XILINTXA SORGINA
ANDRE MARGAITA: Etxek-andrea.
MARIA: Andre Margaitaren neskatoa.
ANDRE MARTINA: Margaitaren aspaldiko adixkidea.
Barne haundi eder-bat. Atheak zola zolan, eta ere ezker eta eskuin.
I
ANDRE MARGAITAK: (Pidaiako puska batzuen biltzen ari dela.) Hemengo harat hunatak ikusi eta, iduri luke, urrun, arras urrun, Jainkoak daki norat abian naizela; bainan ez, ez da hor arte bat baizik, Maria, ene neskatoari, hedatzen diotan arte bat baizik.
Alabainan, xoko-kume bat banintz bezala, pulliki nere biphiltzen ari da. Behazue bada. Etxeko behar-orduentzat, ilhabete guziz emaiten diozkatan 150 liberetarik, apho figura horrek 75 libera aldaratzen ditu —beretzat, erran gabe doa— eta, futxo, ezin goraki erran, ez dudalakotz lan pullit hortan ari atxemana! Erranen dautazue, behar bada: «Zertako ez dudan aire berean kanporat igortzen?» Atx! Hori bertzerik da! Ongixko mainatzen nau gero!
Hamar liberaz pisutua naiz, Maria gure etxeraz geroz. Errakiño batzu egiten dauzkit! Erhi muturrak eta oro milikatzen ditut, mahainean bakarrik naizen aldi guzian.
Eta, bertzalde, egungo egunean, hain neke da sehi baten izaitea! Zer soldatak ez dituzte behar! Eta kafeñoa egunean hiru lau aldiz, ttottarekin! Eta gakoa, gabaz atheratzeko eta... nahi dutelarik sartzeko! Holakorik bederen ez baitu oraino, nahiago nuke beraz Maria zerbeit ere gisaz korreitu, xuxendu. Ohointzan doi doia hasi hainitz bezala, hain da beldurtia eta sinheskorra, hain izipera! (Atheari buruz badoa.) Hots, Maria, heldu zira, bai edo ez?
II
MARIA: Heldu, heldu... Huna, Andre! (Eta sartzen da Maria.)
ANDRE MARGAITAK: Zato, bederen ene azken azken manuen entzuterat...
MARIA: Andrea ez ahal doa bertze mundurat?
ANDRE MARGAITAK: Ez aldi huntan, ez, oraino! Erran gabe doa, kanpoan izanen naizen arte guzian, ene etxeaz izanen duzula artharik handiena, eta, ez duzula deus hautsiko, bi ilhabethe luzez!
MARIA: Bi ilhabethez?... Zaude deskantsu, Andrea...
ANDRE MARGAITAK: Bi lore untzi hauk arthaturen ditutzu, othoi, gain gainetik! Martina, ene haurreko lagun baten orhoitzapena dut hor, hogoi urthe huntan ikusi ez dutan lagun baten orhoitzapena. (Xapela emaiten du buruan.)
MARIA: Hogoi urthe?... Erran behar litzaioke Andrearen ikusterat ethor dadien Donianerat. Loriatuko da xoko pullit huntan. Zokoa, Bordagain, Santa-Barbara, Larrune, Azkaine, eta Doniane... pétit Paris... Hoik oro badira gero zerbeit!
ANDRE MARGAITAK: Bai, zera! Ameriketan da eta nere adixkidea... eta batre ez dakit zein hiritan! Bertzalde, nehorri ere maiz aski tokiz aldaratu naiz!...
MARIA: Beraz... bi mendik elgar atxeman lirote behar bada, bainan ez zuek!... Jainkoak bere lorian duela, bainan hoi nere amatxi zenari ikasia nion.
ANDRE MARGAITAK: Behazue horri!... Hots! Banaiz, oraintxet; banoa... huna gakoak.
MARIA: Ez ordean oro! Eta ganbara ttikikoa?
ANDRE MARGAITAK: Ah! hura eremaiten dut... Nehork ez du han sartu behar sekulan.
MARIA: Ai ei ai! Zer othe da han? Lamina zenbeiten manka mixteriozkoa, behar bada! Izitzen ere naiz!...
ANDRE MARGAITAK: Ez, Maria, ez; ene arbasoetarik heldu zautan gauza bat dut han, mixteriozko ahal eta indarra duen gauza bat.
MARIA: Mixteriozko ahala?
ANDRE MARGAITAK: Ba, kobrezko xilintxa ttiki bat, hori horia urheztatua, hari hurbil, gezur bat erraiten edo egintza gaixto zerbeit egiten delarik, bere baitharik jotzen abiatzen den xilintxa bat.
MARIA: He? Nola? Jotzen? Gezur bat erraiten delarik? Hoi xilintxa, hatik! Zerbeitxo gostaia ere ahal da.
ANDRE MARGAITAK: (Orenari behatzen dio.) Bortz orenak! Treina huts eginen dut, hola hemen egonez. Adio, Maria, banoa, eta ikus arte!
