsekabeko egunean.
Hobe da hauzo hurbilekoa, ezenetz anaia urrunekoa.
11. Ene haurra, berma zakizkio zuhurtziari eta goihere zazu ene bihotza, izan ahal dezazun zer ihardets gaizkika mintzo zaitzunari.
12. Ikhustenez asturugaitza, xothila gorde da; burtxoroek iragaitean jasan dituzte kalteak.
13. Arrotzarentzat berme sarthu denaren soinekoa eraman zazu; eraman diozozu arrotzarentzateko bahia.
14. Gautik lekhora jaikitzean, bere lagunaren goraki laudatzen hari dena, gaizki mintzo denaren iduriko izanen da.
15. Hegaztegi egun hotzean ura dariotenak eta emazte mokokaria bata bertzeari dira erkhatzen.
16. Hura atxiki nahi duenak iduri du haizea iduki nahi duena eta olioa eskura bilduko duena.
17. Burdinak burdina zorrozten, eta gizonak bere adiskidearen begithartea ernarazten.
18. Pikoa zaintzen duenak janen du haren fruitutik, eta bere nausiaren zain dagoena ospetan izanen da goratua.
19. Nola urera begira daudenen begitharteek han argitzen baitute, hala gizonen bihotzak ageri dira umoentzat.
20. Ifernua eta galpeneko lezea ez dira bethetzen behinere, orobat ezin-asezkoak dira gizonen begiak ere.
21. Nola frogatzen baita zilharra urtzeko untzian, eta urhea labean, hala gizona frogatua da laudatzen duenaren ahoaz.
Gaixtaginaren bihotza gaizki bilha dabila; prestuarena, berriz, zuhurtziaren bilha.
22. Zoroa xurruan xehaka bazineza ere garagar-bihia marteluaz joz bezala, ez leikioke khen bere zorokeria.
23. Artharekin ikhusazu zure abereen heina eta ongi begira diozozute zure ardiei;
24. Ezik etzare bethi ahaletan izanen, bainan khoroa menderen mendetako izanen zaitzu emana.
25. Sorhoak idekiak dira, agertu da belhar berria, eta mendietan belharrak bilduak dira.
26. Bildotsak zure jauntziko, eta pittikak landaren saritako.
27. Ahuntzen esnea aski izan bekizu zure jakitako, zure etxeko beharretako eta zure neskatoen hazteko.
XXVIII. KAP.
1. Gaixtagina ihes dihoa, nihor ondotik gabe; prestua aldiz, gogoa hazkarrik lehoina bezala, beldurrik gabe izanen da.
2. Lurrak bere bekhatuen gatik badu asko buruzagi; eta gizonaren zuhurtzia gatik eta argituak direnen jakitateagatik, nausiaren bizia luzeagoa izanen da.
3. Beharren zaphatzaile den gizon beharrak, iduri du gosetea dakharren erauntsia gaitza.
4. Legea bazterrerat uzten dutenak laudatzen dute gaixtagina; zaintzen dutenak bizten dira haren kontra.
5. Gizon gaixtoek ez derabilkate zuzenbidea burutan; bainan Jauna bilhatzen dutenak, orori ohartzen dira.
6. Hobea da bere lainotasunean dihoan erromesa, ezenetz bide galduetan dabilan aberatsa.
7. Legea begiratzen duena, ume zuhurra da; aldiz, zintzurkoien asetzen hari denak ahalkea arthikitzen dio bere aitari.
8. Intresez eta lukuruz ontasun biltzen hari denak, beharren alderat bizar izanen denarentzat biltzen ditu.
9. Nork-ere legearen ez aditzeko makhurtuko baitu beharria, hainaren othoitza gaitzetsgarri izanen da.
10. Bide tzarrean prestuen enganatzen hari dena, bera eroriko da berak egin lezera, eta lainoek gozatuko dituzte haren onak.
11. Gizon aberatsak zuhurra dela uste du; umoa den beharrak ordean haztatuko dio bihotza.
12. Prestuen gorapenean ospe handi bat bada; gaixtaginak erreginatzen direnean, gizon-xahutzeak.
13. Bere gaixtakerien gordetzen hari denak ez du bururatuko; aldiz, aithortzen eta uzten dituenak ardietsiko du urrikalmendua.
14. Dohatsu bethi lotsa den gizona! Bihotz gogorrekoa dena, berriz, gaitzera eroriko da.
15. Marrumaz hari den lehoin, gosez jana den hartz bat da buruzagi gaixto bat populu gaixoaren gainean.
16. Umotasunez eskas den buruzagi batek asko zaphatuko ditu maulaz; aldiz, jaramankeria higuin duenak luzatuko ditu bere bizitzeko egunak.
