www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Supazter xokoan
Jean Barbier
1924

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Supazter xokoan, Jean Barbier (Eduardo Valenciaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1987

 

  hurrengoa

AINTZIN SOLASA

 

        Eskual-Herria, Eskualdunak hainitz aiphatuak dira aspaldi huntan; soberaxko behar bada, edo bederen, guk nahi ez bezala.

        Eskualdunak, bethi, ongi ethorri egin dio arrotzari, arrotz hura bere lerroño hartan eta behar den neurriaz barnago sartu gabe agertu zaiolarik.

        Zorigaitzez, orai, arrotz horietarik asko sobera atrebituak ditugu.

        Batzu heldu zauzku, Eskual-Herriaz osoki jabetu beharrez, Eskualdun lurra, pozika pozika iretsi beharrez, Eskualdunak bethi, ta urrunago, mendien oinetaraino beren aintzinean igorri beharrez. Itsas hegitik eta lehen ibar-zelaietaraino, hemen asiki, han klaska, sartzen ari zauzku, Aleman higuina tenore batez Frantzia-ipharrean bezala. Eskualdun laborari etxeak, bat bertzearen ondotik, intzire-karraska batean, lurrerat badoazi, oihanetako haitz handiak erroz gora doazin bezala. Eta, gure bethiko etxe xuri eta nasaien orde, non nahi altxatuak hor ditugu aderailuzko jauregi panpina batzu, behin bethikotz uzkaili alhor, landa eta elge maiteez burlatzen ari direla. Eta, orduan ikusten da, Eskual-Herrian behin ere oraino ikusi ez den gauza bat, nigar-egingarria: alhor hetan higatu Eskualdun umeak, ohilduak, badoazi, batzu, goseak ez hiltzeko mendietarat ihesi; bertzeak, hirietarat, lantegi batzuetan beren osasun ederraren xahutzerat, edo iguzkirik eta airerik gabeko etxe batzuetan, erdi-goserik bizitzerat eta... hiltzerat.

        Satorrek landa bat bezala, jauregi horiek hartzen ari daukute Eskualdun aurkintza bat osoa, gero eta barnago aztaparka sartzen ari baitzauzku.

        Eskualdun etxeko jaunak, Eskualdun lur gizenaren jabeak, ohart zaizkote sator-lan izigarriari! Edo, bertzenaz, bethitik Eskualdunik baizen ikusi ez den tokietan, ez da arrotzik baizik ikusiko. Non diteke orduan Eskual-Herria, non Eskualdunak, arrotz heien guzien erdian?

        Gogor egiozue Satorrari! Eta orhoit, zuhurra balinbaduzue, munduko diru-paper pullitenak zure etxe xuria, zure lur gizenak ez dituela sekulan balioko!

        Urtheak joan, urtheak jin, —guhaurek ikusi berria dugu eta— mehatzen eta hiratzen dira paperak, ontzen eta gizentzen aldiz iguzkiari begira dauden ontasunak.

        Bat egin beraz guziek, eta arrotz jalamanari erran, gure haurrek, orai hameka urthe, etsaiari bezala: «On ne passe pas!».

        Gure lurrez, gure etxe maiteez jabetzea ez askiz, nahi izan dira gero bertze batzu jabetu... gutaz, Eskualdunez berez. Deputatu edo auz'aphez, politikero tzar, gure nausi eta buru nahi zuten, eta, zorigaitzez, nahi dute oraino, zonbeit herrietan.

        Horiek deithuko ditugu, ez gehiago Satorrak, bainan bai Arranoak, gure adiskide Oxobik erran dioten bezala. Arrano horiek, aztaparrez hartu nahi laizkigukete gure haurren arimak, gure gazteen bihotz garbiak, gure sinheste hazkarrak, Eskualdun ohitura guziak. Eskualdun makilak eskuan, oro bihurturen gitzaikote arranoeri. Eta —Oxobik ez dakiena behar bada, Ahunxkiko mendietan behin baino gehiagotan gure begiz ikusi duguna— orhoit bethi, ahari hilari baizik ez diola arranoak begirik, edekitzen sekulan. Ez gira hilak oraino Eskualdunak, eta beraz, kontu, arranoak!

 

                Zuer buruz, Jaunak emanak

                Baitugu aztapar onak!

 

        Adixkide? Bai. Bainan, Nausi arrotzak?... Ez! Arrotzez batere behartu gabe, gurez gure, gizonik aski badugu Eskual-Herrian.

        Aiphatu behar othe ditugu gero bertze arrotz batzu, kapelu bat buruan emanik, ezpartin xuriak aldiz zango txar batzuetan, Eskualdunak zinez direla iduritzen baitzaiote, eskualdun makila bat eskuetan zeren duten firurikatzen? Hirri egitea ginduke honetaz guzietaz, gure haurrek, gure gazteek horietarik zonbeiti ikusi eta ikasi behar ez baliote asko molde hits, asko ahapaldi tzar, ergelkeria sobera!

        Zer egin horieri buruz? Ahal den guzi guzia. Gutartean ere badire, zonbeit aldiz, eskualdun arnegatuak. Zer egiten ere baitugu eta horieri buruz, hura bera egin aiphatu arrotzekin. Begira hetarik pozoin-belharretarik bezala. Erromano eta bertze, batere heien kutsurik hartu gabe, oro iragaiterat utzi ditugun bezala lehenagoko mendeetan, utz iragaitera oraiko kabaleria hoi, bertze norapeit —agian— joan diteken artean. Eta, hortako, Eskualdun egon bethi, bethi eta gehiago Eskualdun!