MARIA: Ikus arte, Andrea, eta pidaia on! (Andre Margaita badoa.)
III
MARIA: (Bakarrik delarik orai.) Azkenean joan da! Uste ez banuen hementxet gelditzen zitzautala! Ederki atxemana izanen bainintzen! Behazue ba, haren egon tokia, etxe hau, bi ilhabetherentzat hitzemana diot emazteki gisako eta bere osasun ahularen hazkartzearen beharretan den bati... Lauetan hogoi libera ilhabethean izanen baititut! Lau hogoi libera ez dire ez gero piko baten azpian atxemaiten!
Eta, bertzalde, etxearentzat ere ez diteke kalte; ez da bederen mutzituko, nehor hemen egon ez baladi egin liteken bezala... Bainan, non dago bada ene emaztekittoa? Bortz orenetako ethorri beharra zen; jaustea hobeko dut, baratzeko athetik sarrarazteko. (Badoa ezkerreko aldetik.)
IV
ANDRE MARGAITAK: (Eskuinetik sartzen dela brixtakoan eta zango puntten gainean.) Segur ene pidaia ez dela biziki luzea izan! Doi doia kanporat joaiteko eta eskaler ttikitik hunarat igaiteko artea... Nere etxerat itzulia naizenaz geroz, eian, orai, zer egin behar dudan? Zuhurrari... zuhur eta erdi, erraiten ohi den bezala!
Maria ethorriko baita hunara, eta segur, beretarik eginen baitu, irri egin behar dugu, gaur oraino! Gordeko naiz horxettoko ganbara hortan, eta ttartte batetarik, ederkixko denak ikusiren ditut. To, to!... Xo! Norbait heldu! Mintzo aldiz, nor?... Maria!... Ez da beraz bakarrik... Orai, orai jostetak! Laster ene gordagailurat.
Ezker itzaltzen da Andre Margaita.
V
Maria eta Andre Martina
Elgarrekin sartzen direla.
MARIA: Sar zaite, sar, andrea; huna beraz emaiten ahal dautzutan egon tokia.
ANDRE MARTINAK: (Orori behatzen diotela.) Arras nik behar bezalakoa da eta!... Diozu jabeak utzi zaituela, niri zenbeit asterentzat emaiterat?
MARIA: Segurki, andrea... Utzi, eta nola utzi? Jainkoaren lorian oraino! (Xilintxa mixteriozkoa jo eta jo huna hasten dela.) (Jendeeri:) Ai! Zerua!... Xilintxa!... Xurtxuri bat bezenbat daldaretan nago! Bainan, ihardoki behar dut, eta deusik ez irakusterat eman.
ANDRE MARTINAK: Bainan, jo ez dute? Norbeit bada beraz hemen?
MARIA: Ez, gatua ari bide zen sokarekin jostetan. (Xilintxak jotzen du berriz.) (Ahapetik.) Oh! zer da sorginkeria hau!
ANDRE MARTINAK: Huna, berehal berehala, berrogoi libera, hitzeman erresak.
MARIA: Gisakoago ez diteke izan, Andrea! (Xilintxa berriz oraino.) Xilintxa berriz! Debruek ereman balezate!
ANDRE MARTINAK: Xilintxa nardagarria, egiazki!
MARIA: Zaude deskantsu, ez zaitu luzaz nardaturen! Ikusten duzu; huna, hemen, barne ttiki pullit bat. (Eskuineko athea erakusten diola.) Hemen, aldiz, ezkerrean, erran badezaket: aldalei ttiki bat... horra zertako gakoz hetsia dudan... (Berriz ere xilintxa.) (Ahapetik.) Xilintxa madarikatua! Mila pusketan emaiten ahal bahindut!...
ANDRE MARTINAK: Ongi da. Eta orai, ez zintezke joan, krakadarentzat behar nituzken bi ogi-olaten bilha? Bertze deuseren beharrik ez nuke, ezen udare eta sagar zenbeit baditut hor, ene zakuan... Orizu, huna dirua.
MARIA: Zerbitzari, Andrea. (Otharre bat hartzen du.)
ANDRE MARTINAK: (Gibelez Mariari dagola, bere zaku ttikitik atheratzen ditu udare eta sagar batzu ederrak, eta, batre gibelerat behatu gabe, mahain ezkinean emaiten ditu oro.) Dugun ikus eian lehertuak, xirtxi-frikatuak diren? Ez; beharrik!
MARIA: (Ahapetik.) Oh! hoik udare ederrak, hoik sagar ederrak!
Eta Andre Martinak eman arau, hura batre ohartu gabe, Mariak, mahain ezkinean hartu udareak sartzen ditu bizkar gibelean gordetzen duen otharrean. Bainan, gibeletik, orduan berean, Andre Margaita etxek-Andreak, idekitzen du bere athea, eta Maria deuseri ohartzen ez delarik, udare hek berak bederazka hartzen diozka otharretik, eta gero... badoa, ixil-ixila.