17. Hobengabearen odolaren ixurtzailea, putzuraino ihes baloha ere, nihork ez du idukiko.
18. Lainoki dabilana salbo izanen da; bide galduetan ibiltzen dena, eroriko da behin bethiko.
19. Lurra lantzen duena aseko da ogiz; aldiz, alferkeriari darraikioena, beharrez betheko da.
20. Hainitz laudatuko da gizon fidela; bainan lehen-bai-lehen aberastera hari dena, ez da hobengabe izanen.
21. Erabakitzean nor nor den begiratzen duenak ez du ongi egiten; halakoak ogi-ahamen baten gatik ere bazterrerat utziko du egia.
22. Lehen-bai-lehen aberastera hari den gizonak, eta bertzeez bekhaitz denak, ez daki erromeseria tupustean eroriko zaroela gainera.
23. Gizon bat kridantzatzen duenak esker aurkhituren du ondoan haren baithan, mihiko legunkeriez enganatzen duenak baino hobeki.
24. Bere ait-amei zerbait ebasten duena, eta ez dela bekhatu erraten duena, gizon hiltzailearekin barne da.
25. Espantuka haritzen eta hantzen denak khimerak bizten ditu; bainan Jauna baithan bere pheskiza dadukana, sendatua izanen da.
26. Bere bihotzaren gainean bere sinhestea bermatzen duena, zoro bat da; aldiz, zuhurki dabilana, salbatua izanen da.
27. Beharrari ematen duenak ez du eskasik izanen; bainan othoitzlea arbuiatzen duenak jasanen du beharra.
28. Gizonak gordeko dira gaixtaginak jaikiko direnean; hekiek galtzean, prestuak berhatuko dira.
XXIX. KAP.
1. Nork-ere kridantzatzailea buru-gaixtokeriaz arbuiatuko baitu, hainari eroriko zaio tupusteko asturugaitza, eta ondotik ezar sendatzerik jarraikiko.
2. Prestuak berhatzeaz boztuko da jendea; gaixtaginek nausitasuna hartzean, auhenez abiatuko da populua.
3. Zuhurtzia maite duen gizonak boztuko du bere aita; aldiz, lilitxoak haziko dituenak galduko du bere izatea.
4. Errege prestuak goratu lurra, gizon zekhenak xahutuko du.
5. Bere adiskideari solas legun eta alegiazkoez mintzo denak, sarea hedatzen dio aitzinean.
6. Arteak atzemanen du bekhatu egiten hari den gizon gaixtoa; eta prestua bozkarioz eta lauduriozko kantuz egonen da.
7. Prestuak ezagutzen du beharraren zuzena; gaixtaginak ez daki deusere.
8. Gizon galduek xahutzen dute hiria; zuhurrek, berriz, aldaratzen dute sulia.
9. Gizon zuhurra, aharratzen bada zoroarekin, edo samur dadien, edo irri egin dezan, ez du phausirik aurkhituko.
10. Gizon odolkoiek higuin dute lainoa; prestuek, berriz, begiratu nahi diote bizia.
11. Zoroak atheratzen du gogoan duen guzia; zuhurra ephez dago, eta gerorako goaitatzen da.
12. Solas gezurtiak gogotik aditzen dituen buruzagiak, gaixtoak izanen ditu zerbitzari guziak.
13. Beharrak eta hartzeduruak buruz buru egin dute; Jauna da bien argitzailea.
14. Beharrak zintasunean juiatzen dituen erregea, hainaren tronua bethikotzat da gogortuko.
15. Zaharoak eta kridantzak ematen dute zuhurtzia; aldiz, bere nahitara uzten den haurrak ahalkatuko du bere ama.
16. Gaixtagin gehiago, eta gaixtakeria gehiago izanen da; eta prestuak izanen dira hekien xahupenaz lekhuko.
17. Irakhats zazu ongi zure semea, eta zure gozagarri izanen da, eta atseginen nasaizia emanen dio zure arimari.
18. Profeziarik ez denean gehiago izanen, populua barraiatuko da; legea zaintzen duena ordean, dohatsu da.
19. Gathibua ez daiteke hitzez irakhats; ezik aditzen du zuk diozuna, eta ihardesteaz ez da axoladuru.
20. Ikhusi duzu gizon bat mintzatzera zalhu? haren ganik medeantza baino zorokeria gehiago uste izateko da.
21. Guriki bere sehia haurretik hazten duenak, gerorat ozar atzemanen du.
22. Hasarrekor denak khimerak bizten ditu; eta gaitzikor dena, bekhatura erorkorrago izanen da.
23. Hanpurutsuari darraikio beheramendua, eta ospetara goratua izanen da bihotzez aphal dena.
24. Uhoinarekin barne egiten denak hastio du bere arima; aditzen du nola deitzen duten zin egitera, eta ez du agertuko hura.