        Eta zerk egiten du Eskualduna zinezko Eskualdun? Elizak, Etxeak, Hil-Herriak, Mintzairak. Horietan datza Eskualdun arima guzia.

        Begira... Elizan, Etxean, Hil-Herrietan hartu guzia: sinheste, errespetu, Jainkoaren beldur eta amodio. Horietarik deusik ez erain sekulan arrotzaren aintzinean eta haren beldurrez.

        Bainan, begira oroz gainetik gure mintzaira, Eskuara; eta Eskuarak gu gaitu begiraturen, pareta hazkarrenak soldadoa egiten duen baino ere hobeki.

        Orotan bekaizti dire gure Eskuara ederraz. Eskuara murdukatu nahiz, hirri-egingarri ere ari zauzku arrotzak. Eskualdunak bakarrik othe dira bada mintzaira hortaz ahalketuko? Ahalkea bai, bainan ahalkea Eskualdun horietarik zonbeiti, zeren duten beren ama itsuski hola ukatzen!

        Frantsesek Frantsesa bezala, —zorigaitzez— nahiz ez duten Eskualdunek Eskuara eskolan ikasten, bazindakite ongi, Eskualdun laborari maiteak, zein hunkigarri, zein eder, zein handi zaizten, eskuaraz mintzo zaiztelarik! Zein ederki derabilkazuen eskuara hoi, zeren den zuen mintzaira, sortzetik zuen odolean duzuen hura!

        Bazindakite, hala hala, zoin herrebeski ari diren zuen haurretarik zonbeit, bereziki neskatxa batzu, urthe pare bat edo gehiago hirian egonik, herrirat ethorri eta, frantsesez —beren ustez— hasten zauzkularik! Zer frantsesa, heiena! Ez frantses, ez kaskoin, ez portuges! Nik ez dakit nongo mintza-moldea duten hura... Ez bethi Frantziakoa!

        Halako panpina bat ethorri zitzautan egun batez, bere espos-mezari buruz behar ziren zer guzien xuxentzera. Han nuen beraz nere panpina, paparoa zabalik, berrogoi'ta hamar liberako galtzerdi-sedak zangoetan, Afrikako moro-beltx baten soin txarra belhaunetaraino heltzen ez zitzaiola, besoak sorbaldetarik beheraxago doi doia kukutuak. Boketa-latsera edo baxera garbitzera zoakela erranen zuen gure Amaxo zenak, Jainkoak bere lorian duela!...

        Eta, nere panpinari ahal nuen bezala behatzen nioen aldi guzian, ez nezaken burutik igor, haren ama xahar maiteari, bezperan oraino, bizkarrean ikusia niola errege Salomonen denborako soin bat ferdea, bainan ferdea, muskerra!... Haren beraren aitari aldiz, galtza batzu, asko landetako mamu edo marika batzuek ez baitzuzketen nahiko bele-fiken iziarazteko ere.

        Eta futxo, Frantsesez baizik ez ari nere panpina!

        —Mézié le Curé, je viens pour marier.

        —Ederki; zerbeit holako aditua ere nintzen.

        —Oui, je voudrié pour le vint et deuss de mois d'Abril.

        —Ontsa da. Zuk nahi bezala eginen dugu.

        Eta, briepola, nere jakitate guziarekin, nik hura ezin eskuaralat eroraraz!

        —Je vous erremercie bien, Mézié le Curé.

        —Eta zerika duzu zure jauna, zer lanetan ari da?

        —Oh! il a une très bonne emplacement. Il est gardabil.

        Soberakina soberakina da, ez dea hala? Hirria ezin gehiago atxikiz, ezpainak mehe mehea, erran nion beraz:

        —Oh! haurra, zure frantses zerratu hoi ezin dezaket urrunago segi. Eskuara baitakit hobekiago, emazu othoi eskuaraz, ene gatik...

        Gorritu zen pixka bat, eta nonbeit han eskuaraz bururatu gintuen gure solasak...

        Soldado banuen, orai duela bultatto bat, nere muthil-gazte bat ona, prestua, bainan frantses tuntik ez zakiena. Hazpandar lagun bati eginarazten ziozkan bere letrak oro, eta ederkixko oraino, sinhesten ahal nauzue.

        Noizetik noizera, diru zerbeit igortzen ere nion, gogo onez. Huna egun batez nere Eskualdun gaizoaren ganik izan nituen lerroak, hitzez hitz hemen emanak:

        «Meusier lé Curé, jé rezu lé menda, et jé vou merz bien. Mé, aparti ce joure, jé voudré qé vous écririé en francé oblié basq. Jé mé port tré bien. Adié».

        Egun hartarik harat, ene soldado gaixoak ez du ez dirurik, ez letrarik izan bere Senpertar adixkidearen ganik. Eta, erran behar balinbadut, etzen ene diruaren beharretan ere, baitezpada...

        Eskuaraz mintza gaiten! Gauden Eskualdun! Etxean lehena ez othe da hobe, ezen ez eta auzoan azkena?

        Laphurtarrez eta bardin Baxenabartarrez, huna beraz liburu bat, dena Eskuaraz. Behin bederen, hainbertze frantses hosto xuriren erdian!

        Eskual-Herriarentzat, Eskualdunentzat dudan amodio guziaz bethe dut bururen-buru. Dohala gora, dohala barna, eta eskuratuko duten guzieri, agian oraino gehiago, maitharaziko diozkate Eskuara, Eskual-Herria eta Eskualdunak!

J. BARBIER

 

  hurrengoa