ANDRE MARTINAK: (Mariaren ganat itzulirik.) Jar banindadi pitta bat? Bideak unhatua ere nau, karrosarik ez zelakotz neretako, Donianeko garan edo gelditokian.
MARIA: (Behatzen diola bere otharreari.) Oh!
ANDRE MARGAITAK: Zer bada?
MARIA: (Zuri zuria egina.) Deusik ez, Andrea! Zure olaten bilha noa. (Ahapetik:) Segur, sorginak badirela etxe huntan! (Badoa.)
VI
ANDRE MARTINAK: (Bakarrik dela orai:) Azkenean beraz, huna ni Donianerat heldua!... Ez da goitxegi! Pixka bat deskantsatuko ahal naiz!... Badere, aisian eman behar naiz! (Bere xapela, bere gaineko soina emaiten ditu aldeko kadira baten gainean.) Ez da gero batre gaizki toki hau!... eta iduritzen zaut ongixko izanen naizela hemen! Dugun ikus bertze barne ttikia; hau baino ere pullitagoa behar da izan. (Badoa eskuinetik.)
VII
ANDRE MARGAITAK: (Ezkerretik, ixil ixila, heldu dela.) Eian egia nionez! Ene etxearen bertzeeri emaiterat atrebitu dela!... Eta nori? Arrotz bati... jende tresna zenbeiti, behar bada... Oh! bainan, ongi atxeman behar dut, oraiko huntan!... Arrotzaren soinekoa eta xapela huna non diren... Jantzi behar ditut... (Erran bezala egiten du berehala, eta gero, zeiarka bezala jartzen da, ezker aire. Hainbertzenarekin huna sarzen dela Maria, bi olata eskuan.)
VIII
Andre Margaita eta Maria
MARIA: Huna olatak, Andrea... Badakizu gero, enekin, hitz erdi bat aski dela, behar denaren berehala nik egiteko.
Eta, orai, non emanen dut mahaina, hemen, ala jateko salan? (Etxek-Andrea ixil ixila dago.) Gorra othe da ene emaztekittoa? Gorago eginen diot oihu. Andrea! (Andre Margaita bethi ixilik.) Eup! Andrea! Bainan zer du bada hunek? izitzen nau! (Sorbaldan jotzen duela:) Alditxartua bazare, erran diezadazut... Hots, ez zozokeriarik... edo banoa laguntza galdez!...
ANDRE MARGAITAK: (Maria ganat itzultzen dela.) Debaldetan liteke, ezen, hobeki naiz orai...
MARIA: Oh! Jainko zerukoa! Nere Etxek-andrea!... Zu zarela hor! (Ahuspez emaiten da.) Ah! galdua naiz. Urrikal! urrikal zakizkit, othoi! (Xutiturik, Etxek-Andreak kadira gainean emaiten ditu berriz Andre Martinaren soineko-puskak.)
IX
Andre Margaita, Maria eta Andre Martina
ANDRE MARTINAK: (Lasterrez heldu dela.) Zer da? Zer da?
MARIA: Da, dohakabe bat naizela! Barka othoi, barka!
ANDRE MARGAITAK: (Andre Martinari behatzen dio, eta berehala oihu handi batean:) Ah! Martina, ene Martina maitea!
ANDRE MARTINAK: (Oihu handi bat harek ere.) Oh! Margaita!
Eta elgarri musuka lotzen dira biak.
ANDRE MARGAITAK: Zu, nere etxean!... Hemen atxeman behar zintudala, hogoi urtheren buruan! Zer atsegina neretzat, Martina! Zerbeit zerbeit badukegu gaur, elgarri kondatzeko!
ANDRE MARTINAK: Nik uste, Margaita! Bainan, nork erranen zuen sekulan, norapeit behar, eta zure etxerat xuxen xuxena ethorriko nintzela gaur!...
MARIA: (Xutiturik, eta erdi ahalke, erdi ozarrean.) Ba, eta nori esker mirakuilu hori?...
ANDRE MARGAITAK: He?... Nori esker?... Ori, hala hala da... Zuri esker. Eta kanporat aire berean igorri behar zinduzkedalarik, horra zertako barkatzen dautzudan.
Bizkitartean, hartu berrogoi liberak itzulatzu lehenik. Higuin litake bertzela. Eta, hemendik harat, bethi agian entzunen duzu Jainkoak zure baithan emana duen xilintxoa mixteriozkoaren boza, zure kontzientziaren boza, gaizkia, gaizki dela erranen baitautzu, eta ongia eginaraziren.
MARIA: Oh! bai, alafede! Huna bi besoak!... Eta, Jainkoak laguntzen nauela, atxikiren dut nere hitza... Milesker, Andreak, eta ongi bihotzetik oraino! Nere ohointzak, nere gezurrak utzirik, Jainko hortaz orhoitu nahi naiz hemendik harat, orai artean egin naizen baino gehiago. Bai, alafede! Huna, berriz ere, nere bi besoak!
|