KAUSERAK EDO KRUXPETAK
JOAN-EDER: Eskualdun Etxek'Andere Bat.
MARIE: Joan-Ederren Alaba.
MARGAITA
JOSEPA
LUIXA
ANNA: Eskualdun Pidaiant batzu.
MARIANNA
ATXO BAT
TREN BURUZAGI BAT
ANGLES ANDRE BAT
LEHEN ZATHIA
JOAN-EDER, MARIE. Eskualdun Sukalde batean.
MARIEK: Hots, ama higi zaite! Ez da ez gero treina zure beha goait egonen, Donianen. Sei orenak joak dire jada, eta ez dugu denbora galtzekorik!
JOAN-EDERREK: (Eskuineko ganbera batetarik:) Heldu naiz, heldu, haurra; bazkina hunen sartzeak emaiten baitazkit lanak! Alo! hots, helduko naiz oraikotik. Ene puxka hoik bilduko dazkiadatazu othoi, deusik ahantzi gabe.
MARIEK: Bai, ama, bai! bainan erna zaite, othoi. Zure kafeñoa harturik, zure puskak oro bildurik, ez duzu xorieri airera beha egon beharko, bide hortan! (Kikera baten bethe kafe moldatzen du bere amarentzat.)
JOAN-EDERREK: (Bere buruaren aphaintzen ari agertzen da, krinolinak bezen handiko zaia batekin, gaitza, izigarria.) Xorieri beha? Izanen dut bertze egitekorik! Ez naiz batre trenpuan, bertzalde! Lorik ez dut egin batere, gau huntan. Ohean ez nindagoken. Jo eskuin, jo ezker, nihun ez onik! Alta kukusoak harrotuxeak nituen, lastaira azpiz goiti emanik goizean!
MARIEK: Eta zuk, baitezpada, Baionarat joan behar, ama?
JOAN-EDERREK: Zer nahi duzu, haurra! Lau urthetarik baizik ez naiz joan hiri kapitalera, eta asko puxkila baitut erosi beharrak!
MARIEK: Ongi, ongi, ama! Bainan, badakizu ez zarela arin arin hetarik, aspaldittoan. Salda ona egiten da bethitik gure etxean, ama gaixoa!
JOAN-EDERREK: Bai, bai, erradazu zuk ere, Gaxuxa Biperak orori oihuka dioena, seietan hogoi kilo aztaren jabe egina naizela, eta etxeko gupela ederrenaren ustaiak leherraraziko ditudala zartez, heien barnean sartzea bezen xuxen!
MARIEK: Ez, ama, ez, ez naiz ni Gaxuxa Bipera, bainan, halako beldur batek hartzen nau, zure itxurari behatu eta! Errex baita holako azta baten Baionarat pirripitatzea!
JOAN-EDERREK: Hortarik nuen, haurra, nik ere nere kexua, gau huntan...
MARIEK: Ez doa niri, ama, zuri zer egin erraitea, bainan, iduri zaut, behar beharrez baizik ez zindukela mugitu behar, hementik harat.
JOAN-EDERREK: Bai, ori, engoitik hola da, Marie, eta Jainkoak lagunduko ere ahal nau. Ongi zeinaturik baizen ez naiz atheratzen sekulan etxetik.
MARIEK: (Erdi hirriz:) Bai, ama, guk gure burua surat arthik, eta Jainkoak athera gaitzala gero sutik... Ori, ama, kafeño hau edazu bero beroa, on eginen dautzu, eta bihotza pixtuko ere dautzu bideari lotzeko.
JOAN-EDERREK: (Edaten ari dela:) Errazu, haurra, treinari sua bezala izanen zaiola kafeño hau ene kargari. Ah! egungo haurrak!
MARIEK: Jainkoak begira nezala sekulan nere amaz trufatzetik. Maitez erran dauzkitzut, ama, erran ditudanak oro.
JOAN-EDERREK: Badakit, haurra, eta ez naiz batre hasarre gelditzen. (Xutiturik, eta bere puskak hartzen dituela.)
MARIEK: Hartu ditutzu oro, ama? Paisola, xakua, oilaxkoak?
JOAN-EDERREK: Bai haurra, oro. Hots, bihar arte, Marie, ongi artha zazu zure aita! Ez ahantz hala hala aziendaño horien, ez eta ere oiloño horien bazkatzea. Jaun Merari nahi nioke oilasko pare bat ederra igorri, urtheberrietako. Jaun Erretorak ere izanen ditu, bainan berantxago, eta bere phedeikuetan ez bada arte huntan sobra sumintzen!... Hots! Jainkoak hunarat ekharri arte Marie.