25. Gizonaren beldur dena laster eroriko da; Jaunaren baithan bere igurikimena dadukana izanen da goratua.
26. Asko dabiltza buruzagiaren ganik begitharteketa; bainan Jauna ganik atherako zaio batbederari zor zaioena.
27. Prestuek gaixtagina higuin dute, eta gaixtaginek hastio dituzte bide zuzenaz dabiltzanak.
Hitza zaintzen duen umea, galpenetik salbo izanen da.
XXX. KAP.
1. Bilarazlearen hitzak, egiaren hedatzailearen semearenak.
Jainkoa berekin duen gizon batek erran ikhuspena; eta Jainkoa haren baithan izanez indar harturik, erran du:
2. Gizonetarik zoroena naiz, eta gizonen zuhurtzia ez da ene baithan.
3. Ez dut ikhasi zuhurtzia, ez-etare ezagutu sainduen jakitatea.
4. Nor zerurat igan eta jautsi da? nork bere eskuetan iduki du izpiritua? nork urak bildu ditu hala-nola saihal batera? leihorrari nork ezarri diozka bere mugarri guziak? zer izen du, eta zer da haren semearen izena, balin badakizu?
5. Jainkoaren hitzak oro khaldatuak dira. Erredola bat da haren iguriki daudezenentzat.
6. Ez berba batere haren hitzei, beldurrez-eta jazarria izan dakizun eta gezurretan aurkhitua izan zaitezen.
7. Bi galde egin izan darozkitzut, ez ukha niri hil nadien baino lehen.
8. Ergelkeria eta gezurrezko hitzak urrun egizkitzu ni ganik;
Ez niri eman ez behartasuna, ez-etare aberastasuna; emadazu bakharrik bizitzeko premia dena;
9. Beldurrez-eta ase ondoan lerra nadien ukhatzera, eta erran dezadan Nor da Jauna? edo beharrak hartaraturik, ebats dezadan, eta ene Jainkoaren izena arnega.
10. Ez jazar sehiari bere nausiaren aitzinean, madarika zaitzan eta eror zadien beldurrez.
11. Ethorki batek madarikatzen du bere aita, eta ez du bere ama benedikatzen.
12. Ethorki batek bere burua garbi daduka, eta bizkitartean ez da bere lohikerietarik xahutua.
13. Ethorki batek begi gorak eta bekhoki goitituak daduzka.
14. Ethorki batek, hortzen orde, ezpatak ditu; eta xehakatzen du bere hortzez, irestekotzat lurreko beharrak eta gizonen arteko erromesak.
15. Odoledaleak baditu bi alaba, diotenak: Ekhar, ekhar.
Hirur gauza dira ezin-asezkoak, eta laugarrenak behinere ez dio: Aski.
16. Ifernua, ume-untziaren ahoa, urez asetzen ez den lurra; sua, berriz, behinere ez dioena: Aski.
17. Aitari irain egiten, eta bere amaren haur eginpenari eskarnio egiten dioen begia iraizia izan bedi erreketako beleez, eta arranoaren umeek jan bezate bera.
18. Hirur gauza zaizkit gaitzak, eta laugarrena ez dakit batere:
19. Arranoaren bidea zeruan, sugearen bidea harriaren gainean, untziaren bidea itsasoaren erdian, eta gizonaren bidea gaztetasunean.
20. Hala-halakoa da bertzeekin khutsatu den emaztearen bidea ere; hainak jaten du, eta ahoa xukhatzean, erraten: Ez dut gaizkirik egin.