Bere alaba besarkatzen du, eta badoa Jarako mendia bezain handi.
MARIEK: Bihar arte, ama, eta pidaia on! (Amari behatzen dio kanporat, eta gero:) Mokanesa hartua ahal duzu, balinbada, Ama?
JOAN-EDERREK: (Kanpotik:) Bai, haurra, bai; zaude deskantsu! Atx!... Harri handi bat lehertzer dut... Ez bainaiz hortxet zabal zabala erori!
MARIEK: Gaixo Ama! (Berriz ere urrunera amari beha dagolarik, aintzineko oihal handia aphalduko dute.)
BIGARREN ZATHIA
Donianeko Garan. Xixtuka ari dira jada... Xilintxa ere joa da. Treina abiatzera doa. Izerdi uharretan, leher egina, puskak oro, beso-azpitik alderdi guzietara eskapatzen zaizkola, bere billeta esku batean, moltsa bertzean, herrestan heldu da Joan-Eder... alimalea...
TREIN-BURUZAGIAK: En voiture! En voiture!
JOAN-EDERREK: (Bagon batean, lehen jinean, sartu nahi da. Bainan debru bat! Indarka ari da, bazkina sartarazteko heinean, ezin sartuz!) Hauxe da ixtorioa! Eta futxo, ene gerruntze hunek ez nahi joan barnera! Eta jende hauk oro hirriz ari! (Karkaraka ari zaizko oro.)
TREIN-BURUZAGIAK: Allons! la grosse maman, montez-vous, ou montez-vous pas?
JOAN-EDERREK: Bai, bai, Jauna, sartuko zaut, sartuko. Ittant bat, othoi!... Bi mila sorgin! Duela lau urthe baino puskaz hertsiago ditutzue athe ozpina hauk!
MARGAITAK: (Hirriz usteldua dagolarik:) Hots, amatto, emadatzu puska hoik, eta zalu, zalua gero! (Eta guziak hirriz, bethi'ta gehiago hirriz.) Zure esku hoi, orai. Zato, Luixa, bertze eskua harrezozu! Eut!... Sartzen da, sartzen!... Eut!... ah!... bagirea?... Bagira, bagira, amatto!
JOAN-EDERREK: Ai! jende maiteak, Jainkoak esker duela! (Jartzen da edo hobeki alkiaren gainera erortzen, begitartea sutan, mokanesaz xuka eta xuka.) Uste ez banuen hortxet gelditzen nintzela! Hatsik ere ez nuen gehiago, izerdi uretan, ene soineko botoinen erdiak segurik saltoka joanak. (Ithoka oro hirriz, nigarrak eta oro jauziak. Eta, gero:)
JOSEPAK: Maiz bazabiltza burdin bidez, andre gaixoa?
JOAN-EDERREK: Maiz? Ez, ez. Lau urthetarik behin, doi doia. Kargaño hau duena etxean hobeki dagoke, ezen ez karrosetan. Beharrik nere burua arthatzen dut, hola kanporat noalarik...
LUIXAK: Arthatzen? Eta zer artha hartzen othe duzu, ez banaiz sobra atrebitua?
JOAN-EDERREK: Arthatzen bai! Bizpahirur egun aintzinetik, erdi barurik egoiten naiz. Orizue, ahamenik ez dut harturik, atzo eguerdiz geroz, kafe ttirritta batez bertzerik.
ANNAK: Atzo eguerdiz geroz? Bainan, barkhamendurekin, non behar zira jautsi?
JOAN-EDERREK: Baionan.
ANNAK: Baionan? Jainko maitea! Haraxko da Baiona! Ez duzu iraunen haraino, gaixo emaztekia! Ori, kausera kruxpeta batzu baititut hemen, bideko hartuak, gogo onez, kruxpetaño bat, andre?
JOAN-EDERREK: Ez, ez, milesker!
ANNAK: Emaztekia, bigaño, bigaño bakarrik!
JOAN-EDERREK: Ez, ez, milesker!... Athe demuntre horiek ez balire hoin hertsiak, bai!
LUIXAK: Kruxpeta arin da, andre. Eta bertzalde, hemendik Baionara, ehun kruxpeten lixeritzeko astia badukezu. Hots, bigaño bakarrik!
JOSEPAK: Kruxpetak ez ditu behar bada maite, Luixa.
JOAN-EDERREK: Ez maite? Kruxpetak?... Erhotua naiz eta.
MARIANNAK: Hots, emaztekia, arno xuri xorta bat baitut hemen, bi erhi-trebes arno xuri hortarik, eta kruxpeta guziak firurikan joanen zaizkitzu, deuseri ohartuko ere ez baitzaizko.
JOAN-EDERREK: Ah! Jainko maitea! amor eman behar othe dut bada? Kruxpetaño horiek hirriz ari zaizkit, oihal xuri horren erditik, hilak phiztuko dituen usain goxo bat igortzen dautatela!
MARGAITAK: Eta zer dio zure sabelño huts horrek?
JOAN-EDERREK: Galtxagorri bera zare, zu, anderea. Nere sabela kurrinkaz ari zaut: Hots, Joan-Eder, atzo eguerdiz geroz, kafe hurrupa batez bertzerik ez dinat harturik.
Bizpahiru kruxpeta, othoi, kruxpeta pullit hoitarik; bizpahiru, ez gehiago!
MARIANNAK: Hean, begiak hetsirik, lehenbizikoño hau zoin pulliki iretsiko duzun! (Joan-Ederrek —azkenean— galdatu bezala egiten du, eta lehenbiziko kausera iresten.)
JOAN-EDERREK: Zer kruxpetak! Gezur erran niro, sekulan holakorik jan dudala erran baneza.
LUIXAK: Hean bigarren bat, bide beraz?... ori, harri kixkola kisu-labean baino gehiago ez da kruxpeta ezagun... Ori, gaixoa, ori, janezazu deskantsuz. Ez duzu bardin egun guziez holakorik janen!
MARGAITAK: Eta Baionara behar oraino!...
TREIN-BURUZAGIAK: Cambo les Bains! Camo les Bains! Cinq minutes d'arrêt!
MARIANNAK: Hean, orai, ene arno xuriño huntarik hurrupa bat! (Joan-Ederrek edaten du xirrixtan xahakotik.)
JOAN-EDERREK: Arnoa eta kruxpetak, oro zuek bezen onak ditutzue, andere maiteak. Ahalketua ere nago zuen maina guziez.
OROK: (Hirriz:) Ez da zeren, ez da zeren!
ATXOAK: (Bere xokotik:) Holako bazkariak ez othe du deserta pitta bat ere merezi? Ori, Joan-Eder, nere kaba xokoan baditut sagar-erneta batzu hautak, gazalaba edo alabatxiari eremaiten diozkatanak. Ene alabatxiak biga gutiago izanen ditu, eta bigaño hek behar dazkidatazu jan aire berean.
Joan-Ederrek, berriz ere, galdatu bezala egiten du eta bi sagarrak iresten, Jainkoaren lorian.
JOAN-EDERREK: Milesker, andre gaixoa! Zure kokotsa bezein pollitak dira sagarño hauk, eta kruxpetak eta arno xuria bezen onak ere bai!
TREIN-BURUZAGIAK: (Kanpotik:) Ustaritz! Ustaritz! Trois minutes d'arrêt!
JOSEPAK: Joan-Eder, azken hatsa edeki behar diozu orai xahakoari. Ixkiriotaz eginikako arnoa! Jaun erretorak ere ez du bertzerik nahi mezako arnoarentzat; edazu bi begiak hetsirik. (Joan-Ederrek edaten du beraz.)
JOAN-EDERREK: Segur, jaun erretoraz bertzerik ere baditakela arno hori ona kausitzen duenik. Jaun erretora banintz, kontu egin niro nik, beatterreri, xantreari eta behar bada andre serorari! (Orok hirri.)
MARGAITAK: Eta, orai, guziek errepikaño bat; orobat, guziak emaztekiak gira hemen, eta nehoren burlarik ez dugu izanen!
JOSEPAK: Zer kanta dezakegu, Luixa?
LUIXAK: Nik ongi dakita... Kruxpetaño horien ondotik, zintzurra ederki legundurik, zer nahiri lotzera noa. Has, zazu, Anna, bardin konpainiako bozik pollitena segur zuk duzula.
ANNAK: Goazen beraz, eta emagun Krinolinen kantu zaharra. (Guziek hirri, elgarri keinuka.)
OROK: (Emaiten dute kriolinen kantua:)
Bertsuak nahi ditut orai athera;
Ixilik banindago, banuke pena;
Bainan neke da:
Krinolinaz besterik solasik ez da.
Hauxe da besta,
Satanek etzezaken hobeki pentsa!