21. Hirur gauzaz nahasia da lurra eta ezin jasan dezake laugarrena:
22. Gathibuaz, erregetua denean zoro batez, jatekoz ase denean;
23. Emazteki hastiagarri batez, ezkontzaz hartua denean; eta neskato batez, bere etxekandrearen ondore egin denean.
24. Lurreko lau gauza dira guziz ttipiak, eta hainak dira zuhurrak baino zuhurragoak:
25. Xinhaurriak, populu xehe, uztaroan bere jatekoa aphaintzen duena;
26. Erbiak, populu indargabe, harrian bere ohantzea ezartzen duena;
27. Xartalak, erregerik ez dutenak, eta oro beren moltzoetan goaten direnak;
28. Estelioak, eskuen gainean dabiltzanak, eta erregeren etxetan egoten direnak;
29. Hirur gauza dira ongi direnak ibiltzen, eta laugarrena osperekin dabila:
30. Lehoina, basaberetarik hazkarrena, bidean gerthatzen zaioen nihoren beldur izanen ez dena;
31. Oilarra, susaiki dabilana; aharia; eta errege bat, zeinari enferratzen ez baita nihor.
32. Bada zoro agertu dena, gain gainera goratua izan den ondoan; ezen adimendurik izatu balu, eskua bere ahoaren gainean ezarri zukeen.
33. Berriz, dithia hazkarki tinkatzen duenak esnearen edoskitzeko, gaina atheratzen du; borthizki zintzatzen denak, odola ilkhitzen du; eta hasarrea tarritatzen duenak, aharrak sorrarazten ditu.
XXXI. KAP.
1. Lamuel erregearen hitzak. Bere amak irakhatsi dioen ikhuspena.
2. Zer erranen darotzut, ene maitea? zer, ene sabeleko ume maitea? zer, ene botuetako haur maitea?
3. Emaztekiei ez eman zure ontasuna; eta erregeen xahutzeko, ez eman zure aberastasunak.
4. Ez eman erregeei, oi Lamuel, erregeei ez eman arnoa; zeren hordikeria nausi dagoen tokian, ez baita deusere gorderik;
5. Edan dezaten beldurrez, ahantz dezaten zuzenbidea, eta hoben egin diozoten beharraren haurren zuzenari.
6. Edaria emozute atsekabetan direnei, eta arnoa bihotza uher dutenei.
7. Edan bezate eta ahantz beren behartasuna, eta beren minai gehiago orhoit ez beitez.
8. Idekazu zure ahoa mutuarentzat, eta iragaiten diren haur guzien alde.
9. Idekazu zure ahoa, zuzen dena mana zazu, eta zuzenki juia zatzu beharra eta errromesa.
10. Nork atzemanen du emazte indarduna? urrungo eta lurraren bertze bazterreko gauza baino baliosago da.
11. Haren baithan fidatzen da haren senharraren bihotza, eta buluzkin eskasik ez du izanen.
12. Bere bizitzeko egun orotan senharrari ongia bihurturen dio, eta ez gaizkia.
13. Bilhatu ditu ilea eta lihoa, eta lanean haritu da bere eskuetako antzearekin.
14. Egin da tratulariaren untziaren iduriko, zeinak urrundanik ekhartzen baitio bere ogia.
15. Eta gabaz jaiki da, eta harrapakina eman daroete bere muthilei eta jatekoa neskatoei.
16. Begiztatu du landa bat, eta erosi du; eta bere eskuetako irabazitik landatu du mahasti bat.
17. Indarraz gerrikatu du bere gerruntzea, eta hazkartu du bere besoa.
18. Dastatu eta ikhusi du ona dela haren eginkaria: gabaz ez da hilen haren argia.
19. Gauza hazkarretan ezarri du eskua eta haren erhiak ardatzari lothu dira.
20. Bere eskua erromesari zabaldu dio, eta ahurrak beharrari hedatu.
21. Bere etxeko ez da, ez hotzaren, ez elhurraren beldur; ezen haren sehi guziek soineko bikhunak dituzte.
22. Beretzat egin du egunazko eta gabazko estalgia; liho hautaz eta purpuraz jauntzia da.
23. Haren senharra atheetan ikhusia izanen da, tokiko zaharrekin jarriko denean.
24. Mihise bat egin eta saldu du, eta gerriko bat eman dio Kananearrari.
25. Indarrez eta edertasunez jauntzia da, eta azken egunean irria izanen du.
26. Zuhurtziari ideki dio bere ahoa, eta barkhatiartasuneko legea haren mihian da.
27. Begia eman diote bere etxeko bidexkei, eta ez du alferrik jan bere ogia.
28. Haren haurrak jaiki dira, eta zorionezkoa dela aithor gora eman diote; haren senharra ere jaiki da eta laudatu du.
29. Asko neskatxek bildu dituzte ontasunak; zu, guzien gainetik goan zare.
30. Eskerra enganagarri eta edertasuna hutsal da; Jaunaren beldur den emaztekia, haina izanen da laudatua.
31. Emozue bere eskuko fruitutik, eta bere egintzek lauda bezate atheetan.
|