TREIN-BURUZAGIAK: Villefranque! Villefranque! Villefranque!... Elles vont bien ces petites dames! quels gosiers, mes amis!
OROK:
Hamalau berga oihal, ez da itsusi,
Kriolina batentzat eztela aski!
Ez gaituk gaizki!
Moda hori lehenik nork du ikasi,
Egiten hasi?
Paga nezake ongi, nor den banaki.
Batzuek aise eta bertziek nekez;
Bazterrak bethe dire bai kriolinez...
Gauza ederrez!
Dupela bezein zabal dire beherez,
Konkorrak gainez...
Gorde behar litezke, jenden ahalkez!
Iragan egun batez zen komedia,
Plaza baten gainean, ikusgarria;
Hango hirria!
Andre bat zen, karrosan igan nahia:
Ezin abia!
Karrosan ez zion sar... gibelaldia.
Postilluna —kaskoina— juramentuka,
Bethi kriolinari eskuz pusaka:
«Hori dun hanka!»
Bazterrak hautsi nahiz, zalapartaka,
Kopeta joka,
«Karrosan ez daiteke... hola enbarka!»
Urgulu malurusa! hi habilana
Guri emanarazten hoinbertze pena,
Bai eta gerla!
Kriolinak emaiten balauk orena
Hilen hauena,
Gal dadien bethikotz hire izena!
MARIANNAK: Biba gu! Bainan biba Joan-Eder! Zer boza izan ahal duzuna, denboran! Orai ere, zure xaramela zerbait bada, alafede!
JOAN-EDERREK: Bai, itsusi da nihaurek erraitea, bainan Mariaren haurretan ez zen nerea baino boz hoberik, eta orai ere, nere alaba Mariek errexiñolak bezala xaramelatzen du goizetik arrats, Jainkoak egiten dituen egun oroz...
ATXOAK: Xahakoa odol husturik baitago xoko hortan, bertze sagarño bat, Joan-Eder?
JOAN-EDERREK: Ori, hala hala da, kantuño horrek zintzurra erlastu ere daut, egia erraiteko. Esker mila eta mila! (Sagarra hartzen du, bainan ez du jateko astirik izanen.) Loria da holako lagunekin pidaiaz ibiltzea, eta urriki bezala dut, beldur zozo baten gatik egoiten bainaiz etxetik gehiago atheratu gabe.
Trein harrabots handi batzu hautemaiten dira hemen, eta gero oihu ozen batzu: Bayonne, Bayonne, Bayonne!
TREIN-BURUZAGIAK: Bayonne! Bayonne! Tout le monde descend de voiture!
JOAN-EDERREK: Baionan! Jadanik Baionan! Doi doia hunarat hupatua iduri zitzautan! Zer den, hatik!... Jende maiteak, mil esker zinez orori, eta sarri arte!
OROK: Sarri arte, Joan-Eder!
Oro xutitzen dira, eta, beren puskak harturik, zalu zalua jausten. Joan-Eder xutitzen da hura ere, oro jautsi diren ondoan. Bainan, berehala, athea biziki hertsiegi izanez, gelditzen da athe hortan kokaturik. Jendea ohartua zaio jadanik. Doi doiako bere adixkideak ere han ditu, aintzinean, lehen lehen, maltzur maltzurra hari begira. Treineko muthilak oro, besoak kurutzaturik, begira hek ere!...
TREIN-BURUZAGIAK: Eh bien! la petire mère? C'est-il pour aujourd'hui ou pour demain?
JOAN-EDERREK: Oh! oh! hauxe da lana!... Leher eta zapart egin behar othe dut hementxet? (Jo eskuin, jo esker; bethi debaldetan.) Ixtantean botoin bat ez zaio geldituko ene soinekoari! Aintzinez, gibelez, ala saheska joka, nihundik ezin athera...
JOSEPAK: (Maltzur maltzurra:) Krinolina hori khen bazindeza, Joan-Eder?
JOAN-EDERREK: Bai eta krinolinaren azpiko hau nork khenduko daut? Ustaiak khendurik ere, barrika hor geldituko!... Oh! oh!... Ez nintzan bada Hazparnen sorthua, hola gizentzeko! (Erran gabe doa, Joan-Eder hola mintzo den artean, guziak hirriz ari zaizkola.) Uf!... gorri beltzatua sumatzen dut nere begithartea, sutan ene mathelak!
MARIANNAK: Zure puska horiek har ginezazke gogo onez, Joan-Eder.
JOAN-EDERREK: Burla zaite, burla... Puskak hartu eta, zer egin gero pusken jabeaz?... Ai! bertze botoin bat!... Demuntren kruxpetak! Eta zuek, liztafin pullitak, ez naukezue berriz atxemanik!
ATXOAK: Sagarño bat, Joan-Eder, sagar ernetaño bat?...
JOAN-EDERREK: Apho figura! Hoakit bixtatik, hi bederen, hire kokotz, eskalapoina idurikoarekin!... Ai! bertze botoin bat! Azkena, segura!...
MARGAITAK: Hots, Joan-Eder! indarño bat!... Oh! batean!
TREIN-BURUZAGIAK: Eh! bien, la mémère!... Descendras? Descendras pas?
LUIXAK: Eut! Eut!... emeki, Joan-Eder!... pulliki, emaztekia! Aldian poxi bat!... (Eta oro hirriz ari bethi...)
Andre Angles kankail bat, ozarra, hurbiltzen da bere fotografia tresna eskuan.
ANGLESAK: Aoh! very beautiful!... Très jaoli, aoh! yes!... moi prendre la photografie de le grosse madame!...
Krak, hartzen du Joan-Ederren potreta. Joan-Eder, erhotua, hasten zaio ukamiloa bildurik, mehatxuka. Bainan, bizkarrez itzulirik, badoa anglesa, pazote bat iretsi balu bezenbat tente potente.
JOAN-EDERREK: Angles kalamanka! gure etxe ondo hetara hurbiltzen bahaiz sekulan!... Oh! gaixo nere etxea, gaixo gure Piarres, gaixo Marie! Ez nauzue gaur hemen ikusten! (Jartzen da, burua bere bi eskuetan gorderik, gorri ahalketua, denak hari hirriz dagozin artean. Bat ez zaio urrikaltzen.)
TREIN-BURUZAGIAK: Ce n'est pas tous de nous faire poser de la sorte. Il paraît que vous avez croqué des masses de baignets, arrosés d'un bon petit vin d'Irouléguy... Eh bien! Il faudra les digerer d'abord, et vous descendrez ensuite!... Je ne puis cependent pas faire briser le compartiment!... En route, la petite mère! (Bere tuta hartzen du eta jotzen luzaz eta luzaz.)
OROK: Sarri arte, Joan-Eder.
ATXOAK: Zaude deskantsu, Joan-Eder, zure mandatu guziak eginen ditugu, zure orde eta zuretako!... (Orok Joan-Eder dohakabea erhi-buruaz erakusten ari direlarik, oihala eror arazten dute gain-beheiti.)
HIRUGARREN ZATHIA
ERAKASPENA
JOAN-EDER ETA MARIE. (Beren etxeko sukaldean.)
JOAN-EDERREK: (Behatzaile guzieri mintzo delarik:) Nahi zindukete jakin zer gerthatu zitzautan gero, Baionan, arratsalde benedikatu hartan?
Huna. Bagonaren zokorik ilhunenean eman nintzan, ahalkeak urturik. Bainan ez zen bake izpirik behar neretzat! Oren erdi guziez han nituen enplegatu debruz egin batzu, neurria eskuan, pitta bat hertu nintzenez jakin nahiz errabiatuak!...
Arratsalde erditan, noizpait eta norapait barreiatu zirelarik nere kruxpetak, beharriak aphal athera nintzen, oihuen eta hirrien azpian, begiak Antxitxarburuko sorgin zahar batek bezen gorri! Ahal nuen bezala igan nintzen etxerat buruz heldu zen trein batetara, eta Donianerat jin holatxet; ez nahi baino lasterrago, hitz dautzuet. Bizpahiru egunez ohean egon ere behartu zitzautan, sukarrak erretzen ninduela.
MARIEK: Bainan, orai, sendo zira, gaixo ama, eta badut uste zure etxe-xokotik ez ziren ixtant bat atheratzekoa...
JOAN-EDERREK: Ez haurra. Behar gabeko pidaiarik ez da gehiago neretzat izanen. Banagoke nere xokoan, zu bezalako haur onaren aldean, eta kruxpeta edo sagar, badakiket pitta bat ahantzia nuen egiaño hau: gauzarik hoberenak ere, sasoinean eta neurrian baizik ez direla on guretzat! Bainan bardin du, sekulan atxeman baneza nere Baionako atxo, kokotz-eskalapoina! Apho figura!
Ukamiloa bildurik altxatzen da. Gero, biek agur handi bat egiten dute, eta oihala aphaltzen da gain-beheiti.
|